kodezibila
Kode Zibila
© Lege-testu guztien itzulpena eta aurkibide analitikoak: Eba Gaminde, Begoña Landa, Gotzon Lobera, Andres Urrutia, Esther Urrutia eta IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
© Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua
© IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
KODE ZIBILA
ATARIKO TITULUA
ARAU JURIDIKOAK, HORIEN APLIKAZIO ETA ERAGINGARRITASUNA
I. KAPITULUA
Zuzenbidearen iturriak
1. artikulua
1. Espainiako antolamendu juridikoaren iturriak dira legea, ohitura eta zuzenbidearen printzipio orokorrak.
2. Ez dute baliorik izango goragoko lerruneko xedapenen bat urratzen duten xedapenek.
3. Lege aplikagarririk izan ezean bakarrik eraenduko du ohiturak, betiere, moralaren zein ordena publikoaren aurkakoa izan ez eta berori frogatuz gero.
Usadio juridikoak ohituratzat hartuko dira, borondateaitorpenaren interpretazio hutsak ez badira.
4. Zuzenbidearen printzipio orokorrak legerik edo ohiturarik izan ezean aplikatuko dira, printzipio horiek antolamendu juridikoa eratzeko duten izaerari kalterik egin gabe.
5. Nazioarteko itunetan jasotako arau juridikoak ez dira Espainian zuzenean aplikatuko barne antolamenduaren osagai bihurtu arte, arauok «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean osoosorik argitaratuz.
6. Jurisprudentziak antolamendu juridikoa osatuko du, Auzitegi Gorenak, legea, ohitura eta zuzenbidearen printzipio orokorrak interpretatu nahiz aplikatzean, behin eta berriz ezartzen duen doktrinaren bidez.
7. Epaile eta auzitegiek eginbehar desenkusaezina dute, kasu orotan, euren eskumeneko gaiak ebazteko, eta, horretarako, ezarritako iturrisistemari helduko diote.
2. artikulua
1. Legeak indarrean jarriko dira, «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean osoosorik argitaratu eta hogeigarren egunean, legeetan euretan bestelakoa xedatu ez bada.
2. Geroko legeek bakarrik indargabetzen dituzte indarreko legeak. Indargabetzearen norainokoa beren beregi xedatuko da, eta indargabetze hori hedatuko da, lege berrian, gai berberari buruz, aurrekoarekin bat ez datorren guztira. Lege bat indargabetze hutsagatik ez dira indarrean jartzen lege horrek indarrik gabe utzi zituenak.
3. Legeek ez dute atzeraeraginezko ondorerik izango, eurek aurkakoa xedatzen dutenean izan ezik.
II. KAPITULUA
Arau juridikoen aplikazioa
3. artikulua
1. Arauak euren hitzezhitzezko esanguraren arabera interpretatuko dira, betiere, testuinguruari, aurrekari historikoei eta legegintzazko aurrekariei, eta arau horiek aplikatu behar diren garaiko gizarteerrealitateari lotuta eta, batik bat, arauen espiritua eta xedea kontuan hartuta.
2. Arauak aplikatzean, ekitatea balioetsi behar da; hala ere, auzitegiek emandako ebazpenen oinarri esklusiboa ekitatea izan dadin, legeak beren beregi ahalbidetu behar du hori.
4. artikulua
1. Arauen aplikazio analogikoa bidezkoa izango da, arauok kasu zehatza arautu ez arren, horren antzeko beste bat arautzen badute, eta bi kasuon oinarria berbera bada.
2. Zigorlegeak, salbuespenekoak eta aldi baterakoak aplikatuko dira, eurok beren beregi jasotako kasuetan eta uneetan bakarrik.
3. Kode honetako xedapenak osagarri moduan aplikatuko dira, beste lege batzuek araututako gaietan.
5. artikulua
1. Bestelakorik ezarri ezean, epeak egunetik egunera ezarri badira, eta epe horien zenbaketa egun zehatz batetik aurrera hasten bada, egun hori zenbaketatik kanpo geratuko da, eta zenbaketa biharamunean hasiko da; epeak hilabeteetan edo urteetan finkaturik badaude, epeok datatik datara zenbatuko dira. Mugahilabetean zenbaketaren hasierako egunaren baliokiderik ez badago, epea hilaren azken egunean agortzen dela ulertuko da.
2. Epeen zenbaketa zibilean, ez dira egun baliogabeak baztertzen.
III. KAPITULUA
Arau juridikoen eragingarritasun orokorra
6. artikulua
1. Legeak ez jakiteak ez du legeon betetzea desenkusatzen.
legeek zehaztutako ondoreak bakarrik izango ditu zuzenbideko okerrak.
2. Lege aplikagarria hala nahita baztertzea eta lege horretan aitortutako eskubideei uko egitea baliozkoak izango dira, baldin eta baztertze eta uko egite horiek ez badute interes edo ordena publikoa hausten, eta ez badiete hirugarrenei kalterik egiten.
3. Aginduzko eta debekuzko arauen aurkako egintzak zuzenbide osoz deusezak dira, salbu eta arauotan bestelako ondorea ezarri denean, euron urratzekasuetarako.
4. Arauaren testuaren babespean, egintzak burutzen direnean, egintza horiek legeari maula eginez gauzatu direla ulertuko da, baldin eta egintzon helburua bada antolamendu juridikoak debekatzen duen edo antolamendu juridikoaren aurkakoa den emaitza lortzea; egintza horiek ez dute eragotziko saihestu nahi zen arauaren aplikazio egokia.
7. artikulua
1. Eskubideak onustearen eskakizunekin bat etorriz egikaritu beharko dira.
2. Legeak ez du babesten eskubideaz abusatzea, ezta eskubidea gizartearen aurka egikaritzea ere. Egite edo ezegite orok, egilearen asmoarengatik, egite edo ezegitearen helburuarengatik edota berori burutzeko inguruabarrengatik, begibistan gainditzen baditu eskubidea egikaritzeko muga arruntak, eta horrek kalte egiten badio hirugarrenari, orduan, kalteordain egokia eman beharko da, eta abusuaren iraupena eragotziko duten administrazioneurriak nahiz neurri judizialak hartu beharko dira.
IV. KAPITULUA
Nazioarteko zuzenbide pribatuaren arauak
8. artikulua
1. Zigorlegeak, polizialegeak eta herrisegurtasuneko legeak bete beharrekoak dira, Espainiako lurraldean dauden pertsona guztientzat.
*2. Epaiketako jarduna Espainiako lurraldean gauzatzen bada, jardun horri Espainiako prozesulegeak bakarrik aplika dakizkioke; horrek ez dio kalterik egingo lege horiek atzerriko legeetara igorpena egin ahal izateari, Espainiatik kanpo gauzatu beharreko prozesu-egintzei dagokienez.
9. artikulua
1. Pertsona fisikoen naziokotasunak eratortzen du eurei dagokien lege pertsonala. Lege horrek arautuko ditu gaitasuna eta egoera zibila, familiaren eskubideak eta eginbeharrak, eta heriotzaren ondoriozko oinordetza.
Lege pertsonala aldatzeak ez du ukituko aurreko lege pertsonalarekin bat etorriz eskuraturiko adin-nagusitasuna.
2. Ezkontideek, ezkontza egitean, lege pertsonal erkidea badute, lege horrek arautuko ditu ezkontzaren ondoreak; halako legerik izan ezean, ezkontideetatik edozeinen lege pertsonalak edo horren ohiko bizilekuari dagokion legeak arautuko ditu horiek, baldin eta ezkontideek lege hori aukeratu badute, ezkontzaren aurretik egindako agiri kautoan; eta, ezkontideek ez badute aukerarik egin, ezkondu osteko bizileku ohikoari dagokion legeak arautuko ditu haiek, eta, horrelako bizilekurik izan ezean, ezkontza non egin eta toki horretako legeak.
107. artikuluan zehazturiko legeak arautuko ditu banantzea eta dibortzioa.
3. Ezkontzaren ondasun eraentza hizpatu, aldarazi eta ordezteko, hitzarmen edo itunak egiten badira, horiek baliozkoak izango dira, baldin eta ezkontzaren ondoreak arautzen dituen legearekin bat badatoz, edo itunok egitean alderdietatik edozeinek zein naziokotasun edo ohiko bizileku izan, eta bizileku horri dagokion legearekin bat badatoz.
4. Semearen edo alabaren lege pertsonalak eta, hori ezin bada zehaztu, semearen edo alabaren ohiko bizilekuari dagokion legeak arautuko ditu, bai semealabatasunaren izaera eta edukia, adopzio bidezko semealabatasuna barne, bai eta gurasoen eta semealaben arteko harremanak ere.
5. Betekizunei dagokienez, Espainiako legean xedatutakoak arautuko du Espainiako epaileak eratutako adopzioa. Hala ere, adopziogaiaren gaitasunari eta beharrezkoak diren adostasunei dagokienez, adopziogai horren nazioko legea bete beharko da:
1) Adopziogaiak bere ohiko bizilekua Espainiatik kanpo duenean.
2) Bizilekua Espainian izan arren, adopzioaren bidez Espainiako naziokotasuna eskuratu ez duenean.
Adopziohartzaileak edo Fiskaltzak hala eskaturik, eta adopziogaiaren intereserako, epaileak eska ditzake, orobat, adopziohartzailearen edo adopziogaiaren nazioko legeak edo horren ohiko bizilekuari dagokion legeak agindutako adostasun, entzunaldi nahiz baimenak.
Adopzioa eratzeko, Espainiako kontsulek eta epaileak eskumen berberak izango dituzte, baldin eta adopziohartzailea espainiarra bada, eta adopziogaiak kontsularen mugapean badu bere egoitza. Adopziohartzaileak azken bizilekua Espainian non izan eta toki horretako herri-erakundeak egin beharko du aurretiazko proposamena. Azken bi urteotan, adopziohartzaileak ez badu Espainian bizilekurik izan, ez da beharrezkoa izango aurretiazko proposamena; baina kontsulak adopziohartzailearen bizilekuko agintarien eskutik bilduko ditu adopziohartzaile horren egokitasuna balioesteko behar beste diren txostenak.
Adopziogaiaren legeak arautuko du agintaritza atzerritar eskudunak eratutako adopzioa, gaitasunari eta beharrezkoak diren adostasunei dagokienez. Lege horretan agindutako adostasunak eman daitezke, adopzioaren eraketa zein herritan hasi, eta herri horretako agintaritzaren aurrean; edo, geroago, beste edozein agintaritza eskudunen aurrean. Hala denean, espainiar bat adoptatzeko, nahitaezkoa izango da adopziogaiak Espainian azken bizilekua non izan eta bizileku horri dagokion herrierakundeak adostasuna ematea.
Espainian ez da adopzio gisa aitortuko adopziohartzaile espainiarrak atzerrian eraturikoa, baldin eta horren ondoreak ez badatoz bat, Espainiako legerian ezarritakoekin. Era berean, herri-erakunde eskudunak adopziohartzailearen egokitasuna adierazten ez duen bitartean, halakoa ez da adopzio moduan aitortuko, adopziohartzaile hori espainiarra bada eta horrek Espainian badu bere egoitza, adopzio-unean.
Atzerriko legeak adopzioa ezeztatzeko eskubidea eratxiki arren, eratxikipen horrek ez du eragotziko adopzioa aitortzea, baldin eta eskubide horri uko egiten bazaio, agiri publikoan edo Erregistro Zibileko arduradunaren aurrean egindako agerraldiaren bidez.
6. Ezgaiaren nazioko legeak arautuko ditu tutoretza eta ezgaia babesteko gainerako erakundeak. Hala ere, ezgaiaren ohiko bizilekuari dagokion legeak arautuko ditu behinbehineko edo presako babes-neurriak.
Espainiako agintaritza judizialek edo administrazio-agintaritzek esku hartzen badute tutoretza eta gainerako babes-erakundeak eratzeko formalitateetan, formalitate horiek Espainiako legearen arabera gauzatu beharko dira beti.
Espainiako legea aplikatuko da, bertan behera utzitako adingabe edo ezgaien babes eta hezkuntzarako neurriak hartzeko, baldin eta adingabeok edo ezgaituok Espainiako lurraldean badaude.
7. Mantenuemailearen eta mantenuhartzailearen nazioko lege erkideak arautuko du senideek elkarri mantenua emateko duten eskubidea. Edonola ere, mantenua eskatzen duen pertsonak ezin badu mantenu hori lortu nazioko lege erkidearen arabera, orduan, pertsona horren ohiko bizilekuari dagokion legea aplikatuko da. Bi lege horiek izan ezean, edo bibiok ez badute ahalbidetzen mantenua jasotzea, orduan, mantenuaren erreklamazioa zein agintaritzaren eskumenekoa izan, eta agintaritza horren barne legea aplikatuko da.
Naziokotasun erkidea aldatuz gero edo mantenuhartzailearen ohiko bizilekua aldatuz gero, lege berria aplikatuko da, aldaketa-unetik aurrera.
8. Kausatzaileak heriotza-unean zein naziokotasun izan, eta naziokotasun horri dagokion legeak arautuko du heriotzaren ondoriozko oinordetza, ondasunen izaera zein den eta ondasunok zein herritan dauden kontuan hartu gabe. Hala ere, testamentuan xedapenak egin badira eta oinordetza-itunak ordenatu badira, egilespen-unean testamentugilearen edo xedatzailearen nazioko legea zein izan, eta lege horrekin bat etorriz, orduan, xedapen eta itun horiek euren baliozkotasunari eutsiko diote, nahiz eta oinordetza arautzen duen legea bestelakoa izan; edozein kasutan ere, seniparteak azken horri egokituko zaizkio.
Ezkontzaren ondoreak zein legek arautu, eta lege berberak arautuko ditu legeaginduz alargunari eratxikitzen zaizkion eskubideak, betiere, ondorengoen seniparteei kalterik egin gabe.
9. Kapitulu honen ondoreetarako, Espainiako legeetan jasotako naziokotasun bikoitzen egoerei dagokienez, nazioarteko itunek zehazturikoa bete beharko da; eta, itunok ez badute ezer ezarri, lehenespena izango du azken bizileku ohikoarekin bat datorren naziokotasunak eta, halakorik izan ezean, eskuratutako azken naziokotasunak.
Espainiako naziokotasunaz gain, norbaitek beste naziokotasun bat badu, eta naziokotasun hori ez badago Espainiako legeetan edo nazioarteko itunetan jasota, orduan, Espainiakoak izango du lehentasuna beti. Bi naziokotasun edo gehiago izanik, horietatik bat ere ez bada Espainiakoa, hurrengo paragrafoan ezarritakoa bete beharko da.
10. Naziokotasunik ez dutenen edota zehaztu gabeko naziokotasuna dutenen lege pertsonala izango da euren ohiko bizilekuari dagokion legea.
11. Pertsona juridikoen naziokotasunak eratortzen du eurei dagokien lege pertsonala, eta horrexek arautuko ditu gaitasun, eraketa, ordezkaritza, jardunbide, transformazio, desegite eta azkentzeari dagozkienak.
Naziokotasun desberdineko sozietateek bat egiten dutenean, kontuan izan beharko dira bakoitzari dagozkion lege pertsonalak.
10. artikulua
1. Ondasun higiezinen gaineko edukitza, jabetza eta beste eskubideak, bai eta horien publizitatea ere, ondasunak non egon eta toki horretako legeak arautuko ditu.
Lege berbera aplikatuko zaie ondasun higigarriei.
Igarobideko ondasunen gaineko eskubideak eratu edo lagatzeari dagokionez, ondasunok nondik igorri eta bertan daudela ulertuko da, salbu eta igortzaileak eta jasotzaileak esanbidez edo isilbidez hitzartu dutenean ondasunok helmugan daudela ulertzea.
2. Ontziak, aireontziak eta burdinbideko garraioak, bai eta euren gain eratutako eskubide guztiak ere, zein tokitako banderapean jarri, matrikula hartu edo erregistroan inskribatu, eta toki horretako legearen menpe geratuko dira. Automobilak nahiz errepideko beste garraioak non egon eta toki horretako legearen menpe geratuko dira.
3. Baloretituluen jaulkipena non gertatu eta toki horretako legeari egokituko zaio jaulkipen hori.
4. Espainiako lurraldearen barruan, Espainiako legearen arabera babestuko dira jabetza intelektualaren eta industriajabetzaren eskubideak, betiere, nazioarteko hitzarmenetan eta itunetan ezarritakoari kalterik egin gabe, Espainia hitzarmen eta itun horien kide den heinean.
5. Kontratuko betebeharrei alderdiek beren beregi aukeraturiko legea aplikatuko zaie, lege horrek zerikusia baldin badu kasuan kasuko negozioarekin; halakorik gertatu ezean, alderdien nazioko lege erkidea aplikatuko da; lege erkiderik izan ezean, ohiko bizileku erkideari dagokion legea; eta, azken buruan, kontratua non egin eta toki horretako legea.
Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, eta alderdiek beren beregi legerik aukeratu ezean, ondasun higiezinen gaineko kontratuei aplikatuko zaie ondasunok non egon eta toki horretako legea; ondasun higigarri gorpuzdunen salerosketak merkataritzako establezimenduetan egiten badira, salerosketa horiei aplikatuko zaie establezimenduak non egon eta toki horretako legea.
6. Alderdiek beren beregi legerik aukeratu ezean, eta 8. artikuluaren 1. paragrafoan xedaturikoari kalterik egin gabe, lankontratuak eratorritako betebeharrei aplikatuko zaie zerbitzuak non egin eta toki horretako legea.
7. Dohaintzaemailearen nazioko legeak arautuko ditu beti dohaintzak.
8. Espainiako antolamendu juridikoaren ondoreetarako, atzerritarrak Espainian kostu bidezko kontratuak egiten baditu, eta atzerritar hori bere nazioko legearen arabera ezgaia bada, kontratuok baliozkoak izango dira, baldin eta ezgaitasunarrazoi hori ez badago Espainiako legerian aitortuta. Erregela hori ez da aplikatuko, atzerrian dauden ondasun higiezinei buruzko kontratuetan.
9. Egitate batek kontratutik kanpoko betebeharrak eratortzen baditu, egitate hori non gertatu eta toki horretako legeak arautuko ditu halako betebeharrak.
Kudeatzaileak jarduera nagusia non gauzatu eta toki horretako legeak arautuko du negozioen kudeaketa.
Arrazoirik gabeko aberasteari aplikatuko zaio aberastuari ondarebalioa transferitzea eragin duen legea.
10. Betebeharra arautzen duen legea hedatzen zaie betetzearen betekizunei, ezbetetzearen ondorioei, bai eta betebeharraren azkentzeari ere. Hala ere, betetzea non gertatu eta toki horretako legea aplikatuko zaie epailearen edo Administrazioaren eskuhartzea behar duten betearazpenmodalitateei.
11. Ordezkariaren ahalmenak zein harreman juridikotatik sortu, eta harreman horiek arautzen dituen legea aplikatu zaio legezko ordezkaritzari; alderdiek beren beregi legerik aukeratu ezean, borondatezko ordezkaritzari aplikatuko zaio emandako ahalmenak zein herritan egikaritu, eta herri horretako legea.
11. artikulua
1. Kontratuak, testamentuak eta gainerako egintza juridikoak zein herritan egin, eta herri horretako legeak arautuko ditu kontratu, testamentu eta egintza horien forma eta solemnitateak. Hala ere, horrelakoak egin badira, euren edukiari aplikatu beharreko legeak agindutako forma eta solemnitateekin, edota xedatzailearen lege pertsonalarekin nahiz egileen lege erkidearekin bat etorriz, orduan ere baliozkoak izango dira. Era berean, ondasun higiezinen gaineko egintza eta kontratuak baliozkoak izango dira, horiek egin badira ondasunok non egon, eta toki horretako forma eta solemnitateen arabera.
Egintzok ontziaren edo aireontziaren barruan egin badira hori nabigatzen ari den artean, ulertuko da ontzia zein herritako banderapean jarri, matrikula hartu edo erregistroan inskribatu, eta egintzok herri horretan egin direla. Ontzi eta aireontzi militarrak euren estatuko lurraldearen zatitzat hartzen dira.
2. Legeak, egintza eta kontratuen edukia arautzean, forma edo solemnitate zehatz bat ezartzen badu, haiek baliozkoak izan daitezen, orduan, forma edo solemnitate hori beti aplikatuko da, baita egintza eta kontratuok atzerrian egin direnean ere.
3. Espainiako legea aplikatuko zaie kontratuei, testamentuei eta gainerako egintza juridikoei, baldin eta halakoak eskuetsi badituzte Espainiak atzerrian dituen diplomazia eta kontsulatuetako funtzionarioek.
12. artikulua
1. Espainiako legearen arabera egingo da beti kalifikazioa, gatazkaarau aplikagarria zehazteko.
2. Atzerriko zuzenbidera igorpena egiten denean, igorpen hori atzerriko lege materialera egin dela ulertuko da, eta ez da kontuan hartuko atzerriko zuzenbidearen gatazkaarauek Espainiakoaz bestelako legeetara egin dezaketen igorpena.
3. Atzerriko legea ez da inoiz aplikagarria izango, ordena publikoaren aurkakoa baldin bada.
4. Legemaulatzat hartuko da gatazkaaraua erabiltzea, Espainiako aginduzko lege bati itzuri egiteko helburuarekin.
5. Gatazkaarauak igorpena egiten badu sistema legegile desberdinak dituen estatu bateko legeriara, orduan, estatu horretako legeriarekin bat etorriz zehaztuko da sistema horietatik zein aplikatu behar den.
6. Auzitegi eta agintariek ofizioz aplikatuko dituzte Espainiako zuzenbidearen gatazkaarauak.
*Norbaitek atzerriko zuzenbidea inbokatzen badu, zuzenbide horren edukia eta indarraldia frogatu beharko ditu, Espainiako legean onarturiko frogabideak erabilita. Hala ere, zuzenbide hori aplikatzeko, epaileak bere ustez beharrezko diren arakatzetresna guztiak erabil ditzake, horretarako probidentzia egokiak emanez.
V. KAPITULUA
Nazioko lurraldean aldi berean indarrean dauden araubide zibilen aplikazioeremua
13. artikulua
1. Espainian aplikazio orokor eta zuzenekoa izango dute atariko titulu honen xedapenek, legeen ondoreak eta legeen aplikaziorako erregela orokorrak zehazten dituzten neurrian, bai eta 1. liburuaren IV. tituluko xedapenek ere, azken titulu horretan ezkontzaren ondasun eraentzari buruzkoak direnek izan ezik.
2. Gainerakoan, eta probintzietan nahiz lurraldeetan indarrean dauden zuzenbide bereziak edo foru-zuzenbideak osoosorik errespetatuz, Kode Zibilak zuzenbide osagarri gisa eraenduko du, baldin eta ez badago probintzia nahiz lurralde horietako arau berezien arabera aplikatu beharreko zuzenbide osagarririk.
14. artikulua
1. Auzotartasun zibilak eratortzen du zuzenbide zibil erkidearen ala zuzenbide bereziaren nahiz foru-zuzenbidearen menpe egotea.
2. Jaioek auzotartasuna izango dute, zuzenbide erkideko lurraldean ala zuzenbide bereziko nahiz foru-zuzenbideko lurraldean, gurasoen auzotartasuna ere bertakoa bada.
Adopzioaren bidez, adopziohartzaileen auzotartasun zibila eskuratzen du adoptatu emantzipatugabeak.
3. Semea edo alaba jaio edo adoptatzean, gurasoek auzotartasun zibil desberdina badute, semearen edo alabaren auzotartasuna izango da horren semealabatasuna lehenengoz bi gurasoetatik zeini begira zehaztu eta guraso horri dagokiona; halakorik izan ezean, jaiotzatokiari dagokiona; eta, azken buruan, zuzenbide erkideko auzotartasuna.
Hala ere, bi gurasoek, bietatik gurasoahala egikaritzen duenak edota eratxikipenaren bidez ahal hori jaso duenak, semeari edo alabari ezar diezaioke bataren edo bestearen auzotartasun zibila, baldin eta ez badira sei hilabete igaro, jaiotza edo adopzioa gertatu denetik.
Gurasoahalaren egikaritza kendu nahiz eteteak edo gurasoen auzotartasuna aldatzeak ez du semealaben auzotartasun zibila ukituko.
Edonola ere, semeak edo alabak, hamalau urte betetzen dituenetik emantzipazioaren osteko urtea igaro arte, aukeratu ahal du, bai bere jaiotzatokiari dagokion auzotartasun zibila, bai bere gurasoetatik edozeinen azkeneko auzotartasuna. Semea edo alaba ez badago emantzipaturik, legezko ordezkariaren laguntza beharko du aukera egitean.
4. Ezkontzak ez du aldatzen auzotartasun zibila. Hala ere, legez edo egitez bananduta ez dagoen ezkontideak beste ezkontidearen auzotartasun zibila aukera dezake, edozein unetan.
5. Auzotartasun zibila eskuratzen da:
1) Jarraika eta bi urtetan zehar, bizilekua izatearekin, baldin eta interesdunak adierazten badu bere borondatea hori dela.
2) Jarraika eta hamar urtetan zehar, bizilekua izatearekin, epe horretan aurkako adierazpenik egin gabe.
Bi adierazpenok Erregistro Zibilean agerrarazi behar dira, eta ez dira errepikatu behar.
6. Zalantzak izanez gero, lehentasuna izango du jaiotzatokiari dagokion auzotartasunak.
15. artikulua
1. Atzerritarrak Espainiako naziokotasuna eskuratzen badu, hurrengo auzotartasunetatik bat aukeratu beharko du naziokotasun horren eskuraketa inskribatzean:
a) Bizilekuaren tokiari dagokiona.
b) Jaiotzatokiari dagokiona.
c) Guraso edo adopziohartzaileetatik edozeinen azkeneko auzotartasuna.
d) Ezkontidearena.
Interesdunak naziokotasuna eskuratzeko duen gaitasuna kontuan harturik, aukeraren inguruko adierazpen hori egin dezake, bai aukeratzaileak, bere kabuz edo bere legezko ordezkariaren laguntzarekin, bai azken horrek bakarrik. Naziokotasuna eskuratzen bada adierazpenaren bidez edo legezko ordezkariak egindako eskariaren bidez, orduan, horretarako beharrezkoa den baimenak zehaztuko du zein den aukeratu beharreko auzotartasun zibila.
2. Atzerritarrak herritaragiriaren bidez eskuratzen badu naziokotasuna, orduan, naziokotasuna emateko errege-dekretuak zein auzotartasun zibil zehaztu, eta auzotartasun zibil hori izango du atzerritarrak; auzotartasun hori zehazteko, kontuan hartuko da atzerritarrak berak eginiko aukera, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera edo eskaera egiten duenarengan diren inguruabar batzuen arabera.
3. Espainiako naziokotasuna berreskuratzeak berarekin dakar interesdunak naziokotasuna galtzean zuen auzotartasun zibila berreskuratzea.
4. Kasuan kasuko lurraldeak legeria berezia edo foru-legeria badu, eta, legeria horren barruan, lurralde horretako eskualde edo herri batek espezialitate zibil berezkoa edo berezia baldin badu, orduan, artikulu honetako eta aurreko artikuluko xedapenek arautuko dute eskualde edo toki horrekiko mendetasun pertsonala.
16. artikulua
1. Nazioko lurraldean legeria zibil desberdinak izatearren legegatazkak sortzen badira, gatazka horiek IV. kapituluan jasotako arauekin bat etorriz konponduko dira, betiere, hurrengo ñabardurekin:
1) Auzotartasun zibilak eratorriko du lege pertsonala.
2) Ez da aplikagarria izango kalifikazio, igorpen eta ordena publikoari buruz 12. artikuluaren 1, 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoa.
2. Aragoiko Konpilazioan araututako alarguntasuneskubidea dagokie nortzuei eta konpilazio horretako ezkontzaren ondasun eraentza duten ezkontideei, nahiz eta gerogarrenean euren auzotartasun zibila aldatu; dena den, kasu horretan, bazter utzi behar da oinordetzalegeak ezarritako senipartea.
Norbaitek, onustez eta kostu bidez, ondasunak eskuratzen baditu, eta ondasun horiek ez badaude kokaturik alarguntasunaren ondoriozko eskubideigurikimena aitortzen den lurraldean, orduan, eskubide hori ezin izango da eskuratzailearen aurka jarri, baldin eta kontratua lurralde horretatik kanpo egin bada, eskualdatzailearen ezkontzako ondasun eraentza zein den agerrarazi gabe.
Alargunak, halaber, alarguntasungozamena izango du, baldin eta aurrez hildakoak Aragoiko auzotartasun zibila badu, bere heriotza-unean.
3. Bederatzigarren artikuluko irizpideen arabera, eta, halakorik izan ezean, Kode Zibilaren arabera, Espainiako legeen artean aplikagarria zein izan, eta lege horrek arautuko ditu espainiarren arteko ezkontzak dituen ondoreak.
Azken kasu horretan, Kode Zibilak ondasunen banantze-eraentzari buruz araututakoa aplikatuko da, baldin eta, ezkongaien lege pertsonalekin bat etorriz, banantze-sistemak eraendu behar badu ezkontza hori.
I. LIBURUA
PERTSONAK
I. TITULUA
ESPAINIARRAK ETA ATZERRITARRAK
17. artikulua
1. Jatorrizko espainiarrak dira:
a) Aita edo ama espainiarrarengandik jaioak.
b) Espainian jaio baina guraso atzerritarrak dituztenak, baldin eta gurasoetatik bat, behintzat, Espainian jaio bada. Salbuespen gisa har daitezke Espainian egiaztaturiko diplomazia eta kontsulatuetako funtzionarioen semealabak.
c) Espainian jaio baina guraso atzerritarrak dituztenak, baldin eta bi gurasook naziokotasunik ez badute, edo bataren nahiz bestearen legeriek ez badiote semeari edo alabari naziokotasunik eratxikitzen.
d) Espainian jaio baina semealabatasuna zehaztu gabe dutenak. Ondore horietarako, adingabeen lehenengo egonaldi ezaguna Espainiako lurraldean izan bada, adingabe horiek Espainiako lurraldean jaio direla uste da.
2. Espainian izandako jaiotza edo semealabatasuna zehaztu bada hemezortzi urte bete eta gero, jaiotza eta semealabatasun horiek berez ez dira Espainiako naziokotasuna eskuratzeko arrazoiak. Halakoetan, interesdunak Espainiako jatorrizko naziokotasuna aukera dezake, harako zehaztapena gertatu eta bi urteko epean.
18. artikulua
Espainiako naziokotasuna eduki eta erabiltzen bada, hamar urtetan zehar eta jarraika, onustez eta Erregistro Zibilean inskribatutako tituluan oinarrituz, orduan, hori naziokotasuna sendotzeko arrazoia da, nahiz eta gero naziokotasun hori eragin zuen titulua deuseztatu.
19. artikulua
1. Espainiar batek adoptatzen badu hemezortzi urtekoa baino gazteagoa den adingabe atzerritarra, atzerritar horrek Espainiako jatorrizko naziokotasuna eskuratuko du, adopzio-unetik.
2. Adoptatua hemezortzi urtekoa baino nagusiagoa bada, adoptatu horrek Espainiako jatorrizko naziokotasuna aukera dezake, adopzioa eratu eta hurrengo bi urteetako epean.
20. artikulua
1. Espainiako naziokotasuna aukera dezakete:
a) Espainiar baten guraso-ahalaren menpe daudenek edo egon direnek.
b) Aita edo ama jatorriz espainarra dutenek, guraso hori Espainian jaio bada.
c) 17 eta 19. artikuluen azken paragrafoan aipatzen direnek.
2. Aukeraren inguruko adierazpena egin dezakete:
a) Aukeratzailearen legezko ordezkariak, baldin eta aukeratzaile hori hamalau urtekoa baino gazteagoa bada edo ezgaitua bada. Kasu horretan, aukera egin ahal izateko, beharrezkoa da Fiskaltzak aurretiaz irizpena igortzea eta adierazlearen egoitzari dagokion Erregistro Zibileko arduradunak baimena ematea. Baimen hori adingabearen edo ezgaituaren intereserako emango da.
b) Interesdunak berak, bere legezko ordezkariaren laguntzarekin, baldin eta interesdun hori hamalau urtekoa baino nagusiagoa bada, edo, ezgaituta egonda ere, ezgaiketa-epaiak hori egitea ahalbidetzen badio.
c) Interesdunak, bere kabuz, hori emantzipaturik badago edo hemezortzi urtekoa baino nagusiagoa bada. Aukera hori iraungi egingo da, interesdunak hogei urte betetzen dituenean; baina aukeratzailea, bere lege pertsonalaren arabera, ez badago emantzipaturik hemezortzi urte betetzean, orduan, aukera egiteko epea luzatu egingo da, emantzipazioaren ondorengo bi urteak igaro arte.
d) Interesdunak, bere kabuz, gaitasun osoa berreskuratu eta hurrengo bi urteetako epean. Salbuespen gisa har daiteke c) idatzzatiarekin bat etorriz aukera-eskubidea iraungitzea.
3. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, artikulu honen 1.b) idatz-zatian ezarritako aukera-eskubidearen egikaritzak ez du inolako adin-mugarik izango.
21. artikulua
1. Interesdunak salbuespeneko inguruabarrak baditu, Espainiako naziokotasuna eskuratzen da, errege-dekretuaren bidez eta zuhurtziarakotasunez, herritaragiria emanez.
2. Halaber, Espainian bizilekua izateagatik, Espainiako naziokotasuna eskuratzen da, hurrengo artikuluak zehaztutako baldintzetan eta justizia-ministroak emanda; ministroak ezezkoa eman diezaioke naziokotasuna emateari, ordena publikoa edota nazioko interesa oinarri duten arrazoiengatik.
3. Kasu batean zein bestean, eskabidea egin dezakete:
a) Interesdun emantzipatuak edo hemezortzi urtekoa baino nagusiagoa denak.
b) Hamalau urtekoa baino nagusiagoa denak, bere legezko ordezkariaren laguntzarekin.
c) Hamalau urtekoa baino gazteagoa den adingabearen legezko ordezkariak.
d) Ezgaituaren legezko ordezkariak edo ezgaituak berak, bere kabuz nahiz behar besteko laguntzarekin, ezgaiketa-epaiak eratortzen duenaren arabera.
Kasu horretan eta aurreko kasuan ere, eskabidea egin ahal izateko, legezko ordezkariak aurretiaz baimena lortu behar du, aurreko artikuluaren 2. paragrafoko a) letrarekin bat etorriz.
4. Herritaragiriaren bidezko emateak edota bizilekua izatearen bidezko emateak iraungi egingo dira, jakinarazpenaren osteko ehun eta laurogei egunetan, baldin eta epe horretan interesduna ez bada funtzionario eskudunaren aurrean agertu, 23. artikuluan zehaztutako betekizunak gauzatzeko.
22. artikulua
1. Bizilekua izateagatik naziokotasuna emateko, beharrezkoa da bizileku hori hamar urtetan zehar izatea. Bost urte nahiko izango dira errefuxiatu-izatea eskuratu dutenentzat; eta bi urte, Iberoamerikako herrietakoentzat, Andorra, Filipina Uharteetakoentzat, EkuatoreGinea, Portugal eta herri sefardietakoentzat.
2. Bizilekua urtebetean izatea nahiko da:
a) Espainiako lurraldean jaioarentzat.
b) Aukeratzeko ahalmena garaiz egikaritu ez duenarentzat.
c) Jarraikako bi urtetan eta legeaginduz, Espainiako herritar edo erakunde baten tutoretza, zaintza edo harrerapean egon denarentzat, eskabidea egiteko unean oraindik egoera horretan izan arren.
d) Eskabidea egitean, gizon nahiz emakume espainiarrarekin urtebete ezkondurik egin duenarentzat, legez edo egitez banandurik ez badago.
e) Espainiar baten alargunarentzat, ezkontidea hiltzean legezko edo egitezko banantzerik ez badago.
f) Espainiatik kanpo jaio denarentzat, horren aita, ama, aitona edo amona jatorriz espainiarra izan bada.
3. Kasu horietan guztietan, bizilekua legezkoa, jarraikakoa eta eskaeraren aurrekoxea izan behar da.
Aurreko paragrafoaren d) idatz-zatian agindutakoaren ondoreetarako, atzerrian egiaztaturiko diplomazia eta kontsulatuetako funtzionario espainiarrarekin bizi den ezkontideak Espainian legezko bizilekua duela ulertuko da.
4. Erregistro Zibilari buruzko legeriak araututako espedientean, interesdunak egiaztatu beharko du herritar zintzoa dela eta Espainiako gizartean behar beste integratuta dagoela.
5. Bizilekua izateagatik naziokotasuna emateak ala ez emateak ez dio kalterik egingo Administrazioarekiko auzibideari.
23. artikulua
Aukeraren bidez, herritaragiriaren bidez edo bizilekua izatearen bidez, Espainiako naziokotasuna eskuratu eta eskuraketa hori baliozkoa izan dadin, baldintza erkide hauek bete behar dira:
a) Hamalau urtekoa baino nagusiagoa izan eta bere kabuz adierazpena egiteko gaitasuna duenak zin egin edo hitzeman behar du Erregeri fideltasuna diola, eta Konstituzio eta legeei, obedientzia.
b) Pertsona berberak adierazi behar du aurretiazko naziokotasunari uko egiten diola. Betekizun horretatik salbuetsita geratzen dira 24. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutako herrietakoak.
c) Eskuraketa Espainiako Erregistro Zibilean inskribatu behar da.
24. artikulua
1. Emantzipatuek Espainiako naziokotasuna galtzen dute, baldin eta atzerrian ohiko bizilekua badute eta euren borondatez beste naziokotasun bat eskuratzen badute, edota modu esklusiboan erabiltzen badute emantzipazioaren aurretik eratxiki izan zaien naziokotasun atzerritarra. Galera hiru urte igarotakoan gertatuko da, hurrenez hurren, atzerriko naziokotasuna eskuratu zenetik edo emantzipaziotik zenbatuta. Dena den, interesdunek galera saihestu ahal izango dute, baldin eta aipatutako epea horretan Erregistro Zibileko arduradunari adierazten badiote Espainiako naziokotasunari eusteko borondatea dutela.
Idatzzati honekin bat etorriz, Iberoamerikako herrietako, Andorra, Filipina Uharteetako, EkuatoreGinea edo Portugaleko naziokotasuna eskuratzea berez ez da nahiko, Espainiako jatorrizko naziokotasuna galtzeko.
3. Edozein kasutan ere, espainiar emantzipatuek Espainiako naziokotasuna galtzen dute, horri beren beregi uko egiten badiote, beste naziokotasun bat badute eta atzerrian euren ohiko bizilekua badute.
3. Norbaitzuek, atzerrian jaio eta bizi arren, Espainiako naziokotasuna badute, aita edo ama espainiarra izateagatik, nahiz eta guraso hori ere atzerrian jaio, eta euren bizilekua zein herritan izan eta herri horretako legeek bertako naziokotasuna ematen badiete, orduan, Espainiako naziokotasuna galduko dute beti, baldin eta, hiru urteko epean, ez badiote Erregistro Zibileko arduradunari adierazten naziokotasun horri eusteko borondatea dutela; epearen zenbaketa hasten da haiek adin-nagusitasuna edo emantzipazioa lortzen dutenean.
4. Manu honetan xedatutakoaren arabera, ez da Espainiako naziokotasuna galtzen, Espainia gerran izanez gero.
25. artikulua
1. Jatorriz espainiar ez direnek naziokotasuna galduko dute:
a) Espainiako naziokotasuna eskuratzean, beste naziokotasun bati uko egiten diotela adierazi ondoren, hiru urteko epean, naziokotasun hori bakar-bakarrik erabiltzen badute.
b) Gobernuak beren beregi emandako debekuaren aurka, atzerriko estatu baten alde euren borondatez armak hartzen badituzte, edo estatu horretan edozein kargu politiko betetzen badute.
2. Epai irmoak adierazten badu interesdunak, Espainiako naziokotasuna eskuratzean, faltsutzea, ezkutatze edo iruzur egin duela, orduan, epai horrek eskuraketaren deuseztasuna dakar; baina deuseztasun horrek ez du ondore kaltegarririk eratorriko, hirugarren onustedunen aurka. Deuseztasun-akzioa Fiskaltzak egikaritu behar du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, hamabost urteko epearen barruan.
26. artikulua
1. Espainiako naziokotasuna galdu duenak hori berreskura dezake, hurrengo betekizunak gauzatuz gero:
a) Espainian legezko bizilekua izatea. Betekizun hori ez zaie aplikatzen emigranteei, ezta euren semealabei ere. Gainerako kasuetan, justizia-ministroak betekizuna barka dezake, salbuespeneko inguruabarrak izanez gero.
b) Erregistro Zibileko arduradunari adieraztea Espainiako naziokotasuna berreskuratzeko borondatea.
c) Berreskuraketa Erregistro Zibilean inskribatzea.
2. Gobernuak zuhurtziarakotasunez eta aurretiaz emandako gaikuntzarik izan gabe, ezin dute Espainiako naziokotasuna berreskuratu edo, hala denean, hori eskuratu aurreko artikuluan aipatutako kasuetatik edozeinetan daudenek.
27. artikulua
Lege berezietan eta itunetan xedaturikoari kalterik egin gabe, atzerritarrek eta espainiarrek eskubide zibil berberak dituzte Espainian.
28. artikulua
Korporazio, fundazio eta elkarteek, lege-aitorpena badute eta egoitza Espainian badute, Espainiako naziokotasuna izango dute, pertsona juridikoen izaera badute, kode honetako xedapenen arabera.
Elkarteek atzerrian badute egoitza, itunetan edota lege berezietan zehazturiko izaera eta eskubideak izango dituzte Espainian.
II. TITULUA
NORTASUN ZIBILAREN SORRERA ETA AZKENTZEA
I. KAPITULUA
Pertsona fisikoak
29. artikulua
Jaiotzak nortasuna dakar; baina ernaldua jaiotzat jotzen da, mesedegarri zaizkion ondore guztietarako, baldin eta ernaldu hori jaio bada, hurrengo artikuluak adierazten dituen baldintzetan.
30. artikulua
Ondore zibiletarako, fetua jaiotzat joko da, baldin eta fetu horrek giza itxura badu eta hogeita lau orduz amaren sabeletik osoosorik askatuta bizi bada.
31. artikulua
Erditze bikoitzetan, jaiotzaren lehentasunak lehenengo jaio denari ematen dizkio legeak premuari aitortzen dizkion eskubideak.
32. artikulua
Pertsonen heriotzak nortasun zibila azkentzen du.
33. artikulua
Bi pertsonari edo gehiagori deitu bazaie elkarren oinordeko izateko, eta zalantzak badaude, lehenago nor hil den jakiteko, eta norbaitek adierazten badu bataren edo bestearen heriotza aurretik gertatu dela, orduan, berari dagokio hori frogatzea; frogarik egin ezean, bibiok aldi berean hil direla uste da, eta batarengandik bestearengana ez da eskubide-eskualdaketarik gertatzen.
34. artikulua
Absentearen heriotzaren gaineko presuntzioari eta horren ondoreei dagokienez, liburu honen VIII. tituluan xedatutakoa izan behar da kontuan.
II. KAPITULUA
Pertsona juridikoak
35. artikulua
Pertsona juridikoak dira:
1) Legeak aitortu dituen eta interes publikoa duten korporazio, elkarte eta fundazioak.
Horien nortasuna hasten da zuzenbidearen arabera baliozkotasunez eratu diren unetik beretik.
2) Interes pribatuko elkarteak, horiek zibilak, merkataritzakoak nahiz industriakoak izan, baldin eta legeak berezko nortasuna ematen badie halakoei, elkartekideengandik gain lokabe.
36. artikulua
Sozietate-kontratuari buruzko xedapenek arautuko dituzte, kontratu horren izaeraren arabera, aurreko artikuluaren 2. zenbakian aipatutako elkarteak.
37. artikulua
Legeek korporazioak sortu edo aitortu badituzte, lege horiek arautuko dute halako korporazioen gaitasun zibila; elkarteena, horien estatutuek; eta fundazioena, euren eraketa-erregelek, baldin eta erregela horiek administrazio-xedapenaren bidez behar bezala onetsi badira, betekizun hori beharrezkoa denean.
38. artikulua
Pertsona juridikoek mota guztietako ondasunak eskura eta eduki ditzakete, betebeharrak hartu ahal dituzte, eta akzio zibil nahiz kriminalak egikaritu ahal dituzte, legeekin eta euren eraketa-erregelekin bat etorriz.
Gai horri dagokionez, bi ahalen artean hitzarturikoak eraenduko du Eliza; eta lege berezietan xedaturikoak arautuko ditu irakaspenerako eta ongintzarako establezimenduak.
39. artikulua
Korporazio, elkarte edo fundazioek jarduteari uzten badiote, legez jarduteko epea amaitu delako, euron helburua bete delako, edo helburu hori lortzeko ezin daitezkeelako erabili euren jarduera eta baliabideak, orduan, korporazio, elkarte edo fundazio horien ondasunei eman behar zaie legeek, estatutuek nahiz fundazio-klausulek horretarako esleitutako erabilera. Aldez aurretik ez bada ezer ezarri, ondasunok erabili behar dira haien antzeko helburuak lortzeko, azkendutako erakundeen onura gehienak jaso behar lituzkeen erregio, probintzia edo udalerriaren intereserako.
III. TITULUA
EGOITZA
40. artikulua
Eskubideak egikaritu eta betebehar zibilak betetzeko, pertsona fisikoen egoitza da euren ohiko bizilekuari dagokion tokia eta, hala denean, Prozedura Zibilari buruzko Legeak zehazturikoa.
Diplomaziakoek, euren karguarengatik, bizilekua atzerrian badute, eta lurraldez kanpokotasun eskubidea badute, euren egoitza izango da Espainiako lurraldean izan duten azkenekoa.
41. artikulua
Pertsona juridikoa sortu edo aitortu duen legeak, estatutuek edo eraketaerregelek ez badute finkatu pertsona juridiko horren egoitza, orduan, ulertuko da pertsona juridikoak egoitza duela bere legezko ordezkaritza non duen, bertan, edo bere eraketari dagozkion eginkizun garrantzitsuenak non betetzen dituen, toki horretan.
IV. TITULUA
EZKONTZA
I. KAPITULUA
Ezkontitza
42. artikulua
Ezkontitzak ez du ezkontzeko betebeharrik sortzen, eta, orobat, ez du betebeharrik sortzen, ezkontzarik ez dagoenerako hizpatu dena betetzeko.
Ez da demandaren izapidetza onartuko, horrekin ezkontitza betetzea lortu nahi bada.
43. artikulua
Adin nagusikoak edo adingabeko emantzipatuak egiazko ezkontitza ematen badu, eta, arrazoirik gabe, ezbetetzea gertatzen bada, orduan, beste alderdiari kalte-ordaina baino ez zaio eman behar, ezbetetzearen ondorioz berak izan dituen gastuengatik, bai eta hitzemandako ezkontza delaeta hartu dituen betebeharrengatik ere.
Akzio horren iraungitzea urtebeteko epean gertatuko da, ezkontzeari ezetza eman zaion egunetik zenbatuta.
II. KAPITULUA
Ezkontzaren betekizunak
44. artikulua
Gizonezkoek eta emakumezkoek ezkontzeko eskubidea dute, kode honen xedapenekin bat etorriz.
45. artikulua
Ez dago ezkontzarik, ezkontzeko adostasunik gabe.
Jarri gabekotzat hartuko da adostasunaren gaineko baldintza, epemuga edo modua.
46. artikulua
Ezin dira ezkondu:
1) Adingabeko emantzipatugabeak.
2) Ezkontzaloturaren bidez elkartuta daudenak.
47. artikulua
Era berean, ezin dira elkarrekin ezkondu:
1) Odol bidez edo adopzioaren bidez, zuzeneko lerroan senide direnak.
2) Hirugarren gradurainoko albokoak, odol bidez.
3) Euretatik edozeinen ezkontidea doloz hiltzeagatik, egile edo sopikun gisa kondenatuak izan direnak.
48. artikulua
Alderdiak hala eskatuz gero, justizia-ministroak ken dezake aurreko ezkontidea doloz hiltzeagatiko eragozpena.
Alderdiak hala eskatu, eta horretarako arrazoi zuzena izanez gero, lehen auzialdiko epaileak ken ditzake albokoen arteko hirugarren graduko eragozpenak, bai eta adinaren eragozpena ere, hamalau urtetik aurrera. Adinaren eragozpena kentzeko espedienteetan, entzun behar zaie adingabeei eta horien guraso edo zaintzaileei.
Gerogarrenean eragozpena kentzeak ezkontza deuseza baliozkotzen du, ezkontza hori egin den unetik, baldin eta alderdietatik batek ez badu ezkontzaren deuseztasuna eragin, epaiketaren bidez.
III. KAPITULUA
Ezkontzeko forma
I. ATALA
Xedapen orokorrak
49. artikulua
Espainiar oro ezkon daiteke, Espainian edo Espainiatik kanpo:
1) Epailearen, alkatearen edo kode honek aipaturiko funtzionarioaren aurrean.
2) Legez ezarritako forma erlijiosoan.
Espainiarrak ezkon daitezke, Espainiatik kanpo ere, ezkontza zein tokitan egin, eta toki horretako legeak ezarritako formaren arabera.
50. artikulua
Bi ezkontideak atzerritarrak izanez gero, ezkontza Espainian egin daiteke, espainiarrentzat agindutako formaren arabera edo euretatik edozeinen lege pertsonalak ezarritako forma betez.
II. ATALA
Epailearen, alkatearen edo horien ordezko funtzionarioaren aurrean ezkontzea
51. artikulua
Ezkontza baimentzeko eskuduna izango da:
1) Erregistro Zibilaren ardura duen epailea, eta ezkontza egiten den udalerriko alkatea edo horren eskuordetza duen zinegotzia.
2) Halako epailea ez dagoen udalerrietan, alkatea edo araudi bidez izendaturiko eskuordea.
3) Atzerrian Erregistro Zibilaren ardura duen funtzionarioa, diplomaziakoa nahiz kontsulatukoa.
52. artikulua
Hilzorian dagoenaren ezkontza baimen dezake:
1) Erregistro Zibilaren ardura duen epaileak, eskuordeak edo alkateak, nahiz eta ezkongaiek kasuan kasuko mugabarruan bizilekurik izan ez.
2) Epailerik izan ezean, eta kanpainan dauden militarrei dagokienez, horien goiko ofizialak edo buruak.
3) Itsasontzian nahiz aireontzian egindako ezkontzei dagokienez, horren kapitainak edo komandanteak.
Ezkontza hori baimentzeko, ez da beharrezkoa aurretiaz espedientea osatzea; baina, ezkontza egitean, bi lekuko adin nagusiko izan behar dira bertan, horretarako ezintasuna egiaztatzen denean izan ezik.
53. artikulua
Epaile, alkate edo funtzionarioak ezkontza baimendu badu, baina eskugabea bada edo legebidez izendatuta ez badago, orduan, horrek ez du ukituko ezkontzaren baliozkotasuna, baldin eta ezkontide batek, behintzat, onustez jardun badu, eta haiek jendaurrean bete badituzte euren eginkizunak.
54. artikulua
Behar beste frogatutako arrazoi larria izanez gero, justizia-ministroak isilpeko ezkontza baimen dezake. Kasu horretan, espedientearen izapideak isilpean egingo dira, ediktu edo aldarririk argitaratu gabe.
55. artikulua
Epaile, alkate edo funtzionarioak ezkontza baimentzen badu, eta ezkongaiak haren barruti edo mugapetik kanpo badu bere bizilekua, orduan, ezkontzaespedientean baimendu ahal da ezkongai hori ahaldunaren bitartez ezkontzea, baldin eta ezkongaiak ahaldun horri ahalorde berezia ematen badio, modu kautoan; nahitaezkoa izango da beti beste ezkongaia bertan izatea.
Ahalordean zehaztuko da norekin egin behar den ezkontza; eta, pertsona horren identitatea jakin ahal izateko, inguruabar pertsonal zehatzak adieraziko dira.
Ahalordea azkendu egingo da, ahalordeemaileak hori ezeztatzeagatik, ahaldunak horri uko egiteagatik edo horietatik edozein hiltzeagatik. Ahalordeemaileak ahalordea ezeztatzeko, nahiko izango da ezkondu aurretik berak hori modu kautoan adieraztea. Ezeztapena berehala jakinaraziko zaio ezkontza baimentzen duen epaile, alkate edo funtzionarioari.
56. artikulua
Elkarrekin ezkondu nahi dutenek aldez aurretik egiaztatu beharko dute, kode honek ezarritako gaitasunbetekizunak badituztela, Erregistro Zibilari buruzko legeriaren arabera espedientearen izapideak egiten direnean.
Ezkongaietatik edozeinek urritasun edo anomalia psikikoak baditu, medikuei irizpena eskatuko zaie, pertsona horrek adostasuna emateko duen gaitasunari buruz.
57. artikulua
Ezkontza egin behar da, ezkontideetatik edozeinen egoitzari dagokion epaile, alkate edo funtzionario eskudunaren aurrean, eta bi lekuko adin nagusikoren aurrean ere.
Adostasuna eman daiteke, beste herri bateko epaile, alkate edo funtzionarioaren aurrean ere, baldin eta espedientearen instrukzioa egiten duenak eskuordetza ematen badu, bai ezkontideek hala eskaturik, bai ofizioz.
58. artikulua
Epaile, alkate edo funtzionarioak, 66, 67 eta 68. artikuluak irakurri eta gero, ezkongai bakoitzari galdetuko dio beste ezkontidearekin ezkontzeko adostasuna ematen duen eta benetan egintza horretan ezkontza egiten duen; bibiok baietz erantzunez gero, epaile, alkate edo funtzionarioak bi horiek ezkontza bidez lotuta geratu direla adieraziko du, eta inskripzio edo akta egokia egingo du.
III. ATALA
Forma erlijiosoan ezkontzea
59. artikulua
Ezkontzeko adostasuna eman daiteke, inskribatutako erlijio batek ezarritako forman, betiere, erlijio horrek estatuarekin hitzartu duenaren arabera edo, hitzarmenik izan ezean, estatuaren legeriak baimentzen duenaren arabera.
60. artikulua
Ezkontza egiten bada zuzenbide kanonikoaren arauen arabera edo aurreko artikuluan jasotako forma erlijiosoetatik edozeinetan, ezkontza horrek ondore zibilak dakartza. Ondore horiek betebetean aitortzeko, hurrengo kapituluan xedatutakoa bete beharko da.
IV. KAPITULUA
Ezkontza Erregistro Zibilean inskribatzea
61. artikulua
Ezkontzak ondore zibilak sortzen ditu, hori egiten den unetik beretik.
Ondore horiek betebetean aitortzeko, beharrezkoa izango da ezkontza Erregistro Zibilean inskribatzea.
Inskribatu gabeko ezkontzak ez die kalterik egingo hirugarrenek onustez eskuraturiko eskubideei.
62. artikulua
Ezkontza epaile, alkate edo funtzionarioaren aurrean egiteaz batera, horrek ezkontza inskribatu edo ezkontzaren akta egingo du, bere sinadura batera, eta ezkonberri eta lekukoen sinadura jarriz.
Halaber, behin inskripzioa edo akta egin eta gero, epaile, alkate edo funtzionarioak ezkonberri bakoitzari emango dio ezkontza egin dela egiaztatzen duen agiria.
63. artikulua
Espainian, ezkontza forma erlijiosoan egiten bada, orduan, ezkontza hori inskribatzeko, Elizaren edo kasuan kasuko erlijioaren ziurtagiria aurkeztu behar da Erregistro Zibilean; ziurtagiri horrek adierazi behar ditu Erregistro Zibilari buruzko legerian agindutako inguruabarrak.
Idazkunari ezezkoa emango zaio, baldin eta Erregistroan aurkeztutako agiriek edo Erregistroko idazkunek agerian jartzen badute ezkontzak ez dituela betetzen bere baliozkotasunerako titulu honetan ezartzen diren betekizunak.
64. artikulua
Isilpeko ezkontza aitortzeko, nahiko da ezkontza hori Erregistro Zibil Zentraleko liburu berezian inskribatzea; baina halako ezkontzak ez die kalterik egingo hirugarrenek onustez eskuratutako eskubideei, harik eta ezkontza hori Erregistro Zibil arruntean inskribatu arte.
65. artikulua
63. artikuluan xedaturikoari kalterik egin gabe, gainerako kasuetan, ezkontza egiten bada, espediente egokiaren izapideak egin barik, orduan, epaileak edo Erregistroaren ardura duen funtzionarioak, inskripzioa egin baino lehen, egiaztatu behar du ezkontza hori egiteko legezko betekizunak badirela.
V. KAPITULUA
Ezkontideen eskubide eta
eginbeharrak
66. artikulua
Senar-emazteek eskubide eta eginbehar berberak dituzte.
67. artikulua
Senaremazteek begirunea eta laguntza eman behar dizkiote elkarri, eta familiaren intereserako jardun behar dute.
68. artikulua
Ezkontideek betebeharra dute, elkarrekin bizi, bestearenganako fideltasuna izan eta elkar sorosteko.
69. artikulua
Aurkako frogarik izan ezean, uste da ezkontideak elkarrekin bizi direla.
70. artikulua
Ezkontideek elkarren arteko adostasunez finkatuko dute ezkontegoitza, eta, desadostasuna izanez gero, epaileak ebazpena emango du, familiaren interesa kontuan izanda.
71. artikulua
Ezkontide batek ezin dio bere buruari eratxiki bestearen gaineko ordezkaritza, baldin eta hori ez bazaio berari eman.
72. artikulua
Edukirik gabe.
VI. KAPITULUA
Ezkontzaren deuseztasuna
73. artikulua
Ezkontza egiteko forma edozein izanik ere, deuseza da:
1) Ezkontzeko adostasunik gabe egindako ezkontza.
2) 46 eta 47. artikuluek aipatzen dituzten pertsonen artean egindako ezkontza, salbu eta 48. artikuluarekin bat etorriz ezkontzeko baimena dagoenean.
3) Epaile, alkate edo funtzionarioaren aurrean egin behar dena, baldin eta horren edota lekukoen eskuhartzerik gabe egiten bada.
4) Okerraren ondorioz egindakoa, baldin eta okerra beste ezkongaiaren identitateari buruzkoa bada, edo horren ezaugarri pertsonalei buruzkoa, ezaugarriok erabakigarriak izan badira adostasuna emateko.
5) Derrigortzearen edo beldur astunaren ondorioz egindakoa.
74. artikulua
Ezkontzaren deuseztasuna eskatzeko, akzioa dagokie ezkontideei, Fiskaltzari, eta deuseztasunean zuzeneko eta bidezko interesa duten pertsonetatik edozeini, hurrengo artikuluetan xedaturikoari kalterik egin gabe.
75. artikulua
Deuseztasun-arrazoia adingabezia izan bada, orduan, ezkontidea adingabea den bitartean, akzioa egikari dezakete horren gurasoetatik edozeinek, tutoreek edo zaintzaileek eta, betiere, Fiskaltzak.
Adin-nagusitasunera heltzean, ezkontide adingabeak bakarrik egikari dezake akzioa, salbu eta ezkontideak urtebete elkarrekin bizi izan direnean, adin-nagusitasuna lortu eta gero.
76. artikulua
Okerraren, derrigortzearen edo beldur astunaren kasuetan, akats hori jasan duen ezkontideak bakarrik egikari dezake deuseztasun-akzioa.
Akzioa iraungi eta ezkontza baliozkotzen da, baldin eta ezkontideak urtebete bizi izan badira elkarrekin, okerra desegin eta gero, edo derrigortzea nahiz beldurraren arrazoia desagertu eta gero.
77. artikulua
Edukirik gabe.
78. artikulua
73. artikuluaren 3. zenbakian xedatutakoari kalterik egin gabe, epaileak ez du forma-akatsarengatik ezkontza deuseztatuko, baldin eta ezkontideetatik batek onustez egin badu ezkontza hori.
79. artikulua
Ezkontzaren deuseztasunari buruzko adierazpenak ez ditu baliogabetuko ezkontzak semealabei eta onustedun ezkontideari edo ezkontideei begira jadanik sortu dituen ondoreak.
Onustea badela uste da.
80. artikulua
Alderdietatik edozeinek hala eskatuz gero, ordena zibilean eragingarriak izango dira Elizaren auzitegiek ezkontza kanonikoaren deuseztasunari buruz emandako ebazpenak, edo ezkontza rato eta gauzatugabeari buruzko erabaki pontifizioak, baldin eta, Prozedura Zibilari buruzko Legearen 954. artikuluan aipaturiko baldintzekin bat etorriz, epaile zibila eskuduna bada, epaile horrek ebazpena ematen badu, eta ebazpen horretan adierazten bada halako ebazpen nahiz erabakiak estatuaren zuzenbidearen araberakoak direla.
VII. KAPITULUA
Banantzea
81. artikulua
Banantzea epaiketaren bidez dekretatuko da, ezkontza egiteko forma edozein izanda ere:
1) Bi ezkontideek batera, edo, batek bakarrik, bestearen adostasunarekin, hori eskatzen badu, ezkontzaren lehendabiziko urtebetea igarotakoan. Kode honen 90 eta 103. artikuluekin bat etorriz, demandarekin batera, nahitaez aurkeztu behar da banantzeari buruzko hitzarmen arauemailea.
2) Ezkontide batek hori eskatzen badu, beste ezkontidea banantzeko legezko arrazoian sartu denean.
82. artikulua
Banantzeko arrazoiak dira:
1) Etxea bidegabe uztea, ezkontideen artean fideltasunik ez izatea, jokabide iraingarri edo laidogarria gauzatzea, eta, ezkontzako eginbeharren aurka, beste edozein urratze astun edo errepikatua burutzea.
Ezkontideen arteko fideltasunik eza ezin daiteke arrazoi gisa inbokatu, baldin eta bi ezkontideak aurretiaz eta egitez banandurik badaude, bibiek askatasunez hori adostu dutelako edo alegazioa egin duenak banantzea ezarri duelako.
2) Semealabenganako eginbeharren aurka, edozein urratze astun edo errepikatua burutzea, semealabok bi ezkontideenak badira edo, ezkontideetatik batenak izanik, familiaren etxean bizi badira.
3) Sei urtetik gorako epean, askatasuna kentzeko kondena ezartzea.
4) Alkoholismoa, toxikomania edo burunahasteak, baldin eta ezkontzako elkarbizitza eten behar bada, beste ezkontidearen edo familiaren intereserako.
5) Ezkontzako elkarbizitza sei hilabetetan benetan etenda geratzea, askatasunez hori adostuz gero. Adostasuna askatasunez eman dela ulertuko da, baldin eta ezkontide batek besteari sinesgarriro eskatzen badio adostasun hori emateko, horren ondorioez beren beregi ohartaraziz, eta azken horrek ez badu eskaeraren aurkako borondaterik agertzen, Zuzenbideak onartutako edozein bidetatik, edo banantzea nahiz 103. artikuluak aipatzen dituen aldi baterako neurriak eskatzen baditu, agindeia egin zaionetik sei hilabeteko epean.
6) Ezkontzako elkarbizitza benetan etenda geratzea, hiru urteko epean.
7) 86. artikuluaren 3, 4 eta 5. zenbakietan ezarritako dibortzio-arrazoietatik edozein.
83. artikulua
Banantze-epaiak ezkontideen arteko elkarbizitza etetea dakar, eta horrekin amaitu egiten da etxeko ahala egikaritzean ezkontide batek bestearen ondasunak lotzeko duen aukera.
84. artikulua
Berradiskidetzeak amaiera ematen dio banantze-prozedurari, eta gerogarreneko ondorerik gabe uzten du prozedura horretan erabakitakoa; baina ezkontideek berradiskidetzearen berri eman behar diote auzia erabakitzen ari den edo erabaki duen epaileari.
Hori gorabehera, epaileak emandako ebazpenaren bidez, semealabei begira hartutako neurriak iraunaraz edo aldaraz daitezke, baldin eta hori egitea justifikatzen duen arrazoia badago.
VIII. KAPITULUA
Ezkontza desegitea
85. artikulua
Ezkontza egiteko forma eta garaia edozein izanda ere, ezkontza desegiten da, ezkontide baten heriotza edo heriotza-adierazpenaren ondorioz, eta dibortzioaren ondorioz.
86. artikulua
Dibortzio-arrazoiak dira:
1) Ezkontzako elkarbizitza benetan etenda geratzea, urtebetean zehar gutxienez, geldiarazpenik gabe, ezkontide biek batera, edo, batak, bestearen adostasunarekin, banantze-demanda aurkeztu dutenetik, baldin eta demanda jarri bada, ezkontza egin denetik urtebete igaro eta gero.
2) Ezkontzako elkarbizitza benetan etenda geratzea, urtebetean zehar gutxienez, geldiarazpenik gabe, banantze pertsonala eskatzeko demanda jarri zenetik, demandatzaileak edo 82. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz errekonbentzioa egin duenak hala eskaturik; kasu horretan, irmoa izan behar da banantze-demandari oniritzia eman dion ebazpena edo, aipatutako epea igaro eta gero, lehen auzialdian ez da ebazpenik izan behar.
3) Ezkontzako elkarbizitza benetan etenda geratzea, bi urtetan zehar gutxienez, geldiarazpenik gabe:
a) Bi ezkontideek egitezko banantzea askatasunez onartu dutenetik, edo epaileak emandako ebazpena irmoa denetik, edo ezkontide baten legezko absentziaren adierazpena egin denetik, ezkontideetatik edozeinek hala eskaturik.
b) Dibortzioa eskatzen duenak egiaztatzen duenean egitezko banantzea hastean beste ezkontidea banantzeko legezko arrazoian zegoela.
4) Ezkontzako elkarbizitza benetan etenda geratzea, bost urtetan zehar gutxienez, ezkontideetatik edozeinek hala eskatuz gero.
5) Ezkontidea epai irmoaren bidez kondenatua izatea, beste ezkontidearen, horren aurrekoen edo ondorengoen bizitzaren aurka atentatzeagatik.
Dibortzioa bi ezkontideek batera eskatzen badute, edo, batak, bestearen adostasunarekin, orduan, demandarekin edo hasierako idazkiarekin batera, nahitaez aurkeztu behar da dibortzioaren ondoreei buruzko hitzarmen arauemailea, kode honen 90 eta 103. artikuluekin bat etorriz.
87. artikulua
Kode honen 82 eta 86. artikuluek aipatzen dutenez, ezkontzako elkarbizitza benetan etenda geratu arren, ezkontideek egoitza berean bizitzeari euts diezaiokete edo berriro has daitezke bertan bizitzen, betiere, aldi baterako, baldin eta horretarako arrazoia bada ezkontide batek edo biek duten beharrizana, berradiskidetzeko ahalegina edo semealaben interesa eta, kasuan kasuko banantze- edo dibortzio-prozesuan, hori egiaztatzen bada, Zuzenbidean onarturiko edozein bide erabilita.
Elkarbizitza geldiarazteak ez du ezkontzako elkarbizitza benetan etengo, baldin eta elkarbizitzeari utzi bazaio, lanarengatik, lanbidearengatik edo horien antzeko beste edozein arrazoirengatik.
88. artikulua
Dibortzio-akzioa azkentzen da, ezkontideetatik edozein hiltzeagatik edo ezkontideak berradiskidetzeagatik; berradiskidetze hori esanbidezkoa izan behar da, baldin eta demanda jarri ondoren gertatzen bada.
Dibortzioaren osteko berradiskidetzeak ez du legezko ondorerik sortzen, baina dibortziatuak elkarrekin ezkon daitezke berriro.
89. artikulua
Ezkontza dibortzioaren bidez desegingo da, hori adierazten duen epaia ematen denean bakarrik, eta dibortzio horrek ondoreak sortuko ditu, epaia irmoa den unetik. Dibortzioak ez die hirugarren onustedunei kalterik egingo, Erregistro Zibilean berori inskribatu arte.
IX. KAPITULUA
Deuseztasunak, banantzeak eta dibortzioak sortzen dituzten ondore berberak
90. artikulua
Kode honen 81 eta 86. artikuluetan aipaturiko hitzarmen arauemaileak barneratu behar ditu, gutxienez, hurrengo kontuak:
A) Zehaztu behar da bi ezkontideen guraso-ahalaren menpe dauden semealabak noren jagoletzapean geratu behar diren; guraso-ahal hori nola egikaritu behar den; eta semealabekin bizi ez den gurasoak zein araubide bete behar duen, semealabak bisitatu, horiekin harremanak izan eta eurekin egoteko.
B) Familiaren etxebizitza eta ostilamenduaren erabilera eratxiki behar da.
C) Ezkontzaren zametan eta mantenuan izan beharreko partaidetza zehaztu behar da, eta, era berean, partaidetza horiek eguneratzeko oinarriak eta euron bermeak finkatu behar dira, hala denean.
D) Ezkontzaren ondasun eraentza likidatu behar da, hori bidezkoa denean.
E) Hala denean, ezkontide batek 97. artikuluarekin bat etorriz ordaindu behar duen pentsioa zehaztu behar da.
Ezkontideek akordioak egin badituzte deuseztasun, banantze edo dibortzioaren ondorioak arautzeko, epaileak akordio horiek onetsiko ditu, salbu eta semealabentzat kaltegarriak direnean edo ezkontide batentzat kalte astunak dakartzatenean. Akordioei ezezkoa emateko, epaileak ebazpen zioduna eman behar du, eta, kasu horretan, ezkontideek beste proposamen bat aurkeztu behar diote epaileari, horrek onets dezan, bidezkoa izanez gero. Epaileak akordioak onesten dituenetik, akordio horiek premiamendu-bidean betearaz daitezke.
Epaiketa bidez edo beste hitzarmen baten bidez aldaraz daitezke ezkontideen arteko hitzarmenik izan ezean epaileak hartutako neurriak edo ezkontideek eurek hitzartutakoak, baldin eta inguruabarretan aldaketa garrantzitsuak gertatu badira.
Epaileak ezar ditzake hitzarmena betetzeko beharrezkoak diren berme erreal nahiz pertsonalak.
91. artikulua
Deuseztasun, banantze nahiz dibortzioari buruzko epaietan, edo horiek betearaztean, ez badago ezkontideen arteko akordiorik edo lortutako akordioa ez bada onetsi, orduan, epaileak neurri batzuk erabakiko ditu, aurreko artikuluekin bat etorriz, eta neurri horiek ordeztuko dituzte aldez aurretik semealabei, familiaren etxebizitzari, ezkontzaren zamei, ondasun eraentzaren likidazioari eta kasuan kasuko kautela nahiz bermeei buruz harturikoak; eta, kontzeptu horietatik baten gain, ez badira oraindik kautela edo bermeak hartu, epaileak bidezkoak direnak ezarriko ditu. Neurri horiek aldaraz daitezke, inguruabarretan aldaketa garrantzitsuak gertatzen badira.
92. artikulua
Banantzeak, deuseztasunak eta dibortzioak ez dituzte gurasoak askatzen, gurasook euren semealabei begira dituzten betebeharretatik.
Semealaben jagoletza eta hezkuntzari buruzko neurri judizialak haien onurarako hartuko dira, semealabek esan beharrekoa entzun eta gero, horiek behar besteko zentzutasuna badute eta, beti, hamabi urtekoak baino nagusiagoak badira.
Epai bidez guraso-ahala kentzea erabakiko da, prozesuan horretarako arrazoia azaldu denean.
Halaber, semealabentzat komenigarria izanez gero, erabaki daiteke guraso-ahala, osoosorik nahiz zati batez, guraso batek egikaritzea, edo semealaben gaineko jagoletza ezkontide bati edo besteari ematea; ahal den neurrian, nebaarrebak ez dira elkarrengandik bananduko.
Epaileak, ofizioz edo interesdunek hala eskaturik, adituen irizpena eska dezake.
93. artikulua
Edozein kasutan ere, epaileak zehaztuko du guraso bakoitzak zein partaidetza izan behar duen, mantenua asetzeko unean, eta neurri egokiak hartuko ditu, gurasoek prestazioak ordain ditzaten, eta prestazio horiek molda daitezen, uneanunean semealabek dituzten inguruabar ekonomikoetara eta beharrizanetara.
Familiaren egoitzan bizi badira semealaba adin nagusiko edo emantzipatuak, eta horiek ez badute berezko diru-sarrerarik, epaileak ebazpenean bertan finkatuko du kode honen 142. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz semealaboi zor zaien mantenua.
94. artikulua
Gurasoa semealaba adingabeekin edo ezgaituekin bizi ez arren, guraso horrek eskubidea du, semealabok bisitatu, horiekin harremanak izan eta eurekin egoteko. Epaileak zehaztuko du noiz, nola eta non egikarituko den eskubide hori; eta eskubidea muga edo eten dezake, inguruabar larriak gertatzen badira eta horien arabera hori komenigarria bada, edo ez-betetze astun edo errepikatua burutu bada, epailearen ebazpenean ezarritako eginbeharren aurka.
95. artikulua
Epai irmoak ezkontzaren ondasun eraentza desegingo du, ezkontzaren ondasunei dagokienez.
Deuseztasun-epaiak ezkontide baten gaitzustea adierazten badu, onustez jardun duenak partaidetza-eraentzari buruzko xedapenak aplika ditzake, ezkontzaren ondasun eraentza likidatzean, eta gaitzustedun ezkontideak ez du eskubiderik izango, bere ezkontideak lortu dituen irabazietan parte hartzeko.
96. artikulua
Ezkontideek egin eta epaileak onetsitako akordiorik izan ezean, semealabei eta eurekin geratzen den ezkontideari dagokie familiaren etxebizitza eta etxebizitza horretan egunero erabiltzen diren objektuak erabiltzea.
Semealaba batzuk ezkontide batekin geratzen badira, eta besteak, bestearekin, epaileak bidezkoena erabakiko du.
Semerik edo alabarik izan ezean, erabaki daiteke ondasun horien erabilera euren titular ez den ezkontideari ematea, zuhurtziara finkaturiko epean zehar, baldin eta, inguruabarrak kontuan hartuta, hori komenigarri bada, eta ezkontide horren interesa bada babes handiena merezi duena.
Etxebizitza eta ondasunon erabilera euren titular ez den ezkontideari dagokionean, bi alderdien adostasuna edo, hala denean, epailearen baimena behar da, horiek xedatzeko.
97. artikulua
Banantzeak edo dibortzioak ezkontide bati desoreka ekonomikoa ekarri badio, beste ezkontidearen egoerari begira eta, horren ondorioz, ezkontza bitartean izan zuen egoerak txarrera egin badu, orduan, ezkontide horrek eskubidea du, epailearen ebazpenean finkaturiko pentsioa eskatzeko; pentsioa finkatzeko, hurrengo inguruabarrak izan behar dira kontuan, besteak beste:
1) Ezkontideen artean egindako akordioak.
2) Ezkontideen adina eta osasun-egoera.
3) Ezkontideek lanbiderako duten kualifikazioa eta lanpostua lortzeko aukera.
4) Familiari begira ezkontideek izan duten eta izango duten ardura.
5) Ezkontide batek bere lanarekin bestearen merkataritza-, industria- edo lanbide- jardueretan eman duen laguntza.
6) Ezkontzaren eta ezkontideen arteko elkarbizitzaren iraupena.
7) Ezkontide batek pentsio-eskubidea izan eta hori galtzeko duen arriskua.
8) Ezkontide batek eta besteak dituzten ondasun, baliabide ekonomiko eta beharrizanak.
Epailearen ebazpenean finkatuko dira pentsioa eguneratu eta horren ordainketa ziurtatzeko oinarriak.
98. artikulua
Ezkontzaren deuseztasuna adieraziz gero, ezkontide onustedunak kalteordaina eskuratzeko eskubidea izango du, ezkontideen artean elkarbizitza izan bada, 97. artikuluan agindutako inguruabarrak kontuan izanik.
99. artikulua
97. artikuluaren arabera, epaileak finkatu duen pentsioaren ordez, edozein unetan hitzar daiteke bizi arteko errenta bat, ondasun zehatz batzuen gaineko gozamena edo ondasunez nahiz diruz kapital jakin bat ematea.
100. artikulua
Banantze- edo dibortzio-epaietan, pentsioa eta hori eguneratzeko oinarriak finkatu eta gero, pentsio hori aldaraz daiteke, baldin eta aldaketa garrantzitsuak gertatu badira, ezkontide baten edo bestearen aberastasunean.
101. artikulua
Pentsio-eskubidea azkentzen da, eskubide hori sorrarazi zuen arrazoia amaitzeagatik, edo pentsioaren hartzekoduna berriz ezkontzeagatik edo beste norbaitekin ezkondu-bizimodua egiteagatik.
Pentsio-eskubidea ez da azkentzen, zorduna hiltzeagatik. Hala ere, horren jaraunsleek epaileari eska diezaiokete pentsioa urritu edo kentzeko, baldin eta jarauntsiko ondasunak behar beste ez badira, zorraren beharrizanak asetzeko, edo pentsioak euren seniparte-eskubideak ukitzen baditu.
X. KAPITULUA
Deuseztasun-, banantze- eta dibortzio-demanden ondoriozko behinbehineko neurriak
102. artikulua
Deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-demanda onartuz gero, legeaginduz hurrengo ondoreak sortzen dira:
1) Ezkontideak elkarrengandik bananduta bizi daitezke, eta elkarrekin bizi direlako presuntzioa amaitzen da.
2) Ezeztatuta geratzen dira ezkontideek elkarri emandako adostasun eta ahalordeak.
Era berean, eta aurkako itunik izan ezean, amaitu egiten da etxeko ahala egikaritzean ezkontide batek bestearen ondasun pribatiboak lotzeko duen aukera.
Ondore horietarako, alderdietatik edozeinek eragin dezake, idatzohar egokia egiteko, Erregistro Zibilean eta, hala denean, Jabetza Erregistroan eta Merkataritzako Erregistroan ere.
103. artikulua
Behin demanda onartu eta gero, eta ezkontideek egin eta epaileak onetsitako akordiorik izan ezean, epaileak hurrengo neurriak hartuko ditu, ezkontideek esan beharrekoa entzunez:
1. Bi gurasoen ahalaren menpeko semealabak zein ezkontiderekin geratu behar diren erabakiko du, semealaben intereserako; eta, Kode Zibilak ezarritakoaren arabera, neurri egokiak hartuko ditu, batik bat, semealabengandik urrundua izan den ezkontideak nola bete behar duen horiek jagoteko eginbeharra, eta ezkontide horrek zein baldintza bete behar duen, denbora, modu eta lekuaren aldetik, semealaba horiekin harremanak izan eta eurokin egoteko.
Salbuespenez, semealabak jar daitezke euren gurasoez bestelako pertsona baten ardurapean, eta, halakoa ez badago, erakunde egokiaren ardurapean; batari edo besteari zaintza-eginkizunak emango zaizkio, epailearen agintepean eginkizun horiek bete ditzaten.
Ezkontideetatik edozeinek edo gainontzekoek adingabea berekin eramango dutelako arriskua badago, beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izango dira, eta, bereziki, hurrengoak:
a) Adingabea nazioko lurraldetik atera dadin debekatzea, aurretiaz epaileak horretarako baimena ematen duenean izan ezik.
b) Adingabeari pasaportea luza dakion debekatzea edo, jadanik luzatuta badago, hori kentzea.
c) Aurretiaz epailearen baimena behar izatea, adingabearen egoitza lekuz aldatzeko.
2. Familiaren interesetatik babes handiena behar duena kontuan hartuta, epaileak erabakiko du zein ezkontidek eutsiko dion familiaren etxebizitza erabiltzeari, eta, era berean, inbentarioa egin eta gero, ostilamenduaren ondasun eta objektuetatik zeintzuk geratu behar diren familiaren etxebizitzan eta zeintzuk eramango dituen beste ezkontideak; halaber, komenigarri diren kautela-neurriak hartuko ditu epaileak, ezkontide bakoitzaren eskubidea iraunarazteko.
3. Epaileak finkatuko du ezkontide bakoitzak ezkontzaren zametan izan behar duen partaidetza, «litis expensas» deiturikoetan duena barne, hori bidezkoa izanez gero; epaileak ezarriko ditu kopuruak eguneratzeko oinarriak; eta, kontzeptu horien guztien ondorioz, ezkontide batek besteari zor dizkion kopuruen ordainketa ziurtatzeko, bermeak, gordailuak, atxikipenak edo kautelazko beste edozein neurri egoki hartuko du epaileak.
Ezkontide batek guraso-ahalaren menpe dauden eta bi ezkontideenak diren semealabak zaintzeko lan egiten badu, lan hori ezkontzaren zametan parte hartzeko bide gisa hartuko da.
4. Inguruabarrak kontuan hartuta, eta aurretiaz inbentarioa eginez, epaileak erabakiko du irabazpidezko ondasunetatik edo ondasun erkideetatik zeintzuk eman behar zaizkion ezkontide bati eta zeintzuk besteari; era berean, epaileak finkatuko ditu administrazioaren, xedapenaren eta nahitaez eman beharreko kontu-arrazoien inguruan ezkontideek bete behar dituzten erregelak, ondasun erkideei buruz edo horietatik eurek jaso duten zatiari buruz, bai eta aurrerantzean eskuratzen dituzten ondasunei buruz ere.
5. Hala denean, epaileak erabakiko du zein araubide bete behar den, ezkontzako itunen edo eskritura publikoaren bidez ezkontzaren zamei bereziki lotuta geratu diren ondasun pribatiboak administratu eta xedatzeko.
104. artikulua
Ezkontidearen asmoa bada ezkontzaren deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-demanda jartzea, orduan, aurreko bi artikuluek aipatzen dituzten ondore eta neurriak eska ditzake.
Neurri eta ondore horiek indarrean iraungo dute, eurok hasieran hartu eta hurrengo hogeita hamar egunetan zehar, demanda aurkezten bazaio epaile edo auzitegi eskudunari.
105. artikulua
Ezkontegoitzatik irten den ezkontideak ez du urratzen ezkontideek elkarrekin bizitzeko duten eginbeharra, baldin eta horretarako zentzuzko arrazoia izan bada eta, hogeita hamar eguneko epean, demanda edo aurreko artikuluetan aipaturiko eskaera aurkeztu badu.
106. artikulua
Edozein kasutan ere, kapitulu honetan agindutako ondore eta neurriak azkendu egiten dira, horien ordez ezartzen direnean demandari oniritzia ematen dion epaian adierazitakoak, edo prozedura horri beste bide batetik amaiera ematen zaionean.
Adostasun eta ahalordeen ezeztapena behin betikoa dela ulertzen da.
XI. KAPITULUA
Nazioarteko zuzenbide pribatuaren arauak
107. artikulua
Banantzea eta dibortzioa arautuko ditu: ezkontideek demanda aurkeztean duten nazioko lege erkideak; naziokotasun erkiderik izan ezean, senaremazteen ohiko bizilekuari dagokion legeak; eta, senaremazteek estatu desberdinetan euren ohiko bizilekuak badituzte eta Espainiako auzitegiak horretarako eskudunak badira, Espainiako legeak.
Atzerriko auzitegiek epaiak ematen badituzte banantze eta dibortzioari buruz, epai horiek ondoreak sortuko dituzte, Espainiako antolamendu juridikoan, epaiok Prozedura Zibilari buruzko Legean xedatutakoarekin bat etorriz aitortu direnetik.
V. TITULUA
GURASOTASUNA ETA SEMEALABATASUNA
I. KAPITULUA
Semealabatasuna eta horren ondoreak
108. artikulua
Semealabatasuna naturaren arabera eta adopzio bidez gauza daiteke. Naturaren araberako semealabatasuna ezkontzazkoa eta ezkontzaz kanpokoa izan daiteke. Seme-alabatasuna ezkontzazkoa da, aita eta ama elkarrekin ezkonduta daudenean.
Ezkontzazko eta ezkontzaz kanpoko semealabatasunak, bai eta adopzio bidezkoak ere, ondore berberak sortzen dituzte, kode honen xedapenekin bat etorriz.
109. artikulua
Semealabatasunak zehazten ditu abizenak, legean xedatutakoaren arabera.
Seme-alabatasuna bi lerroetan zehaztuta badago, aitak eta amak, ados jarrita, euren lehenengo abizena zein hurrenkeratan eskualdatuko den erabaki dezakete, Erregistroan inskripzioa egin aurretik. Aukera hori erabili ezean, legean xedatutakoa aplikatuko da.
Seme edo alaba nagusiarentzat abizenen hurrenkera inskribatu eta gero, hurrenkera hori aplikatuko da gerogarreneko jaiotza-inskripzioetan ere, lotura bereko neba-arreben kasuan.
Semeak edo alabak, adin-nagusitasunera heltzean, abizenen hurrenkera aldatzeko eska dezake.
110. artikulua
Aitak eta amak, nahiz eta guraso-ahalik izan ez, betebeharra dute, semealaba adingabeak jagon eta eurei mantenua emateko.
111. artikulua
Gurasoa guraso-ahaletik eta gainerako babes-eginkizunetatik baztertuta geratuko da, eta guraso horrek galdu egingo ditu legeaginduz semearen edo alabaren gain nahiz horren ondorengoen gain, zein euren jarauntsietan, berari dagozkion eskubideak:
1. Giza sorkuntza ekarri duten harremanen ondorioz kondenatua izan denean, epai penal irmoaren bidez.
2. Semealabatasuna epaiketaren bidez zehaztu denean, bera horren aurka agertuta.
Bi kasuotan, semeak edo alabak ez du guraso horren abizenik izango, berak edo beraren legezko ordezkariak hori eskatzen duenean izan ezik.
Murrizketa horiek ondoreak sortzeari utziko diote, semearen edo alabaren legezko ordezkariak hala erabaki eta epaileak erabaki hori onesten badu edo, osterantzean, semeak edo alabak berak hala erabakitzen badu, gaitasun osoa lortu eta gero.
Euren horretan diraute beti semealabak jagon eta eurei mantenua emateko betebeharrek.
II. KAPITULUA
Semealabatasuna zehaztu eta frogatzea
I. ATALA
Xedapen orokorrak
112. artikulua
Semealabatasunak bere ondoreak sortzen ditu, berori gauzatzen den unetik. Semealabatasunaren legezko zehaztapenak atzeraeraginezko ondoreak ditu, baldin eta atzeraeragina eta semealabatasunaren ondoreek duten izaera bateratzeko modukoak badira, eta legeak aurkakorik xedatzen ez badu.
Edozein kasutan ere, semealabatasuna zehaztu baino lehen, seme edo alaba adingabearen edo ezgaiaren ordezkariak egintzak burutu baditu seme edo alaba horren izenean, orduan, egintzok euren baliozkotasunari eutsiko diote.
113. artikulua
Semealabatasuna egiaztatzeko bideak dira Erregistro Zibilean egindako inskripzioa, semealabatasun hori legearen bidez zehazten duen agiri edo epaia, ezkontzazko aitatasunari buruzko presuntzioa eta, aurreko biderik izan ezean, egoera-edukitza. Inskripzioaz bestelako frogak onartzeko, Erregistro Zibilari buruzko Legean xedatutakoa bete behar da.
Semealabatasunaren zehaztapena ez da eragingarria izango, horren aurkako beste semealabatasun bat egiaztatzen bada.
114. artikulua
Semealabatasunari buruzko idazkunak zuzen daitezke, Erregistro Zibilari buruzko Legearekin bat etorriz, titulu honetan aurkaratze-akzioen inguruan bereziki xedatutakoari kalterik egin gabe.
Era berean, edozein unetan zuzen daitezke idazkunak, baldin eta epai penalak frogatutzat jotzen baditu egitate batzuk eta idazkunak egitate horien aurkakoak badira.
II. ATALA
Ezkontzazko semealabatasuna zehaztea
115. artikulua
Aitarengandik eta amarengandik datorren ezkontzazko semealabatasuna legearen bidez zehaztuko da:
1. Jaiotza-inskripzioaren bidez, gurasoen ezkontzari buruzko inskripzioarekin batera.
2. Epai irmoaren bidez.
116. artikulua
Semealabak jaio badira ezkontza egin ostean, eta ezkontza hori desegin edo ezkontideak legez nahiz egitez banandu eta hurrengo hirurehun egunak igaro baino lehen, orduan, uste da horiek senarraren semealabak direla.
117. artikulua
Semea edo alaba jaio bada ezkontza egin eta hurrengo ehun eta laurogei egunetan barrena, senarrak ezerezean utz dezake presuntzioa, horren aurkako aitorpen kautoa formalizatzen badu, erditzearen berri izan eta hurrengo sei hilabeteetan zehar. Salbuespen gisa har daiteke senarrak esanbidez edo isilbidez aitatasuna aitortzea, edo, ezkontza egin aurretik, senarrak jakitea emaztea haurdun dagoela. Azken kasu horri dagokionez, salbuespen gisa har daiteke aitorpen kautoa senarraren eta emaztearen adostasunarekin formalizatzea, ezkontzaren aurretik nahiz horren ondoren, betiere, semea edo alaba jaio eta hurrengo sei hilabeteen barruan.
118. artikulua
Ezkontideak legez nahiz egitez bananduta egoteagatik, senarra semearen edo alabaren aitatzat jotzeko presuntziorik izan ez arren, semealabatasuna ezkontzazko semealabatasun gisa inskriba daiteke, baldin eta bi ezkontideek horretarako adostasuna ematen badute.
119. artikulua
Semealabatasuna ezkontzazkoa izango da gurasoen ezkontza-dataz geroztik, baldin eta gurasook semea edo alaba jaio eta gero ezkondu badira, eta semealabatasuna bera legearen bidez zehaztu bada, hurrengo atalean xedatutakoarekin bat etorriz.
Aurreko lerrokadan ezarritakoak mesede egingo die, hala denean, hildako semearen edo alabaren ondorengoei.
III. ATALA
Ezkontzaz kanpoko semealabatasuna zehaztea
120. artikulua
Ezkontzaz kanpoko semealabatasuna legearen bidez zehaztuko da:
1. Erregistro Zibileko arduradunari egindako aitorpenaren bidez, aitorpen hori testamentuan edo beste agiri publiko batean gauzatuz gero.
2. Erregistro Zibilari buruzko legeriaren arabera, espedientearen izapideak egin, eta espediente horretan emandako ebazpenaren bidez.
3. Epai irmoaren bidez.
4. Amari begira, jaiotza-inskripzioan amarengandiko semealabatasuna agerraraziz, baldin eta inskripzio hori egin bada, epearen barruan eta Erregistro Zibilari buruzko Legeak xedatzen duenaren arabera.
121. artikulua
Aitorpena egiten badute ezgaiek edo adina delaeta ezkontzeko gaitasunik ez dutenek, orduan, aitorpen hori baliozkoa izan dadin, nahitaezkoa izango da epaileak hori onestea, Fiskaltzak esan beharrekoa entzunez.
122. artikulua
Guraso batek bere kautan egiten badu aitorpena, ezin du beste gurasoaren identitatea agerrarazi, identitate hori legearen bidez zehazturik dagoenean izan ezik.
123. artikulua
Aitorpena egiten bada adin nagusikoaren semealabatasunari buruz, aitorpen horrek ez du ondorerik sortuko, adin nagusiko horren esanbidezko nahiz isilbidezko adostasunik gabe.
124. artikulua
Adingabearen edo ezgaiaren semealabatasunari buruzko aitorpena eragingarria izan dadin, beharrezkoa da adingabe edo ezgai horren legezko ordezkariak beren beregi emandako adostasuna edo, bestela, epailearen onespena, Fiskaltzak eta lege-bidez zehazturiko gurasoak esan beharrekoa entzunez.
Adostasuna edo onespena ez da beharrezkoa, aitorpena testamentuan egin bada edo aitorpen hori jaiotza-inskripzioa egiteko epearen barruan egin bada. Aitatasunari buruzko inskripzioa modu horretan eginez gero, inskripzio hori etenda gera daiteke, amak hala eskatuz gero, jaiotzaren osteko urtebetean barrena. Aitak inskripzioaren baieztapena eskatzen badu, nahitaezkoa izango da epaileak berori onestea, Fiskaltzak esan beharrekoa entzunez.
125. artikulua
Adingabearen edo ezgaiaren gurasoak nebaarrebak badira edo zuzeneko lerroan odolkideak badira, eta semealabatasuna lege-bidez zehaztu bada guraso bati begira, orduan, epailearen aurretiazko baimena nahitaezkoa izango da, semealabatasun hori lege-bidez beste gurasoari begira zehaztu ahal izateko; epaileak baimen hori emango du, Fiskaltzak esan beharrekoa entzunez, eta adingabeari edo ezgaiari hori komeni bazaio.
Gaitasun osoa lortzean, eta aitorpen kautoa eginez, adingabe edo ezgaiak baliorik gabe utz dezake azken zehaztapen hori, halakoari adostasunik eman ez badio.
126. artikulua
Hildakoaren semealabatasunari buruzko aitorpenak ez du ondorerik sortuko, aitorpen horri adostasunik ematen ez badiote hildakoaren ondorengoek eurek edo horien legezko ordezkariek.
III. KAPITULUA
Semealabatasun akzioak
I. ATALA
Xedapen orokorrak
*127. artikulua
Semealabatasunari buruzko epaiketetan, onargarria izango da aitatasunaren eta amatasunaren ikerketa, mota guztietako frogen bidez, baita froga biologikoen bidez ere.
Epaileak ez du demandarik onartuko, horrekin batera ez bada aurkezten demandaren oinarri diren egitateen froga-abiaburua.
128. artikulua
Semealabatasuna aurkaratzeko prozedurak dirauen artean, epaileak neurri egokiak hartuko ditu, zertarako eta guraso gisa agertzen denaren ahalaren menpe dagoen hori bera eta horren ondasunak babesteko.
Behin semealabatasuna epaiketaren bidez erreklamatu eta gero, epaileak behinbehineko mantenua erabaki dezake, demandatuaren kontura, eta, hala denean, aurreko lerrokadan aipaturiko babes neurriak har ditzake.
129. artikulua
Seme edo alaba adingabearen edo ezgaiaren legezko ordezkariak nahiz Fiskaltzak, batak zein besteak, egikari ditzake seme edo alaba horri dagozkion akzioak.
130. artikulua
Auzijartzailea hildakoan, horren jaraunsleek ekin diezaiekete aurretiaz jarritako akzioei.
II. ATALA
Erreklamazioa
131. artikulua
Bidezko interesa duten pertsonetatik edozeinek akzioa du, egoera-edukitza iraunkorraren bidez agertutako semealabatasuna adieraz dadin.
Salbuespen gisa har daiteke semealabatasun zehatz bat erreklamatu eta hori legearen bidez zehazturiko beste semealabatasun baten aurkakoa izatea.
132. artikulua
Kasuan kasuko egoera-edukitzarik izan ezean, aitari, amari, semeari edo alabari dagokio ezkontzazko semealabatasuna erreklamatzeko akzioa, eta akzio hori preskribaezina da.
Semea edo alaba hiltzen bada, gaitasun osoa lortu eta hurrengo lau urteak igaro baino lehen, edo, bestela, demandaren oinarri diren frogak aurkitu eta hurrengo urtebetean zehar, orduan, seme edo alaba horren jaraunsleei dagokie haren akzioa, epeok bete arte.
133. artikulua
Kasuan kasuko egoera-edukitzarik izan ezean, semeari edo alabari bere bizitza osoan zehar dagokio ezkontzaz kanpoko semealabatasuna erreklamatzeko akzioa.
Semea edo alaba hiltzen bada, gaitasun osoa lortu eta hurrengo lau urteak igaro baino lehen, edo, bestela, demandaren oinarri diren frogak aurkitu eta hurrengo urtebetean zehar, orduan, seme edo alaba horren jaraunsleei dagokie haren akzioa, epeok bete arte.
134. artikulua
Semeak, alabak edo gurasoak erreklamazio akzioa egikaritzen badu aurreko artikuluekin bat etorriz, egikaritza horrek beti ahalbidetzen du kontrakarreko semealabatasuna aurkaratzea.
*Ezin da semealabatasunik erreklamatu, baldin eta semealabatasun hori epai bidez zehaztutako beste baten aurkakoa bada.
*135. artikulua
Giza sorkuntzaren edo erditzearen zuzeneko froga izan ez arren, epaileak semealabatasuna adieraz dezake, semealabatasun hori erakartzen badu esanbidezko nahiz isilbidezko aitorpenak, egoera-edukitzak, ernalkuntza-garaian amarekin izandako elkarbizitzak edo horien antzeko beste edozein egitatek, egitate horrek ere modu bertsuan ondorioztatzen badu semealabatasuna.
III. ATALA
Aurkaratzea
136. artikulua
Senarrak aitatasuna aurkaratzeko akzioa egikari dezake, semealabatasuna Erregistro Zibilean inskribatu eta hurrengo urtebetean zehar. Hala ere, epe horren zenbaketa ez da hasten, senarrak jaiotzaren berri ez duen bitartean.
Senarra hiltzen bada aurreko lerrokadan adierazitako epea amaitu baino lehen, akzioa jaraunsle bakoitzari dagokio, epe hori bete arte.
Senarra hiltzen bada jaiotzaren berri izan gabe, urtebetea zenbatu behar da, jaraunsleak horren berri duenetik.
137. artikulua
Semeak edo alabak aitatasuna aurkara dezake, semealabatasuna inskribatu eta hurrengo urtebetean barrena. Semea edo alaba adingabea edo ezgaia izanez gero, epearen zenbaketa hasten da, seme edo alaba horrek adin-nagusitasuna edo legezko gaitasun osoa lortzen duenetik.
Semealabatasuna inskribatu eta hurrengo urtebetean zehar, guraso-ahala duen amari edo, bestela, Fiskaltzari dagokio akzioa egikaritzea, seme edo alaba adingabe edo ezgaiaren intereserako.
Familia-harremanetan ez badago ezkontzazko semealabatasunaren egoera-edukitzarik, orduan, semeak, alabak edo horren jaraunsleek edozein unetan jar dezakete demanda.
138. artikulua
Adostasunaren akatsetan oinarrituta, eta 141. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, aurkaratzeko modukoak dira legearen arabera ezkontzazko semealabatasunaren zehaztapena dakarten aitorpenak. Aitatasuna beste arrazoi batzuen ondorioz aurkaratu ahal izateko, atal honetan jasotako arauak hartu behar dira kontuan.
139. artikulua
Emakumeak bere amatasuna aurkaratzeko akzioa egikari dezake, baldin eta egiaztatzen badu erditzea ustarazi dela edo semearen edo alabaren identitatea egiazkoa ez dela.
140. artikulua
Familia-harremanetan ez badago egoera-edukitzarik, amarengandik edo aitarengandik ezkontzaz kanpo datorren semealabatasuna aurkara dezakete semealabatasun hori delaeta kalteturik gerta daitezkeenek.
Egoera-edukitza izanez gero, aurkaratze-akzioa dagokio, bai seme, alaba edo guraso gisa agertzen denari, baita nahitaezko jaraunsleei ere, baldin eta semealabatasunak nahitaezko jaraunsle horien izaera ukitu ahal badu. Behin semealabatasuna inskribatu eta gero, akzioa iraungi egingo da, semeak edo alabak kasuan kasuko egoera-edukitza izan eta ondorengo lau urteak igarotakoan.
Semealabek akzioa izango dute beti, gaitasun osoa lortu eta hurrengo urtebetean zehar.
141. artikulua
Aitorpena oker, indarkeria edota larderiaren ondorioz egin bada, aitorpen hori egin duenari dagokio berori aurkaratzeko akzioa. Akzio hori iraungi egingo da, aitorpena egin edo adostasunaren akatsa amaitu eta urtebete igarotakoan; urtebetea bukatu baino lehen, aitortzailea hiltzen bada, orduan, horren jaraunsleek egikari dezakete akzioa, edo lehendik hasitako egikaritzari ekin diezaiokete.
VI. TITULUA
SENIDEEN ARTEKO MANTENUA
142. artikulua
Mantenu gisa hartzen da elikagaiak, gelak, arropak eta osasun-laguntzak izateko behar den guztia.
Halaber, mantenuhartzailea adingabea den bitartean, mantenuak bere barruan hartzen ditu mantenuhartzaile horren hezkuntza eta haziera; mantenuhartzailea adin nagusikoa izanik ere, horren heziketa oraindik ez bada bukatu, berari egotzi ezin zaion arrazoiaren ondorioz, orduan, heziketa horren gastuak ere mantenuaren barruan sartzen dira.
Mantenuaren barruan sartuko dira haurdunaldiak eta erditzeak eragindako gastuak, gastu horiek ez badaude beste modu batez estalita.
143. artikulua
Elkarri mantenua eman behar diote, aurreko artikuluan adierazitako hedadura osoan:
1. Ezkontideek.
2. Aurreko eta ondorengoek.
Nebaarrebek elkarri zor dizkiote bizitzeko beharrezkoak diren laguntzak bakarrik, eurontzat laguntza horiek nahitaezkoak badira, mantenuhartzaileari egotzi ezin zaion arrazoiaren ondorioz; laguntza horiek hedatuko dira, hala denean, nebaarrebon hezkuntzarako beharrezkoak diren laguntzetara ere.
144. artikulua
Mantenuaren erreklamazioa bidezkoa izanik, mantenu hori eman behar dutenak bi edo gehiago badira, orduan, honako hurrenkera honetan, mantenua eskatuko zaie:
1. Ezkontideari.
2. Gradurik hurbileneko ondorengoei.
3. Aurrekoei, horiek ere gradurik hurbilenekoak izanik.
4. Nebaarrebei; edonola ere, neba-arrebek azken lekuan eman behar dute mantenua, sabelkideak edo odolkideak besterik ez badira.
Ondorengoen eta aurrekoen artean, mailaketa arautuko da, mantenu-eskubidea duen pertsonaren legezko oinordetzara nortzuei deitu eta horien arteko hurrenkeraren arabera.
145. artikulua
Pertsona batek baino gehiagok badu mantenua emateko betebeharra, pentsioaren ordainketa euren artean banatuko da, bakoitzak dituen ondasunen arabera.
Nolanahi ere, presako beharrizana izanez gero, eta inguruabar berezien ondorioz, epaileak pertsona horietatik bat behartu dezake, mantenua behinbehinean ematera; hala ere, mantenua behinbehinean eman duenak gainerako betebeharpekoei eska diezaieke eurei dagokien zatia.
Bi mantenuhartzailek edo gehiagok aldi berean mantenua erreklamatzen badiote mantenua emateko legezko betebeharra duen pertsona berberari, eta pertsona horrek ez badu guztiak mantentzeko beste aberastasunik, orduan, aurreko artikuluan ezarritako hurrenkera beteko da; zernahi gisaz, ezkontidea eta guraso-ahalaren menpe dauden semealabak badira aldi berean pilatzen diren mantenuhartzaileak, semeak edo alabak izango du lehentasuna, gurasoaren aurretik.
146. artikulua
Mantenuaren zenbatekoa izan behar da, mantenua nork eman eta horrek dituen ondasun edo baliabideen araberakoa, eta mantenu hori nork jaso eta horrek dituen beharrizanen araberakoa.
147. artikulua
Aurreko artikuluak aipaturiko kasuetan, mantenua proportzioz urritu edo handitu behar da, mantenuhartzailearen beharrizanak eta mantenu hori eman behar duenaren aberastasuna gehitu edo gutxitzen diren neurrian.
148. artikulua
Mantenua emateko betebeharra eska daiteke, hori jasotzeko eskubidea nork izan eta berak, bizirik irauteko, hori behar duen unetik; baina ez da mantenurik emango demanda jarri den dataz geroztik baino.
Mantenuaren ordainketa hilabete aurreratuetan gauzatu behar da, eta, mantenuhartzailea hildakoan, horren jaraunsleek ez dute zertan itzuli hark aurreraturik jasotakoa.
Mantenuhartzaileak edo Fiskaltzak hala eskatuz gero, epaileak kautelazko neurri egokiak agin ditzake, presaz, zertarako eta herri-erakunde nahiz beste pertsona batek egindako aurrerakinak ziurtatu eta etorkizuneko beharrizanak hornitzeko.
149. artikulua
Mantenua emateko betebeharra duenak, hori asetzeko, aukeran du finkaturiko pentsioa ordaintzea edo, bestela, mantenua jasotzeko eskubidea duena norberaren etxean hartu eta mantentzea.
Ez da halako aukerarik izango, baldin eta aukera horrek urratzen badu arau aplikagarriek edo epailearen ebazpenek mantenuhartzailearentzat zehaztu duten elkarbizitza-egoera. Era berean, aukera hori ezets daiteke, horretarako arrazoi zuzena izanez gero edo mantenuhartzaile adingabearen interesari kalte eginez gero.
150. artikulua
Mantenua emateko betebeharra amaitzen da, betebeharpekoa hiltzeaz batera, nahiz eta betebeharpeko horrek mantenua eman, epai irmo bat betetzeko.
151. artikulua
Mantenu-eskubideari ezin zaio ukorik egin, eta eskubide hori ezin zaio inori eskualdatu. Halaber, mantenua ezin da konpentsatu, mantenuhartzaileak mantenu hori eman behar duenari zor dionarekin.
Edonola ere, atzeraturiko mantenupentsioak konpentsa daitezke, eta horiei uko egin dakieke, eta pentsio horiek demandatzeko eskubidea eskualda daiteke, kostu bidez nahiz dohainik.
152. artikulua
Modu berean, mantenua emateko betebeharra amaitzen da:
1. Mantenuhartzailea hiltzen denean.
2. Mantenu-betebeharra duenaren aberastasuna urritzen denean, baldin eta, horren ondorioz eta mantenuhartzailearen beharrizanak asetzeko, ase gabe utzi behar badira norberaren eta familiaren beharrizanak.
3. Mantenuhartzaileak lanbidean, ogibidean nahiz industrian jardun ahal duenean, destino bat eskuratu duenean edo, bere aberastasunak hobera egiteagatik, horren ondorioz ez duenean mantenu-pentsiorik behar bizirik irauteko.
4. Nahitaezko jaraunsle izan zein izan ez, mantenuhartzaileak hutsegitea izan duenean, hutsegite horrek jaraunsgabetzea baldin badakar.
5. Mantenuhartzailea mantenua eman behar duenaren ondorengoa denean, baldin eta mantenuhartzaile horren beharrizana sortu bada, beraren jokabidea makurra izan delako edo bera lanean ez delako arduratsua izan, betiere, arrazoiak dirauen artean.
153. artikulua
Aurretik datozen xedapenak bestelako kasuetan ere aplikatu behar dira, baldin eta kasu horietan mantenu-eskubidea baldin badago, kode honen aginduz, testamentuaren ondorioz edo itunaren ondorioz, betiere, itundutakoari, testamentugileak agindutakoari edo legeak kasu bereziaren inguruan xedatutakoari kalterik egin gabe.
VII. TITULUA
GURASOEN ETA SEMEALABEN ARTEKO HARREMANAK
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
154. artikulua
Semealaba emantzipatugabeak aita eta amaren ahalpean daude.
Guraso-ahala beti egikaritu behar da, semealaben onurarako, euren nortasunarekin bat etorriz. Ahal horrek hurrengo eginbehar eta ahalmenak baitaratzen ditu:
1. Semealabak jagotea, eurokin izatea, horiei mantenua ematea, semealabok heztea eta, berebat, semealaba horiei osoosoko heziketa ematea.
2. Semealabak ordezkatzea eta euren ondasunak administratzea.
Semealabek behar besteko zentzutasuna badute, eurei entzun behar zaie beti, eurongan eragina izan dezaketen erabakiak hartu aurretik.
Gurasoek, euren ahala egikaritzean, agintaritzaren laguntza lor dezakete. Era berean, gurasoek semealabak zuzen ditzakete, zentzuz eta neurriz.
155. artikulua
Semealabek zenbait eginbehar dituzte:
1. Gurasoen esanak egitea, euren ahalpean dauden bitartean, eta gurasoak errespetatzea beti.
2. Familiaren zametan ekitatezko partaidetza izatea, euren baliabideen arabera, eta familiarekin bizi diren bitartean.
156. artikulua
Guraso-ahala egikaritzen dute bi gurasoek batera, edo, osterantzean, batek bakarrik, bestearen esanbidezko edo isilbidezko adostasunarekin. Guraso batek buruturiko egintzak baliozkoak dira, baldin eta egintzok gizarte-usadioekin eta kasuan kasuko inguruabarrekin bat badatoz edo presako beharrizan-egoeretan gauzatu badira.
Desadostasuna izanez gero, bietatik edozeinek jo dezake epailearengana. Epaileak entzungo die bibioi eta semeari edo alabari ere, horrek behar besteko zentzutasuna badu; semea edo alaba hamabi urtekoa baino nagusiagoa bada, horri beti entzun behar dio epaileak. Horiei guztiei entzun eta gero, epaileak aitari edo amari eratxikiko dio, gerogarreneko errekurtsorik gabe, erabakiak hartzeko ahalmena. Desadostasunak etengabekoak badira, edo beste edozein arrazoik modu larrian oztopatzen badu guraso-ahalaren egikaritza, epaileak guraso bati eratxiki diezaioke ahalaren egikaritza, osoosorik zein zati batez; edo, bestela, epaileak gurasoen artean bana ditzake guraso-ahalaren eginkizunak. Neurri horien iraupena epaileak berak zehaztuko du; baina iraupen hori ezin da inoiz izan bi urtetik gorakoa..
Aurreko lerrokadetako kasuetan, hirugarren onustedunei begira uste da guraso bakoitzak bestearen adostasunarekin diharduela, guraso-ahalaren egikaritza arrunta burutzean.
Guraso bat izan ezean, edo guraso hori absente badago, ezgaia bada edo guraso horrek ezintasunen bat badu, beste gurasoak modu esklusiboan egikarituko du guraso-ahala.
Gurasoak banandurik bizi badira, semearekin edo alabarekin bizi den gurasoak egikarituko du guraso-ahala. Dena den, beste ezkontideak eskaera oinarriduna egiten badu, epaileak horri eratxiki diezaioke guraso-ahala, semearen edo alabaren intereserako, guraso horrek bestearekin batera ahal hori egikari dezan; edo, bestela, epaileak aitaren eta amaren artean bana ditzake guraso-ahalaren egikaritzari datxezkion eginkizunak.
157. artikulua
Adingabeko emantzipatugabeak bere semealaben gaineko guraso-ahala egikarituko du, bere gurasoen laguntzarekin; biak izan ezean, tutorearen laguntzarekin; eta, desadostasuna edo ezintasuna dagoen kasuetan, epailearen laguntzarekin.
158. artikulua
Epaileak, ofizioz edo semeak nahiz alabak berak, edozein senidek edo Fiskaltzak hala eskaturik, hartuko ditu:
1. Neurri egokiak, mantenuaren ematea ziurtatzeko eta semearen edo alabaren etorkizuneko beharrizanak hornitzeko, gurasoek eginbehar horren ezbetetzea gauzatzen dutenean.
2. Xedapen aproposak, semealabei nahasmendu kaltegarririk ez eragiteko, zaintza-ahalaren titularra aldatzen denean.
3. Gurasoetatik edozeinek edo gainontzekoek adingabea berekin eraman dezaten saihesteko beharrezkoak diren neurriak, eta, bereziki, hurrengoak:
a) Adingabea nazioko lurraldetik atera dadin debekatzea, aurretiaz epaileak horretarako baimena ematen duenean izan ezik.
b) Adingabeari pasaportea luza dakion debekatzea edo, jadanik luzatuta badago, hori kentzea.
c) Aurretiaz epailearen baimena behar izatea, adingabearen egoitza lekuz aldatzeko.
3. Oro har, epaileak berak egokitzat jotzen dituen gainerako xedapenak, adingabea arriskutik aldentzeko edo adingabe horri kalterik ez egiteko.
Neurri horiek guztiak edozein motatako prozesu zibil nahiz penaletan har daitezke, baita borondatezko jurisdikzioaren prozeduretan ere.
159. artikulua
Gurasoak banandurik bizi badira, eta ez badute erabakirik hartzen, elkarren arteko adostasunez, orduan, epaileak semealaben onurarako erabakiko du zein guraso arduratu behar den semealaba adingabeak jagoteaz. Erabaki hori hartu baino lehen, epaileak semealabei entzungo die, horiek behar besteko zentzutasuna badute eta, beti, semealabok hamabi urtekoak baino nagusiagoak badira.
160. artikulua
Aitak eta amak, nahiz eta guraso-ahala egikaritu ez, eskubidea dute, euren semealaba adingabeekin harremanak izateko, salbu eta beste inork semealabok adoptatu dituenean edo epailearen ebazpenak bestelakoa xedatu duenean.
Kari zuzenik izan gabe, ezin dira eragotzi semearen edo alabaren eta senide nahiz hurbilekoen arteko harremanak.
Aurkatasuna izanez gero, epaileak ebazpena emango du, inguruabarrak kontuan izanik, eta adingabeak edo senideek nahiz hurbilekoek hala eskatuz gero.
161. artikulua
Harrerapean dagoen adingabeari dagokionez, horren gurasoek eskubidea dute, adingabea bisitatu eta horrekin harremanak izateko; epaileak eskubide hori arautu edo eten dezake, inguruabarrak eta adingabearen interesa kontuan izanik.
II. KAPITULUA
Semealaben gaineko legezko ordezkaritza
162. artikulua
Gurasoek guraso-ahala badute, euren semealaben gaineko legezko ordezkaritza ere badute izan, azken horiek adingabeko emantzipatugabeak direnean.
Salbuespen gisa har daitezke:
1. Nortasun-eskubideen inguruko egintzak, edo, legeen arabera eta semeak edo alabak duen heldutasunaren arabera, seme edo alaba horrek bere kabuz buru ditzakeenak.
2. Gurasoen eta semealaben arteko interes-gatazka eragiten duten egintzak.
3. Gurasoen administraziotik kanpo utzitako ondasunen gain gauza daitezkeen egintzak.
Kontratu batzuek semea edo alaba behartzen badute, prestazio pertsonalak egitera, eta seme edo alaba horrek behar besteko zentzutasuna badu, orduan, kontratuok egiteko beharrezkoa da semearen edo alabaren aurretiazko adostasuna izatea, 158. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.
163. artikulua
Gai zehatz baten inguruan, aita eta amaren interesa euren semealaba emantzipatugabeek dutenaren aurkakoa bada, epaileak semealaba horientzat defendatzailea izendatuko du, defendatzaile horrek epaiketan nahiz epaiketatik kanpo semealabok ordezka ditzan. Era berean, epaileak izendapen hori egingo du, baldin eta gurasoen betebeharra bada, seme edo alaba adingabeko emantzipatuaren gaitasuna osatzea, eta euron interesa seme edo alaba horrek izan dezakeenaren aurkakoa bada.
Interes-gatazka guraso batekin bakarrik sortzen bada, orduan, legez, beste gurasoari dagokio adingabea ordezkatu edo beraren gaitasuna osatzea, eta horretarako ez da izendapen berezirik behar.
III. KAPITULUA
Semealaben ondasunak eta ondasun horien administrazioa
164. artikulua
Gurasoek euren ondasunak nola administratu eta arreta berberarekin administratu behar dituzte semealaben ondasunak; horretarako, gurasook bete behar dituzte administratzaile orok dituen betebehar orokorrak eta Hipoteka Legean ezarritako betebehar bereziak.
Gurasoen administraziotik kanpo geratzen dira:
1. Dohainik eskuratutako ondasunak, baldin eta xedatzaileak beren beregi hori ordenatu badu. Ondasun horien administrazioari buruz, eta eurek ematen dituzten fruituen destinoari buruz, modu hertsian bete behar da xedatzailearen borondatea.
2. Oinordetza bidez eskuraturiko ondasunak, baldin eta aita, ama edo bibiok oinordetza horretan zuzen jaraunsgabetuak izan badira edo ezduintasun-arrazoia delabide ezin badira jaraunsle izan. Ondasun horiek administratuko ditu kausatzaileak izendaturiko pertsonak eta, horrelakorik izan ezean, eta ondoz ondo, beste gurasoak edo epaileak bereziki izendaturiko administratzaileak.
3. Hamasei urtekoa baino nagusiagoa den seme edo alabak bere lan edo industriaren bidez eskuratu dituen ondasunak. Semeak edo alabak berak burutuko ditu modu arruntean administratzeko egintzak; administratzeko modu hori gainditzen duten egintzetarako, semeak edo alabak gurasoen adostasuna izan beharko du.
165. artikulua
Seme edo alaba emantzipatugabearenak dira beti beraren ondasunen fruituak, bai eta haren lan nahiz industriaren bitartez lortutako guztia ere.
Dena den, adingabea bi gurasoekin edo guraso batekin bizi bada, gurasoek halakoak erabil ditzakete, familiaren zamei aurre egiteko, hori beharrezkoa den heinean; gurasoek ez dute kontu-arrazoirik eman behar, beharrizan horietan kontsumitu dituzten fruituei buruz.
Helburu hori lortzeko, gurasoei neurri egokian eman behar zaizkie eurek administratzen ez dituzten ondasunen fruituak. Salbuespen gisa har daitezke aurreko artikuluaren 1 eta 2. zenbakietan aipatutako ondasunen fruituak, bai eta semealabei euren hezkuntza nahiz karrerarako bereziki dohaintzan eman edo utzitako ondasunen fruituak ere. Dena den, gurasoek ez badute eskuarterik, epaileari eska diezaiokete eurei ekitatez dagokien zatia emateko.
166. artikulua
Gurasoek ezin diete ukorik egin semealaben titulartasunpeko eskubideei, eta ezin dituzte besterendu, ezta kargatu ere, semealaba horien ondasun higiezinak, merkataritza nahiz industriako establezimenduak, objektu baliotsuak eta balore higigarriak, salbu eta akzioak lehenespenez harpidetzeko eskubidea. Hori egin ahal izateko, onura edo beharrizanaren inguruko arrazoi egiaztatuak izan behar dira, eta, aldez aurretik, egoitzari dagokion epaileak baimena eman behar du, Fiskaltzak esan beharrekoa entzunez.
Gurasoek epailearen baimena izan behar dute, semeari edo alabari utzitako jarauntsia nahiz legatua arbuiatzeko. Epaileak baimenari ezezkoa ematen badio, jarauntsia inbentario onuraren arabera bakarrik onar daiteke.
Epailearen baimena ez da beharrezkoa, adingabeak hamasei urte bete baditu eta agiri publikoan adostasuna eman badu; balore higigarriak besterentzeko ere ez da epailearen baimenik behar, baldin eta ondasun nahiz balore ziurretan berrinbertitzen bada besterentze horren ondorioz lortutako zenbatekoa.
167. artikulua
Administrazioa gurasoen esku utzi bada, eta administrazio horrek arriskuan jartzen badu semearen edo alabaren ondarea, eta, semeak edo alabak, Fiskaltzak nahiz adingabearen senideetatik edozeinek hala eskatzen badu, orduan, epaileak bere ustez beharrezkoak diren probidentziak eman ditzake, ondasunak ziurtatu eta babesteko; kauzio edo fidantza eska dezake, administrazioak bere horretan iraun dezan; edo beste administratzaile bat izenda dezake.
168. artikulua
Guraso-ahala bukatzean, semealabek gurasoei eska diezaiekete, horiek kontu-arrazoiak eman ditzaten, ordu arte semealabon ondasunen gain burutu izan duten administrazioari buruz. Hiru urte igarotakoan preskribatuko da betebehar horren betetzea eskatzeko akzioa.
Doloaren edo erru astunaren ondorioz, ondasunak galdu edo narriatu badira, gurasoek erantzukizuna izango dute, eragindako kaltegaleren gainean.
IV. KAPITULUA
Guraso-ahala azkentzea
169. artikulua
Guraso-ahala amaitu egiten da:
1. Gurasoen, semearen edo alabaren heriotza edo heriotza-adierazpenaren ondorioz.
2. Semea edo alaba emantzipatzearen ondorioz.
3. Semea edo alaba adoptatzearen ondorioz.
170. artikulua
Aitari edo amari bere ahala kendu ahal zaio, osoosorik zein zati batez, ahal horri datxezkion eginbeharrak ezbetetzeagatik emandako epaiaren bidez, edo auzi kriminalean nahiz ezkontzako auzian emandako epaiaren bidez.
Auzitegiek, semealaben onura eta intereserako, guraso-ahalaren berreskuraketa erabaki dezakete, baldin eta amaitu bada kentzea eragin zuen arrazoia.
171. artikulua
Semealaba ezgaituen gaineko guraso-ahala luzaturik geratuko da, legeaginduz, horiek adin-nagusitasunera heltzean. Seme edo alaba adin nagusikoa ezkongabea izanik, bere gurasoekin edo horietatik edozeinekin bizi bada, eta ezgaiturik geratzen bada, orduan, guraso-ahala birgaitu egingo da, eta ahal hori egikarituko du semea edo alaba adingabea izan balitz ahala izango zukeenak. Bi bide horietatik edozein erabilita, guraso-ahala luzatzen bada, ahal hori egikarituko da, ezgaiketa-ebazpenak bereziki xedatzen duenaren arabera eta, modu subsidiarioan, titulu honen erregelek xedatzen dutenaren arabera.
Guraso-ahala bukatu egiten da:
1. Bi gurasoen edo semearen nahiz alabaren heriotza edo heriotza-adierazpenaren ondorioz.
2. Semea edo alaba adoptatzearen ondorioz.
3. Ezgaitasunaren amaiera adieraztearen ondorioz.
4. Ezgaitua ezkontzearen ondorioz.
Guraso-ahal luzatua bukatzean, ezgaiketa-egoerak bere horretan badirau, tutoretza edo kuradoretza eratu beharko da, kasuankasuan bidezkoa zer den ikusita.
V. KAPITULUA
Adopzioa eta adingabeak babesteko beste modu batzuk
I. ATALA
Adingabeen gaineko zaintza eta harrera
172. artikulua
1. Kasuan kasuko lurraldean adingabeen babesaz arduratzen den herri-erakundeak antzematen badu adingabea babesgabezia-egoeran izan daitekeela, orduan, erakunde horrek legeaginduz adingabearen gaineko tutoretza du, eta beharrezkoak diren babes-neurriak hartu behar ditu, adingabe hori zaintzeko. Berrogeita zortzi orduko epearen barruan, herri-erakundeak horren berri eman behar dio Fiskaltzari, eta, legezko forma erabiliz, jakinarazpena egin behar die guraso, tutore edo zaintzaileei. Jakinarazpena egitean, guraso, tutore edo zaintzaileei informazioa eman behar zaie, Administrazioaren eskuhartzea eragin duten arrazoiei buruz eta kasuankasuan hartutako erabakiak izan ditzakeen ondoreei buruz; ahal izanez gero, informazioa beraien aurrean, eta modu argi eta ulergarrian eman behar da.
Babesgabezia-egoeratzat har daitezke egitez gertatzen direnak, adingabeen zaintzari buruz legeek ezartzen dituzten babes-eginbeharrak ezbetetzeagatik edo eginbehar horien egikaritza ezinezko nahiz desegokia izateagatik, baldin eta adingabeei ez bazaie ematen nahitaezko duten laguntza moral edo materiala.
Herri-erakundeak berari eratxikitako tutoretza bereganatzen duenean, eten egiten da guraso-ahala edo tutoretza arrunta. Hala eta guztiz ere, baliozkoak dira guraso edo tutoreek adingabearen ordezkari gisa burutu dituzten egintzak, baldin eta egintzok ondare-izaera badute eta adingabearentzat onuragarri gertatu badira.
2. Inguruabar larriak direla eta, guraso edo tutoreek ezin badute adingabea jagon, herri-erakunde eskudunari eska diezaiokete horrek bere gain har dezan adingabearen zaintza, beharrezkoa den epean zehar.
Zaintzaren ematea idatziz jaso eta bertan agerrarazi behar da, guraso edo tutoreek informazioa jaso dutela, eurok semeari edo alabari begira oraindik dituzten erantzukizunen inguruan eta Administrazioak harako zaintza burutzeko erabiliko duen moduaren inguruan.
Geroago zaintza burutzeko modua aldatzen bada, aldakuntza hori oinarriduna izan behar da, eta guraso edo tutoreei eta Fiskaltzari eman behar zaie aldakuntzaren berri.
Era berean, herri-erakundeak bere gain hartu behar du adingabearen gaineko zaintza, epaileak hala erabakitzen badu, legearen arabera hori bidezkoa den kasuetan.
3. Herri-erakundeak bere gain hartzen du adingabearen zaintza, guraso edo tutoreek hala eskatu dutelako, edo horixe delako legeaginduz hari eratxiki zaizkion babes-eginkizunetarik bat. Zaintza gauza daiteke, familiak bere etxean adingabea hartuz edo adingabe hori barnetegian sartuz. Familiak bere etxean adingabea hartzen duenean, harrerarako ahalmena egikaritzen dute herri-erakundeak zehazturiko pertsonak edo pertsonek. Adingabea barnetegian sartuz gero, harrerarako ahalmena egikaritzen du adingabeaz arduratzen den zentroaren zuzendariak.
4. Adingabearen interesa bilatu behar da beti, eta, ahal izanez gero eta interes horren aurkakoa ez den heinean, lortu behar da adingabea bere familian berriro sartzea eta nebaarreben zaintza erakunde edo pertsona berberaren ardurapean jartzea.
5. Elkarrekin bizitzeko arazo larriak azaltzen badira, adingabearen eta horren zaintzaz arduratzen den pertsonaren edo pertsonen artean, orduan, adingabeak berak edo bestelako interesdunak eska dezake hura edo haiek kargutik enkaitzea.
6. Jurisdikzio zibilean errekurtsoa egin dakieke babesgabezia antzeman eta legeaginduz tutoretzaren eratxikipena adierazi duten ebazpenei, eta horretarako ez da beharrezkoa aurretiaz administrazio-bidean erreklamazioa egitea.
173. artikulua
1. Familia-harrerak berez dakar adingabeak erabateko partaidetza izatea, familiaren bizitzan; harrerak betebeharrak ezartzen dizkie adingabea etxean hartzen dutenei, adingabe hori jagon, berarekin izan, eta horri mantenua, hezkuntza eta osoosoko heziketa emateko.
Harrera hori gauza dezakete adingabearen familia-gunea ordezten duen pertsonak zein pertsonek edo, bestela, zereginetako egoitzaren arduradunak.
2. Harrera idatziz formalizatu eta bertan azaldu behar da herri-erakundearen adostasuna, horrek tutoretza edo kuradoretza izan zein izan ez; adingabea etxean hartu duten pertsonen adostasuna; bai eta adingabearena berarena ere, hori hamabi urtekoa baino nagusiagoa bada. Gainera, gurasoak ezagunak badira eta ez bazaie guraso-ahala kendu, edo tutorea ezaguna bada, gurasoek edo tutoreak adostasuna eman behar dute, artikulu honen 3. paragrafoak aipatzen duen behinbehineko familia-harreraren kasuan izan ezik.
Familia-harrera formalizatzeko agiriak, hau da, aurreko lerrokadan aipaturiko agiri horrek, honako datu hauek baitaratu behar ditu:
1) Beharrezkoak diren adostasunak.
2) Harreraren modalitatea eta horrentzat ezarri izan den iraupena.
3) Alderdi bakoitzaren eskubide eta eginbeharrak, eta bereziki:
a) Harrerapeko adingabearen familiak egin ditzakeen bisiten aldizkakotasuna.
b) Herri-erakundeak edo beste erantzule zibil batzuek bete behar duten estaldura-sistema, bai adingabeak izan ditzakeen kalteengatik, bai eta adingabe horrek inori eragin diezazkiokeen kalteengatik ere.
c) Elikagaien, hezkuntzaren eta osasun-laguntzen bereganaketa.
4) Harreraren helburua kontuan harturik, herri-erakundeak gauzatu behar duen kontrolaren edukia, eta familia hartzailea kontrol horretan elkarlanean arituko delako konpromisoa.
5) Hala denean, hartzaileek jaso behar duten konpentsazio ekonomikoa.
6) Hartzaileek profesional gisa badihardute, edo harrera zereginetako egoitzan gauzatzen bada, orduan, hori beren beregi adierazi behar da.
7) Adingabeen laguntzarako zerbitzuek egindako txostena.
Agiri hori Fiskaltzari bidali behar zaio.
3. Gurasoek edo tutoreak ez badiote harrerari adostasunik eman, edo horren aurka jarri badira, epaileak bakarrik erabaki dezake harrera, adingabearen intereserako eta Prozedura Zibilari buruzko Legearen izapideekin bat etorriz. Herri-erakundearen proposamenak ere aurreko zenbakian aipaturiko datuak jaso behar ditu.
Zernahi gisaz, eta adingabearen intereserako, herri-erakundeak behinbehineko familia-harrera erabaki dezake; familia-harrerak bere horretan iraungo du, epaileak ebazpena eman arte.
Herri-erakundeak proposamena aurkeztu behar dio epaileari, eginbide egokiak burutu eta espedientea amaitzeaz batera, eta, gehienez jota, hamabost eguneko epean.
4. Adingabearen gaineko harrera amaitu egiten da:
1) Epaileak hartutako erabakiarengatik.
2) Adingabea etxean hartu duten pertsonek gauzatutako erabakiarengatik, aldez aurretik horren berri eman bazaio herri-erakundeari.
3) Tutoreak edo gurasoek hala eskatzeagatik, baldin eta guraso horiek guraso-ahala badute eta adingabea eurekin izatea eskatu badute.
4) Hartzaileei entzun eta gero, adingabearen tutoretza edo zaintza duen herri-erakundeak hartutako erabakiarengatik, baldin eta erakunde horren ustez hori beharrezkoa bada, adingabearen interesa babesteko.
Harreraren amaierari buruzko ebazpen judiziala nahitaezkoa da, epaileak berak erabaki duenean harrera hori.
5. Behar besteko erreserbaz burutu behar dira harrera formalizatu eta amaitzeko jarduera guztiak.
173bis artikulua
Familia-harreraren helburua kontuan izanik, harrera horrek hurrengo modalitateak izan ditzake:
1. Familia-harrera soila. Hori behinbehinekoa izan behar da, adingabearen egoera dela-eta aurreikus daitekeelako hori berriro sartuko dela bere familian; edo beste babes-neurri bat hartu bitartekoa delako, beste horrek izaera egonkorragoa izanik.
2. Familia-harrera iraunkorra. Halako harrera gertatuko da, adingabearen adina edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, eta adingabe horren familiaren arabera, hori komenigarria bada, eta adingabearen laguntzarako zerbitzuek horren aldeko txostena egiten badute. Kasu horretan, herri-erakundeak hala eskaturik, eta adingabearen interes gorena aintzakotzat hartuta, epaileak tutoretzaren ahalmenak eratxiki diezazkieke hartzaileei, horiek errazago bete ditzaten euren erantzukizunak.
3. Adopzio aurreko familia-harrera. Herri-erakundeak modalitate hori formalizatuko du, baldin eta adingabearen laguntzarako zerbitzuek horren aldeko txostena egiten badute, eta, ondorenez, herri-erakundeak adingabea adoptatzeko proposamena egiten badio agintaritza judizialari. Proposamen hori egin ahal izateko, hartzaileek adopziorako beharrezkoak diren betekizunak gauzatu behar dituzte; hartzaile horiek hautatuak izan behar dira; adopziorako adostasuna eman behar diote herri-erakundeari; eta, horrez gain, adingabearen egoera juridikoa egokia izan behar da, bera adoptatzeko.
Halaber, eta adopzio-proposamena aurkeztu aurretik, herri-erakundeak adopzio aurreko familia-harrera formaliza dezake, baldin eta erakunde horren ustez beharrezkoa bada denboraldi bat izatea, adingabea familia berrira molda dadin. Denboraldi hori ahalik eta laburrena izan behar da, eta, edozein kasutan, ezin da urtebetetik gorakoa izan.
174. artikulua
1. Fiskaltzari dagokio atal honek adingabeen inguruan aipatzen dituen tutoretza, harrera eta zaintzaren gaineko jagoletza gorena.
2. Horretarako, herri-erakundeak berehala eman behar dio Fiskaltzari barneratu berri diren adingabeen albiste, eta, horrez gain, hari bidali behar dizkio administrazio-ebazpenen kopia, eta tutoretza, zaintza eta harreren eraketa, aldakuntza eta amaiera formalizatzeko idazkien kopia ere. Halaber, adingabearen inguruabarretan berrikuntza interesgarria izanez gero, herri-erakundeak berrikuntza horren abisu eman behar dio Fiskaltzari.
Sei hilabetean behin gutxienez, Fiskaltzak adingabearen egoera egiaztatu behar du, eta epaileari eskatu behar dizkio fiskaltza horren ustez beharrezkoak diren babes-neurriak.
3. Fiskaltzari dagokion jagoletzak ez du herri-erakundea askatuko, horrek adingabeari begira duen erantzukizunetik, ezta berak antzematen dituen anomalien berri Fiskaltzari emateko betebeharretik ere.
II. ATALA
Adopzioa
175. artikulua
1. Adopzioaren kasuan, beharrezkoa da adopziohartzailea hogeita bost urtekoa baino nagusiagoa izatea. Bi ezkontideek egindako adopzioetan, nahiko da euretarik bat adin horretakoa izatea. Edozein kasutan ere, adopziohartzaileak adoptatuak baino hamalau urte gehiago izan behar ditu gutxienez.
2. Adingabeko emantzipatugabeak bakarrik adopta daitezke. Salbuespenez, adin nagusikoak edo adingabeko emantzipatuak adopta daitezke, baldin eta, emantzipatu aurretixe, geldiarazpenik gabeko harrera- edo elkarbizitza-egoera izan bada, adopziogaiak hamalau urte bete baino lehenagotik.
3. Ezin dira adoptatu:
1) Ondorengoak.
2) Alboko lerroan bigarren graduko senide direnak, odol bidez nahiz ezkontza bidez.
3) Tutoreak ezin du tutoretzapekoa adoptatu, tutoretza horren kontu-arrazoi orokor egiaztatua behin betiko onetsi arte.
4. Bi ezkontideek burututako adopzioaz landa, pertsona batek baino gehiagok batera ezin dute inor adoptatu. Adopziohartzailea hiltzen bada edo adopziohartzaile horri 179. artikuluan ezarritako baztertzea gertatzen bazaio, orduan, adoptatua berriz adopta daiteke.
176. artikulua
1. Adopzioa epaileak emandako ebazpenaren bitartez eratzen da; ebazpen horrek kontuan hartu behar ditu, beti, adingabearen interesa eta adopziohartzaileak zein adopziohartzaileek guraso-ahala egikaritzeko duten egokitasuna.
2. Adopzio-espedientea hasteko, beharrezkoa da aldez aurretik herri-erakundeak proposamena egitea, adopziohartzailearen edo adopziohartzaileen mesederako, baldin eta erakunde horrek adierazi badu adopziohartzaile horiek guraso-ahala egikaritzeko egokiak direla. Egokitasun horri buruzko adierazpena proposamenaren aurrekoa izan daiteke.
Nolanahi ere, proposamena ez da beharrezkoa, adopziogaiak hurrengo inguruabarretarik bat betetzen badu:
1) Umezurtza izateaz gain, adopziohartzailearen hirugarren graduko senide izatea, odol bidez nahiz ezkontza bidez.
2) Adopziohartzailearen ezkontidearen semea edo alaba izatea.
3) Urtebetetik gora legezko harrerapean egotea, adopzio aurreko harrerari buruzko neurriaren ondorioz, edo, bestela, epe berean, tutoretzapean egotea.
4) Adin nagusikoa edo adingabeko emantzipatua izatea.
3. Aurreko paragrafoaren lehenengo hiru kasuetan, adopzioa era daiteke, nahiz eta adopziohartzailea hil, baldin eta horrek jadanik adopziorako adostasuna eman badio epaileari. Kasu horretan, epaileak emandako ebazpenaren ondoreak atzeraeraginezkoak izango dira, adostasun hori emateko data arte.
177. artikulua
1. Epailearen aurrean, adopzioari adostasuna eman behar diote adopziohartzaileak edo adopziohartzaileek eta adopziogaiak, azken hori hamabi urtekoa baino nagusiagoa baldin bada.
2. Adopzioari baiezkoa eman behar diote, Prozedura Zibilari buruzko Legean ezarritako forma erabiliz:
1) Adopziohartzailearen ezkontideak, salbu eta ezkontideen arteko legezko banantzea epai irmoaren bitartez gertatu denean, edo bi ezkontideen adostasunez egitezko banantzea gertatu eta hori sinesgarriro agerrarazi denean.
2) Emantzipaturik ez dagoen adopziogaiaren gurasoek, salbu eta legearen bidez guraso horiei guraso-ahala kendu zaienean, edo gurasook guraso-ahala kentzeko arrazoian sartu direnean. Halako egoerak antzemateko, alderdiaurkatasuneko prozedura judiziala bete behar da; prozedura horren izapideak egin behar dira Prozedura Zibilari buruzko Legearen 1827. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ez dago baiezkoa emateko beharrik, baldin eta baiezko hori eman behar dutenak horretarako ezinduta badaude; ezintasun hori antzemango du adopzioa eratzen duen ebazpen judizial ziodunak.
Amak ezin du baiezkorik eman, umea erditu eta hurrengo hogeita hamar egunak igaro arte.
3. Epaileak entzun besterik ez die egin behar:
1) Gurasoei, baldin eta horiei ez bazaie guraso-ahala kendu, eta euren baiezkoa ez bada beharrezkoa, adopzioa eratzeko.
2) Tutoreari, eta, hala denean, zaintzaileari edo zaintzaileei.
3) Hamabi urtekoa baino gazteagoa den adopziogaiari, horrek behar besteko zentzutasuna baldin badu.
4) Herri-erakundeari, adopziohartzailearen egokitasuna balioetsi ahal izateko, adopziogaiak urtebete baino gehiago badarama horren harrerapean.
178. artikulua
1. Adopzioak azkendu egiten ditu adoptatuaren eta horren aurreko familiaren arteko lotura juridikoak.
2. Salbuespenez, aitaren edo amaren familiarenganako loturok euren horretan diraute:
1) Adoptatua adopziohartzailearen ezkontidearen semea edo alaba denean, ezkontide hori hilda egon arren.
2) Legearen bidez guraso batengandiko semealabatasuna bakarrik zehaztu denean eta, aldi berean, adopziohartzailea eta guraso hori sexu berekoak ez direnean, baldin eta lotura juridikoen iraupena eskatu badu adopziohartzaileak, hamabi urtekoa baino nagusiagoa den adoptatuak edo loturon iraupena nahi duen aita nahiz amak.
3. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa ulertzen da, ezkontzako eragozpenen inguruan xedatutakoari kalterik egin gabe.
179. artikulua
1. Fiskaltzak, adoptatuak edo azken horren legezko ordezkariak hala eskaturik, epaileak erabakiko du guraso-ahala kentzeko arrazoian sartu den adopziohartzailea bazterturik geratzea babes-eginkizunetatik, eta legeaginduz adoptatuaren gain edo horren ondorengoen gain, zein euren jarauntsietan, berari dagozkion eskubideetatik.
2. Behin gaitasun osoa lortu eta gero, adoptatuak bakarrik eska dezake baztertzea, hurrengo bi urteetan barrena.
3. Murrizketa horiek ondorerik gabe geratuko dira, semeak edo alabak berak hala erabakitzen badu, gaitasun osoa lortutakoan.
180. artikulua
1. Adopzioa ezeztaezina da.
2. Epaileak adopzioaren azkentzea erabakiko du, aitak edo amak hala eskatuz gero, baldin eta aita edo ama horrek, errurik izan gabe, ez badu espedientean eskurik hartu, 177. artikuluan aipaturiko moduan. Beharrezkoa da, halaber, adopzioa gauzatu eta hurrengo bi urteetan zehar, demanda jartzea, eta eskaturiko azkentzeak adingabeari kalte astunik ez eragitea.
3. Adopzioa azkentzea berez ez da arrazoia, eskuraturiko naziokotasuna eta auzotartasuna galtzeko; era berean, adopzioa azkentzeak ez ditu ukitzen aldez aurretik gauzaturiko ondare-ondoreak.
4. Adoptatuari naturaren arabera dagokion semealabatasuna zehazteak ez du adopzioa bera ukituko.
VIII. TITULUA
ABSENTZIA
I. KAPITULUA
Absentzia-adierazpena eta horren ondoreak
181. artikulua
Edozein kasutan ere, norbait bere egoitzatik edo bere azken bizilekuari dagokion lekutik desagertu bada, eta pertsona horren inguruan ez bada beste berririk izan, orduan, epaileak defendatzailea izenda dezake, alderdi interesdunak edo Fiskaltzak hala eskatuz gero; defendatzaile horrek desagertua babestu eta ordeztu behar du, epaiketan edo kalte astunik eragin gabe atzeratu ezin diren negozioetan. Salbuespen gisa har daiteke, alabaina, desagertua legearen bidez nahiz borondatez ordezkaturik egotea, 183. artikuluarekin bat etorriz.
Bertan dagoen ezkontide adin nagusikoa ez badago lege-bidez banandurik, ezkontide hori da desagertuaren ordezkari eta defendatzaile berezkoa; ezkontiderik izan ezean, laugarren gradurainoko seniderik hurbilena da ordezkari eta defendatzaile, bera ere adin nagusikoa baldin bada. Seniderik ez badago, senideak bertan ez badaude edo presa nabaria badago, orduan, epaileak ospe oneko pertsona kaudimenduna izenda dezake ordezkari eta defendatzaile, Fiskaltzak esan beharrekoa entzun eta gero.
Era berean, epaileak bere sen onaren arabera har ditzake ondarea iraunarazteko beharrezkoak diren probidentziak.
182. artikulua
Legezko absentzia-adierazpena sustatu eta eragiteko betebeharra dute, hurrenkera-lehenespenik gabe:
1. Absentearen ezkontideak, hori legez bananduta ez badago.
2. Laugarren gradurainoko alboko senideek.
3. Fiskaltzak, ofizioz edo salaketa bidez.
Halaber, edonork adierazpen hori eska dezake, baldin eta pertsona horrek zentzuz uste badu desagertuaren ondasunen gain eskubide bat baduela, eta eskubide hori egikari daitekeela, desagertu horren bizitza bitartean edo horren heriotzaren ondorioz.
183. artikulua
Egoitzatik edo azken bizilekutik desagertu dena legezko absentzian dagoela ulertuko da:
1. Azken berriak izan direnetik, edo, azken berririk izan ezean, pertsona hori desagertu denetik, urtebete igaro denean, baldin eta pertsona horrek ez badu ahaldunik utzi, ahaldun horrek bere ondasun guztiak administra ditzan.
2. Hiru urte igaro direnean, baldin eta pertsona horrek, ahalduntze bidez, bere ondasun guztiak administratzeko ardura utzi badio norbaiti.
Mandatariaren heriotzak, mandatari horren uko egite justifikatuak edo mandatuaren iraungitzeak legezko absentzia dakar, baldin eta, beroriek gertatzean, desagertuaren egonlekua ezezaguna bada, eta, azken berriak izan zirenetik, edo, azken berririk izan ezean, pertsona hori desagertu zenetik, urtebete igaro bada. Absentzia-adierazpena Erregistro Zentralean inskribatu eta gero, zuzenbidez azkendurik geratzen dira absenteak emandako mandatu orokor nahiz berezi guztiak.
184. artikulua
Epaileak arrazoi larririk antzeman ezean, absentzia-adierazpenduna ordezkatzea, hori bilatzea, horren ondasunak babestea eta administratzea, eta haren betebeharren betetzea dagokie:
1) Bertan dagoen ezkontide adin nagusikoari, hori ez badago legez nahiz egitez banandurik.
2) Seme edo alaba adin nagusikoari; bat baino gehiago izanez gero, lehenespena dute absentearekin bizi zirenek, eta nagusiak lehenespena du, gazteenari begira.
3) Lerro bateko nahiz besteko aurrekorik hurbilen eta gazteenari.
4) Nebaarreba adin nagusikoei, horiek familia-giroan bizi izan badira absentearekin, eta nagusiak gazteenari begira lehenespena izanik.
Aipatutako pertsonarik izan ezean, epaileak, bere sen onaren arabera eta Fiskaltzari entzunez, ospe oneko pertsona kaudimenduna izendatuko du, eta horri dagozkio eginkizunak, euren hedadura osoan.
185. artikulua
Absentzia-adierazpendunaren ordezkariak hurrengo betebeharrak izango ditu:
1. Ordezkatuaren ondasun higigarriei buruzko inbentarioa egitea eta haren ondasun higiezinak deskribatzea.
2. Epaileak tentuz finkatu duen bermea ematea. Salbuespen gisa har daitezke, alabaina, aurreko artikuluaren lehenengo, bigarren eta hirugarren zenbakietan jasotakoak.
3. Absentearen ondarea iraunarazi eta defendatzea, eta haren ondasunek eman ohi dituzten etekin arruntak jasotzea.
4. Prozesu zibilari buruzko legeak absentearen ondasunen edukitza eta administrazioari buruz ezartzen dituen arauekin bat jokatzea.
Absentearen ordezkari datiboei aplikatu behar zaizkie, bai tutoretzan aritzea arautzen duten manuak, bai eta tutoreen ezgaikuntza-, enkaitze- eta desenkusatze-arrazoiak ere, horiek guztiak ordezkari datiboen ordezkaritza bereziari egokitzen zaizkion heinean.
186. artikulua
Absentzia-adierazpendunaren legezko ordezkariak sar badaitezke 184. artikuluaren lehenengo, bigarren eta hirugarren zenbakietan, ordezkari horiek absentearen ondarearen gaineko edukitza izango dute, aldi baterako, eta eurek bereganatuko dute ondasun horiek ematen dituzten produktu likidoen kopuru zehatz bat; kopuru hori epaileak adieraziko du, eta, horretarako, kontuan hartuko ditu fruitu, errenta eta aprobetxamenduen zenbatekoa; absenteak dituen semealaben kopurua eta berak semealaba horienganako dituen mantenu-betebeharrak; ordezkaritzak berez dakartzan jagoletza eta jarduna; ondarea ukitzen duten kargak; eta, berebat, izaera bereko beste inguruabar guztiak.
Gainera, aipatu artikuluaren laugarren zenbakian sartzen diren legezko ordezkariek edukitza izango dute, aldi baterako, eta eurek bereganatuko dituzte, epaileak adierazitako neurrian, fruitu, errenta eta aprobetxamenduak; ordezkari horiek, alabaina, ezin dute inola ere atxiki produktu likidoen bi heren baino gehiago, eta gainerako herena absentearentzat erreserbatu behar da, edo, hala denean, horren jaraunsle nahiz kausadunentzat.
Absentearen ondasunak saldu, kargatu, hipotekatu edo bahi moduan eman ahal izateko, ondasun horien aldi baterako edukitza dutenentzat beharrezkoa da ageriko beharrizana edo onura egotea, eta epaileak hori aitortu eta adieraztea; halako egintzak baimentzean, epaileak zehaztuko du zertan erabili behar den egintzokin lortutako kopurua.
187. artikulua
Ordezkaritza datiboaren aldi baterako edukitza bitartean edo ordezkaritza hori burutzen den artean, inork frogatzen badu lehenespeneko eskubidea duela edukitza hori izateko, orduan, oraingo edukitzailea bazterturik geratuko da; hala ere, lehenespeneko eskubidea duenak produktuen gaineko eskubidea izango du, demanda aurkezteko egunaz geroztik bakarrik.
Absentea agertuz gero, horri bere ondarea itzuli behar zaio, baina ez zaizkio itzuli behar ordu arte jasotako produktuak, tartean gaitzustea izan ez bada; gaitzustea izanez gero, itzulketak bere baitan hartuko ditu jasotako fruituak eta jaso beharko ziratekeenak, epai-adierazpenaren arabera agerpena gertatu zen egunetik zenbatuta.
188. artikulua
Ordezkaritza datiboaren aldi baterako edukitza bitartean edo ordezkaritza hori burutzen den artean, absentzia-adierazpendunaren heriotza frogatzen bada, orduan, oinordetza ireki behar da, heriotza-unean haren borondatezko nahiz legezko oinordeko direnen onurarako; aldi baterako edukitzaileak oinordeko horiei eman behar die hildakoaren ondarea, baina aipatu neurrian atxiki ditzake ordu arte jasotako produktuak, bereak izango balira bezala.
Hirugarren batek bere burua aurkezten badu, eta agiri sinesgarrian egiaztatzen badu absentearen ondasunak eskuratu dituela, erosketa bidez nahiz bestelako tituluen bidez, orduan, ordezkaritza amaitu egingo da, ondasun horiei begira, eta ondasunok euren legezbidezko titularren esku geratuko dira.
189. artikulua
Absentearen ezkontideak ondasunak banantzeko eskubidea izango du.
190. artikulua
Absente dagoen pertsonaren izenean, edozein eskubide erreklamatu ahal izateko, nahitaez frogatu behar da pertsona hori bizirik zegoela, bera bizirik egotea beharrezkoa zenean, halako eskubidea eskuratzeko.
191. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, absenteari oinordetzara deitu bazaio, oinordetza hori ireki bada, eta inork ere ez badu berezko eskubiderik erreklamazioa egiteko, orduan, absentearen jaraunskideek eskuratuko dute, gehiagotzeko eskubidearen bidez, hari dagokion zatia. Hala denean, batzuek eta besteek, Fiskaltzaren eskuhartzearekin, ondasun horien inbentarioa egin behar dute, eta ondasunok erreserbatu behar dituzte, heriotza-adierazpena egin arte.
192. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa ulertzen da, absenteak eta horren ordezkari nahiz kausadunek jarauntsia eskatzeko dituzten akzioei nahiz bestelako eskubideei kalterik egin gabe. Eskubide horiek azkentzen dira, preskripziorako finkatu den epea igarotakoan bakarrik. Erregistroan inskribatzen badira jaraunskideek gehiagotzeko eskubidearen bidez eskuratu dituzten ondasun higiezinak, orduan, inskripzio horretan adierazi behar da artikulu honetan eta aurreko artikuluan xedatutakoaren menpe geratzen direla ondasun higiezin horiek.
II. KAPITULUA
Heriotza-adierazpena
193. artikulua
Heriotza-adierazpena bidezkoa da:
1. Absentearen azken berriak izan direnetik, edo, berririk izan ezean, absentea desagertu denetik, hamar urte igaro direnean.
2. Absentearen azken berriak izan direnetik, edo, berririk izan ezean, absentea desagertu denetik, bost urte igaro direnean, baldin eta, epe hori igarotakoan, absenteak hirurogeita hamabost urte bete baditu.
Epe horiek zenbatu behar dira, absentearen azken berriak egutegiko zein urtetan izan, edo, berririk izan ezean, absentearen desagerpena egutegiko zein urtetan gertatu, eta urte hori bukatzen denetik.
3. Bizitzaren aurkako indarkeria dela eta, hurhurreko heriotza-arriskua gertatu denetik, urtebete igaro denean, baldin eta indarkeriaz geroztik ez bada absentearen inguruko berririk izan; epe hori datatik datara zenbatu behar da. Ezbeharra izanez gero, epe hori hiru hilabetekoa izango da.
Indarkeria badela uste da, baldin eta, norbait politika nahiz gizarte izaerako iraulketa batean desagertu denetik, adierazitako denboran zehar, ez bada haren inguruko berririk izan, eta, iraulketa amaitu zenetik, sei hilabete igaro badira.
194. artikulua
Halaber, heriotza-adierazpena bidezkoa da:
1. Bi urte igaro direnean, kontingente armatuaren kideek, edo, borondatezko funtzionario laguntzaile gisa nahiz informazio-eginkizunetarako, indar horrekin batu direnek kanpainako ekintzetan parte hartu eta horietan desagertu direnetik; bi urte horiek zenbatzen dira, bake-itunaren datatik, edo, bake-itunik hitzartu ezean, gerraren amaierari buruzko adierazpen ofizialaren datatik.
2. Hiru hilabete igaro direnean, berririk izan gabe, itsasoan galdutako ontzian daudenei buruz edo itsasoan barneratu eta desagertu direnei buruz, itsasoan galdu izana egiaztatu denetik edo desagerpena gertatu denetik.
Ontzia itsasoan galdu dela uste da, baldin eta ontzi hori ez bada helmugara iritsi, edo, iristeko puntu finkorik izan ezean, ontzia ez bada itzuli; bi kasu horietatik edozeinetan, sei hilabete igaro behar dira, azken berriak jaso direnetik, edo, berririk izan ezean, bidaiaren hasierako portutik ontzia irten den datatik.
3. Hiru hilabete igaro direnean, berririk izan gabe, galdutako aireontzian daudenei buruz, ezbeharra egiaztatu denetik; gauza bera gertatzen da, baldin eta giza hondarrak aurkitu badira eta hondar horiek ezin izan badira identifikatu.
Ezbeharra gertatu dela uste da, baldin eta, sei hilabetez luzatu bada, itsasoen, basamortuen nahiz biztanlerik gabeko guneen gain egindako bidaia, pertsonei nahiz aireontziari buruzko azken berriak izan zirenetik, edo, berririk izan ezean, bidaiaren hasierako datatik. Bidaia etapaka eginez gero, epe horren zenbaketa hasiko da, azken berriak zein aireratzegunetan izan, eta bertatik.
195. artikulua
Heriotza-adierazpenaren bitartez, amaitu egiten da legezko absentzia-egoera; baina, heriotza-adierazpenik ez dagoen artean, eta aurkako ikerketarik izan ezean, uste da absentea bizirik egon dela, hori hildakotzat jo behar den unea arte.
Heriotza-adierazpen orotan, adierazi behar da, aurreko artikuluetan agindutakoari helduta, zein datatik aurrera ulertzen den heriotza gertatu dela, horren aurkako frogarik izan ezean.
196. artikulua
Behin absentearen heriotza-adierazpena irmoa izan eta gero, haren ondasunen gaineko oinordetza irekiko da, eta ondasunok adjudikatuko dira, testamentu- nahiz abintestato-epaiketei buruzko izapideen bitartez, kasuankasuan, edo, bestela, epaiketatik kanpo.
Jaraunsleek ezin dute dohaineko xedapenik egin, heriotza-adierazpena egin eta hurrengo bost urteak igaro arte.
Epe berbera igaro arte, eta legatuak izatekotan, ezin dira legatuok eman, eta legatuhartzaileek ez dute legatu horiek eskatzeko eskubiderik, salbu eta testamentugilearen arimaren aldeko errukiagintzak edo ongintza erakundeentzako legatuak direnean.
Oinordeko bakarra izateagatik, jarauntsi-banaketa beharrezkoa ez bada ere, oinordekoen betebehar noraezekoa da notario bidez ondasun higigarrien inbentario xehea eratzea eta ondasun higiezinen deskripzioa egitea.
197. artikulua
Heriotza-adierazpenaren ostean, absentea agertuko balitz edo bizi dela frogatuko balitz, absente horrek bere ondasunak berreskuratuko lituzke, euren horretan, eta saldutako ondasunen prezioa edo prezio horrekin eskuratu diren ondasunen gaineko eskubidea izango luke; baina bere oinordekoei ezingo litzaieke erreklamatu, ez errentarik, ez fruiturik, ezta haren oinordetzako ondasunekin lortutako produkturik ere, bera agertu den egunetik edo hil ez delako adierazpenaren egunetik aurrera ez bada.
III. KAPITULUA
Absenteei buruzko Erregistro Zentrala
198. artikulua
Absenteei buruzko Erregistro Zentral eta publikoan agerrarazi behar dira:
1. Epaileak legezko absentziari buruz emandako adierazpenak.
2. Epaileak emandako heriotza-adierazpenak.
3. Epaileak erabakitako ordezkaritza legezkoak eta datiboak, eta ordezkaritza horien azkentzea.
4. Lekuaren, dataren eta egileen aipamen zehatza, eta, titulu honetan agindutakoaren ondorioz, ondasun higigarrien inbentarioa eta ondasun higiezinen deskripzioa eskuetsi dituen notarioaren aipamen zehatza ere.
5. Emate-autoaren aipamen zehatza, eta lekuaren, dataren, egileen eta notarioarena ere, azken horrek eskuetsi baditu absenteen ordezkari legezkoek edo datiboek, epailearen baimenarekin, egin dituzten eskualdaketa eta zamei buruzko eskriturak.
6. Ondasunen deskripzio nahiz inbentarioari buruzko eskriturak zein eta horien leku, data, egile eta notario egileslearen aipamen zehatza, heriotza-adierazpenaren ondorioz egindako banaketa eta adjudikazioei buruzko eskriturak, edo kasuan kasuko banaketakoadernoak protokolatzeko aktak.
IX. TITULUA
EZGAIKETA
199. artikulua
Norbait ezgaia dela adierazteko, nahitaezkoa da horretarako epaia ematea, legeak ezarritako arrazoien ondorioz.
200. artikulua
Ezgaiketa-arrazoiak dira pertsonari bere burua gobernatzea galarazten dioten gaixotasun edo akats iraunkorrak, fisikoak izan nahiz psikikoak izan.
201. artikulua
Adingabeak ezgaituak izan daitezke, eurongan ezgaiketa-arrazoia badago, eta zentzuz aurreikus badaiteke ezgaitasun horrek adin-nagusitasunera heldu eta gero ere iraungo duela.
*202. artikulua
Ezgaitasun-adierazpena eragin dezakete ustezko ezgaiaren ezkontideak edo ondorengoek eta, halakorik izan ezean, haren aurreko senideek nahiz nebaarrebek.
203. artikulua
Fiskaltzak adierazpena eragingo du, baldin eta aurreko artikuluan aipaturiko pertsonetatik bat ere ez badago, edo, halakoak izanik ere, eurek ez badute adierazpena eskatu. Horretarako, agintaritza eta funtzionario publikoek Fiskaltzari emango diote pertsonaren berri, baldin eta agintaritza eta funtzionario horiek, euren karguak direla eta, jakin badakite pertsona horrengan ezgaiketa-arrazoia izan daitekeela.
Kasu berdinetan, epaile eskudunak ofizioz hartuko ditu beharrezkotzat jotzen dituen neurriak, eta Fiskaltzari emango dio egitatearen berri; hamabost eguneko epean zehar, Fiskaltzak epaileari eskatu beharko dio bidezkoa dena.
204. artikulua
Norbaitek egitate batzuen berri badu, eta egitate horiek ezgaiketarako erabakigarriak izan badaitezke, pertsona horrek ahalmena du, Fiskaltzari egitateon berri emateko.
205. artikulua
201. artikuluaren aginduz, adingabeak ezgaitu behar direnean, guraso-ahala egikaritzen dutenek edo tutoretzan ari direnek bakarrik eska dezakete ezgaiketa hori.
206. artikulua
Ezgaiketa-prozesuetan, nahitaezkoa da beti Fiskaltzaren eskuhartzea, nahiz eta Fiskaltza prozesu horien eragilea izan ez.
207. artikulua
Fiskaltzak eragin badu prozedura, epaileak defendatzailea izendatuko du, ustezko ezgaiarentzat, jadanik hori izendatuta ez badago. Gainerako kasuetan, Fiskaltza da ezgaiaren defendatzailea.
Ustezko ezgaia prozesuan ager daiteke, bere defentsa eta ordezkaritza berezkoarekin.
208. artikulua
Epaileak ustezko ezgaiaren senideei entzungo die; bere kabuz aztertuko du ezgai hori; adituaren irizpena entzungo du; eta, alderdien eskariz egindako frogei kalterik egin gabe, epaileak ofizioz dekreta ditzake egokitzat jotzen dituen froga guztiak.
209. artikulua
Prozeduraren egoeretatik edozeinetan, epaileak, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu, ustezko ezgaia edo beraren ondarea behar bezala babesteko.
210. artikulua
Epaiak, ezgaiketa adierazten duenean, zehaztuko ditu ezgaiketa horren hedadura eta mugak, eta ezgaituaren gain ezarri behar den tutoretza edo zaintzaren araubidea ere.
211. artikulua
Burunahastea dela eta, norbait barneratu behar bada, eta pertsona horrek ezin badu bere kabuz barnerapena erabaki, orduan, epailearen baimena izan behar da, nahiz eta pertsona hori guraso-ahalpean egon. Epailearen baimena barnerapenaren aurrekoa izan behar da, salbu eta, presako arrazoien ondorioz neurri hori berehala hartu behar denean; epaileari barnerapenaren berri eman behar zaio, ahalik arinen, eta, beti, hogeita lau orduko epearen barruan. Adingabeak barneratu aurretik, adingabe horien laguntzarako zerbitzuek txostena egin behar dute, eta, barnerapena buru-osasunerako establezimenduetan gauzatzen denean, establezimendu horiek egokiak izan behar dira, adingabeen adina kontuan hartuta.
Epaileak pertsona aztertuko du, eta berak izendaturiko adituaren irizpena entzungo du; hori egin eta gero, baimena edo ezezkoa emango du, eta Fiskaltzari emango dio egitateen berri, 203. artikuluan agindutako ondoreetarako.
269.4 artikuluan agindutakoari kalterik egin gabe, epaileak ofizioz informazioa bilduko du, barnerapena luzatzeko beharrizanari buruz, bere ustez garaia denean, eta, edozein kasutan, sei hilabeterik behin; informazioa biltzeko modua aurreko lerrokadan ezarritakoa izango da, eta, ondoren, epaileak barnerapena luzatzea ala ez luzatzea erabakiko du, bidezkoa dena aintzat harturik.
212. artikulua
Inguruabar berriak gertatze bidez azaltzen badira, ezgaiketa-prozeduran emandako epaiak ez du eragotziko epaiketaren bidez beste adierazpen bat eragitea, aurretiaz ezarritako ezgaiketaren norainokoa ondorerik gabe utzi edo aldarazteko.
213. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko prozedura has dadin, eskaria egin dezakete 202. artikuluan aipatutako pertsonek, babes-kargua betetzen dutenek edo ezgaitua zaintzapean dutenek, Fiskaltzak eta ezgaituak berak.
214. artikulua
Ezgaiketari buruzko ebazpen judizialak Erregistro Zibilean idatzohartu edo inskribatuko dira, hipoteka-legerian eta Merkataritzako Erregistroari buruzko legerian xedatutakoari kalterik egin gabe.
X. TITULUA
ADINGABEEN EDO EZGAITUEN GAINEKO TUTORETZA, KURADORETZA ETA ZAINTZA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
215. artikulua
Adingabeak edo ezgaituak eurak eta haien ondasunak zaindu eta babesteko, edo euren pertsona ala ondasunak bakarrik zaindu eta babesteko, eratuko dira, hori eratzea bidezkoa den kasuetan:
1. Tutoretza.
2. Kuradoretza.
3. Defendatzaile judiziala.
216. artikulua
Babes-eginkizunak eginbeharrak dira, babespekoaren onurarako egikarituko dira, eta agintaritza judizialaren zaintzapean egongo dira.
Epaileak, ofizioz nahiz edozein interesdunek hala eskaturik, kode honen 158. artikuluan ezarritako neurri eta xedapenak har ditzake, adingabe eta ezgaien gaineko tutoretza, egitezko zaintza edo zuzenbideko zaintzaren kasu guztietan, hori beharrezkoa bada, adingabe edo ezgai horien intereserako.
217. artikulua
Babes-karguen desenkusa onartuko da, legeak ezarritako kasuetan bakarbakarrik.
218. artikulua
Erregistro Zibilean inskribatu behar dira tutoretza eta kuradoretzakarguei buruz epaileek ematen dituzten ebazpenak.
Ebazpen horien inskripzio egokia egiten ez den bitartean, ebazpenok ezin izango dira hirugarrenen aurka jarri.
219. artikulua
Aurreko artikuluan aipatutako ebazpenen inskripzioa egingo da, agintaritza judizialak Erregistro Zibileko arduradunari inolako atzerapenik gabe igorri behar dion komunikazioaren bidez.
220. artikulua
Babes-eginkizuna betetzean, norbaitek kaltegalerak izan baditu, berak ezelako errurik izan gabe, eta ez badago beste biderik kalte-ordaina lortzeko, orduan, kaltedun horrek kaltegaleron ordaina eskuratzeko eskubidea izango du, babespekoaren ondasunen kontura.
221. artikulua
Babes-karguan diharduen horrentzat, debekaturik dago:
1. Babespekoak edo beraren kausadunek egindako eskuzabaltasunak jasotzea, kudeaketa behin betiko onesten ez den artean.
2. Babespekoa ordezkatzea, baldin eta karguan diharduenak egintza berean esku hartzen badu, bere izenean edo beste inoren izenean, eta, horren ondorioz, interes-gatazka sortzen bada.
3. Babespekoaren ondasunak kostu bidez eskuratzea, edo, titulu berberaren bidez, babespekoari ondasunak eskualdatzea.
II. KAPITULUA
Tutoretza
I. ATALA
Tutoretza orokorrean
222. artikulua
Tutoretzaren menpe egongo dira:
1. Adingabeko emantzipatugabeak, horiek gurasoahalpean ez daudenean.
2. Ezgaituak, epaiak hala ezarri duenean.
3. Gurasoahal luzatuaren menpe daudenak, ahal hori azkendu bada, salbu eta kuradoretza bidezkoa denean.
4. Babesgabeziaegoeran diren adingabeak.
223. artikulua
Gurasoek, testamentuan nahiz notarioagiri publikoan, tutorea izenda dezakete, eta tutoretzaren gaineko fiskalizazio-organoak ezar ditzakete; era berean, organo horien partaide izan behar diren pertsonak izenda ditzakete; eta, halaber, beste edozein xedapen ordena dezakete, euren semealaba adingabe nahiz ezgaituei eurei edo haien ondasunei buruz.
224. artikulua
Tutoretza eratzean, epailearentzat lotesleak izango dira aurreko artikuluan aipaturiko xedapenak, salbu eta beste zerbait behar denean, adingabearen nahiz ezgaituaren onurarako; kasu horretan, epaileak bestelakoa ezarriko du, ebazpen ziodunaren bidez.
225. artikulua
Testamentura nahiz notarioagiri publikora bildu badira aitaren eta amaren xedapenak, batzuk eta besteak batera aplikatuko dira, bateratzeko modukoak diren heinean. Xedapen horiek bateratzeko modukoak ez badira, epaileak hartuko ditu, ebazpen ziodunean, bere ustez tutoretzapekoarentzat egokienak direnak.
226. artikulua
Testamentuan nahiz notarioagiri publikoan, tutoretzari buruzko xedapenak egin badira, xedapen horiek eraginik gabekoak izango dira, baldin eta, horiek hartzeko unean, xedatzaileari gurasoahala kendu bazaio.
227. artikulua
Norbaitek dohainik ondasunak xedatzen baditu, adingabearen edo ezgaituaren mesederako, orduan, ondasunok administratzeko erregelak ezar ditzake, eta administrazio hori burutu behar duen pertsona edo pertsonak izenda ditzake. Tutoreari dagozkio administratzaileari eratxiki ez zaizkion eginkizunak.
228. artikulua
Fiskaltzak edo epaile eskudunak jakin badaki bere jurisdikziopeko lurraldean norbait tutoretzapean jarri behar dela, lehenengoak eskatu eta bigarrenak erabakiko du, bai eta ofizioz ere, tutoretzaren eraketa.
229. artikulua
Tutoretzara deituriko senideek eta adingabearen edo ezgaituaren gaineko zaintza duen pertsonak tutoretzaren eraketa eragin beharko dute, hori erakarri duen egitatea ezagutzen duten unetik; horrelakorik egin ezean, pertsona horiek erantzukizun solidarioa izango dute, eragindako kaltegaleren ordainaren gain.
230. artikulua
Pertsona orok Fiskaltzari edo agintaritza judizialari eman diezaioke tutoretza erakarri duen egitatearen berri.
231. artikulua
Epaileak, tutoretza eratu baino lehen, entzun egingo die seniderik hurbilenei, berak egoki deritzen pertsonei, eta, edozein kasutan, tutoretzapekoari, horrek behar besteko zentzutasuna badu, eta, beti, tutoretzapeko hori hamabi urtekoa baino nagusiagoa bada.
232. artikulua
Tutoretza Fiskaltzaren jagoletzapean beteko da; Fiskaltzak ofizioz jardungo du, edo, bestela, edozein interesdunek hala eskaturik.
Edozein unetan, Fiskaltzak tutoreari eska diezaioke, horrek informazioa eman dezan, adingabe edo ezgaituaren egoerari buruz, bai eta tutoretzaren administrazioak duen egoerari buruz ere.
233. artikulua
Tutoretza eratzen duen ebazpenean edo horren osteko ebazpenetatik edozeinetan, epaileak jagoletza eta kontrolneurriak ezar ditzake, bere ustez horiek komenigarriak badira, tutoretzapekoaren onurarako. Era berean, epaileak edozein unetan eska diezaioke tutoreari, horrek informazioa eman dezan, adingabe edo ezgaituaren egoerari buruz, bai eta administrazioaren egoerari buruz ere.
II. ATALA
Tutoretzarako delazioa eta tutorea izendatzea
234. artikulua
Tutorearen izendapenean, lehentasuna dute:
1. Tutoretzapekoarekin bizi den ezkontideak.
2. Gurasoek.
3. Gurasoek euren azken nahiaren xedapenetan izendaturiko pertsonak edo pertsonek.
4. Epaileak izendaturiko ondorengoak, aurrekoak, nebak edo arrebak.
Salbuespen gisa, eta ebazpen ziodunean, epaileak aurreko paragrafoen hurrenkera alda dezake, edo paragrafo horietan aipaturiko pertsona guztiak alde batera utz ditzake, hori beharrezkoa baldin bada, adingabe edo ezgaituaren onura kontuan hartuta.
Adingabearentzat, onuragarria da tutorearen familia-bizitzan integratzea.
235. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko pertsonarik izan ezean, epaileak pertsonarik egokiena izendatuko du tutore; horretarako, kontuan izango du zeintzuk diren pertsona horren eta tutoretzapekoaren arteko harremanak, eta zein den tutoretzapeko horren onura.
236. artikulua
Tutoretza tutore batek betetzen du, salbu eta:
1. Tutoretzapekoari berari edo horren ondareari inguruabar bereziak gertatzeagatik, komeni denean kargu desberdin gisa bereiztea pertsonaren tutorea eta ondasunen tutorea; horrelakoetan, tutore bakoitzak bere buruz jardungo du, bere eskumen-eremuan, baina bibiei dagozkien erabakiak batera hartu beharko dituzte.
2. Tutoretza aitari eta amari dagokienean; horrelakoetan, aita eta ama batera arituko dira tutoretzan, guraso-ahala nola egikaritu eta modu berean.
3. Inor bere neba edo arrebaren semealaben tutore izendatu denean, eta komenigarritzat jo denean tutorearen ezkontideak ere tutoretza hori betetzea.
4. Epaileak tutore izendatzen dituenean tutoretzapekoaren gurasoek testamentuan nahiz notarioagiri publikoan izendatu dituzten pertsonak, pertsona horiek batera tutoretza bete dezaten.
237. artikulua
Aurreko artikuluaren 4. zenbakira bildutako kasuan, testamentugileak beren beregi hala xedatzen badu, eta 2. zenbakira bildutako kasuan, gurasoek hala eskatzen badute, orduan, epaileak, tutoreak izendatzean, erabaki dezake tutore horiek modu solidarioan egikaritu ahal izatea tutoretzaren ahalmenak.
Mota horretako izendapenik egin ezean, eta 1 eta 2. zenbakietan xedatutakoari kalterik egin gabe, gainerako kasu guztietan, tutoreek batera egikarituko dituzte euron ardurapean utzitako tutoretza-ahalmenak; hala ere, baliozkoa izango da tutore gehienen erabakiz egindakoa. Halako erabakirik izan ezean, epaileak entzungo die tutoreei eta tutoretzapekoari, azken horrek behar besteko zentzutasuna baldin badu; ondoren, epaileak bere ustez komeni dena erabakiko du, gerogarreneko errekurtsorik gabe. Desadostasunak etengabekoak badira, eta desadostasun horiek modu larrian oztopatzen badute tutoretza betetzea, orduan, epaileak tutoretza horren jardunbidea berrantolatu ahal izango du, eta beste tutore bat ere izenda dezake.
237bis artikulua
Tutoreei batera eratxiki bazaizkie euren ahalmenak, eta, egintza edo kontratu jakin bati begira, interesen arteko bateraezintasuna edo aurkatasuna sortzen bada, tutore baten inguruan, orduan, beste tutoreak, edo, tutore bat baino gehiago izanez gero, gainerako tutoreek batera gauza dezakete halako egintza edo kontratua.
238. artikulua
Edozein arrazoiren ondorioz, tutore batek kargua uzten badu, tutoretzak bere horretan irauten du, gainerako tutoreekin, salbu eta, izendapena egitean, beren beregi bestelakoa xedatu denean.
239. artikulua
172. artikuluak aipatzen duen erakundeari dagokio, legeaginduz, babesik ez duten adingabeen gaineko tutoretza.
Nolanahi ere, erregela arruntekin bat etorriz izendatu behar da tutorea, baldin eta pertsona jakin batzuek, adingabearekin dituzten harremanengatik edo beste inguruabar batzuengatik, tutoretza bereganatu ahal badute, tutoretzapekoaren onurarako.
240. artikulua
Nebaarreba batzuentzat tutorea izendatu behar bada, epaileak, ahal den neurrian, pertsona bera izendatuko du guztion tutore.
241. artikulua
Edozein pertsona tutore izan daiteke, baldin eta pertsona horrek bere eskubide zibilen osoosoko egikaritza badu, eta pertsona horren gain ez bada pilatzen hurrengo artikuluetan ezarritako ezgaikuntza-arrazoietatik bat ere.
242. artikulua
Pertsona juridikoak ere tutore izan daitezke, baldin eta irabaziak lortzeko asmorik ez badute, eta haien helburua bada adingabeak eta ezgaituak babestea.
243. artikulua
Ezin dira tutore izan:
1. Epaileak emandako ebazpenaren bitartez, guraso-ahalaren egikaritza kendu edo etenda dutenak, edota zaintza nahiz hezkuntzarako eskubideak osoosorik zein zati batez kendu edo etenda dutenak.
2. Legeaginduz, aurreko tutoretza bat betetzetik enkaituak izan direnak.
3. Askatasuna kentzeko zigorretatik edozeinen ondorioz, kondenatuak izan direnak, kondena hori betetzen dauden artean.
4. Edozein delituren ondorioz kondenatuak izan direnak, hortik funtsez atera badaiteke pertsona horiek ez dutela behar den moduan beteko tutoretza.
244. artikulua
Era berean, ezin dira tutore izan:
1. Egitez erabateko ezintasuna duten pertsonak.
2. Adingabearekin edo ezgaituarekin begibistako areriotasuna dutenak.
3. Jokabide makurreko pertsonak edo bizibide ezagunik ez dutenak.
4. Adingabearekin edo ezgaituarekin interes-gatazka garrantzitsuak dituztenak; harekin egoera zibilari nahiz ondasunen titulartasunari buruzko auzia edo eztabaida dutenak; edota adingabe edo ezgaituari diru-kopuru handiak zor dizkiotenak.
5. Porrot eginak eta birgaitu gabeko konkurtsatuak, pertsonaren gaineko tutoretzaren kasuan izan ezik.
245. artikulua
Halaber, ezin dira tutore izan aitak edo amak, testamentura nahiz notarioagirira bildutako xedapenetan, beren beregi tutoretzatik kanpo utzi dituztenak, salbu eta epaileak, ebazpen ziodunean, bestelakoa ezartzen duenean, adingabe edo ezgaituaren onurarako.
246. artikulua
243.4 eta 244.4 artikuluetan ezarritako ezgaikuntza-arrazoiak ez zaizkie aplikatuko gurasoek euren azken nahiaren xedapenetan izendaturiko tutoreei, baldin eta gurasoentzat arrazoi horiek ezagunak badira, izendapena egiteko unean; hala eta guztiz ere, epaileak, ebazpen ziodunean, bestelakoa ezar dezake, adingabearen edo ezgaituaren onurarako.
247. artikulua
Karguaz jabetu eta gero, tutoreak tutoretzatik enkaituak izango dira, baldin eta legezko ezgaikuntza-arrazoian sartu badira; tutoretza betetzean, makur jokatu badute; karguari datxezkion eginbeharren ezbetetzea gauzatu badute; nabariro azaldu bada pertsona horiek ez direla kargua betetzeko gauza; edo tutoreek eta tutoretzapekoek elkarrekin bizitzeko arazo larriak eta jarraikakoak agertu badituzte.
248. artikulua
Epaileak, ofizioz edo Fiskaltzak, tutoretzapekoak nahiz beste edozein pertsona interesdunek hala eskaturik, tutorea kargutik enkaitzeko dekreta dezake; horretarako, aldez aurretik, tutoreari zitazioa egingo dio, eta, hori bertan agertzen bada, berak esan beharrekoa entzungo du epaileak. Halaber, adingabeak esan beharrekoa ere entzungo du, adingabe horrek behar besteko zentzutasuna baldin badu.
249. artikulua
Enkaitze-prozeduraren izapideak egin bitartean, epaileak tutorearen eginkizunak eten ditzake, eta tutoretzapekoarentzat defendatzaile judiziala izenda dezake.
250. artikulua
Enkaitzea epaiketaren bidez adierazi eta gero, beste tutore bat izendatu behar da, kode honetan ezarritako moduan.
251. artikulua
Tutorea tutoretzan aritzetik desenkusa daiteke, baldin eta kargu hori betetzeak gehiegizko kargak badakartza, adinaren, gaixotasunaren, zeregin pertsonalen edo lanbide-zereginen ondorioz, tutorearen eta tutoretzapekoaren artean loturarik ez izatearen ondorioz edo beste edozein arrazoiren ondorioz.
Pertsona juridikoak tutoretzatik desenkusa daitezke, baldin eta pertsona horiek behar besteko baliabiderik ez badute, tutoretza egoki betetzeko.
252. artikulua
Interesdunak desenkusa-arrazoia alegatzen badu, alegazio hori hamabost eguneko epean egin beharko du, izendapenaren berri izan duenetik.
253. artikulua
251. artikuluan aipaturiko desenkusa-arrazoietatik edozein gertatze bidez azaltzen bada, tutoretza betetzen den bitartean, orduan, tutorea desenkusa daiteke tutoretza betetzetik; baina, horretarako, bera ordezteko pertsonen bat izan behar da, eta pertsona horrek aurreko tutorearen antzeko baldintzak izan behar ditu.
254. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa ez zaio aplikatuko pertsona juridikoen ardurapean utzitako tutoretzari.
255. artikulua
Desenkusatzeko arrazoia gertatze bidezkoa baldin bada, edozein unetan alega daiteke berori.
256. artikulua
Desenkusari buruzko ebazpena ematen ez den artean, desenkusa hori proposatu duenak eginkizuna gauzatzeko betebeharra du.
Horrelakorik egin ezean, epaileak defendatzailea izendatuko du, haren ordez; desenkusa ezetsiz gero, ordeztuak izango du desenkusa horrek eragin dituen gastu guztien gaineko erantzukizuna.
257. artikulua
Testamentuan izendaturiko tutorea tutoretzatik desenkusatzen bada, tutoretza horren delazio-unean, orduan, tutore horrek galdu egiten du testamentugileak, izendapena dela eta, berari utzi diona.
258. artikulua
Behin desenkusa onartuz gero, beste tutore bat izendatu behar da.
III. ATALA
Tutoretzan aritzea
259. artikulua
Izendaturiko tutorea karguaz jabetuko da, agintaritza judizialaren eskutik.
260. artikulua
Epaileak tutoreari eska diezaioke, horrek fidantza era dezan, bere betebeharren betetzea ziurtatzeko; epaileak fidantza horren modalitatea eta zenbatekoa zehaztuko ditu.
Hala ere, herri-erakundeak ez du fidantzarik eman behar, baldin eta adingabearen gaineko tutoretza legeaginduz bereganatu badu, edo tutoretza hori epaileak emandako ebazpenaren aginduz betetzen badu.
261. artikulua
Berebat, edozein unetan eta arrazoi zuzena izanez gero, epaileak aldaraz edo ondorerik gabe utz dezake, osoosorik zein zati batez, kasuankasuan emandako bermea.
262. artikulua
Karguaz jabetu eta hurrengo hirurogei egunetako epean zehar, tutoreak inbentarioa egin behar du, tutoretzapekoaren ondasunei buruz.
263. artikulua
Agintaritza judizialak epe hori luza dezake, ebazpen ziodunean, horretarako arrazoia baldin badago.
264. artikulua
Inbentarioa epaiketaren bidez eratu behar da, Fiskaltzaren eskuhartzearekin, eta epailearen iritziz egoki diren pertsonak zitatuz.
265. artikulua
Agintaritza judizialaren ustez, ez badira tutorearen eskuetan utzi behar dirua, bitxiak, objektu baliotsuak eta balore nahiz agiri higigarriak, orduan, horiek guztiak horretarako destinaturiko establezimenduan gordailatuko dira.
Tutoretzapekoaren ondasunekin ordainduko dira aurreko neurriek eratortzen dituzten gastuak.
266. artikulua
Tutoreak ez baditu inbentarioan sartzen tutoretzapekoaren aurka dituen kredituak, orduan, ulertuko da tutoreak kredituoi uko egiten diela.
267. artikulua
Tutorea adingabearen edo ezgaituaren ordezkaria da, adingabe nahiz ezgaitu horrek, legeak beren beregi ezarritako xedapenaren arabera edo ezgaiketa-epaiaren arabera, bere kabuz burutu ahal dituen egintzetarako izan ezik.
268. artikulua
Tutoretzapekoek begirunea eta obedientzia zor dizkiote tutoreari.
Tutoreek, euren kargua betetzean, agintaritzaren laguntza eska dezakete. Halaber, adingabeak zuzen ditzakete, zentzuz eta neurriz.
269. artikulua
Tutoreari dagokio tutoretzapekoa jagotea eta, bereziki:
1. Tutoretzapekoari mantenua ematea.
2. Adingabea hezi eta horri osoosoko heziketa ematea.
3. Tutoretzapekoak gaitasuna eskura edo berreskura dezan eta tutoretzapeko hori hobeto gizartera dadin eragitea.
4. Urtero-urtero, epaileari informazioa ematea, adingabe edo ezgaituaren egoerari buruz, eta administrazioaren urteko kontu-arrazoiak ematea.
270. artikulua
Tutore bakarrak eta, hala denean, ondasunen tutoreak tutoretzapekoen ondarea administratzen dute, legeaginduz, eta administrazio hori burutu behar dute, familiako guraso on batek egingo lukeen moduan.
271. artikulua
Tutoreak epailearen baimena izan behar du:
1. Adingabea buruosasunerako establezimenduan edo hezkuntza nahiz heziketa berezirako establezimenduan sartzeko.
2. Adingabeen nahiz ezgaituen ondasun higiezinak, merkataritza nahiz industriako establezimenduak, objektu baliotsuak eta balore higigarriak besterendu edo kargatzeko; eta kontratuak egin nahiz egintzak burutzeko, baldin eta kontratu edo egintza horiek xedatzaileak eta inskribatzeko modukoak badira. Salbuespen gisa har daiteke akzioak lehenespenez harpidetzeko eskubidearen salmenta.
3. Eskubideei uko egiteko; tutoretzapekoarentzat interesgarriak diren gaietan transakzioa egiteko; eta gai horiek tartekaritzapean jartzeko.
4. Inbentario onurarik gabe edozein jarauntsi onartzeko; eta jarauntsiak nahiz eskuzabaltasunak arbuiatzeko.
5. Ondasunetan gastu bereziak egiteko.
6. Tutoretzapekoen izenean, demanda jartzeko, presako gaietan edo balio gutxiko gaietan izan ezik.
7. Ondasunak errentan emateko, errentamendu horiek sei urtetik gorako iraupena dutenean.
8. Dirua maileguan eman edo hartzeko.
9. Tutoretzapekoaren ondasunak nahiz eskubideak dohainik xedatzeko.
10. Tutoretzapekoak tutore horren aurka dituen kredituak hirugarrenei lagatzeko, edo hirugarrenek tutoretzapekoaren aurka dituzten kredituak kostu bidez eskuratzeko.
272. artikulua
Jarauntsia banatu edo gauza erkidea zatitzeko, tutoreak ez du epailearen baimenik behar; baina, banaketa eta zatiketa egin eta gero, beharrezkoa izango da epaileak horiek onestea.
273. artikulua
Aurreko bi artikuluetan jasotako egintzetatik edozein baimendu edo onetsi baino lehen, epaileak entzungo die Fiskaltzari eta tutoretzapekoari ere, hori hamabi urtekoa baino nagusiagoa bada edo epailearentzat horri entzutea egoki gertatzen bada; berebat, epaileak bilduko ditu berari eskatu zaizkion txostenak eta bere ustez komenigarri direnak.
274. artikulua
Tutoreak ordainsaria jasotzeko eskubidea du, tutoretzapekoaren ondareak hori ahalbidetzen badu. Epaileari dagokio ordainsariaren zenbatekoa eta berori jasotzeko modua finkatzea, eta, horretarako, kontuan hartuko ditu egin beharreko lana, eta ondasunen balioa eta errentagarritasuna; ahal den neurrian, ordainsariaren zenbatekoa ez da izan behar ondasunen etekin likidoaren ehuneko 4tik beherakoa, ezta ehuneko 20tik gorakoa ere.
275. artikulua
Gurasoek bakarrik eta, betiere, euren azken nahiaren xedapenetan, aukera eman diezaiokete tutoreari, horrek tutoretzapekoaren ondasunek sortzen dituzten fruituak beregana ditzan, tutoretzapekoari mantenua ematearen truk, salbu eta epaileak, ebazpen ziodunean, bestelakoa xedatzen duenean.
IV. ATALA
Tutoretza azkendu eta azken kontu-arrazoiak ematea
276. artikulua
Tutoretza azkentzen da:
1. Adingabeak hemezortzi urte betetzen dituenean, salbu eta aurretiaz epaiketaren bidez ezgaitua izan denean.
2. Tutoretzapeko adingabea adoptatzen denean.
3. Tutoretzapean dagoen pertsona hiltzen denean.
4. Adingabeari adin-nagusitasunaren onura ematen zaionean.
277. artikulua
Modu berean ere, tutoretza azkentzen da:
1. Guraso-ahala kendu nahiz eteteagatik, tutoretza eratu eta gero, ahalaren titularrak hori berreskuratzen duenean.
2. Ezgaiketaren amaiera dakarren edo ezgaiketa-epaia aldarazten duen ebazpen judiziala ematen denean, baldin eta, ebazpen horren ondorioz, kuradoretzak tutoretza ordezten badu.
278. artikulua
Tutoreak bere karguan aritzeari eutsiko dio, tutoretzapeko adingabea ezgaitua izan bada, adin-nagusitasunera heldu baino lehen, ezgaiketa-epaian xedatutakoarekin bat etorriz.
279. artikulua
Tutoreak, bere eginkizunak bukatzean, bere administrazioari buruzko kontu-arrazoi orokor egiaztatua eman beharko dio agintaritza judizialari, hiru hilabeteko epean; epe hori behar den beste luza daiteke, arrazoi zuzena izanez gero.
Bost urte igarotakoan preskribatzen da kontu-arrazoi horren ematea eskatzeko akzioa; epe horren zenbaketa hasten da, kontu-arrazoien ematea gauzatzeko ezarri den epea igaro denetik.
280. artikulua
Kontu-arrazoien onespenari buruz, ebazpena eman baino lehen, epaileak entzungo die tutore berriari edo, hala denean, kuradore edo defendatzaile judizialari, eta tutoretzapean egondako pertsonari edo horren jaraunsleei.
281. artikulua
Tutoretzapean egon den pertsonak ordainduko ditu kontu-arrazoiak emateko beharrezkoak diren gastuak.
282. artikulua
Kontu orokorraren saldoak legezko korrituak sortuko ditu, tutorearen mesederako nahiz horren kalterako.
283. artikulua
Saldoa tutorearen mesederako bada, saldo horrek legezko korrituak sortuko ditu, tutoretzapean egondakoari bere ondasunak itzuli eta ordainketa eskatu zaionetik.
284. artikulua
Saldoa tutorearen kalterako bada, saldo horrek legezko korrituak sortuko ditu, kontua onetsi denetik.
285. artikulua
Epailearen onespenak ez du eragotziko tutoreak eta tutoretzapekoak edo horren kausadunek egikaritzea tutoretza delaeta elkarren aurka dituzten akzioak.
III. KAPITULUA
Kuradoretza
I. ATALA
Xedapen orokorrak
286. artikulua
Kuradoretzaren menpe daude:
1. Emantzipatuak, euren gurasoak hil badira, edo guraso horiek ezintasunen bat badute, legeak agindutako laguntza emateko.
2. Adin-nagusitasunaren onura lortu dutenak.
3. Zarrastelkeria-adierazpena dutenak.
287. artikulua
Era berean, kuradoretza bidezkoa da, babes-zeregin horren menpe geratu direnentzat, euren zentzutasun-maila kontuan harturik emandako ezgaiketa-epaiaren ondorioz, edo, hala denean, epai hori aldarazten duen ebazpen judizialaren ondorioz.
288. artikulua
286. artikuluaren kasuetan, kuradoretzaren helburua izango da kuradoreak esku hartzea, adingabeek edo zarrastelek euren kabuz burutu ezin dituzten egintzetan.
289. artikulua
Ezgaituen gaineko kuradoretzaren helburua izango da kuradoreak laguntza ematea, kuradoretza hori ezarri duen epaiak beren beregi aipaturiko egintzetan.
290. artikulua
Ezgaiketa-epaiak ez badu zehaztu kuradoreak zein egintzatan esku hartu behar duen, ulertuko da eskuhartze hori hedatzen dela kode honen arabera tutoreek epailearen baimena zein egintzatan behar, eta egintza berberetara.
291. artikulua
Kuradoreei aplikatu behar zaizkie tutoreen izendapen, ezgaikuntza, desenkusa eta enkaitzearen inguruko arauak.
Ezin dira kuradore izan porrot eginak eta birgaitu gabeko konkurtsatuak.
292. artikulua
Kuradoretzapekoa aurretiaz tutoretzapean egon bada, tutore izandakoak beteko du kuradorearen kargua, epaileak aurkakoa xedatzen ez badu.
293. artikulua
Egintza juridiko jakin batzuetan kuradorearen eskuhartzea manuzkoa izanik, egintzok haren eskuhartzerik gabe burutzen badira, orduan, horiek deuseztakorrak dira, kuradoreak berak edo kuradoretzapean dagoenak hala eskatuz gero, kode honen 1301. artikuluaren eta ondorengoen arabera.
II. ATALA
Kuradoretza, zarrastelkeria-kasuetan
*294. artikulua
Zarrastelkeria-adierazpena eska dezakete ezkontideak; ustezko zarrastelaren eskutik mantenua jasotzen duten edo mantenu horren erreklamazioa egiteko aukera duten ondorengo nahiz aurrekoek; eta, era berean, horietatik edozeinen legezko ordezkariek. Legezko ordezkariek ez badute zarrastelkeria-adierazpena eskatzen, Fiskaltzak eskatuko du hori.
295. artikulua
Alderdiaurkatasuneko epaiketan egin behar da zarrastelkeria-adierazpena.
296. artikulua
Zarrastelkeriaren ondorioz demandatua izan dena ez bada epaiketan agertzen, Fiskaltzak ordezkatuko du demandatu hori, eta, Fiskaltza epaiketa horretan alderdia bada, orduan, epaileak izendaturiko defendatzaileak ordezkatuko du harakoa, betiere, Prozedura Zibilari buruzko Legeak auziihesean egindako prozeduren inguruan ezarritakoari kalterik egin gabe.
297. artikulua
Zarrastelkeria-adierazpena duenak egintza batzuk burutzen baditu, zarrastelkeria-demanda jarri baino lehen, orduan, ezin da egintza horien aurka jo, arrazoi horretan oinarrituz.
*298. artikulua
Epaiak zehaztuko du zeintzuk diren zarrastelak kuradorearen adostasunik gabe burutu ezin dituen egintzak.
IV. KAPITULUA
Defendatzaile judiziala
299. artikulua
Defendatzaile judiziala izendatu behar da, defendatzaile horrek pertsona jakin batzuen interesak ordezka eta babes ditzan, baldin eta pertsona horien inguruan ondoko kasuetatik bat betetzen bada:
1. Gai zehatz baten inguruan, interes-gatazka izatea, adingabeen edo ezgaituen eta euren legezko ordezkari nahiz kuradoreen artean. Bi gurasoek batera betetzen badute tutoretza, eta interes-gatazka guraso bati begira bakarrik sortzen bada, beste gurasoari dagokio, legeaginduz eta izendapen berezirik gabe, adingabea edo ezgaitua ordezkatu eta babestea.
2. Edozein arrazoi dela bide, tutoreak edo kuradoreak bere eginkizunak ez betetzea; halakoetan, epaileak defendatzailea izendatuko du, arrazoi hori desagertu arte edo karguan aritzeko beste pertsona bat izendatu arte.
3. Kode Zibilak ezartzen dituen gainerako kasuak.
299bis artikulua
Norbait tutoretzapean jarri behar dela jakinez gero, eta prozedurari amaiera ematen dion konponbide judizialik ematen ez den artean, Fiskaltzak bere gain hartuko ditu pertsona horren ordezkaritza eta defentsa. Kasu horretan, eta, pertsona jagoteaz gain, ondasunen zaintza ere beharrezkoa denetan, epaileak ondasun horien administratzailea izenda dezake; administratzaile horrek bere kudeaketaren kontu-arrazoiak eman behar dizkio epaileari, behin kudeaketa hori amaitu eta gero.
300. artikulua
Borondatezko jurisdikzioaren prozedura bitartean, epaileak, ofizioz edo Fiskaltzak, adingabeak berak edo epaiketan agertzeko gaitasuna duten pertsonetatik edozeinek hala eskaturik, defendatzaile izendatuko du bere ustez kargu horretarako egokiena dena.
301. artikulua
Defendatzaile judizialari aplikatu behar zaizkio tutore eta kuradoreen ezgaikuntza, desenkusa eta enkaitzearen inguruko arrazoiak.
302. artikulua
Defendatzaile judizialak izango ditu epaileak berak ematen dizkion eskumenak; kudeaketa amaitutakoan, defendatzaileak kontu-arrazoiak eman behar dizkio epaileari.
V. KAPITULUA
Egitezko zaintza
303. artikulua
203 eta 228. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, agintaritza judizialak egitezko zaintzailerik badela jakin badaki, orduan, zaintzaile horri eska diezaioke informazioa eman dezan, dela adingabearen edo ustezko ezgaiaren egoerari buruz eta hark dituen ondasunen egoerari buruz, dela zaintzaileak haienganako izan duen jardunari buruz; era berean, epaileak kontrol- eta jagoletza-neurriak ezar ditzake, bere ustez horiek egokiak badira.
304. artikulua
Ezin dira aurkaratu egitezko zaintzaileak adingabearen edo ustezko ezgaiaren intereserako burutu dituen egintzak, baldin eta egintzok adingabe edo ustezko ezgai horren onurarako gertatu badira.
305. artikulua
Edukirik gabe.
306. artikulua
Egitezko zaintzaileari aplikatu behar zaio 220. artikuluan tutorearen inguruan xedatutakoa.
307. artikulua
Edukirik gabe.
308. artikulua
Edukirik gabe.
309. artikulua
Edukirik gabe.
310. artikulua
Edukirik gabe.
311. artikulua
Edukirik gabe.
312. artikulua
Edukirik gabe.
313. artikulua
Edukirik gabe.
XI. TITULUA
ADIN-NAGUSITASUNA ETA EMANTZIPAZIOA
314. artikulua
Emantzipazioa gertatzen da:
1. Adin-nagusitasunera heltzean.
2. Adingabea ezkontzean.
3. Guraso-ahala egikaritzen dutenek hori ematen dutenean.
4. Epaileak hori ematen duenean.
315. artikulua
Adin-nagusitasuna hasten da, hemezortzi urte betetakoan.
Adin-nagusitasunaren urteak zenbatzeko, jaioteguna aintzat hartu behar da, osoosorik.
316. artikulua
Ezkontzak emantzipazioa dakar zuzenbidez.
317. artikulua
Guraso-ahala egikaritzen dutenek emantzipazioa eman dezaten, beharrezkoa da adingabeak hamasei urte izatea eta adingabe horrek emantzipazioari adostasuna ematea. Emantzipazio hori eman daiteke, eskritura publikoaren bidez edo Erregistroaren ardura duen epailearen aurrean egindako agerraldiaren bidez.
318. artikulua
Emantzipazioa emanez gero, hori Erregistro Zibilean inskribatu behar da, eta, ordu arte, emantzipazioak ez du ondorerik sortuko, hirugarrenen aurka.
Behin emantzipazioa eman eta gero, ezin da hori ezeztatu.
319. artikulua
Hamasei urtekoa baino nagusiagoa den semea edo alaba bere buruz bizi bada gurasoen adostasunarekin, hori emantzipatutzat joko da, ondore guztietarako. Gurasoek adostasun hori ezezta dezakete.
320. artikulua
Epaileak emantzipazioa eman diezaieke hamasei urtekoak baino nagusiagoak diren semealabei, horiek hala eskatzen badute eta horien gurasoei entzun eta gero:
1. Guraso-ahala egikaritzen duena beste gurasoa ez den pertsona batekin ezkontzen denean edo horrekin ezkondu-bizimodua egiten duenean.
2. Gurasoak banandurik bizi direnean.
3. Guraso-ahalaren egikaritza modu larrian oztopatzen duten arrazoietatik edozein gertatzen denean.
321. artikulua
Era berean, epaileak, Fiskaltzaren txostena jaso ondoren, adin-nagusitasunaren onura eman diezaioke hamasei urtekoa baino nagusiagoa den tutoretzapekoari, tutoretzapeko horrek hala eskatzen badu.
322. artikulua
Adin nagusikoak gaitasuna du, bizitza zibileko egintza guztiak gauzatzeko, kode honek kasu berezietarako ezartzen dituen salbuespenetan izan ezik.
323. artikulua
Emantzipazioaren ondorioz, adingabea gaituta dago, bere burua eta ondasunak gobernatzeko, adin nagusiko izango balitz bezala; baina, adin-nagusitasunera heldu arte, emantzipatuak ezin izango du dirua maileguan hartu, ezta ondasun higiezinak, merkataritza nahiz industriako establezimenduak edo balio berezia duten objektuak kargatu eta besterendu ere, bere gurasoen adostasunik gabe, eta, bibiok izan ezean, kuradorearen adostasunik gabe.
Adingabeko emantzipatua bere kabuz ager daiteke epaiketan.
Artikulu honetan xedatutakoa aplikatu behar zaio adingabeari ere, horrek adin-nagusitasunaren onura lortu badu, epaiketaren bidez.
324. artikulua
Adingabe ezkonduak ondasun higiezinak, merkataritzako establezimenduak edo balio berezia duten objektu erkideak besteren edo karga ditzan, nahiko da bi ezkontideen adostasuna, beste ezkontidea adin nagusikoa bada; bestea ere adingabea bada, orduan, bibion adostasuna ez ezik, behar da bataren eta bestearen guraso edo kuradoreen adostasuna ere bai.
XII. TITULUA
EGOERA ZIBILARI BURUZKO ERREGISTROA
325. artikulua
Pertsonen egoera zibilari buruzko egintzak agerrarazi behar dira ondore horretarako destinatu den erregistroan.
326. artikulua
Egoera zibilari buruzko erregistroak bere barruan hartuko ditu jaiotza, ezkontza, emantzipazio, aitorpen eta legitimazio, heriotza, naturalizazio eta auzotartasunari buruzko inskripzioak eta idatzoharrak; erregistro horren ardura izango dute, Espainian, udaleko epaileek edo ordena zibileko beste funtzionario batzuek, eta, atzerrian, kontsulatu eta diplomaziako agenteek.
327. artikulua
Erregistroko aktak egoera zibilaren froga dira; froga hori beste batez ordez daiteke, baldin eta halako aktarik egin ez bada, Erregistroko liburuak desagertu badira edo auzitegietan eztabaida sorrarazi bada.
328. artikulua
Jaiotza inskribatzeko, ez da beharrezkoa jaioberria Erregistroaren ardura duen funtzionarioari aurkeztea; horretarako, nahiko da adierazpena egiteko betebeharra duenak adierazpen hori egitea. Adierazpen horrek bere barruan jasoko ditu legeak ezarritako inguruabar guztiak; adierazpenaren egileak hori sinatu behar du, eta, hori ezinezkoa bada, bi lekukok sinatu behar dute, egileak hala eskatuta.
329. artikulua
Ezkontza kanonikoetan, ezkongaiek ezkontza hori Erregistro Zibilean inskribatzeko beharrezkoak diren datu guztiak eman behar dizkiote estatuaren ordezkaria den eta ezkontza hori eskuetsi duen funtzionarioari. Salbuespen gisa har daitezke zentzarazpenei, eragozpenei eta horien barkatzeari buruzko datuak, horiek ez baitira inskripzioan agerrarazi behar.
330. artikulua
Naturalizazioek ez dute inola ere legezko ondorerik izango, Erregistroan inskribatzen ez diren artean, horiek egiaztatzeko froga eta eurok emateko data edozein izanda ere.
331. artikulua
Udaleko epaileek eta, hala denean, lehen auzialdikoek 20 pezetatik 100erako isunarekin zigortu ahal dituzte Erregistro Zibilari buruzko xedapenen arau-hausteak, baldin eta arau-hauste horiek delitu edo falta ez badira.
332. artikulua
1870eko ekainaren 17ko Legeak indarrean iraungo du, aurreko artikuluek lege hori aldarazi ez duten heinean.
II. LIBURUA
ONDASUNAK, JABETZA ETA HORIEN ALDARAZPENAK
I. TITULUA
ONDASUNEN SAILKAPENA
Atariko xedapena
333. artikulua
Ondasun higigarri edo higiezinak dira eskuratzeko modukoak diren edo izan daitezkeen gauza guztiak.
I. KAPITULUA
Ondasun higiezinak
334. artikulua
Ondasun higiezinak dira:
1. Lurrak, eraikinak, bideak eta lurrari atxikita dauden orotariko egiturak.
2. Zuhaitzak, landareak eta banantzeke dauden fruituak, horiek lurrari lotuta dauden bitartean edo ondasun higiezinaren zati osagarri diren bitartean.
3. Ondasun higiezinari finkotasunez lotuta dagoen guztia, baldin eta hori ezin bada ondasun higiezinetik banandu, ondasunaren materiari kalte egin gabe edo objektua bera narriatu gabe.
4. Estatuak, erliebeak, pinturak eta erabilerarako nahiz apaindurarako bestelako objektuak, baldin eta ondasun higiezinaren ugazabak eraikin edo landetan jarri baditu horiek, funtsari modu iraunkorrean lotzeko asmoarekin.
5. Eraikin edo landa batean egiten den industria edo ustiapenerako, finkaren jabeak destinatu dituen makinak, ontziak, tresnak eta lanabesak, horiek zuzenean asetzen badituzte ustiapenaren beraren beharrizanak.
6. Animalien hazitegiak, usategiak, erlauntzak, arrainen urmaelak edo horien antzeko hazitokiak, jabeak horiek jarri edo artatzen baditu, finkari lotuta iraunaraz edota finkaren behin betiko osagai izan daitezen.
7. Landa baten lugintzarako destinatu diren ongarriak, ongarri horiek zein lurretan erabiltzekoak izan, eta lurrotan baldin badaude.
8. Meatze, harrobi eta sarategiak, horien gaiak hobiari lotuta dauden bitartean; bai eta ur biziak edo urmaelak ere.
9. Dike eta eraikinak, horiek flotagarriak izan arren, baldin eta, horien xedearen eta baldintzen arabera, euren destinoa bada ibai, laku edota itsasertzaren toki finko batean egotea.
10. Herrilanen administrazio-emakidak, eta ondasun higiezinen gaineko zortasunak eta gainerako eskubide errealak.
II. KAPITULUA
Ondasun higigarriak
335. artikulua
Ondasun higigarri moduan hartzen dira, eskuratzeko modukoak izanik, aurreko artikuluan aipatu ez diren ondasunak; eta, orokorrean, puntu batetik bestera garraia daitezkeen ondasun guztiak, hori egin badaiteke, haien euskarri den ondasun higiezinari kalterik egin gabe.
336. artikulua
Gauza higigarriak dira, halaber, bizi artean edo jarauntsi bidez pertsona edo familia bati loturiko errenta nahiz pentsioak, baldin eta errenta edo pentsio horiek ez badute ondasun higiezina zama errealarekin kargatzen; besterendutako ogibideak; herrizerbitzuen gaineko kontratuak; bai eta mailegu hipotekarioak ordezkatzen dituzten zedula eta tituluak ere.
337. artikulua
Ondasun higigarriak suntsikorrak edo suntsiezinak dira.
Lehenengo motako ondasunak dira, euren izaerari dagokion moduan erabiliz gero, kontsumitzen direnak; bigarren motari dagozkio, aldiz, beste ondasun guztiak.
III. KAPITULUA
Ondasunen sailkapena, ondasunok nori dagozkion kontuan hartuta
338. artikulua
Ondasunak herri-jabarikoak edo jabetza pribatukoak dira.
339. artikulua
Herri-jabariko ondasunak dira:
1. Herri-erabilerarako destinatzen direnak, besteak beste, estatuak eraikitako bide, kanal, ibai, uhar, portu eta zubiak; urbazterrak, hondartzak, itsasarteak eta horien antzekoak.
2. Herri-erabilerakoak izan gabe, estatuari modu pribatiboan dagozkion ondasunak, baldin eta herri-zerbitzurako edo nazioko aberastasuna suspertzeko destinatu badira, hala nola, harresiak, gotorlekuak eta lurraldearen defentsarako bestelako obrak; eta meatzeak, horien emakida egilesten ez den bitartean.
340. artikulua
Estatuari dagozkion gainerako ondasunetan, ez badira betetzen aurreko artikuluan adierazitako inguruabarrak, ondasun horiek jabetza pribatuko izaera dute.
341. artikulua
Herri-jabariko ondasunak estatuaren jabetzapeko ondasun bilakatzen dira, baldin eta erabilera orokorrerako edo lurralde-defentsaren beharrizanetarako destinoa galtzen badute.
342. artikulua
Errege-ondareko ondasunak arautzen ditu horiei buruzko lege bereziak, eta, lege horrek arautzen ez dituen kontuetan, kode honetan jabetza pribatuari buruz ezartzen diren xedapen orokorrek.
343. artikulua
Probintzia eta herrietako ondasunen artean, erabilera publikorako ondasunak eta ondare-ondasunak bereizten dira.
344. artikulua
Probintzia eta herrietan, herri-erabilerako ondasunak dira probintzietako bideak eta herri-bideak; plazak, kaleak, iturriak eta ur publikoak; bai eta pasealekuak eta zerbitzu orokorrerako herri-lanak ere, herri edo probintziek horiek ordaindu badituzte.
Probintziek edo herriek dituzten gainerako ondasunak ondare-ondasun dira, eta kode honen xedapenek arautzen dituzte horiek, lege bereziek xedatutakoa salbu.
345. artikulua
Jabetza pribatuko ondasunak dira, estatuaren, probintzien eta udalerrien ondare-ondasunez gain, norbanakoei banaka nahiz modu kolektiboan dagozkienak ere.
Aurreko hiru kapituluetarako xedapenak
346. artikulua
Legearen xedapenetan edo norbanakoek egindako aitorpenetan, gauza nahiz ondasun higiezin edo gauza nahiz ondasun higigarri adierazmoldeak erabiltzen badira, orduan, ulertuko da adierazmoldeok euren barruan hartzen dituztela, hurrenez hurren, I eta II. kapituluetan aipatutako gauzak.
«Higigarri» hitza, hutshutsean, erabiltzen bada, ulertuko da hitz horrek ez dituela bere barruan hartzen dirua, kredituak, merkataritzako efektuak, baloreak, bitxiak, bilduma zientifiko nahiz artistikoak, liburuak, dominak, armak, arropak, zaldi edo gurdiak eta horien arreo, bihi, zuku eta merkatu-gaiak, ez eta gelak jantzi edo apaintzeko erabiltzen ez diren bestelako gauzak ere, salbu eta argiroargiro horren aurkakoa eratortzen duenean legearen edo banakako xedapenaren testuinguruak.
347. artikulua
Gauza higigarri nahiz higiezinen gaineko salmentan, legatuan, dohaintzan edo bestelako xedapenetan, gauzon edukitza edo jabetza eskualdatzen bada, gauza horien barruan dagoen guztiarekin, orduan, ulertuko da gauzokin batera ez direla eskualdatzen eskudirua, baloreak, kredituak eta akzioak, nahiz eta horien agiriak gauzaren barruan izan, salbu eta argiro-argiro agerrarazten denean eskualdaketa balore eta eskubideotara hedatzeko borondatea.
II. TITULUA
JABETZA
I. KAPITULUA
Jabetza orokorrean
348. artikulua
Jabetza gauzak gozatu eta xedatzeko eskubidea da, eta legean ezarritako mugapenak baino ez ditu.
Gauzaren jabeak akzioa du, gauza horren ukandunaren eta edukitzailearen aurka, gauza erreibindikatzeko.
349. artikulua
Agintaritza eskudunak bakarrik ken diezaioke inori jabetza; horretarako, herrionuran oinarritutako arrazoi bidezkoa izan behar da, eta, aldez aurretik, kalteordain egokia eman behar da.
Betekizun hori ez bada aurretiaz gauzatzen, epaileek babestuko dute jabetza galdu duenaren edukitza, eta, hala denean, horri edukitza itzuliko diote.
350. artikulua
Lurraren jabea lur horren azalean eta azpian dagoenaren ugazaba da, eta lur horretan berari komeni zaizkion obrak, landaketak eta zulatzelanak egin ditzake, betiere, zortasunei kalterik egin gabe, eta meatze eta urei buruzko legeek eta poliziaaraudiek xedatutakoaren menpe.
351. artikulua
Altxor ezkutua zein lurretan aurkitu, eta lur horren ugazabari dagokio altxor hori.
Hala ere, gauza ustekabean aurkitzen bada inoren lurrean edo estatuaren lurrean, aurkitutakoaren erdia aurkitzaileari emango zaio.
Aurkitutako gaiak zientziarako nahiz arteetarako interesgarriak badira, estatuak gaiok eskura ditzake, horien prezio zuzenaren truk; prezio hori adierazitakoaren arabera banatuko da.
352. artikulua
Legearen ondoreetarako, altxorra da diruaren, bitxien nahiz beste edozein objektu baliotsuren gordailu ezkutu eta ezezaguna, baldin eta ezin bada jakin gordailu hori legebidez nori dagokion.
II. KAPITULUA
Akzesio-eskubidea
Xedapen orokorra
353. artikulua
Akzesioaren ondorioz, ondasunen gaineko jabetzak eskubidea ematen du, ondasunon produktuen gainean, eta ondasunoi, berez nahiz modu artifizialean, lotu edo erantsitako gaien gainean ere.
I. ATALA
Akzesio-eskubidea, ondasunen produktuei begira
354. artikulua
Jabeari dagozkio:
1. Fruitu naturalak.
2. Fruitu industrialak.
3. Fruitu zibilak.
355. artikulua
Fruitu naturalak dira lurrak berez ematen dituen gaiak, bai eta animalien kumeak eta gainerako produktuak ere.
Fruitu industrialak dira, lugintza edo lanaren ondorioz, edozein motatako lurrek ekoizten dituzten gaiak.
Fruitu zibilak dira eraikinen alogera, lur-errentamenduen prezioa, eta betiereko, bizi arteko edo horien antzeko errenten zenbatekoa.
356. artikulua
Norbaitek fruituak jasotzen baditu, eta beste inork egin baditu fruituok ekoitzi, bildu eta artatzeko gastuak, orduan, fruituak jasotzen dituenak gastu horiek ordaintzeko betebeharra du.
357. artikulua
Fruitu natural edo industrial moduan hartzen dira begibistan daudenean edo sortu direnak bakarrik.
Animaliei dagokienez, nahiko da euren amaren sabelean izatea, horiek jaio ez badira ere.
II. ATALA
Akzesio-eskubidea, ondasun higiezinei begira
358. artikulua
Inoren lurrean eraiki, landatu edo ereindakoa eta bertan egindako hobekuntzak nahiz konponketak lur horren ugazabari dagozkio, hurrengo artikuluek xedatzen dutenaren menpe.
359. artikulua
Obra, ereintza eta landaketa guztiak jabeak bere kontura egin dituela uste da, aurkakoa frogatzen ez den artean.
360. artikulua
Lurraren jabeak, berak zuzenean edo beste norbaiti hala eskatuta, lur horretan landaketa, eraikin edo obrak egiten baditu, inoren materialekin, orduan, horien balioa ordaindu behar du; eta, jabeak gaitzustez jardun badu, kaltegaleren ordaina ere eman beharko du. Materialon ugazabak horiek kentzeko eskubidea du, baldin eta hori egin badaiteke, eraikitako obrari inolako kalterik eragin gabe, edo, kentze horren ondorioz, landaketa, eraikin nahiz obra gauzatuak galtzen ez badira.
361. artikulua
Norbaitek besteren lurrean eraiki, erein edo landatzen badu onustez, lur horren ugazabak obra, ereintza edo landaketa bereganatzeko eskubidea du, 453 eta 454. artikuluetan ezarritako kalteordaina eman eta gero; edo, bestela, lurraren ugazabak bertan zerbait fabrikatu edo landatu duena behartu dezake, lurzoruaren prezioa ordaintzera, eta lurra erein duena, errenta egokia ematera.
362. artikulua
Norbaitek besteren lurrean eraiki, landatu edo ereiten badu gaitzustez, bertan eraiki, landatu edo ereindakoa galtzen du, kalteordaina eskuratzeko eskubiderik gabe.
363. artikulua
Norbaitek besteren lurrean eraiki, landatu edo ereiten badu gaitzustez, lurraren ugazabak pertsona horri eska diezaioke, obra errausteko edo landatu nahiz ereindakoa erauzteko, betiere, gauzak jatorrizko egoeran birjarriz, eraikitzaile, landatzaile edo ereilearen kontura.
364. artikulua
Besteren lurrean eraiki, erein edo landatu duena ez ezik, gaitzusteduna bada lurraren ugazaba ere bai, orduan, batari eta besteari dagozkien eskubideak dira bibiok onustez jardunez gero izango lituzketenak.
Lurraren ugazabak gaitzustez jardun duela ulertzen da, baldin eta egitatea beraren begiaurrean gauzatu bada, eta, horren jakinaren gainean izanda ere, ugazaba hori ez bada egitatearen aurka jarri.
365. artikulua
Material, landare edo haziak hirugarren bati badagozkio, eta hirugarren horrek ez badu gaitzustez jardun, orduan, lurraren ugazabak erantzukizun subsidiarioa du, horien balioaren gainean, eta horien erabiltzaileak eurok ordaintzeko beste ondasunik ez duenean bakarrik.
Xedapen hori ez da gertatuko, jabeak egikaritzen duenean 363. artikuluak berari ematen dion eskubidea.
366. artikulua
Landak ibaiertzen mugakide badira, landa horien ugazabei dagozkie urlasterraren ondorioz landa horiei ezariezarian gehitzen zaizkien zatiak.
367. artikulua
Landak urmaelen edo aintziren mugakide badira, landa horien ugazabek ez dituzte eskuratzen urek, berez gutxitzean, agerian uzten dituzten lurrak; eta ugazabok ez dituzte galtzen urek, gorakada ezohikoen ondorioz, estalitako lurrak.
368. artikulua
Ibai, erreka edo uharraren urlasterrak urbazterreko landa batetik zati jakin bat bereizten badu, eta beste landa batera garraiatzen badu, orduan, bereizitako zatia zein finkatakoa izan, eta finka horren ugazabak eusten dio zati horren gaineko jabetzari.
369. artikulua
Urlasterrak lur batetik zuhaitzak ateratzen baditu, eta beste lur batera garraiatzen baditu, orduan, zuhaitzok zein lurretan geratu, eta lur horren jabeari dagozkio, aurreko ugazabek ez badituzte zuhaitz horiek erreklamatzen, hilabeteko epean. Aurreko ugazabek zuhaitzak erreklamatzen badituzte, eurek ordaindu beharko dituzte zuhaitzak biltzeko edo leku seguruan jartzeko sortu diren gastuak.
370. artikulua
Uren norabidea berez aldatzeagatik, ibaiek euren betiko ubideak bertan behera uzten badituzte, orduan, urbazterretako lurren ugazabei dagozkie ubideok, euren lurren luzeraren arabera. Bertan behera utzitako ubideak ugazaba desberdinen landak banantzen baditu, orduan, lerro banatzaile berritik, lehengo tarte bera izan behar da, finka batetik bestera.
371. artikulua
Estatuari dagozkio uharteak, baldin eta horiek eratzen badira, Espainiako itsasertzaren aldameneko itsasoetan, eta ibai nabigakor eta flotakorretan.
372. artikulua
Ibai nabigakor eta flotakorraren norabidea berez aldatzen bada, eta landa pribatuan ubide berria irekitzen bada, orduan, ubide hori herri-jabarikoa izango da. Landaren ugazabak ubidea berreskuratuko du, urek ubide hori berriro lehortzen dutenean, berez edota legeak horretarako ahalbidetzen dituen lanen ondorioz.
373. artikulua
Goiko arrastakinak ondoz ondo pilatzeagatik, ibaietan uharteak eratzen badira, uharteok dagozkie horietatik hurbilen dagoen bazterreko edo ibaiertzeko ugazabei; uhartea ibaiaren erdian badago, orduan, hori bi bazterretako lurren ugazabei dagokie, uhartearen luzera erdierditik zatituz. Horrela eratutako uharte bakarra bazter batetik bestetik baino hurbilago badago, orduan, uharte osoa dagokio uharte horretatik hurbilen dagoen bazterreko ugazabari.
374. artikulua
Ibaien urlasterra ubideetan zatitzeagatik, landa osoa edo horren zati bat bakarturik geratzen bada, orduan, landa horren ugazabak eutsi egiten dio landaren edo landa-zatiaren jabetzari. Era berean, urlasterrak zati bat landatik banantzen badu, landaren ugazabak zati horren jabetzari eusten dio.
III. ATALA
Akzesio-eskubidea, ondasun higigarriei begira
375. artikulua
Bi gauza higigarri ugazaba desberdinei badagozkie, bi-biok batzen badira, eta, gaitzusterik izan gabe, gauza berria eratzen bada, orduan, gauza nagusiaren jabeak gauza erantsia eskuratzen du, aurreko ugazabari gauza erantsiaren balioa emanez.
376. artikulua
Bi gauza elkarri erantsita badaude, eta bata besteari batu bazaio, hori apaindu, erabili edo hobetzeko, orduan, bigarrena gauza nagusitzat jotzen da.
377. artikulua
Bi gauza elkarri erantsita badaude, eta, aurreko artikuluko erregelaren bidez, ezin bada zehaztu biotatik zein den nagusia, orduan, nagusitzat joko da balio handiena duen objektua, eta, bi objektuok balio bera badute, bolumen handiena duena.
Pintura eta eskulturetan, eta idazki, inprimaki, grabatu edo litografietan, gauza erantsi moduan hartuko da ohola, metala, harria, ehuna, papera edo pergamua.
378. artikulua
Gauzak, elkarri batuta egon arren, banandu ahal badira, euroi kalterik egin gabe, gauzon ugazabek banantzea eska dezakete.
Gauza bat erabili, edertu edo hobetzeko, gauza horri beste bat batu bazaio, eta azken horrek gauza nagusiak baino balio handiagoa badu, orduan, gauza erantsiaren ugazabak banantzea eska dezake, nahiz eta gauza nagusiari nolabaiteko kaltea eragin.
379. artikulua
Gauza erantsiaren ugazabak gaitzustez egin badu eransketa, gauza galtzen du ugazaba horrek, eta gauza nagusiaren jabeari eman behar dio horrek izandako kalteen ordaina.
Gaitzustez jardun duena gauza nagusiaren ugazaba izan bada, gauza erantsiaren ugazabak aukeran du gauza nagusiaren ugazabak gauza erantsiaren balioa ordain diezaion ala berari dagokion gauza banan dadin, horretarako gauza nagusia suntsitu behar bada ere; eta, gainera, bi kasuotan, kaltegaleren ordaina eska daiteke.
Bi ugazabetatik edozeinek eransketa egin badu, bestearen begiaurrean, eta azken hori, jakinaren gainean egon arren, ez bada eransketaren aurka jarri, orduan, bi ugazabon eskubideak zehaztuko dira, onuste-kasuetarako xedatu den moduan.
380. artikulua
Eransketa egiteko erabili izan den gaiaren ugazabak ez badu eransketa egiteko adostasunik eman, eta ugazaba horrek kalteordaina eskuratzeko eskubidea badu, orduan, kalteordain gisa eska dezake eransketa egiteko erabili den gauzaren espezie, balio eta inguruabar bereko beste gauza bat edo, bestela, gauzaren prezioa, perituek egindako tasazioaren arabera.
381. artikulua
Espezie bereko edo desberdineko bi gauza nahasten badira, horien ugazaben borondatez edo ustekabean, eta, azken kasu horretan, gauzak ezin badira banandu euroi kalterik egin gabe, orduan, jabeek proportziozko eskubidea eskuratzen dute gauza osoaren gain, nahasitako edo nahaspilatutako gauzen balioa kontuan hartuz.
382. artikulua
Jabe baten borondatez, baina onustez, espezie bereko edo desberdineko bi gauza nahasi edo nahaspilatzen badira, orduan, jabeen eskubideak zehaztuko dira, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera.
Nahastea edo nahaspila eragin duenak gaitzustez jardun badu, horrek berari dagokion eta berak nahasi edo nahaspilatu duen gauza galduko du, eta, gainera, nahastea egiteko erabili duen gauzaren ugazabari eman beharko dio horri eragindako kalteen ordaina.
383. artikulua
Norbaitek, onustez, inoren gaia erabili badu, espezie berriko obra osoa edo horren zati bat egiteko, orduan, obra hori bereganatzen du, gaiaren ugazabari horren balioa emanez.
Obra egiteko erabili izan den gaia obra bera baino preziatuagoa bada, edo obrak berak baino balio handiagoa badu, orduan, gaiaren ugazabak aukeran du espezie berria eskuratzea, obraren balioa eman eta gero, edo, bestela, gaiaren ordaina eskatzea.
Espezie berriko obra eratzean, gaitzustea izan bada, gaiaren ugazabak obra bereganatzeko eskubidea du, obraren egileari ezer ordaindu gabe; edo, bestela, egileari eskatu ahal dio gaien balioaren eta berari eragindako kalteen ordaina eman diezaion.
III. KAPITULUA
Mugaketa eta mugarriak jartzea
384. artikulua
Jabe orok bere jabetza mugatzeko eskubidea du, lur mugakideen ugazabei zitazioa eginez.
Ahalmen berbera dagokie eskubide errealak dituztenei.
385. artikulua
Mugaketa egingo da, jabe bakoitzaren tituluen arabera, eta, behar adinako titulurik izan ezean, jabe mugakideen edukitzak ondorioztatzen duenaren arabera.
386. artikulua
Tituluek ez badute zehazten jabe bakoitzari dagokion muga edo luzezabala, eta arazo hori ezin bada konpondu edukitzaren nahiz bestelako frogabideen bidez, orduan, mugaketa egingo da, lur auzigaia hainbanatuz.
387. artikulua
Jabe mugakideen tituluek luze-zabala adierazten badute, eta luze-zabal hori lur osoak duena baino handiagoa edo txikiagoa bada, orduan, proportzioz banatuko da gehiegizko edo gutxiegiko zati hori.
IV. KAPITULUA
Landa-finkak ixteko eskubidea
388. artikulua
Jabe orok bere landak itxi edo hesi ditzake, horma, zanga, palaxu bizidun zein bizigabe nahiz beste edozein bide erabiliz, betiere, landotan eratutako zortasunei kalterik egin gabe.
V. KAPITULUA
Aurrian dauden eraikinak eta lurrera erortzeko arriskuan dauden zuhaitzak
389. artikulua
Eraikin, horma, zutabe edo beste edozein egitura hurhurreko aurrian badago, horren jabea behartuta dago, hori erraustera, edo, bestela, hori lurrera eror ez dadin beharrezkoak diren obrak egitera.
Aurrizko obraren jabeak ez badu hori egiten, agintaritzak eraikina erraustaraz dezake, jabe horren kontura.
390. artikulua
Zuhaitz mardulen bat lurrera erortzeko arriskuan badago, eta horrekin kalte egin ahal bazaie inoren finkari edo bide publiko zein pribatutik igarotzen diren oinezkoei, orduan, zuhaitzaren ugazabak zuhaitza errotik atera eta kendu behar du; ez badu halakorik egiten, hori beraren kontura egingo da, agintaritzaren erabakiz.
391. artikulua
Aurreko bi artikuluen kasuetan, eraikina edo zuhaitza lurrera erortzen bada, 1907 eta 1908. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
III. TITULUA
ONDASUN-ERKIDEGOA
392. artikulua
Erkidegoa dago, gauza edo eskubide baten gaineko jabetza zenbait pertsonari indibisoan dagokienean.
Kontraturik edo xedapen berezirik izan ezean, titulu honen aginduek arautuko dute erkidegoa.
393. artikulua
Erkidegoaren partaideek horren onura eta zametan hartuko dute parte, euren kuoten arabera.
Erkidegoaren partaideei dagozkien zatiak berdinak direla uste izango da, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.
394. artikulua
Erkidegoaren partaideak gauza erkideak erabili ahal izango ditu euren xedearekin bat etorriz, erkidegoaren interesari kalterik egin gabe, eta gainerako partaideei gauzok euren eskubidearen arabera erabiltzea eragotzi barik.
395. artikulua
Jabekide orok gainerako partaideak behartu ditzake gauza edo eskubide erkidea artatzeko beharrezkoak diren gastuak ordaintzera. Partaidea betebehar horretatik askatu ahal izango da, jabarian dagokion zatiari uko egiten badio bakarrik.
396. artikulua
Eraikinaren pisu edo lokalak nahiz horien zatiak, eraikin horren osagai erkide batera edo herri-bidera berezko irteera izateagatik, modu independentean aprobetxa badaitezke, jabetza bananduaren objektu izan daitezke, eta jabetza banandu horri jabekidetasun-eskubidea datxekio, eraikinaren osagai erkideen gainean; osagai erkideak dira eraikina egoki erabili eta lupertzeko beharrezkoak diren guztiak, besteak beste, lurra, lurgaina, zimendazioak eta gainaldeak; egiturako osagaiak eta, horien artean, zutabe, habe, solairu eta zamahormak; fatxadak, terraza, balkoi eta leihoen kanpoko gainjanzkiekin batera, euren irudi edo itxuraketa, eurok eratzen dituzten itxitura-osagaiak eta haien kanpoko gainjanzkiak barne; ataria, eskailerak, atezaindegiak, korridoreak, igarobideak, murruak, zuloak, patioak, putzuak eta igogailu, gordailu, zenbakailu, telefono edo beste zerbitzu nahiz instalazio erkide batzuetarako destinaturiko barrunbeak, baita erabilera pribatiboa dutenak ere; igogailuak, eta ur, gas edo elektrizitatearen hustuketa nahiz hornidurarako instalazio, ekarketa eta biderakuntzak, baita eguzkiaren energia aprobetxatzeko balio dutenak ere; garbitzeko ur beroarenak, berogailuak, aire girotuarenak, kea egurastu edo husteko balio dutenak; suteak atzeman eta horien aurreneurriak hartzeko balio dutenak; irekigailu automatikoa eta eraikinaren segurtasunerako balio duten bestelakoak, bai eta antena kolektiboak eta ikusentzunezko edo telekomunikazioko zerbitzuen gainerako instalazioak ere, horiek guztiak espazio pribatiboan sartu arte; zortasunak eta bestelako osagai material nahiz juridikoak, euren izaera edo xedearengatik, zatiezinak badira.
Jabekidetasunaren mendeko osagaiak ezin dira inola ere zatitu; zatiok osagai pribatibo jakin baten eranskin banaezinak direnez gero, horrekin batera bakarrik besterendu, kargatu edo enbargatu ahal izango dira.
Pisu edo lokala besterentzen bada, gainerako pisu edo lokalen jabeek, titulu horren bidez bakarrik, ez dute eroslehentasun eskubiderik izango, ezta atzeraeskuratzeko eskubiderik ere.
Lege-xedapen bereziek eta, horiek ahalbidetzen duten neurrian, interesdunen borondateak arautzen dute jabetzaren forma hori.
397. artikulua
Jabekideetatik batek ere ezin du gauza erkidean aldakuntzarik egin gainerako jabekideen adostasunik gabe, nahiz eta aldakuntzok guztientzat onuragarriak izan.
398. artikulua
Gauza erkidea administratu eta hobeto lupertzeko bete beharrekoak izango dira partaideen gehiengoak hartutako erabakiak.
Halako gehiengoa izan dadin, erabakia hartu duten partaideek ordezkatu behar dituzte erkidegoaren xedea eratzen duten interes gehienak.
Gehiengorik ez badago, edo gehiengoaren erabakiak kalte larriak badakartza gauza erkidearen gain interesa dutenentzat, epaileak egoki deritzona aginduko du alderdiak hala eskatuta; halakoetan, epaileak administratzaile bat ere izenda dezake.
Gauzaren zati bat pribatibo moduan badagokie partaide bati edo batzuei, eta beste zatia erkidea bada, azken horri bakarrik aplikatuko zaio aurreko xedapena.
399. artikulua
Jabekide orok jabetza osoa du bere zatiaren eta berari dagozkion fruitu eta onuren gainean; ondorenez, jabekideak jabetza hori besterendu, lagatu edo hipotekatu ahal du, bai eta beste inor jabetzaren aprobetxamenduan jarri ere, eskubide pertsonalen kasuan izan ezik. Dena den, besterentze edo hipoteka horrek ondoreak sortuko ditu gainerako jabekideei begira, erkidegoa amaitu eta zatitzean jabekide horri adjudikatzen zaion zatiaren gainean bakarrik.
400. artikulua
Jabekide batek ere ez du erkidegoan irauteko betebeharrik. Jabekide bakoitzak edozein unetan eska dezake gauza erkidearen zatiketa.
Hori gorabehera, baliozkoa da epe jakin batean zehar gauza indibisoan iraunarazteko ituna; epe hori ezin da izan hamar urtetik gorakoa. Epe hori beste hitzarmen baten bidez luza daiteke.
401. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, jabekideek ezin dute gauza erkidearen zatiketa eskatu horrekin gauza baliogabe suertatzen bada xedetzat duen erabilera betetzeko.
Eraikinaren ezaugarriek eraikinaren zatiketa ahalbidetzen badute, zatiketa hori egin daiteke erkideetatik edozeinek hala eskatuta; halakoetan, pisu edo lokal independenteak horiei erantsitako osagai erkideekin batera adjudikatuko dira, 396. artikuluak araututako moduan.
402. artikulua
Gauza erkidearen zatiketa egin dezakete, bai interesdunek, bai eta partaideen borondatez izendatutako tartekari nahiz bitarteko adiskidetzaileek ere.
Tartekari nahiz bitarteko adiskidetzaileek zatiketa egiten badute, erkidegoaren zatiak eratu beharko dituzte erkide bakoitzari dagokion eskubidearen arabera; ahal den neurrian, saihestu behar dute erkideei osagarriak diruz ordaintzea.
403. artikulua
Partaideen hartzekodun edo lagapenhartzaileek gauza erkidearen zatiketan esku har dezakete, eta zatiketa horren aurka jar daitezke euren eskuhartzerik gabe gauzatzen bada. Hala ere, zatiketa burututa badago, ezin dute hori aurkaratu, salbu eta iruzurrez egin denean edota, zatiketa eragozteko hartzekodun eta lagapenhartzaileok horren aurka forma egokian jarri arren, zatiketa hori gauzatu denean; betiere, zordunak edo lagatzaileak eskubidea du zatiketaren baliozkotasunari eusteko.
404. artikulua
Gauza berez zatiezina bada, eta jabekideak ez badira ados jartzen gauza hori euretako bati adjudikatu eta horrek gainerakoei kalteordaina emateko, gauza saldu eta horren prezioa banatuko da.
405. artikulua
Gauza erkidearen zatiketak ezin dio hirugarrenari kalterik egin; hirugarrenak eutsi egingo die banaketa egin aurretik berari zegozkion hipoteka, zortasun edo beste eskubide errealei. Era berean, erkidegoa zatitu arren, indarrean iraungo dute hirugarrenak erkidegoaren aurka dituen eskubide pertsonalek.
406. artikulua
Erkidegoa partaideen artean zatitzen denean, zatiketa horri aplikatuko zaizkio jarauntsiaren zatiketari buruzko erregelak.
IV. TITULUA
JABETZA BEREZI BATZUK
I. KAPITULUA
Urak
I. ATALA
Uren gaineko jabaria
407. artikulua
Herri-jabarikoak dira:
1. Ibaiak eta horien berezko ubideak.
2. Urbegi eta erreken berezko ubideetatik etengabe edo etenka doazen urak, eta ubide horiek beroriek.
3. Herri-jabariko lurretan etengabe edo etenka jaiotzen diren urak.
4. Naturak herri-lurretan eratutako laku eta aintzirak, eta horien ibilguak.
5. Sakan edo euribideetatik igarotzen diren euriurak, horien ubidea ere herri-jabarikoa denean.
6. Herri-lurren azpian dauden urak.
7. Herri-lanak gauzatzeko gunean aurkitu diren urak, nahiz eta lanok emakidadunak egin.
8. Subjektu pribatuen, estatuaren, probintzien edo herrien lurretan etengabe edo etenka jaiotzen diren urak, urok lur horietatik irteten direnetik.
9. Iturri, urmindu eta establezimendu publikoen soberakinak.
408. artikulua
Jabari pribatukoak dira:
1. Jabari pribatuko lurretan etengabe nahiz etenka jaiotzen diren urak, urok lur horietatik igarotzen diren bitartean.
2. Naturak lur pribatuetan eratutako laku eta aintzirak, eta horien ibilguak.
3. Lur pribatuen azpian dauden urak.
4. Lur pribatuen gainean erortzen diren euriurak, horiek lurron mugak gainditzen ez dituzten bitartean.
5. Euriurek etengabe nahiz etenka eratutako urlasterraren ubideak, eta herri-jabarikoak ez diren finkak zeharkatzen dituzten erreken ubideak.
Landa edo eraikin batera urak eramateko, erretena edo akueduktua erabiltzen bada, landa edo eraikinaren osagaitzat hartuko dira, bai erreten edo akueduktutik igarotzen diren urak, bai eta horien ubide, ezponda eta bazterrak ere. Akueduktuak lur batzuk edo horien mugak zeharkatu arren, lurron jabeek ezin dute alegatu akueduktuaren gaineko jabaririk, ezta akueduktuaren ubide edo bazterrak aprobetxatzeko eskubiderik ere, salbu eta alegazio horren oinarri diren jabetza-tituluek erreklamaziopeko eskubidea edo jabaria adierazten dutenean.
II. ATALA
Herri-uren aprobetxamendua
409. artikulua
Herri-uren gaineko aprobetxamendua eskuratzen da:
1. Administrazio-emakidaren bidez.
2. Hogei urteko preskripzioaren bidez.
Aprobetxamendu horien gaineko eskubide eta betebeharren mugak izango dira, lehenengo kasuan, emakidaren hitzezhitzezkotasunak eratortzen dituenak eta, bigarrenean, urak erabiltzeko modu eta formak eratortzen dituztenak.
410. artikulua
Uren aprobetxamendurako emakida oro hirugarrenari kalterik egin gabe ulertzen da.
411. artikulua
Ur publikoak aprobetxatzeko eskubidea azkentzen da horien emakida iraungitzen denean edo eskubidea hogei urteko epean erabiltzen ez denean.
III. ATALA
Jabari pribatuko uren aprobetxamendua
412. artikulua
Lurretik urbegi edo errekaren bat etengabe nahiz etenka jaiotzen bada, lur horren jabeak haien urak aprobetxa ditzake lur horretatik igarotzen diren bitartean; hala ere, soberakin-urak herri-jabariko ur bihurtzen dira, eta horien gaineko aprobetxamendua urei buruzko lege bereziak arautzen du.
413. artikulua
Euriuretako ibilguen gaineko jabari pribatuak ez du biderik ematen lan edo obrak gauzatzeko, horien helburua bada hirugarrenaren kalterako uron ibilbidea aldatzea, edo hirugarrenari kalte egin ahal badio uholdeen indarrez lan edo obrok suntsitzeak.
414. artikulua
Ezin da inor jabetza pribatuko lurretan sartu, bertan urak bilatzeko edo lurrotan dauden urak erabiltzeko, baldin eta lurren jabeak ez badu horretarako baimenik ematen.
415. artikulua
Lurraren jabeak bertan jaiotzen diren uren gaineko jabaria du, baina jabari horrek ezin die kalterik egiten beheko lurren jabeek urok aprobetxatzeko legebidez eskuratu dituzten eskubideei.
416. artikulua
Lurraren jabeak ahalmena du lur horren barruan euriuren biltegiak eraikitzeko, baldin eta horiekin ez bazaio kalterik egiten jendeari edo hirugarrenari.
IV. ATALA
Lurpeko urak
417. artikulua
Lurraren jabeak, berak bakarrik edo, osterantzean, beste inork haren baimenarekin, lurpeko urei buruz ikerketak egin ditzake bertan.
Herri-jabariko lurretan lurpeko urei buruz ikerketak egin ahal izateko, administrazio-baimena izan behar da nahitaez.
418. artikulua
Urei buruzko lege bereziarekin bat etorriz urak azaleratzen badira, urok azaleratu dituen pertsonari dagozkio.
419. artikulua
Ur azaleratuen jabeak bertan behera uzten baditu ur horiek euren ibilbide naturalean, herri-jabarikoak izango dira.
V. ATALA
Xedapen orokorrak
420. artikulua
Lur batean urak biltzeko defentsa-obrak badaude, edo, uren ibilbidea aldatzeagatik, obra horiek berriro eraiki behar badira, lurraren jabeak aukeran du beharrezkoak diren konponketak edo eraikinak berak egitea, edo, bestela, kalteak izan dituzten edo begibistan kalteak izan ditzaketen lurren jabeek konponketa edo eraikinok egin ditzaten ahalbidetzea, horrekin berari kalterik eragiten ez bazaio.
421. artikulua
Lur batean gaiak pilatu edo erortzeagatik uren ibilbidea oztopatzen bada hirugarrenari kalte eginez edo hirugarrena arriskuan jarriz, eta, horren ondorioz, gaiok lur horretatik atera behar badira, orduan, aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da.
422. artikulua
Aurreko bi artikuluetan aipaturiko obrek onurak badakartzate, onurotan parte hartzen duten jabe guztiek ordaindu behar dituzte, euren interesaren arabera, obra horiek egiteko gastuak. Inork erruz eragin baditu kalteak, berak izango du gastuon gaineko erantzukizuna.
423. artikulua
Herri-onura dela bide, Nahitaez Jabetza Kentzeari buruzko Legearen menpe daude korporazioei edo subjektu pribatuei dagozkien uren gaineko jabetza eta erabilera.
424. artikulua
Titulu honetako xedapenek ez diete kalterik egiten aldez aurretik eskuratutako eskubideei, ezta ur, erreten, iturri edo urbegien jabeek duten jabari pribatuari ere; jabari horren bidez, jabeok ur, erreten, iturri edo urbegiak aprobetxa, sal eta truka ditzakete jabetza pribatu gisa.
425. artikulua
Kapitulu honetako xedapenek beren beregi arautzen ez dituzten gaietan, urei buruzko lege bereziak agindutakoa aplikatu behar da.
II. KAPITULUA
Meak
426. artikulua
Meak aurkitzeko asmoarekin, espainiarrek nahiz atzerritarrek herri-jabariko lurretan azterlanak edo zulatze-lanak egin ditzakete askatasunez, baldin eta lanon luzezabala edo sakonera ez bada hamar metrokoa baino handiagoa; dena den, lanak gauzatu baino lehen, toki-agintaritzari lanon abisu eman behar diote. Jabetza pribatuko lurretan ezin da azterlanik egin lurren jabeak edo horren ordezkariak horretarako baimenik ematen ez badu.
427. artikulua
Meagintzari buruzko lege bereziak arautzen ditu aurreko artikuluan aipatutako eskubidearen mugak, eskubide hori egikaritzeko aurretiazko formalitate eta baldintzak, meatzat jo behar diren gaien izendapena, eta lurraren jabeari eta, emakida luzatuz gero, meen aurkitzaileei dagozkien eskubideen zehaztapena.
III. KAPITULUA
Jabetza intelektuala
428. artikulua
Literaturako lanaren edo lan zientifiko nahiz artistikoaren egileak eskubidea du berak nahi duen moduan lan hori ustiatu eta xedatzeko.
429. artikulua
Jabetza Intelektualari buruzko Legeak zehazten du eskubide hori nori dagokion, nola egikaritu behar den eta zein den eskubidearen iraupena. Lege berezi horrek arautu edo konpontzen ez dituen gaietan, kode honek jabetzari buruz ezarritako erregela orokorrak aplikatuko dira.
V. TITULUA
EDUKITZA
I. KAPITULUA
Edukitza eta horren motak
430. artikulua
Edukitza naturala da norbaitek gauzak ukan edo eskubideak lupertzea. Edukitza zibila ukantza edo luperketa bera da, norbaitek bere egin nahi duenean gauza edo eskubidea.
431. artikulua
Gauzak ukan edo eskubideak lupertzen dituenak berak egikaritzen du haien gaineko edukitza, edo, osterantzean, beste inork haren izenean.
432. artikulua
Ondasun eta eskubideen gaineko edukitza bi modutan izan daiteke: ugazaba moduan, edo, bestela, gauza edo eskubideak artatu nahiz lupertzeko ukandun moduan, horien gaineko jabaria beste inorena izanik.
433. artikulua
Edukitzailea onusteduna da, baldin eta ez badaki bere tituluan edota eskuratzeko moduan akats bat dagoela eta akats horrek hura baliogabetzen duela.
Edukitzailea gaitzusteduna da, bestelako kasuetan.
434. artikulua
Onustea badela uste da beti, eta edukitzailea gaitzusteduna dela baieztatzen duenari dagokio hori frogatzea.
435. artikulua
Onustez eskuratutako edukitzak izaera hori galtzen du, egintza jakin batzuek egiaztatzen dutenean eta egiaztatzen dutenetik edukitzaileak badakiela gauzaren gaineko edukitza bidegabe duela.
436. artikulua
Uste da edukitza eskuratzeko modua zein izan, eta modu berean eusten zaiola edukitza horren luperketari, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.
437. artikulua
Atzemateko moduko gauza eta eskubideak bakarrik izan daitezke edukitzaren objektu.
II. KAPITULUA
Edukitza eskuratzea
438. artikulua
Edukitza eskuratzen da edukitzapeko gauza edo eskubidea okupatzen denean, gauza nahiz eskubide hori norberaren borondatearen menpe geratzen denean, edo norberaren egintzak eta harako eskubidea eskuratzeko ezarritako lege-formalitateak gauzatzen direnean.
439. artikulua
Edukitza eskura dezakete edukitza hori lupertuko duenak berak, horren legezko ordezkariak, mandatariak eta mandaturik ez duen hirugarrenak; dena den, azken kasu horretan, ez da ulertuko edukitza eskuratu denik, edukitza-egintza inoren izenean egin eta pertsona horrek egintza berresten ez duen bitartean.
440. artikulua
Jaraunsleak jarauntsia onartzen duenean ulertzen da jarauntsiko ondasunen edukitza berari eskualdatu zaiola kausatzailearen heriotza-unetik, inolako geldiarazpenik gabe.
Norbaitek baliozkotasunez arbuiatzen badu jarauntsia, ulertzen da pertsona horrek ez duela inoiz jarauntsiaren edukitzarik izan.
441. artikulua
Ezin da sekula ere edukitza indarkeriaz eskuratu, edukitzailea eskuraketa horren aurka jartzen den bitartean. Norbaitek uste badu beste inori gauzaren ukantza kentzeko akzioa edo eskubidea duela, eta ukanduna gauza ematearen aurka jartzen bada, orduan, hark laguntza eskatu beharko dio agintari eskudunari.
442. artikulua
Jaraunsle-tituluaren bidez oinordeko denak ez ditu jasango bere kausatzaileak izan duen edukitza akastunaren ondorioak, salbu eta frogatzen denean oinordekoak bazuela edukitzan eragina duten akatsen berri; hala ere, onusteko edukitzaren ondoreak ez dira onuragarriak izango oinordekoarentzat, kausatzailearen heriotza-datatik baino.
443. artikulua
Adingabeek eta ezgaituek gauzen gaineko edukitza eskura dezakete; baina euren ordezkari legitimoen laguntza behar dute edukitzatik eurentzat sortzen diren eskubideak erabiltzeko.
444. artikulua
Jasamen hutsarekin burututako egintzek, modu klandestinoan eta gauzaren edukitzaileak jakin gabe gauzaturikoek, eta indarkeriazko egintzek ez dute eraginik edukitzaren gainean.
445. artikulua
Edukitza, egitate gisa, ezin zaie bi pertsona desberdini aitortu, indibiso-kasuetan izan ezik. Edukitzeko egitatearen inguruan auzia sortzen bada, lehenespena izango du oraingo edukitzaileak; oraingo edukitzaileak bi badira, antzinatasun gehien duenak; edukitza guztien data berbera bada, titulua aurkezten duenak; eta, baldintza horiek guztiak berberak badira, orduan, gauza gordailuan edo epailearen zainpean jarriko da harik eta gauza horren gaineko edukitza edo jabetzari buruz, izapide egokien bidez, erabakia hartu arte.
III. KAPITULUA
Edukitzaren ondoreak
446. artikulua
Edukitzaile orok eskubidea du bere edukitza errespetatua izan dadin; eta, edukitzaileari nahasmendua eraginez gero, edukitza bera babestu edo hori edukitzaileari itzuli beharko zaio, prozedura-legeek ezartzen dituzten bideak erabiliz.
447. artikulua
Ugazaba moduan eskuratu eta lupertzen den edukitza bakarrik izan daiteke jabaria eskuratzeko titulua.
448. artikulua
Ugazaba moduan edukitza duenak bere mesederako du edukitzeko titulu zuzena duelako lege-presuntzioa, eta ezin da pertsona hori behartu titulua erakustera.
449. artikulua
Gauza higiezinaren gaineko edukitzak berez dakar gauza horren barruan dauden altzari eta objektuen gainekoa ere, horiek alde batera utzi behar direla frogatu edo egiaztatzen ez den bitartean.
450. artikulua
Gauzaren gaineko edukitza erkidegoan dagoenean ulertuko da gauza horren partaide bakoitzak indibiso bitartean edukitza izan duela gauza zatitzean berari dagokion zatiaren gain bakarrik. Gauzaren gaineko edukitza erkidegoan izanik, edukitza hori, osoosorik zein zati batez, geldiarazten bada, geldiarazpen horrek erkide guztiei egiten die kalte neurri berean.
451. artikulua
Edukitzaile onustedunak bere egiten ditu jasotako fruituak, edukitza hori legez geldiarazten ez den bitartean.
Berezko fruituak eta industria-fruituak euren jatorritik banandu edo bereizten diren unetik jaso direla ulertzen da.
Fruitu zibilak eguneanegunean ekoitzi direla ulertzen da, eta edukitzaile onustedunari dagozkio proportzio horretan.
452. artikulua
Onustea amaitzean berezko fruitu edo industria-fruitu batzuk banantzeke badaude, edukitzaileak eskubidea du fruitu horiek ekoizpenerako egin dituen gastuak berreskuratzeko, eta, horrez gain, uztaren produktu likidoaren zati bat jasotzeko, edukitzak izan duen iraupenaren arabera.
Zamak modu berean lainduko dira, bi edukitzaileen artean.
Gauzaren jabeak, hala nahi badu, edukitzaile onustedunari eman diezaioke lugintza bukatzeko eta banantzeke dauden fruituak biltzeko ahalmena, edukitzaile horrek lugintzan izan dituen gastuen eta edukitzaile horri dagokion produktu likidoaren kalteordain gisa; edukitzaile onustedunak, edozein arrazoi dela eta, ez badu emate hori onartu nahi, orduan, galdu egingo du beste edozein bidetatik kalteordaina eskuratzeko eskubidea.
453. artikulua
Nahitaezko gastuak edukitzaile orori ordaintzen zaizkio; baina edukitzaile onustedunak bakarrik atxiki dezake gauza, gastu horiek ordaintzen ez zaizkion bitartean.
Gastu onuragarriak edukitzaile onustedunari ordaintzen zaizkio gauza atxikitzeko eskubide berberarekin; edukitzaren inguruko auzietan garaile ateratzen denak aukeran du gastuen zenbatekoa ordaintzea, edo, bestela, gastu horiek direlaeta gauzak izan duen balio-gehikuntza ematea.
454. artikulua
Edukitzaile onustedunari ez zaizkio ordaindu behar luxuzko edo atsegin hutsezko gastuak; baina edukitzaile horrek berarekin eraman ditzake gauza nagusia edertzeko erabili dituen apaindurak, baldin eta horrekin gauza nagusiari ez badio narriadurarik eragiten, eta edukitzaile berriak hobesten ez badu aurreko edukitzaileari horrek gastatutakoa ordaintzea.
455. artikulua
Edukitzaile gaitzustedunak ordaindu behar ditu berak jasotako fruituak eta edukitzaile legitimoak jaso ahal izango zituzkeenak; eta eskubidea izango du, bakar-bakarrik, gauza artatzeko nahitaez egin behar izan dituen gastuak berreskuratzeko. Edukitzaile gaitzustedunari ez zaizkio ordainduko luxuzko eta atsegin hutsezko hobekuntzetan egindako gastuak; baina edukitzaile horrek berarekin eraman ahal izango ditu gastuak inbertitzearen ondorioz eskuratutako objektuak, baldin eta horrekin gauzari ez bazaio narraidurarik egiten, eta edukitzaile legitimoak hobesten ez badu objektu horiekin geratzea, edukitza eskuratzeko unean objektuok zuten balioa ordainduz.
456. artikulua
Naturak edo denboraren joanetorriak hobekuntzak sortzen dituenean, hobekuntza horiek beti geratzen dira edukitzaren inguruko auzian garaile ateratzen denarentzat.
457. artikulua
Edukitzaile onustedunak ez du inolako erantzukizunik edukitzapeko gauzetan izandako narriadura edo galeraren gain, doloz jardun duela egiaztatzen denean izan ezik. Edukitzaile gaitzustedunak narriadura edo galeraren gaineko erantzukizuna du beti, baita narriadura edo galera hori ezinbesteko kasuetan gertatzen denean ere, baldin eta asmo gaiztoz atzeratu badu edukitzaile legitimoari gauza ematea.
458. artikulua
Edukitza lortzen duenak ez du hobekuntzarik ordaindu behar, hobekuntza hori desagertu bada gauza eskuratzeko unean.
459. artikulua
Oraingo edukitzaileak egiaztatzen badu iraganean edukitza izan duela, bitarteko denboran ere edukitzaile izan dela uste da, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.
460. artikulua
Edukitzaileak edukitza gal dezake:
1. Gauza bertan behera uzten badu.
2. Gauza beste inori lagatzen badio, kostu bidez nahiz dohainik.
3. Gauza erabat suntsitu edo galtzen bada, edo gauza hori merkataritzatik kanpo geratzen bada.
4. Beste inork gauzaren edukitza badu urtebete baino gehiagoko epean, nahiz eta aurreko edukitzaileak edukitza horren aurkako borondatea agertu.
461. artikulua
Ez da ulertu behar gauza higigarriaren gaineko edukitza galdu denik, gauza hori edukitzailearen eskumendean dagoen bitartean, berak gauza aldianaldian non dagoen jakin ez badaki ere.
462. artikulua
Ez da ulertu behar gauza higiezinen eta eskubide errealen gaineko edukitza galdu denik, ezta hirugarrenaren kalterako gauzatzen den preskripzioaren ondoreetarako eskualdatu denik ere, Hipoteka Legean xedatutakoa betetzen denean baino.
463. artikulua
Norbaitek inoren gauzaren gaineko edukitza badu ukandun huts gisa, eta edukitza horren gaineko egintzak burutzen baditu edo horiei adostasuna ematen badie gauza hori edozein modutan lupertu edo atxikitzeko, orduan, egintza horiek ez dakarte betebeharrik ez kalterik ugazabarentzat, salbu eta ugazabak ukandunari egintzok burutzeko esanbidezko ahalmenak eman dizkionean, edota, egintzok burutu eta gero, ugazabak horiek berretsi dituenean.
464. artikulua
Ondasun higigarrien gain onustez eskuratutako edukitza tituluaren bestekoa da. Hala ere, norbaitek gauza higigarria galdu badu edo inori legearen aurka halakoa kendu bazaio, gauza higigarria erreibindika diezaioke horren edukitza duenari.
Galdutako nahiz ostutako gauza higigarriaren edukitza duenak gauza hori onustez eskuratu badu jendaurreko salmentan, gauzaren jabeak ezin izango du horren itzulketa lortu gauza horren truk emandako prezioa ordaindu gabe.
Halaber, Gobernuaren baimenarekin ezarritako errukietxeetan, gauza higigarriak bahitu badira, gauza bahitu horien jabeak ezin izango du euron itzulketa lortu, halakoak bahitu dituen pertsona edozein izanik ere, establezimenduari bahikuntzaren kopurua eta mugaeguneratutako korrituak ordaindu gabe.
Burtsa, azoka edo merkatuan eskuratutako gauza higigarrietan, edota legez behar den moduan jardun eta antzeko objektuak salerosten dituen merkatariarengandik eskuraturikoetan, Merkataritza Kodeak xedatzen duena bete beharko da.
465. artikulua
Animalia basatien gaineko edukitzari eutsi egiten zaio animaliok edukitzailearen eskumendean dauden bitartean; etxekotutako edo mantsotutako animaliek edukitzailearen etxera itzultzeko ohitura baldin badute, orduan, animalia horiek animalia mantsoekin edo etxeko animaliekin parekatzen dira.
466. artikulua
Edukitza bidegabe galdu duenak edukitza hori berreskuratzen badu Zuzenbidearekin bat etorriz, beraren onurarako izan daitezkeen ondore guztietarako ulertzen da berak edukitza lupertu izan duela inolako geldiarazpenik gabe.
VI. TITULUA
GOZAMENA, ERABILTZEA ETA BIZTANTZEA
I. KAPITULUA
Gozamena
I. ATALA
Gozamena orokorrean
467. artikulua
Gozamenak inoren ondasunak lupertzeko eskubidea ematen du ondasun horien forma eta izaera artatzeko betebeharrarekin batera, salbu eta gozamenaren eraketa-tituluak edo legeak bestelakoa ahalbidetzen duenean.
468. artikulua
Gozamena eratzen da lege bidez; subjektu pribatuen borondatez, borondate hori bizien arteko egintzetan edo azken nahian azaltzen denean; bai eta preskripzio bidez ere.
469. artikulua
Gozamena era daiteke gauzak ematen dituen fruitu guztien edo batzuen gain, pertsona batentzat edo batzuentzat, aldi berean nahiz ondoz ondo eta, betiere, egun jakin batetik aurrera edo egun jakin bat arte, hutshutsean edo baldintzapean. Halaber, gozamena eskubide baten gain era daiteke eskubide hori bereberezkoa edo eskualdaezina denean izan ezik.
470. artikulua
Gozamenaren eraketa-tituluak zehaztuko ditu gozamendunaren eskubide eta betebeharrak; titulu horretan ez bada ezer zehaztu edo bertan zehaztutakoa nahiko ez bada, hurrengo bi ataletan jasotako xedapenak aplikatuko dira.
II. ATALA
Gozamendunaren eskubideak
471. artikulua
Gozamendunak eskubidea du gozamenpeko ondasunek ematen dituzten berezko fruitu, industria-fruitu eta fruitu zibil guztiak eskuratzeko. Finkan aurkitutako altxorrei dagokienez, gozamenduna arrotza besterik ez da.
472. artikulua
Gozamendunari dagozkio gozamena hastean banantzeke dauden berezko fruitu eta industria-fruituak.
Gozamena azkentzean banantzeke daudenak jabeari dagozkio.
Aurreko kasuetan, gozamena hasten denean, gozamendunak ez dizkio jabeari ordaindu behar horrek egindako gastuak; baina, gozamena amaitzean, jabeak gozamendunari ordaindu behar dizkio, banantzeke dauden fruituen produktuarekin, gozamendunak berak egindako lugintza, hazi eta horien antzekoen ondorioz sortutako gastu arruntak.
Artikulu honetan xedatutakoak ez die kalterik egiten hirugarrenaren eskubideei, eskubide horiek eskuratu badira gozamena hasi edo bukatzean.
473. artikulua
Gozamendunak gozamenpeko lur edo landak errentan eman baditu, eta gozamena errentamendua baino lehen amaitzen bada, orduan, gozamendunak edo horren jaraunsle eta oinordekoek eskuratzen dute errentariak ordaindu behar duen errentaren araberako zatia bakarrik.
474. artikulua
Fruitu zibilak eguneanegunean jaso direla ulertzen da, eta fruituok gozamendunari dagozkio gozamenak izan duen iraupenaren arabera.
475. artikulua
Gozamena eratzen bada aldizkako errenta edo pentsioa diruz, fruituz edo obligazioen nahiz eramailearentzako tituluen korrituez jasotzeko eskubidearen gain, orduan, eskubide horren produktu edo fruitutzat hartuko da mugaegun bakoitzean eman beharrekoa.
Gozamenaren bitartez gozatzen badira industria- edo merkataritza-ustiategi batean partehartzeak ematen dituen etekinak, eta etekin horiek banatzeko ez badago mugaegun finkorik, etekinok ere izaera horretakoak izango dira.
Kasu batean zein bestean, horiek guztiak fruitu zibil gisa banatu eta aurreko artikuluak agintzen duen moduan erabiliko dira.
476. artikulua
Gozamenpeko lurrean meatzeak daudenean, gozamendunari ez dagozkio jadanik salatuta edo emakidapean dauden meatzeen produktuak, ezta gozamena hastean langintzapean dauden meatzeenak ere, salbu eta gozamenaren eraketa-tituluan gozamendunari beren beregi eman zaizkionean produktu horiek, edo gozamena unibertsala denean.
Hala ere, gozamendunak harriak, karea eta igeltsua atera ditzake harrobietatik, berak egin behar dituen edo beharrezkoak diren obrak nahiz konponketak burutzeko.
477. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, legezko gozamenean, gozamendunak ustia ditzake jadanik salatuta edo emakidapean dauden meatzeak, bai eta langintzapean daudenak ere, horiek guztiak gozamenpeko lurrean badaude; halakoetan, gozamendunak bere egiten ditu gastuak kendu eta gero geratzen diren etekinen erdiak, eta gastu horiek gozamendunak eta jabeak erdi bana ordaintzen dituzte.
478. artikulua
Gozamendun izateak ez dio berari kentzen Meatzeei buruzko Legeak gozamendun orori ematen dion eskubidea, zertarako eta gozamenpeko lurretan dauden meatzeak salatu eta horien gaineko emakida eskuratzeko, legeak berak ezarritako forma eta baldintzekin.
479. artikulua
Gozamendunak luper ditzake gozamenpeko gauzak akzesio bidez izan duen gehikuntzak, gauza horrentzat eratu diren zortasunak, eta, oro har, gauza horri datxezkion onura guztiak.
480. artikulua
Gozamendunak bere kabuz aprobetxa dezake gozamenpeko gauza, beste inori errentamenduan eman diezaioke gauza hori, eta, orobat, gozamen-eskubidea besterendu ahal du, baita dohainik ere. Dena den, gozamendunak halako izaeraz egiten dituen kontratu guztiak gozamena amaitzean suntsiaraziko dira, landa-finken gaineko errentamendua izan ezik; errentamendu horrek nekazaritzako urtea amaitu arte dirauela ulertuko da.
481. artikulua
Gozamenpeko gauzak, kontsumikorrak izan ez arren, erabileraren erabileraz narriatzen badira, gozamendunak gauza horiek erabil ditzake euren xedearen arabera, eta, gozamena amaitzean, gauza horiek itzuli behar ditu daudendaudenean; hala ere, gauza horiek narriadurak izan badituzte gozamendunaren dolo edo zabarkeriaren ondorioz, gozamendunak jabeari kalteordaina eman behar dio.
482. artikulua
Gozamenak bere barruan hartzen baditu erabileraren erabileraz kontsumitzen diren gauzak, orduan, gozamendunak gauza horiek erabiltzeko eskubidea du, eta, gozamena amaitzean, euren balioa ordaindu behar du gauzok zenbatetsita eman bazaizkio. Gauzak ez badira zenbatetsi, gozamendunak eskubidea du kopuru eta kalitate bereko beste horrenbeste itzultzeko, edo, bestela, gozamena bukatzean gauzok duten prezio arrunta ordaintzeko.
483. artikulua
Mahasti, olibadi eta bestelako zuhaitz nahiz zuhaixken gozamendunak probetxua atera dezake hildako orpoetatik, bai eta istripuen bat delaeta hautsi edo erauzitako orpoetatik ere; baina beste batzuk jarri behar ditu haien ordez.
484. artikulua
Ezbeharra edo aparteko kasua dela eta, hainbat mahasti, olibadi edota zuhaitz nahiz zuhaixka desagertu badira, eta birjarpena ezinezkoa bada edo birjarpen horrek gehiegizko kargak badakartza, orduan, gozamendunak jabearen esku utz ditzake hildako, eroritako edo hautsitako orpoak, eta jabeari eska diezaioke horiek kentzeko eta lurzorua garbi uzteko.
485. artikulua
Mendiaren gozamendunak luper ditzake mendi horrek bere izaeraren arabera eman ditzakeen aprobetxamendu guztiak.
Mendiko zuhaitzak mozteko direnean edo eraikuntzarako oholak egiteko direnean, gozamendunak mendi horretan egin ditzake jabeak egin ohi zituen mozketa edo ebaketa arruntak; jabeak halakorik egin ezean, mozketa edo ebaketak egingo dira tokiko ohiturak zehaztutako modu, zati eta aldian.
Gozamendunak mozketa edo ebaketak egingo ditu beti finkaren artapenari kalterik egin gabe.
Zuhaitzen hazitegietan, gozamendunak behar den besteko meazketa egin dezake bertan geratzen diren zuhaitzak egoki haz daitezen.
Aurreko lerrokadetan ezarritakoaz kanpo, gozamendunak ezin ditu zuhaitzak orpotik ebaki, ebaketa gozamenpeko gauzaren bat birjarri edo hobetzeko egiten denean izan ezik; kasu horretan, gozamendunak aldez aurretik eman behar dio jabeari obra egiteko beharrizanaren berri.
486. artikulua
Lurrak, eskubide errealak edo ondasun higigarriak erreklamatzeko akzioaren gozamendunak akzio hori egikari, eta akzioaren jabea behartu dezake horretarako ordezkaritza eman diezaion eta berak dituen frogabide guztiak laga diezazkion. Akzioa egikaritzearen ondorioz gozamendunak erreklamaziopeko gauza eskuratzen badu, gozamena fruituetara bakarrik mugatuko da, eta gauzaren gaineko jabaria jabearentzat geratuko da.
487. artikulua
Gozamendunak bere ustez komenigarri diren hobekuntza onuragarriak edo atsegin hutsezko hobekuntzak egin ditzake gozamenaren objektu diren ondasunetan, horien forma edo izaera aldatzen ez badu; hala ere, gozamendunak ez du horren ondoriozko kalteordaina eskatzeko eskubiderik. Dena den, gozamendunak hobekuntza horiek ken ditzake, hori egin badaiteke ondasunei kalterik egin gabe.
488. artikulua
Gozamendunak gozamenpeko ondasunetan izandako kalteak konpentsa ditzake berak ondasunotan egindako hobekuntzekin.
489. artikulua
Ondasunen jabeak ondasunok besteren ditzake horien gaineko gozamena beste inork badu ere; dena dela, jabeak ezin ditu ondasun horien forma eta izaera aldatu, eta eurotan ezin du ezer ere egin horrek gozamendunari kalte sortzen badio.
490. artikulua
Gauzaren gaineko edukitza erkidegoan egonik, gauza horren zati bat gozamenpean jartzen bada, gozamendunak egikari ditzake jabeak gauzaren administrazioari buruz eta fruitu nahiz korrituen eskuraketari buruz dituen eskubide guztiak. Erkidegoan edukitako gauza zatitzeagatik erkidegoa amaitzen bada, gozamendunak jasotzen du jabeari edo jabekideari adjudikatutako zatiaren gaineko gozamena.
III. ATALA
Gozamendunaren betebeharrak
491. artikulua
Ondasunak gozatzen hasi aurretik, gozamenduna behartuta dago:
1. Ondasun guztien inbentarioa egitera, jabea edo horren ordezkari legitimoa zitatuz, ondasun higigarriak tasatuz eta ondasun higiezinen egoera deskribatuz.
2. Fidantza ematera, atal honen arabera berari dagozkion betebeharren betetzea bereganatuz.
492. artikulua
Aurreko artikuluaren bigarren paragrafoan jasotako xedapena ez zaio aplikatzen saltzaile edo dohaintzaemaileari, baldin eta horrek bere buruarentzat erreserbatu badu saldutako edo dohaintzapeko ondasunen gaineko gozamena, ezta semealaben ondasunen gaineko gozamena duten gurasoei edo legezko gozamen-kuota duen alargunari ere, baldin eta gurasoak edo alarguna berriz ezkontzen ez badira.
493. artikulua
Gozamenaren titulua edozein izanda ere, gozamendunari barkatu ahal zaio inbentarioa egiteko betebeharra edo fidantza ematekoa, horrekin inori kalterik egiten ez bazaio.
494. artikulua
Gozamendunarentzat fidantza ematea nahitaezkoa izanik, gozamendun horrek ez badu halakorik egiten, jabeak epaileari eska diezaioke ondasun higiezinak administraziopean jartzeko; ondasun higigarriak saltzeko; efektu publikoak, kreditutitulu izendunak edo eramailearentzako kreditutituluak inskripzio bihurtzeko edota bankuan nahiz establezimendu publikoan gordailatzeko; eta, era berean, kapitalak, eskudiruzko kopuruak eta ondasun higigarriak besterentzean lortutako prezioa balore ziurretan inbertitzeko.
Gozamendunari dagozkio gauza higigarrien prezioak eta efektu publikoek nahiz baloreek ematen dituzten korrituak, bai eta administraziopean jarritako ondasunen produktuak ere.
Halaber, gozamendunak fidantzarik ematen ez duen bitartean edo gozamendunari betebehar hori barkatzen ez zaion bitartean, jabeak, hala hobesten badu, bere eskuetan atxiki ditzake, administratzaile gisa, gozamenpeko ondasunak; halakoetan, jabeak gozamendunari eman behar dio ondasunen produktu likidoa, behin administrazio horren ondorioz hitzartu den zenbatekoa edo epaiketa bidez zehaztutakoa kendu eta gero.
495. artikulua
Fidantzarik eman ez duen gozamendunak zineginezko kauzioa egin eta epaileari eska diezaioke nahitaez erabili beharreko altzariak berari emateko, eta berari eta beraren familiari gozamenpeko etxean gela bat esleitzeko; epaileak, kasuan kasuko inguruabarrak aztertu eta gero, eskaera horri baiezkoa eman diezaioke.
Gozamendunaren industriarako beharrezkoak diren tresna, erreminta eta gainerako ondasun higigarriei buruz, gauza bera ulertuko da.
Jabeak ez baditu ondasun higigarri jakin batzuk saldu nahi horiek garrantzi artistikoa edo afekzio-prezioa dutelako, ondasunok berari itzultzeko eska dezake, fidantza bidez bermatzen badu tasazio-balioaren legezko korrituak ordainduko dituela.
496. artikulua
Behin fidantza eman eta gero, gozamendunak produktu guztien gaineko eskubidea du, gozamenaren eraketa-tituluarekin bat etorriz produktu horiek jasotzen hasteko egunetik bertatik.
497. artikulua
Gozamendunak gozamenpeko gauzak jagon behar ditu familiako guraso on batek egingo lukeen moduan.
498. artikulua
Gozamendunak bere gozamen-eskubidea besterendu edo errentan ematen badu, erantzukizuna izango du bera ordezten duen pertsonak, erruz nahiz zabarkeriaz, gozamenpeko gauzei egiten dizkien kalteen gain.
499. artikulua
Gozamena abere-talde edo aziendaren gain eratzen bada, gozamendunak kumeekin ordeztu behar ditu, bai urtero berez hiltzen diren abelburuak, baita animalia kaltegarrien harrapakeriaren ondorioz hiltzen direnak ere.
Gozamena abelburuen gain eratu eta gero, gozamenpeko abelburu guztiak hiltzen badira kutsaduraren eraginez edo ezohiko gertakizun baten ondorioz, eta ezbehar hori ez bada gozamendunaren erruz gertatu, orduan, gozamendun horrek aski du jabeari ezbeharra gertatu eta gero geratu diren hondakinak itzultzearekin.
Halaber, istripuren bat delaeta abelburu batzuk hiltzen badira, eta gozamendunak ez badu horretan errurik izan, gozamenak bere horretan iraungo du bizirik geratzen diren abelburuen gain.
Gozamena abelburu antzuen gain eratu bada, gozamen horren ondoreak eta gauza suntsikorren gain eratutako gozamenarenak berberak direla ulertuko da.
500. artikulua
Gozamendunaren betebeharra da gozamenpeko gauzetan beharrezkoak diren konponketa arruntak egitea.
Konponketak nahitaezkoak badira gauzen ohiko erabilerak eragiten dituen narriadura edo apurketei aurre egin eta gauzok artatzeko, orduan, konponketok arruntak direla ulertuko da. Jabeak hala eskatu arren, gozamendunak ez baditu konponketa arruntak egiten, jabeak bere kabuz egin ditzake halakoak, gozamendunaren kontura.
501. artikulua
Konponketa bereziak jabearen kontura izango dira. Gozamendunak konponketa horien abisu eman behar dio jabeari, horiek egiteko beharrizana presakoa denean.
502. artikulua
Jabeak konponketa bereziak egiten baditu, gozamendunari eska diezaioke eurotan inbertitutako kopuruak gozamenak iraun artean sortu duen lege-korritua.
Konponketa horiek gauzaren iraupenerako nahitaezkoak izanik, jabeak ez baditu halakoak egiten, gozamendunak egin ditzake; baina, gozamena amaitu eta gero, gozamendunak jabeari eska diezaioke obra horiek direlaeta finkak izan duen balio-gehikuntza.
Jabeak ezezkoa ematen badio zenbateko hori ordaintzeari, gozamendunak gauza atxikitzeko eskubidea du gauza horren produktuekin harako zenbatekoa berreskuratu arte.
503. artikulua
Jabeak gozamenpeko finkan gauza ditzake bertan egin daitezkeen obra eta hobekuntzak, edo, finka hori landa-lurra izanez gero, landaketa berriak ere, baldin eta egintza horiek ez badute gozamenaren balioa txikitzen eta ez badiote kalterik egiten gozamendunaren eskubideari.
504. artikulua
Gozamenak dirauen artean, gozamendunaren kontura geratuko dira urteko zama eta kontribuzioak, bai eta fruituen kargatzat hartzen direnak ere.
505. artikulua
Jabearen kontura geratuko dira gozamenak iraun artean eta kapitalaren gain zuzenzuzenean ezartzen diren kontribuzioak.
Jabeak halakoak ordaindu baditu, gozamendunak jabeari eman behar dizkio kontzeptu hori delaeta jabeak ordaindu dituen zenbatekoen korrituak; gozamendunak zenbateko horiek aurreratu baditu, eurok jaso beharko ditu gozamena amaitzean.
506. artikulua
Gozamena ondare osoaren gain eratzen bada, eta, eraketa-unean, jabeak zorrak baditu, 642 eta 643. artikuluek dohaintzen inguruan ezarritakoa aplikatuko zaie, hala gozamenaren iraupenari, nola gozamendunak zor horiek ordaintzeko duen betebeharrari.
Xedapen berbera aplikatuko da, baldin eta gozamena eratzean jabea aldizkako prestazioak ordaintzera behartuta badago, nahiz eta prestazio horiek kapital ezagunik izan ez.
507. artikulua
Gozamendunak fidantza egokia eman badu edo ematen badu, bere kabuz erreklama ditzake gozamenaren osagai diren kreditu mugaeguneratuak. Gozamendunari fidantza emateko betebeharra barkatu bazaio, gozamendun horrek ezin izan badu fidantzarik eman edo emandakoa nahiko izan ez bada, orduan, gozamendunak jabearen baimena izan beharko du, edo, jabearen baimenik izan ezean, epailearen baimena, kreditu horiek kobratu ahal izateko.
Fidantza eman duen gozamendunak bere ustez komenigarri den xedea eman diezaioke eskuratutako kapitalari. Fidantzarik eman ez duen gozamendunak, berriz, irabazian jarri beharko du kapitala, jabearen adostasunarekin, eta, bi-bion arteko adostasunik izan ezean, epailearen baimenarekin; eta, edozein kasutan, gozamendunak beste adina berme eman behar du gozamenpeko kapitala osoosorik iraunarazteko.
508. artikulua
Gozamendun unibertsalak osorik ordaindu beharko du bizi arteko errentaren edo mantenu-pentsioaren gaineko legatua.
Gozamena jarauntsiko zati alikuotaren gain eratu bada, gozamendunak legatu hori ordainduko du bere kuotaren arabera.
Bi kasu horietan, jabeak ez du ordainketarik egin behar.
Gozamena gauza zehatz baten edo batzuen gainekoa bada, gozamendunak legatu hori ordainduko du errenta edo pentsioa gauza horien gain zehatzmehatz eratuta dagoenean bakarrik.
509. artikulua
Finkaren gainean hipoteka eratu bada zor jakin batzuen ordainketa bermatzeko, finka hipotekatuaren gozamendunak ez ditu zor horiek ordaindu behar.
Zor horiek ordaintzeko, finka enbargatu edo epaiketa bidez saltzen bada, jabeak erantzukizuna izango du gozamendunari begira, arrazoi horrengatik gozamendunak galdu duenaren gain.
510. artikulua
Gozamena eratu bada jarauntsi osoaren edo horren zati alikuotaren gain, gozamendunak diru kopuru batzuk aurrera ditzake gozamenpeko ondasunei dagozkien jarauntsi-zorrak ordaintzeko; gozamena azkentzean, gozamendunak jabeari eska diezaioke kopuru horiek itzul diezazkion, korriturik gabe.
Gozamendunak ezezkoa ematen badio diru kopuru horiek aurreratzeari, jabeak eska dezake gozamenpeko ondasunak saltzeko, diru kopuru horiek ordaintzeko behar den besteko neurrian; osterantzean, jabeak bere diruz ordain ditzake kopuruok, eta, kasu horretan, gozamendunari eska diezazkioke kasuan kasuko korrituak.
511. artikulua
Gozamendunak jabeari eman behar dio hirugarrenak burututako egintza guztien berri, baldin eta horien berri badu eta halako egintzek jabetza-eskubideei kalte egin ahal badiete; hori egin ezean, gozamendunak kaltegaleren gaineko erantzukizuna izango du horien erruduna bera izango balitz bezala.
512. artikulua
Gozamendunaren kontura geratuko dira gozamenari buruzko auzietan izandako gastu, kostu eta kondenak.
IV. ATALA
Gozamena azkentzeko moduak
513. artikulua
Gozamena azkentzen da:
1. Gozamenduna hiltzen denean.
2. Gozamena zein eperako eratu, eta epe hori amaitzen denean, edota eraketa-tituluan jasotako baldintza suntsiarazlea betetzen denean.
3. Pertsona berarengan bateratzen direnean gozamena eta jabetza.
4. Gozamendunak gozamenari uko egiten dionean.
5. Gozamenpeko gauza osoosorik galtzen denean.
6. Eratzailearen eskubidea suntsiarazten denean.
7. Preskripzioa gertatzen denean.
514. artikulua
Gozamenpeko gauzaren zati bat bakarrik galtzen bada, eskubide horrek gainerako zatian iraungo du.
515. artikulua
Ezin da herri, korporazio edo sozietateentzat gozamenik eratu, baldin eta gozamen horren iraupena hogeita hamar urtetik gorakoa bada. Halako gozamena eratu bada, eta, epea bete aurretik, herria hutsik geratzen bada edo korporazioa nahiz sozietatea desegiten bada, orduan, egitate hori delabide gozamena azkendu egingo da.
516. artikulua
Gozamena eman bada hirugarrenak adin jakin bat bete arte, gozamen hori ez da azkenduko aldez aurretik finkatutako urte-kopurua bete arte, nahiz eta hirugarrena lehenago hil, salbu eta gozamena beren beregi eman denean pertsona horren bizitzari begira bakarrik.
517. artikulua
Gozamena finkaren gain eratu bada eta, finka horren osagaietako bat eraikin bat izanik, eraikin hori edozein modutan suntsitzen bada, orduan, gozamendunak eskubidea izango du lurzorua eta gaiak lupertzeko.
Hori berori gertatuko da, gozamena eraikinaren gain bakarrik eratu eta eraikin hori suntsitzen bada. Hala ere, kasu horretan, jabeak beste eraikin bat egin nahi badu, lurzorua okupatzeko eta gaiak erabiltzeko eskubidea izango du; baina gozamendunari ordaindu behar dizkio gozamenak dirauen artean lurzoruaren eta gaien balioak sortzen dituen korrituak.
518. artikulua
Gozamendunak jabearekin batera ordaintzen badu gozamenpeko lurraren asegurua, ezbehar-kasuetan gozamendunak eraikin berria gozatzeari eutsiko dio eraikina egiten bada; jabeari ez bazaio komeni eraikin berria egitea, gozamendunak jasoko ditu aseguruaren prezioak ematen dituen korrituak.
Lurraren gaineko asegurua gozamendunak bakarrik eratu badu jabeak aseguru hori ordaintzeari ezezkoa eman diolako, gozamendunak eskubidea eskuratuko du aseguruaren prezioa osoosorik jasotzeko, ezbeharren bat gertatzen denean; hala ere, prezio hori finka berreraikitzeko inbertitu beharko du.
Lurraren asegurua jabeak bakarrik eratu badu gozamendunak aseguru hori ordaintzeari ezezkoa eman diolako, jabeak osoosorik jasoko du aseguruaren prezioa, ezbeharren bat gertatzen denean, betiere, gozamendunak aurreko artikuluaren arabera duen eskubideari kalterik egin gabe.
519. artikulua
Herri-onura delaeta gozamenpeko gauza nahitaez kentzen bada, jabea behartuta dago gauza hori subrogatzera, gauza horren balio bera eta antzeko baldintzak dituen beste gauza batekin; edo, osterantzean, gozamendunari kalteordainaren legezko korrituak ordaintzera, gozamenak iraun behar duen denbora osoan zehar. Jabeak azken hori aukeratuz gero, korrituen ordainketa fidantza bidez bermatu beharko du.
520. artikulua
Gozamenpeko gauza behar bezala erabili ez arren, gozamena ez da azkentzen. Dena den, gozamenpeko gauzaz abusatzeagatik jabeari kalte larriak eragiten bazaizkio, jabeak eska dezake berari gauza itzultzeko; hori eginez gero, jabeak gozamendunari urtero ordaindu behar dio gauzaren produktu likidoa, behin administrazioaren ondorioz gozamendunak izan dituen gastuak eta gozamendun horri esleitu zaion saria kendu eta gero.
521. artikulua
Gozamena eratu bada berori eratzeko unean bizirik zeuden pertsona batzuen mesederako, gozamena ez da azkenduko pertsona horietatik azkena hil arte.
522. artikulua
Behin gozamena amaitu eta gero, jabeari itzuli beharko zaio gozamenpeko gauza; hala ere, gozamendunak edo beraren jaraunsleek gauza hori atxikitzeko eskubidea dute eurek ordaindutako zenbatekoak itzultzen ez zaizkien bitartean. Gauza itzulitakoan, fidantza edo hipoteka ezereztuko da.
II. KAPITULUA
Erabiltzea eta biztantzea
523. artikulua
Erabili eta biztantzeko eskubideen eraketa-tituluak arautuko ditu erabiltzaileari eta biztantzeko eskubidearen titularrari dagozkien ahalmen eta betebeharrak; titulurik izan ezean, hurrengo xedapenek arautuko dituzte halakoak.
524. artikulua
Erabiltzeko eskubidearen bitartez, inoren gauzak ematen dituen fruituak jaso daitezke erabiltzailearen eta beraren familiaren beharrizanak asetzeko behar den beste, nahiz eta familia hori handitu.
Biztantzeko eskubidearen bitartez, eskubide horren titularrak inoren etxean okupa ditzake berak eta beraren familiakoek bizitzeko behar dituzten gelak.
525. artikulua
Erabili eta biztantzeko eskubideak ezin dakizkioke inori errentan eman, ezta intsuldatu ere, inolako tituluren bidez.
526. artikulua
Abere-taldea edo azienda erabiltzeko eskubidea duenak abelkumeak, esnea eta artilea aprobetxa ditzake bere eta beraren familiaren kontsumorako behar den beste; orobat, simaurra aprobetxa dezake berak lantzen dituen lurrak behar beste ongarritzeko.
527. artikulua
Erabiltzaileak kontsumitzen baditu inoren gauzak ematen dituen fruitu guztiak, edo biztantzeko eskubidearen titularrak etxe osoa okupatzen badu, orduan, erabiltzaile edo titular horrek lugintza-gastuak ordaindu, artapenerako konponketa arruntak egin eta kontribuzioak ordaindu behar ditu gozamendunak egiten duen moduan.
Erabiltzaileak fruitu batzuk baino ez baditu eskuratzen, edo biztantzeko eskubidearen titularrak gela batzuk bakarrik erabiltzen baditu, orduan, erabiltzaile edo titular horrek ez du ezer ordaindu behar, baldin eta jabeak eskuratzen dituen fruitu edo aprobetxamenduak aski badira gastu eta zamak ordaintzeko. Horiek aski ez badira, erabiltzaile edo titularrak jarri behar du falta den zatia.
528. artikulua
Erabili eta biztantzeko eskubideei aplika dakizkieke gozamenaren inguruan ezarritako xedapenak, baldin eta xedapen horiek ez badira kapitulu honetan agindutakoaren aurkakoak.
529. artikulua
Arrazoi berberen ondorioz azkentzen dira erabili eta biztantzeko eskubideak, eta gozamena; eta, gauzaz eta bizilekuaz modu larrian abusatzen denean ere, azkendu egiten dira erabili eta biztantzeko eskubideak.
VII. TITULUA
ZORTASUNAK
I. KAPITULUA
Zortasunak orokorrean
I. ATALA
Finken gain ezar daitezkeen zortasun-motak
530. artikulua
Zortasuna da ondasun higiezin baten onurarako beste baten gain ezartzen den karga, bi ondasunon jabeak desberdinak izanik.
Zortasuna zein lurren mesederako eratu, eta horrexeri deritzo lur nagusi; zortasuna zein lurrek jasan, eta horrexeri deritzo zortasunpeko lur.
531. artikulua
Halaber, zortasunak ezar daitezke pertsona baten nahiz gehiagoren onurarako, edo, bestela, erkidego baten onurarako, pertsona edo erkidego horiek kargapeko finkaren jabe ez direnean.
532. artikulua
Zortasunak izan daitezke etengabekoak nahiz etenkakoak, agerikoak edo ezagerikoak.
Zortasunak etengabekoak dira horien erabilera iraunkorra denean edo izan daitekeenean, gizakiak inolako egitaterik burutu gabe.
Zortasunak etenkakoak dira denbora-tarte luzeagoetan edo laburragoetan erabiltzen direnean eta erabilera hori gizakiak buruturiko egitateen menpe dagoenean.
Zortasunak agerikoak dira kanpoko zeinuen bitartez adierazten direnean eta etengabe begibistan daudenean, baldin eta zeinu horiek azalarazten badituzte zortasun horien erabilera eta aprobetxamendua.
Zortasunak ez dira agerikoak, horiek badirela erakusten duten zantzuetarik bat bera ere ez dagoenean.
533. artikulua
Gainera, zortasunak positiboak edo negatiboak izan daitezke. Zortasun positiboetan, zortasunpeko lurraren jabeak inori zerbait egiten utzi behar dio, edo, bestela, berak bere kabuz egin behar du zerbait; zortasun negatiboetan, zortasunpeko lurraren jabeak debekaturik du zortasunik gabe zilegia izango litzatekeen zerbait egitea.
534. artikulua
Zortasunak modu aktibo edo pasiboan zein finkatakoak izan, eta finka horretatik banaezinak dira.
535. artikulua
Zortasunak zatiezinak dira. Zortasunpeko lurra bi lur edo gehiagotan zatitu arren, zortasuna ez da aldatzen, eta zatiketaren ondorioz sorturiko lurrek jasan behar dute zortasun hori, eurei dagokien zatian.
Lur nagusia bi lur edo gehiagotan zatitzen bada, zati bakoitzaren jabeak osoosorik erabil dezake zortasuna, baina ezin du zortasuna erabiltzeko lekua aldatu, ezta zortasuna beste modu batera astundu ere.
536. artikulua
Zortasunak ezartzen dira, bai legez, bai jabeen borondatez. Lehenengoei legezko zortasun deritze, eta bigarrenei borondatezko zortasun.
II. ATALA
Zortasunak eskuratzeko moduak
537. artikulua
Ageriko eta etengabeko zortasunak eskuratzen dira titulu bidez edota hogei urteko preskripzioaren bidez.
538. artikulua
Aurreko artikuluak aipatzen dituen zortasunak preskripzioaren bidez eskuratzeko, edukitza-epea honetara zenbatzen da: zortasun positiboetan, lur nagusiaren jabea edo zortasunetik probetxua ateratzen duena zortasunpeko lurraren gain eskubide hori egikaritzen hasi den egunetik; zortasun negatiboetan, lur nagusiaren jabeak, egintza formal baten bidez, zortasunpeko lurraren jabeari zortasunik gabe zilegia izango litzaiokeen zerbait egitea debekatzen dion egunetik.
539. artikulua
Titulu bidez bakarrik eskura daitezke agerikoak ez diren zortasun etengabekoak eta etenkako zortasunak ere bai, azken horiek agerikoak izan zein izan ez.
540. artikulua
Preskripzio bidez eskuratu ezin diren zortasunei buruz ez badago eraketa-titulurik, titulu horren ordez onar daiteke zortasunpeko lurraren jabeak egindako aitorpen-eskritura, edo, bestela, epai irmoa.
541. artikulua
Bi finken jabeak bion artean jartzen badu zortasuna badela erakusten duen ageriko zeinua, eta, ondoren, finka horietako bat besterentzen bada, orduan, zeinu hori izatea titulutzat hartuko da zortasunak modu aktibo nahiz pasiboan bere horretan iraun dezan, salbu eta, bi finka horien gaineko jabetza banantzeko unean, horietatik edozeinen besterentze-tituluan aurkakoa adierazi denean, edo, osterantzean, eskritura egin baino lehenago, zeinu hori desagerrarazi denean.
542. artikulua
Zortasuna ezartzean ulertzen da zortasun hori erabiltzeko beharrezkoak diren eskubide guztiak eman direla.
III. ATALA
Lur nagusiaren eta zortasunpeko lurraren jabeek dituzten eskubide eta betebeharrak
543. artikulua
Lur nagusiaren jabeak bere kontura egin ditzake, zortasunpeko lurrean, zortasuna erabili eta artatzeko beharrezko diren obrak; baina ezin du zortasuna aldatu, ezta hori gehiago astundu ere.
Horretarako, epe eta modurik egokiena aukeratu behar du zortasunpeko lurraren jabeari ahalik eta deserosotasunik txikiena eragiteko.
544. artikulua
Lur nagusiak bat baino gehiago izanez gero, horien guztien jabeek ordaindu behar dituzte aurreko artikuluan aipaturiko gastuak, obrak jabe bakoitzari ematen dion onuraren arabera. Gastu horiek ordaindu nahi ez dituen jabea betebehar horretatik aske gera daiteke gainerakoen mesederako zortasunari uko eginez gero.
Zortasunpeko lurraren jabeak zortasuna edozein modutan erabiltzen badu, eta aurkako itunik ez badago, jabe horrek ordaindu behar ditu gastuak, aurretik adierazitako proportzioan.
545. artikulua
Zortasunpeko lurraren jabeak ezin dio inolako kalterik egin bertan eratutako zortasunaren erabilerari.
Hala ere, jatorrian esleituriko kokapenaren ondorioz edo zortasuna erabiltzeko hasieran ezarri zen moduaren ondorioz, zortasuna deserosoegi bihurtzen bada zortasunpeko lurraren jabearentzat, edo jabe horrek ezin badu bertan egin obra, konponketa edo hobekuntza garrantzitsurik, orduan, jabe horren kontura alda daiteke zortasuna, jatorrizkoak bezain erosoak diren leku nahiz erabiltze-moduak eskainiz, eta lur nagusiaren jabeari edo zortasuna erabiltzeko eskubidea dutenei kalterik egin gabe.
IV. ATALA
Zortasunak azkentzeko moduak
546. artikulua
Zortasunak azkentzen dira:
1. Pertsona berarengan bateratzen direnean lur nagusiaren gaineko jabetza eta zortasunpeko lurraren gainekoa.
2. Hogei urtetan zehar zortasunok erabiltzen ez direnean.
Epe horren zenbaketa hasiko da, etenkako zortasunetan, zortasuna erabiltzeari utzi zaion egunetik; eta, etengabeko zortasunetan, zortasunaren aurkako egitate bat burutu izan den egunetik.
3. Lurren egoera aldatzeagatik zortasunak erabili ezin direnean; hala ere, geroago lurren egoerak zortasuna erabiltzea ahalbidetzen badu, zortasun hori berpiztu egingo da, salbu eta, zortasuna berriro erabil daitekeen unean, preskripziorako epea amaiturik dagoenean, aurreko zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz.
4. Zortasuna aldi baterakoa edo baldintzapekoa izanik, epe-muga heldu edo baldintza betetzen denean.
5. Lur nagusiaren jabeak zortasunari uko egiten dionean.
6. Lur nagusiaren eta zortasunpeko lurraren jabeek euren artean zortasunetik askatzea hitzartzen dutenean.
547. artikulua
Zortasuna emateko modua preskriba daiteke zortasuna bera preskribatzen den modu eta neurri berean.
548. artikulua
Lur nagusia jabe bati baino gehiagori badagokie erkidegoan, eta horietako batek bakarrik erabiltzen badu zortasuna, jabe horren erabilerak preskripzioa eragozten du beste jabeentzat ere.
II. KAPITULUA
Legezko zortasunak
I. ATALA
Xedapen orokorrak
549. artikulua
Legez ezarritako zortasunen helburua da herri-onura edo subjektu pribatuen interesa.
550. artikulua
Zortasunak herriaren edo auzokoen onurarako ezartzen badira, zortasunok zehazten dituzten lege eta erregelamendu bereziek eta, halakorik izan ezean, titulu honetako xedapenek arautuko dituzte zortasun horien gorabehera guztiak.
551. artikulua
Titulu honetako xedapenek arautuko dituzte legeak subjektu pribatuen intereserako edo onura pribatuaren ondorioz ezartzen dituen zortasunak, betiere, hiri- nahiz landa-poliziari buruzko legeek, erregelamenduek eta ordenantza orokorrek edo tokiko ordenantzek xedatutakoari kalterik egin gabe.
Zortasun horiek interesdunek egindako hitzarmenaren bidez alda daitezke, baldin eta legeak ez badu hori debekatzen eta hirugarrenari ez bazaio kalterik egiten.
II. ATALA
Uren inguruko zortasunak
552. artikulua
Beheko lurrek nahitaez jaso behar dituzte goiko lurretatik berez eta gizakiaren eskuhartzerik gabe erortzen diren urak, baita urok euren ibilbidean eramaten dituzten lur eta harriak ere.
Beheko lurren jabeak ezin ditu egin zortasun hori eragozten duten obrak, eta goiko lurren jabeak ezin ditu egin zortasuna astuntzen dutenak.
553. artikulua
Ibaien urbazterrak, jabari pribatukoak izan arren, herri-erabilerako zortasunaren menpe daude euren luzera eta ertzetan, hiru metroko zonaldean, nabigazio, flotazio, arrantza eta salbamenduko interes orokorraren mesederako.
Zirgako bide-zorraren menpe daude ibai nabigakor edo flotakorretako ertzen mugakide diren lurrak; zortasun hori ibaien nabigazio eta flotazioaren zerbitzupean bakarrik dago.
Jabetza pribatuko lurrak okupatu behar badira hori lortzeko, aurretiaz kalteordain egokia eman behar da.
554. artikulua
Uharka egitea beharrezkoa bada ibai edo errekatik ura desbideratu nahiz hartzeko, edo etengabeko nahiz etenkako beste urlaster batzuk aprobetxatzeko, eta uharka egin behar duena ez bada urbazterren jabea edo uharkari eutsi behar dioten lurren jabea, orduan, uharkako zurkaitz-zortasuna ezar daiteke aurretiaz kalteordain egokia emanez.
555. artikulua
Urateraketa eta uraskari buruzko zortasun nahitaezkoak ezar daitezke hirietako edo baserrietako auzoen mesederako, herri-onura delabide eta aurretiaz kalteordain egokia emanez.
556. artikulua
Urateraketa eta uraskari buruzko zortasunei dagokienez, zortasunpeko lurretan bidea utzi behar zaie pertsona nahiz abelburuei, bertatik igaro daitezen, zortasuna erabiltzeko lekuraino; kalteordaina zerbitzu horretara ere hedatu behar da.
557. artikulua
Norbaitek ur batzuk xedatzeko ahalmena badu eta ur horiek bere finkara ekarri nahi baditu, orduan, eskubidea du urok tarteko lurretatik urok igaroarazteko; baina kalteordaina eman behar die lur horien jabeei, bai eta beheko lurren jabeei ere, urak azken horietara irazi edo eroriz gero.
558. artikulua
Aurreko artikuluan emandako eskubidea erabili nahi duenak zenbait betebehar ditu:
1. Egiaztatu behar du ura xedatzeko ahalmena duela eta ur hori behar bestekoa dela, ur horren xedeak zein erabilera izan, eta erabilera hori betetzeko.
2. Egiaztatu behar du berak eskatzen duen bidea, egokiena izateaz gain, hirugarrenari kargarik gutxien dakarkiona dela.
3. Kalteordaina eman behar dio zortasunpeko lurraren jabeari, legeek eta erregelamenduek zehazten duten moduan.
559. artikulua
Interes pribaturako akueduktu-zortasunik ezin da ezarri eraikinetan, horien patio edo geletan, ezta aurretiaz diren lorategi eta ortuetan ere.
560. artikulua
Akueduktu-zortasunak ez dakar inolako oztoporik, zortasunpeko lurraren jabeak lur hori itxi eta hesitzeko, ezta akueduktuaren beraren gain eraikitzeko ere; dena den, ezin zaio akueduktuari kalterik egin, eta ezin dira eragotzi nahitaezko konponketa eta garbiketak.
561. artikulua
Legearen ondoreetarako, akueduktu-zortasuna etengabeko eta ageriko zortasuntzat jotzen da, nahiz eta uren igarotzea etengabekoa izan ez, zortasunaren erabilera lur nagusiaren beharrizanen menpe egon edota egunetik egunera nahiz ordutik ordura zehazturiko txandetan erabili.
562. artikulua
Norbaitek, bere landa ureztatu edo hobetzeko, urgeralekua edo urbanategia eraiki behar badu urak zein ubidetatik hartu, eta ubide horretan bertan, orduan, ubidearen ertzetako jabeei eska diezaieke haren eraikuntza ahalbidetzeko; horretarako, aurretik kaltegaleren ordaina eman behar du, eta kalteordain horrek barneratu behar ditu zortasun berriarekin jabe horiei eta gainerako ureztatzaileei eragiten zaizkien kaltegalerak.
563. artikulua
Kode honetan arauturik gabeko arazoetan, atal honetako ur zortasunen ezarpen, hedadura, forma eta baldintzei aplikagarri izango zaizkie gai horien inguruko lege bereziak.
III. ATALA
Bide-zorra
564. artikulua
Finka edo landa bat beste finka edo landa batzuen artean kokaturik badago, eta herri-biderako irteerarik ez badu, orduan, jabeak eskubidea du alboko landotatik bidea eskatzeko; horretarako, aurretiaz kalteordain egokia eman behar du.
Zortasunaren eraketak ahalbidetzen badu hori etengabe erabiltzea lur nagusiaren beharrizan guztiak asetzeko, eta, horretarako, bide iraunkorra ezartzen bada, kalteordainak barneratuko ditu okupaturiko lurraren balioa eta zortasunpeko lurrari eragiten zaizkion kalteen zenbatekoa.
Finka bat beste batzuen artean kokaturik badago, eta bide-zorra ezartzen bada finka horren uztak zortasunpeko lurretatik ateratzeko, bide iraunkorrik ezarri gabe, orduan, kalteordainak barneratuko du karga horrek eragiten dituen kalteen ordaina.
565. artikulua
Bide-zorra ezarri behar da zortasunpeko lurrari kalterik gutxien eragiten dion lekutik, eta, erregela horrekin bateratzeko modukoa den heinean, lur nagusitik herri-bidera dagoen tarterik txikienetik.
566. artikulua
Bide-zorraren zabalera lur nagusiaren beharrizanak asetzeko bestekoa izango da.
567. artikulua
Salmenta, trukaketa edo banaketaren bidez finka bat eskuratzen bada, eta finka hori saltzaile, trukatzaile edo partaidekidearen beste finka batzuen artean kokaturik badago, , horiek guztiek finka horretara heltzeko bidea eman behar dute kalteordainik jaso gabe, aurkakoa ituntzen denean izan ezik.
568. artikulua
Finka bat beste batzuen artean kokaturik egon arren, jadanik ez bada beharrezkoa halakoari beste horietatik bide ematea jabeak finka hori batu duelako herri-bidearen ondoan dagoen finka batekin, orduan, zortasunpeko lurraren jabeak zortasunaren azkentzea eska dezake berak kalteordain gisa eskuratu duena itzuliz.
Gauza bera ulertuko da, finka bat beste batzuen artean kokatuta egonik, finka horretan sartzeko beste bide bat irekitzen denean.
569. artikulua
Eraikina egin edo konpontzeko nahitaezkoa bada inoren lurretik gaiak igarotzea edo lur horretan aldamioak nahiz obrarako beste objektu batzuk jartzea, lur horren jabea behartuta dago adostasuna ematera; baina horrekin eragiten zaizkion kalteen ordain egokia jaso dezake.
570. artikulua
Abelburuentzako bide-zorrak, eta, zehatzago, mendarteak, abelbideak, oinbideak edo horien antzeko beste izen batzuk dituzten zortasunak, bai eta uraska-, etzaleku- eta saroe-zortasunak ere, arlo horretako ordenantza eta erregelamenduek arautuko dituzte, eta, halakorik izan ezean, tokiko usadio eta ohiturek.
Legebidez eskuraturiko eskubideei kalterik egin gabe, mendarteak ezin du 75 metro baino gehiagoko zabalera izan; abelbideak, 37 metro eta 50 zentimetro baino gehiago; eta oinbideak, 20 metro baino gehiago.
Abelburuentzako bide- edo uraska-zortasun nahitaezkoa ezarri behar bada, atal honetan, eta 555 eta 556. artikuluetan xedatutakoa bete behar da. Kasu horretan, zortasunaren zabalera ezin da izan 10 metrotik gorakoa.
IV. ATALA
Mehelin-zortasuna
571. artikulua
Mehelin-zortasunak arautzen dituzte titulu honetako xedapenek, eta tokiko ordenantza eta usadioek ere bai, azken horiek titulu honen aurkakoak ez diren heinean, edo titulu honek arautzen ez dituen gaietan.
572. artikulua
Mehelin-zortasuna badela uste da, horren aurkako titulurik, kanpoko zeinurik edo frogarik ez dagoen bitartean:
1. Elkarren ondoko eraikinak banantzen dituzten hormetan, altuerarik gutxien duen hormaren punturik goreneraino.
2. Hirietako edo baserrietako auzoetan dauden lorategi edo eskortak banantzen dituzten hormetan.
3. Landa-lurrak banantzen dituzten hesi, itxitura eta palaxuetan.
573. artikulua
Mehelin-zortasunaren aurkako kanpo-zeinurik badela ulertzen da:
1. Eraikinak banantzen dituzten hormetan leiho edo zulo irekiak daudenean.
2. Banantzehormaren alde bat arteza eta hormalde osoa koskarik gabekoa denean; eta, beste aldean, goiko zatia era horretakoa izanik, beheko zatiak koskak edota irtenuneak dituenean.
3. Horma osoa finka baten lurrean bakarrik eraiki denean, ez, ordea, elkarren ondoko finken lurretan erdi bana.
4. Hormak finka baten habe, pisu eta teilapeen zama jasaten duenean, ez, ordea, alboko finkarenak.
5. Patioak, lorategiak eta landak banantzen dituen horma eraiki denean teilatutxoetako urak finka batera bakarrik isur daitezen.
6. Banantzehorma harlanduaz eraikia izanik, horma horrek harripauso izeneko harriak dituenean, eta harriok tartetik tartera azalaren alde batetik bakarrik irteten direnean, ez, ordea, beste aldetik.
7. Itxitura edo palaxuekin defendaturiko landen ondokoak itxita ez daudenean.
Kasu horietan guztietan ulertuko da horma, itxitura edo palaxuen gaineko jabetza dagokiola, modu esklusiboan, aipatu zeinuetatik edozeinetan oinarritutako presuntzioa zein finka edo landaren mesederako izan, eta horren jabeari.
574. artikulua
Landen artean irekitako zanga edo erretenek mehelin-izaera dutela uste da aurkakoa egiaztatzen duen titulurik edo zeinurik ez badago.
Mehelinaren aurkako zeinua bada izan, alde batean bakarrik agertzen denean zanga ireki edo garbitzeko atera den lurra nahiz zaborreria; kasu horretan, zangaren gaineko jabetza dagokio, modu esklusiboan, kanpoko zeinua zein landaren mesederako izan, eta horren jabeari.
575. artikulua
Mehelina zein finkaren mesederako izan, eta horren jabeek ordaindu behar dituzte, bakoitzari dagokion eskubidearen arabera, mehelin-horma konpondu eta eraikitzeko gastuak, eta mehelin izaera duten itxitura, palaxu, zanga eta erretenak artatzeko gastuak ere bai.
Dena den, jabe oro karga horiek ordaintzeko betebeharretik aske gera daiteke mehelinari uko eginez gero, salbu eta mehelin-horma jabe horren eraikinaren euskarria denean.
576. artikulua
Mehelin-horma eraikinaren euskarri izanik, eraikin horren jabeak berori eraitsi nahi badu, mehelinari ere uko egin diezaioke; dena den, eraikina eraisteak kalte egin ahal badio mehelin hormari, jabe horrek ordaindu behar ditu, kasu horretan bakarrik, kalteok saihesteko beharrezkoak diren obra eta konponketa guztiak.
577. artikulua
Jabe orok mehelin-horma altxa dezake bere kontura, betiere, obrak eratortzen dituen kalteen ordaina emanez, kalte horiek aldi baterakoak izan arren.
Jabearen kontura izango dira, halaber, mehelin-horma artatzeko gastuak, baldin eta hormaren egoera aldatu bada hori altxatuz edo horren zimenduak sakonago eginez; eta, horrez gain, mehelin-hormaren altuera edo sakonera gehitzeagatik hori artatzeko egin behar diren gastu berrien kalteordaina.
Mehelin-hormak ezin badu altxaketarik jasan, horma hori altxatu nahi duen jabeak horma berregin beharko du bere kontura; hori egin ahal izateko nahitaezkoa baldin bada mehelin-hormari zabalera gehiago ematea, jabe horren lurrean zabalduko da horma.
578. artikulua
Gainerako jabeek, mehelin hormari altuera, sakonera edo zabalera gehiago emateko gastuak ordaindu ez badituzte ere, mehelin-eskubideak eskura ditzakete, baldin eta obraren zenbatekoa eta hormari zabalera gehiago emateko erabili den lurraren balioaren erdia proportzioz ordaintzen badituzte.
579. artikulua
Mehelin-hormaren jabe bakoitzak horma hori erabil dezake, berak mankomunitatean duen eskubidearen arabera. Hortaz, jabeak eraikinak egin ditzake bere obraren euskarri gisa mehelin-horma erabiliz, edo, bestela, horma horretan habeak sartuz, hormaren zabaleraren erdiraino; baina jabeak ezin die mehelinaren beste titularrei eragotzi mehelin-horma erabil dezaten.
Mehelinaren titularrak eskubide hori erabili ahal izateko, aurretiaz izan behar du mehelinean interesaturik dauden gainerako titularren adostasuna; adostasunik lortu ezean, adituek baldintza batzuk finkatuko dituzte, obra berriak haien eskubideei kalterik ez egiteko.
V. ATALA
Argibisten zortasuna
580. artikulua
Mehelinaren titular batek ere ezin du, bestearen adostasunik gabe, mehelinean leihorik ireki, ezta zulorik ere.
581. artikulua
Mehelin ez den horma inoren finkaren ondoan dagoenean, horma horren jabeak, argia izateko, laukian 30 zentimetroko zabalera duten leiho edo zuloak ireki ditzake habeen parean edo sabai azpian, betiere, hormara jositako burdin-sareaz eta alanbre-sareaz.
Nolanahi ere, zuloak zein hormatan ireki, eta horma horren ondoko finka edo lurraren jabeak zulo horiek itxi ditzake, mehelina eskuratzen badu eta aurkakorik itundu ez bada.
Halaber, jabe horrek zuloak estal ditzake bere lurrean eraikinen bat eginez, edo, osterantzean, zulo nahiz leiho horiek dituen hormaren ondoan beste horma bat eginez.
582. artikulua
Alboko finkari begira ezin da bista zuzeneko leihorik ireki, ezta horren antzeko balkoirik edo beste hegalkinik ere, bi metroko tarterik ez badago alboko finkaren eta halakoak izango dituen hormaren artean.
Halaber, alboko finkari begira ezin da soslai edo lapraneko bistarik izan, 60 zentimetroko tarterik ez badago.
583. artikulua
Aurreko artikuluak aipatzen dituen tarteak neurtuko dira, zuzeneko bistetan, hormaren kanpoko marratik, zuloek ez badute hegalkinik, eta, hegalkinak baldin badituzte, hegalkin horien marratik; lapraneko bistetan, bi finkak banantzen dituen marratik.
584. artikulua
582. artikuluan xedatutakoa ezin zaie aplikatu herri-bidearen bitartez banandutako eraikinei.
585. artikulua
Norbaitek edozein tituluren bidez zuzeneko bistak, balkoiak edo begiratokiak izateko eskubidea eskuratzen badu finka mugakidearen gain, orduan, zortasunpeko lurraren jabeak ezin izango du bertan eraiki hiru metro baino gutxiagoko tartean; tarte hori 583. artikuluan zehaztutako moduan neurtuko da.
VI. ATALA
Eraikinetako urak hustea
586. artikulua
Eraikinaren jabeak horren teilatu eta gainaldeak eraiki behar ditu euriurak norberaren lurzorura, edo, bestela, kale nahiz leku publikoetara eror daitezen, ez, ordea, alboko lurrera. Urak norberaren lurrera erori arren, jabeak ur horiek batu behar ditu, alboko lurrean urok kalterik eragin ez dezaten.
587. artikulua
Lurra teilatuen isurialde-zortasunpean dagoenean, lur horren jabeak bertan eraiki dezake norberaren teilatuan euriurak hartuz edo ur horiei bestelako irtenbidea emanez, betiere, tokiko ordenantza nahiz ohiturekin bat etorriz eta lur nagusiari inolako karga edo kalterik eragin gabe.
588. artikulua
Etxe bateko eskorta edo patioa beste etxe batzuen artean kokatuta badago, eta ezin badira etxe horretatik atera eskorta edo patio horretara biltzen diren euriurak, eska daiteke euriurok husteko zortasuna ezar dadin; horretarako, euriurak igaro behar dira alboko lurretan irteerarik errazena eskaintzen duen lekutik, eta, era berean, urok husteko bidea ezarri behar da zortasunpeko lurrari kalterik gutxien eragiten dion moduan, eta, betiere, aurretiaz kalteordain egokia emanez.
VII. ATALA
Eraikin eta landaketa zehatz batzuk egiteko tarteak eta bitarteko obrak
589. artikulua
Jaurre nahiz gotorlekuetatik hurbil ezin da eraiki, ezta landatu ere, hori gaiaren inguruko legeek, ordenantzek eta erregelamendu bereziek ezartzen dituzten baldintzen menpe egiten ez bada.
590. artikulua
Inoren hormatik edo mehelin-hormatik hurbil ezin dira eraiki putzuak, urminduak, akueduktuak, labeak, sutegiak, tximiniak, kortak, erregaien gordailuak, lurrunez mugitzen diren artefaktuak eta fabrikak, horiek guztiak arriskutsu edo kaltegarriak badira; halakoak eraiki ahal izateko, erregelamenduek eta tokiko usadioek agindutako tarteak errespetatu, eta beharrezko diren babes-obrak egin behar dira, obra horiek egiteko moduari buruz halako erregelamenduek agintzen dituzten baldintzak betez.
Erregelamendurik izan ezean, eta adituek euren irizpena eman eta gero, beharrezkotzat jotzen diren goitapenak hartu beharko dira alboko landei eta eraikinei kalterik ez eragiteko.
591. artikulua
Inoren landatik hurbil zuhaitzak landatu ahal izateko, ordenantzek edo tokiko usadioak baimendu tarteak bete behar dira. Ordenantza eta usadiorik izan ezean, tartea bi metrokoa izan behar da landak banantzeko lerrotik zenbatuta, zuhaitz handiak landatzen direnean; eta 50 zentimetrokoa, zuhaitz txikiak edo zuhaixkak landatzen direnean.
Jabe orok eska dezake aipatu tarteak baino tarte txikiagoetan landatutako zuhaitzak erauzteko.
592. artikulua
Zuhaitz batzuen adarrak alboko landa, lorategi edo patioetara hedatzen badira, halakoen jabeak eskubidea du adarrok moztu daitezen erreklamatzeko, horiek beraren lurrean zabaltzen diren neurrian. Alboko zuhaitzen sustraiak badira inoren lurrean zabaltzen direnak, lurraren jabeak bere kabuz moztu ahal ditu bere landaren barruan sartutako sustraiak.
593. artikulua
Mehelin-palaxuan zuhaitzak izanez gero, zuhaitz horiek ere mehelinak direla uste da, eta jabeetatik edozeinek eskubidea du zuhaitz horiek erauz daitezen eskatzeko.
Dena dela, eta salbuespenez, mugarri gisa erabiltzen diren zuhaitzak ezin dira erauzi, mugakide guztiak ados jartzen ez badira.
III. KAPITULUA
Borondatezko zortasunak
594. artikulua
Finkaren jabeak bertan ezar ditzake bere ustez egoki diren zortasunak, berak nahi duen modu eta forma erabiliz, horrekin legeak eta ordena publikoa hausten ez baditu.
595. artikulua
Norbaiti finkaren gaineko jabetza badagokio, eta beste inori, berriz, haren gaineko gozamena, finkaren jabeak zortasunak ezar ditzake bertan, gozamendunaren adostasunik gabe, zortasunok ez badiote kalterik egiten gozamen-eskubideari.
596. artikulua
Norbaiti finkaren gaineko jabari zuzenekoa badagokio, eta beste inori, berriz, haren gaineko jabari erabilgarria, ezin izango da finka horren gain borondatezko eta betiereko zortasunik ezarri, bi jabeon adostasunik gabe.
597. artikulua
Funts indibisoaren gain zortasuna ezartzeko, jabekide guztien adostasuna izan behar da.
Jabekide batzuek bakarrik eman badute zortasuna ezartzeko adostasuna, hori etenda geratuko da, partaide edo erkideetatik azkenak adostasuna eman arte.
Hala ere, jabekide batek bere kabuz eman badu adostasuna, berak eta beraren oinordekoek ezin dute eragotzi emandako eskubidearen egikaritza, oinordekook banakako tituluaren bidezkoak izan zein izan ez.
598. artikulua
Lur nagusiaren eskubideak eta zortasunpeko lurraren betebeharrak zehaztuko dira tituluaren bidez, eta, hala denean, preskripzioaren ondorioz eskuratutako zortasuna edukitzearen bidez. Halakorik izan ezean, titulu honetako xedapen aplikagarriek arautuko dute zortasun hori.
599. artikulua
Zortasuna eratzean zortasunpeko lurraren jabeak bere gain hartu badu zortasuna erabili eta artatzeko beharrezko diren obren ordainketa, orduan, zama horretatik aska daiteke zortasunpeko lurra bertan behera utziz, lur nagusiaren jabearentzat.
600. artikulua
Aurrerantzean bazka-erkidegoa ezarri ahal izateko, jabeek beren beregi eman beharko dute adostasuna kontratuan edo azken nahian; dena den, bazka-erkidegoa ezin izango da eratu gizabanakoen unibertsaltasun batentzat eta ondasunen unibertsaltasun baten gainean, baizik eta gizabanako jakin batzuentzat, eta lur jakin eta zehatz batzuen gainean.
Artikulu honekin bat etorriz ezarritako zortasuna arautuko du berori eratzeko tituluak.
601. artikulua
Udalerriei nahiz estatuari dagozkien lur publikoetan bazka-erkidegoak izanez gero, administrazio-legeek arautuko dituzte erkidego horiek.
602. artikulua
Herri bateko edo batzuetako auzokoen artean bazka-erkidegoa izanik, finka baten jabeak finka hori hesitzen badu horma edo palaxu bidez, erkidegotik kanpo uzten du finka hori. Nolanahi ere, finkaren gain ezarrita dauden gainerako zortasunek euren horretan iraungo dute.
Finka hesitzen duen jabeak bazka-erkidegoaren gaineko eskubideari eutsiko dio, hesitu gabeko beste finketan.
603. artikulua
Lurrak bazka-zortasunarekin kargaturik badaude, lur horien jabea karga horretatik aska daiteke zortasun-eskubidea dutenei karga horren balioa ordainduz.
Hitzarmenik izan ezean, askatze-kapitala finkatzeko oinarria izango da bazken urteko balioaren ehuneko laua; oinarri hori adituen tasazioaren bitartez arautuko da.
604. artikulua
Zortasunak ezarri badira jabetza pribatuko mendietatik ateratzen diren egurrak eta gainerako produktuak aprobetxatzeko, orduan, zortasun horiei ere aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatzen zaie.
VIII. TITULUA
JABETZA ERREGISTROA
KAPITULU BAKARRA
605. artikulua
Jabetza Erregistroaren helburua da ondasun higiezinen gaineko jabariari eta gainerako eskubide errealei buruzko egintza nahiz kontratuak inskribatu edota idatzohartzea.
606. artikulua
Ondasun higiezinen gaineko jabariari edo beste eskubide errealei buruzko tituluak ez badira behar bezala inskribatu edo idatzohartu Jabetza Erregistroan, titulu horiek ez diote kalterik egiten hirugarrenari.
607. artikulua
Jabetza Erregistroa publikoa izango da bertan idatzoharturiko edo inskribaturiko ondasun higiezinen nahiz eskubide errealen egoera zein den jakiteko, interes ezaguna duten gizabanakoentzat.
608. artikulua
Inskribatu edo idatzohartu beharreko tituluak zehazteko, bai eta inskripzio nahiz idatzohar horien forma, ondoreak eta azkentzea, Erregistroa eramateko modua eta horren liburuetan egindako idazkunen balioa zehazteko ere, Hipoteka Legean xedatutakoa bete beharko da.
III. LIBURUA
JABETZA ESKURATZEKO MODU DESBERDINAK
ATARIKO XEDAPENA
609. artikulua
Jabetza okupazioaren bidez eskuratzen da.
Ondasunen gaineko jabetza eta beste eskubide errealak eskuratu eta eskualdatzen dira legearen bidez, dohaintzaren bidez, testamentuzko eta testamenturik gabeko oinordetzaren bidez, eta, zenbait kontraturen ondorioz, traditio bidez.
Halakoak eskura daitezke preskripzioaren bidez ere bai.
I. TITULUA
OKUPAZIOA
610. artikulua
Okupazioaren bidez eskuratzen dira, berez atzemateko modukoak izanik, jaberik ez duten ondasunak, besteak beste, ehiza eta arrantzako animaliak, ezkutuko altxorra eta bertan behera utzitako gauza higigarriak.
611. artikulua
Lege bereziek arautzen dute ehiza eta arrantzarako eskubidea.
612. artikulua
Erlauntzaren jabeak erlauntz hori inoren funtsetik pertsegitzeko eskubidea izango du, baldin eta funts horren edukitzaileari ematen badio horri eragindako kaltearen ordaina. Inoren funts hori hesiturik badago, funtsaren jabeak adostasuna eman behar du, erlauntzaren jabea bertan sartzeko.
Jabeak ez badu erlauntza pertsegitu, edo pertsegitzeari utzi badio elkarren segidako bi egunetan, finkaren edukitzaileak erlauntza okupatu edo atxikitzeko eskubidea izango du.
Mantsoturiko animalien jabeak ere horiek erreklamatu ahal izango ditu hogei egunetan zehar, beste inork horiek okupatu dituenetik zenbatuta. Behin epe-muga hori igaro eta gero, animaliak nork jaso eta artatu dituen, eta horrexeri dagozkio.
613. artikulua
Uso, untxi eta arrainak euren hazitokitik irteten badira, eta jabe desberdineko beste hazitoki batean sartzen badira, horren jabetzapean geratuko dira, baldin eta horiek ez badira erakarri trikimailuak edo iruzurra erabiliz.
614. artikulua
Norbaitek ustekabean altxorra aurkitzen badu inoren jabetzapeko lurrean, kode honen 351. artikuluan emandako eskubidea izango du.
615. artikulua
Norbaitek altxorraz bestelako gauza higigarri bat aurkitzen badu, hori itzuli behar dio aurreko edukitzaileari. Edukitzailea ez bada ezaguna, aurkikuntza zein herritan gertatu, eta herri horretako alkatearen zainpean utzi beharko da berehala gauza hori.
Alkateak ohiko moduan argitaraziko du aurkikuntza, elkarren segidako bi igandetan.
Gauza higigarria ezin bada artatu narriadurarik eragin gabe edo horren balioa nabariro gutxitzen duten gastuak egin gabe, eta bigarren iragarkia egin denetik zortzi egun igaro eta jabea ez bada agertu, gauza hori jendaurreko enkantean saldu eta horren prezioa gordailuan jarriko da.
Bigarren argitalpenetik bi urte igaro eta gero, ez bada jabea agertu, aurkitutako gauza edo horren balioa adjudikatuko zaio gauza hori aurkitu duenari.
Aurkitzaileak eta jabeak gastuak ordainduko dituzte, bakoitzari hala dagokionean.
616. artikulua
Jabea garaiz agertzen bada, gauzaren zenbateko edo prezioaren hamarrena ordaindu beharko dio, sari gisa, aurkikuntza gauzatu duenari. Aurkikuntzaren balioa 2.000 pezetatik gorakoa denean, gaindikinaren hogeirena baino ez da eman behar sari gisa.
617. artikulua
Lege berezien bitartez zehaztuko dira eskubideak, dela itsasora botatako objektuen nahiz olatuek hondartzara botatzen dituztenen gainekoak, eurak ere edozein motatakoak izanik, dela itsasertzean hazten diren landare eta belarren gainekoak.
II. TITULUA
DOHAINTZA
I. KAPITULUA
Dohaintzen izaera
618. artikulua
Dohaintza eskuzabaltasun-egintza da, eta, horren bitartez, norbaitek beste inoren mesederako gauza dohainik xedatzen du, eta azken horrek hori onartzen du.
619. artikulua
Halaber, norbaiti dohaintza egiten bazaio berak izandako merituengatik edo dohaintzaemaileari egin dizkion zerbitzuengatik, eta meritu edo zerbitzu horiek ez badira eskatzeko moduko zorrak, orduan, hori ere dohaintza da; dohaintzahartzaileari ezarritako karga dohaintzapeko balioa baino txikiagoa denean ere, hori dohaintza da.
620. artikulua
Dohaintzek dohaintzaemailea hildakoan sortu behar badituzte ondoreak, azken nahiaren xedapenen izaera dute, eta testamentuzko oinordetzari buruz ezarritako erregelek arautuko dituzte eurok.
621. artikulua
Kontratu eta betebeharrei buruzko xedapen orokorrek arautuko dituzte bizien arteko ondoreak izan behar dituzten dohaintzak, titulu honek zehaztu ez dituen gaiei dagokienez.
622. artikulua
Kontratuei buruzko erregelek arautuko dituzte dohaintza kargadunak; eta titulu honetako xedapenek arautuko dituzte ordain gisa emandako dohaintzak, ezarritako kargaren baliotik gorako zatian.
623. artikulua
Dohaintza burutzen da dohaintzaemaileak dohaintzahartzailearen onarpena dakienetik.
II. KAPITULUA
Nork egin edo jaso ahal dituen dohaintzak
624. artikulua
Dohaintzak egin ditzakete kontratuak egin eta norberaren ondasunak xedatu ahal dituztenek.
625. artikulua
Dohaintzak onar ditzake horretarako bereziki ezgaituta ez dagoen pertsona orok.
626. artikulua
Kontratuak egin ezin dituzten gizabanakoek ezin izango dituzte baldintzapeko dohaintzak edo dohaintza kargadunak onartu, euren ordezkari legitimoen eskuhartzerik gabe.
627. artikulua
Dohaintzak egiten bazaizkie ernalduta baina jaiogabe daudenei, dohaintza horiek onar ditzakete eurok jaioko balira horien ordezkari legitimo izango liratekeenek.
628. artikulua
Dohaintzak egiten bazaizkie gaikuntzarik gabeko pertsonei, deusezak dira dohaintza horiek, nahiz eta tartean jarritako pertsonak beste kontratu baten itxurapean horiek egin.
629. artikulua
Dohaintzak ez du betebeharrik ez ondorerik sortzen dohaintzaemailearentzat, onarpena ematen den unetik baino.
630. artikulua
Dohaintzahartzaileak, deuseztasun-zigorpean, dohaintza onartu behar du, dela bere kabuz, dela kasu horretarako ahalorde berezia duen pertsona baimenduaren bitartez, dela ahalorde orokor eta askietsia duenaren bitartez.
631. artikulua
Norbaitek dohaintza onartzen badu inoren ordezkari gisa, ordezkatuak ezin duelako bere kabuz onarpenik eman, ordezkari gisa jardun duenak eragin behar ditu 633. artikuluan aipaturiko jakinarazpena eta idatzoharra.
632. artikulua
Ondasun higigarriaren gaineko dohaintza hitzez edo idatziz egin daiteke.
Hitzezko dohaintzetan, dohaintzapeko gauza aldi berean eman behar da. Betekizun hori gauzatu ezean, dohaintzak ez du ondorerik sortuko, ez bada idatziz egiten eta onarpena ez bada modu berean agerrarazten.
633. artikulua
Gauza higiezinaren gaineko dohaintza baliozkoa izan dadin, dohaintza hori eskritura publikoan egin behar da; eskritura horretan adierazi behar dira, bananbanan, dohaintzapeko ondasunak eta dohaintzahartzaileak bete behar dituen zamen balioa.
Onarpena dohaintzari buruzko eskrituran bertan egin daiteke edo beste eskritura banandu batean; baina onarpen horrek ez du ondorerik sortuko dohaintzaemailea bizirik dagoela egiten ez bada.
Onarpena eskritura bananduan eginez gero, onarpen hori forma kautoa erabiliz jakinarazi beharko zaio dohaintzaemaileari, eta eginbide hori bi eskrituretan idatzohartuko da.
III. KAPITULUA
Dohaintzen ondoreak eta dohaintzok mugatzea
634. artikulua
Dohaintzaren barruan sar daitezke dohaintzaemailearen oraingo ondasun guztiak edo horietatik batzuk; betiere, dohaintzaemaileak berarentzat erreserbatu behar du, jabetza osoz nahiz gozamenaz, bere inguruabarren arabera bizitzeko behar duen bestekoa.
635. artikulua
Dohaintzaren barruan ezin dira etorkizuneko ondasunak sartu.
Etorkizuneko ondasuntzat hartzen dira dohaintza-unean dohaintzaemaileak xedatu ezin dituenak.
636. artikulua
634. artikuluan xedatutakoa gorabehera, dohaintzaren bidez ezin du inork jaso edo eman jarauntsiaren bidez eman edo jaso dezakeena baino gehiago.
Dohaintza ezofiziosoa izango da neurri horretatik gorakoa den heinean.
637. artikulua
Dohaintza egin bazaie zenbait pertsonari batera, ulertuko da guztiei ere zati berdinak dagozkiela; eta pertsona horien artean ez da gehiagotzeko eskubiderik gertatuko, dohaintzaemaileak ez badu bestelakorik xedatu.
Xedapen horretatik salbuetsita geratzen dira senaremazteei batera egindako dohaintzak; senaremazteen artean gehiagotzeko eskubidea gertatuko da, dohaintzaemaileak ez badu aurkakorik xedatu.
638. artikulua
Dohaintzahartzailea subrogatu egiten da dohaintzaemaileari ebikzio-kasuan dagozkion eskubide eta akzio guztietan. Nolanahi ere, dohaintzaemaileak ez du saneamendu-betebeharrik dohaintzapeko gauzei begira, dohaintza kargaduna denean izan ezik; kasu horretan, dohaintzaemaileak ebikzioaren ondoriozko erantzukizuna izango du kargaren neurrian.
639. artikulua
Dohaintzaemaileak bere buruarentzat erreserba dezake dohaintzapeko ondasun batzuk xedatzeko ahalmena edo horien kontura kopururen bat xedatzeko ahalmena; baina dohaintzaemailea hiltzen bada eskubide hori egikaritu gabe, dohaintzahartzaileari dagozkio erreserbaturiko ondasunak edo kopurua.
640. artikulua
Halaber, jabetza pertsona bati, eta gozamena beste bati edo batzuei eman dakieke dohaintzan, kode honen 781. artikuluan ezarritako mugapenarekin.
641. artikulua
Kasu eta inguruabar orotan, baliozkotasunez ezar daiteke dohaintzaemailearen mesederako lehengoratzea; baina ezin da beste inoren mesederako halakorik ezarri kode honek testamentuzko ordezpenen inguruan zehazten dituen kasu berberetan eta mugapen berdinekin ez bada.
Dohaintzaemaileak lehengoratzea hizpatzen badu hirugarrenaren mesederako eta aurreko lerrokadan xedatutakoaren aurka, lehengoratze hori deuseza da; baina horrek ez dakar dohaintzaren deuseztasuna.
642. artikulua
Dohaintza egitean dohaintzahartzaileari ezarri bazaio dohaintzaemailearen zorrak ordaintzeko betebeharra, eta klausula horrek ez badu beste adierazpenik jaso, ulertuko da dohaintzahartzaileak ordaindu behar dituela dohaintza egin baino lehenagoko zorrak bakarrik.
643. artikulua
Zorren ordainketari buruz hizpaketarik izan ezean, dohaintzahartzaileak zor horien gaineko erantzukizuna izango du dohaintza hartzekodunei iruzur eginez gauzatu denean bakarrik.
Dohaintza hartzekodunei iruzur eginez gauzatu dela uste izango da, baldin eta hori egitean dohaintzaemaileak ez badu bere buruarentzat erreserbatu dohaintza hori egin baino lehenagoko zorrei aurre egiteko beste ondasun.
IV. KAPITULUA
Dohaintzak ezeztatu eta urritzea
644. artikulua
Semerik, alabarik eta ondorengorik ez duenak dohaintzaren bat egiten badu, dohaintza hori ezezta daiteke, hurrengo kasuetatik edozein gertatuz gero:
1. Dohaintza egin eta gero, dohaintzaemaileak semealabak izatea, nahiz eta horiek hilondokoak izan.
2. Dohaintza egitean ustez hilda zegoen semea edo alaba bizirik egotea.
645. artikulua
Dohaintza hutsaldu bada hori egin eta gero semealabak jaio direlako, dohaintzaemaileari itzuliko zaizkio dohaintzapeko ondasunak, edo, ondasunok saldu baditu, horien balioa.
Dohaintzapeko ondasunak hipotekaturik badaude, dohaintzaemaileak hipoteka hori aska dezake horrek bermatzen duen kopurua ordainduz eta, betiere, dohaintzahartzaileari zenbateko hori erreklamatzeko eskubidearekin.
Ondasunak ezin badira itzuli, ondasunok zenbatetsiko dira dohaintza-unean eurok zuten balioaren arabera.
646. artikulua
Ezeztapen-akzioa sortzen bada dohaintza egin eta gero semealabak jaio direlako edo dohaintza egitean ustez hilda zeudenak bizirik daudelako, akzio hori bost urte igarotakoan preskribatzen da; epe horren zenbaketa hasten da azken semea edo alaba jaio dela edo ustez hilda zegoena bizi dela jakin denetik.
Akzio horri ezin zaio ukorik egin, eta, dohaintzaemailea hildakoan, horren semealabei eta euren ondorengoei eskualdatzen zaie.
647. artikulua
Dohaintza ezeztatuko da dohaintzaemaileak hala eskaturik, baldin eta dohaintzahartzaileak ez badu bete hark berari ezarri dizkion baldintzetatik bat.
Kasu horretan, dohaintzapeko ondasunak dohaintzaemaileari itzuliko zaizkio, eta deusezak izango dira dohaintzahartzaileak egindako besterentzeak eta ondasunotan ezarritako hipotekak, betiere, Hipoteka Legeak hirugarrenei begira ezarritako mugapenarekin.
648. artikulua
Halaber, dohaintzahartzailearen eskergabekeria dela bide, eta dohaintzaemaileak hala eskaturik, dohaintza ezezta daiteke hurrengo kasuetan:
1. Dohaintzahartzaileak delitu bat egitea dohaintzaemailearen beraren aurka edo haren ohore nahiz ondasunen aurka.
2. Dohaintzahartzaileak dohaintzaemaileari delitu bat egoztea, hori frogatuz nahiz frogatu gabe, baldin eta delitu horren aurkako prozedura epaileak ofizioz hasten badu edo Fiskaltza delitu horren akusatzailea bada, salbu eta delitua dohaintzahartzailearen beraren, horren ezkontidearen edo beraren agintepeko semealaben aurka egiten denean.
3. Dohaintzahartzaileak dohaintzaemaileari mantenua bidegabe ukatzea.
649. artikulua
Dohaintzahartzailearen eskergabekeriarengatik dohaintza ezeztatu eta gero, besterentzeek eta hipotekek euren horretan iraungo dute, baldin eta horiek egin badira Jabetza Erregistroan ezeztapen-demanda idatzohartu baino lehenago.
Idatzoharraren ostekoak deusezak dira.
650. artikulua
Aurreko artikuluaren lehenengo lerrokadak aipatzen duen kasuan, dohaintzaemaileak eskubidea izango du dohaintzahartzaileari ondasun besterenduen balioa eskatzeko, balio hori ezin badie hirugarrenei erreklamatu; edo, bestela, ondasunen gain eratutako hipotekaren kopurua eskatzeko.
Ondasun horien balioa arautzeko, dohaintza egiteko unea izan behar da kontuan.
651. artikulua
Dohaintza ezeztatzen bada 644. artikuluan ezarritako arrazoietatik bat gertatzeagatik edo dohaintzahartzailearen eskergabekeriarengatik, eta dohaintza hori urritzen bada ezofiziosoa izateagatik, dohaintzahartzaileak ez ditu fruituak itzuliko demanda jarri zenetik baino.
Ezeztapena gertatu bada dohaintzan ezarritako baldintzaren bat ez betetzeagatik, dohaintzahartzaileak itzuliko ditu, ondasunez gain, baldintza betetzeari utzi zionetik jaso dituen fruituak.
652. artikulua
Dohaintzaemaileak ezin dio aldez aurretik ukorik egin dohaintzahartzailearen eskergabekeriarengatik berak duen akzioari. Akzio hori urtebete igarotakoan preskribatzen da, eta horren zenbaketa hasten da dohaintzaemaileak egitatearen berri izan eta akzioa egikaritzeko aukera izan duenetik.
653. artikulua
Akzio hori ez zaie eskualdatuko dohaintzaemailearen jaraunsleei, baldin eta dohaintzaemaile horrek ez badu akzioa egikaritu, horretarako aukera izan arren.
Modu berean ere, akzio hori ezin izango da dohaintzahartzailearen jaraunslearen aurka egikaritu, salbu eta dohaintzahartzailea hiltzean demanda jadanik jarrita dagoenean.
654. artikulua
Dohaintzaemailearen ondasunek haren heriotza-unean duten balio likidoa zenbatu eta gero, dohaintzak ezofiziosoak badira 636. artikuluan xedatutakoaren arabera, dohaintzok urritu beharko dira gaindikinaren neurrian; urripena gorabehera, dohaintzok ondoreak sortuko dituzte dohaintzaemailea bizirik dagoela, eta dohaintzahartzaileak fruituak bereganatuko ditu.
Dohaintzak urritzeko, kapitulu honetan, eta kode honen 820 eta 821. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.
655. artikulua
Dohaintzen urripena eska dezakete seniparte-eskubidea edo jarauntsiko zati alikuotaren gaineko eskubidea dutenek, bai eta euren jaraunsle nahiz kausadunek ere.
Dohaintzaemailea bizirik dagoela, aurreko lerrokadan aipaturiko subjektuek ezin diote ukorik egin euren eskubideari, ez beren beregi egindako adierazpenaren bitartez, ezta dohaintzari euren adostasuna emanik ere.
Hildakoaren dohaintzahartzaileek, zati alikuotaren gainekoak ez diren legatuhartzaileek eta hartzekodunek ezin dute urripena eskatu, ezta urripen horretatik onurak atera ere.
656. artikulua
Dohaintzak bat baino gehiago izanik, horiek ez badira sartzen xedapen askeko zatian, arestikoenak ezabatu edo urrituko dira gaindikinaren neurrian.
III. TITULUA
OINORDETZAK
Xedapen orokorrak
657. artikulua
Norbaiten oinordetzarako eskubideak eskualdatzen dira bera hiltzen den unetik.
658. artikulua
Oinordetza gauzatzen da gizakiak testamentuan adierazitako borondatearen bitartez, eta, hori izan ezean, legeaginduz.
Lehendabizikoari testamentuzko oinordetza deritzo, eta bigarrenari oinordetza legitimo.
Halaber, oinordetzaren zati bat gizakiaren borondatearen bidez gauza daiteke, eta bestea legeaginduz.
659. artikulua
Jarauntsiak bere barruan hartzen ditu norbaiti dagozkion ondasun, eskubide eta betebehar guztiak, horiek haren heriotzaren ondorioz azkentzen ez badira.
660. artikulua
Titulu unibertsalaren bidezko oinordekoari jaraunsle deritzo, eta legatuhartzaile, banakako tituluaren bidezko oinordekoari.
661. artikulua
Heriotzaren egitate hutsa dela bide, hildakoaren jaraunsleak haren eskubide eta betebeharren oinordeko bihurtzen dira.
I. KAPITULUA
Testamentuak
I. ATALA
Testamentu bidez xedatzeko gaitasuna
662. artikulua
Edonork egin dezake testamentua, baldin eta legeak beren beregi horretarako debekurik ezartzen ez badio.
663. artikulua
Testamentua egiteko ezgaituta daude:
1. Hamalau urtekoak baino gazteagoak, horiek sexu batekoak izan nahiz bestekoak izan.
2. Ohikotasunez edo aldianaldian zentzutasunik ez dutenak.
664. artikulua
Burunahastearen aurretik egindako testamentua baliozkoa da.
665. artikulua
Norbait epai bidez ezgaitua izan bada, epai horrek ez badu ezer jasotzen ezgaitu horrek testamentua egiteko duen gaitasunari buruz, eta ezgaituak testamentua egiteko asmoa baldin badu, orduan, notarioak bi aditu izendatuko ditu, aldez aurretik ezgaitua azter dezaten; adituon ustez ezgaituak horretarako gaitasunik ez badu, notarioak ez du haren testamentua eskuetsiko.
666. artikulua
Testamentugileak gaitasuna duen ala ez zehazteko, kontuan izan behar da testamentua egiteko unean zein den testamentugile horren egoera.
II. ATALA
Testamentuak orokorrean
667. artikulua
Norbaitek, bere heriotza gertatu eta geroko, bere ondasun guztiak edo batzuk xedatzeko egintza gauzatzen duenean, egintza horri testamentu deritzo.
668. artikulua
Testamentugileak bere ondasunak xeda ditzake jaraunsletituluaren bidez edo legatutituluaren bidez.
Zalantzak izatekotan, eta testamentugileak jaraunsle hitza erabili ez arren, haren borondatea argi badago kontzeptu horren inguruan, xedapena baliozkoa izango da titulu unibertsalaren edo jaraunsletituluaren bidezko xedapen gisa.
669. artikulua
Pertsona bik edo gehiagok ezin dute testamenturik egin modu mankomunatuan edo agerkari berean, nahiz eta testamentua pertsona horien guztien onurarako edo beste inoren onurarako izan.
670. artikulua
Testamentua bereberezko egintza da: horren eraketa, osoosorik edo zati batez, ezin da inoren erabakimenaren menpe utzi, ezta komisario edo mandatariaren bidez egin ere.
Era berean, ezin da inoren erabakimenaren menpe utzi jaraunsle edo legatuhartzaileen izendapenen iraupena, eta, testamentugileak jaraunsleak edo legatuhartzaileak izenabizenez izendatu baditu, ezta horiei dagozkien zatiak izendatzeko ardura ere.
671. artikulua
Testamentugileak beste inoren esku utz dezake berak maila zehatz batzuei, besteak beste, senideei, txiroei edo ongintza-establezimenduei, orokorrean utzitako kopuruak banatzeko ardura, bai eta kopuruok eskuratuko dituzten pertsonak edo establezimenduak aukeratzeko ardura ere.
672. artikulua
Jaraunsle-izendapenen, agintzarien edo legatuen gain egindako xedapenetan, testamentugileak zedula edo paper pribatuak aipatzen baditu, eta, bera hildakoan, zedula edo paper horiek testamentugilearen egoitzaren barruan nahiz kanpoan agertzen badira, orduan, xedapenok deusezak izango dira, zedula edo paperotan ez direnean gauzatzen testamentu olograforako ezarritako betekizunak.
673. artikulua
Deuseza izango da indarkeria, dolo edo iruzurrez egindako testamentua.
674. artikulua
Norbaitek, dolo, iruzur edo indarkeriaz, beste inori beraren azken nahia askatasunez adieraztea eragozten badio, eta horren abintestato jaraunslea bada, orduan, jarauntsiaren gaineko eskubidea kenduko zaio, berak izan dezakeen erantzukizun kriminalari kalterik egin gabe.
675. artikulua
Testamentuko xedapen oro ulertzeko, kontuan izan beharko da horren hitzezhitzezko esangura, salbu eta argi eta garbi atzematen denean testamentugilearen borondatea bestelakoa izan dela. Zalantzak izatekotan, testamentuaren beraren esangura arakatu eta testamentugilearen asmoari gehien egokitzen zaion hori bete beharko da.
Legeak adierazitako deuseztasuna gertatzen denean, testamentugileak ezin du debekatu testamentua aurkaratzea.
III. ATALA
Testamentuen forma
676. artikulua
Testamentua arrunta edo berezia izan daiteke.
Arruntak dira testamentu olografoa, irekia eta itxia.
677. artikulua
Testamentu berezitzat hartzen dira testamentu militarra, itsasoko testamentua eta atzerrian eginikoa.
678. artikulua
Olografo deritzo testamentugileak berak idatzitako testamentuari, hori idatzi bada 688. artikuluan zehaztutako forma eta betekizunekin.
679. artikulua
Testamentua irekia da, testamentugileak bere azken nahia adierazten badu egintza horretan parte hartu behar dutenen aurrean, eta, une horretan, pertsona horiek testamentuko xedapenen edukiaz jabetzen badira.
680. artikulua
Testamentua itxia da, testamentugileak, bere azken nahia aditzera eman gabe, aitortzen duenean azken nahi hori jasota dagoela egintza horretan parte hartu behar duten pertsonei aurkeztutako pleguan.
681. artikulua
Testamentuetan ezin dira lekuko izan:
1. Adingabeak, 701. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.
2. Itsuak eta guztiz gor edo mutu direnak.
3. Testamentugilearen hizkuntza ulertzen ez dutenak.
4. Zentzutasunik ez dutenak.
5. Notario eskueslearen ezkontidea, laugarren gradurainoko odolkideak edo bigarren gradurainoko ezkontzasenideak, eta notarioarekin lan-harremanak dituztenak.
682. artikulua
Halaber, testamentu irekian ezin dira lekuko izan testamentu horretan jaraunsle eta legatuhartzaile izendatu direnak, ezta horien ezkontide, laugarren gradurainoko odolkide edo bigarren gradurainoko ezkontzasenideak ere.
Legatuhartzaileak eta horien ezkontide edo senideak ez daude debeku horren menpe, baldin eta legatupeko objektu higigarriaren edo diru-kopuruaren garrantzia txikia bada jarauntsiko ondasunei begira.
683. artikulua
Lekuko batek gaikuntzarik ez duela adierazteko, beharrezkoa da testamentua egiteko unean lekuko horren ezgaitasun-arrazoia izatea.
684. artikulua
Testamentugileak bere borondatea adierazten badu notarioak ez dakien hizkuntza erabiliz, beharrezkoa izango da interpretatzailearen partehartzea; testamentugileak aukeratuko du interpretatzaile hori, eta berak itzuliko du testamentuko xedapena, testamentua egiteko lekuan ofizial diren hizkuntzen artetik notarioak erabiltzen duen horretara. Agerkaria bi hizkuntzotan idatziko da, hizkuntza horietatik testamentugileak zein erabili duen adieraziz.
Testamentu irekia eta testamentu itxiaren akta idatziko dira, bai testamentugileak erabilitako atzerriko hizkuntzan, bai notarioak erabilitako hizkuntza ofizialean, nahiz eta notarioak atzerriko hizkuntza hori jakin.
685. artikulua
Notarioarentzat testamentugilea ezaguna izan behar da, eta, hala ez bada, testamentugile hori identifikatuko da bera ezagutzen duten eta notarioarentzat ezagunak diren bi lekukoen bitartez, edo, bestela, herri-agintariek igorritako agirien bidez, agirion helburua pertsonak identifikatzea denean. Halaber, notarioak ziurtatuko du bere ustez testamentugileak testamentua egiteko beste lege-gaitasun duela.
700 eta 701. artikuluetako kasuetan, lekukoentzat testamentugilea ezaguna izan behar da, eta lekuko horiek ahaleginak egin behar dituzte testamentugileak gaitasuna duela ziurtatzeko.
686. artikulua
Testamentugilea ezin bada identifikatu aurreko artikuluak ezarritako moduan, notarioak, edo, hala denean, lekukoek, inguruabar hori adieraziko dute, testamentugileak horretarako aurkeztu dituen agiriak eta testamentugilearen inguruabar pertsonalak agerraraziz.
Arrazoi hori delabide testamentua aurkaratu bada, testamentuaren baliozkotasunari eusten dionak frogatu behar du testamentugilearen identitatea.
687. artikulua
Deuseza izango da testamentua, hori egin bada kapitulu honetan hurrenez hurren ezarritako formalitateak bete gabe.
IV. ATALA
Testamentu olografoa
688. artikulua
Adin nagusikoek bakarrik egin dezakete testamentu olografoa.
Testamentu hori baliozkoa izan dadin, testamentugileak berak idatzi behar du testamentua osoosorik, eta horretan sinadura jarri behar du, hori egiteko eguna, hila eta urtea adieraziz.
Testamentuan hitzak zirriborratu, zuzendu edo lerro artean idatzirik agertzen badira, testamentugileak hitzok salbatuko ditu bere sinadura jarriz.
Atzerritarrek euren hizkuntza erabiliz egin dezakete testamentu olografoa.
689. artikulua
Testamentu olografoa protokolatu behar da, eta, horretarako, testamentu hori aurkeztu behar zaio testamentugilearen azken egoitzako lehen auzialdiko epaileari, edo, bestela, testamentugilea hil den tokiko epaileari; aurkezpen hori egin behar da testamentugilea hil eta hurrengo bost urteetako epean. Betekizun hori gauzatu gabe testamentua ez da baliozkoa izango.
690. artikulua
Testamentuaren gordailuzainak testamentu hori aurkeztu behar du epaitegian, testamentugilearen heriotzaren berri izan duenean; gordailuzainak ez badu hamar eguneko epean testamentua aurkezten, atzerapenaren ondorioz sortu diren kaltegaleren gaineko erantzukizuna izango du.
Aurkezpen hori egin dezake, orobat, jaraunsle, legatuhartzaile nahiz albazea gisa edo beste edozein izaera delabide testamentuan interesa duten pertsonetatik edozeinek.
691. artikulua
Behin testamentu olografoa aurkeztu eta testamentugilearen heriotza egiaztatu eta gero, epaileak testamentua irekiko du, hori plegu itxian aurkeztu bada; aktuarioarekin batera, epaileak orri guztiak sinatuko ditu; eta, era berean, testamentugilearen identitatea egiaztatuko du testamentugilearen idazkera eta sinadura ezagutzen dituzten hiru lekukoen bitartez, baldin eta lekukook adierazten badute testamentugileak testamentua eskuz idatzi eta sinatu duela, eta horretan zentzuzko dudarik ez dutela.
Lekuko egokirik ez dagoenean edo azterturikoek zalantzak dituztenean, idazkerei buruzko aditu-alderaketa erabil daiteke testamentugilearen identitatea egiaztatzeko, epaileak horri egoki baderitzo.
692. artikulua
Aurreko artikuluan adierazitako eginbideak gauzatzeko, ahalik arinen zitatuko dira alarguna, halakorik izanez gero; testamentugilearen ondorengo eta aurrekoak; eta, ondorengo eta aurrekorik izan ezean, nebaarrebak.
Pertsona horien bizilekua ez badago epaitegi-barrutian, horien izatea ezezaguna bada edo, adingabeak edo ezgaituak izanda, ez badute ordezkari legitimorik, Fiskaltzari egingo zaio zitazioa.
Eginbideok gauzatzen diren bitartean, zitazioa jaso dutenak bertan izan daitezke, eta, egintza horretan bertan, testamentuaren kautotasunari buruz ohar egokiak egin ditzakete ahoz.
693. artikulua
Epaileak testamentuaren identitatea egiaztatuta dagoela uste badu, testamentu hori eginbideekin batera protokolatzeko erabakiko du; protokolatze hori notario eskudunaren erregistroetan gauzatuko da, eta notario horrek interesdunei emango dizkie protokolatzearen kopia edo lekukotzak. Bestelako kasuetan, epaileak ezezkoa emango dio protokolatzeari.
Epailearen ebazpena edozein izanda ere, eta interesdunak horren aurka agertu arren, ebazpena gauzatuko da, betiere, interesdunok ebazpen hori epaiketa egokian aurkaratzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.
V. ATALA
Testamentu irekia
694. artikulua
Testamentu irekia egin behar da toki horretan jarduteko gaikuntza duen notarioaren aurrean.
Erregela horretatik salbuetsita daude atal honetan bertan beren beregi zehazturiko kasuak bakarrik.
695. artikulua
Testamentugileak notarioari ahoz edo idatziz agertuko dio bere azken nahia. Nahi hori aintzat hartuta, notarioak testamentua idatziko du, eta, bertan, testamentu hori egiteko toki, urte, hil, egun eta ordua adieraziko ditu; notarioak testamentugileari ohartaraziko dio testamentua irakurtzeko duen eskubideaz, eta, ondoren, notarioak berak testamentua irakurriko du ozenki, testamentugileak bere borondatea testamentu horrekin bat datorren ala ez adieraz dezan. Hala izanez gero, egintza berean testamentua sinatuko dute testamentugileak, hori egin ahal badu, eta, hala denean, lekukoek eta egintza horretan parte hartu behar duten gainerako pertsonek.
Testamentugileak adierazten badu berak ez dakiela sinatzen edo ezin duela sinatu, lekukoetatik batek sinatuko du testamentugilearen ordez eta berak hala eskatuta.
696. artikulua
Notarioak fede emango du berarentzat testamentugilea ezaguna dela edo behar bezala identifikatu duela; hala ez denean, 686. artikuluan agindutako adierazpena egingo du. Berebat, notarioak agerraraziko du bere ustez testamentugileak testamentua egiteko behar den lege-gaitasuna duela.
697. artikulua
Testamentua egiteko egintza horretan, bi lekuko egoki izan behar dira:
1. Testamentugileak adierazten duenean berak ez dakiela sinatzen edo ezin duela testamentua sinatu.
2. Testamentugilea, testamentua sinatzeko gauza izan arren, itsua denean, edo, bestela, adierazten duenean ez dakiela irakurtzen edo ezin duela bere kabuz testamentua irakurri.
Testamentugileak ez badaki irakurtzen edo ezin badu testamentua irakurri, eta, horrez gain, testamentugilea guztiz gorra bada, lekukoek notarioaren aurrean testamentua irakurriko dute, eta irakurritakoa eta testamentugileak agertutako borondatea bat datozela adieraziko dute.
3. Testamentugileak edo notarioak hala eskatzen duenean.
698. artikulua
Testamentuaren egite horretan izan behar dira, modu berean ere:
1. Ezagutza-lekukoak, halakorik izanez gero; horiek, gainera, lekuko instrumental gisa parte har dezakete.
2. Testamentugile ezgaitua aztertu duten adituak.
3. Testamentugilearen borondatea notarioak erabilitako hizkuntza ofizialera itzuli duen interpretatzailea.
699. artikulua
Atal honetan adierazitako formalitate guztiak egintza bakarrean gauzatuko dira; egintza hori testamentua irakurtzearekin batera hasiko da, eta geldiarazpen oro ezzilegia izango da, salbu eta aldian aldiko istripu batek geldiarazpena eragiten duenean.
700. artikulua
Testamentugilea hurhurreko heriotza arriskuan badago, testamentua bost lekuko egokiren aurrean egin daiteke notariorik gabe.
701. artikulua
Izurrite kasuan, testamentua notarioaren eskuhartzerik gabe egin daiteke hamasei urtekoak baino nagusiagoak diren hiru lekukoen aurrean.
702. artikulua
Aurreko bi artikuluen kasuetan, testamentua idatziz jasoko da, hala egin daitekeenean; hori ezinezkoa bada, testamentua baliozkoa izango da, nahiz eta lekukoek idazten jakin ez.
703. artikulua
Aurreko hiru artikuluetako xedapenen arabera egindako testamentua eraginik gabe geratuko da, baldin eta bi hilabete igaro badira testamentugilea heriotza-arriskutik onik atera edo izurritea amaitu denetik.
Testamentugilea epe horren barruan hiltzen denean, testamentua eraginik gabe geratuko da, baldin eta, heriotza gertatu eta hurrengo hiru hilabeteetan, idatziz edo ahoz egindako testamentua ez bada auzitegi eskudunean aurkezten, testamentu hori eskritura publiko bihurtzeko.
704. artikulua
Notarioaren eskuespenik gabe egindako testamentuak eragingabeak izango dira, horiek eskritura publiko bihurtu eta protokolatzen ez badira, Prozedura Zibilaren Legeak ezarritako formaren arabera.
705. artikulua
Kasuankasuan ezarritako solemnitateak ez gauzatzeagatik, testamentu irekia deuseza dela adierazten bada, eta deuseztasun hori gertatzen bada testamentua eskuetsi duen notarioaren asmo gaizto, zabarkeria edo ezjakite barkaezinaren ondorioz, orduan, notario horrek erantzukizuna izango du eragindako kaltegaleren gain.
VI. ATALA
Testamentu itxia
706. artikulua
Testamentu itxia idatziz egin behar da.
Testamentugileak eskuz idazten badu testamentua, bere sinadura ere jarri behar du testamentuaren amaieran.
Testamentua bide mekanikoetatik edozein erabiliz idazten bada, edo, testamentugileak hala eskatuta, beste inork testamentua idazten badu, testamentugileak sinadura jarri behar du testamentuko orri guztien oinean.
Testamentugileak ez badaki sinatzen edo ezin badu sinatu, beste pertsona batek, hark hala eskatuta, sinatuko du testamentuko orri guztien oinean, testamentugileak sinatzeko duen ezintasunaren arrazoia adieraziz.
Edozein kasutan, sinaduraren aurretik salbatuko dira hitz zirriborratuak, zuzenduak edo lerro artean idatziak.
707. artikulua
Testamentu itxia egitean, hurrengo solemnitateak bete beharko dira:
1. Testamentuaren papera testamentuazal itxi eta zigiludunaren barruan sartuko da; horrela, testamentuazala apurtu barik, ezin izango da papera azaletik atera.
2. Testamentugileak testamentu itxi eta zigiluduna eramango du notario eskueslearen aurrera; edo, bestela, testamentugileak egintza horretan bertan itxi eta zigilatuko du testamentua.
3. Notarioaren aurrean, testamentugileak adieraziko du, bere kabuz edo 684. artikuluan agindutako interpretatzailearen bidez, berak aurkezturiko pleguak bere testamentua jasotzen duela; gainera, testamentugileak adieraziko du testamentua berak idatzi eta sinatu duen, edo, alderantziz, beste inork eskuz edo bide mekanikoetatik edozeinez testamentua idatzi den, eta horren amaieran eta orri guztietan testamentugileak berak ala beste inork, berak hala eskatuta, sinatu duen.
4. Testamentuazalaren gainean, notarioak testamentuaren egilespenari buruzko akta egokia egingo du, eta, akta horretan, azal hori ixten duten zigiluen zenbakia eta marka adieraziko ditu; notarioak fede emango du testamentugilea ezagutzen duela, edo, bestela, hori 685 eta 686. artikuluetan araututako moduan identifikatu dela, baita notarioaren ustez testamentugileak testamentua egiteko behar den lege-gaitasuna baduela ere.
5. Behin akta egin eta irakurri ondoren, hori sinatu behar dute testamentugileak, sinatu ahal badu, eta, hala denean, testamentuan parte hartu behar duten pertsonek; notarioak akta eskuetsiko du, bertan bere zeinu eta sinadura jarriz.
Testamentugileak aitortzen badu berak ez dakiela sinatzen edo ezin duela sinatu, egintza horretan parte hartu behar duten bi lekuko egokietatik batek sinatuko du testamentua, testamentugilearen ordez eta berak hala eskatuta.
6. Inguruabar hori ere adierazi behar da aktan, testamentua egiteko toki, ordu, egun, hil eta urtearekin batera.
7. Testamentua egiteko egintzan bi lekuko egokik parte hartu behar dute testamentugileak edo notarioak hala eskatzen badu.
708. artikulua
Itsuek eta irakurtzen ez dakitenek edo irakurri ezin dutenek ezin dute testamentu itxia egin.
709. artikulua
Hitzik egin ezin dutenek idatzi ahal badute, testamentu itxia egin dezakete hurrengoa betez gero:
1. Testamentugileak berak sinatu behar du testamentua. Gainerako betekizunei dagokienez, 706. artikuluan xedatutakoa beteko da.
2. Testamentua notarioari aurkeztean, testamentugileak testamentuazalaren goiko aldean idatzi behar du azal horretan bere testamentua dagoela; bertan adieraziko du testamentua berak idatzi eta sinatu duela.
3. Testamentugileak idatzitakoaren atzean, egilespen-akta egingo da; horretan, notarioak fede eman behar du aurreko zenbakian agindutakoa eta 707. artikuluan xedatutakoa bete dela, azken hori kasu zehatzari aplika dakiokeen neurrian.
710. artikulua
Testamentu itxia eskuetsi eta gero, notarioak testamentugileari emango dio testamentu hori; baina, aldez aurretik, notarioak egilespen-aktaren kopia eskuetsia jarriko du protokolo arruntean.
711. artikulua
Testamentugileak testamentu itxia bere eskuetan gorde dezake edo horren zaintza bere konfiantzako pertsona baten ardurapean utz dezake; bestela, notario eskuesleari eman diezaioke, bere artxiboan gorde dezan.
Azken kasu horretan, notarioak jasoagiria emango dio testamentugileari, eta bere protokolo arruntean agerraraziko du, egilespen-aktari buruzko kopiaren bazterrean edo atzean, testamentua bere eskuetan geratzen dela. Testamentugileak geroago notarioaren eskutik ateratzen badu testamentua, testamentugileak jasoagiria sinatuko du notarioak egindako oharraren atzetik.
712. artikulua
Notarioak edo testamentu itxia eskuetan duen pertsonak epaile eskudunari aurkeztu beharko dio testamentua, testamentugilearen heriotza jakitearekin batera.
Notarioak edo pertsona horrek hamar egunetan zehar ez badu hori egiten, bere zabarkeriaren ondorioz sorturiko kaltegaleren erantzukizuna izango du.
713. artikulua
Norbaitek bere eskuetan testamentu itxia badu, eta doloz ez badu testamentu hori aurkezten aurreko artikuluaren bigarren lerrokadak finkatutako epean, orduan, artikulu horretan zehazten den erantzukizuna izango du, eta, horrez gain, jarauntsirako eskubidea galduko du, eskubide hori badagokio abintestato jaraunsle gisa edo testamentuzko jaraunsle nahiz legatuhartzaile gisa.
Zigor bera ezarriko zaie testamentugilearen edo testamentua zaindu nahiz gordetzen duen pertsonaren egoitzatik testamentu itxia doloz osten duenari, eta beste modu batera testamentua ezkutatu, apurtu edo baliogabetzen duenari ere bai, betiere, bidezkoa den erantzukizun kriminalari kalterik egin gabe.
714. artikulua
Testamentu itxia ireki eta protokolatzeko, Prozedura Zibilaren Legean agindutakoa beteko da.
715. artikulua
Testamentu itxia deuseza da atal honetan ezarritako formalitateak bete gabe egiten denean; notario egilesleak eragindako kaltegaleren erantzukizuna izango du, baldin eta frogatzen bada asmo gaizto, zabarkeria edo ezjakite barkaezinaren ondorioz gertatu dela hutsegitea. Dena den, testamentu hori testamentu olografo gisa baliozkoa izango da, baldin eta testamentugileak testamentu osoa idatzi eta sinatzen badu, eta testamentu horrek testamentu olografoaren gainerako baldintzak betetzen baditu.
VII. ATALA
Testamentu militarra
716. artikulua
Gerraldian, kanpainan dauden militar, boluntario, bahituri, gerrako espe, armadako enplegatu eta armadarekin batu diren pertsonek testamentua egin dezakete gutxienez kapitain-gradua duen ofizialaren aurrean.
Xedapen hori aplika dakieke atzerrian dauden armadakideei.
Testamentugilea gaixorik edo zaurituta badago, orduan, testamentua egin dezake berari laguntza ematen dion kapilau edo adituaren aurrean.
Testamentugilea destakamentuan egonez gero, testamentua egin dezake destakamentuburuaren aurrean, nahiz eta hori kapitainaren mendekoa izan.
Artikulu honetako kasu guztietan, nahitaezkoa izango da bi lekuko egokiren partehartzea.
717. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko pertsonek ere testamentu itxia egin dezakete gerrako komisarioaren aurrean; kasu horretan, gerrako komisarioak notarioaren eginkizunak gauzatuko ditu 706. artikuluko eta ondorengoetako xedapenen arabera.
718. artikulua
Aurreko bi artikuluen arabera egindako testamentuak lehenbailehen igorri behar dira kuartel nagusira, eta horrek gerra-ministroari igorriko dizkio.
Testamentugilea hildakoan, gerra-ministroak testamentua igorri behar dio hildakoaren azken egoitzako epaileari, eta, egoitza hori ezezaguna bada, Madrilgo epaileen dekanoari; horrek ofizioz zitatuko ditu jaraunsleak eta oinordetzan interesa duten gainerakoak. Horiek guztiek eskatu beharko dute testamentua eskritura publiko bihurtu eta hori protokolatzeko, Prozedura Zibilaren Legeak araututako forman.
Testamentua itxia denean, epaileak ofizioz irekiko du testamentua, lege horretan arauturiko forman; horretarako, epaileak zitazioa egingo dio Fiskaltzari, horrek testamentuaren irekieran parte har dezan, eta, behin testamentua ireki eta gero, horren berri emango zaie jaraunsleei eta gainerako interesdunei.
719. artikulua
716. artikuluan aipaturiko testamentuak iraungi egingo dira testamentugileak gerraldiko ekintzei uzten dienetik lau hilabete igarotakoan.
720. artikulua
Testamentugilea guda, eraso, borroka eta, orokorrean, gerra-ekintzaren hurhurreko arriskuan badago, ahoz egin dezake testamentu militarra, bi lekukoren aurrean.
Hala ere, testamentu hori eraginik gabe geratuko da, testamentugileak gerra-arriskua delaeta testamentua egin eta arrisku horretatik onik ateratzen bada.
Testamentugilea arriskutik onik atera ez arren, testamentua eragingabea izango da, lekukoek ez badute hori formalizatzen gerrako auditorearen edo armadarekin batu den funtzionario judizialaren aurrean; ondoren, 718. artikuluan agindutako moduan jardun beharko da.
721. artikulua
Testamentu militarra itxia izanez gero, 706 eta 707. artikuluetan agindutakoa bete beharko da, baina testamentu hori egin behar da ofizialaren aurrean eta 716. artikuluaren aginduz testamentu irekietan parte hartu behar duten bi lekukoen aurrean; pertsona horiek guztiek egilespen-akta sinatuko dute, bai eta testamentugileak berak ere, hala egin dezakeenean.
VIII. ATALA
Itsasoko testamentua
722. artikulua
Itsasoko bidaian zehar ontziaren barruan doazenek testamentu ireki nahiz itxiak egin ahal dituzte ondoko forma erabiliz:
Gerra-ontzietan, testamentua egin behar da kontulariaren edo horren eginkizunak betetzen dituen pertsonaren aurrean; gainera, bertan egon behar dira testamentugilea ikusi eta horrek esandakoa ulertzen duten bi lekuko egoki. Ontziko komandanteak edo horren ordezkoak ontzat emango du egintza.
Merkataritza-ontzietan, kapitainak edo horren ordezkoak eskuetsiko du testamentua, eta, horretan, bi lekuko egokik hartu behar dute parte.
Bi kasuotan, lekukoak bidaiarien artetik aukeratuko dira, halakorik izanez gero, eta lekuko horietatik batek, gutxienez, sinatzeko modua izan behar du; lekuko horrek bere izenean sinatuko du, baita testamentugilearen ordez ere, horrek sinatzen ez dakienean edo sinatu ezin duenean.
Testamentua irekia denean, 695. artikuluan agindutakoa ere bete beharko da; testamentua itxia denean, kapitulu honetako seigarren atalean agindutakoa bete beharko da lekukoen kopuruari eta notarioaren eskuhartzeari buruzkoa izan ezik.
723. artikulua
Gerra-ontziko kontulariaren edo merkataritza-ontziko kapitainaren testamentua eskuetsiko dute haien karguetan ordezko direnek; gainerakoan, aurreko artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
724. artikulua
Komandante edo kapitainak zainduko ditu itsas zabalean egindako testamentu irekiak, eta, nabigazioegunkarian, horiei buruzko aipamena egingo da.
Aipamen bera egingo da testamentu olografo eta itxiei buruz ere bai.
725. artikulua
Ontzia atzerrian porturatu bada, eta bertan Espainiako diplomazia edo kontsulatuko agentea badago, orduan, gerra-ontziko komandanteak edo merkataritza-ontziko kapitainak agente horri eman behar dio testamentu irekiaren kopia edo testamentu itxiaren egilespen-aktari buruzko kopia, bai eta egunkarian egindako oharrarena ere.
Testamentuaren nahiz aktaren kopian, jatorrizko agirian agertzen diren sinadura berberak jarriko dira, sinatzaileak bizirik izan eta ontzi barruan badaude; bestela, testamentua jaso duen kontulariak edo kapitainak nahiz horren ordezkoak eskuetsiko du testamentua, eta, horretan, testamentuan parte hartu zuten pertsonen artean ontzi barruan daudenek sinatu behar dute.
Diplomazia edo kontsulatuko agenteak idatziz agerraraziko du ematearen eginbidea, eta, testamentu irekiaren kopia edo testamentu itxiaren egilespen-aktari buruzko kopia itxi eta zigilatu ondoren, kopiok egunkariko oharrarekin batera igorriko zaizkio, bide egokia erabiliz, marina-ministroari, eta horrek aginduko du kopia bere ministerioaren artxiboan gordailatzeko.
Ematea gauzatzen duen komandante edo kapitainak diplomazia edo kontsulatuko agentearen eskutik jasoko du ematea gauzatu delako ziurtagiria, eta horri buruzko oharra idatziko du nabigazioegunkarian.
726. artikulua
Gerra nahiz merkataritzako ontzia Erresumako lehenengo portura iristen denean, komandante edo kapitainak tokiko itsas agintariari emango dizkio jatorrizko testamentua, itxita eta zigilaturik, egunkarian egindako oharraren kopia, eta, testamentugilea hilez gero, heriotza hori egiaztatzen duen ziurtagiria ere bai.
Emate hori aurreko artikuluan araututako forman egiaztatuko da eta itsas agintariak marina-ministroari igorriko dizkio agiri horiek guztiak, inolako luzapenik gabe.
727. artikulua
Testamentugilea hil eta testamentua irekitzen bada, 718. artikuluan xedaturikoa bete beharko du marina-ministroak.
728. artikulua
Atzerritarrak Espainiako ontzian testamentua egiten badu, marina-ministroak estatu-ministroari igorriko dio testamentua, hori diplomazia-bidean behar bezala bidera dadin.
729. artikulua
Testamentua olografoa bada eta, bidaian zehar, testamentugilea hiltzen bada, komandante nahiz kapitainak testamentua jasoko du hori zaintzeko; horren inguruko aipamena egingo du egunkarian; eta, ontzia Erresumako lehenengo portura iristen denean, kapitain edo komandanteak tokiko itsas agintariari emango dio testamentua, aurreko artikuluan arauturiko forman eta horrek aipatzen dituen ondoreetarako.
Gauza bera egin beharko da, testamentua itxia izanik, testamentugileak hori bere eskuetan badu bera hiltzeko unean.
730. artikulua
Atal honen arauen arabera egindako testamentu ireki eta itxiak lau hilabete igarotakoan iraungitzen dira; epe horren zenbaketa hasten da, testamentua forma arruntean egiteko aukera non dagoen, toki horretan testamentugilea lehorreratzen den unetik.
731. artikulua
Itsasoan galtzeko arriskua izanez gero, 720. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie gerra edo merkataritzako ontzien tripulazioari eta bidaiariei.
IX. ATALA
Atzerrian egindako testamentua
732. artikulua
Espainiarrek nazio-lurraldetik kanpo egin dezakete testamentua, betiere, espainiarrok zein herritan egon, eta herri horretako legeek ezarritako formen menpe.
Halaber, espainiarrek testamentua egin dezakete itsas zabalean, atzerriko ontzian nabigatzen duten bitartean, betiere, ontzia zein naziotakoa izan, eta nazio horren legeen menpe.
Era berean, espainiarrek testamentu olografoa egin dezakete 688. artikuluaren arabera, baita testamentu hori onartzen ez duten herrietan ere.
733. artikulua
Espainiarrek atzerrian egiten badute 669. artikuluan debekatutako testamentu mankomunatua, orduan, Espainian testamentu hori ez da baliozkoa izango, nahiz eta bera egin den tokiko nazio-legeek berori onartu.
734. artikulua
Berebat, atzerrian dauden espainiarrek testamentu itxia nahiz irekia egin dezakete Espainiako diplomazia edo kontsulatuko funtzionarioaren aurrean, baldin eta horrek testamentua egiteko tokian notarioaren eginkizunak betetzen baditu.
Kasu horietan, kapitulu honen bost eta seigarren ataletan ezarritako formalitate guztiak gauzatu beharko dira hurrenez hurren.
735. artikulua
Diplomazia edo kontsulatuko agenteak Estatuko Ministeriora igorriko du, bere sinadura eta zigiluarekin eskuetsita, testamentu irekiaren kopia edo testamentua itxiaren egilespen-aktari buruzko kopia, kopia horiek ministerioaren artxiboan gordaila daitezen.
736. artikulua
Espainiarrak diplomazia edo kontsulatuko agentearen eskuetan gordailatzen badu testamentu olografo edo itxia, agente horrek, testamentugilea hildakoan, estatu-ministroari igorriko dizkio testamentua eta testamentugilearen heriotzaziurtagiria.
Estatuko Ministerioak Madrilgo Gazetan argitaraziko du heriotzaren berria, hildakoaren jarauntsian interesa dutenek testamentua jaso eta horren protokolatzea eragin dezaten, agindutako forman.
X. ATALA
Testamentuen ezeztapen
eta eragingabetasuna
737. artikulua
Testamentuaren xedapen guztiak berez ezeztakorrak dira, nahiz eta testamentugileak testamentuan adierazi xedapenok ez ezeztatzeko borondate edo erabakia.
Jarriko gabekotzat hartuko dira etorkizuneko xedapenak indargabetzen dituzten klausulak; eta testamentugileak agintzen badu, testamentua baliozkotasunez ezeztatzeko, hitz edo seinale jakin batzuk erabili behar direla, orduan, agindu hori ere jarri gabekotzat hartuko da.
738. artikulua
Testamentua ezin da osoosorik edo zati batez ezeztatu, testamentua egiteko solemnitateak betetzen ez badira.
739. artikulua
Geroko testamentu perfektuak aurrekoa ezeztatzen du zuzenbidez, salbu eta testamentugileak geroko testamentuan adierazten duenean aurreko testamentua osorik edo zati batez iraunarazteko borondatea.
Hala ere, aurreko testamentuak bere indarra berreskuratzen du, testamentugileak geroko testamentua ezeztatu eta beren beregi adierazten badu lehenengoaren baliozkotasunari eusteko borondatea.
740. artikulua
Bigarren testamentuan izendaturiko jaraunslearen nahiz legatuhartzailearen ezgaitasuna edo horien uko egitea dela eta, testamentua iraungi arren, ezeztapenak berezko zaion ondorea sortuko du.
741. artikulua
Testamentuan semealabatasuna aitortzen bada, aitorpen horrek ez du indarrik galtzen, nahiz eta testamentu hori ezeztatu, horretan bestelako xedapenik jaso ez edo testamentuaren gainerako xedapenak deusezak izan.
742. artikulua
Testamentu itxia ezeztatu dela uste da, baldin eta testamentu hori testamentugilearen egoitzan agertu bada eta horren azalak apurtuta edo zigiluak urraturik badaude, edota testamentua egilesteko sinadurak ezabatu, karraskatu edo zuzenduta badaude.
Nolanahi ere, testamentu hori baliozkoa izango da, baldin eta frogatzen bada kaltea testamentugileak nahi gabe eta jakin gabe gertatu dela edo testamentugileak zoroaldian egin duela; baina, testamentuazala apurtuta edo zigiluak urraturik agertzen badira, orduan, testamentua baliozkoa izan dadin, aurrekoaz gain, testamentuaren kautotasuna frogatu beharko da.
Testamentua inoren eskuetan badago, ulertuko da akatsa pertsona horrek eragin duela, eta, testamentuazala apurtuta edo horren zigiluak urraturik egonez gero, testamentua ez da baliozkoa izango, horren kautotasuna frogatzen ez bada; testamentuazala edo horren zigiluak osoosorik egon arren, testamentuaren sinadurak ezabatu, karraskatu edo zuzenduta badaude, orduan, testamentua baliozkoa izango da, salbu eta testamentugileak berak plegua forma horretan eman duela egiaztatzen ez denean.
743. artikulua
Testamentuak iraungi egingo dira edo testamentuko xedapenak osorik zein zati batez eragingabe gertatuko dira kode honetan beren beregi agindutako kasuetan bakarrik.
II. KAPITULUA
Jarauntsia
I. ATALA
Testamentu bidez eta testamenturik gabe oinordeko izateko gaitasuna
744. artikulua
Testamentu bidezko oinordekoak edo abintestato oinordekoak izan daitezke legeaginduz ezgaiturik ez daudenak.
745. artikulua
Ez dira oinordeko izateko gai:
1. Abortukinak; 30. artikuluan adierazitako inguruabarrak betetzen ez dituztenak abortukinak direla ulertuko da.
2. Legeak onartzen ez dituen elkarte edo korporazioak.
746. artikulua
Elizak eta elizaren kabildoak, probintzietako diputazioak eta probintziak eurak, udalak eta udalerriak, harrerarako, ongintzarako eta herri-irakaspenerako establezimenduak, legeak onartu edo aitortutako elkarteak eta gainerako pertsona juridikoak testamentu bidezko eskuratzaile izan daitezke 38. artikuluan xedatutakoaren menpe.
747. artikulua
Testamentugileak, bere arimaren aldeko arimakari eta errukiegintzetarako, bere ondasun guztiak edo batzuk xedatzen baditu modu zehaztugabean eta horien erabilera finkatu gabe, albazeek ondasunak salduko dituzte eta horien zenbatekoa banatuko dute; zenbatekoaren erdia gotzainari emango zaio, horrek arimakarietarako, eta Elizaren laguntza eta beharrizanetarako destina dezan, eta beste erdia gobernadore zibilari emango zaio, hildakoaren bizilekuko ongintza erakundeetarako edo, halakorik izan ezean, probintziakoetarako destina dezan.
748. artikulua
Herri-establezimenduarentzat egindako xedapena baldintzapekoa bada edo xedapen horrek kargaren bat ezartzen badu, orduan, xedapen hori baliozkoa izango da Gobernuak onesten duenean bakarrik.
749. artikulua
Txiroentzako xedapenak orokorrean egiten badira pertsona nahiz herririk izendatu gabe, ulertuko da xedapenok eragina dutela testamentugilearen azken bizilekuko txiroentzat bakarrik, betiere, testamentugilearen borondatea bestelakoa izan dela argiro agerrarazten ez den bitartean.
Txiroak kalifikatu eta ondasunak banatuko ditu testamentugileak izendaturiko pertsonak; horrelakorik izan ezean, albazeek; eta, albazearik izan ezean, parrokoak, alkateak eta udaleko epaileak, euren arteko zalantzak botoen gehiengoz erabakiz.
Gauza bera egingo da, testamentugileak bere ondasunak xedatzen baditu parrokia edo herri jakin bateko txiroentzat.
750. artikulua
Pertsona zehaztugabearentzat egindako xedapen oro deuseza izango da, salbu eta jazokuntzaren bat delamedio pertsona hori zehaztu daitekeenean.
751. artikulua
Testamentugileak bere senideentzako xedapena egiten badu modu generikoan, ulertzen da xedapen hori egin dela gradurik hurbileneko senideentzat.
752. artikulua
Ez dute ondorerik sortzen testamentugileak, azken gaixoaldian, bere aitorpena entzun duen apaizarentzat nahiz apaiz horren laugarren gradurainoko senideentzat, edota horren eliza, kabildo, erkidego edo institutuarentzat egindako xedapenek.
753. artikulua
Era berean, ez du ondorerik sortuko testamentugileak bere tutore edo kuradorearentzat egindako testamentu-xedapenak, salbu eta xedapen hori kontuak behin betiko onetsi eta gero egiten denean, edo, kontu-arrazoiak eman behar ezean, xedapena tutoretza edo kuradoretza azkendu eta gero egiten denean.
Hala ere, tutore edo kuradorearentzat egindako xedapenak baliozkoak izango dira, pertsona hori testamentugilearen aurreko, ondorengo, neba, arreba edo ezkontidea bada.
754. artikulua
Testamentugileak ezin du bere jarauntsi osoa edo zati bat xedatu testamentua eskuetsi duen notarioarentzat, horren ezkontidearentzat edo laugarren gradurainoko senide nahiz ezkontzasenideentzat, 682. artikuluan ezarritako kasuan izan ezik.
Debeku berbera aplikatuko zaie testamentu irekiko lekukoei, testamentu hori notarioaren aurrean egin zein egin ez.
Berebat, artikulu honetako xedapenak aplikatzen zaizkie testamentu berezien lekukoei eta testamentu horiek egiteko unean parte hartu behar duten pertsonei ere bai.
755. artikulua
Deuseza izango da ezgaiarentzat egindako testamentu-xedapena, nahiz eta xedapen horri kostu bidezko kontratuaren itxura eman edo tarteko pertsona baten izenean egin.
756. artikulua
Ezduintasun-arrazoiaren ondorioz ez dira oinordeko izateko gai:
1. Semealabak bertan behera utzi, prostituitu edo gaizpideratzen dituzten gurasoak.
2. Testamentugilearen, horren ezkontidearen, ondorengoen edo aurrekoen bizitzaren aurka atentatzeagatik, epaiketan kondenatua izan dena.
Ofentsagilea nahitaezko jaraunslea bada, orduan, seniparte-eskubidea galduko du.
3. Testamentugilea delitua egin izanaz akusatzen duena, baldin eta legeak delitu horrentzat espetxealdi edo presoaldi handia baino goragoko zigorra ezartzen badu eta akusazioa kalumnia dela adierazten bada.
4. Adin nagusiko jaraunslea, baldin eta horrek jakin badaki testamentugilea indarkeriaz hil dela, eta, hilabeteko epean, ez badu heriotza hori auzitegietan salatzen, salbu eta auzitegiek horren inguruan ofizioz jardun dutenean.
Debeku hori amaituko da legearen arabera akusatzeko betebeharrik ez dagoen kasuetan.
5. Mehatxua, iruzurra edo indarkeria erabiliz, testamentugilea behartzen duena testamentua egin edo aldatzera.
6. Bide berberak erabiliz, testamentugileari eragozten diona testamentua egitea nahiz egindakoa ezeztatzea, eta geroko testamentua ordeztu, ezkutatu edo aldatzen duena.
757. artikulua
Ezduintasun-arrazoiek ondoreak sortzeari uzten diote, baldin eta testamentugileak arrazoiok jakin baditu testamentua egiteko unean, edo, testamentua egin ondoren jakinda, arrazoiok agiri publikoaren bitartez barkatu baditu.
758. artikulua
Jaraunsle edo legatuhartzailearen gaitasuna kalifikatzeko, zein pertsonaren oinordetza izan, eta horren heriotza-data izan behar da kontuan.
756. artikuluaren 2 eta 3. kasuetan, epaia irmo izateari itxaron beharko zaio; 4. zenbakian, aldiz, salaketa egiteko hilabetea igarotzeari.
Jaraunsle-izendapena edo legatua baldintzapekoa bada, baldintza betetzeko unea ere kontuan izan behar da.
759. artikulua
Jaraunslea edo legatuhartzailea baldintza bete baino lehen hiltzen bada, ez die bere jaraunsleei inolako eskubiderik eskualdatzen, nahiz eta testamentugilearen ostean hil.
760. artikulua
Aurreko artikuluetako debekuen aurka, oinordeko izateko ezgaitasuna duenak jarauntsiko ondasunen edukitza eskuratzen badu, ondasunok eta horien akzesioak itzuli beharko ditu berak jasotzen dituen fruitu eta errentekin batera.
761. artikulua
Ezgaitasunaren ondorioz jarauntsitik baztertua izan dena testamentugilearen semea, alaba edo ondorengoa bada, eta seme-alabak edo ondorengoak baditu, horiek eskuratuko dute hark senipartearen gain duen eskubidea.
762. artikulua
Ezin da ezgaitasuna deklaratzeko akziorik egikaritu, bost urte igaro badira ezgaiak jarauntsiaren edo legatuaren edukitza eskuratu zuenetik.
II. ATALA
Jaraunsle-izendapena
763. artikulua
Norbaitek nahitaezko jaraunslerik ez badu, bere ondasun guztiak edo batzuk xeda ditzake testamentu bidez, ondasunok eskuratzeko gaitasuna duten pertsonetatik edozeinen mesederako.
Norbaitek nahitaezko jaraunsleak baditu, bere ondasunak xedatu ahal izango ditu kapitulu honen bosgarren atalean ezarritako forma eta mugapenekin.
764. artikulua
Testamentua baliozkoa izango da, nahiz eta jaraunsle-izendapenik jaso ez, izendapen horrek ondasun guztiguztiak hartu ez edota izendatuak jarauntsia arbuiatu edo jaraunsle izateko ezgaitasuna izan.
Kasu horietan, legeen arabera egindako testamentu-xedapen guztiak beteko dira, eta ondasunen gerakina jaraunsle legitimoei emango zaie.
765. artikulua
Jaraunsleak izendatzen badira zatirik izendatu gabe, hainbana izango dira jaraunsle.
766. artikulua
Testamentugilea baino lehen hiltzen den borondatezko jaraunsleak, jaraunsle izateko ezgaitasuna duenak eta jarauntsiari uko egiten dionak ez diete inongo eskubiderik eskualdatzen euren jaraunsleei, 761 eta 857. artikuluetan xedatutakoa salbu.
767. artikulua
Jaraunslea edo legatuhartzailea izendatzeko arrazoi faltsua adierazten bada, arrazoi hori ez dela idatzi ulertuko da, salbu eta testamentuak ondorioztatzen duenean testamentugileak ez zukeela jaraunsle-izendapena edo legatua egingo, arrazoia faltsua zela jakin izan balu.
Zuzenbidearen aurkako arrazoia adierazten bada, hori ez dela idatzi ulertuko da, nahiz eta arrazoia egiazkoa izan.
768. artikulua
Gauza zehatz eta jakinaren gainean izendaturiko jaraunslea legatuhartzailetzat joko da.
769. artikulua
Testamentugileak jaraunsle batzuk bananbanan eta beste batzuk taldeka izendatzen baditu, berbarako, «N eta N jaraunsle izendatzen ditut, bai eta Nren semealabak ere», orduan, taldeka izendatutakoak bananbanan izendatu direla ulertuko da, argiro agerrarazten ez bada testamentugilearen borondatea bestelakoa izan dela.
770. artikulua
Testamentugileak bere nebaarrebak jaraunsle izendatzen baditu, eta horietatik batzuk odolekoak eta besteak aitarengandikoak edo amarengandikoak bakarrik badira, jarauntsia banatuko da testamentugilea testamenturik gabe hilez gero banatuko litzatekeen modu berean.
771. artikulua
Testamentugileak pertsona bati eta horren semealabei oinordetzara deitzen badie, orduan, ulertuko da horiek guztiak aldi berean izendatu direla, eta ez ondoz ondo.
772. artikulua
Testamentugileak jaraunslea izendatuko du horren izenabizenak erabiliz; eta, izenabizen berberak dituzten bi pertsona izanez gero, testamentuak inguruabarren bat adierazi beharko du, izendatua nor den jakin ahal izateko.
Testamentugileak jaraunslearen izena aipatzen ez badu ere, zalantzarik gabe jakin badaiteke nor izendatu duen, izendapena baliozkoa izango da.
Adopziohartzailearen testamentuan modu generikoan aipatzen badira semea, alaba edo semealabak, aipamen horrek bere barruan hartzen ditu semealaba adoptatuak ere bai.
773. artikulua
Testamentugileak okerren bat badu jaraunslearen izenabizenei edo ezaugarriei buruz, oker horrek ez du izendapena akastun bihurtzen, beste bideren bat erabilita ziur jakin badaiteke nor izendatu den.
Izen eta abizen bereko pertsonek inguruabar berdinak badituzte, eta inguruabarron bidez ezin bada jakin nor izan den izendatua, orduan, pertsona horietatik ez da inor jaraunsle izango.
III. ATALA
Ordezpena
774. artikulua
Testamentugileak ordezko bat edo gehiago izenda ditzake jaraunsle izendatzen duenarentzat edo dituenentzat, izendatuok testamentugilea baino lehenago hiltzen direnerako edota jarauntsia onartu nahi ez edo onartu ezin duten kasuetarako.
Ordezpena soilak, kasurik adierazten ez duenak, aurreko lerrokadan adierazitako hiru kasuak hartuko ditu, testamentugileak bestelakoa xedatu duenean izan ezik.
775. artikulua
Hamalau urtekoak baino gazteagoak eta sexu batekoak zein bestekoak diren ondorengoentzat, horien gurasoek eta gainerako aurrekoek ordezkoak izendatu ahal dituzte ondorengook adin horretara heldu baino lehen hiltzen direnerako.
776. artikulua
Zorotasuna delaeta hamalau urtekoa baino nagusiagoa den ondorengoa ezgaia dela adierazten bada, aurrekoak ordezkoa izenda dezake ondorengo horrentzat.
Ezgaituak burua argi duenean edo bere senera datorrenean testamentua egiten badu, testamentu horrek eraginik gabe utziko du aurreko lerrokadak aipatzen duen ordezpena.
777. artikulua
Ordeztuak nahitaezko jaraunsleak izanez gero, aurreko artikuluek aipatzen dituzten ordezpenak baliozkoak izango dira jaraunsleon seniparte-eskubideei kalte egiten ez dietenean bakarrik.
778. artikulua
Bi pertsona edo gehiago izan daitezke beste inoren ordezko, eta, alderantziz, ordezko bakarra izan daiteke jaraunsle bi edo gehiagorentzat.
779. artikulua
Jaraunsleak zati desberdinen gainean izendatu eta elkarren ordezko badira, jaraunsleok ordezpenean eskuratuko dituzte izendapenean dagozkien zati berberak, salbu eta argiro agerrarazten denean testamentugilearen borondatea bestelakoa izan dela.
780. artikulua
Ordezkoa geratuko da izendatuari ezarritako zama eta baldintza berberen menpe, salbu eta testamentugileak beren beregi horren aurkakoa xedatu duenean, edota karga nahiz baldintzok izendatuari bakarbakarrik dagozkionean.
781. artikulua
Fideikomisozko ordezpenak direla bide, testamentugileak jaraunsleari ezartzen dio jarauntsi osoa edo horren zati bat artatu eta hirugarren bati eskualdatzeko ardura; ordezpenok baliozkoak izango dira eta ondoreak sortuko dituzte, bigarren gradutik gorakoak ez badira edo testamentugilea hiltzeko unean bizirik dauden pertsonen mesederako egiten badira.
782. artikulua
Fideikomisozko ordezpenek ezin dute inola ere senipartea kargatu. Ordezpen horiek hobekuntzako herenaren gainean erortzen badira, ondorengoen mesederako bakarrik egin daitezke.
783. artikulua
Fideikomisozko ordezpenerako deiak baliozkoak izan daitezen, horiek esanbidezkoak izan behar dira.
Fiduziarioak fideikomisodunari eman beharko dio jarauntsia, baina jarauntsi horretatik ken ditzake gastu, kreditu eta hobekuntza legitimoengatik berari dagozkionak, salbu eta testamentugileak bestelakoa xedatu duenean.
784. artikulua
Fideikomisodunak oinordetzarako eskubidea eskuratuko du testamentugilea hiltzen den unetik, nahiz eta fideikomisodun hori fiduziarioa baino lehen hil. Fideikomisodunaren eskubidea horren jaraunsleei eskualdatuko zaie.
785. artikulua
Ez dute ondorerik sortzen:
1. Esanbidezkoak ez diren fideikomisozko ordezpenek; ordezpenak esanbidezkoak dira, baldin eta izen hori ematen bazaie edo ordeztuari ezartzen bazaio ondasunak beste jaraunsle bati emateko betebehar eztabaidaezina.
2. Besterentzeko debeku betierekoa jasotzen duten xedapenek, bai eta aldi baterako debekua dakartenek ere, baldin eta azken horiek 781. artikuluan aipaturiko mugaz kanpo egiten badira.
3. Jaraunslearen gain ezartzen diren xedapenek, baldin eta horien bitartez jaraunsleak bigarren gradutik gorako pertsona batzuei ondoz ondo ordaindu behar badie errenta edo pentsio jakin bat.
4. Norbaiti jarauntsiko ondasun guztiak edo batzuk uzteko helburua duten xedapenek, baldin eta pertsona horrek ondasunok erabili edo inbertitu behar baditu testamentugileak berari isilpean eman dizkion jarraibideen arabera.
786. artikulua
Fideikomisozko ordezpena deuseza izan arren, horrek ez dio kalterik egiten izendapenaren baliozkotasunari, ezta lehenengo deiaren jaraunsleei ere; halakoetan, fideikomisozko klausula ez dela idatzi ulertu behar da.
787. artikulua
Testamentugileak norbaiti jarauntsi osoa edo horren zati bat, eta beste inori gozamena uzteko xedapena baliozkoa izango da. Testamentugileak zenbait pertsonari deitzen badie gozamenera, aldi berean baino, ondoz ondo, 781. artikuluan xedaturikoa bete beharko da.
788. artikulua
Baliozkoa izango da xedapena, horrek jaraunsleari ezartzen badio aldiroaldiro kopuru jakin batzuk ongintzako obretan inbertitzeko betebeharra, adibidez, dontzeila txiroei ezkonsariak edo ikasleei, txiroei, ongintza-establezimenduei nahiz herri-irakaspenerako establezimenduei pentsioak emateko betebeharra, hurrengo baldintzak kontuan hartuta:
Ondasun higiezinen gainean aldi baterako zama ezartzen bada, jaraunsleak edo jaraunsleek kargapeko finka xeda dezakete; karga ez da desagertuko horri buruzko inskripzioa ezerezten ez den bitartean.
Zama betierekoa baldin bada, jaraunsleak hori kapitalizatu eta kapitala irabazietan jarri ahal izango du lehenengo eta behar besteko den hipotekarekin.
Kapitalizazioetan eta kapital-ezarpenetan, probintziako gobernadore zibilak esku hartu behar du, eta Fiskaltzak esan beharrekoa entzun behar da.
Edozein kasutan ere, testamentugileak ez badu hurrenkerarik ezartzen ongintzarako agintzaria administratu eta erabiltzeko, orduan, administrazio-agintariak ezarriko du hurrenkera hori, legearen arabera hala dagokionean.
789. artikulua
Kapitulu honetan jaraunsleei buruz xedatutakoa legatuhartzaileei ere aplikatzen zaiela ulertuko da.
IV. ATALA
Baldintzapeko edo epe-mugapeko
jaraunsle-izendapena eta legatua
790. artikulua
Testamentuko xedapenak baldintzapean egin daitezke, xedapenok titulu unibertsalaren nahiz banakako tituluaren bidezkoak izan.
791. artikulua
Jaraunsleei eta legatuhartzaileei jarritako baldintzei dagokienez, eta atal honetan arautzen ez diren arazoetan, baldintzapeko betebeharren inguruko erregelek eraenduko dute.
792. artikulua
Ezinezko baldintzak eta lege nahiz ohitura onen aurkakoak jarri gabekotzat hartuko dira, eta ez diete inolako kalterik egingo jaraunsle edo legatuhartzaileei, nahiz eta testamentugileak bestelakoa xedatu.
793. artikulua
Behin edo gehiagotan ez ezkontzeko baldintza erabatekoa jarri gabekotzat hartuko da, salbu eta hildakoak edo horren aurreko nahiz ondorengoek alargunari ezarri diotenean debeku hori.
Hala ere, edonori legatu moduan eman ahal zaio gozamena, erabiltzea nahiz biztantzea, edota pentsio zein prestazio pertsonala, pertsona horrek ezkongabe edo alargun dirauen eperako.
794. artikulua
Deuseza izango da xedapena, hori baldintzapean egin eta baldintza bada jaraunsle edo legatuhartzaileak bere testamentuan xedapenen bat egitea, testamentugilearen edo beste inoren mesederako.
795. artikulua
Jaraunsle edo legatuhartzaileari nahibadako baldintza hutsa ezartzen bazaio, baldintza bete behar du, baldintzaren berri izan eta testamentugilea hiltzearekin batera.
Salbuespen gisa har daiteke baldintza aurretiaz bete izana, hori ezin bada berriz errepikatu.
796. artikulua
Baldintza ustekabekoa edo mistoa bada, nahiko izango da baldintza hori edozein unetan gauzatu edo betetzea, testamentugilea bizirik egon zein hilda egon, salbu eta testamentugileak bestelakoa xedatu duenean.
Testamentua egitean baldintza hori gertatu edo beteta badago, eta testamentugileak ez badu horren berririk izan, baldintza betetzat joko da.
Testamentugileak baldintzaren berri badu, baldintza hori betetzat joko da, bakar-bakarrik, baldintzaren izaeraren ondorioz ezin denean hori berriz gertatu edo bete.
797. artikulua
Testamentugileak izendapenaren edo legatuaren helburua finkatu arren, edo berak utzitako ondasunak erabiltzeko modua nahiz horien gainean ezarritako zama adierazi arren, ez da ulertuko horiek baldintza direnik, ez badu ematen hori testamentugilearen borondatea izan denik.
Modu horretan utzitakoa behingoan eska daiteke, eta jaraunsleei eskualda dakieke, baldin eta jaraunsleek fidantza bidez bermatzen badute testamentugileak agindutakoa betetzea eta, betebehar hori betetzen ez denerako, eurek eskuratutakoa itzultzea, fruitu eta korrituekin batera.
798. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko izendapenak edo legatuak ezin badu ondorerik izan testamentugileak ordenatutako moduan, eta horretan ez badu eraginik izan jaraunsle edo legatuhartzailearen erru edo egitate batek, orduan, beste era batera bete beharko da izendapena edo legatua, betiere, testamentugilearen borondateari gehien egokitzen zaion moduan.
Baldintza bete edo ez betetzeko interesa duenak baldintza betetzea eragozten badu, eta horretan ez badu eraginik izan jaraunsle edo legatuhartzailearen erru nahiz egitate batek, orduan, baldintza betetzat joko da.
799. artikulua
Baldintza etengarriak ez du eragozten jaraunsle edo legatuhartzaileak berari dagozkion eskubideak eskuratzea eta bere jaraunsleei eskubideok eskualdatzea, baita baldintza bete aurretik ere.
800. artikulua
Jaraunsle edo legatuhartzaileari nahibadako baldintza ezartzen bazaio, eta baldintza hori negatiboa edota zerbait ez egitekoa edo ez ematekoa baldin bada, orduan, jaraunsle edo legatuhartzaileak nahiko du fidantza bidez testamentugileak debekatu duen hori egin edo emango ez duelako bermearekin, eta, debekua urratuz gero, jasotakoa fruitu eta korrituekin batera itzuliko duelako bermearekin.
801. artikulua
Jaraunslea baldintza etengarripean izendatzen bada, jarauntsiko ondasunak administraziopean jarriko dira, baldintza bete arte edo hori betetzea ezinezkoa dela ziurtatu arte.
Gauza bera egingo da jaraunsle edo legatuhartzaileak ez duenean fidantzarik ematen aurreko artikuluaren kasuan.
802. artikulua
Baldintzarik gabe izendatutako jaraunslearen edo jaraunsleen esku geratuko da aurreko artikuluan aipaturiko administrazioa, baldin eta horien eta baldintzapeko jaraunslearen artean gehiagotzeko eskubidea gertatzen bada. Hori berori ulertuko da legatuhartzaileei dagokienez.
803. artikulua
Baldintzapeko jaraunsleak ez badu jaraunskiderik, edo, halakorik izan arren, euren artean ez bada gehiagotzeko eskubiderik gertatzen, haren esku geratuko da administrazioa, behin fidantza eman eta gero.
Baldintzapeko jaraunsleak ez badu fidantzarik ematen, administrazioa ustezko jaraunsleari emango zaio, horri ere fidantzapean; batak eta besteak ez badute fidantzarik ematen, auzitegiek beste norbait izendatuko dute, eta horrek administrazioaren ardura hartuko du bere gain, fidantzapean ere, eta fidantza hori jaraunslearen eskuhartzearekin emango da.
804. artikulua
Administratzaileei dagozkie absentearen ondasunen administratzaileek dituzten eskubide eta betebehar berberak.
805. artikulua
Egun edo epe jakin bat izendatzen bada jaraunsle-izendapenak edo legatuak ondoreak sor ditzan edo ondoreak sortzeari utz diezaion, izendapen hori baliozkoa izango da.
Bi kasuotan, eta aipatu epe-muga heldu arte edo hori bukatutakoan, oinordeko legitimoari deitu zaiola ulertuko da. Dena den, lehenengo kasuan, oinordekoak ez du ondasunon edukitza eskuratuko, harik eta izendatuaren eskuhartzearekin behar adinako kauzioa eman arte.
V. ATALA
Seniparteak
806. artikulua
Senipartea testamentugileak xedatu ezin duen ondasun-multzoa da; legeak jaraunsle zehatz batzuei erreserbatzen die multzo hori, eta, horregatik, jaraunsleoi nahitaezko jaraunsle deritze.
807. artikulua
Nahitaezko jaraunsle dira:
1. Semealabak eta ondorengoak, euren guraso eta aurrekoei begira.
2. Semealaba eta ondorengorik izan ezean, guraso eta aurrekoak, euren semealaba eta ondorengoei begira.
3. Alarguna, kode honek ezartzen duen forma eta neurrian.
808. artikulua
Semealaben edo ondorengoen senipartea osatzen dute aita eta amaren jarauntsiko hartzekoaren bi herenek.
Hala ere, senipartea osatzen duten bi zatietatik bat xeda dezakete aitak eta amak, euren semealabei edo ondorengoei hobekuntza gisa emateko.
Hirugarren zatia xedapen askekoa izango da.
809. artikulua
Guraso edo aurrekoen senipartea osatzen du semealaben edo ondorengoen jarauntsiko hartzekoaren erdiak; dena den, guraso edo aurrekoak ondorengo kausatzailearen alargunarekin batera pilatzen badira oinordetzan, euron senipartea jarauntsiaren heren batekoa izango da.
810. artikulua
Gurasoei erreserbaturiko senipartea bien artean erdibanatuko da: gurasoetatik bat hilda dagoenean, bizirik dagoenari dagokio seniparte osoa.
Testamentugileak, aita eta amarik izan ez, baina gradu bereko aurrekoak baditu aitarengandiko eta amarengandiko lerroetan, jarauntsia bi lerro horietan erdibanatuko da. Aurrekoak ez badira gradu berekoak, senipartea osoosorik dagokie lerro bateko nahiz besteko aurrekorik hurbilenei.
811. artikulua
Aurreko batek bere ondorengoaren ondasun batzuk jarauntsi baditu, eta ondorengoak dohainik eskuratu izan baditu ondasunok beste aurreko nahiz neba edo arreba baten eskutik, aurreko horrek erreserbatu behar ditu legeaginduz eskuratu dituenak, ondasunok zein lerrotatik etorri, eta lerro horretan hirugarren gradurainoko senide direnen mesederako.
812. artikulua
Aurrekoak dira, bestelako pertsonak baztertuz, eurek semealaba edo ondorengoei eman dizkieten gauzen oinordeko, baldin eta semealaba edo ondorengoak aurrekoak baino lehen hil badira ondorengorik izan gabe, eta oinordetza horretan dohaintzapeko objektuak eurak baldin badaude. Objektuok besterendu badira, aurrekoak oinordeko izango dira dohaintzahartzaileak objektu horiei begira izango lituzkeen akzio guztietan; objektuok saldu badira, euron truk lortutako prezioan; eta, objektuok trukatu edo aldatu badira, horien ordezko gertatu diren ondasunetan.
813. artikulua
Testamentugileak ezin die jaraunsleei kendu euren senipartea, legeak beren beregi zehazturiko kasuetan baino.
Era berean, testamentugileak ezin du inolako karga, baldintza eta ordezpenik ezarri senipartearen gainean, alargunaren gozamenaren inguruan xedatutakoari kalterik egin gabe.
814. artikulua
Nahitaezko jaraunslearen preterizioak ez dio kalterik egiten seniparteari. Jaraunsle-izendapena urrituko da, legatuak, hobekuntzak eta gainerako testamentuxedapenak urritu baino lehen.
Dena den, semealaben edo ondoregoen nahi gabeko preterizioak hurrengo ondoreak sortuko ditu:
1. Semealaba eta ondorengo guztiak preteritzen badira, ondareedukia duten testamentuxedapenak deuseztatuko dira.
2. Bestelako kasuetan, jaraunsleen izendapena deuseztatuko da; baina baliozkoak izango dira edozein tituluren bidez ordenatutako agintzariak eta hobekuntzak, batzuk eta besteak ezofizioso ez diren heinean. Nolanahi ere, ezkontidea jaraunsle izendatuz gero, izendapen hori deuseztatu egingo da seniparteei kalte egiten dien neurrian bakarrik.
Preteritua izan ez den ondorengoaren ondorengoek hura ordezkatzen dute aurrekoaren jarauntsian, eta ez dira preteritutzat jotzen.
Nahitaezko jaraunsle preterituak testamentugilea baino lehen hiltzen badira, testamentuak bere ondore guztiak sortuko ditu.
Seniparteei kalterik egin gabe, lehenespenekoa da beti testamentugileak ordenatu duena.
815. artikulua
Nahitaezko jaraunsleak senipartearen osagarria eska dezake testamentugileak, edozein tituluren bidez, jaraunsle horri dagokion senipartea baino gutxiago uzten badio.
816. artikulua
Deuseza da uko egite edo transakzio oro, etorkizuneko senipartearen zordunak eta horren nahitaezko jaraunsleek egina, eta nahitaezko jaraunsleek seniparte hori erreklamatu ahal dute zorduna hildakoan; hala ere, nahitaezko jaraunsleek kolaziora ekarri beharko dute uko-egite edo transakzioaren ondorioz jaso dutena.
817. artikulua
Nahitaezko jaraunsleen senipartea gutxitzen duten testamentu-xedapenak urritu egingo dira haiek hala eskatuz gero, xedapenok ezofiziosoak edo gehiegizkoak diren zatian.
818. artikulua
Senipartea finkatzeko, kontuan hartuko da testamentugilea hildakoan geratzen diren ondasunen balioa, zor eta zamak kendu eta gero; zor eta zamen artean ez dira sartuko testamentuan ezarritakoak.
Jarauntsiko ondasunen balio likidoari gehituko zaio dohaintza kolazionagarriena.
819. artikulua
Semealabei egindako dohaintzak haien seniparteari egotziko zaizkio, dohaintzok ez badira hobekuntza gisa egin.
Kanpokoei egindako dohaintzak egotziko zaizkio testamentugileak azken nahian askatasunez xeda zezakeen zatiari.
Dohaintzak ezofiziosoak badira edo xedapen askeko kuota gainditzen badute, urritu egingo dira, hurrengo artikuluetako erregelen arabera.
820. artikulua
Behin senipartea aurreko bi artikuluen arabera finkatu eta gero, urripena honetara egingo da:
1. Dohaintzak errespetatuko dira senipartea estal daitekeen neurrian; eta, beharrezkoa izanez gero, testamentuan egindako agintzariak urritu edo deuseztatuko dira.
2. Legatuen urripena lainean egingo da, inolako bereizketarik egin gabe.
Testamentugileak xedatzen badu legatu baten ordainketak lehenespena duela beste batzuenaren aurretik, legatu hori ez da urrituko, beste guztiak osoosorik senipartea ordaintzeko erabili arte.
3. Agintzaria gozamenaren edo bizi arteko errentaren gain ezartzen bada, eta agintzari horren balioak xedapen askeko zatia gainditzen duela ulertzen bada, nahitaezko jaraunsleek aukeran dute testamentuko xedapena betetzea ala legatuhartzaileari testamentugileak askatasunez xeda zezakeen jarauntsizatia ematea.
821. artikulua
Urritu beharreko legatua nekez zati daitekeen finka baten gainekoa bada, orduan, legatuhartzailearen esku geratuko da finka hori, urripenak ez badu bere barruan hartzen finkaren balioaren erdia; bestela, nahitaezko jaraunsleen esku geratuko da. Hala ere, legatuhartzaileak eta nahitaezko jaraunsleek diruz ordaindu beharko diote elkarri bakoitzaren hartzekoa.
Legatuhartzaileak seniparte-eskubidea baldin badu, finka osoa atxiki dezake, baldin eta finka horren balioak ez badu gainditzen xedapen askeko zatiaren zenbatekoa gehi seniparte gisa legatuhartzaile horri dagokion kuotaren balioa.
822. artikulua
Jaraunsleek edo legatuhartzaileek ez badute erabili nahi aurreko artikuluan eurei ematen zaien eskubidea, euren artetik eskubiderik ez duenak erabil dezake berori; baina, horrek ere ez badu eskubidea erabili nahi, finka jendaurreko enkantean salduko da edozein interesdunek hala eskatuz gero.
VI. ATALA
Hobekuntzak
823. artikulua
Aita edo amak seniparterako destinatuta dauden bi herenetatik bat xeda dezake hobekuntza gisa, bere seme, alaba edo ondorengo baten nahiz batzuen mesederako, horiek naturaren araberakoak izan nahiz adopzio bidezkoak izan.
824. artikulua
Hobekuntzaren gain kargak ezar daitezke senipartedunen edo euren ondorengoen mesederako bakarrik.
825. artikulua
Bizien arteko kontratuaren bidez dohaintza egiten bazaie, dohaintza hori soila izan zein kargaduna izan, nahitaezko jaraunsle diren semealaba edo ondorengoei, orduan, dohaintza hori ez da hobekuntza gisa hartuko, dohaintzaemaileak ez badu beren beregi adierazi hobetzeko borondatea.
826. artikulua
Eskritura publikoaren bidezko ezkontza-itunetan hobetzeko edo ez hobetzeko egindako hitzematea baliozkoa izango da.
Testamentugileak hitzematearen aurka egindako xedapenak ez du ondorerik sortuko.
827. artikulua
Hobekuntza ezeztakorra izango da, nahiz eta hori jadanik ondasunak ematearekin batera gauzatu, salbu eta hobekuntza ezkontza-itunetan edo hirugarren batekin kostu bidez egindako kontratuan egiten denean.
828. artikulua
Testamentugileak bere seme, alaba edo ondorengo bati emandako agintzaria nahiz legatua ez da hobekuntza gisa hartuko, salbu eta testamentugileak beren beregi adierazten duenean hori dela bere borondatea, edo agintzari edo legatu hori xedapen askeko zatian sartzen ez denean.
829. artikulua
Hobekuntza gauza zehatzaren gainean jar daiteke. Gauza horren balioak hobekuntzarako destinaturiko herena eta hobekuntzadunari dagokion seniparte-zatia gainditzen baditu, hobekuntzadunak diruz ordainduko die gaindikina gainerako interesdunei.
830. artikulua
Hobetzeko ahalmena ezin da inoren ardurapean utzi.
831. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, testamentuan edo ezkontza-itunetan ordena daiteke, ezkontide egileslea hildakoan, berriz ezkontzen ez den alargunak hildakoaren ondasunak bere sen onaren arabera banatu, eta, horiekin, bibion semealabak hobetzeko aukera izatea, betiere, seniparteei, hobekuntzei eta kausatzaileak ezarritako gainerako xedapenei kalterik egin gabe.
Eperik zehaztu ez bada, alargunak urtebeteko epea izango du oinordetza irekitzen den unetik zenbatuta, edo, hala denean, bi ezkontideen semealaben artean azkena emantzipatzen den unetik.
832. artikulua
Hobekuntza ez bada gauza zehatzaren gainean eratzen, orduan, hobekuntza hori jarauntsiko ondasunekin eurekin ordaindu beharko da; eta, ondasunak banatzean jaraunsleen arteko berdintasuna lortu ahal izateko, 1061 eta 1062. artikuluetan ezarritako erregelak bete beharko dira, horiek aplikagarri diren heinean.
833. artikulua
Seme, alaba edo ondorengo hobekuntzadunak jarauntsiari uko egin diezaioke, eta hobekuntza onar dezake.
VII. ATALA
Alargunaren eskubideak
834. artikulua
Ezkontideak ez badaude banandurik euretako bat hiltzean edo banandurik badaude hildakoaren erruz, eta alarguna semealaba edo ondorengoekin batera pilatzen bada jarauntsian, alargun horrek gozamen-eskubidea izango du hobekuntzarako destinaturiko herenaren gain.
835. artikulua
Ezkontideak demanda bidez banandurik badaude, banantze-auziaren emaitzari itxaron beharko zaio.
Ezkontide bananduen artean barkatzea edo berradiskidetzea gertatuz gero, alargunak bere eskubideei eutsiko die.
836. artikulua
Edukirik gabe.
837. artikulua
Ondorengorik izan ez arren, aurrekoak badaude, alargunak gozamen-eskubidea izango du jarauntsiaren erdiaren gain.
Gozamenak hedadura bera izango du, baldin eta alargunarekin batera pilatzen diren nahitaezko jaraunsleak, hildakoaren eta alargunaren arteko ezkontza bitartean ernalduak izan arren, hildakoaren semealabak bakarrik badira. Kasu horretan, gozamen-kuota hobekuntzako herenaren gain eroriko da, eta gaindikinak xedapen askeko herena kargatuko du.
838. artikulua
Ondorengo eta aurrekorik izan ezean, alargunak gozamen-eskubidea izango du jarauntsiko bi herenen gain.
839. artikulua
Ezkontideari bere gozamen-zatia ordaintzeko, jaraunsleek ezkontide horri eslei diezazkiokete bizi arteko errenta, ondasun zehatz batzuen produktuak edo eskudiruzko kapitala; horretan, jaraunsleek eta alargunak elkarren arteko adostasunez jardun behar dute, edo, bestela, epailearen aginduz.
Hori egiten ez den bitartean, jarauntsiko ondasun guztiak lotuta daude alargunari dagokion gozamen-zatiaren ordainketarekin.
840. artikulua
837. artikuluaren bigarren lerrokadak arauturiko kasua gertatzen bada, alargunak eska dezake semealabek jaso beharreko zatia kargatzen duen gozamena berari ordain diezaioten, diruzko kapitala ala jarauntsiko erloa esleituz; semealaboi dagokie aukeratzea.
VIII. ATALA
Jarauntsi-zatiaren ordainketa, kasu berezietan
841. artikulua
Testamentugileak edo horrek beren beregi baimendutako kontularibanatzaileak jarauntsiko ondasun guztiak nahiz batzuk adjudika diezazkioke seme, alaba edo ondorengo bati, gainerako senipartedunen jarauntsi-zatia eskudiruz ordaintzeko aginduarekin.
Aurreko lerrokadaren kasu berean, ordainketa eskudiruz egiteko ahalmena dagokio Kode Zibilaren 1057. artikuluak aipatzen duen kontularibanatzaile datiboari ere bai.
842. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, semealaba nahiz ondorengoetatik edozeinek eskudiruz ordaindu behar badu bere nebaarrebei dagokien jarauntsi-kuota, eska dezake kuota hori jarauntsiko ondasunekin ordaintzeko; kasu horretan, kode honen 1058. artikulutik 1063.erakoetan agindutakoa bete beharko da.
843. artikulua
Semealaba edo ondorengo guztien esanbidezko baieztapenik izan ezean, epailearen onespena beharko da aurreko bi artikuluek aipatzen duten banaketa egiteko.
844. artikulua
Ordainketa eskudiruz egiteko erabakiak ez du ondorerik sortuko, baldin eta jasotzaileei ez bazaie erabakiaren berririk ematen oinordetza ireki eta hurrengo urtebeteko epean. Ordainketa bera beste urte bateko epean egin behar da, aurkako itunik izan ezean. Diru-kopuruaren jasotzaileari dagozkio kopuruaren gaineko legatuhartzailearentzat ezarritako lege-berme berberak.
Epea igaro eta gero, ordainketarik egiten ez bada, iraungi egingo da testamentugile edo kontularibanatzaileak semealaba nahiz ondorengoei emandako ahalmena, eta jarauntsiaren banaketari ekingo zaio, banaketari buruzko xedapen orokorren arabera.
845. artikulua
Aurreko artikuluetan aipaturiko aukerak ez du eraginik izango gauza zehatzaren gaineko legatuetan.
846. artikulua
Era berean, aukerak ez du eraginik izango testamentugileak gauza zehatzen gain egindako banaketaxedapenetan.
847. artikulua
Semealaba edo ondorengoei ordaindu behar zaien kopurua finkatzeko, kontuan izan behar da ondasunek kasuan kasuko zatia likidatzeko unean duten balioa, ordu arte ekoitzitako fruitu edo errentak ere gogoan izanik. Likidazioa egiten denetik, eskudiruzko kredituak legezko korrituak sortuko ditu.
IX. ATALA
Jaraunsgabetzea
848. artikulua
Jaraunsgabetzea gerta daiteke legeak beren beregi aipaturiko arrazoietatik bat gertatzen denean bakarrik.
849. artikulua
Jaraunsgabetzea testamentuan bakarrik egin daiteke, eta bertan adierazi behar da jaraunsgabetzearen oinarri den legezko arrazoia.
850. artikulua
Jaraunsgabetuak jaraunsgabetze-arrazoiari ezezkoa ematen badio, testamentugilearen jaraunsleei dagokie jaraunsgabetze-arrazoia egiazkoa dela frogatzea.
851. artikulua
Jaraunsgabetzea arrazoirik adierazi gabe egiten bada, edo, arrazoia adierazi arren, horren egiatasuna aurkaratu eta hori frogatzen ez bada, edota arrazoi hori ez bada ondorengo lau artikuluetan adierazitako arrazoietatik bat, orduan, jaraunsle-izendapena deuseztatuko da, horrek jaraunsgabetuari kalte egiten dion heinean; baina legatuak, hobekuntzak eta gainerako testamentu-xedapenak baliozkoak izango dira seniparte horri kalte egiten ez dioten heinean.
852. artikulua
853, 854 eta 855. artikuluek zehatzmehatz ezarritakoari helduz, jaraunsgabetzeko arrazoi zuzenak dira ezduintasuna delaeta oinordeko izateko ezgaitasuna eragin, eta 756. artikuluan 1, 2, 3, 5 eta 6. zenbakietan aipatzen direnak.
853. artikulua
Halaber, semealaba eta ondorengoak jaraunsgabetzeko arrazoi zuzenak dira, 756. artikuluan 2, 3, 5 eta 6. zenbakietan adierazitakoak ez ezik, hurrengoak ere bai:
1. Arrazoi legitimorik izan gabe, jaraunsgabetzea gauzatzen duen guraso edo aurrekoari mantenua ukatzea.
2. Egitez tratu txarra ematea edo hitzez irain larriak eragitea.
854. artikulua
Guraso eta aurrekoak jaraunsgabetzeko arrazoi zuzenak dira, 756. artikuluan 1, 2, 3, 5 eta 6. zenbakietan adierazitakoak ez ezik, hurrengoak ere bai:
1. Guraso-ahala galtzea 170. artikuluan ezarritako arrazoien ondorioz.
2. Arrazoi legitimorik izan gabe, semealaba edo ondorengoei mantenua ukatzea.
3. Guraso batek bestearen bizitzaren aurka atentatzea, euren artean ez bada berradiskidetzerik izan.
855. artikulua
Ezkontidea jaraunsgabetzeko arrazoi zuzenak dira, 756. artikuluan 2, 3, 5 eta 6. zenbakietan adierazitakoak ez ezik, hurrengoak ere bai:
1. Ezkontzako eginbeharren aurka ezbetetze larri edo errepikatua burutzea.
2. 170. artikuluarekin bat etorriz, guraso-ahala galtzea dakarten arrazoiak.
3. Semealabei edo beste ezkontideari mantenua ukatzea.
4. Ezkontide testamentugilearen bizitzaren aurka atentatzea, tartean berradiskidetzerik izan ez bada.
856. artikulua
Jaraunsgabetzea gertatu ostean ofentsagilea eta ofenditua berradiskidetzen badira, berradiskidetze horrek jaraunsgabetzeko eskubidea kentzen dio ofendituari, eta ondorerik gabe uzten du jadanik egindako jaraunsgabetzea.
857. artikulua
Jaraunsgabetuaren semealaba edo ondorengoak haren lekuan jarriko dira, eta nahitaezko jaraunsleen eskubideei eutsiko diete seniparteari dagokionez.
X. ATALA
Agintzariak eta legatuak
858. artikulua
Testamentugileak agintzari eta legatuekin karga ditzake, bere jaraunslea ez ezik, legatuhartzaileak ere bai.
Legatuhartzaileek kargaren gaineko erantzukizuna izango dute, legatuaren balioa erantzukizun horren gehieneko muga izanik.
859. artikulua
Testamentugileak jaraunsleetatik bat legatuarekin kargatzen badu, jaraunsle horri bakarrik dagokio karga betetzea.
Testamentugileak ez badu jaraunsle jakin bat kargatzen, jaraunsle guztiak geratuko dira betebeharpean jaraunsle diren proportzio berean.
860. artikulua
Legatua emateko betebeharra duenak ebikzioaren ondoriozko erantzukizuna izango du, baldin eta gauza zehaztugabea izan eta horren generoa edo espeziea bakarrik aipatzen bada.
861. artikulua
Inoren gauzaren gaineko legatua baliozkoa da, baldin eta testamentugileak legatua egitean badaki gauza hori inorena dela. Jaraunsleak legatua eskuratu behar du hori legatuhartzaileari emateko; eta, hori egitea ezinezkoa bada, legatuhartzaileari eman behar dio gauzaren zenbatespen zuzena.
Legatuhartzaileak frogatu behar du testamentugileak bazekiela gauza inorena zela.
862. artikulua
Testamentugileak ez bazekien legatuan emandako gauza inorena zela, legatua deuseza izango da.
Hala ere, legatua baliozkoa izango da, baldin eta testamentugileak gauza hori eskuratzen badu testamentua egin eta gero.
863. artikulua
Baliozkoa izango da jaraunslearen edo legatuhartzailearen gauza bat hirugarrenari legatuan ematea; jaraunsle edo legatuhartzaileak, oinordetza onartzean, legatupeko gauza edo horren zenbatespen zuzena eman beharko du hurrengo artikuluan ezarritako mugapenarekin.
Aurreko lerrokadan ezarritakoa ulertzen da nahitaezko jaraunsleen seniparteari kalterik egin gabe.
864. artikulua
Testamentugileak, jaraunsleak edo legatuhartzaileak legatupeko gauzaren zati bat edo horren gaineko eskubide bat bakarrik badu, legatua zati edo eskubide horren gainekoa bakarrik dela ulertuko da, salbu eta testamentugileak beren beregi adierazten duenean gauza osoa ematen duela legatuan.
865. artikulua
Deuseza da merkataritzatik kanpoko gauzen gaineko legatua.
866. artikulua
Testamentua egiteko unean jadanik legatuhartzaileari badagokio legatupeko gauza, legatu horrek ez du inolako ondorerik sortuko, nahiz eta gauzaren gainean beste inork eskubideren bat izan.
Testamentugileak beren beregi xedatzen badu gauza eskubide edo karga horretatik askatzeko, legatua baliozkoa izango da askatze horri dagokionez.
867. artikulua
Testamentugileak gauza bahitua edo hipotekatua legatuan ematen badu eskatzeko moduko zorren bat ziurtatzeko, zor horren ordainketa jaraunsleak egin beharko du.
Jaraunsleak zorra ez ordaintzeagatik, legatuhartzaileak egiten badu ordainketa, legatuhartzailea hartzekodunen lekuan eta eskubideetan subrogatuko da ordaindutakoa jaraunsleari erreklamatzeko.
Beste edozein zama, betierekoa nahiz aldi baterakoa, legatupeko gauzaren gain eraginekoa bada, gauza zamarekin batera eskualdatuko zaio legatuhartzaileari; baina, bi kasuotan, jarauntsiaren zamak dira testamentugilea hil arte sortutako korritu edo erredituak.
868. artikulua
Legatupeko gauza gozamen, erabiltze edo biztantzearen menpe badago, legatuhartzaileak eskubideok errespetatu beharko ditu horiek legearen arabera azkendu arte.
869. artikulua
Legatua ondorerik gabe geratuko da:
1) Testamentugileak legatupeko gauza transformatzen duenean, baldin eta transformazioaren ondorioz gauza horrek ez badu lehengo formarik ez izenik.
2) Testamentugileak, edozein titulu nahiz arrazoiren ondorioz, legatupeko gauza edo horren zati bat besterentzen duenean; azken kasu horretan ulertu behar da legatua ondorerik gabe geratzen dela besterendutako zatian bakarrik. Besterentzeaz geroztik, gauza testamentugilearen jabarira itzultzen bada kontratuaren deuseztasunaren ondorioz edo bestelako arrazoien ondorioz, egitate horren ostean legatuak ez du indarrik izango, salbu eta berreskuraketa atzeraeskuratzeko itunaren ondorioz gauzatzen denean.
3) Testamentugilea bizirik dagoela, legatupeko gauza osoosorik galtzen denean; edota, testamentugilea hil eta gero, gauza hori jaraunslearen errurik gabe galtzen denean. Nolanahi ere, legatua ordaintzeko betebeharra duenak ebikzioaren ondoriozko erantzukizuna izango du, baldin eta legatupeko gauza ez bada zehaztu bere espeziea aipatuz, 860. artikuluan xedatutakoaren arabera.
870. artikulua
Hirugarrenaren aurkako kredituaren legatuak edo legatuhartzailearen zorren bat barkatzea nahiz horretatik askatzea dakarren legatuak ondoreak sortuko ditu, testamentugilea hil eta gero indarrean dirauen kreditu- edo zor-zatiaren gainean bakarrik.
Lehenengo kasuan, jaraunsleak nahiko izango du zordunaren aurka berak izan ditzakeen akzio guztiak legatuhartzaileari lagatzearekin.
Bigarren kasuan, jaraunsleak nahiko izango du legatuhartzaileari ordainagiria ematearekin, horrek hala eskatzen badio.
Bi kasuotan, legatuaren barruan sartuko dira testamentugilea hiltzean kreditu edo zorraren ondorioz zor ziren korrituak.
871. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko legatua iraungitzen da, baldin eta testamentugileak, legatu hori egin eta gero, zordunaren aurka epaiketa bidez demanda jartzen badu horrek zorra ordain dezan, hori guztia testamentugilea hiltzean ordainketa egin barik egon arren.
Zordunari legatu moduan gauza bahitua ematen bazaio, ulertzen da bahi-eskubidea bakarrik barkatzen dela.
872. artikulua
Zorretatik askatzeko edo horiek barkatzeko legatu generikoaren barruan sartzen dira testamentua egiten den uneko zorrak, baina ez gerokoak.
873. artikulua
Hartzekodunari emandako legatua ez zaio egotziko beraren kredituaren ordainketari, salbu eta testamentugileak beren beregi hori adierazten duenean.
Kasu horretan, hartzekodunak kredituaren edo legatuaren gaindikina kobratzeko eskubidea izango du.
874. artikulua
Hautabidezko legatuetan, mota bereko betebeharrentzat xedaturikoa beteko da, betiere, testamentugilearen esanbidezko borondateak eratorritako aldarazpenekin.
875. artikulua
Gauza higigarri generikoaren gaineko legatua baliozkoa izango da, nahiz eta jarauntsian genero horretako gauzarik egon ez.
Zehaztu gabeko gauza higiezinaren gaineko legatua baliozkoa izango da, jarauntsian horren generoko gauzaren bat dagoenean bakarrik.
Aukeratzea jaraunsleari dagokio, eta jaraunsle horrek nahiko izango du kalitate txikiagoa edo handiagoa ez duen gauza ematearekin.
876. artikulua
Testamentugileak beren beregi ematen badio aukeratzeko ahalmena jaraunsleari edo legatuhartzaileari, lehenengoak eman edo bigarrenak aukeratuko du bere ustez egokien den gauza.
877. artikulua
Jaraunsleak edo legatuhartzaileak ezin badu aukerarik egin, horren eskubidea jaraunsleei eskualdatuko zaie; baina, behin aukera egin eta gero, hori ezeztaezina izango da.
878. artikulua
Testamentua egiteko unean legatupeko gauza legatuhartzailearena bada, legatua ez da baliozkoa, nahiz eta geroago gauza hori besterendu.
Une horrez geroztik legatuhartzaileak gauza dohainik eskuratzen badu, ezin dezake ezer eskatu horren truk; baina, eskuraketa kostu bidez gertatzen bada, legatuhartzaileak jaraunsleari eskatu ahal dio gauza eskuratzearen truk emandakoa kalteordain gisa eman diezaion.
879. artikulua
Hezkuntzarako legatuak legatuhartzailea adin nagusikoa izan arte dirau.
Mantenurako legatuak legatuhartzailea bizirik dagoen bitartean dirau, testamentugileak besterik xedatu ez badu.
Testamentugileak legatu horietarako kopurua zehaztu ez badu, zenbateko hori finkatuko da legatuhartzailearen egoera eta izatea, eta jarauntsiaren zenbatekoa kontuan hartuta.
Testamentugileak, bizirik zegoela, legatuhartzaileari diru-kopuru jakin bat edo beste gauza batzuk mantenu gisa emateko ohitura bazuen, ulertuko da legatuan kopuru bera eman dela, salbu eta kopuru horren eta jarauntsiaren zenbatekoaren artean proportziorik eza nabaria denean.
880. artikulua
Legatu moduan ematen bada aldizkako pentsio bat edo urte, hil nahiz asteroko kopuru jakin bat, legatuhartzaileak lehenengo epealdiari dagokiona eska dezake testamentugilea hiltzeaz batera, eta hurrengo epealdiei dagozkienak, horiek hasten direnean; eta ez da itzulketarik egin behar, nahiz eta legatuhartzailea hil, hasitako epealdia amaitu aurretik.
881. artikulua
Legatuhartzaileak legatu huts eta soilak eskuratzeko eskubidea du testamentugilea hiltzen den unetik, eta eskubide hori bere jaraunsleei eskualdatzen die.
882. artikulua
Legatua gauza jakin eta zehatzaren gainekoa izanik, gauza hori testamentugilearena bada, orduan legatuhartzaileak gauzaren jabetza eskuratzen du testamentugilea hiltzen den unetik; eta banantzeke dauden fruitu eta errentak bere egiten ditu, baina ez heriotzaren aurretik sortu diren eta ordaintzeke dauden errentak.
Une horretatik bertatik, legatupeko gauzaren arriskua legatuhartzailearen gain geratzen da; ondorenez, legatuhartzaileak gauzaren galera edo narriadura jasan beharko du, eta, era berean, probetxua aterako du gauza gehitu edo hobetuz gero.
883. artikulua
Legatupeko gauza bere osagarri guztiekin eta testamentugilea hiltzean zegoen moduan eman beharko da.
884. artikulua
Gauza jakin eta zehatzaren gainekoa baino, legatua generikoa edo kopuruaren gainekoa bada, horren fruitu eta korrituak, testamentugilea hiltzen den unetik, legatuhartzaileari dagozkio testamentugileak beren beregi hori xedatu duenean.
885. artikulua
Legatuhartzaileak ezin du bere kabuz okupatu legatuan ematen zaion gauza; aitzitik, jaraunsleari, edo, horretarako baimena badu, albazeari, eskatu behar dizkio gauza horren ematea eta edukitza.
886. artikulua
Jaraunsleak legatupeko gauza bera eman behar du ahal izanez gero; eta ez da nahiko gauza horren zenbatespena ematearekin.
Diruzko legatuak espezie horretan ordaindu beharko dira jarauntsian halakorik egon ez arren.
Jarauntsiarekin ordaindu beharko dira legatupeko gauza emateko beharrezkoak diren gastuak, betiere, seniparteari kalterik egin gabe.
887. artikulua
Jarauntsiko ondasunak ez badira legatu guztiak estaltzeko beste, ordainketa hurrenkera honen arabera egingo da:
1) Ordain gisa emandako legatuak.
2) Gauza jakin eta zehatzaren gaineko legatuak, baldin eta gauza horiek jarauntsiko ondasunak badira.
3) Testamentugileak lehenespenekotzat jo dituen legatuak.
4) Mantenurakoak.
5) Hezkuntzarakoak.
6) Gainerakoak, lainean.
888. artikulua
Legatuhartzaileak ezin badu legatua onartu edo ez badu hori nahi, edota edozein arrazoiren ondorioz legatuak ez badu ondorerik sortzen, legatu hori jarauntsi-masara bilduko da, ordezpen-kasuei eta gehiagotzeko eskubideari kalterik egin gabe.
889. artikulua
Legatuhartzaileak ezin du legatuaren zati bat onartu eta bestea arbuiatu, azken hori kargaduna bada.
Legatuhartzailea, jaraunsle batzuk dituela, legatua onartu aurretik hiltzen bada, jaraunsle horietako batek onar eta beste batek, aldiz, arbuia dezake berari legatuan dagokion zatia.
890. artikulua
Legatuhartzaileak bi legatu jaso baditu, eta horietatik bat kargaduna bada, ezin dio horri uko egin eta bestea onartu. Bibiok kargadunak edo kargarik gabekoak izanez gero, legatuhartzaileak askatasuna du guztiak onartu edo berak nahi duena arbuiatzeko.
Jaraunslea aldi berean legatuhartzaile bada, jarauntsiari uko egin eta legatua onar dezake, edota legatuari uko egin eta jarauntsia onartu.
891. artikulua
Jarauntsi osoa legatuetan banatzen bada, jarauntsi horretako zorrak eta kargak legatuhartzaileen artean lainduko dira euren kuoten arabera, salbu eta testamentugileak bestelakoa xedatu duenean.
XI. ATALA
Testamentu-albazeak
892. artikulua
Testamentugileak albazea bat edo gehiago izenda ditzake.
893. artikulua
Ezin da albazea izan betebeharrak hartzeko gaitasunik ez duena.
Adingabea ezin da albazea izan, nahiz eta guraso edo tutorearen baimena izan.
894. artikulua
Albazea unibertsala edo banakakoa izan daiteke.
Edozein kasutan ere, albazeak modu mankomunatuan, ondoz ondo edo modu solidarioan izenda daitezke.
895. artikulua
Albazeak mankomunatuak badira, baliozkoa izango da horiek guztiek batera egindakoa, batek gainerakoen legezko baimenarekin egindakoa eta, desadostasunik izanez gero, gehienek erabakitakoa.
896. artikulua
Presa handiko kasuetan, albazea mankomunatuetatik batek, bere erantzukizun pertsonalaren menpe, beharrezko diren egintzak gauza ditzake gainerakoei berehala horren berrri emanez.
897. artikulua
Testamentugileak ez badu argiro ezartzen albazeen arteko solidaritatea, eta ez badu hurrenkerarik finkatzen horiek bete dezaten eurei agindutakoa, ulertuko da albazeak modu mankomunatuan izendatu direla, eta aurreko artikuluek agindutako moduan beteko dutela euren kargua.
898. artikulua
Albazeagoa borondatezko kargua da; eta kargu horretan aritzeko izendatuak berori onartu duela ulertuko da, baldin eta ez badu desenkusarik azaltzen izendapenaren berri izan eta hurrengo sei egunetan edo, izendapena jadanik ezaguna izanez gero, testamentugilea hil dela jakin eta hurrengo sei egunetan.
899. artikulua
Kargua onartzen duen albazeak hori betetzeko betebeharra bereganatzen du; baina karguari uko egin diezaioke arrazoi zuzena alegatuz gero, epailearen sen onaren arabera.
900. artikulua
Albazeak ez badu kargua onartzen edo karguari uko egiten badio arrazoi zuzenik gabe, galduko du testamentugileak berari utzi diona, betiere senipartearen gain duen eskubidea salbu.
901. artikulua
Albazeek izango dituzte testamentugileak eurei beren beregi eratxikitako ahalmen guztiak, ahalmenok legeen aurkakoak ez badira.
902. artikulua
Testamentugileak ez baditu bereziki zehazten albazeen ahalmenak, albazea horiek hurrengo ahalmenak izango dituzte:
1) Testamentugilearen arimakariak eta hiletak antolatu eta ordaintzea, testamentugileak berak testamentuan xedatutakoaren arabera; eta, horrelakorik izan ezean, herriko ohituraren arabera.
2) Diruz eman beharreko legatuak ordaintzea, jaraunsleak hori jakin eta horretarako adostasuna ematen badu.
3) Testamentuan agindutako beste guztia bete dadin zaindu eta, epaiketan nahiz epaiketatik kanpo, testamentu horren baliozkotasunari eustea, hori zuzena bada.
4) Ondasunak artatu eta zaintzeko behar diren goitapenak hartzea, bertan dauden jaraunsleen eskuhartzearekin.
903. artikulua
Jarauntsian ez badago testamentugilearen hiletak eta legatuak ordaintzeko beste dirurik, eta jaraunsleek ez badute euren dirurik jartzen, albazeek ondasun higigarrien salmenta eragingo dute; eta, horiekin nahiko ez bada, ondasun higiezinena, jaraunsleen eskuhartzearekin.
Adingabe, absente, korporazio edo herri-establezimendu batek interesa badu jarauntsiaren gainean, ondasunen salmenta egingo da legeek kasu horietarako agindutako formalitateekin.
904. artikulua
Testamentugileak ez badu albazearentzat eperik finkatu, horrek urtebeteko epean bete beharko du berari agindutakoa, kargua onartzen duenetik zenbatuta, edo testamentuaren edo horren xedapenen baten baliozkotasun nahiz deuseztasunari buruz gatazkaren bat eragin bada, gatazka hori amaitzen denetik zenbatuta.
905. artikulua
Testamentugileak legezko epea luzatu nahi badu, beren beregi zehaztu beharko du luzapenaren epea. Ez badu luzapenaren eperik zehazten, ulertuko da epea urtebete luzatzen dela.
Luzapen hori amaitu eta oraindik testamentugilearen borondatea betetzeke badago, epaileak behar den besteko luzapena eman dezake, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanda.
906. artikulua
Legatuhartzaile eta jaraunsleek, elkarren arteko adostasunez, albazeagoaren epea luza dezakete euren ustez beharrezkoa den epean; baina erabakia gehiengoz bakarrik hartzen bada, luzapena ezin da urtebetetik gorakoa izan.
907. artikulua
Albazeak berari emandako aginduaren gaineko kontu-arrazoiak eman beharko dizkie jaraunsleei.
Albazeak izendatu badira, ez jaraunsle zehatzei ondasunak emateko, ezpada testamentugileak, Zuzenbideak onartuko kasuetan, zein inbertsio edo banaketa xedatu eta ondasunei inbertsio edo banaketa hori emateko, albazeek epaileari eman behar dizkiote kontu-arrazoiak.
Artikulu honen aurka testamentugileak ezarritako xedapen oro deuseza izango da.
908. artikulua
Albazeagoa dohaineko kargua da. Hala ere, testamentugileak bere ustez komenigarri den ordainsaria zehaztu dezake albazeentzat; horri kalterik egin gabe, albazeek eskubidea dute banaketa-lanen ondorioz edo aukerako beste lanetatik edozeinen ondorioz eurei dagokiena kobratzeko.
Testamentugileak modu bateratuan ordainsariren bat ematen badie albazeei legatu gisa, edo haientzat ordainsariren bat zehazten badu, kargua betetzen dutenei gehiagotuko zaie kargua onartzen ez dutenen zatia.
909. artikulua
Albazeak ezin du kargua eskuordetu, hori egiteko testamentugilearen esanbidezko baimenik ez badu.
910. artikulua
Albazeagoa amaitzen da, albazearen heriotza, ezintasun, uko-egite edo enkaitzearen ondorioz, eta testamentugileak zehazturiko epe-muga agortzearen ondorioz, legearen aginduz, eta, hala denean, interesdunen erabakiz.
911. artikulua
Aurreko artikuluko kasuetan, eta albazeak bere kargua onartzen ez duenean ere, jaraunsleei dagokie testamentugilearen borondatea betearaztea.
III. KAPITULUA
Testamenturik gabeko oinordetza
I. ATALA
Xedapen orokorrak
912. artikulua
Oinordetza legitimoa gertatzen da:
1) Norbait testamenturik gabe edo testamentu deusezarekin hiltzen denean, edo geroago testamentuak bere baliozkotasuna galtzen duenean.
2) Testamentuak ez duenean jaraunsle-izendapenik jasotzen ondasun guztientzat nahiz batzuentzat, edo testamentugileari dagozkion ondasun guztiak xedatzen ez dituenean. Kasu honetan, oinordetza legitimoa gertatuko da xedatu gabeko ondasunetan bakarrik.
3) Jaraunsle-izendapenari jarritako baldintza betetzen ez denean, jaraunslea testamentugilea baino lehen hiltzen denean, edo jaraunsle horrek jarauntsia arbuiatzen duenean, ordezkorik izan gabe eta gehiagotzeko eskubidea ere ez dagoela.
4) Jaraunsle izendatuak oinordeko izateko gaitasunik ez duenean.
913. artikulua
Testamentuzko jaraunslerik izan ezean, legeak jarauntsia uzten die hildakoaren senideei, alargunari eta estatuari.
914. artikulua
Testamentuzko oinordekoa izateko ezgaitasunari buruz xedaturikoa aplika dakioke testamenturik gabeko oinordetzari ere.
II. ATALA
Senidetasuna
915. artikulua
Senideen arteko hurbiltasuna zehazten da belaunaldi-kopuruaren arabera. Belaunaldi bakoitzak gradu bat osatzen du.
916. artikulua
Graduen segidak lerroa osatzen du, eta lerroa zuzenekoa edo albokoa izan daiteke.
Zuzeneko lerro deritzo pertsonen arteko graduek osaturiko multzoari, pertsonok elkarren aurreko eta ondorengo direnean.
Eta alboko lerro deritzo pertsonen arteko graduek osaturiko multzoari, baldin eta pertsonok, oin berberarengandik etorri arren, elkarren aurreko eta ondorengo ez badira.
917. artikulua
Zuzeneko lerroa ondorengoenganakoa eta aurrekoenganakoa izan daiteke.
Lehenengoak familiaburua eta horren ondorengoak lotzen ditu.
Bigarrenak pertsona bat beraren aurrekoekin lotzen du.
918. artikulua
Lerroetan zenbat belaunaldi edo pertsona izan eta beste horrenbeste gradu zenbatzen dira, gurasoarena kenduta.
Zuzeneko lerroan oinarenganaino bakarrik igotzen da. Horrela, seme edo alabaren eta gurasoaren artean gradu bat dago, iloba eta aitona edo amonaren artean bi, eta birbiloba eta birraitona edo birramonaren artean hiru.
Alboko lerroan oin erkidearenganaino igo eta, ondoren, zenbatu beharreko pertsonarenganaino jaitsi behar da. Horregatik, nebaarreben artean bi gradu daude; horien eta osabaizeben artean hiru, osabaizebok aitaren nebaarrebak izan zein amarenak izan; nebaarreben eta lehengusulehengusinen artean lau; eta horrela, ondoz ondo.
919. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko zenbaketa arlo guztietan aplikatzen da.
920. artikulua
Lotura bikoitz deritzo aitarengandiko senidetasuna eta amarengandikoa batera dituenari.
921. artikulua
Jarauntsietan gradurik hurbileneko senideak urrunekoa baztertzen du, ordezkapen-eskubidea gertatu behar denean izan ezik.
Gradu bereko senideak jaraunsle izango dira hainbana, 949. artikuluan lotura bikoitzari buruz xedaturikoa salbu.
922. artikulua
Gradu bereko senide bat baino gehiago badago, eta horietako batek edo batzuek ez badute oinordeko izan nahi edo ezin badute oinordeko izan, horien zatia gehiagotuko zaie gradu bereko beste senideei, salbu eta ordezkapen-eskubidea gertatu behar denean.
923. artikulua
Seniderik hurbilenak, hori bakarra izanez gero, edo legeak deitutako senide hurbil guztiek, horiek bat baino gehiago izanez gero, jarauntsia arbuiatzen badute, hurrengo gradukoek berezko eskubidea dute jaraunsle izateko, eta ezin dute arbuiatzailea ordezkatu.
III. ATALA
Ordezkapena
924. artikulua
Ordezkapen-eskubide deritzo pertsona baten senideek duten eskubideari, haren oinordeko izateko, pertsona hori bizirik egon balitz edo jaraunsle izan balitz berak izango zituzkeen eskubide guztietan.
925. artikulua
Ordezkapen-eskubidea beti gertatuko da ondorengoenganako zuzeneko lerroan, baina inoiz ez aurrekoenganako lerroan.
Alboko lerroan, nebaarrebek dituzten semealabentzat bakarrik gertatuko da ordezkapen-eskubidea, horiek lotura bikoitzekoak izan nahiz alde batekoak izan.
926. artikulua
Ordezkapenaren bitartez jaraunsle izanez gero, jarauntsiaren zatiketa leinuko egingo da; horrela, ordezkariak edo ordezkariek ez dute jaraunsle gisa jasoko euren ordezkatuak, bizirik egon balitz, jasoko zukeena baino gehiago.
927. artikulua
Hildakoaren neba nahiz arreba batek edo gehiagok semealabak badituzte, azken horiek ordezkapenaren bidez jaraunsle izango dira euren osabaizebekin batera pilatuz gero. Baina eurak bakarrik pilatzen badira, jaraunsle izango dira hainbana.
928. artikulua
Pertsona bat ordezkatzeko eskubidea ez da galtzen pertsona horren jarauntsiari uko egiteagatik.
929. artikulua
Ezin da bizirik dagoen inor ordezkatu jaraunsgabetze- edo ezgaitasun-kasuetan ez bada.
IV. KAPITULUA
Oinordeko izateko hurrenkera, lerro desberdinen arabera
I. ATALA
Ondorengoenganako zuzeneko lerroa
930. artikulua
Oinordetza dagokio, lehenengo lekuan, ondorengoenganako zuzeneko lerroari.
931. artikulua
Semealabak eta horien ondorengoak gurasoen eta gainerako aurrekoen oinordeko dira, sexu, adin edota semealabatasunaren arabera bereizketarik egin gabe.
932. artikulua
Hildakoaren semealabek berezko eskubidea dute jaraunsle izateko, jarauntsia hainbana zatituz.
933. artikulua
Ilobak eta gainerako ondorengoak ordezkapen-eskubidearen bidez dira jaraunsle; eta, horietako bat hiltzen bada jaraunsleak dituela, berari dagokion zatia jaraunsle horien artean hainbanatuko da.
934. artikulua
Semealabak eta hildako semealaben ondorengoak batera izanez gero, lehenengoak jaraunsle izango dira berezko eskubidearen bidez, eta bigarrenak ordezkapen-eskubidearen bidez.
II. ATALA
Aurrekoenganako zuzeneko lerroa
935. artikulua
Hildakoaren semerik, alabarik eta ondorengorik izan ezean, jaraunsle izango dira hildako horren aurrekoak.
936. artikulua
Aita eta ama jaraunsle izango dira hainbana.
937. artikulua
Semea edo alaba hiltzean gurasoetarik bat bakarrik bizirik egonez gero, bera izango da semearen edo alabaren oinordekoa haren jarauntsi osoan.
938. artikulua
Aita eta ama izan ezean, gradurik hurbileneko aurrekoak izango dira oinordeko.
939. artikulua
Lerro berean gradu bereko aurreko bat baino gehiago izanez gero, jarauntsia buruko zatituko da.
940. artikulua
Aurrekoak lerro desberdinetakoak baina gradu berekoak badira, jarauntsiaren erdia aitarenganako aurrekoei dagokie, eta beste erdia amarenganakoei.
941. artikulua
Lerro bakoitzaren barruan, jarauntsia buruko zatituko da.
942. artikulua
Atal honetan xedaturikoa ulertzen da, 811 eta 812. artikuluetan agindutakoari kalterik egin gabe; agindutako hori testamenturik gabeko eta testamentuzko oinordetzei aplikatu behar zaie.
III. ATALA
Ezkontidea eta albokoak oinordeko izatea
943. artikulua
Aurretiko bi ataletan jasotako pertsonak izan ezean, ezkontidea eta albokoak jaraunsle izango dira, hurrengo artikuluek ezarritako hurrenkeraren arabera.
944. artikulua
Aurreko eta ondorengorik izan ezean, eta albokoen aurretik, alarguna oinordeko izango da hildakoaren ondasun guztietan.
945. artikulua
Aurretiko artikuluan aipaturiko deia ez da gertatuko ezkontidea banandurik badago epai irmoaren bitartez, edo egitez banandurik badago bi ezkontideek sinesgarriro agerrarazi duten adostasunaren ondorioz.
946. artikulua
Nebaarrebak eta nebaarreben semealabak lehenespeneko oinordekoak dira gainerako albokoen aurretik.
947. artikulua
Lotura bikoitzeko nebaarrebak bakarrik izanez gero, horiek jaraunsle izango dira hainbana.
948. artikulua
Nebaarrebak lobekin batera pilatzen badira, loba horiek lotura bikoitzeko nebaarreben semealabak izanik, lehenengoak jaraunsle izango dira buruko, eta bigarrenak leinuko.
949. artikulua
Lotura bikoitzeko nebaarrebak lotura bakarrekoekin batera pilatuz gero, lehenengoek bigarrenen bikoitza hartuko dute jarauntsian.
950. artikulua
Erdi nebaarrebak bakarrik izanez gero, batzuk aitarengandikoak eta besteak amarengandikoak, guztiak jaraunsle izango dira hainbana, ondasunen artean bereizketarik egin gabe.
951. artikulua
Lotura bakarreko nebaarreben semealabak buruko edo leinuko izango dira oinordeko, lotura bikoitzeko nebaarrebentzat ezarritako erregelen arabera.
952. artikulua
Edukirik gabe.
953. artikulua
Edukirik gabe.
954. artikulua
Alargunik, nebarik, arrebarik eta nebaarreben semerik edo alabarik izan ezean, hildakoaren jarauntsian oinordeko izango dira alboko lerroan laugarren graduraino dauden gainerako senideak; gradu horretatik gora ez da hedatzen abintestato jaraunsle izateko eskubidea.
955. artikulua
Alboko senide horiek oinordeko izango dira lerrorik bereizi gabe eta euron artean lotura bikoitzaren ondoriozko lehenespenik ezarri gabe.
IV. ATALA
Estatua oinordeko izatea
956. artikulua
Aurreko ataletan ezarritakoarekin bat etorriz ez badago jaraunsle izateko eskubidea duen pertsonarik, estatua izango da jaraunsle. Estatuak hildakoaren egoitzako udal erakundeei, ongintza, heziketa, gizartekintza edo lanbideko direnei, jarauntsiaren herena esleituko die, erakundeok publikoak izan zein pribatuak izan; eta beste heren bat, hildakoaren probintzian ezaugarri berekoak diren erakundeei. Batzuen eta besteen artean lehentasuna izango dute hildakoa lanbidez zein erakunderen kide izan eta jarduerarik gehiena zeini eman, eta erakunde horiek, nahiz eta halakoak estatu osorakoak izan. Beste herena Herri Zorraren Amortizazio Kutxarako destinatuko da, salbu eta, jarauntsiko ondasunen izaera dela medio, Ministroen Kontseiluak erabakitzen duenean jarauntsiko ondasunei, osoosorik zein zati batez, beste erabilera bat ematea.
957. artikulua
Estatuak eta, 956. artikuluaren kasuan, ondasunen bi herenak esleipen bidez jasotzen dituzten erakundeek jaraunsleen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte; baina jarauntsia inbentario-onuraren arabera onartu dela ulertuko da beti, eta horren inguruan ez da inolako adierazpenik behar, 1023. artikuluak aipatzen dituen ondoreetarako.
958. artikulua
Estatua jarauntsiko ondasunez jabetu ahal izateko, aurretiaz jaraunsle-adierazpena egin beharko da epaiketa bidez; horretan, estatuari adjudikatuko zaizkio ondasunak, jaraunsle legitimorik ez izateagatik.
V. KAPITULUA
Testamentu bidezko eta testamenturik gabeko jarauntsi guztietarako xedapenak
I. ATALA
Alarguna haurdun geratzen denean hartu beharreko goitapenak
959. artikulua
Alargunak uste badu haurdun geratu dela, horren berri eman beharko die jarauntsiaren gain eskubidea dutenei, baldin eta hilondokoaren jaiotza delaeta eskubide hori desagertu edo gutxitu ahal bada.
960. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko interesdunek udaleko epaileari edo, halakoa dagoen tokietan, lehen auzialdiko epaileari eska diezaiokete komenigarri diren probidentziak hartzea, erditzea sinestaraz dadin edo jaioberria, bizitzeko gauza izan ez arren, halakotzat har dadin saihesteko.
Epaileak jagongo du, berak hartzen dituen neurriek alargunaren ahalkeari eta askatasunari kalterik egin ez diezaieten.
961. artikulua
959. artikuluan aipaturiko abisua eman zein eman ez, erditze-unea hurbiltzean, alargunak interesdun berberei eman beharko die horren berri. Interesdunok eskubidea izango dute euren konfiantzapeko pertsona izendatzeko, pertsona horrek erditzea benetakoa dela egiazta dezan.
Haurdunak ez badu onartzen interesdunek izendaturiko pertsona, epaileak egingo du izendapena; izendatua aditu edo andrazkoa izan beharko da.
962. artikulua
Eginbide horiek ez egitea berez ez da nahiko, erditzea sinestarazten denik edo jaioberria bizitzeko gauza ez denik egiaztatzeko.
963. artikulua
Senarrak agiri publikoan edo pribatuan aitortzen badu bere emaztea haurdun dagoela, emazteak ez du zertan eman 959. artikuluan agindutako abisurik, baina 961. artikuluan xedatzen denaren menpe geratzen da.
964. artikulua
Haurdun geratzen den alargunari, aberatsa izan arren, jarauntsiko ondasunekin eman beharko zaio mantenua; horretarako, kontuan izango da, hilondokoa jaio eta bizitzeko gauza izanez gero, horrek jarauntsiko ondasunetatik jasoko lukeen zatia.
965. artikulua
Erditzea gertatu arteko denboraldian edo, abortua izateagatik nahiz ernaldiaren gehieneko epea igarotzeagatik, erditzerik gertatuko ez dela ziurra izan arte, ondasunak ziurtatu eta administratu egingo dira, nahitaezko testamentu-epaiketari buruz ezarritako forma erabiliz.
966. artikulua
Jarauntsiaren zatiketa etenda geratuko da, erditzea edo abortua gertatua dela egiaztatu arte, edo denboraren poderioz alarguna haurdun ez zegoela ondorioztatu arte.
Hala ere, administratzaileak ordainketa egin diezaieke hartzekodunei, aurretiaz epailearen agindua izanez gero.
967. artikulua
Erditzea edo abortua egiaztatu eta gero, edo ernaldia amaitutakoan, jarauntsiko ondasunen administratzaileak bere kargua utziko du, eta horren gauzatzeari buruzko kontu-arrazoiak emango dizkie jaraunsleei edo horien ordezkari legitimoei.
II. ATALA
Erreserbapeko ondasunak
968. artikulua
811. artikuluan ezarritako erreserbaz gain, bigarrenez ezkontzen den alargunak lehenengo ezkontzan izandako semealaba eta ondorengoei erreserbatu beharko die hildako ezkontidearengandik testamentu, testamenturik gabeko oinordetza, dohaintza nahiz dohaineko beste edozein tituluren bitartez eskuratu dituen ondasun guztien gaineko jabetza; baina ez bere irabazpidezkoen erdia.
969. artikulua
Aurreko artikuluko xedapena aplika dakieke, artikulu horretan aipaturiko tituluen bitartez alargunak bere lehendabiziko ezkontzako edozein seme edo alabarengandik eskuratutako ondasunei, bai eta hildakoa delaeta horren senideengandik jasotakoak ere.
970. artikulua
Erreserbatzeko betebeharra amaitzen da, ezkontza bateko semealaba adin nagusikoek, ondasunen gaineko eskubidea izanik, eskubide horri beren beregi uko egiten diotenean edo, aita edo ama bigarrenez ezkondu dela jakinik, horri gauza batzuk eman nahiz utzi dizkiotenean.
971. artikulua
Erreserba amaitzen da, halaber, bigarrenez ezkondu den aita edo ama hiltzean ez badago lehenengo ezkontzako semerik, alabarik, ez ondorengorik ere.
972. artikulua
Erreserbatzeko betebeharra gorabehera, bigarrenez ezkondu den aitak edo amak erreserbapeko ondasunekin hobetu dezake lehenengo ezkontzan izandako seme, alaba nahiz ondorengoetatik edozein, 823. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
973. artikulua
Aitak edo amak ez badu osorik edo zati batez erabili aurreko artikuluak ematen dion ahalmena, lehenengo ezkontzako semealabak eta ondorengoak izango dira erreserbapeko ondasunen oinordeko, ondorengoenganako lerroaren oinordetzari buruz agindutako erregelekin bat etorriz, eta testamentu bidez semealabek edo ondorengoek hildako ezkontidearen jarauntsian zati desberdinak izan arren, edo jarauntsi hori arbuiatu arren.
Aitak edo amak zuzen jaraunsgabetzen badu semea edo alaba, seme edo alaba horrek galdu egingo du erreserbaren gaineko eskubidea; hala ere, seme edo alaba horrek semealabak edo ondorengoak izanez gero, 857. artikuluan eta 164. artikuluaren 2. zenbakian xedaturikoa bete beharko da.
974. artikulua
Baliozkoak izango dira alargunak, bigarrenez ezkondu aurretik, erreserbapeko ondasun higiezinekin egindako besterentzeak; alargunak, besterentze horiek egiten dituenetik, ondasunen balioa ziurtatu behar du, lehendabiziko ezkontzan izandako semealaba eta ondorengoentzat.
975. artikulua
Alargunak, bigarrenez ezkondu ondoren, erreserbapeko ondasun higiezinak besterentzen baditu, besterentze horrek indarrean dirau, baldin eta alarguna hiltzean lehenengo ezkontzako semerik, alabarik edo ondorengorik ez badago, betiere Hipoteka Legean ezarritakoari kalterik egin gabe.
976. artikulua
Ondasun higigarriak besterentzen badira bigarren ezkontzaren aurretik nahiz horren ondoren, besterentze horiek baliozkoak izango dira, betiere kalteordaina emateko betebeharra salbu.
977. artikulua
Alargunak, bigarrenez ezkontzean, erreserbapeko ondasun guztien inbentarioa egin behar du; Hipoteka Legean xedatutakoaren arabera, Jabetza Erregistroan idatzohartu beharko du ondasun higiezinak erreserbatu beharrekoak direla; eta ondasun higigarriak tasatu beharko ditu.
978. artikulua
Alargunak, halaber, bigarrenez ezkontzean, hipotekaren bitartez ziurtatu behar du:
1) Besterendu gabeko ondasun higigarriak itzultzea, bera hiltzean zeuden egoera berean.
2) Alargunaren erru edo zabarkeriarengatik gertatu diren edo gerta daitezkeen narriadurak ordaintzea.
3) Besterendutako ondasun higigarrien truk jasotako prezioa itzultzea edo, besterentzea dohainik egin bada, besterentze-unean ondasunok zuten balioa ematea.
4) Baliozkotasunez besterendutako ondasun higiezinen balioa.
979. artikulua
Aurreko artikuluetan bigarren ezkontzarako xedatu dena aplikatzen zaie, orobat, hirugarren eta geroagoko ezkontzei ere bai.
980. artikulua
Aurreko artikuluetan ezarritako erreserba-betebeharra aplika daiteke, modu berean ere:
1) Ezkontza bitartean edo alarguntasun-egoeran, alargunak ezkontzaz kanpoko seme edo alabaren bat izan duenean.
2) Alargunak beste norbait adoptatzen duenean. Salbuespen gisa har daiteke adoptatua ezkontidearen semea edo alaba izan eta erreserbahartzaileak ezkontide horren ondorengoak izatea.
Erreserbatzeko betebehar horrek ondoreak sortuko ditu, hurrenez hurren, semea edo alaba jaio edo adoptatzen denetik.
III. ATALA
Gehiagotzeko eskubidea
981. artikulua
Oinordetza legitimoetan, jarauntsia arbuiatzen duenaren zatia beti gehiagotuko zaie jaraunskideei.
982. artikulua
Testamentuzko oinordetzan gehiagotzeko eskubidea gerta dadin, beharrezkoa da:
1) Pertsona biri edo gehiagori jarauntsi berbererako edo jarauntsi-zati berbererako dei egitea, zati zehatzik izendatu gabe.
2) Deituetatik bat testamentugilea baino lehen hiltzea, jarauntsia arbuiatzea edo jarauntsia jasotzeko gai ez izatea.
983. artikulua
Zati zehatzen izendapena egin dela ulertuko da, bakar-bakarrik, testamentugileak jaraunsle bakoitzarentzat beren beregi kuota bat zehaztu duenean.
«Erdi bana nahiz hainbana» esaldiak edo bestelakoek, zati alikuota izendatu arren, ez badute kuota hori finkatzen zenbakiekin edo jaraunsle bakoitza ondasun-multzo bananduaren jabe bihurtzen duten seinaleekin, esaldiok ez dute gehiagotzeko eskubidea baztertzen.
984. artikulua
Jarauntsia nori gehiagotu eta hori eskuratzen duten jaraunsleak oinordeko izango dira, jarauntsia eskuratu nahi ez edo eskuratu ezin duen jaraunsleari dagozkion eskubide eta betebehar guztietan.
985. artikulua
Nahitaezko jaraunsleen artean gehiagotzeko eskubidea gertatzen da xedapen askeko zatia horietatik biri edo gehiagori uzten zaienean, edo euretako bati eta kanpoko bati.
Arbuiatutako zatia senipartea baldin bada, jaraunskideak zati horren oinordeko izango dira berezko eskubidearen ondorioz, eta ez gehiagotzeko eskubidearen ondorioz.
986. artikulua
Testamentuzko oinordetzan ez bada gehiagotzeko eskubiderik gertatzen, eta zatia hutsik utzi duen izendatuarentzat ez bada ordezkorik izendatu, testamentugilearen jaraunsle legitimoei eskualdatuko zaie zati hori; jaraunsleok zatia jasoko dute zama eta betebehar berberekin.
987. artikulua
Gehiagotzeko eskubidea gertatuko da, modu berean ere, legatuhartzaileen artean eta gozamendunen artean, jaraunsleentzat ezarritakoaren arabera.
IV. ATALA
Jarauntsia onartu eta arbuiatzea
988. artikulua
Jarauntsia onartu eta arbuiatzea borondatezko eta askatasunezko egintzak dira osoosorik.
989. artikulua
Onarpenaren eta arbuiatzearen ondoreak atzeraeraginezkoak dira beti, zein pertsonaren jarauntsia izan eta horren heriotza-unea arte.
990. artikulua
Jarauntsia ezin daiteke zati batez, epera edo baldintzapean onartu, ez arbuiatu.
991. artikulua
Ezin du inork jarauntsia onartu edo arbuiatu, ziur ez badaki zein pertsonaren jarauntsia izan eta pertsona hori hil dela, eta horren jarauntsia jasotzeko eskubidea duela.
992. artikulua
Jarauntsia onar edo arbuia dezakete euren ondasunak xedatzeko askatasuna dutenek.
Txiroei utzitako jarauntsia onartzea dagokie testamentugileak txiroak kalifikatzeko eta horien artean ondasunak banatzeko izendatu dituen pertsonei; eta, horrelakorik izan ezean, 749. artikuluan aipaturiko pertsonei; eta jarauntsia inbentario-onuraren arabera onartu dela ulertuko da.
993. artikulua
Eskuratzeko gaitasuna duten elkarte, korporazio eta fundazioen ordezkari legitimoek onar dezakete erakunde horiei utzitako jarauntsia; hala ere, hori arbuiatzeko, ordezkariek epailearen onespena behar dute, Fiskaltzak esan beharrekoa entzun eta gero.
994. artikulua
Herri-establezimendu ofizialek ezin dute jarauntsia onartu edo arbuiatu, Gobernuaren onespenik gabe.
995. artikulua
Pertsona ezkonduak inbentario-onurarik gabe onartzen badu jarauntsia, eta beste ezkontideak ez badu horretan parterik hartzen bere adostasuna emanez, ezkontzazko sozietatearen ondasunek ez dute erantzukizunik izango jarauntsiko zorrei begira.
996. artikulua
Gaixotasun edo urritasun fisiko nahiz psikikoen ondoriozko ezgaiketa-epaiak ez badu aurkakorik xedatzen, kuradoretzapekoak, kuradorearen laguntzarekin, jarauntsia onar dezake huts eta soilik edo inbentario-onuraren arabera.
997. artikulua
Jarauntsiaren onarpena eta arbuiatzea, behin egin eta gero, ezeztaezinak dira, eta ezin ezezta daitezke, salbu eta adostasuna deuseztatzen duten akatsetatik bat dagoenean, edo testamentu ezezagunen bat agertzen denean.
998. artikulua
Jarauntsia onar daiteke huts eta soilik edo inbentario-onuraren arabera.
999. artikulua
Onarpen huts eta soila esanbidezkoa nahiz isilbidezkoa izan daiteke.
Esanbidezkoa da agiri publiko edo pribatuan egindakoa.
Isilbidezkoa da jarauntsia onartzeko asmoa nahitaez eratortzen duten egintzen bidez burututakoa, edo jaraunsle izanik bakarrik bete daitezkeen egintzen bidez burututakoa.
Jarauntsiaren artatze hutserako edo behinbehineko administraziorako egintzek ez dakarte jarauntsi horren onarpenik, eurokin ez bada jaraunsle-titulua edo -izaera eskuratzen.
1000. artikulua
Jarauntsia onartu dela ulertzen da:
1) Jaraunsleak bere eskubidea saldu, dohaintzan eman edo lagatzen dionean kanpoko bati, jaraunskide guztiei edo horietatik batzuei.
2) Jaraunsleak jarauntsiari uko egiten dionean, baita dohainik ere, bere jaraunskide baten edo gehiagoren onurarako.
3) Jaraunsleak prezioaren truk jarauntsiari uko egiten dionean bere jaraunskide guztien mesederako, inolako bereizketarik egin gabe; uko egite hori dohainekoa bada, eta horren onuradunak badira uko egindako zatia gehiagotzeko eskubidearen bidez jaso behar dutenak, ulertuko da jarauntsia ez dela onartu.
1001. artikulua
Jaraunsleak jarauntsia arbuiatzen badu bere hartzekodunen kalterako, hartzekodun horiek epaileari eskatu ahal diote horrek baimena eman diezaien, haren izenean jarauntsia onartzeko.
Onarpen hori probetxugarria izango da hartzekodunentzat, euren kredituen zenbatekoa estaltzeko beste bakarrik. Gaindikina, hori izanez gero, ez da inoiz izango ukoegilearentzat; aitzitik, gaindikin hori adjudikatuko zaie kode honetan ezarritako erregelen arabera gaindikin hori jaso behar dutenei.
1002. artikulua
Jaraunsleek jarauntsiko efektu batzuk ostu edo ezkutatu badituzte, jarauntsiari uko egiteko ahalmena galtzen dute, eta jaraunsle huts eta soilen izaerarekin geratzen dira, jaraunsleoi ezar dakizkiekeen zigorrei kalterik egin gabe.
1003. artikulua
Onarpen huts eta soilaren bidez, edo inbentario-onurarik gabeko onarpenaren bidez, jaraunsleak jarauntsiko zama guztien gaineko erantzukizuna izango du, bai jarauntsiko ondasunekin, baita bere ondasunekin ere.
1004. artikulua
Zein pertsonaren jarauntsia izan eta pertsona hori hiltzen denetik bederatzi egun igaro arte, ezin da jaraunslearen aurkako akziorik egikaritu, horrek jarauntsia onar edo arbuia dezan.
1005. artikulua
Hirugarren interesdunak epaiketa eragiten badu jaraunsleak jarauntsia onar edo arbuia dezan, epaileak jaraunsleari epe-muga bat ezarriko dio, askoz jota hogeita hamar egunekoa, horrek bere adierazpena egin dezan; epaileak jaraunsleari ohartaraziko dio, adierazpenik egin ezean, jarauntsia onartutakotzat hartuko dela.
1006. artikulua
Jaraunslea hiltzen bada jarauntsia onartu eta arbuiatu gabe, jaraunsle horren jaraunsleei eskualdatuko zaie berak zuen eskubide berbera.
1007. artikulua
Zenbait jaraunsleri deitu bazaie jarauntsira, batzuek onartu eta besteek arbuiatu ahal dute jarauntsi hori. Askatasun berbera izango du jaraunsle bakoitzak, jarauntsia huts eta soilik edo inbentario-onuraren arabera onartzeko.
1008. artikulua
Jarauntsiaren arbuiatzea agerkari publiko edo kautoan egin beharko da; edo, bestela, testamentuzko nahiz abintestato epaiketaren gainean eskumena duen epaileari idazkia aurkeztuz.
1009. artikulua
Norbaiti jarauntsi berberera deitzen bazaio testamentu bidez eta abintestato, eta jarauntsia arbuiatzen badu lehenengo tituluaren bidez, ulertzen da arbuiatzea bi tituluen bidez egin duela.
Jarauntsia abintestato jaraunsle gisa arbuiatzen bada testamentuzko tituluaren berririk izan gabe, oraindik jarauntsia onar dezake testamentuzko titulu horren bidez.
V. ATALA
Inbentario-onura eta hausnarketa-eskubidea
1010. artikulua
Jaraunsle orok jarauntsia onar dezake inbentario-onuraren arabera, nahiz eta testamentugileak berari hori debekatu.
Jaraunsle orok, halaber, jarauntsia onartu edo arbuiatu aurretik, inbentarioa egitea eska dezake horren inguruan hausnartu ahal izateko.
1011. artikulua
Jarauntsia inbentario-onuraren arabera onar daiteke notarioaren aurrean, edota testamentuzko nahiz abintestato epaiketarako neurriak hartzeko eskumena duten epaileetatik edozeini aurkezturiko idazkian.
1012. artikulua
Aurreko artikuluak aipaturiko jaraunslea atzerrian badago, jaraunsle horrek harako adierazpena egin dezake Espainiako diplomazia eta kontsulatuko agentearen aurrean, baldin eta agente horrek gaikuntza badu egilespen-tokian notarioaren eginkizunak betetzeko.
1013. artikulua
Aurreko artikuluetan aipaturiko adierazpenak ez du inolako ondorerik sortuko, horren aurretik edo ondoren jarauntsiko ondasun guztien inbentario xehe eta zehatza egiten ez bada, hurrengo artikuluetan ezarritako formalitate eta epeetan.
1014. artikulua
Jaraunsleak bere esku baditu jarauntsiko ondasun guztiak edo batzuk, eta inbentario-onura edo hausnarketa-eskubidea erabili nahi badu, horren berri eman beharko dio testamentuzko nahiz abintestato epaiketaren gainean eskumena duen epaileari, berak jaraunsle dela jakin eta hurrengo hamar egunetan zehar, jaraunsle horrek bere bizilekua badu jarauntsiaren kausatzailea hil den tokian. Hortik kanpo bizi bada, epea hogeita hamar egunekoa izango da.
Kasu batean nahiz bestean, jaraunsleak aldi berean eskatu beharko du inbentarioa egiteko, eta hartzekodun eta legatuhartzaileei zitazioa egiteko, horiek inbentarioa ikustera joan daitezen, komeni bazaie.
1015. artikulua
Jaraunsleak ez badu bere eskuetan jarauntsirik edo horren zatirik, eta jaraunsle gisa ez badu inolako kudeaketarik egin, aurreko artikuluan adierazitako epeen zenbaketa hasiko da, epaileak, 1005. artikuluarekin bat etorriz, jarauntsia onartu edo arbuiatzeko finkatu duen epea agortu eta biharamunetik, edo jaraunsleak jarauntsia onartu duenetik edo jaraunsle gisa kudeaketa egin duenetik.
1016. artikulua
Aurreko bi artikuluek aipatzen dituzten kasuetatik kanpo, ez bada inolako demandarik aurkeztu jaraunslearen aurka, jaraunsle horrek onar dezake jarauntsia inbentario-onuraren arabera edo hausnarketa-eskubidearekin, betiere jarauntsia erreklamatzeko akzioa preskribatzen ez den bitartean.
1017. artikulua
Inbentarioa hasiko da hartzekodun eta legatuhartzaileei zitazioa egin eta hurrengo hogeita hamar egunetan; eta amaituko da beste hirurogei egunetan.
Ondasunak oso urrun egoteagatik, asko izateagatik nahiz beste edozein arrazoi zuzenengatik, hirurogei egun horiek nahiko ez direla ulertzen bada, epaileak epe-muga hori luzatu ahal izango du beharrezkotzat jotzen duen beste eta, askoz jota, urtebetez.
1018. artikulua
Jaraunslearen erru nahiz zabarkeriaren ondorioz ez bada inbentarioa hasi edo amaitu aurreko artikuluetan ezarritako epe eta formalitateekin, ulertuko da jaraunsle horrek huts eta soilik onartzen duela jarauntsia.
1019. artikulua
Jaraunsleak hausnarketa-eskubidea erreserbatzen badu bere buruarentzat, epaitegiari adierazi beharko dio, inbentario bukatu eta biharamunaren hurrengo hogeita hamar egunetan zehar, jarauntsia onartu edo arbuiatzen duen.
Hogeita hamar egunak igarotzen badira adierazpen hori egin gabe, ulertuko da jaraunsleak jarauntsia onartzen duela huts eta soilik.
1020. artikulua
Edozein kasutan ere, alderdi interesdunak hala eskatuta, eta inbentarioa egiten den bitartean eta jarauntsia onartu arte, epaileak jarauntsiko ondasunen administrazioa eta zaintza agindu ditzake, Prozedura Zibilaren Legeak testamentuzko epaiketaren inguruan agindutakoaren arabera.
1021. artikulua
Norbaitek epaiketa bidez erreklamatzen badu beste inoren edukitzapean urtebete baino gehiago daraman jarauntsia, eta erreklamazioa egiten duena epaiketan garaile ateratzen bada, ez du zertan inbentariorik egin onura hori izateko, eta berari emandako ondasunekin bakarrik egin beharko die aurre jarauntsiko zamei.
1022. artikulua
Jaraunsleak, inbentarioa egin eta gero, jarauntsia arbuiatzen badu, inbentario hori probetxugarria izango da ordezkoentzat eta abintestato jaraunsleentzat; horiei dagokienez, hausnarketarako eta 1019. artikuluak agintzen duen adierazpenerako ezartzen diren hogeita hamar egunak zenbatuko dira, ordezkoek edo abintestato jaraunsleek arbuiatzearen berri izan eta biharamunetik.
1023. artikulua
Inbentario-onurak hurrengo ondoreak sortzen ditu jaraunslearen mesederako:
1) Jaraunsleak jarauntsiko zorrak eta gainerako zamak ordaindu behar ditu jarauntsi horretako ondasunekin ahal den beste bakarrik.
2) Jaraunsleak jarauntsiko ondasunen aurka eusten die hildakoaren aurka zituen eskubide eta akzio guztiei.
3) Jaraunslearen berezko ondasunak ez dira ezein ondoretarako bateratzen jarauntsiari dagozkion ondasunekin, bateratze hori jaraunslearentzat kaltegarri bada.
1024. artikulua
Jaraunsleak inbentario-onura galduko du:
1) Bera jakinaren gainean egonik, jarauntsiko ondasun, eskubide edo akzioren bat ez badu inbentarioan sartzen.
2) Zor eta legatu guztien ordainketa amaitu baino lehen, jarauntsiko ondasunak besterentzen baditu epailearen edo interesdun guztien baimenik gabe, edo saldutakoaren prezioa ez badu erabiltzen baimena ematean agindutako moduan.
1025. artikulua
Inbentarioa eratzen den bitartean, eta hausnarketarako epe-mugan zehar, legatuhartzaileek ezin dute eskatu euren legatuen ordainketa.
1026. artikulua
Hartzekodun ezagun guztiei eta legatuhartzaileei ordainketa egin arte, ulertuko da jarauntsia administraziopean dagoela.
Administratzaileak, administratzaile hori jaraunslea bera izan zein beste edozein pertsona izan, administratzaile izateagatik jarauntsiaren ordezkaritza izango du, jarauntsiari dagozkion akzioak egikaritzeko eta jarauntsiaren aurka jarritako demandei erantzuteko.
1027. artikulua
Administratzaileak ezin ditu legatuak ordaindu, harik eta hartzekodun guztiei ordaindu arte.
1028. artikulua
Hartzekodunen artean amaitzeke badago euren kredituen lehenespenari buruzko epaiketa, kreditu horiek ordainduko dira mailaketarako epai irmoak ezarritako hurrenkera eta mailaren arabera.
Hartzekodunen artean ez badago epaiketarik amaitzeke, lehenengo agertzen diren hartzekodunei ordainduko zaie; baina, kreditu ezagunetatik bat lehenespenekoa dela egiaztatzen bada, ez da ordainketarik egingo, aurretiaz eskubide hobea duen hartzekodunarentzat kauzioa eman arte.
1029. artikulua
Legatuak ordaindu ondoren beste hartzekodun batzuk agertzen badira, horiek erreklamazioa egin ahal izango dute legatuhartzaileen aurka, bakar-bakarrik, jarauntsian eurei ordaintzeko beste ondasun ez dagoenean.
1030. artikulua
Kredituak eta legatuak ordaintzeko beharrezkoa bada jarauntsiko ondasunak saltzea, salmenta hori egingo da Prozedura Zibilaren Legeak abintestato eta testamentu-epaiketetarako ezarritako moduan, salbu eta jaraunsle, hartzekodun eta legatuhartzaile guztiek bestelakoa erabakitzen dutenean.
1031. artikulua
Jarauntsiko ondasunak ez badira zor eta legatuak ordaintzeko beste, administratzaileak bere administrazioaren kontu-arrazoiak emango dizkie kobratu beharreko guztia kobratu ez duten hartzekodun eta legatuhartzaileei; eta administratzaile horrek erantzukizuna izango du bere erru edo zabarkeriaren ondorioz jarauntsiari eragin zaizkion kalteengatik.
1032. artikulua
Hartzekodun eta legatuhartzaileei ordaindutakoan, jaraunslearentzat geratuko da jarauntsiko gerakinaren gozatze osoa.
Jarauntsia beste norbaitek administratu badu, pertsona horrek bere administrazioaren kontu-arrazoiak emango dizkio jaraunsleari, aurreko artikuluak ezarritako erantzukizunaren menpe.
1033. artikulua
Jarauntsiarekin ordaindu beharko dira inbentarioaren kostuak eta inbentario-onuraren arabera onarturiko jarauntsiaren administrazioak eta defentsak zein gastu sorrarazi eta horiek guztiak. Salbuespen gisa har daitezke jaraunsleak bere dolo edo gaitzustearengatik kondena pertsonala jaso eta horren ondorioz sorturiko kostuak.
Gauza bera ulertuko da hausnarketa-eskubidea erabiltzeagatik sortutako kostuei dagokienez, baldin eta jaraunsleak jarauntsia arbuiatzen badu.
1034. artikulua
Jaraunslearen berezko hartzekodunek ezin dute eskurik hartu jaraunsle horrek inbentario-onurarekin onartutako jarauntsiaren eragiketetan, harik eta jarauntsi horren hartzekodunei eta legatuhartzaileei ordaindu arte; dena den, harako hartzekodunek eska dezakete jaraunslearentzat sor daitekeen gerakina atxiki edo enbargatzeko.
VI. KAPITULUA
Kolazioa eta banaketa
I. ATALA
Kolazioa
1035. artikulua
Nahitaezko jaraunslea izaera bereko beste jaraunsle batzuekin pilatzen bada oinordetzan, jaraunsle horrek jarauntsiko masara ekarri beharko ditu jarauntsiaren kausatzailearengandik, hori bizirik zegoela, ezkonsari, dohaintza nahiz dohaineko beste edozein tituluren bidez jasotako ondasun edo baloreak; ekarritakoa seniparteen arauketan eta banaketa-kontuan zenbatuko da.
1036. artikulua
Nahitaezko jaraunsleen artean ez da kolaziorik gertatuko, baldin eta dohaintzaemaileak horixe xedatu badu beren beregi edo dohaintzahartzaileak jarauntsia arbuiatzen badu, salbu eta dohaintza, ezofiziosoa izateagatik, urritu behar denean.
1037. artikulua
Ez da ulertzen testamentuan utzitakoa kolazioaren menpe dagoenik, baldin eta testamentugileak ez badu aurkakorik xedatu, betiere seniparteei kalterik egin gabe.
1038. artikulua
Ilobak, euren gurasoa ordezkatuz, aitonaamonaren oinordeko badira euren osabaizebekin edo lehengusulehengusinekin batera pilatuz, ilobek kolazionatu beharko dute euren gurasoa bizirik egon balitz berak kolazionatu beharko zukeen guztia, nahiz eta eurek hori jarauntsi ez.
Ilobek, halaber, kolazionatu beharko dute jarauntsiaren kausatzailearengandik hori bizirik zegoela jasotakoa, salbu eta testamentugileak aurkakoa xedatu duenean; kasu horretan, testamentugilearen borondatea errespetatu beharko da jaraunskideen seniparteari kalterik egiten ez bazaio.
1039. artikulua
Gurasoek ez dute kolazionatu behar euren aurrekoen jarauntsian, aurreko horiek haien semealabei dohaintzan eman dietena.
1040. artikulua
Era berean, ez dira kolaziora ekarriko semearen edo alabaren ezkontideari egindako dohaintzak; baina gurasoak bibioi batera egin badizkie dohaintzok, semeak edo alabak kolazionatu beharko du dohaintzan jasotako gauzaren erdia.
1041. artikulua
Ez dira kolazioaren menpe egongo mantenu- eta hezkuntza-gastuak; gaixotasunak sendatzeko gastuak, nahiz eta gaixotasunok bereziak izan; ikastaldiko gastuak; ekipo arruntak; eta ohiturazko opariak.
1042. artikulua
Gurasoak besterik xedatu ezean edo seniparteari kalterik egin ezean, ez dira kolaziora ekarriko guraso horrek bere semealabei lanbide-karrera edo karrera artistikoa emateko egin dituen gastuak; hala ere, horiek kolazionatzea bidezkoa denean, eurotatik kenduko da semeak edo alabak, gurasoen etxean eta horiekin batera bizi izan balitz, gastatuko zukeena.
1043. artikulua
Kolazionagarriak izango dira semeak soldadutzatik aske utzi, semealaben zorrak ordaindu, semealabontzat ohorezko tituluren bat lortu edo horien antzeko gastuak ordaintzeko erabili diren kopuruak.
1044. artikulua
Ezkontzako opariak bitxi, jantzi eta ekipoak izanik, ez dira ezofizioso gisa urrituko, opariok testamentu bidez xeda daitekeen kopuruaren hamarrena edo gehiago gainditzen duten zatian baino.
1045. artikulua
Ez dira kolaziora eta banaketara ekarri behar dohaintzan jasotako gauzak eurak, baizik eta horiek jarauntsiko ondasunak ebaluatzeko unean duten balioa.
Dohaintzaren osteko gehikuntza edo narriadura fisikoa, bai eta ustekabean nahiz erruz gertaturiko galera osoa ere, dohaintzahartzailearen kontura eta haren gain eta galorde izango da.
1046. artikulua
Bi ezkontideek egindako ezkonsari edo dohaintza erdi bana kolazionatuko da horietako bakoitzaren jarauntsian. Ezkontide batek bakarrik egindakoa bere jarauntsian kolazionatuko da.
1047. artikulua
Dohaintzahartzaileak ez du jarauntsiko masatik eskuratuko jadanik jasota duen beste, eta beraren jaraunskideek baliobestekoa jasoko dute, ahal den neurrian izaera, espezie eta kalitate bereko ondasunetan.
1048. artikulua
Aurreko artikuluan agindutakoa ezin bada gauzatu, eta dohaintzapeko ondasunak higiezinak badira, jaraunskideek eskubidea izango dute, eskudiruz edo kotizazio-tasaren araberako balore higigarriez balio bera jasotzeko; jarauntsian ez badago dirurik eta balore kotizakorrik, beste ondasun batzuk salduko dira jendaurreko enkantean, behar besteko kopurua lortu arte.
Dohaintzapeko ondasunak higigarriak badira, jaraunskideek balio bera jasotzeko eskubidea izango dute, betiere, jarauntsiko beste ondasun higigarri batzuekin eta prezio zuzenaren arabera, eurek askatasunez hala aukeratuz.
1049. artikulua
Kolaziopeko ondasunek fruitu eta korrituak sortzen badituzte, horiek jarauntsiko masari zor zaizkio, oinordetza irekitzen denetik.
Halakoak arautzeko, kontuan izan behar dira ondasun kolazionatuen espezie bereko jarauntsi-ondasunen errenta eta korrituak.
1050. artikulua
Jaraunskideen artean eztabaida sortzen bada kolazionatzeko betebeharrari buruz edo kolaziora ekarri behar diren objektuei buruz, horregatik ez da banaketa geraraziko, fidantza egokia emanez gero.
II. ATALA
Banaketa
1051. artikulua
Jaraunskidea ezin da behartu indibiso-egoeran izatera, salbu eta testamentugileak beren beregi zatiketa debekatu duenean.
Dena den, nahiz eta testamentugileak zatiketa debekatu, zatiketa hori beti gertatuko da sozietatea azkentzeko arrazoietatik edozeinen bitartez.
1052. artikulua
Jaraunskide orok, bere ondasunen gaineko administrazio eta xedapen askea baldin badu, edozein unetan eska dezake jarauntsiaren banaketa.
Ezgaitu eta absenteen kasuan, banaketa eskatu beharko dute euren ordezkari legitimoek.
1053. artikulua
Ezkontideetatik edozeinek jarauntsiaren banaketa eska dezake besteak eskurik hartu gabe.
1054. artikulua
Baldintzapeko jaraunsleek ezin dute banaketarik eskatu baldintza bete arte. Hala ere, banaketa hori gainerako jaraunskideek eska dezakete, betiere lehenengoen eskubidea behar bezala ziurtatuz, baldintza betetzen den kasurako; eta, baldintza hori bete ez dela edo betetzea ezinezkoa dela jakin arte, banaketa behinbehinekoa dela ulertuko da.
1055. artikulua
Banaketa egin aurretik jaraunskideetatik bat hiltzen bada jaraunsle bi edo gehiago dituela, nahiko izango da horietako batek banaketa eskatzea; hala ere, izaera horrekin esku hartzen duten guztiak ordezkaritza bakarrarekin agertu beharko dira.
1056. artikulua
Testamentugileak, bizien arteko egintzaren bidez edo azken nahiaren egintzaren bidez, bere ondasunen banaketa egiten badu, banaketa hori bete beharko da, nahitaezko jaraunsleen seniparteari kalterik egiten ez dion neurrian.
Enpresa iraunarazteko edo familiaren intereserako, testamentugilearen borondatea bada ustiategi ekonomikoari indibisoan eustea edo kapital-sozietate baten nahiz halako sozietate-talde baten gaineko kontrola ez galtzea, artikulu honetan emandako ahalmena erabil dezake, eta gainerako interesdunen senipartea eskudiruz ordaintzea xeda dezake. Horretarako, ez da beharrezkoa izango jarauntsian ordainketa egiteko beste eskudiru izatea; aitzitik, ordainketa jarauntsitik kanpoko diruarekin egin daiteke. Era berean, testamentugileak edo berak izendaturiko kontulari-banatzaileak geroratzea ezar dezake, baldin eta geroratze hori ez bada bost urtetik gorakoa, testamentugilearen heriotzatik zenbatuta. Aplikagarria izango da, halaber, betebeharrak azkentzeko beste bideetatik edozein. Ez bada ordainketa egiteko modurik ezarri, senipartedunetatik edozeinek eska dezake bere senipartea jarauntsiko ondasunekin ordaintzea. Horrela egindako banaketari ezin izango zaio aplikatu 843. artikuluan eta 844. artikuluko bigarren lerrokadan xedatutakoa.
1057. artikulua
Testamentugileak, «inter vivos» edo «mortis causa» egintzaren bidez, jaraunskideez bestelako edozein pertsonaren ardurapean utz dezake bera hil ostean banaketa egiteko ahalmen soila.
Testamenturik izan ezean, testamentuan izendaturiko kontularibanatzailerik izan ezean, edo kargu hori hutsik izanez gero, epaileak, jarauntsiko ondasunen %50 gutxienez ordezkatzen duten jaraunsle eta legatuhartzaileek hala eskaturik, eta gainerako interesdunei zitazioa eginez horien egoitza ezaguna denean, kontularibanatzaile datiboa izenda dezake, Prozedura Zibilaren Legeak adituak izendatzeko ezartzen dituen erregelen arabera. Modu horretan egindako banaketa epaileak onetsi behar du, salbu eta jaraunsle eta legatuhartzaile guztiek hori beren beregi baieztatzen dutenean.
Artikulu honetan eta aurretikoan xedatutakoa bete beharko da, nahiz eta jaraunskideetatik bat guraso-ahalpean edo tutoretzapean egon, edota zarrastelkeriarengatik nahiz gaixotasun edo urritasun fisiko zein psikikoengatik kuradoretzapean egon; dena den, halako kasuetan, kontularibanatzaileak jarauntsiko ondasunen inbentarioa egin beharko du, pertsona horien legezko ordezkari edo kuradoreei zitazioa eginez.
1058. artikulua
Testamentugileak ez badu banaketarik egin eta ez badu inoren ardurapean jarri ahalmen hori, eta jaraunsleak adin nagusikoak badira eta euren ondasunak administratzeko askatasuna badute, jaraunsleok jarauntsia bana dezakete euren ustez komenigarri den moduan.
1059. artikulua
Adin nagusiko jaraunsleak elkarrekin ados jartzen ez badira banaketa egiteko moduari buruz, euren eskubideak iraun egingo du, Prozedura Zibilaren Legeak ezarritako moduan hori egikari dezaten.
1060. artikulua
Adingabe edo ezgaituek legezko ordezkaritza badute jarauntsian, ez da beharrezkoa izango epailearen eskuhartzerik ez onespenik.
Defendatzaile judiziala izendatzen bada adingabea edo ezgaitua banaketan ordezkatzeko, defendatzaile horrek epailearen onespena lortu beharko du, salbu eta epaileak, izendapena egitean, bestelakoa xedatzen duenean.
1061. artikulua
Jarauntsia banatzean, ahal den neurrian, berdintasuna zaindu behar da erloak eginez edo jaraunskide bakoitzari izaera, kalitate edo espezie bereko gauzak adjudikatuz.
1062. artikulua
Gauza bat zatiezina bada, edo zatiketaren ondorioz gauza horrek balio handia galtzen badu, jaraunsle bati adjudika dakioke berori, jaraunsle horrek gainerakoei diruz ordaintzen badie gaindikina.
Hala ere, nahiko izango da jaraunsleetatik batek eskatzea gauza hori jendaurreko enkantean saltzea, kanpoko lizitatzaileak onartuta, hori horrela egin dadin.
1063. artikulua
Jaraunskideek elkarri ordaindu beharko dizkiote, banaketa egitean, bakoitzak jarauntsiko ondasunetatik jasotako errenta eta fruituak, ondasun horietan egindako inpentsa onuragarri eta nahitaezkoak, eta asmo gaiztoaren edo zabarkeriaren ondorioz eragindako kalteak.
1064. artikulua
Banaketa-gastuak egin badira jaraunskide guztien intereserako, gastuok jarauntsitik kenduko dira; jaraunskide baten berezko intereserako egindakoak horren kontura izango dira.
1065. artikulua
Eskuraketa- edo jabetza-tituluak emango zaizkio kasuan kasuko finka edo finkak zein jaraunskideri adjudikatu eta horrexeri.
1066. artikulua
Titulu berean sartzen badira zenbait jaraunskideri adjudikaturiko finka batzuk, edo titulu berean sartzen bada jaraunskide bi edo gehiagoren artean zatitu den finka, orduan, finka horretan edo horietan interes handiena nork izan eta horren eskuetan geratuko da titulua; gainerakoei kopia sinesgarriak emango zaizkei jarauntsiko ondasunen kontura. Guztien interesa berbera bada, titulua emango zaio, adostasunik izan ezean, zotz bidez aukeratutakoari.
Titulua jatorrizkoa izanik, hori duenak gainerako interesdunei ere erakutsi behar die titulua, eurek hala eskatuz gero.
1067. artikulua
Jaraunsleetatik edozeinek bere jarauntsi-eskubidea saltzen badio kanpoko bati banaketa egin aurretik, jaraunskide guztiak zein horietatik edozein subroga daiteke eroslearen lekuan, horri erosketaren prezioa itzuliz, baldin eta itzulketa gauzatzen bada jaraunskideak erosketaren berri izan eta hurrengo hilabetean.
III. ATALA
Banaketaren ondoreak
1068. artikulua
Legearen arabera egindako banaketak jaraunsle bakoitzari ematen dio berari adjudikaturiko ondasunen jabetza esklusiboa.
1069. artikulua
Behin banaketa egin eta gero, jaraunskideak elkarrekin behartuta daude adjudikaturiko ondasunen ebikzioa eta saneamendua egiteko.
1070. artikulua
Aurreko artikuluak aipatutako betebeharra hurrengo kasuetan bakarrik amaituko da:
1) Testamentugileak berak egin duenean banaketa, salbu eta agerikoa denean edo zentzuz uste denean haren nahia aurkakoa dela; eta betiere seniparteari kalterik egin gabe.
2) Banaketa egitean beren beregi hala itundu denean.
3) Ebikzioa banaketa egin ondoko arrazoiak eragin duenean, edo ebikzioa adjudikaziodunaren erruz gertatu denean.
1071. artikulua
Jaraunskideek elkarrekiko duten ebikzio-betebeharra bakoitzaren jarauntsi-hartzekoaren araberakoa da; baina, euretatik edozein kaudimengabe gertatzen bada, horren zatiaren gaineko erantzukizuna izango dute gainerakoek, proportzio berean, kalteordaina jaso behar duenari dagokion zatia kenduta.
Kaudimengabearen ordez ordaintzen dutenek horren aurkako akzioari eutsiko diote, haren egoera ekonomikoak hobera egiten duenerako.
1072. artikulua
Kredituren bat kobratzeko modukotzat adjudikatzen bada, jaraunskideek ez dute erantzukizunik izango jarauntsiko zordunaren geroko kaudimengabeziarengatik; erantzukizuna izango dute, banaketa egitean zordun horrek duen kaudimengabeziarengatik bakarrik.
Kobraezintzat jotzen diren kredituengatik ez dago erantzukizunik; baina, halako kredituak osorik edo zati batez kobratzen badira, jasotakoa proportzioz banatuko da jaraunskideen artean.
IV. ATALA
Banaketa hutsaltzea
1073. artikulua
Banaketak hutsal daitezke betebeharrak hutsaltzeko arrazoi berberen ondorioz.
1074. artikulua
Banaketak hutsal daitezke, halaber, laurdenetik gorako kaltearen ondorioz, gauzek adjudikazio-unean zuten balioa kontuan hartuz.
1075. artikulua
Hildakoak egindako banaketa ezin da kaltearen ondorioz aurkaratu, salbu eta nahitaezko jaraunsleen seniparteari kalte egiten zaionean, edo agerikoa denean edo zentzuz uste denean testamentugilearen borondatea bestelakoa izan zela.
1076. artikulua
Kaltearen ondoriozko hutsalketa-akzioak lau urte iraungo du banaketa egin zenetik zenbatuta.
1077. artikulua
Jaraunsle demandatuak aukeran du kaltearen ordaina eman edo beste banaketa bat egiteari adostasuna eman.
Kalteordaina eman daiteke diruz edo kaltea izan duen gauza berberaren gainean.
Beste banaketa bat egiten bada, banaketa horrek ezin du eraginik izan kaltedun gertatu ez direnengan edo zuzena dena baino gehiago kobratu ez dutenengan.
1078. artikulua
Jaraunsleak ezin izango du kaltearen ondoriozko hutsalketa-akziorik egikaritu, baldin eta berari adjudikatu zaizkion ondasun higiezin guztiak edo gehienak besterendu baditu.
1079. artikulua
Jarauntsiko objektu nahiz balore bat edo batzuk ez aipatzeak ez dakar banaketa kaltearen ondorioz hutsaltzerik, baizik eta banaketa hori aipatu gabeko objektu edo baloreekin osatu edo gehitzea.
1080. artikulua
Banaketa egitean jaraunsleren bat preteritzen bada, banaketa hori ez da hutsalduko, salbu eta gainerako interesdunen gaitzustea edo doloa frogatzen denean; hala ere, interesdun horiek jaraunsle preterituari ordaindu beharko diote horri proportzioz dagokion zatia.
1081. artikulua
Banaketa ustez jaraunsle denarekin egin eta bera ez bada jaraunsle, banaketa deuseza izango da.
V. ATALA
Jarauntsiko zorren ordainketa
1082. artikulua
Hartzekodun gisa aitortu direnak banaketa egitearen aurka jar daitezke, harik eta euren kredituak kobratu arte edo kredituon zenbatekoa fidantza bidez bermatu arte.
1083. artikulua
Jaraunskide baten edo gehiagoren hartzekodunek euren kontura esku har dezakete banaketan, banaketa hori haien eskubideei iruzur edo kalte eginez gauza ez dadin.
1084. artikulua
Banaketa egin eta gero, hartzekodunek jarauntsia inbentario-onuraren arabera onartu ez duten jaraunsleetatik edozeini eska diezaiokete euren zorrak osoosorik ordaintzea; edo ordainketa jaraunsle horren jarauntsi-zatiaren neurrian egitea, jarauntsia harako onurarekin onetsi bada.
Kasu batean eta bestean, demandatuak eskubidea izango du bere jaraunskideak zitatu eta epatzeko, salbu eta testamentugilearen xedapenaren bidez edo banaketaren ondorioz demandatuak berak bakarrik ordaindu behar duenean zorra.
1085. artikulua
Jaraunskideak ordaindu badu jarauntsian bere partaidetzari dagokiona baino gehiago, gainerakoei erreklama diezaieke berari proportzioz dagokion zatia.
Gauza bera beteko da, baldin eta, zorra hipotekarioa edo gauza zehatzekoa izateagatik, jaraunsle batek osoosorik ordaindu badu zor hori. Kasu horretan, adjudikaziodunak bere jaraunskideei erreklama diezaieke berari proportzioz dagokion zatia bakarrik, hartzekodunak bere akzioak laga eta bere tokian subrogatu badu ere.
1086. artikulua
Jarauntsiko finkaren bat betiereko errenta edo zama errealarekin kargatuta badago, errenta edo zama hori ez da azkendu behar, nahiz eta askatzeko modukoa izan, salbu eta jaraunskide gehienek hala erabakitzen dutenean.
Ez bada hori erabakitzen edo zama askaezina bada, zama horren balio edo kapitala finkaren balioari kenduko zaio, eta finka karga eta guzti eskualdatuko zaio erloz edo adjudikazioz finka hori jasotzen duenari.
1087. artikulua
Hildakoaren hartzekodun den jaraunskideak beste jaraunskideei erreklama diezaieke bere kredituaren ordainketa, behin jaraunsle gisa berari dagokion zatia kendu ondoren eta titulu honen 5. kapituluko V. atalean ezarritakoari kalterik egin gabe.
IV. LIBURUA
BETEBEHARRAK ETA KONTRATUAK
I. TITULUA
BETEBEHARRAK
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1088. artikulua
Betebehar oro zerbait eman, egin edo ez-egite horretan datza.
1089. artikulua
Betebeharrak sortzen dira legetik, kontratu eta kuasikontratuetatik, eta egite nahiz ezegite ezzilegietatik, eta edozein motatako erru zein zabarkeriarekin burututako egite eta ezegiteetatik ere bai.
1090. artikulua
Legeak eratorritako betebeharrei buruz ez dago presuntziorik. Kode honetan nahiz lege berezietan beren beregi zehaztutako betebeharrak bakarrik dira eskatzeko modukoak, eta betebeharrok ezartzen dituen legearen manuek arautuko dituzte horiek; eta, legeak ezartzen ez dituen gaietan, liburu honetako xedapenek.
1091. artikulua
Kontratuetatik sortzen diren betebeharrek lege-indarra dute alderdi kontratugileen artean, eta betebeharrok kontratu horien arabera bete behar dira.
1092. artikulua
Zigor Kodearen xedapenek arautuko dituzte delitu edo faltetatik sortutako betebehar zibilak.
1093. artikulua
Legearen bidez egite edo ezegiteak zigortu ez, eta egite edo ezegite horiek eratortzen dituzten betebeharrak erru edo zabarkeriarekin burutu badira, betebeharrok liburu honen XVI. tituluko II. kapituluaren xedapenen menpe geratuko dira.
II. KAPITULUA
Betebeharren izaera eta ondoreak
1094. artikulua
Gauza bat emateko betebeharra duenak gauza hori artatzeko betebeharra ere badu, familiako guraso on batek egingo lukeen moduan.
1095. artikulua
Hartzekodunak gauzaren fruituak jasotzeko eskubidea du gauza hori emateko betebeharra sortzen den unetik. Hala ere, hartzekodunak ez du gauzaren gainean eskubide errealik eskuratuko gauza berari eman arte.
1096. artikulua
Gauza zehatza eman behar bada, hartzekodunak, 1101. artikuluak berari ematen dion eskubideaz aparte, zorduna behartu dezake horrek ematea gauza dezan.
Gauza zehaztugabea edo generikoa baldin bada, hartzekodunak eska dezake betebeharra zordunaren kontura betetzea.
Betebeharpekoa berandutza-egoeran jartzen bada edo pertsona horrek bere gain hartu badu gauza berbera pertsona bi edo gehiagori emateko konpromisoa, beraren kontura izango dira ezustekoak, ematea gauzatu arte.
1097. artikulua
Gauza zehatza emateko betebeharrak bere barruan hartzen du gauzaren erantsi guztiak ematekoa, nahiz eta erantsiok aipaturik egon ez.
1098. artikulua
Zerbait egiteko betebeharra duenak ez badu hori egiten, haren kontura betebeharra betearaz dadin aginduko da.
Hori berori beteko da, zordunak zerbait egiten badu betebeharraren edukia urratuz. Horrez gain, oker egindakoa desegiteko dekreta daiteke.
1099. artikulua
Aurreko artikuluaren bigarren lerrokadan xedatutakoa beteko da, halaber, betebeharra zerbait ez egitekoa izan eta zordunak berari debekatu zaion hori egiten badu.
1100. artikulua
Berandutza-egoeran jartzen dira gauzaren bat eman edo zerbait egiteko betebeharra dutenak, noiztik eta hartzekodunak horiei epaiketa bidez nahiz epaiketatik kanpo euren betebeharraren betetzea eskatzen dien unetik.
Hala ere, ez da beharrezkoa izango hartzekodunak agindeia egitea, berandutza izan dadin:
1. Betebeharrak edo legeak hori adierazten duenean beren beregi.
2. Betebeharraren izaerak eta inguruabarrek ondorioztatzen dutenean gauza emateko edo zerbitzua egiteko unearen izendapena erabakigarria izan zela betebeharra ezartzeko.
Elkarrekiko betebeharretan, betebeharpeko bat ez da berandutza-egoeran jartzen, besteak ez badu behar bezala betetzen berari dagokiona edo, betetzeko beren beregi eskatua izan, eta hala egiteko adostasuna erakusten ez badu. Betebeharpeko batek bere betebeharra betetzen duenetik, berandutza hasten da bestearentzat.
1101. artikulua
Eragindako kaltegaleren ordaina eman behar dute euren betebeharrak betetzean doloz nahiz zabarkeriaz jarduten dutenek edo berandutza-egoeran jartzen direnek, bai eta edozein modutan betebeharron edukia urratzen dutenek ere.
1102. artikulua
Doloak eratorritako erantzukizuna eskatzeko modukoa da betebehar guztietan. Erantzukizun hori gauzatzeko akzioari uko egitea deuseza da.
1103. artikulua
Zabarkeriak eratorritako erantzukizuna ere eskatzeko modukoa da edozein motatako betebeharrak betetzean; alabaina, auzitegiek erantzukizun hori molda dezakete kasuankasuan.
1104. artikulua
Zordunaren erru edo zabarkeria da betebeharraren izaeraren arabera arreta beharrezkoa izan, eta pertsona, denbora eta lekuaren inguruko inguruabarrei egokitzen zaien arreta hori ez izatea.
Betebeharrak ez badu adierazten zein arreta izan behar den hura betetzean, familiako guraso on batek izango lukeena da eskatzeko modukoa.
1105. artikulua
Legeak beren beregi aipatzen dituen kasuetatik kanpo, eta betebeharrak berak adierazten dituenetatik kanpo, inork ere ez du erantzukizunik izango aurreikusi ezin diren gertaerengatik edo, aurreikusita ere, saihestezinak direnengatik.
1106. artikulua
Kaltegaleren ordainak bere barruan hartzen ditu, hartzekodunak izandako galeren balioa ez ezik, hartzekodun horrek lortu ez duen irabaziaren balioa ere bai, hurrengo artikuluetan jasotako xedapenei kalterik egin gabe.
1107. artikulua
Zordun onustedunak kaltegaleren gaineko erantzukizuna du, kaltegalera horiek betebeharra eratzean aurreikusi badira edo aurreikusteko modukoak izan badira, eta kaltegalerok haren betetze-ezaren nahitaezko ondorio badira.
Dolo-kasuetan, zordunak erantzukizuna izango du betebeharraren betetze-ezak benetan eratortzen dituen kaltegalera guztien gainean.
1108. artikulua
Betebeharra bada diru-kopuru bat ordaintzea, eta zorduna berandutza-egoeran jarri bada, kaltegaleren ordaina izango da, aurkako itunik izan ezean, kasuankasuan hitzartutako korrituak ordaintzea eta, hitzarmenik ez badago, legezko korrituak ordaintzea.
1109. artikulua
Mugaeguneratutako korrituek legezko korrituak sortzen dituzte haiek epaiketa bidez erreklamatzen direnetik, nahiz eta betebeharrak horren inguruan ezer esan ez.
Merkataritzako negozioetan, Merkataritzako Kodeak xedaturikoa beteko da.
Errukietxe eta aurrezki-kutxak horiei buruzko araudi bereziek arautuko dituzte.
1110. artikulua
Hartzekodunak kapitala jasotzean ez badu erreserbarik egiten korrituen inguruan, zordunaren betebeharra azkentzen da korrituoi dagokienez.
Hartzekodunak, zordunketaren azken epea jasotzean, ez badu erreserbarik egiten, betebeharra azkenduko da aurreko epeei dagokienez.
1111. artikulua
Hartzekodunek, eurei zor zaien guztia kobratzeko, zordunaren edukitzapeko ondasun guztiak pertsegitu eta gero, zordunaren eskubide eta akzio guztiak egikaritu ahal dituzte helburu berberarekin, zordunari berari datxezkionak izan ezik; era berean, hartzekodunek aurkara ditzakete euren eskubideari iruzur eginez zordunak gauzatu dituen egintzak.
1112. artikulua
Betebeharraren bidez eskuratutako eskubideak eskualdatzen dira legeen arabera, aurkakoa itundu ez bada.
III. KAPITULUA
Betebehar-mota desberdinak
I. ATALA
Betebehar hutsak eta baldintzapeko betebeharrak
1113. artikulua
Betebehar oro behingoan eskatzeko modukoa da, baldin eta betebehar hori betetzea ez bada biharetziko nahiz zalantzazko gertaera baten mendekoa edo, gertaera iraganekoa izanik, interesdunek horren berririk ez badute.
Halaber, baldintza suntsiarazlepeko betebehar oro eskatzeko modukoa izango da suntsiarazpenaren ondoreei kalterik egin gabe.
1114. artikulua
Baldintzapeko betebeharretan, eskubideen eskuraketa eta eskuratutako eskubideen suntsiarazpen edo galera, baldintza eratzen duen gertaeraren menpe egongo dira.
1115. artikulua
Baldintza betetzea zordunaren borondatearen menpe besterik ez badago, baldintzapeko betebeharra deuseza izango da. Betetzea zoriaren edo hirugarren baten borondatearen menpe badago, betebeharrak bere ondore guztiak sortuko ditu kode honetako xedapenen arabera.
1116. artikulua
Ezinezko baldintzek, ohitura onen aurkakoek eta legeak debekatzen dituenek deuseztatu egingo dute euren menpe dagoen betebeharra.
Jarri gabekotzat hartzen da ezinezkoa dena ez egiteko baldintza.
1117. artikulua
Baldintza bada epe zehatzean gertaeraren bat jazotzea, baldintzapeko betebeharra azkenduko da, epe hori igarotzen denean edo dagoeneko zalantzaezina denean gertaera ez dela gauzatuko.
1118. artikulua
Baldintza bada epe zehatzean gertaeraren bat ez jazotzea, horrek eragingarri egiten du baldintzapeko betebeharra, zehaztu epea igaro denetik edo gertaera hori gauzatzea ezinezkoa dela agerikoa denetik.
Ez bada eperik finkatu, ulertuko da baldintza bete dela, betebeharraren izaera kontuan hartu eta horren arabera finkatu nahi izango zatekeen epean.
1119. artikulua
Baldintza betetzat joko da, baldin eta betebeharpekoak borondatez baldintza bete dadin eragozten badu.
1120. artikulua
Zerbait emateko betebeharraren ondoreek, behin baldintza bete eta gero, atzera egiten dute baldintzapeko betebeharra zein egunetan eratu eta egun hori arte. Hori gorabehera, betebeharrak elkarrekiko prestazioak ezartzen badizkie interesdunei, ulertuko da elkarren artean konpentsatzen direla baldintza betetzeke egon den bitartean sorturiko fruitu eta korrituak. Baldintza alde bakarrekoa bada, zordunak bereganatuko ditu berak jasotako fruitu eta korrituak, salbu eta baldintzaren izaeratik eta inguruabarretatik atera daitekeenean bestelakoa izan zela baldintza eratu zuenaren borondatea.
Zerbait egin eta ez egiteko betebeharretan, auzitegiek erabakiko dute kasuankasuan zein izango den beteriko baldintzaren atzeraeragina.
1121. artikulua
Hartzekodunak, baldintzen betetzea gertatu baino lehen, bere eskubideari eusteko bidezkoak diren akzioak egikari ditzake.
Zordunak berreskaera-eskubidea du epe horretan berak ordaindu duenaren ondorioz.
1122. artikulua
Baldintzak jarri badira zerbait emateko betebeharraren eragingarritasuna eteteko asmoarekin, hurrengo erregelak beteko dira, gauza hobetu, galdu edo narriatzen bada baldintza betetzeke dagoen bitartean:
1. Gauza galdu bada zordunaren errurik gabe, betebeharra azkendu egingo da.
2. Gauza galdu bada zordunaren erruz, horrek kaltegaleren ordaina emateko betebeharra izango du.
Gauza galdu dela ulertzen da, baldin eta gauza hori suntsitu, merkataritzatik kanpo geratu edo desagertzen bada, hori non dagoen jakin gabe edo berori berreskuratzea ezinezkoa izanik.
3. Gauza narriatzen bada zordunaren errurik gabe, urripena hartzekodunaren kontura geratzen da.
4. Gauza zordunaren erruz narriatzen bada, hartzekodunak aukeran du betebeharraren suntsiarazpena ala horren betetzea, bi kasuotan kalteen ordainarekin batera.
5. Gauza hobetzen bada berez edo denboraren poderioz, hobekuntzok hartzekodunari lagatzen zaizkio.
6. Gauza hobetzen bada zordunaren kontura, horrek gozamendunari emandako eskubide berbera besterik ez du izango.
1123. artikulua
Baldintzen helburua bada zerbait emateko betebeharra suntsiaraztea, orduan, behin baldintzok bete eta gero, interesdunek elkarri itzuli behar diote jasotakoa.
Gauza galdu, narriatu edo hobetzen bada, itzulketa egin behar duenari aplikatuko zaizkio aurreko artikuluan zordunaren inguruan jasotako xedapenak.
Zerbait egin edo ez egiteko betebeharretan, eta suntsiarazpenaren ondoreei dagokienez, 1120. artikuluaren bigarren lerrokadan xedatutakoa beteko da.
1124. artikulua
Betebeharrak suntsiarazteko ahalmena esan gabe doa elkarrekikoetan, betebeharpeko batek berari dagokiona betetzen ez duen kasurako.
Kaltedunak aukeran du betebeharra bete dadin eskatu ala betebehar hori suntsiaraztea, bi kasuotan kalteen ordaina emanez eta korrituak ordainduz. Era berean, kaltedunak suntsiarazpena eska dezake betetzea aukeratu eta gero ere, betetze hori ezinezkoa denean.
Auzitegiak erreklamaziopeko suntsiarazpena dekretatuko du, baldin eta arrazoi egiaztaturik ez badago auzitegiak epea zehazteko aukera izan dezan.
Hori ulertzen da hirugarren eskuratzaileen eskubideei kalterik egin gabe, 1295 eta 1298. artikuluen, eta Hipoteka Legeko xedapenen arabera.
II. ATALA
Eperako betebeharrak
1125. artikulua
Betebeharrak betetzeko egun zehatza finkatu bada, betebeharrok eskatzeko modukoak izango dira egun hori heltzen denean bakarrik.
Nahitaez heldu behar den eguna zehatza dela ulertzen da, nahiz eta hori noiz helduko den jakin ez.
Zalantza bada eguna helduko den ala ez, betebeharra baldintzapekoa da, eta aurreko atalaren erregelek arautuko dute betebehar hori.
1126. artikulua
Eperako betebeharretan, ez da berreskaera-eskubiderik izango aurreraturik ordaindu denaren ondorioz.
Ordainketa egin duenak, hori egitean, ez badu jakin epea dagoenik, hartzekodunari erreklama diezazkioke azken horrek gauzaren ondorioz jaso dituen korritu edo fruituak.
1127. artikulua
Betebeharretan epe-muga izendatzen denean, beti uste da epe-muga hori hartzekodunaren eta zordunaren onurarako ezarri dela, salbu eta betebeharraren edukiak edo bestelako inguruabarrek erakartzen dutenean bataren ala bestearen mesederako jarri dela.
1128. artikulua
Betebeharrak ez badu eperik zehaztu, baina betebehar horren izaera eta inguruabarretatik atera badaiteke zordunari epe bat eman nahi izan zaiola, auzitegiek epe horren iraupena finkatuko dute.
Era berean, auzitegiek epearen iraupena finkatuko dute, baldin eta epearen iraupena erabakitzea zordunaren borondatepean jarri bada.
1129. artikulua
Zordunak epea erabiltzeko eskubidea galduko du:
1. Betebeharra bere gain hartu eta gero, kaudimengabe bihurtzen bada, zorra bermatzen duenean izan ezik.
2. Zordunak hartzekodunari ez dizkionean ematen konpromiso gisa agindutako bermeak.
3. Zordunak, bermeak ezarri eta gero, bere egintzen bidez horiek gutxitzen dituenean, eta ezusteko kasuan bermeok desagertzen direnean, salbu eta berehala, horien ordez, segurtasun bera ematen duten beste berme batzuk ematen direnean.
1130. artikulua
Betebeharraren epea egunetik egunera zehaztuta badago, egun zehatz batetik aurrera zenbatuta, lehenengo hori zenbaketatik kanpo geratu eta zenbaketa biharamunean hasiko da.
III. ATALA
Hautabidezko betebeharrak
1131. artikulua
Prestazio batzuk hautabidez betetzeko betebeharra duenak osoosorik bete behar du prestazio horietatik bat.
Hartzekoduna ezin da behartu prestazio baten zatia eta beste baten zatia jasotzera.
1132. artikulua
Aukeratzea zordunari dagokio, aukera hori beren beregi hartzekodunari ematen zaionean izan ezik.
Zordunak ez du eskubiderik izango, ezinezko prestazioak, prestazio ezzilegiak edo betebeharraren objektu izan ezin direnak aukeratzeko.
1133. artikulua
Aukeratzeak ez du ondorerik sortuko hori jakinarazi arte.
1134. artikulua
Zordunak aukera-eskubidea galduko du, baldin eta berak hautabidez bete behar dituen prestazioetatik bat bakarrik gauza badaiteke.
1135. artikulua
Hartzekodunak kalteordaina jasotzeko eskubidea izango du, baldin eta, zordunaren erruz, betebeharraren hautabidezko objektu diren gauza guztiak galdu badira, edo betebeharra betetzea ezinezko bilakatu bada.
Kalteordaina finkatzeko oinarritzat hartuko da desagertu den azken gauzaren balioa, edo azken lekuan ezinezko suertatu den zerbitzuaren balioa.
1136. artikulua
Aukeratzea beren beregi eratxiki bazaio hartzekodunari, betebeharrak hautabidezko izateari utziko dio, aukeratzea zordunari jakinarazten zaion egunetik.
Ordu arte, hurrengo erregelek arautuko dituzte zordunaren erantzukizunak:
1. Gauzetatik bat ezusteko kasuan galtzen bada, zordunak nahikoa du gainerako gauzen artetik hartzekodunak hautaturikoa edo, gauza bat bakarrik badago, berori ematearekin.
2. Gauzetatik bat zordunaren erruz galtzen bada, hartzekodunak erreklama dezake geratzen diren gauzetatik edozein edo, bestela, zordunaren erruz desagertu den gauzaren prezioa.
3. Gauza guztiak zordunaren erruz galtzen badira, hartzekodunak aukera egingo du gauza horien prezioen artean.
Erregela berberak aplikatuko dira zerbait egin edo ez egiteko betebeharretan, baldin eta prestazio batzuk edo guztiak ezinezko gertatzen badira.
IV. ATALA
Betebehar mankomunatu eta solidarioak
1137. artikulua
Betebehar berberean hartzekodun bi nahiz gehiago edo zordun bi nahiz gehiago pilatzeak ez dakar hartzekodun horietatik bakoitzak betebeharraren objektu diren gauzak osoosorik eskatzeko eskubidea izatea, ezta zordun bakoitzak gauzak osoosorik eman behar izatea. Hori gertatuko da, betebeharrak beren beregi hala zehaztu eta betebehar hori izaera solidarioarekin eratzen denean bakarrik.
1138. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko betebeharraren testutik ez bada besterik ateratzen, orduan, zenbat hartzekodun edo zordun izan eta kreditu edo zorra beste horrenbeste zatitan banatu dela uste izango da, eta kreditu edo zor horiek elkarren gain lokabetzat hartuko dira.
1139. artikulua
Zatiketa ezinezkoa bada, hartzekodunen eskubideari kalte egin diezaiokete euren egintza kolektiboek bakarrik, eta zorra kobratu ahal izango da zordun guztien aurka joz gero bakarrik. Zordun horietako bat kaudimengabe gertatzen bada, gainerakoak ez daude behartuta haren gabezia betetzera.
1140. artikulua
Solidaritatea izan daiteke, nahiz eta hartzekodunak eta zordunak modu horretan eta epe eta baldintza berberetan lotuta egon ez.
1141. artikulua
Hartzekodun solidario bakoitzak egin dezake gainerakoentzat onuragarria dena, baina ez eurentzat kaltegarria dena.
Zordun solidarioetatik edozeinen aurka egikaritutako akzioek kalte egingo diete zordun guztiei.
1142. artikulua
Zordunak zorra ordain diezaioke hartzekodun solidarioetatik edozeini; baina, hartzekodunetatik batek zorduna demandatzen badu epaiketa bidez, zordunak horrexeri egin behar dio ordainketa.
1143. artikulua
Zorraren aldaberriketa, konpentsazioa, bateratzea edo barkatzea gauzatzen badu hartzekodun solidarioetatik edozeinek, edo izaera bereko zordunetatik edozeinekin hori egiten bada, betebeharra azkendu egingo da 1146. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.
Hartzekodunak halako egintzetatik edozein gauzatu edo zorra kobratzen badu, erantzukizuna izango du gainerako hartzekodunei begira, horiei betebeharrean dagokien zatian.
1144. artikulua
Hartzekodunak jo dezake zordun solidarioetatik edozeinen aurka edo horien guztien aurka aldi berean. Zordun baten aurka jarritako erreklamazioak ez dira oztopo izango geroago gainerako zordunen aurka jarritako erreklamazioetan, zorra osoosorik kobratzen ez den bitartean.
1145. artikulua
Zordun solidario batek ordainketa egin, eta ordainketa horrek betebeharra azkentzen du.
Ordainketa egiten duenak bere zordunkideei erreklama diezaieke bakoitzari dagokion zatia, aurrerakinaren korrituekin.
Zordun solidarioak, kaudimengabe izateagatik, ez badu betebeharra betetzen, zordunkideek haren gabezia beteko dute bakoitzaren zorraren arabera.
1146. artikulua
Hartzekodunak kitatu edo barkatzen badu zordun solidarioetatik batengan eragina duen zatia, kita edo barkatze horrek ez du zorduna askatzen berak zordunkideei begira duen erantzukizunetik, baldin eta zordunkideetatik edozeinek zorra ordaindu badu osoosorik.
1147. artikulua
Gauza suntsitu edo prestazioa ezinezko bihurtzen bada zordun solidarioek inolako errurik izan gabe, betebeharra azkenduta geratuko da.
Zordunetatik edozeinen errua tartean bada, zordun guztiek erantzukizuna izango dute hartzekodunari begira, prezio eta kalteordainaren, eta korritu-ordainketaren gainean, errudun edo zabarraren aurkako akzioari kalterik egin gabe.
1148. artikulua
Zordun solidarioak erabil ditzake, hartzekodunak egindako erreklamazioen aurka, betebeharraren izaerak ondorioztatzen dituen salbuespen guztiak eta zordun horri dagozkion salbuespen pertsonalak ere bai. Zordun hori gainerako zordunei dagozkien salbuespen pertsonalez balia daiteke, zordunon erantzukizunpeko zor-zatian bakarrik.
V. ATALA
Betebehar zatigarri eta zatiezinak
1149. artikulua
Zordun bakarreko eta hartzekodun bakarreko betebeharretan, horien objektu diren gauzak zatigarri ala zatiezin izateak ez ditu aldatzen edo aldarazten titulu honen II. kapituluko manuak.
1150. artikulua
Betebehar zatiezin mankomunatua suntsiaraztean, kalteordaina eman behar da zordunetatik edozeinek bere konpromisoa hausten duen unetik. Zordun batzuk eurei dagozkien konpromisoak betetzeko prest egon badira, zordun horiek kalteordainean hartuko dute parte, betebeharraren mendeko gauza edo zerbitzuaren preziotik eurei dagokien zatian bakarrik.
1151. artikulua
Aurretiko artikuluen ondoreetarako, zatiezintzat joko dira gorputz zehatzak emateko betebeharrak, bai eta zati bateko betetzea onartzen ez duten beste guztiak ere.
Zerbait egiteko betebeharrak zatigarriak izango dira, horien objektua denean egun-kopuru zehatz batean lan egitea, obrak unitate metrikoka gauzatzea edo horien antzeko gauzak egitea, gauzok zatikako betetzea onartzen badute euren izaeraren arabera.
Zerbait ez egiteko betebeharretan, zatigarritasuna ala zatiezintasuna zehaztuko da prestazioak kasuankasuan duen izaeraren arabera.
VI. ATALA
Zigor-klausuladun betebeharrak
1152. artikulua
Zigor-klausuladun betebeharretan, zigorrak ordeztuko ditu betebeharraren betetze-ezarengatik eman beharreko kalteordaina eta korrituak, baldin eta besterik ituntzen ez bada.
Zigorra betearazi ahal izango da, kode honetako xedapenekin bat etorriz hori eskatzeko modukoa denean bakarrik.
1153. artikulua
Zorduna ezin da betebeharra betetzetik askatu zigorra ordainduz, salbu eta eskubide hori beren beregi erreserbatzen zaionean. Bestalde, hartzekodunak ezin izango ditu aldi berean eskatu betebeharra betetzea eta zigorra ordaintzea, ahalmen hori argiro ematen ez bazaio.
1154. artikulua
Epaileak ekitatez aldaraziko du zigorra, baldin eta zordunak betebehar nagusia zati batez edo modu irregularrean betetzen badu.
1155. artikulua
Zigor-klausularen deuseztasunak berez ez dakar betebehar nagusiarena.
Betebehar nagusiaren deuseztasunak berez dakar zigor-klausularena.
IV. KAPITULUA
Betebeharrak azkentzea
Xedapen orokorrak
1156. artikulua
Betebeharrak azkentzen dira:
Ordainketa edo betetzeagatik.
Zor den gauza galtzeagatik.
Zorra barkatzeagatik.
Hartzekodunaren eta zordunaren eskubideak bateratzeagatik.
Konpentsazioagatik.
Aldaberriketagatik.
I. ATALA
Ordainketa
1157. artikulua
Zorra ordainduta dagoela ulertuko da betebeharraren mendeko gauza edo prestazioa osoosorik eman edo egiten denean.
1158. artikulua
Ordainketa edozein pertsonak egin dezake, pertsona horrek betebeharraren betetzean interesa izan zein ez, zordunak hori jakin eta onartu nahiz hori jakin ez.
Norbaitek inoren kontura ordaintzen badu, berak ordaindutakoa zordunari erreklamatu ahal izango dio, salbu eta zordun horren esanbidezko borondatearen aurka ordaintzen duenean.
Kasu horretan, zordunaren aurka berreskaera-eskubidea izango du horri ordainketak ekartzen dizkion onuren ondorioz bakarrik.
1159. artikulua
Norbaitek zordunaren izenean ordaintzen badu horrek ezer jakin gabe, ezin izango du hartzekoduna behartu beraren eskubideetan subrogatzera.
1160. artikulua
Zerbait emateko betebeharretan, ordainketa ez da baliozkoa izango, hori egiten duenak ez badu zor den gauza askatasunez xedatzeko ahalmenik, ezta hori besterentzeko gaitasunik ere. Dena den, ordainketa egiten bada diru-kopuru edo gauza suntsikorren bat emanez, ezin izango da hartzekodunaren aurka berreskaera-eskubiderik erabili, berak diru-kopurua edo gauza onustez gastatu edo kontsumitu badu.
1161. artikulua
Zerbait egiteko betebeharretan, ezin izango da hartzekoduna behartu prestazio edo zerbitzua hirugarren baten eskutik hartzera, baldin eta betebeharra ezartzeko unean kontuan izan badira zordunak berak dituen kalitate eta inguruabarrak.
1162. artikulua
Betebeharra zein pertsonaren mesederako eratu eta horrexeri egin behar zaio ordainketa edo, bestela, horren izenean betebeharra jasotzeko baimena duenari.
1163. artikulua
Inor bere ondasunak administratzeko ezgaituta badago, horri egindako ordainketa baliozkoa izango da berarentzat onuragarri bihurtu den neurrian.
Halaber, hirugarrenari egindako ordainketa baliozkoa izango da hartzekodunarentzat onuragarri bihurtu den neurrian.
1164. artikulua
Kredituaren edukitza duenari onustez egindako ordainketak zorduna askatuko du.
1165. artikulua
Ez da baliozkoa izango zordunak hartzekodunari egindako ordainketa, baldin eta aurretiaz zordunari epaiketa bidez agindu bazaio zor hori atxikitzeko.
1166. artikulua
Gauzaren zordunak ezin du bere hartzekoduna behartu beste gauza bat jasotzera, nahiz eta gauza horren balioa zor den bestekoa izan.
Zerbait egiteko betebeharretan ere, ezin izango da egitate baten ordez beste bat burutu, hartzekodunaren borondatearen aurka.
1167. artikulua
Betebeharra bada gauza zehaztugabe edo generikoa ematea, eta gauza horren kalitate eta inguruabarrak ez badira adierazten, hartzekodunak ezin izango du kalitate handiagoko gauzarik eskatu, ezta zordunak kalitate txikiagokorik eman ere.
1168. artikulua
Zordunaren kontura geratuko dira ordainketak epaiketatik kanpo sortzen dituen gastuak. Epaiketako gastuei dagokienez, auzitegiak hartuko du erabakia, Prozedura Zibilaren Legearen arabera.
1169. artikulua
Kontratuak esanbidezko baimenik ematen ez duen bitartean, ezin izango da hartzekoduna behartu betebeharraren mendeko prestazioak zati batez jasotzera.
Hala ere, zorraren zati bat likidoa eta bestea ezlikidoa izanez gero, hartzekodunak lehenengoaren ordainketa eskatu eta zordunak hori egin dezake, bigarrena likido bihurtzeari itxaron gabe.
1170. artikulua
Diru-zorren ordainketa egin beharko da hitzartutako espezieaz eta, ezin bada espezie hori eman, Espainian legezko erabilera duen zilarrezko edo urrezko txanponaz.
Agindurako ordaindukoak nahiz kanbio-letrak edota merkataritzako beste edozein agiri emateak ordainketaren ondoreak sortuko ditu agiriok diru bihurtzen direnean edo hartzekodunaren erruz kaltetu gertatzen direnean.
Bien bitartean, jatorrizko betebeharrak eratorritako akzioa etenda geratuko da.
1171. artikulua
Ordainketa egin beharko da betebeharrak izendatzen duen lekuan.
Ez bada lekurik izendatu, eta gauza zehatza eman behar bada, ordainketa egin beharko da, betebeharra eratzeko unean gauza non izan eta bertan.
Beste edozein kasutan, ordainketa egiteko tokia izango da zordunaren egoitzari dagokiona.
Ordainketak egoztea
1172. artikulua
Norbaitek espezie bereko zor batzuk baditu hartzekodun berberaren mesederako, pertsona horrek adieraz dezake, ordainketa egitean, zorretatik zeini aplikatuko zaion ordainketa hori.
Pertsona horrek hartzekodunaren eskutik onartzen badu ordainketaren aplikazioa egiten duen jasoagiria, ezin izango du aplikazioaren aurkako erreklamaziorik egin, salbu eta kontratua baliogabetzen duten arrazoietatik bat tartean dagoenean.
1173. artikulua
Zorrak korrituak sortzen baditu, ezin izango da ulertu ordainketa kapitalaren kontura egiten denik, korrituak estalita ez dauden bitartean.
1174. artikulua
Aurreko erregelen arabera ezin bada ordainketa egotzi, ulertuko da mugaeguneratuta dauden zorren artean kargarik gehien dakarrena ordaindu dela.
Zor horiek izaera berekoak badira eta karga berberak badakartzate, ordainketa zor guztiei egotziko zaie lainean.
Ondasun-lagapenaren bitartez egindako ordainketa
1175. artikulua
Zordunak bere ondasunak laga diezazkieke hartzekodunei, zorren ordainean. Lagapen horrek, aurkako itunik izan ezean, erantzukizunetik askatuko du zorduna, lagatako ondasunen zenbateko likidoaren neurrian. Zordunaren eta beraren hartzekodunen artean, hitzarmenak egiten badira lagapenaren ondoreari buruz, hitzarmenok egokituko zaizkie liburu honetako XVII. tituluaren xedapenei eta Prozedura Zibilaren Legeari.
Ordainketa eskaini eta zainpean jartzea
1176. artikulua
Ordainketaren eskaintza hartzekodunari egin eta horrek, inolako arrazoirik gabe, berori onartzen ez badu, zorduna erantzukizunetik aske geratuko da, zor duen gauza zainpean jarriz gero.
Zainpean jartzeak berez ondore berbera sortuko du, hori egitean hartzekoduna absente badago, edo ordainketa egin behar den unean hartzekoduna ordainketa hori jasotzeko ezgaituta badago; eta zenbait pertsonak kobratzeko eskubidea dutela uste badute, edo betebeharraren titulua galdu bada.
1177. artikulua
Zor den gauza zainpean jarri eta horrek betebeharpekoa aska dezan, aldez aurretik zainpean jartzea iragarri behar zaie betebeharraren betetzean interesa duten pertsonei.
Zainpean jartzea eragingabea izango da, baldin eta ez bazaie hori modu hertsian egokitzen ordainketa arautzen duten xedapenei.
1178. artikulua
Zainpean jartzea gauzatuko da, zor diren gauzak agintaritza judizialaren gordailupean utziz; epaileari egiaztatuko zaio, hala denean, eskaintza egin dela eta, gainerako kasuetan, zainpean jartzea iragarri dela.
Zainpean jartzea gauzatu eta gero, hori interesdunei ere jakinarazi beharko zaie.
1179. artikulua
Zainpean jartzearen gastuak, hori bidezkoa denean, hartzekodunak ordaindu behar ditu.
1180. artikulua
Zainpean jartzea behar bezala gauzatu eta gero, zordunak epaileari eska diezaioke horrek betebeharra kitatzeko agindu dezan.
Hartzekodunak zainpean jartzea onartzen ez duen bitartean, edo epaileak zainpean jartze hori behar bezala egin dela adierazten ez duen bitartean, zordunak zainpeko gauza edo kopurua ken dezake, eta betebeharrak indarrean iraungo du.
1181. artikulua
Gauza zainpean jarri eta gero, hartzekodunak baimena ematen badio zordunari gauza zainpetik kentzeko, hartzekodun horrek galdu egingo du gauzaren gain duen lehenespen oro. Zordunkideak eta fidatzaileak aske geratuko dira.
II. ATALA
Zor den gauza galtzea
1182. artikulua
Gauza zehatza emateko betebeharra azkenduta geratuko da, gauza galdu edo suntsitzen bada zordunaren errurik gabe eta zorduna berandutza-egoeran jarri aurretik.
1183. artikulua
Gauza galtzen bada zordunaren eskuetan dagoela, uste izango da galera zordunaren erruz gertatu dela, ezusteko kasuan baino, salbu eta aurkakoa frogatzen denean, eta 1096. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.
1184. artikulua
Era berean, zorduna zerbait egiteko betebeharretik aske geratuko da prestazioa legez edo berez ezinezkoa denean.
1185. artikulua
Gauza jakin eta zehatzaren gaineko zorra delitu edo faltaren ondorioz sortzen bada, zorduna ez da askatuko gauzaren prezioa ordaintzetik, gauza galtzeko arrazoia edozein izanda ere, salbu eta zordunak gauza jaso behar zuenari gauza eskaini eta horrek gauza onartzeari uko egin dionean horretarako inolako arrazoirik izan gabe.
1186. artikulua
Gauza galtzeagatik betebeharra azkendu eta gero, hartzekodunari dagozkio betebehar horren ondorioz zordunak hirugarrenen aurka dituen akzio guztiak.
III. ATALA
Zorra barkatzea
1187. artikulua
Barkatzea esanbidez nahiz isilbidez egin daiteke.
Bata eta bestea dohaintza ezofiziosoak arautzen dituzten manuen menpe egongo dira. Esanbidezko barkatzea, gainera, dohaintzaren formei egokitu beharko zaie.
1188. artikulua
Hartzekodunak bere borondatez zordunari ematen badio kreditua egiaztatzen duen agiri pribatua, emate horrek berez dakar hartzekodunak zordunaren aurka zuen akzioari uko egitea.
Uko egitea baliogabetzeko berori ezofiziosoa dela adierazten bada, zordunak eta beraren jaraunsleek uko egiteari euts diezaiokete, agiria zorra ordaintzeko eman zela frogatuz.
1189. artikulua
Zorra barneratzen duen agiri pribatua zordunaren eskuetan badago, uste izango da hartzekodunak bere borondatez eman zuela agiri hori, aurkakoa frogatzen denean izan ezik.
1190. artikulua
Zor nagusia barkatzean, betebehar erantsiak azkendu egingo dira; baina, betebehar erantsiak barkatzean, zor nagusiak indarrean iraungo du.
1191. artikulua
Bahiaren betebehar erantsia barkatu dela uste izango da, baldin eta, hartzekodunari gauza pignoratua eman eta gero, hori zordunaren esku badago.
IV. ATALA
Eskubideak bateratzea
1192. artikulua
Betebeharra azkenduta geratuko da, pertsona berberarengan hartzekodun- eta zordun-izaerak pilatzen direnean.
Salbuespen gisa har daiteke bateratzea jarauntsi-tituluaren bitartez gertatzea, baldin eta jarauntsi hori inbentario-onuraren arabera onartu bada.
1193. artikulua
Bateratzea zordun edo hartzekodun nagusiarengan gertatzen bada, hori probetxugarria da fidatzaileentzat ere bai. Azken horietatik edozeinengan gertaturiko bateratzeak ez du betebeharra azkentzen.
1194. artikulua
Bateratzeak zor mankomunatua azkentzen du, hartzekodun- eta zordun-izaerak aldi berean zein pertsonarengan izan eta pertsona horri dagokion zatian.
V. ATALA
Konpentsazioa
1195. artikulua
Konpentsazioa gertatuko da, bi pertsona, nor bere eskubidez, elkarren hartzekodun eta zordun direnean.
1196. artikulua
Konpentsazioa bidezkoa izan dadin, nahitaezkoa da:
1. Betebeharpekoak, betebeharpeko nagusi izateaz gain, elkarren hartzekodun nagusi izatea.
2. Bi zorrak diru-kopuruaren gainekoak izatea edo, zor diren gauzak suntsikorrak izanik, gauzok espezie eta kalitate berekoak izatea, halakoak izendatu badira.
3. Bi zorrak mugaeguneratuta egotea.
4. Zorrak likidoak eta eskatzeko modukoak izatea.
5. Zorren inguruan ez izatea hirugarrenek eragin eta zordunari behar bezala jakinarazitako atxikipen edo auzia.
1197. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, fidatzaileak konpentsazioa jar dezake hartzekodunaren aurka, horrek zordun nagusiari zor dionarengatik.
1198. artikulua
Hartzekodunak hirugarren bati eskubideak lagatzen badizkio eta zordunak horretarako adostasuna ematen badu, zordun horrek ezin izango du lagapenhartzailearen aurka jarri lagapenemailearen aurka legokiokeen konpentsazioa.
Hartzekodunak zordunari lagapenaren berri ematen badio eta zordunak ez badu horretarako adostasunik ematen, zordun horrek lagapenhartzailearen aurka jar dezake lagapena egin baino lehenagoko zorren konpentsazioa, baina ez geroko zorrena.
Lagapena egiten bada zordunak hori jakin gabe, zordun horrek lagapenhartzailearen aurka jar dezake harakoa egin baino lehenagoko kredituen konpentsazioa, bai eta gerokoena ere, zordunak lagapenaren berri izan duen unea arte.
1199. artikulua
Toki desberdinetan ordaindu beharreko zorrak konpentsa daitezke, ordainketa-lekura gauzak garraiatu edo aldatzeko egin diren gastuen ordaina emanez.
1200. artikulua
Konpentsazioa ez da bidezkoa izango, baldin eta zorretatik bat gordailuaren ondorioz edo gordailuzain nahiz komodatudunaren betebeharren ondorioz sortzen bada.
Era berean, konpentsazioa ezin izango da hartzekodunaren aurka jarri, horrek mantenua zor badu dohaineko tituluaren bidez.
1201. artikulua
Norbaitek bere buruaren aurka zor batzuk baditu eta zorrok elkarren artean konpentsatzeko modukoak badira, ordainketen egozketari buruz xedatutakoa bete beharko da konpentsazioa egiteko hurrenkeran.
1202. artikulua
Konpentsazioaren ondorea da zor bat eta bestea azkentzea, horien kopuruek bat egiten duten neurrian, nahiz eta hartzekodunek eta zordunek horren berririk izan ez.
VI. ATALA
Aldaberriketa
1203. artikulua
Betebeharrak aldaraz daitezke:
1. Euren objektua edo baldintza nagusiak aldatuz.
2. Zordunaren ordez beste pertsona bat jarriz.
3. Hirugarrena hartzekodunaren eskubideetan subrogatuz.
1204. artikulua
Betebehar bat beste batekin ordeztu eta, ondorenez, aurrekoa azken dadin, nahitaezkoa da hori argi eta garbi adieraztea, edo betebehar zaharra eta berria zeharo bateraezinak izatea.
1205. artikulua
Aldaberriketa da jatorrizko zordunaren ordez beste zordun bat jartzea; aldaberriketa egin daiteke jatorrizko zordunak jakin gabe, baina ezin daiteke egin hartzekodunaren adostasunik gabe.
1206. artikulua
Hartzekodunak zordun berria onartu eta gero, hori kaudimengabe gertatzen bada, ez da berpiztuko hartzekodunak jatorrizko zordunaren aurka duen akzioa, salbu eta kaudimengabezia hori aurretiazkoa eta jendaurrekoa denean edo zordunak, bere zorra eskuordetzean, horren berri duenean.
1207. artikulua
Aldaberriketaren ondorioz betebehar nagusia azkentzen bada, betebehar erantsiek iraun egingo dute, adostasuna zein hirugarrenek eman ez eta horrentzat probetxugarri diren heinean.
1208. artikulua
Aldaberriketa deuseza da jatorrizko betebeharra ere deuseza bada, salbu eta deuseztasunaren arrazoia zordunak bakarrik inboka dezakeenean, edo berrespenak jatorriz deusezak diren egintzak baliozkotzen dituenean.
1209. artikulua
Ez da uste izango hirugarrena hartzekodunaren eskubideetan subrogatzen denik, kode honetan beren beregi aipatutako kasuetatik kanpo.
Gainerako kasuetan, nahitaezkoa izango da subrogazioa argiro ezartzea, horrek ondoreak sor ditzan.
1210. artikulua
Subrogazioa gertatu dela uste izango da:
1. Hartzekodun batek lehenespeneko beste hartzekodun bati ordaintzen dionean.
2. Betebeharraren gainean interesik ez duen hirugarrenak ordainketa egiten duenean, zordunaren esanbidezko edo isilbidezko onespenarekin.
3. Betebeharraren betetzean interesa duenak ordainketa egiten duenean, betiere bateratzeak zati egokiaren gainean sortzen dituen ondoreei kalterik egin gabe.
1211. artikulua
Zordunak hartzekodunaren adostasunik gabe egin dezake subrogazioa, baldin eta zorra ordaintzeko dirua maileguan hartzen badu eskritura publikoaren bidez, eta eskritura horretan bere asmoa agerrarazi eta ordainagirian ordaindutako kopuruaren etorburua adierazten badu.
1212. artikulua
Subrogazioaren bidez, subrogatuari kreditua eskualdatzen zaio, horri erantsitako eskubide guztiekin batera, bai zordunaren aurka, bai eta hirugarrenen aurka ere, hirugarren horiek fidatzaile izan zein hipoteken edukitzaile izan.
1213. artikulua
Hartzekodunari ordainketa partziala egiten bazaio, hartzekodun horrek lehenespenez egikari dezake gainerako zatiari begira duen eskubidea, kreditu berberaren ordainketa partziala delaeta haren lekuan subrogatu denaren aurretik.
V. KAPITULUA
Betebeharrei buruzko froga
Xedapen orokorrak
*1214. artikulua
Betebeharren izateari buruzko froga dagokio horien betetzea erreklamatzen duenari; eta betebeharraren azkentzeari buruzkoa, azkentze hori inoren aurka jartzen duenari.
1215. artikulua
Frogak egin daitezke: agerkarien bidez, aitorpenaren bidez, epaileak berak egindako ikuskapenaren bidez, adituen bidez, lekukoen bidez eta presuntzioen bidez.
I. ATALA
Agiri publikoak
1216. artikulua
Agiri publikoak dira notarioak edo enplegatu publiko eskudunak legeak agindutako solemnitateekin eskuesten dituenak.
1217. artikulua
Notariolegeriak arautuko ditu notario publikoak eskuetsitako agiriak.
1218. artikulua
Agiri publikoek froga egiten dute, hirugarrenen aurka ere bai, agiriok egilestea zein egitatek eragin eta egitate horri buruz, eta egilespen-datari buruz.
Agiri horiek froga egiten dute, halaber, kontratugileen eta euren kausadunen aurka, lehenengoek agiriotan egin dituzten adierazpenei dagozkienez.
1219. artikulua
Aurretiko eskrituraren bat ezerezteko beste eskritura batzuk egiten badira interesdun berberen artean, eskritura berriek hirugarrenen aurkako ondoreak izango dituzte, horien edukia idatzohartu bada erregistro publiko eskudunean, edo jatorrizko eskrituraren eta hirugarrenak jarduteko erabili izan duen aldaki edo kopiaren bazterrean.
1220. artikulua
Agiri publikoen inguruan, jatorrizkoa edo protokoloa badago, eta agiri horien ondorioz kaltedun gertatzen direnek haien kopiak aurkaratzen badituzte, kopia horiek froga indarra izango dute behar bezala alderatu izan direnean bakarrik.
Jatorrizko agiriaren eta kopiaren artean aldaeraren bat izanez gero, lehenengoaren edukia hartuko da kontuan.
1221. artikulua
Jatorrizko eskritura, protokoloa edo jatorrizko espedienteak desagertzen badira, froga egingo dute:
1. Lehenengo kopiek, funtzionario publiko eskuesleak atera baditu halakoak.
2. Gerogarreneko kopiek, horiek epailearen aginduz egin badira interesdunei zitazioa eginez.
3. Epailearen agindurik gabe atera diren kopiek, horiek atera badira interesdunen aurrean eta euren adostasunarekin.
Aipatu kopiarik izan ezean, froga egingo dute hogeita hamar urteko edo hortik gorako antzinatasuna duten kopiek, baldin eta halako kopiak jatorrizko agiritik atera baditu jatorrizko hori eskuetsi duen funtzionarioak edo hori zaintzeko ardura duenak.
Antzinatasun txikiagoko kopiek edo, funtzionario publikoak aurreko lerrokadak aipaturiko inguruabarrak bete ez, eta berak eskuesten dituenek, balio dute idatzizko froga-abiaburu gisa bakarrik.
Auzitegiek inguruabarren arabera balioetsiko dute kopia baten kopiek duten froga-indarra.
1222. artikulua
Agiria desagertu arren, hori edozein erregistro publikotan inskribaturik badago, inskripzio hori balioetsiko da, aurreko artikuluaren azken bi lerrokadetako erregelen arabera.
1223. artikulua
Eskritura akastuna bada notarioa eskugabea delako edo formaren inguruan beste hutsen bat dagoelako, eskritura horrek agiri pribatuaren izaera izango du egilesleek berori sinatu badute.
1224. artikulua
Egintza edo kontratu bati buruzko aitorpen-eskriturek ez dute ezer frogatzen egintza edo kontratu hori barneratzen duen agiriaren aurka, baldin eta gehiegikeriarengatik edo aipamen ezarengatik agiri horretatik aldentzen badira, salbu eta beren beregi agerrarazten denean agiriaren aldaberriketa.
Agiri pribatuak
1225. artikulua
Legez aitortutako agiri pribatuak eskritura publikoaren balio berbera izango du, agiri hori sinatzen dutenen eta horien kausadunen artean.
*1226. artikulua
Norbaiten aurka idatzizko betebeharren bat jartzen bada epaiketan, eta betebehar horretan pertsona horren sinadura agertzen bada, pertsona hori behartuta dago sinadura berarena den ala ez adieraztera.
Betebeharpekoaren jaraunsle edo kausadunek adierazi baino ez dute egingo betebeharraren sinadura euren kausatzaileari dagokion ala ez.
Norbait aurreko lerrokadek aipatutako adierazpena egiteari jarkitzen bazaio horretarako arrazoi zuzenik izan gabe, auzitegiek agiriaren kautotasunari buruzko aitorpentzat jo dezakete jarkitze hori.
1227. artikulua
Agiri pribatuaren data hirugarrenei begira zenbatuko da, agiria erregistro publiko batera erantsi edo bertan inskribatzen den egunetik; agiria sinatzen duten pertsonetatik edozein hiltzen denetik; edo, agiria funtzionario publikoari eman bazaio horrek duen ogibidearengatik, agiria funtzionario horri zein egunetan eman eta egun horretatik.
1228. artikulua
Idazkun, erregistro eta paper pribatuek froga egiten dute horiek idatzi dituen pertsonaren aurka, horietan argi eta garbi agerrarazten diren gai guztietan; baina horietatik probetxua atera nahi duenak halakoak onartu behar ditu berarentzat kaltegarri diren zatietan ere bai.
1229. artikulua
Hartzekodunak oharren bat idatzi edo sinatzen badu eskrituraren jarraian, bazterrean edo atzealdean, eta eskritura hori hartzekodun horren eskuetan badago, ohar horrek froga egiten du zordunarentzat mesedegarri diren gai guztietan.
Gauza bera ulertuko da, agiri edo jasoagiri baten bikoizkinaren atzealdean, bazterrean edo jarraian hartzekodunak idatzi edo sinatutako oharrari buruz, agiri edo jasoagiri hori zordunaren eskuetan dagoenean.
Bi kasuotan, zordunak probetxua atera nahi badu berarentzat onuragarri diren zatietatik, berarentzat kaltegarri direnak ere onartu beharko ditu.
1230. artikulua
Agiri pribatuak egiten badira eskritura publikoan itundutakoa aldatzeko, agiriok ez dute ondorerik sortzen hirugarrenaren aurka.
II. ATALA
Aitorpena
*1231. artikulua
Aitorpena epaiketan nahiz epaiketatik kanpo egin daiteke.
Kasu batean zein bestean, aitorpena baliozkoa izan dadin nahitaezko baldintza izango da aitorpen hori aitorlearen egitate pertsonalei buruzkoa izan eta aitorleak aitorpena egiteko legezko gaitasuna edukitzea.
1232. artikulua
Aitorpenak froga egiten du aitorlearen aurka.
Salbuespen gisa har daiteke aitorpenaren bitartez legeak betetzeari itzuri ahal izatea.
1233. artikulua
Aitorpena ezin da zatitu hori egiten duenaren aurka, salbu eta aitorpena egitate desberdinei buruzkoa denean, edo aitorpenaren zati bat beste bide batzuetatik frogatzen denean, edota aitorpenaren zatiren bat izaeraren edo legeen aurkakoa denean.
1234. artikulua
Aitorpenak bere eragingarritasuna galtzen du, aitorleak frogatzen badu aitorpena egitean egitezko okerren bat izan duela.
1235. artikulua
Epaiketa bidezko aitorpena epaile eskudunari egin behar zaio zinpean, eta aitorpen horretatik probetxuak ateratzen dituena auzi-paperetan aurkezturik egon behar da.
1236. artikulua
Alderdi bati eskatzen bazaio zin erabakitzailearen menpe epaiketa bidezko aitorpena egin dezan, alderdi horrek besteari egin diezaioke zinaren eskaera eta, azken horrek zina emateari ezezkoa ematen badio, Orduña alderdi hori aitortutzat joko da.
1237. artikulua
Ezin da zin erabakitzailerik eskatu zigortzeko moduko egitateen gainean, ezta alderdiek transakziopean jarri ezin dituzten arazoen gainean ere.
1238. artikulua
Zin erabakitzailearen menpe egindako aitorpenak, hori zuzenekoa izan zein igorria izan, froga egiten du haren menpe jartzen diren alderdien eta horien jaraunsle edo kausadunen mesederako nahiz kalterako.
Ez da frogarik onartuko zin horren faltsutzeari buruz.
1239. artikulua
Epaiketatik kanpoko aitorpena auzitegiek balioetsi beharreko egitatetzat hartzen da, eta balorazio hori egin behar da frogari buruz ezarritako erregelen arabera.
III. ATALA
Epaileak berak egindako ikuskapena
1240. artikulua
Epaileak berak egindako ikuskapen-froga eragingarria izango da, baldin eta, horren bitartez eta gauza ikuskatuaren kanpoko ezaugarrien ondorioz, auzitegiak argi eta garbi balioetsi ahal badu arakatu beharreko egitatea.
1241. artikulua
Epaileak egindako ikuskapena balioets daiteke beste epaile batek emandako epaian ere bai, baldin eta lehenengoak eginbidean argiroargiro jaso baditu gauza ikuskatuaren xehetasun eta inguruabarrak.
IV. ATALA
Aditu bidezko froga
1242. artikulua
Frogabide hori erabil daiteke, baldin eta, egitateak balioesteko beharrezkoa edo komenigarria bada jakite zientifiko, artistiko nahiz praktikoak izatea.
1243. artikulua
Prozedura Zibilaren Legeko xedapenek arautzen dituzte froga horren balioa eta berori gauzatzeko modua.
V. ATALA
Lekuko bidezko froga
1244. artikulua
Lekuko bidezko froga onartzeko modukoa izango da, hori beren beregi debekatuta ez dagoen kasuetan.
1245. artikulua
Lekuko izan daitezke sexu bateko eta besteko pertsona guztiak, baldin eta ezgaitasun naturalaren ondorioz edo legearen aginduz gaikuntzarik ez badute.
1246. artikulua
Ezgaitasun naturalaren ondorioz, ez dute gaikuntzarik:
1. Zoro edo eroek.
2. Itsuek eta gorrek, aztertu beharreko gauzak ikusmen eta entzumenaren menpe daudenean.
3. Hamalau urtekoak baino gazteagoak direnek.
1247. artikulua
Legearen aginduz, ez dute gaikuntzarik:
1. Auziaren gainean zuzeneko interesa dutenek.
2. Aurreko senideek, euren ondorengoek dituzten auzietan, eta azken horiek aurreko senideen auzietan.
3. Aitaginarrebak edo amaginarrebak, suin edo errainaren auzietan, eta alderantziz.
4. Senarrak, emaztearen auzietan, eta emazteak, senarraren auzietan.
5. Egoera edo lanbideari buruzko gaiak isilpean gorde behar dituztenek, halako gaietan.
6. Egintza zehatzetan lekuko izateko ezgaikuntza berezia dutenek.
2, 3 eta 4. zenbakietan xedatutakoa ezin zaie auziei aplikatu, baldin eta horietan semealaben jaiotza nahiz heriotza edo familiaren barnebarnetiko egitateren bat frogatu nahi bada, eta hori egiaztatzeko ezin bada beste biderik erabili.
1248. artikulua
Auzitegiek balioetsiko dute, Prozedura Zibilaren Legeak ezarritakoarekin bat etorriz, lekukoek egindako adierazpenen froga-indarra; auzitegiek ahal den neurrian saihestuko dute, lekukotza batzuen arteko bategite hutsaren ondorioz, behin betiko erabakiak har daitezen, eskritura, agiri pribatu edo idatzizko froga-abiabururen bat izan ohi duten negozioei buruz, harako lekukotzen egiatasuna agerikoa denean izan ezik.
VI. ATALA
Presuntzioak
1249. artikulua
Presuntzioak onartzeko modukoak dira, horiek erakartzen dituen egitatea guztiz egiaztaturik dagoenean bakarrik.
1250. artikulua
Legez ezarritako presuntzioek froga oro barkatzen diete presuntzio horietatik onurak ateratzen dituzten pertsonei.
1251. artikulua
Legez ezarritako presuntzioak ezerezean gera daitezke horien aurkako frogaren ondorioz, salbu eta legeak berak hori beren beregi debekatzen duenean.
Gauza epaitua egia delako presuntzioaren aurka, eragingarria izango da berrikuspen-epaiketan irabazitako epaia bakarrik.
1252. artikulua
Gauza epaituari buruzko presuntzioak beste epaiketa batean ondoreak sor ditzan, nahitaezkoa da gauza, arrazoi, auzilarien pertsona eta auzilari-izaera hori berbertsuak izatea, epai bidez ebatzitako kasuan eta epai hori inbokatzen den kasuan.
Pertsonen egoera zibilari buruzko arazoetan, eta testamentuko xedapenen baliozkotasun edo deuseztasunari buruzko arazoetan, gauza epaituari buruzko presuntzioa eragingarria da hirugarrenen aurka, nahiz eta horiek auzitan sartu ez.
Pertsonak berberak direla ulertzen da, baldin eta bigarren auziko auzilariak aurreko auzian sartu zirenen kausadunak badira, horiekin solidaritate-loturak badituzte edo, prestazioen zatiezintasunaren ondorioz, prestazio horiek eskatzeko eskubidea dutenak edo horiek asetzeko betebeharra dutenak lotuta badaude.
1253. artikulua
Legeak ezartzen ez dituen presuntzioak frogabide gisa balioets daitezen, nahitaezkoa da, egitate frogatuaren eta egiaztatu beharreko egitatearen artean, lokarri zehatz eta zuzenekoa izatea, gizalegeen arabera.
II. TITULUA
KONTRATUAK
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1254. artikulua
Kontratua bada izan, pertsona bat edo gehiago ados daudenean, beste pertsona bati edo batzuei begira, euren burua gauzaren bat ematera edo zerbitzuren bat egitera behartzeko.
1255. artikulua
Kontratugileek ezar ditzakete euren ustez komenigarri diren itun, klausula eta baldintzak, baldin eta horiek ez badira legeen, moralaren eta ordena publikoaren aurkakoak.
1256. artikulua
Kontratuen baliozkotasuna eta betetzea ezin dira kontratugile baten nahierara utzi.
1257. artikulua
Kontratuek ondoreak sortzen dituzte, eurok egiten dituzten alderdien artean eta euren jaraunsleen artean, salbu eta, azken horiei dagokienez, kontratutik ateratzen diren eskubide eta betebeharrak eskualdaezinak direnean berez, itun bidez edo lege-aginduz.
Kontratuak hirugarrenaren mesederako hizpaketaren bat badu, hirugarrenak horren betetzea eska dezake, baldin eta, hizpaketa ezeztatua izan aurretik, betebeharpekoari adierazten badio hori onartzen duela.
1258. artikulua
Kontratuak burutzen dira adostasun hutsaren bitartez eta, harrezkero, bete beharrekoak dira, bai beren beregi itundutakoa betetzeari begira, baita, kontratuaren izaeraren arabera, onuste, usadio eta legearekin bat datozen ondorio guztiei begira ere.
1259. artikulua
Ezin du inork besteren izenean kontratatu, azken horrek ez badio horretarako baimenik ematen edo legez ez badagokio horren legezko ordezkaritza.
Norbaitek besteren izenean kontratua egiten badu azken horren baimenik edo legezko ordezkaritzarik izan gabe, kontratua deuseza izango da, salbu eta kontratu hori noren izenean egin eta pertsona horrek kontratua berresten duenean beste alderdi kontratugileak kontratua ezeztatu baino lehen.
1260. artikulua
Kontratuetan ez da zinik onartuko. Hori eginez gero, zina jarri gabekotzat hartuko da.
II. KAPITULUA
Kontratuen baliozkotasunerako oinarrizko betekizunak
Xedapen orokorra
1261. artikulua
Ez dago kontraturik, hurrengo betekizunak gauzatzen direnean baino:
1. Kontratugileen adostasuna.
2. Objektu zehatza, kontratuaren gai dena.
3. Kontratuak ezarritako betebeharraren karia.
I. ATALA
Adostasuna
1262. artikulua
Adostasuna azaltzen da eskaintza eta onarpena bat datozenean, kontratua eratu behar duten gauzaren eta kariaren inguruan.
Eskaintza egin duena eta hori onartu duena toki desberdinetan badaude, adostasuna dago eskaintzaileak onarpenaren berri duenetik, edo, onartzaileak eskaintzaileari onarpena igorrita, horrek ezin duenean ezikusiarena egin onusteari kalterik egin gabe. Kasu horretan, eskaintza non gauzatu eta kontratua bertan egin dela uste da.
Kontratuak eragingailu automatikoen bitartez egin badira, adostasuna dago onarpena adierazten denetik.
1263. artikulua
Ezin dute adostasunik eman:
1. Adingabeko emantzipatugabeek.
2. Ezgaituek.
1264. artikulua
Aurreko artikuluan adierazitako ezgaitasuna legeak zehazturiko aldarazpenen menpe dago, eta hori ulertzen da legeak berak ezarritako ezgaitasun bereziei kalterik egin gabe.
1265. artikulua
Deuseza izango da oker, indarkeria, larderia edo doloaren ondorioz emandako adostasuna.
1266. artikulua
Okerrak adostasuna baliogabe dezan, oker hori kontratuaren objektu den gauzaren muinari buruzkoa izan behar da, edo gauza horren baldintzei buruzkoa, baldintzok kontratua egiteko arrazoi nagusiak izan badira.
Pertsonari buruzko okerrak kontratua baliogabetuko du, pertsona hori kontuan hartzea izan bada kontratua egiteko arrazoi nagusia.
Kontuaren gaineko oker soilak oker horren zuzenketa besterik ez dakar.
1267. artikulua
Indarkeria bada izan, indar jazarrezina erabiltzen denean adostasuna lortzeko.
Larderia bada izan, kontratugileetako bati beldur zentzuzko eta oinarriduna eragiten zaionean, kontratugile horrek berak edo haren ondasunek nahiz beraren ezkontideak, ondorengoek edo aurrekoek eurek nahiz haien ondasunek hurhurreko kalte larria jasango dutelako.
Larderia kalifikatzeko, pertsonaren adina eta izaera izan behar dira kontuan.
Pertsona zehatz batzuei mendetasuna eta errespetua zor izateagatik, horiek nahigabetzeko beldurrak ez du kontratua deuseztatuko.
1268. artikulua
Indarkeriak edo larderiak betebeharra deuseztatuko du, nahiz eta indarkeria edo larderia hori kontratuan esku hartzen ez duen hirugarrenak erabili.
1269. artikulua
Doloa bada izan, kontratugile batek, hitz edo azpijokoen bidez, bestea bultzatzen duenean kontratua egitera, eta hitz edo azpijokorik izan ez balitz, kontratugileak ez bazukeen kontratu hori egingo.
1270. artikulua
Doloak kontratuen deuseztasuna ekar dezan, dolo hori astuna izan behar da, eta kontratugileetatik batek ere ez du hori erabili behar.
Gertatze bidezko doloa erabiltzen duena behartuta dago kaltegaleren ordaina ematera bakarrik.
II. ATALA
Kontratuen objektua
1271. artikulua
Kontratuaren objektu izan daitezke gizakien merkataritzatik kanpo ez dauden gauza guztiak, baita etorkizunekoak ere.
Dena den, etorkizuneko jarauntsiaren gainean, bizien artean ondasunak zatitzeko helburua duten kontratuak eta bestelako banaketa-eragiketak bakarrik egin daitezke, 1056. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Era berean, kontratuaren objektu izan daitezke legeen edo ohitura onen aurkakoak ez diren zerbitzu guztiak.
1272. artikulua
Ezin dira kontratuaren objektu izan gauza edo zerbitzu ezinezkoak.
1273. artikulua
Kontratu ororen objektua gauza zehatza izan behar da horren espezieari dagokionez. Kopuruaren zehaztugabetasuna ez da oztopo izango kontratua izan dadin, baldin eta kopuru hori zehaztu ahal bada kontratugileen artean beste hitzarmen bat egin gabe.
III. ATALA
Kontratuen karia
1274. artikulua
Kostu bidezko kontratuetan, alderdi kontratugile bakoitzarentzat kontratuaren karia izango da beste kontratugileak gauza edo zerbitzu bat eman edo hitzematea; ordaintzeko kontratuetan, ordaindu beharreko zerbitzua edo onura; eta, ongintza hutsekoetan, ongilearen eskuzabaltasuna.
1275. artikulua
Karirik gabeko kontratuek edo kari ezzilegidunek ez dute inolako ondorerik sortzen. Karia ezzilegia da legearen edo moralaren aurkakoa denean.
1276. artikulua
Kontratuetan kari faltsua adierazteak deuseztasuna dakar, salbu eta frogatzen denean kontratu horien oinarria beste kari egiazko eta zilegi bat zela.
1277. artikulua
Kontratuan karia adierazi ez arren, uste da karia badela izan eta hori zilegia dela, zordunak horren aurkakoa frogatzen ez duen bitartean.
III. KAPITULUA
Kontratuen eragingarritasuna
1278. artikulua
Kontratuak bete beharrekoak izango dira, horiek egiteko forma edozein izanik ere, baldin eta euren baliozkotasunerako baldintza oinarrizkoak betetzen badira.
1279. artikulua
Legearen aginduz beharrezkoa bada eskritura edo beste forma berezi bat betetzea kontratuaren berezko betebeharrak eragingarriak izan daitezen, orduan, kontratugileek elkar behartu dezakete forma hori betetzera, adostasuna eta kontratuaren baliozkotasunerako beharrezkoak diren gainerako betekizunak gauzatzen direnetik.
1280. artikulua
Agiri publikoan agerrarazi beharko dira:
1. Ondasun higiezinen gainean eskubide errealak sortu, eskualdatu, aldarazi edo azkentzeko helburua duten egintza eta kontratuak.
2. Ondasun horien berorien gaineko errentamenduak, horiek sei urtekoak edo hortik gorakoak badira eta hirugarrenari kalte egin behar badiote.
3. Ezkontzako itunak eta horien aldarazpenak.
4. Jarauntsi-eskubideak edo ezkontzazko sozietatearen eskubideak laga, arbuiatu eta horiei uko egitea.
5. Ezkontza egiteko ahalordea, auzietarako ahalorde orokorra eta epaiketan aurkeztu beharreko ahalorde orokorrak; ondasunak administratzeko ahalordea; eta beste edozein ahalorde, horren gaia baldin bada eskritura publikoan idatzirik dagoen edo idatzi behar den egintza, edo hirugarrenari kalte egin behar dion egintza.
6. Akzioak edo eskubideak lagatzea, horiek sortzen badira eskritura publikoan barneratutako egintza batetik.
Halaber, gainerako kontratuak idatziz agerrarazi beharko dira, nahiz eta idazkia pribatua izan, baldin eta 1.500 pezetatik gorakoa bada kontratugile bati edo biei dagozkien prestazioen kopurua.
IV. KAPITULUA
Kontratuak interpretatzea
1281. artikulua
Kontratuaren hitzak argiak badira eta ez badute zalantzarik sortzen kontratugileen asmoari buruz, kontuan hartuko da kontratuko klausulen hitzezhitzezkotasuna.
Hitzak itxuraz kontratugileen ageriko asmoaren aurkakoak badira, asmo horrek lehenespena izango du hitzen gainetik.
1282. artikulua
Kontratugilearen asmoa aztertzeko, kontuan izan behar dira, batik bat, kontratua egiteko unean eta horren ondotik kontratugileok gauzaturiko egintzak.
1283. artikulua
Kontratuan erabilitako hitzen orokortasuna edozein izanda ere, ez da ulertu behar kontratu horretan barneratzen direnik interesdunek kontratatu nahi izan dituzten gauza eta kasu osterantzekoak.
1284. artikulua
Kontratuetako klausularen batek esangura desberdinak izan ahal baditu, klausula hori modurik egokienean ulertu beharko da, ondoreak izan ditzan.
1285. artikulua
Kontratuetako klausulak elkarrekin interpretatu behar dira, zalantzazko klausulei klausula guztien multzotik ateratzen den esangura emanez.
1286. artikulua
Hitzek esanahi desberdinak izan ahal badituzte, hitzok ulertuko dira kontratuaren izaera eta objektuari gehien egokitzen zaion esanahiarekin.
1287. artikulua
Herriko usadio edo ohitura kontuan izango da kontratuen anbiguotasunak interpretatzeko; kontratuotan ez badira aipatzen kontratu orotan ezarri ohi diren klausulak, ohitura edo usadioarekin beteko dira hutsuneok.
1288. artikulua
Kontratuan klausula ilunak izanez gero, horien interpretazioa ezin da onuragarria izan iluntasuna eragin duen alderdiarentzat.
1289. artikulua
Aurreko artikuluetan ezarritako erregelen bidez erabat ezinezkoa bada zalantzak konpontzea, zalantzok kontratuaren aldian aldiko inguruabarrei buruzkoak badira, eta kontratua dohainekoa bada, orduan, zalantzok konponduko dira ahalik eta eskubide eta interes gutxien eskualdatuz. Kontratua kostu bidezkoa bada, zalantza argituko da interesen artean ahalik eta elkarrekikotasun handiena lortuz.
Artikulu honen bidez konpondu nahi diren zalantzak kontratuaren objektu nagusiari buruzkoak badira, eta, horren ondorioz, ezin bada jakin zein izan den kontratugileen asmo edo borondatea, kontratua deuseza izango da.
V. KAPITULUA
Kontratuak hutsaltzea
1290. artikulua
Baliozkotasunez egindako kontratuak hutsal daitezke legeak ezarritako kasuetan.
1291. artikulua
Hutsaltzeko modukoak dira:
1. Tutoreek epailearen baimenik gabe egin ahal dituzten kontratuak, baldin eta tutoreek kontratuok egiten badituzte eurek ordezkatzen dituzten pertsonen gauzen gainean, eta pertsona horiek jasandako kaltea bada gauzon balioaren laurdenetik gorakoa.
2. Absentearen ordezkariek egindako kontratuak, baldin eta absenteak aurreko zenbakian azaldutako kaltea jasaten badu.
3. Hartzekodunei iruzur eginez burututako kontratuak, hartzekodunek ez badute beste modurik eurei zor zaiena kobratzeko.
4. Gauza auzigaien gaineko kontratuak, demandatuak halakoak egiten baditu alderdi auzilariek edo agintaritza judizial eskudunak hori jakin eta onetsi gabe.
5. Legeak beren beregi agindutako beste guztiak.
1292. artikulua
Era berean, hutsaltzeko modukoak dira kaudimengabezia-egoeran zenbait betebeharren kontura egindako ordainketak, baldin eta ordainketok egiteko garaian ezin bada zorduna behartu betebehar horiek betetzera.
1293. artikulua
Kaltearen ondorioz ez da inolako kontraturik hutsalduko, 1291. artikuluaren 1 eta 2. zenbakietan aipaturiko kasuetatik kanpo.
1294. artikulua
Hutsaltze-akzioa subsidiarioa da; hori egikari daiteke, kaltedunak ez duenean legezko beste baliabiderik kaltearen ordaina lortzeko.
1295. artikulua
Hutsalketaren ondorioz, kontratuaren objektu diren gauzak euren fruituekin batera itzuli behar dira, eta prezioa horren korrituekin batera; ondorenez, hutsalketa gauza daiteke, hori nahi izan duenak bere betebeharrari dagokiona itzuli ahal duenean bakarrik.
Era berean, ez da hutsalketarik gertatuko, kontratuaren objektu diren gauzak lege bidez badaude gaitzustez jardun ez duten hirugarrenen eskuetan.
Kasu horretan, kaltea eragin duenari kalteen ordaina erreklamatu ahal izango zaio.
1296. artikulua
1291. artikuluaren 2. zenbakian arauturiko hutsalketa ez da gertatuko, epailearen baimenarekin egindako kontratuei dagokienez.
1297. artikulua
Kontratuen bidez, zordunak ondasunak besterentzen baditu dohainik, uste da kontratuok hartzekodunei iruzur eginez burutu direla.
Era berean, kostu bidezko besterentzeak iruzurrezkoak direla uste da, horiek egin aurretik besterentzailea epai bidez kondenatua izan bada edozein auzialditan, edo horren ondasunak enbargatzeko manamendua eman bada.
1298. artikulua
Norbaitek gaitzustez eskuratzen baditu hartzekodunei iruzur eginez besterendutako gauzak, orduan, hartzekodunei eman behar die besterentzeak eurei eragin dizkien kaltegaleren ordaina, betiere edozein arrazoiren ondorioz gauzok itzultzea ezinezko gertatzen denean.
1299. artikulua
Hutsalketa eskatzeko akzioak lau urte dirau.
Tutoretzapekoentzat eta absenteentzat, lau urteok ez dira hasiko, lehenengoen ezgaitasuna amaitu arte edo bigarrenen egoitza ezaguna izan arte.
VI. KAPITULUA
Kontratuen deuseztasuna
1300. artikulua
1261. artikuluan adierazitako betekizunak dituzten kontratuak deusezta daitezke, nahiz eta kontratugileentzat kalterik izan ez, baldin eta kontratuotan akatsen bat izan, eta akats horrek kontratuak baliogabetzen baditu legearen arabera.
1301. artikulua
Deuseztasun-akzioak lau urte bakarrik iraungo du.
Epe horren zenbaketa hasiko da:
Larderia- edo indarkeria-kasuetan, horiek amaitzen diren egunetik.
Oker- zein dolo-kasuetan, edo karia faltsua denean, kontratua gauzatzen denetik.
Akzioa adingabeek edo ezgaituek egindako kontratuei buruzkoa bada, horiek tutoretzapetik irteten direnetik.
Akzioaren helburua bada ezkontide batek, bestearen adostasuna behar eta hori izan gabe, burutzen dituen egintza edo kontratuak baliogabetzea, orduan, ezkontzako sozietatea edo ezkontza bera desegiten denetik, salbu eta aurretiaz behar besteko berriak izan direnean egintza edo kontratu horren inguruan.
1302. artikulua
Kontratuak deuseztatzeko akzioa egikari dezakete kontratu horien ondorioz betebeharpeko nagusi edo subsidiario direnek. Hala ere, pertsona gaiek ezin dute alegatu eurekin kontratatu zutenen ezgaitasuna, eta larderia edo indarkeria eragin, doloa erabili edota okerra sorrarazi zutenek ezin dute euren akzioa oinarritu kontratuaren akats horietan.
1303. artikulua
Behin betebeharraren deuseztasuna adierazi eta gero, kontratugileek elkarri itzuli behar dizkiote kontratuaren objektu diren gauzak, euren fruituekin batera, eta prezioa, horren korrituekin batera, hurrengo artikuluek xedatzen dutenari kalterik egin gabe.
1304. artikulua
Deuseztasuna gertatzen bada kontratugile baten ezgaitasunaren ondorioz, kontratugile horrek ez du besterik itzuli behar berak jasotako gauza edo prezioarekin aberastu dena baino.
1305. artikulua
Deuseztasuna gertatzen bada kontratuaren karia edo objektua ezzilegia izatearen ondorioz, eta egitate hori bi kontratugileei dagokien delitua edo falta bada, kontratugileok ez dute elkarrekiko akziorik izango, eta euren aurka jo ahal izango da; gainera, kontratuaren objektu izan diren gauzei edo prezioari eman behar zaie Zigor Kodeak delitu edo faltaren efektu eta tresnen inguruan agindutako erabilera.
Xedapen hori aplika daiteke delitu edo falta kontratugile bati bakarrik dagokionean ere bai; baina erruztatuak erreklama dezake berak emandakoa, eta ez du bete beharrik berak hitzemandakoa.
1306. artikulua
Egitatea moralaren aurkako karia izan eta egitate hori ez bada delitu ez falta, hurrengo erregelak beteko dira:
1. Errua kontratugile biei dagokienean, horietatik inork ere ezin du berreskaera-eskubiderik izan berak kontratuaren ondorioz eman duenagatik, eta ezin du erreklamatu besteak eskaini duenaren betetzea.
2. Errua kontratugile bati bakarrik dagokionean, kontratugile horrek ezin du berrreskaera-eskubiderik izan, berak kontratuaren ondorioz eman duenagatik, eta ezin du eskatu besteak eskaini duenaren betetzea. Besteak, moralaren aurkako kariari begira kanpokoa den heinean, erreklama dezake berak eman duena, baina ez du bete beharrik berak eskaini duena.
1307. artikulua
Deuseztasun-adierazpena delaeta gauza itzultzeko betebeharra duenak ezin badu hori egin gauza galdu delako, jasotako fruituak eta galera-unean gauzak zuen balioa itzuli behar ditu, data horrez geroztik sorturiko korrituekin batera.
1308. artikulua
Kontratugile batek ez badu itzultzen deuseztasun-adierazpena delaeta itzuli behar duena, bestea ezin da behartua izan berari dagokiona betetzera.
1309. artikulua
Deuseztasun-akzioa azkenduta geratzen da, kontratua baliozkotasunez baieztatu den unetik.
1310. artikulua
Kontratuak baiezta daitezke, 1261. artikuluan aipaturiko betekizunak dituztenean bakarrik.
1311. artikulua
Baieztapena esanbidez nahiz isilbidez egin daiteke. Isilbidezko baieztapena badela ulertuko da, baldin eta, deuseztasun-arrazoia jakin eta hori amaitu ondoren, arrazoi hori inbokatzeko eskubidea duenak egintzaren bat burutu eta egintza horrek nahitaez erakusten badu eskubideari uko egiteko borondatea.
1312. artikulua
Baieztapenean ez du parterik hartu behar deuseztasun-akzioa egikaritzeko aukerarik ez duen kontratugileak.
1313. artikulua
Kontratua egin eta, une horretatik, akatsak baditu, baieztapenak akatsok ongitzen ditu.
1314. artikulua
Era berean, kontratuak deuseztatzeko akzioa azkendu egingo da, baldin eta kontratu horien objektu den gauza galtzen bada, harako akzioa egikari dezakeen pertsonaren doloz edo erruz.
Akzioaren arrazoia bada kontratugileetatik baten ezgaitasuna, gauza galtzea ez da oztopo izango akzioak aurre egin dezan, salbu eta galera gertatzen denean erreklamatzailearen doloz edo erruz, horrek gaitasuna eskuratu eta gero.
III. TITULUA
EZKONTZAREN ONDASUN-ERAENTZA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1315. artikulua
Ezkontzaren ondasun-eraentza izango da ezkontideek ezkontzako itunetan hizpatzen dutena, eta kode honetan ezarritako mugapenak baino ez ditu izango.
1316. artikulua
Ezkontzako itunik izan ezean, edo horiek eragingabeak badira, eraentza irabazpidezko sozietatearena izango da.
1317. artikulua
Ezkontzaren ondasun-eraentza ezkontza bitartean aldarazteak ez die inoiz ere kalterik egingo hirugarrenek jadanik eskuratuta dituzten eskubideei.
1318. artikulua
Ezkontideen ondasunekin aurre egin behar zaie ezkontzaren zamei.
Ezkontide batek ez badu betetzen zama horiei aurre egiteko duen eginbeharra, epaileak, beste ezkontideak hala eskatuta, bere ustez komenigarri diren kautelazko neurriak hartuko ditu, eginbehar horren betetzea eta beharrezko aurrerakinak ziurtatzeko, edo etorkizuneko beharrizanak zuzkitzeko.
Ezkontide batek, behar besteko ondasun berezkorik izan ez arren, nahitaezko gastuak baditu beste ezkontidearen aurka auzitan sartzeagatik, gaitzusterik edo ausarkeriarik izan gabe, edo hirugarrenaren aurka auzitan sartzeagatik, familiaren probetxurako, orduan, gastuok ondare erkidearen kontura geratuko dira. eta, horrelakorik izan ezean, beste ezkontidearen ondasun berezkoen kontura, baldin eta horren egoera ekonomikoak lehenengoari oztopatzen badio, Prozedura Zibilaren Legearen aginduz, horrek dohaineko justiziaren onura lortzea.
1319. artikulua
Ezkontideetatik edozeinek egintzak gauza ditzake familiaren beharrizan arruntak asetzeko, tokiko usadioarekin eta familiaren inguruabarrekin bat etorriz, beharrizanok ezkontide horren jagoletzapean jartzen badira.
Ahal hori egikaritzean zorrak hartuz gero, zor horien gaineko erantzukizuna dute, modu solidarioan, ondasun erkideek eta zorra hartzen duen ezkontidearen ondasunek; eta, modu subsidiarioan, beste ezkontidearen ondasunek.
Norbaitek bere dirutza ekartzen badu halako beharrizanak asetzeko, eskubidea izango du dirutza horren itzulketa lortzeko, bere ezkontzaren eraentzarekin bat etorriz.
1320. artikulua
Ohiko etxebizitzaren gaineko eskubideak eta familiak egunero erabiltzen dituen altzarien gaineko eskubideak xedatzeko, nahiz eta eskubide horiek ezkontide batenak bakarrik izan, bi ezkontideen adostasuna izan behar da edo, hala denean, epailearen baimena.
Xedatzaileak okerreko adierazpena edo adierazpen faltsua egiten badu etxebizitzaren izaerari buruz, adierazpen horrek ez dio kalterik egingo eskuratzaile onustedunari.
1321. artikulua
Ezkontide bat hildakoan, alargunari emango zaizkio senaremazteen ohiko etxebizitza erkidearen ostilamendua osatzen duten jantziak, altzariak eta tresnak; baina horiek guztiak ez dira zenbatuko alargunari dagokion hartzekoan.
Ez da ulertuko ostilamenduaren barruan sartzen direnik bitxiak, objektu artistikoak, historikoak eta aparteko balioa duten beste guztiak.
1322. artikulua
Legearen aginduz, administratze- edo xedatze-egintzaren bat burutzeko, ezkontide batek bestearen adostasunarekin jardun behar badu, deusezta daitezke adostasun hori izan gabe burutu eta esanbidez edo isilbidez baieztatzen ez diren egintzak, adostasunik eman ez duen ezkontideak edo beraren jaraunsleek hala eskaturik.
Hala ere, deusezak izango dira ondasun erkideen gain dohainik burututako egintzak, kasu horietan beste ezkontidearen adostasunik ez badago.
1323. artikulua
Senaremazteek, edozein tituluren bidez, ondasun eta eskubideak eskualda diezazkiokete elkarri, eta euren artean edozein motatako kontratuak egin ditzakete.
1324. artikulua
Ezkontideen artean ondasun zehatz batzuk batenak bakarrik direla frogatzeko, nahiko izango da bestearen aitorpena; baina aitorpen horrek berez ez die kalterik egingo aitorlearen nahitaezko jaraunsleei, ezta hartzekodunei ere, horiek erkidegoarenak izan zein ezkontide bakoitzarenak.
II. KAPITULUA
Ezkontzako itunak
1325. artikulua
Ezkontzako itunetan, egilesleek hizpatu, aldarazi edo ordeztu ahal dute euren ezkontzaren ondasun-eraentza eta haren ondoriozko beste edozein xedapen ere bai.
1326. artikulua
Ezkontzako itunak egilets daitezke ezkontza egin aurretik zein ondoren.
1327. artikulua
Ezkontzako itunak baliozkoak izan daitezen, eskritura publikoan agerrarazi beharko dira.
1328. artikulua
Deuseza izango da legeen nahiz ohitura onen aurkako edozein hizpaketa, edo ezkontide bakoitzari dagozkion eskubideen berdintasuna mugatzen duena.
1329. artikulua
Legearen arabera ezkon daitekeen adingabeko emantzipatugabeak itunak egilets ditzake; baina bere gurasoen edo tutorearen laguntza eta adostasuna izan behar ditu, salbu eta banantze- edo partaidetza-eraentza itundu besterik egiten ez duenean.
1330. artikulua
Epaiketa bidez ezgaituta dagoenak ezkontzako itunak egilets ditzake, bere guraso, tutore edo kuradorearen laguntza duenean bakarrik.
1331. artikulua
Ezkontzako itunen aldarazpena baliozkoa izan dadin, hori egin behar da itunotan egilesle gisa esku hartu zuten pertsonen laguntza eta eskuhartzearekin, baldin eta pertsona horiek bizirik badaude eta aldarazpenak eragina badu eurek emandako eskubideetan.
1332. artikulua
Aurreko itunak aldarazten dituzten hitzarmenak izanez gero, hori ohar baten bidez adieraziko da aurreko hizpaketa jasotzen duen eskrituran; eta notarioak hori berori agerraraziko du berak luzatzen dituen kopietan.
1333. artikulua
Erregistro Zibilean ezkontzari buruz egindako inskripzio guztietan aipatu behar dira, hala denean, kasuankasuan egiletsitako ezkontza-itunak, bai eta ezkontzaren ondasun-eraentza aldarazten duten hizpaketak, epailearen ebazpenak eta gainerako egitateak ere. Batzuek eta besteek ondasun higiezinen gain eragina badute, Jabetza Erregistroan agerrarazi behar dira, Hipoteka Legeak ezarritako moduan eta horren ondoreetarako.
1334. artikulua
Biharetzi ezkontza izango delakoan itunetara biltzen den hizpaketa oro ondorerik gabe geratuko da, ez bada ezkontzarik egiten urtebeteko epean.
1335. artikulua
Kontratuen erregela orokorrek arautuko dute ezkontzako itunen baliogabetasuna. Deuseztapenaren ondorioek ez diete kalterik egingo hirugarren onustedunei.
III. KAPITULUA
Ezkontzaren ondoriozko dohaintzak
1336. artikulua
Ezkontzaren ondoriozko dohaintzak dira edozein pertsonak, ezkontzaren aurretik eta horri begira, senarrarentzat, emaztearentzat edo bientzat egiten dituenak.
1337. artikulua
Erregela orokorrek arautzen dituzte dohaintza horiek, hurrengo artikuluek erregelok aldarazten ez dituzten neurrian.
1338. artikulua
Legearen arabera ezkon daitekeen adingabeko emantzipatugabeak ere, ezkontzako itunetan nahiz horietatik kanpo, bere ezkontzaren ondoriozko dohaintzak egin ditzake bere gurasoen edo tutorearen baimenarekin. Dohaintzok onartzeko, kode honen III. liburuko II. tituluan xedatutakoa beteko da.
1339. artikulua
Senaremazteei batera dohaintzan emandako ondasunak bibiei dagozkie, indibiso arruntean eta hainbana, salbu eta dohaintzaemaileak bestelakoa xedatu duenean.
1340. artikulua
Norbaitek ezkontzaren ondorioz zerbait eman edo hitzematen badu, ebikzioaren edo ezkutuko akatsen ondoriozko saneamendu-betebeharra izango du, gaitzustez jarduten duenean bakarrik.
1341. artikulua
Ezkontzaren ondorioz, biharetzi senaremazte izango direnek dohaintzan eman diezazkiokete elkarri oraingo ondasunak.
Era berean, ezkontzaren aurretik eta ezkontzako itunetan, etorkizuneko ondasunak eman daitezke dohaintzan, baina heriotza-kasurako bakarrik, eta testamentuzko oinordetzari buruzko xedapenek zehazten duten neurrian.
1342. artikulua
Ezkontzaren ondoriozko dohaintzak ondorerik gabe geratuko dira, ezkontzarik ez bada egiten urtebeteko epean.
1343. artikulua
Dohaintza horiek arrazoi orokorrengatik ezezta daitezke, salbu eta eurok egin eta gero semealabak jaiotzen direnean, edo haiek egitean ustez hilda zeudenak bizirik daudenean.
Hirugarrenek egindako dohaintzetan, zamen ezbetetzetzat har daitezke, dohaintzari ezar dakizkiokeen zama zehatzen ezbetetzeaz gain, edozein arrazoiren ondorioz ezkontza deuseztatzea, eta banantzea eta dibortzioa ere bai, baldin eta banantze edo dibortzio hori eragin zuten egitateak, epaiaren arabera, ezkontide dohaintzahartzaileari egotzi ahal bazaizkio.
Ezkonberriek egindako dohaintzetan, zamen ezbetetzetzat har daitezke, zama zehatzen ezbetetzeaz gain, ezkontza deuseztatzea ere bai, baldin eta dohaintzahartzaileak gaitzustez jarduten badu. Eskergabekeriatzat jo daitezke, legezko kasuez gain, dohaintzahartzaileak 855. artikuluko jaraunsgabetze-arrazoia betetzea edo, epaiaren arabera banantzearen edo dibortzioaren arrazoia dohaintzahartzaileari egoztea.
IV. KAPITULUA
Irabazpidezko sozietatea
I. ATALA
Xedapen orokorrak
1344. artikulua
Irabazpidezko sozietatearen bidez, erkide egiten dira, senarrarentzat eta emaztearentzat, batak nahiz besteak lorturiko irabazi edo etekinak; ezkontza desegitean, horiek erdi bana eratxikiko zaizkie bibioi.
1345. artikulua
Irabazpidezko sozietatea hasiko da ezkontza egiteko unean, edo geroago, ezkontzako itunetan eraentza hori hizpatzen denean.
II. ATALA
Ondasun pribatiboak eta ondasun erkideak
1346. artikulua
Ezkontide bakoitzaren ondasun pribatiboak dira:
1. Sozietatea hastean ezkontide bakoitzari dagozkion ondasun eta eskubideak.
2. Geroago ezkontide bakoitzak dohain bidez eskuratzen dituenak.
3. Ondasun pribatiboen kontura edo horien ordez eskuratutakoak.
4. Ezkontide bati bakarrik dagokion atzeraeskuratzeko eskubidearen bidez eskuratutakoak.
5. Pertsonari datxezkion ondasunak eta ondare-eskubideak, eta inter vivos eskualdatu ezin direnak.
6. Ezkontide bati berari edo haren ondasun pribatiboei eragindako kalteen ordaina.
7. Norberak erabiltzeko arropa eta objektuak, horiek aparteko baliorik ez badute.
8. Lanbide edo ogibidean aritzeko beharrezkoak diren tresnak, salbu eta establezimendu edo ustiategi erkidearen zati osagarri nahiz gehigarriak direnean.
4 eta 8. paragrafoetan aipaturiko ondasunek ez dute izaera pribatiboa galduko horiek funts erkideekin eskuratu arren; baina, kasu horretan, sozietatea ezkontide jabearen hartzekoduna izango da ordaindutako balioaren neurrian.
1347. artikulua
Irabazpidezko ondasunak dira:
1. Ezkontideetatik edozeinen lan edo industriaren bidez lorturikoak.
2. Ondasun pribatiboek eta irabazpidezkoek sortzen dituzten fruitu, errenta edo korrituak.
3. Ondare erkidearen kontura kostu bidez eskuratutakoak, eskuraketa hori erkidegoarentzat egin nahiz senarrarentzat edo emaztearentzat bakarrik egin.
4. Atzeraeskuratzeko eskubide irabazpidezkoaren bidez eskuraturikoak, nahiz eta horiek diru-funts pribatiboekin ordaindu; kasu horretan, sozietatea ezkontidearen zorduna izango da ordaindutako balioaren neurrian.
5. Ezkontideetatik edozeinek, sozietatea indarrean dagoen artean, ondasun erkideen kontura sortutako enpresa eta establezimenduak. Enpresa edo establezimendu horien eraketan kapital pribatiboa eta kapital erkidea pilatzen badira, 1354. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
1348. artikulua
Urte kopuru zehatzean kobratuko den kopuru edo kreditua ezkontide batena bakarrik bada ondasun pribatibo gisa, ez dira irabazpidezkoak izango ezkontza bitartean mugaeguneraturiko epeetan kobratzen diren kopuruak; kreditua norena izan eta senar edo emazte horren kapitaltzat hartuko dira kopuruok.
1349. artikulua
Ezkontide bati bakarrik badagokio gozamen-eskubidea edo pentsio-eskubidea, eskubide hori ezkontide horren ondasun pribatiboa izango da; baina irabazpidezkoak izango dira ezkontza bitartean sorturiko fruitu, pentsio edo korrituak.
1350. artikulua
Ezkontide bakoitzak sozietatera abelburuak ekartzen baditu ondasun pribatibo gisa, irabazpidezkotzat hartuko dira sozietatea desegitean kopuru horretatik gora geratzen diren abelburuak.
1351. artikulua
Irabazpidezko sozietatearenak izango dira senarrak edo emazteak jokoan lortzen dituen irabaziak, bai eta beste edozein arrazoiren bidez lortzen dituenak ere, horiek itzuli beharrik ez badago.
1352. artikulua
Aurretiaz akzio pribatiboen edo bestelako sozietatetitulu nahiz sozietatepartaidetzen gaineko titulartasuna izateagatik, beste batzuk harpidetzen badira, azken horiek ere pribatiboak izango dira. Izaera hori edukiko dute, orobat, harpidetza-eskubidea besterentzeagatik lortutako kopuruek.
Harpidetza ordaintzeko funts erkideak erabiltzen badira, edo akzioak jaulkitzen badira etekinen kontura, ordaindutako balioa berreskura daiteke.
1353. artikulua
Sozietatea bitartean eta zati berezirik izendatu gabe, bi ezkontideei batera ondasun batzuk ematen bazaizkie dohaintzan, edo testamentu bidez halakoak uzten bazaizkie, ondasunok irabazpidezkoak direla ulertuko da, baldin eta eskuzabaltasuna bibiok onartzen badute eta dohaintzaemaileak edo testamentugileak aurkakoa xedatzen ez badu.
1354. artikulua
Ondasunak eskuratzen badira prezio edo kontraprestazioaren bidez, eta prezio edo kontraprestazio horren zati bat irabazpidezkoa bada eta beste zatia pribatiboa, orduan, ondasunok irabazpidezko sozietatearenak eta ezkontidearenak edo ezkontideenak izango dira indibisoan, bakoitzak egin dituen ekarpenen arabera.
1355. artikulua
Bi ezkontideek, elkarrekin ados etorriz, irabazpidezko izaera eratxiki ahal diete ezkontza bitartean kostu bidez eskuratzen dituzten ondasunei, prezio edo kontraprestazioaren etorburua, eta hori ordaintzeko modu eta epeak edozein izanda ere.
Eskuraketa bibiok batera eta kuotarik eratxiki gabe egiten bada, uste izango da ezkontideok ondasun horiei irabazpidezko izaera emateko borondatea dutela.
1356. artikulua
Sozietatea bitartean eta prezio geroratuaren truk, ezkontide batek ondasunak eskuratzen baditu, ondasunok irabazpidezko izaera izango dute, baldin eta lehenengo ordainketa izaera horretakoa bada, nahiz eta gainerako ordainketak diru pribatiboarekin egin. Lehenengo ordainketak izaera pribatiboa badu, ondasunak ere izaera hori edukiko du.
1357. artikulua
Ezkontide batek epera erosten baditu ondasunak sozietatea hasi baino lehen, ondasun horiek izaera pribatiboa edukiko dute beti, nahiz eta prezio geroratua, osorik zein zati batez, irabazpidezko diruarekin ordaindu.
Salbuespen gisa har daitezke familiaren etxebizitza eta ostilamendua; horiei dagokienez, 1354. artikulua aplikatuko da.
1358. artikulua
Kode honekin bat etorriz, ondasunak pribatiboak ala irabazpidezkoak badira, horiek eskuratzeko erabili diren ondasunek zein etorburu duten kontuan hartu gabe, orduan, ondasun erkideen edo berezko ondarearen kontura, hurrenez hurren, ordaindutako balioa itzuli behar da, likidazio-unean balio horren zenbateko eguneratua emanez.
1359. artikulua
Eraikinak, landaketak eta bestelako hobekuntzak egiten badira ondasun erkideetan eta ondasun pribatiboetan, horiek ukituriko ondasunen izaera zein izan eta horixe izango da eurena ere, ordaindutako balioaren itzulketari kalterik egin gabe.
Dena den, ondasun pribatiboetan hobekuntza egiten bada funts erkideak inbertitzearen ondorioz edo ezkontideetatik edozeinek jardutearen ondorioz, sozietatea hartzekodun izango da, hobekuntzaren ondorioz ondasunek, sozietatea desegiteko edo hobeturiko ondasuna besterentzeko unean, izan duten balio-gehikuntzaren neurrian.
1360. artikulua
Aurreko artikuluaren erregela berberak aplikatuko zaizkie merkataritzako ustiategian, establezimenduan nahiz beste edozein enpresatan izandako ondare-gehikuntzei.
1361. artikulua
Ezkontzan dauden ondasunak irabazpidezkoak direla uste da, senarrari edo emazteari ondasun pribatibo gisa dagozkiola frogatzen ez den bitartean.
III. ATALA
Irabazpidezko sozietatearen zamak eta betebeharrak
1362. artikulua
Gastuak irabazpidezko sozietatearen ardurapekoak izango dira, gastuon etorburua hurrengo arrazoietatik bat denean:
1. Familia mantentzea, bibion semealabak elikatu eta heztea, eta aurreneurrizko laguntzak ematea familiaren usadio eta inguruabarren arabera.
Ezkontide baten semealabak elikatu eta heztea irabazpidezko sozietateari dagokio, semealabok familiaren etxean bizi direnean. Bestelako kasuetan, irabazpidezko sozietateak ordainduko ditu kontzeptu horien ondoriozko gastuak; baina, likidazio unean, sozietateari itzuli beharko zaizkio gastu horiek.
2. Ondasun erkideak eskuratu, ukan eta lupertzea.
3. Ezkontideetatik edozeinen ondasun pribatiboak modu arruntean administratzea.
4. Ezkontide bakoitzaren negozioak behar bezala ustiatzea edo lanbide, erti nahiz ogibidean aritzea.
1363. artikulua
Era berean, sozietatearen ardurapekoak izango dira bi ezkontideek, elkarrekin ados etorriz, dohaintzan eman edo hitzematen dituzten kopuruak, baldin eta horiek, osoosorik edo zati batez, euretako baten ondasun pribatiboekin ordainduko direla ituntzen ez bada.
1364. artikulua
Ezkontide batek, irabazpidezko sozietatearen ardurapeko gastu nahiz ordainketetarako, ondasun pribatiboak ekartzen baditu, ezkontide horrek eskubidea izango du ondasun horien balioa berreskuratzeko, ondare erkidearen kontura.
1365. artikulua
Irabazpidezko ondasunek zuzeneko erantzukizuna izango dute hartzekodunari begira, ezkontide batek zorrak hartzen baditu:
1. Etxeko ahala egikaritzean, edo irabazpidezko ondasunak kudeatu nahiz xedatzean, hori egitea berari badagokio lege-aginduz edo itunen ondorioz.
2. Lanbide, erti edo ogibidean modu arruntean aritzean, edo ondasun pribatiboak modu arruntean administratzean.
Senarra edo emaztea merkataria bada, Merkataritza Kodean xedatutakoa beteko da.
1366. artikulua
Ezkontide batek kontratutik kanpoko betebeharrak hartzen baditu ezkontzako sozietatearen onurarako jarduteagatik edo ondasunak administratzeagatik, betebeharrok sozietatearen erantzukizun eta ardurapekoak izango dira, salbu eta ezkontide zordunaren doloak edo erru astunak eragiten dituenean halakoak.
1367. artikulua
Irabazpidezko ondasunekin aurre egingo zaie beti bi ezkontideek batera hartutako betebeharrei, eta ezkontide batek bestearen esanbidezko adostasunarekin harturiko betebeharrei ere bai.
1368. artikulua
Halaber, egitezko banantze-kasuetan, irabazpidezko ondasunek erantzukizuna izango dute ezkontide batek hartutako zorren gain, zorrok hartzen badira irabazpidezko sozietatearen ardurapeko semealabak mantendu, horiei lagundu eta eurok hezteko.
1369. artikulua
Ezkontide baten zorrak aldi berean sozietatearen zorrak badira, sozietatearen ondasunek erantzukizun solidarioa izango dute zor horien gain.
1370. artikulua
Ezkontide batek, bestearen adostasunik gabe, irabazpidezko ondasun bat eskuratzen badu horren prezioa geroratuz, eskuraturiko ondasunak beti izango du prezio geroratuaren gaineko erantzukizuna, kode honen erregelen arabera beste ondasun batzuek duten erantzukizunari kalterik egin gabe.
1371. artikulua
Ezkontza bitartean ezkontide batek zerbait galdu eta ordaintzen badu edozein jokotan, galdu eta ordaintzen duen horrek ez du txikitzen irabazpidezko ondasunetan ezkontide horri dagokion zatia, baldin eta galera neurrizkoa bada familiaren usadio eta inguruabarren arabera.
1372. artikulua
Legeak joko jakin batzuetan irabazitakoa erreklamatzeko akzioa eman, halako jokoetan ezkontide batek zerbait galdu, eta hori ordaintzen ez badu, ezkontide zordunaren ondasun pribatiboek bakarrik izango dute galdutakoaren gaineko erantzukizuna.
1373. artikulua
Ezkontide bakoitzak bere ondare pertsonalarekin egiten die aurre zor pribatiboei, eta, ondasun pribatiboak nahiko ez badira zor horiek ordaintzeko, hartzekodunak irabazpidezko ondasunen enbargoa eska dezake, eta enbargo hori berehala jakinaraziko zaio beste ezkontideari, eta horrek eska dezake, irabazpidezko ondasunen ordez, enbarga dadila ezkontide zordunak ezkontzako sozietatean duen zatia; kasu horretan, enbargoak berarekin ekarriko du ezkontzako sozietatea desegitea.
Exekuzioa ondasun erkideen gain egiten bada, ulertuko da ezkontide zordunak jasota duela, bere partaidetzaren kontura, ondasun exekutatuen balioa, ezkontide horrek beste ondasun pribatibo batzuekin ordaintzen dituenean ondasun erkide horiek, edo ezkontzako sozietatea likidatzen denean.
1374. artikulua
Aurreko artikuluak aipatzen duen desegitea gertatu eta gero, ondasunen banantze-eraentza aplikatuko da, salbu eta, hiru hilabeteko epean, zordunaren ezkontideak agiri publikoan aukeratzen duenean irabazpidezko beste sozietate bat hastea.
IV. ATALA
Irabazpidezko sozietatea administratzea
1375. artikulua
Ezkontzako itunetan bestelako hizpaketarik ez badago, irabazpidezko ondasunen kudeaketa eta xedapena bi ezkontideei dagozkie batera, ondorengo artikuluek agintzen dutenari kalterik egin gabe.
1376. artikulua
Administratze-egintzak burutzeko beharrezkoa bada bi ezkontideen adostasuna, eta horietatik bat adostasuna emateko ezinduta badago edo bidegabe ezezkoa ematen badio adostasuna emateari, epaileak adostasun hori ordez dezake bere ustez eskaera oinarriduna bada.
1377. artikulua
Irabazpidezko ondasunen gain kostu bidez xedatze-egintzak burutzeko, nahitaezkoa izango da bi ezkontideen adostasuna.
Ezkontide batek adostasuna emateari ezezkoa ematen badio edo adostasun hori emateko ezinduta badago, orduan, epaileak, aurretiaz informazio laburra bilduz, xedatze-egintza bat edo batzuk baimen ditzake bere ustez egintzok familiaren intereserako badira. Salbuespenez, epaileak bere ustez komenigarri diren mugapen edo kautelak erabakiko ditu.
1378. artikulua
Deusezak izango dira dohaineko egintzak, bi ezkontideen adostasunarekin burutzen ez badira. Hala ere, ezkontide bakoitzak usadioaren araberako eskuzabaltasunak egin ditzake irabazpidezko ondasunekin.
1379. artikulua
Ezkontide bakoitzak testamentu bidez xeda ditzake irabazpidezko ondasunen erdiak.
1380. artikulua
Irabazpidezko ondasun baten gaineko testamentu-xedapenak bere ondore guztiak sortuko ditu, baldin eta ondasun hori testamentugilearen jarauntsiari adjudikatzen bazaio. Bestela ulertuko da legatuan ematen dela ondasun horrek testamentugilearen heriotza-unean duen balioa.
1381. artikulua
Ondare pribatiboen fruitu eta irabaziek, eta edozein ezkontideren irabaziek sozietatearen hartzekoa osatzen dute, eta irabazpidezko sozietatearen zama eta erantzukizunen menpe geratzen dira. Hala ere, ezkontide bakoitzak bere ondasunen fruitu eta produktuak xeda ditzake, bere ondare pribatiboaren administratzaile den heinean eta ondore horretarako bakarrik.
1382. artikulua
Ezkontide bakoitzak, bestearen adostasunik gabe, baina hori jakinaren gainean dagoela, aurrerakin gisa har dezake familiaren usadio eta inguruabarren arabera beharrezkoa duen irabazpidezko eskudirua, bere lanbidean aritzeko edo bere ondasunak modu arruntean administratzeko.
1383. artikulua
Ezkontideek informazioa eman behar diote elkarri aldianaldian, edozein jarduera ekonomikoren egoerari buruz eta jarduera horren etekinei buruz.
1384. artikulua
Baliozkoak izango dira ezkontide batek, ondasunak administratu edo dirua nahiz baloretituluak xedatzeko, burutzen dituen egintzak, baldin eta ondasun, diru nahiz baloretitulu horiek ezkontide horren izenean edo eskuetan badaude.
1385. artikulua
Kreditu-eskubideak, horien izaera edozein izanik ere, zein ezkontideren izenean eratu eta ezkontide horrek egikarituko ditu eskubideok.
Ezkontideetatik edozeinek burutu ahal izango du ondasun eta eskubide erkideen defentsa, akzio nahiz salbuespenen bitartez.
1386. artikulua
Beharrezko eta presako egintzak burutzeko, egintzok bereziak izan arren, nahiko da ezkontide baten adostasuna.
1387. artikulua
Ezkontideari legeaginduz eskualdatuko zaizkio irabazpidezko sozietateak dituen ondasunen administrazioa eta xedapena, baldin eta ezkontide hori bere ezkontidearen tutore edo legezko ordezkaria bada.
1388. artikulua
Auzitegiek ezkontide bati eman diezaiokete administrazioa, baldin eta bestea adostasuna emateko ezinduta badago, ezkontide horrek familia bertan behera uzten badu edo egitezko banantzea gertatu bada.
1389. artikulua
Aurreko bi artikuluetan xedatutakoaren ondorioz administrazioa jasotzen duen ezkontideak ahalmen osoak ditu horretarako, salbu eta epaileak kautelak edo mugapenak ezartzen dituenean, bere ustez familiaren intereserako hala komeni delako eta aurretiaz informazio laburra bilduz.
Edonola ere, ondasun higiezinak, merkataritzako establezimenduak, aparteko balioa duten objektuak edo balore higigarriak xedatzeko, nahitaezkoa izango da epailearen baimena, lehenespeneko harpidetza-eskubidea xedatzeko izan ezik.
1390. artikulua
Ezkontide batek administratze- edo xedatze-egintzaren bat burutzen badu eta, horren ondorioz, ezkontideak etekin nahiz irabaziak lortzen baditu bere buruarentzat bakarrik, edo doloz sozietateari kalte egiten badio, ezkontideak sozietateari zor dio onura edo kalteen zenbatekoa, nahiz eta beste ezkontideak egintzaren eragingarritasuna aurkaratu ez, hori bidezkoa denean.
1391. artikulua
Norbaitek egintzaren bat burutzen badu bere ezkontidearen eskubideei iruzur eginez, aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatuko da beti; eta, horrez gain, eskuratzaileak gaitzustez jokatzen badu, harako egintza hutsaltzeko modukoa izango da.
V. ATALA
Irabazpidezko sozietatea desegin eta likidatzea
1392. artikulua
Irabazpidezko sozietatea zuzenbide osoz amaituko da:
1. Ezkontza desegiten denean.
2. Ezkontza deuseza dela adierazten denean.
3. Ezkontideen arteko banantzea epaiketa bidez dekretatzen denean.
4. Ezkontideek beste ondasun-eraentza bat ituntzen dutenean, kode honetan arauturiko moduan.
1393. artikulua
Halaber, irabazpidezko sozietatea amaituko da, ezkontide batek hori eskatu eta epaileak hala erabakitzen badu, hurrengo kasuetatik batean:
1. Beste ezkontidea epaiketa bidez ezgaitua denean, ezkontide hori absente dagoela edo zarrastela dela adierazten denean, porrotean edo hartzekodunen konkurtsoan dagoela adierazten denean, edota familia bertan behera uzteagatik kondenatua denean.
Epaileak desegitea erabaki dezan, nahiko izango da hori eskatzen duen ezkontideak epailearen ebazpen egokia aurkeztea.
2. Beste ezkontideak bere kasa ondarearen gaineko xedatze- edo kudeatze-egintzak burutu, eta egintzok iruzurra, kaltea nahiz arriskua dakartenean, beste ezkontideak sozietatean dituen eskubideentzat.
3. Ezkontideek urtebete baino gehiago daramatenean egitez banandurik, bibiok horretan ados daudelako edo batek etxea bertan behera utzi duelako.
4. Ezbetetze larri edo errepikatua burutzen denean, ezkontideek euren jarduera ekonomikoen ibilerari eta etekinei buruz informazioa emateko duten eginbeharraren aurka.
Zor pribatiboak direlaeta ezkontide batek irabazpidezko sozietatean duen zatia enbargatu eta sozietatea desegiteko, kode honetan bereziki xedatutakoa beteko da.
1394. artikulua
Aurreko artikuluan agindutako desegiteak ondoreak sortuko ditu hori erabakitzen den datatik. Desegite-arrazoirik dagoen ala ez erabakitzeko auzia jartzen bada, inbentarioa egin beharko da behin auzi horren izapidetza hasi eta gero, eta epaileak ondasunak administratzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu; administrazio arrunta gainditzen duten egintza guztietarako, nahitaezkoa izango da epailearen baimena.
1395. artikulua
Ezkontzaren deuseztasuna delaeta irabazpidezko sozietatea desegin, eta ezkontide baten gaitzustea adierazten bada, beste ezkontideak aukeran du ezkontzaren eraentza atal honetako arauen arabera likidatu edo partaidetza-eraentzari buruzko xedapenen arabera likidatzea; eta ezkontide gaitzustedunak ez du eskubiderik izango beste ezkontideak lorturiko irabazietan parte hartzeko.
1396. artikulua
Behin sozietatea desegin eta gero, hori likidatu beharra dago; likidazioa hasiko da sozietatearen aktibo eta pasiboari buruzko inbentarioa eginez.
1397. artikulua
Aktiboaren barruan sartu beharko dira:
1. Desegite-unean dauden irabazpidezko ondasunak.
2. Legearen aurkako edo iruzurrezko negozioen bidez besterendutako ondasunen zenbateko eguneratua, ondasun horiek berreskuratzen ez badira.
3. Ezkontide baten ardurapekoak izanik, sozietateak ordaintzen dituen kopuruen zenbateko eguneratua eta, oro har, edozein ezkontideren aurka sozietateak dituen kredituen zenbateko eguneratua.
1398. artikulua
Sozietatearen pasiboaren barruan sartuko dira hurrengo partidak:
1. Sozietatearen ardurapeko zorrak, horiek ordaintzeko badaude.
2. Ondasun pribatiboen baliobesteko zenbateko eguneratua, ondasun horiek diruz itzuli behar direnean sozietatearen intereserako gastatu izan direlako.
Erregela bera aplikatuko zaie ondasunotan gertaturiko narriadurei, horiek sortzen badira ondasunak sozietatearen onurarako erabiltzearen ondorioz.
3. Sozietatearen ardurapekoak izanik, ezkontide batek ordaintzen dituen kopuruen zenbateko eguneratua eta, oro har, ezkontideek sozietatearen aurka dituzten kredituen zenbateko eguneratua.
1399. artikulua
Behin inbentarioa egin eta gero, sozietatearen zorrak ordainduko dira lehenengo lekuan, mantenu-zorretatik hasita, horiek lehenespenekoak izango baitira beti.
Gainerako zorrei dagokienez, inbentariopeko ondasunak ez badira nahiko zorrok ordaintzeko, kredituen pilaketa eta hurrenkerari buruz xedatutakoa beteko da.
1400. artikulua
Ez badago zorrak ordaintzeko beste eskudirurik, irabazpidezko ondasunen adjudikazioak eskain daitezke helburu horretarako; baina, edozein partaidek edo hartzekodunek hala eskatzen badu, ondasunok besterenduko dira eta euren zenbatekoarekin egingo da ordainketa.
1401. artikulua
Sozietatearen zorrak osoosorik ordaintzen ez diren bitartean, hartzekodunek eutsi egingo diete ezkontide zordunaren aurka dituzten kredituei. Zordun ez den ezkontideak berari adjudikatu zaizkion ondasunekin egingo die aurre halako zorrei, baldin eta inbentarioa behar den moduan egiten bada epaiketa bidez edo epaiketatik kanpo.
Horren ondorioz ezkontide batek ordaintzen badu berari egotzi ahal zaion kopurua baino gehiago, bestearen aurka berreskaera-eskubidea erabil dezake.
1402. artikulua
Irabazpidezko sozietatearen hartzekodunek horren likidazioan dituzten eskubideak, eta legeek jarauntsien banaketa eta likidazioan eurei aitortzen dizkietenak berberak dira.
1403. artikulua
Behin sozietatearen zor eta zamak ordaindu eta gero, ezkontide bakoitzari zor zaizkion kalteordain eta itzulketak ordainduko dira, inbentariopeko ondasunak hori egiteko beste diren heinean; konpentsazio egokiak egingo dira ezkontidea sozietatearen zorduna denean.
1404. artikulua
Inbentariopeko ondasunetan aurreko artikuluek finkaturiko kenkariak egin eta gero, gerakinak irabazpidezko sozietatearen hartzekoa osatuko du, eta gerakin hori erdibanatu egingo da senaremazteen artean edo euren jaraunsleen artean.
1405. artikulua
Likidazio-unean ezkontide bat bestearen hartzekodun pertsonal gertatzen bada, ezkontide horrek eska dezake bere kreditua ondasun erkideak adjudikatuz ordaindua izan dadin, salbu eta zordunak borondatez ordaintzen duenean.
1406. artikulua
Ezkontide bakoitzak eskubidea izango du, bere hartzekoa bete arte, bertan lehenespenez sar daitezen:
1. Norberak erabiltzeko ondasunak izanik, 1346. artikuluaren 7. zenbakian sartzen ez direnak.
2. Ezkontide horrek benetan kudeatzen duen ustiategi ekonomikoa.
3. Ezkontideak bere lanbidean aritzeko erabili duen lokala.
4. Ezkontide bat hiltzen denean, besteak ohiko bizilekutzat izan duen etxebizitza.
1407. artikulua
Aurreko artikuluaren 3 eta 4. zenbakietako kasuetan, ezkontideak eska dezake, aukeran baitu, ondasunen jabetza berari eratxikitzea edo, horien gain eta beraren mesederako, erabiltze- edo biztantze-eskubidea eratzea. Ondasunen edo eskubidearen balioak gainditzen badu ezkontide adjudikaziodunaren hartzekoarena, ezkontide horrek diruz ordaindu behar du gaindikina.
1408. artikulua
Ondasunen masa erkidetik mantenua emango zaie ezkontideei edo, hala denean, alargunari eta semealabei, inbentariopeko ondasunak likidatzen diren bitartean eta pertsona horiei euren hartzekoa eman arte; hala ere, mantenuaren kopuruak gainditzen badu pertsona horiek fruitu eta errenten ondorioz jasoko zuketena, orduan, euren hartzekotik kenduko da gaindikina.
1409. artikulua
Pertsona berbera bi aldiz edo gehiago ezkontzeagatik, bi ezkontza edo gehiagoren irabazpidezkoak aldi berean likidatu behar badira, eta inbentariorik ez badago, era guztietako frogak onartuko dira sozietate bakoitzaren kapitala zehazteko. Zalantzarik izanez gero, irabazpidezkoak proportzioz eratxikiko zaizkie sozietate ezberdinei, bakoitzaren iraupena eta kasuan kasuko ezkontideen ondasunak nahiz sarrerak kontuan hartuta.
1410. artikulua
Kapitulu honetan beren beregi arauturik ez dauden gai guztietan, besteak beste, inbentarioa eratzean, ondasunak tasatu eta saltzeko erregeletan, ondasunak zatitzean, partaideei egindako adjudikazioetan eta gainerakoetan, jarauntsiaren banaketa eta likidazioari buruz ezarritakoa beteko da.
V. KAPITULUA
Partaidetza-eraentza
1411. artikulua
Partaidetza-eraentzaren bidez, ezkontide bakoitzak eskubidea eskuratzen du, zertarako eta eraentza hori indarrean egon artean besteak lortu dituen irabazietan parte hartzeko.
1412. artikulua
Ezkontide bakoitzari dagozkio administrazioa, luperketa eta xedapen askea, ezkontza egiteko unean berak zituen ondasunen gain, eta geroago edozein tituluren bidez eskura ditzakeen ondasunen gain ere bai.
1413. artikulua
Kapitulu honetan arautzen ez diren gai guztietan, ondasunen banantze-eraentzari buruzko arauak aplikatuko dira partaidetza-eraentza indarrean dagoen artean.
1414. artikulua
Partaidetza-eraentzapean ezkontzen direnek, biek batera, ondasun edo eskubideren bat eskuratzen badute, ondasun edo eskubide hori bibioi dagokie indibiso arruntean.
1415. artikulua
Partaidetza-eraentza azkentzen da irabazpidezko sozietatearentzat agindutako kasu berberetan, eta 1394 eta 1395. artikuluetan xedatutakoa aplikatzen da.
1416. artikulua
Ezkontide batek partaidetza-eraentzaren amaiera eska dezake, baldin eta bestearen administrazio irregularrak kalte larriak egin ahal badizkie haren interesei.
1417. artikulua
Behin azkentzea gertatu eta gero, irabaziak zehaztuko dira, ezkontide bakoitzaren hasierako eta amaierako ondareen artean dauden aldeen bidez.
1418. artikulua
Ulertuko da ezkontide bakoitzaren hasierako ondarean sartzen direla:
1. Eraentza hastean ezkontide bakoitzari dagozkion ondasun eta eskubideak.
2. Jarauntsi, dohaintza nahiz legatuaren bidez geroago eskuratutakoak.
1419. artikulua
Ezkontide bakoitzari eraentza hastean dagozkion betebeharrak kenduko dira, eta, hala denean, oinordetza-betebeharrak eta dohaintza zein legatuari datxezkion zamak ere bai, horiek jarauntsiko edo dohaintzapeko ondasunak gainditzen ez dituzten neurrian.
1420. artikulua
Pasiboa aktiboa baino handiagoa bada, ez da hasierako ondarerik izango.
1421. artikulua
Hasierako ondarea osatzen duten ondasunak zenbatetsiko dira, eraentza hastean, edo, hala denean, horiek eskuratzeko unean, halakoek duten egoera eta balioa kontuan hartuta.
Zenbatespenaren zenbatekoa eguneratu beharko da eraentza amaitzen den egunean.
1422. artikulua
Ezkontide bakoitzaren amaierako ondarea osatuko dute eraentza amaitzeko unean ezkontide horren titulartasunpekoak diren ondasun eta eskubideek, betetzeke dauden betebeharrak kenduz.
1423. artikulua
Amaierako ondarean sartuko da ezkontide batek bestearen adostasunik gabe dohain bidez xedatu dituen ondasunen balioa, salbu eta xedapen horiek usadioen araberako eskuzabaltasunak direnean.
1424. artikulua
Erregela bera aplikatuko da, ezkontide batek, bestearen eskubideei iruzur eginez, burutzen dituen egintzei dagokienez.
1425. artikulua
Amaierako ondarea osatzen duten ondasunak eraentza amaitzeko unean zenbatetsiko dira, haiek duten egoera eta balioa kontuan hartuz; eta, dohainik edo iruzurrez besterendutako ondasunak, besterentze-unean horiek zuten egoera eta eurok amaierako eguna arte artatu izan balira beroriek izango zuketen balioa aintzat harturik.
1426. artikulua
Ezkontide batek bestearen aurka kredituak baditu edozein tituluren ondorioz, baita ezkontide horren betebeharrak zuzkitu edo betetzearen ondorioz ere, orduan, kredituok ezkontide hartzekodunaren amaierako ondarean zenbatu eta ezkontide zordunaren ondaretik kenduko dira.
1427. artikulua
Ezkontide baten eta bestearen amaierako eta hasierako ondareen arteko aldea positiboa baldin bada, gehikuntzarik txikiena izan duen ezkontideak jasoko du bere ondare-gehikuntzaren eta beste ezkontideak izandako gehikuntzaren arteko aldearen erdia.
1428. artikulua
Ondareetatik batek bakarrik badu saldo positiboa, partaidetza-eskubidea izango da ondare horren titular ez den ezkontidearentzat, harako gehikuntzaren erdiaren gainean.
1429. artikulua
Eraentza eratzean itun daiteke aurreko bi artikuluek ezartzen duten partaidetzaz bestelako edozein; baina itundutako horrek neurri eta proportzio berean eraendu beharko du bi ondareetan eta bi ezkontideen mesederako.
1430. artikulua
Erdi banako partaidetza besterik ezin da hitzartu, inork bere ezkontideaz bestelako pertsona batekin ondorengoak baditu.
1431. artikulua
Partaidetza-kreditua diruz ordaindu beharko da. Zailtasun larriak badaude berehalako ordainketa egiteko, epaileak geroratzea eman dezake, baldin eta geroratze hori ez bada hiru urtetik gorakoa, eta zorra eta horren legezko korrituak behar beste bermaturik geratzen badira.
1432. artikulua
Partaidetza-kreditua ordain daiteke ondasun zehatzak adjudikatuz, interesdunak horretan ados badatoz edo epaileak hori erabakitzen badu zordunak egindako eskaera oinarridunaren ondorioz.
1433. artikulua
Zordunaren ondarean ez badago behar besteko ondasunik irabazien gaineko partaidetza-eskubidea ordaintzeko, ezkontide hartzekodunak aurkara ditzake bere adostasunik gabe dohain bidez egindako besterentzeak eta bere eskubideei iruzur eginez buruturikoak ere bai.
1434. artikulua
Aurreko artikuluak aipatzen dituen aurkaratze-akzioak iraungi egingo dira, partaidetza-eraentza azkendu eta bi urte igarotakoan; eta akzio horiek ezin izango dira egikaritu kostu bidezko eskuratzaile onustedunen aurka.
VI. KAPITULUA
Ondasunen banantze-eraentza
1435. artikulua
Ezkontideen artean ondasunen banantzea izango da:
1. Ezkontideek hori hitzartu dutenean.
2. Ezkontideek ezkontza-itunetan hitzartu dutenean euren artean ez dela irabazpidezko sozietaterik izango, baina ez dituztenean adierazi euren ondasunak eraendu behar dituzten erregelak.
3. Ezkontza bitartean irabazpidezko sozietatea edo partaidetza-eraentza azkentzen denean, salbu eta interesdunen borondatez eraentza horren ordez beste eraentza bat ezartzen denean.
1436. artikulua
Ondasunak banantzeko demanda eta banantze hori adierazten duen epai irmoa Jabetza Erregistro eskudunean idatzohartu eta inskribatu behar dira, hurrenez hurren, ondasun higiezinen gainekoak badira. Epai irmoa Erregistro Zibilean ere idatzohartuko da.
1437. artikulua
Ondasunen banantze-eraentzan, ezkontide bakoitzari dagozkio haren hasierako unean berak dituen ondasunak eta geroago edozein tituluren bidez eskuratzen dituenak ere bai. Era berean, ezkontide bakoitzari dagozkio ondasun horien administrazioa, gozatzea eta xedatze askea.
1438. artikulua
Ezkontideek parte hartuko dute ezkontzaren zamei aurre egitean. Hitzarmenik egin ezean, aurre egite horretan parte hartuko dute bakoitzak dituen baliabide ekonomikoen arabera. Etxerako egiten den lana zametan parte hartzeko bide gisa hartuko da, eta lan horrek eskubidea emango du banantze-eraentza azkentzean konpentsazioa jasotzeko; hitzarmenik egin ezean, epaileak finkatuko du konpentsazio hori.
1439. artikulua
Ezkontide batek bestearen ondasunak nahiz interesak administratu edo kudeatzen baditu, mandatariari dagozkion betebehar eta erantzukizun berberak izango ditu; hala ere, ezkontide horrek ez du izango kontuak emateko betebeharrik, bien bitartean eskuratu edo kontsumitzen dituen fruituen inguruan, salbu eta frogatzen denean fruituok ez zituela inbertitu ezkontzaren zamei aurre egiteko beharrizanetan.
1440. artikulua
Ezkontide bakoitzak harturiko betebeharren gainean, berak du erantzukizun esklusiboa.
Etxeko ahal arrunta egikaritzean betebeharrak hartzen badira, bi ezkontideek izango dute betebehar horien gaineko erantzukizuna, kode honen 1319 eta 1438. artikuluek ezarritako moduan.
1441. artikulua
Ezin bada egiaztatu ondasun edo eskubideren bat zein ezkontideri dagokion, bi ezkontideena izango da erdi bana.
1442. artikulua
Ezkontide bat porrot edo konkurtsoan dagoela adierazi eta gero, hartzekodunen onurarako uste izango da, horren aurkako frogarik izan ezean, ezkontide horrek besteari dohaintzan eman zizkiola azken horrek, kostu bidez eta adierazpena egin baino lehenagoko urtean edo porrotaren atzeraeragina aplikatzen den epean, eskuratu dituen ondasunen erdiak. Presuntzio hori ez da aplikatuko, baldin eta ezkontideak epaiketa bidez edo egitez bananduta badaude.
1443. artikulua
Dekretaturiko ondasun-banantzea ez da aldatuko ezkontideen arteko berradiskidetzearen ondorioz, baldin eta banantze pertsonala gertatzen bada edo ondasun-banantzea eragin duten gainerako arrazoietatik edozein desagertzen bada.
1444. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, ezkontideek ezkontzako itunetan erabaki dezakete ondasunak banandu aurretik eraentzen zuten erregelak eurak berriro aplikatzeko.
Ezkontideek ezkontza-itunetan agerraraziko dute zeintzuk diren ezkontzara dakartzaten ondasun berriak; eta ondasunok ondasun pribatibotzat hartuko dira, nahiz eta banantzearen ondorioz egindako likidazioaren aurretik irabazpidezkoak izan, osoosorik zein zati batez.
IV. TITULUA
SALEROSKETAKONTRATUA
I. KAPITULUA
Kontratuaren izaera eta forma
1445. artikulua
Salerosketakontratuaren bidez, kontratugile batek bere gain hartzen du gauza zehatza emateko betebeharra, eta besteak, gauza horren truk prezio zehatza ordaintzeko betebeharra, diruz edo dirua ordezkatzen duen zeinuaren bidez.
1446. artikulua
Salmentaprezioaren zati bat dirua bada eta gainerakoa beste gauza bat, kontratua kalifikatuko da kontratugileen ageriko asmoaren arabera. Asmo hori agerrarazten ez bada, kontratua trukaketatzat hartuko da, baldin eta preziozatiaren truk emandako gauzaren balioak gainditzen badu diruaren balioa edo horren baliokidearena; bestela, kontratua salmentatzat hartuko da.
1447. artikulua
Prezioa zehatza dela ulertzeko, nahiko izango da berori halakoa izatea beste gauza zehatz bati begira edo prezio horren finkapena pertsona jakinaren nahierara uztea.
Pertsona horrek ezin badu prezioa finkatu edo ez badu finkatu nahi, kontratua eraginik gabe geratuko da.
1448. artikulua
Balore, bihi, likido eta gainerako gauza suntsikorren salmentetan, prezioa zehatza dela ulertuko da, baldin eta prezio gisa hartzen bada saldutako gauzak egun zehatz batean, burtsan edo merkatuan duen prezioa, edo kopuru zehatza gehitu edo kentzen bazaio saldutako gauzak egun zehatz batean, burtsan edo merkatuan duen prezioari.
1449. artikulua
Prezioaren finkapena ezin da inoiz utzi kontratugileetako baten nahierara.
1450. artikulua
Salmenta saltzailearen eta eroslearen artean burutuko da, eta bibiontzat bete beharrekoa izango da, baldin eta kontratuaren objektu den gauza eta horren prezioa hitzartu bada, nahiz eta bata eta bestea oraindik eman gabe egon.
1451. artikulua
Gauza eta prezioaren gainean adostasuna badago, saltzeko edo erosteko hitzemateak eskubidea emango die kontratugileei, kontratuaren betetzea elkarri erreklamatzeko.
Saltzeko edo erosteko hitzematea ezin bada bete, saltzailearentzat eta eroslearentzat kasuankasuan eraenduko du liburu honetan betebehar eta kontratuei buruz xedaturikoak.
1452. artikulua
Saldutako gauzaren gainean kaltea edo probetxua izan bada behin kontratua burutu eta gero, 1096 eta 1182. artikuluek arautuko dute kalte edo probetxu hori.
Erregela bera aplikatuko zaio gauza suntsikorren salmentari, hori egiten bada bakan eta prezio bakar baten truk, edo gauzon pisua, zenbakia edo neurria kontuan hartu gabe.
Gauza suntsikorrak saltzen badira euren pisu, kopuru edo neurriaren arabera finkaturiko prezioaren truk, erosleari ez zaio arriskua egotziko gauzok pisatu, zenbatu edo neurtu arte, salbu eta eroslea berandutzan erori denean.
1453. artikulua
Salmenta egin bada saldutako gauzarekin aproba edo entsegua egiteko, edo, salmentako gauzak jaso aurretik, ohikoa bada horiek dastatu edo horiekin aproba egitea, orduan, salmentok baldintza etengarriaren menpe egin direla uste izango da beti.
1454. artikulua
Salerosketakontratuan erresak edo seinaleak izan badira tartean, kontratua hutsal daiteke, baldin eta erosleari horiek galtzeko edo saltzaileari erresak bikoiztuta itzultzeko beren beregi eskatu bazaio, eta hala egiteko adostasuna erakutsi badu.
1455. artikulua
Eskritura egiteko gastuak saltzaileak ordainduko ditu, eta lehenengo kopiaren gastuak eta salmentaren osteko gainerako gastuak erosleak ordainduko ditu, aurkako itunik izan ezean.
1456. artikulua
Lege berezietan ezarritakoak arautuko du herrionura dela-eta nahitaezko besterentzea.
II. KAPITULUA
Erosi edo saltzeko gaitasuna
1457. artikulua
Salerosketakontratua egin dezakete kode honen arabera betebeharrak hartu ahal dituzten pertsona guztiek, hurrengo artikuluetan jasotako aldarazpenei kalterik egin gabe.
1458. artikulua
Senaremazteek ondasunak sal diezazkiokete elkarri.
1459. artikulua
Ezin dituzte erosketaren bidez eskuratu, ezta jendaurreko edo epaiketazko enkantearen bidez ere, ez zuzenean, ez tartean jarritako beste pertsona baten bidez:
1) Tutoretza karguan ari direnek, euren zaintza edo babespean jarritako pertsonaren edo pertsonen ondasunak.
2) Mandatariek, eurek administratu edo besterendu beharreko ondasunak.
3) Albazeek, euren ardurapean jarritako ondasunak.
4) Enplegatu publikoek, estatuaren, udalerrien, herrien edo eurek administratu beharreko establezimendu publikoen ondasunak.
Xedapen hori aplikagarria izango da epaile eta adituentzat ere bai, horiek edozein moduz salmentan esku hartzen badute.
5) Magistratuek, epaileek, Fiskaltzako kideek, auzitegi eta epaitegietako idazkariek, eta justiziako ofizialek, auzitegian eztabaidapean dauden ondasun eta eskubideak, euren eginkizunak zein jurisdikziotan edo lurraldetan bete eta bertan; debeku hori hedatzen da lagapen bidezko eskuratzeegintzetara ere bai.
Erregela horren salbuespen gisa har daitezke jaraunskideen arteko jarauntsiakzioak, kredituen ordainean egindako lagatzeak edota haien edukitzapeko ondasunen bermea.
5. zenbaki honetan jasotako debekuak bere barruan hartuko ditu abokatu eta prokuradoreak, auzigai diren eskubide eta ondasunei begira, baldin eta epaiketa horretan parte hartzen badute euren lanbide edo ogibidea dela eta.
III. KAPITULUA
Salerosketakontratuaren ondoreak, saldutako gauza galdu denean
1460. artikulua
Salmenta egiteko unean, salmenta horren objektu den gauza osoosorik galtzen bada, kontratua ondorerik gabe geratuko da.
Hala ere, gauza horren zati bat bakarrik galdu bada, erosleak aukeran du kontratuan atzera egin edo, bestela, geratzen den zatia erreklamatzea, hasieran hitzartutako prezio osoaren araberako zatia ordainduz.
IV. KAPITULUA
Saltzailearen betebeharrak
I. ATALA
Xedapen orokorra
1461. artikulua
Saltzailearen betebeharra da salmentaren objektu den gauza eman eta horren saneamendua egitea.
II. ATALA
Saldutako gauza ematea
1462. artikulua
Saldutako gauza eman dela ulertuko da, baldin eta gauza hori eroslearen esku eta horren edukitzapean jarri bada.
Salmenta eskritura publikoaren bidez egiten bada, baliokideak izango dira eskritura egilestea eta kontratuaren objektu den gauza ematea, baldin eta eskritura horrek aurkakoa erakutsi edo ondorioztatzen ez badu argi eta garbi.
1463. artikulua
Aurreko artikuluak aipatzen dituen kasuetatik kanpo, ondasun higigarrien ematea gerta daiteke: horiek zein toki edo lekutan biltegiratuta edo gordeta egon, eta bertako giltzak emanez; eta kontratugileek euren adostasuna edo batetortzea azalduz, baldin eta saldutako gauza ezin bada eroslearen esku jarri salmenta-unean, edo beste arrazoi bat dela eta, horrek lehendik badu gauza hori bere esku.
1464. artikulua
Ondasun gorpuzgabeei dagokienez, 1462. artikuluaren bigarren lerrokadan xedatutakoa aplikatuko da. Lerrokada hori aplika ezin daitekeen kasuetan, ematetzat ulertuko da jabetzatituluak eroslearen esku jartzea, edo erosleak berak bere eskubidea erabiltzea saltzailearen adostasunarekin.
1465. artikulua
Saldutako gauza emateko gastuak saltzaileak ordaindu beharko ditu, eta gauza garraiatu edo lekualdatzeko gastuak, erosleak, hizpaketa bereziren bat dagoenean izan ezik.
1466. artikulua
Saltzaileak ez du saldutako gauza emateko betebeharrik, baldin eta erosleak ez badio prezioa ordaindu edo kontratuan ez bada epe bat zehaztu ordainketa egiteko.
1467. artikulua
Halaber, saltzaileak ez du saldutako gauza emateko betebeharrik, baldin eta ordainketaren geroratzea edo epemuga hitzartu bada, eta, salmenta egin eta gero eroslea kaudimengabe dela atzemateagatik, saltzaileak prezioa galtzeko hurhurreko arriskua badu.
Erregela horren salbuespen gisa har daiteke erosleak epe hitzartuan eta fidantza bidez ordainketa bermatzea.
1468. artikulua
Saltzaileak saldutako gauza eman beharko du, kontratua burutzean gauza horrek zuen egoera berean.
Fruitu guztiak erosleari dagozkio, kontratua burutu zen egunetik.
1469. artikulua
Saldutako gauza emateko betebeharrak bere barruan hartzen du kontratuan adierazitako guztia eroslearen esku jartzeko betebeharra, hurrengo erregelen bidez:
Ondasun higiezinen salmenta egiten bada ondasunen luzezabala adieraziz eta prezioa neurri edo zenbaki unitateen arabera finkatuz, saltzaileak kontratuan adierazitako guztia eman beharko dio erosleari, horrek hala eskatuz gero; baina hori ezinezkoa bada, erosleak aukeran du prezioaren proportziozko beherapena eskatu edo kontratua hutsaltzea, baldin eta, azken kasu horretan, luzezabalak izandako txikipena ez bada ondasun higiezinari eratxikitako luzezabalaren hamarrenetik beherakoa. Gauza bera egingo da, bi luzezabalak berdinak izan arren, horietako zati batek ez badu kontratuan adierazitako kalitatea.
Kasu horretan, hutsalketa eroslearen borondatez bakarrik gertatuko da, betiere saldutako gauzaren balio-beherapenak gainditzen duenean hitzartutako prezioaren hamarrena.
1470. artikulua
Aurreko artikuluaren kasuan, ondasun higiezinaren luzezabala edo zenbakia kontratuan adierazitakoa baino handiagoa bada, erosleak preziogaindikina ordaindu beharko du, luzezabalaren edo zenbatekoaren gehikuntza ez bada kontratuan adierazitakoaren hogeirena baino handiagoa; baina hogeiren hori gainditzen bada, erosleak aukeran du ondasun higiezinaren balio handiagoa ordaindu edo kontratuan atzera egitea.
1471. artikulua
Ondasun higiezinaren salmenta egiten bada goren mugako prezioarekin, ez, ordea, neurri- edo zenbaki-unitateen arabera, ez da prezio horren gehikuntza edo txikipenik gertatuko, nahiz eta luzezabala edo zenbatekoa kontratuan adierazitakoa baino handiagoa edo txikiagoa izan.
Gauza bera gertatuko da, baldin eta bi finka edo gehiago prezio bakarraren truk saltzen badira; baina, finken mugak zehazteaz gain, hori egitea nahitaezkoa baita ondasun higiezinen besterentze orotan, horien luzezabala edo zenbatekoa adierazten bada kontratuan, saltzaileak muga horien barruan dagoen guztia eman beharko dio erosleari, nahiz eta horrek kontratuan adierazitako luzezabala edo zenbatekoa gainditu; eta, saltzaileak ezin badu hori egin, prezioa txikituko da, luzezabal edo zenbakien artean izandako aldearen arabera, salbu eta kontratua deuseztatzen denean, erosleak ez duelako onartu nahi hizpatutako guztia baino gutxiago berari ematea.
1472. artikulua
Aurreko hiru artikuluetatik sortutako akzioen preskripzioa sei hilabete igarotakoan bukatuko da, ematearen egunetik zenbatuta.
1473. artikulua
Gauza berbera erosle desberdinei saltzen bazaie, jabetza eskualdatuko zaio onustez gauza horren edukitza lehenengo eskuratzen duenari, gauza hori higigarria baldin bada.
Gauza higiezina bada, jabetza dagokio hori Jabetza Erregistroan lehenago inskribatu duen eskuratzaileari.
Inskripziorik ez badago, jabetza dagokio gauzaren edukitza onustez lehenago eskuratzen duenari; eta, edukitzarik ez badago, datarik zaharreneko titulua aurkezten duenari, hori ere onusteduna bada.
III. ATALA
Saneamendua
1474. artikulua
1461. artikuluak aipatzen duen saneamenduaren ondorioz, saltzaileak erosleari begira erantzukizuna izango du:
1) Saldutako gauzaren edukitza legezko eta baketsuaren gainean.
2) Gauza horrek dituen ezkutuko akats edo hutsen gainean.
1. Saneamendua, ebikzio-kasuetan
1475. artikulua
Ebikzioa gertatuko da, erosleari kentzen bazaio, epai irmoaren bidez eta erosketaren aurreko eskubide baten ondorioz, berak erositako gauza osoa edo horren zati bat.
Saltzaileak ebikzioaren ondoriozko erantzukizuna izango du, kontratuan ezer adierazi ez arren.
Kontratugileek, alabaina, saltzailearen legezko betebehar hori gehitu, txikitu edo ezabatu ahal izango dute.
1476. artikulua
Deuseza izango da itun oro, horren bidez saltzailea ebikzioaren ondoriozko erantzukizunetik askatu eta saltzaile hori gaitzusteduna bada.
1477. artikulua
Erosleak ebikziokasuetarako saneamendu-eskubideari uko egin eta gero, ebikziokasua gertatzen bada, saltzaileak eman beharko du saldutako gauzak ebikzio-unean zuen prezioa bakarrik, salbu eta erosleak uko egin duenean ebikzioaren arriskuak jakinda eta horren ondorioak onartuz.
1478. artikulua
Saneamendua hizpatu bada edo horren inguruan ez bada ezer itundu, eta ebikzioa gauzatzen bada, erosleak saltzaileari eska diezazkioke:
1) Saldutako gauzak ebizkio-unean zuen prezioa itzultzea, hori salmentako prezioa baino handiagoa izan zein txikiagoa izan.
2) Fruituak edo etekinak, baldin eta kondenatua izan bada epaiketan garaile atera denari horiek ematera.
3) Ebikzioa ekarri duen auziaren kostuak, eta, hala denean, saltzailearekin saneamenduaren gainean izan duen auziarenak ere.
4) Kontratuaren gastuak, erosleak ordaindu baditu.
5) Kalteak eta korrituak, eta borondatezko edo atsegin hutsezko gastuak ere bai, gauza gaitzustez saldu bada.
1479. artikulua
Ebikzioaren ondorioz erosleak gauzaren zati bat galtzen badu, eta, gauza osoarekin alderatuz, zati hori hain garrantzitsua bada, ezen zati hori izan ez balitz, erosleak ez baitzukeen gauza hori erosiko, erosle horrek kontratuaren hutsalketa eska dezake; baina gauza itzultzeko betebeharra du, eskuraketa-unean gauza horrek zituen kargekin bakarrik.
Hori berori beteko da, baldin eta gauza bi edo gehiago batera saltzen badira goren mugako prezioaren truk, edo bakoitza bere prezioaren truk, eta argi eta garbi agertzen bada erosleak ez zukeela gauza bat bakarrik erosiko, horrekin batera bestea erosi izan ez balu.
1480. artikulua
Saneamendua ezin da eskatu, harik eta epai irmoa izan arte; epai horrek eroslea kondenatu behar du eskuratutako gauza osoa edo horren zati bat galtzera.
1481. artikulua
Saltzaileak saneamendu egokia egiteko betebeharra du, baldin eta frogatzen bada ebikziodemanda jakinarazi zaiola, erosleak hala eskaturik. Jakinarazpenik izan ezean, saltzaileak ez du saneamendu-betebeharrik izango.
1482. artikulua
Erosle demandatuak eskatuko du, Prozedura Zibilaren Legeak demandari erantzuteko ezarri duen epemugan, demanda hori saltzaileari edo saltzaileei ahalik arinen jakinaraztea.
Jakinarazpena egingo da, lege berberak demandatuak epatzeko ezartzen duen moduan.
Erantzuna emateko epemuga eroslearentzat eten egingo da, harik eta saltzailearentzat edo saltzaileentzat agerraldia egiteko eta demandari erantzuteko ezarri diren epemugak agortu arte; epemugok izango dira Prozedura Zibilaren Legeak demandatu guztientzat ezarritako epemuga berberak, artikulu honen lehenengo lerrokadan ezarritako jakinarazpenetik zenbatuta.
Ebikzioaren ondorioz zitatu direnak ez badira garaiz eta behar den moduan agertzen, erosleari begira aurrera egingo du demandari erantzuteko epe-mugak.
1483. artikulua
Saldutako finka ageriko ez den zama edo zortasun baten bidez kargaturik badago, eskrituran ezer aipatu gabe, eta zama horren izaera delaeta ulertu behar bada erosleak ez zukeela gauza hori erosiko, karga horren berri izan balu, erosle horrek kontratuaren hutsalketa eska dezake, salbu eta kalteordain egokia jasotzea hobesten duenean.
Eskritura egilesten denetik, urtebetean zehar, erosleak hutsaltze-akzioa egikari edo kalteordaina eska dezake.
Urtebetea igaro eta gero, erosleak kalteordaina bakarrik eska dezake, epealdi berean, zama edo zortasuna atzeman den egunetik zenbatuta.
2. Saldutako gauzaren ezkutuko akats edo zamen ondoriozko saneamendua
1484. artikulua
Saltzaileak betebeharra du saldutako gauzaren ezkutuko akatsak saneatzeko, baldin eta, akatson ondorioz, gauza ez bada egokia xedetzat duen erabilera betetzeko, edo akatsok erabilera hori hainbeste txikitu badute, ezen erosleak ezkutuko akats horien berri izan balu, ez baitzukeen gauza eskuratuko edo gauza horren truk prezio txikiagoa ordainduko baitzukeen; hala ere, saltzaileak ez du erantzukizunik izango ageriko edo begibistako akatsen gainean, ezta begibistan ez daudenen gainean ere, baldin eta eroslea aditua bada eta, beraren ogibide edo lanbidearengatik, erraz atzeman behar baditu halakoak.
1485. artikulua
Saltzaileak erosleari begira erantzukizuna du, saldutako gauzaren ezkutuko akats edo hutsengatik, nahiz eta horien berri izan ez.
Xedapen hori ez da aplikatuko, baldin eta aurkakoa hizpatu bada, eta saltzaileak ez badu izan saldutako gauzaren ezkutuko akats edo hutsen berririk.
1486. artikulua
Aurreko bi artikuluetako kasuetan, erosleak aukeran du kontratuan atzera egitea, berak ordaindu zituen gastuak berreskuratuz; edo, bestela, prezioa proportziozko kopuruan txikitzea, adituen iritziaren arabera.
Saltzaileak saldutako gauzaren ezkutuko akats edo hutsak badakizki, eta ez badizkio horiek adierazten erosleari, erosle horrek aukera berbera izango du eta, horrez gain, kaltegaleren ordaina emango zaio, hutsalketa aukeratzen badu.
1487. artikulua
Saldutako gauza galtzen bada ezkutuko akatsen ondorioz, eta saltzaileak horien berri badu, berak jasan beharko du galera, eta erosleari prezioa itzuli beharko dio eta kontratuaren gastuak ordaindu beharko dizkio, kalteordainarekin batera. Saltzaileak akatsen berririk ez badu, erosleari prezioa itzuli behar dio, eta erosle horrek pagatu dituen kontratugastuak ordaindu behar dizkio.
1488. artikulua
Saldutako gauzak ezkutuko akatsen bat badu salmenta-unean, eta geroago galtzen bada ezusteko kasuan edo eroslearen erruz, erosle horrek saltzaileari erreklama diezaioke berak ordaindutako prezioa, galera-unean gauzak zuen balioa kenduz.
Saltzaileak gaitzustez jardun badu, erosleari kalteordaina eman beharko dio, eta korrituak ordaindu beharko dizkio.
1489. artikulua
Epaiketazko salmentetan, ez da kaltegaleren gaineko erantzukizunik izango, baina aurreko artikuluetan xedaturiko beste guztia gertatuko da.
1490. artikulua
Aurreko bost artikuluek eratortzen dituzten akzioak sei hilabete igarotakoan azkenduko dira, saldutako gauza ematen denetik zenbatuta.
1491. artikulua
Animalia bi edo gehiago batera saltzen badira goren mugako prezioaren truk edo bakoitzarentzat finkatutako prezioaren truk, bakoitzaren tratuhauste akatsak berari dagokion tratua haustea bakarrik ekarriko du, eta ez besteena, salbu eta agertzen denean erosleak ez zukeela animalia osasuntsua erosiko, horrekin edo horiekin batera akastuna erosi izan ez balu.
Azken hori uste da, aberelorra, uztarria, bikotea edo sorta erosten denean, nahiz eta hori osatzen duten animaliei prezio banandua jarri.
1492. artikulua
Aurreko artikuluan animalien salmentari buruz xedatutakoa bestelako gauzen salmentari ere aplika dakiokeela ulertzen da.
1493. artikulua
Saneamendua ez da gertatuko animalia eta abelburuen ezkutuko akatsen ondorioz, baldin eta salmenta azokan edo jendaurreko enkantean egiten bada, edo salmenta hori zalditeria hondakin gisa besterentzeko egiten bada, hurrengo artikuluan ezarritako kasuan izan ezik.
1494. artikulua
Ezin dira salmentakontratuaren objektu izan gaixotasun kutsagarria duten abelburu eta animaliak. Horien inguruan egindako kontratu oro deuseza izango da.
Halaber, deuseza izango da abelburu eta animalien salmentakontratua, baldin eta kontratuan bertan adierazi bada zein zerbitzu edo erabileratarako eskuratzen diren animalia edo abelburu horiek, eta ez badute balio zerbitzu edo erabilera hori gauzatzeko.
1495. artikulua
Adituek azterketa egin arren, animaliek ezkutuko akatsen bat badute eta, akats horren izaera kontuan hartuta, adituen jakiteak ez badira nahiko hori atzemateko, akats hori tratua hausteko akatsa dela ulertuko da.
Hala ere, adituak, ezjakinean edo gaitzustez, ez badu akatsik atzematen edo adierazten, kaltegaleren gaineko erantzukizuna izango du.
1496. artikulua
Tratuhauste akzioa animalien akats edo hutsetan oinarritzen bada, akzio hori berrogei eguneko epean jarri beharko da, animalia erosleari ematen zaionetik zenbatuta, salbu eta herri bakoitzeko usadioetan epe luzeagoak edo laburragoak ezartzen direnean.
Animalien salmentetan, akzio hori egikaritu ahal izango da legeak edo toki usadioek ezarritako akats eta hutsei dagokienez bakarrik.
1497. artikulua
Animalia hiltzen bada hori erosi eta hiru egunetara, saltzaileak izango du erantzukizuna, baldin eta animaliaren heriotza eragin duen gaixotasuna kontratuaren aurrekoa bada, adituen iritziz.
1498. artikulua
Salmenta suntsiarazi eta gero, animalia itzuli beharko da hori saldu eta eman zen egoera berean; eta erosleak erantzukizuna izango du bere zabarkeriaren ondoriozko narriaduren gainean, baldin eta narriadurok ez badira tratua hausteko akats edo hutsek eratortzen dituztenak.
1499. artikulua
Animalia eta abelburuek tratua hausteko akatsak badituzte, horien salmentetan, erosleak 1486. artikuluan adierazitako ahalmena izango du; alabaina, ahalmen hori erabili beharko du, tratuhauste akzioa egikaritzeko epemuga berberaren barruan, kasuankasuan adierazten den bezala.
V. KAPITULUA
Eroslearen betebeharrak
1500. artikulua
Erosleak betebeharra izango du, berari saldutako gauzaren prezioa kontratuan finkaturiko epe eta lekuan ordaintzeko.
Kontratuak ez baditu horiek finkatzen, ordainketa egin beharko da saldutako gauzaren ematea gauzatzen den epe eta lekuan.
1501. artikulua
Erosleak korrituak zor izango ditu, gauzaren ematetik prezioaren ordainketa arteko denboran zehar, hurrengo hiru kasuotan:
1) Hala hitzartzen bada.
2) Saldu eta emandako gauzak fruituak edo errentak ematen baditu.
3) Eroslea berandutzan jartzen bada, 1100. artikuluaren arabera.
1502. artikulua
Erosleari nahasmendu eragiten bazaio eskuraturiko gauzaren edukitzan edo jabarian, edo erreibindikazio-akzioaren nahiz akzio hipotekarioaren bidez hori gertatuko delako beldur oinarriduna badu, prezioaren ordainketa eten dezake, saltzaileak nahasmendua edo arriskua desagerrarazi arte, salbu eta prezioaren itzulketa fidantza bidez bermatzen denean edo, mota horretako gertakizunak jazo arren, erosleak ordainketa egiteko beharra duela hizpatu denean.
1503. artikulua
Saltzaileak arrazoi oinarriduna badu saldutako ondasun higiezina eta horren prezioa galtzearen beldur izateko, kontratuaren suntsiarazpena eragin dezake berehala.
Halako arrazoirik ez badago, 1124. artikuluan xedaturikoa beteko da.
1504. artikulua
Ondasun higiezinen salmentan, nahiz eta hitzarturiko epean prezioa ez ordaintzeak Zuzenbide osoz kontratuaren suntsiarazpena dakarrela hizpatu, erosleak ordainketa egin dezake, baita epe-muga agortu eta gero ere, baldin eta oraindik ez bazaio agindeirik egin epaiketaren bidez edo notarioaktaren bidez. Behin agindeia egin eta gero, epaileak ezin dio beste epe-mugarik eman erosleari.
1505. artikulua
Ondasun higigarriei dagokienez, salmentaren suntsiarazpena Zuzenbide osoz gertatuko da, saltzailearen intereserako, baldin eta erosleak, gauza emateko finkatu den epe-muga heldu aurretik, ez badu bere burua aurkezten gauza hori jasotzeko edo, aurkeztuta ere, aldi berean ez badu prezioa eskaintzen, salbu eta prezioaren ordainketarako epe luzeagoa itundu denean.
VI. KAPITULUA
Salmenta suntsiaraztea
1506. artikulua
Salmenta suntsiarazten da betebehar guztiak suntsiarazteko arrazoi berberen ondorioz; eta, horiez gain, aurreko kapituluetan adierazitako arrazoien ondorioz, eta hitzarmenezko nahiz legezko atzeraeskuratzearen ondorioz.
I. ATALA
Hitzarmenezko atzeraeskuratzea
1507. artikulua
Hitzarmenezko atzeraeskuratzea gertatuko da, saltzaileak bere buruarentzat erreserbatzen duenean saldutako gauza berreskuratzeko eskubidea, betiere 1518. artikuluan adierazitakoa eta itundutako beste guztia betetzeko betebeharrarekin.
1508. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko eskubideak, esanbidezko itunik izan ezean, lau urte iraungo du, kontratuaren datatik zenbatuta.
Hizpaketa eginez gero, epea ezin da hamar urtetik gorakoa izan.
1509. artikulua
Saltzaileak ez badu betetzen 1518. artikuluan agindutakoa, erosleak modu ezeztaezinean eskuratuko du saldutako gauzaren jabaria.
1510. artikulua
Saltzaileak bere akzioa egikari dezake eroslearengandik eskubidea lortu duen edukitzaile ororen aurka, nahiz eta bigarren kontratuan hitzarmenezko atzeraeskuratzea aipatu ez, Hipoteka Legeak hirugarrenei begira xedatutakoa salbu.
1511. artikulua
Erosleak saltzailea ordezten du horren eskubide eta akzio guztietan.
1512. artikulua
Saltzailearen hartzekodunek ezin izango dute hitzarmenezko atzeraeskuratzea erabili eroslearen aurka, aurretik saltzailearen ondasunetan eskusioa egin ez badute.
1513. artikulua
Erosleak, atzeraeskuratzeko itunarekin, finka indibisoaren zati bat erosi eta, ondoren, finka osoa eskuratzen badu 404. artikuluko kasuan, saltzailea behartu dezake finka osoa kargatik askatzera, baldin eta saltzaile horrek atzeraeskuratzea erabili nahi badu.
1514. artikulua
Norbaitzuek, batera eta kontratu batean bakarrik, finka indibisoa saltzen badute atzeraeskuratzeko itunarekin, ezin dute eskubide hori egikaritu, bakoitzari dagokion zatian baino.
Gauza bera beteko da, baldin eta bere kabuz finka saldu duenak zenbait jaraunsle utzi baditu; kasu horretan, jaraunsle horietako bakoitzak berak eskuratutako zatia bakarrik aska dezake.
1515. artikulua
Aurreko artikuluko kasuetan, erosleak saltzaile edo jaraunskide guztiei eska diezaieke, saldutako gauza osoa kargatik askatzeko ados jartzea; eta, ez badute hala egiten, ezin izango da eroslea behartu zatikako atzeraeskuratzea onartzera.
1516. artikulua
Finka indibisoaren jabekide bakoitzak bere kautan saltzen badu bere zatia, egikaritu ahal izango du, banandurik ere, atzeraeskuratzeko eskubidea, berari dagokion zatiaren arabera; eta erosleak ezin izango du jabekide hori behartu finka osoa kargatik askatzera.
1517. artikulua
Erosleak zenbait jaraunsle utzi baditu, atzeraeskuratzeko akzioa ezin izango da egikaritu horietako bakoitzaren aurka, horri dagokion zatian baino, finka indibisoan egon nahiz jaraunsleen artean banatuta egon.
Hala ere, jarauntsia zatitzen bada eta saldutako gauza jaraunsleetatik bati adjudikatzen bazaio, atzeraeskuratzeko akzioa horren aurka jar daiteke, jarauntsi osoari dagokionez.
1518. artikulua
Saltzaileak ezin izango du atzeraeskuratzeko eskubidea erabili, erosleari salmentaren prezioa ordaindu gabe eta, horrez gain:
1) Kontratuaren gastuak, eta salmentarako egin den beste edozein ordainketa legitimo.
2) Saldutako gauza horretan eginiko gastu nahitaezko eta onuragarriak.
1519. artikulua
Salmenta egitean, finkan ageriko fruituak edo fruitu sortuak badaude, ez dira ordainduko, ez lainduko, atzeraeskuratzeko unean daudenak.
Salmenta egitean fruiturik ez badago, eta atzeraeskuratzeko unean halakoak badaude, fruituok atzeraeskuratzailearen eta eroslearen artean lainduko dira, eta erosleari emango zaio erosle horrek, salmenta-unetik zenbatuta, azken urtean finkaren edukitza zenbat denbora izan eta horren araberako zatia.
1520. artikulua
Saltzaileak saldutako gauza berreskuratzen badu, gauza hori jasoko du, erosleak jarri dizkion zama edo hipoteka guztietatik aske; baina saltzaile horrek onartu beharko ditu erosleak onustez eta gauza dagoen tokiko ohituraren arabera eginiko errentamenduak.
II. ATALA
Legezko atzeraeskuratzea
1521. artikulua
Legezko atzeraeskuratzea eskubidea da, kontratuan hizpaturiko baldintza berberetan, erosketa nahiz ordainean ematearen bidez gauza nork eskuratu eta horren lekuan subrogatzekoa.
1522. artikulua
Gauza erkidearen jabekideak atzeraeskuratzea erabil dezake, kanpoko bati besterentzen bazaio gainerako ugazabakide guztien edo horietako baten zatia.
Bi jabekide edo gehiagok atzeraeskuratzea erabili nahi badute, hori egin ahal izango dute, gauza erkidearen gain duten zatiaren lainean bakarrik.
1523. artikulua
Atzeraeskuratzeko eskubidea izango dute, halaber, lur mugakideen jabeek, baldin eta, landa-finkaren salmenta izanik, horren luzezabala hektarea batetik gorakoa bada.
Aurreko lerrokadan aipatutako eskubidea ezin zaie aplikatu lur mugakideei, horiek erreka, erreten, sakan, bide edo bestelako zortasun agerikoen bidez bananduta badaude, beste finka batzuen probetxurako.
Bi mugakidek edo gehiagok aldi berean atzeraeskuratzea erabiltzen badute, lehenespena izango du luzezabalik txikiena duen lur mugakidearen ugazabak; eta, lur biek luzezabal berbera badute, atzeraeskuratzea lehenago eskatu duenak.
1524. artikulua
Ezin izango da legez atzeraeskuratzeko eskubidea egikaritu, bederatzi eguneko epean ez bada, Erregistroan egindako inskripziotik zenbatuta, edo, inskripziorik izan ezean, atzeraeskuratzaileak salmentaren berri izan duenetik zenbatuta.
Erkideen arteko atzeraeskuratzeak mugakideena baztertzen du.
VII. KAPITULUA
Kredituen eta gainerako eskubide gorpuzgabeen eskualdaketa
1526. artikulua
Kreditu, eskubide edo akzioaren lagapenak ez du ondorerik sortuko hirugarrenaren aurka, 1218 eta 1227. artikuluekin bat etorriz data zehatza dela ulertu behar denetik baino.
Lagapena ondasun higiezinen gainekoa bada, hori Erregistroan inskribatzen denetik.
1527. artikulua
Zordunak, lagapenaren berri izan baino lehen, hartzekodunari ordaintzen badio, zordun hori betebeharretik aske geratuko da.
1528. artikulua
Kredituaren salmenta edo lagapenak bere barruan hartzen ditu eskubide erantsi guztiak, besteak beste, fidantza, hipoteka, bahia edo pribilejioa.
1529. artikulua
Saltzaile onustedunak kredituaren izate eta legitimitatearen gaineko erantzukizuna izango du salmenta-unean, kreditu hori zalantzazko kreditu gisa saltzen denean izan ezik; baina ez du zordunaren kaudimenaren gaineko erantzukizunik izango, salbu eta hori beren beregi hizpatzen denean edo kaudimengabezia aurretiazko eta jendaurrekoa denean.
Kasu horietan ere, jasotako prezioaren eta 1518. artikuluko 1. zenbakian adierazitako gastuen gaineko erantzukizuna bakarrik izango du saltzaileak.
Saltzaile gaitzustedunak erantzukizuna izango du beti, gastu guztien ordainketaren gainean, eta kaltegaleren gainean ere bai.
1530. artikulua
Lagatzaile onustedunak bere gain hartzen badu zordunaren kaudimenaren gaineko erantzukizuna, eta kontratugileek ez badute ezer hizpatu erantzukizunaren iraupenari buruz, erantzukizun horrek urtebete bakarrik iraungo du kredituaren lagapenetik zenbatuta, baldin eta epea mugaeguneratuta badago.
Kreditua ordaindu behar bada oraindik heldu ez den epe-muga edo epean, erantzukizuna urtebete igarotakoan amaituko da mugaegunetik zenbatuta.
Kreditua betiereko errenta bat bada, erantzukizuna azkendu egingo da hamar urte igarotakoan, lagapenaren datatik zenbatuta.
1531. artikulua
Norbaitek jarauntsia saltzen badu jarauntsi hori osatzen duten gauzak aipatu gabe, jaraunsle izatearen ondoriozko erantzukizuna bakarrik izango du.
1532. artikulua
Norbaitek, goren mugako prezioaren truk edo osoosorik, zenbait eskubide, errenta edo produktu saltzen baditu, nahiko izango du osotasunaren legitimitatearen gain orokorrean erantzukizuna izatearekin; baina ez du betebeharrik izango, osotasun horretako zati bakoitzaren saneamenduaren gain, salbu eta osotasunaren edo horren zatirik handienaren ebikzioa gertatzen denean.
1533. artikulua
Saltzaileak, berak saldutako jarauntsitik, fruitu batzuk aprobetxatzen baditu edo beste gauzaren bat jasotzen badu, horiek erosleari ordaindu beharko dizkio, aurkakorik itundu ez bada.
1534. artikulua
Erosleak, bestalde, saltzaileari eman beharko dio horrek jarauntsiko zor eta zamen ondorioz ordaindu duen guztia, eta jarauntsiaren aurkako kredituengatik ordaindutakoa ere bai, aurkako itunik izan ezean.
1535. artikulua
Kreditu auzigaia saltzen bada, zordunak hori azkentzeko eskubidea izango du, baldin eta lagapenhartzaileari ordaintzen badizkio berak ordaindutako prezioa, berari eragindako kostuak, eta prezioa ordaindu zen egunetik horrek sortu dituen korrituak.
Kreditua auzigaitzat hartuko da, horri buruzko demandari erantzuten zaionetik.
Zordunak bere eskubidea erabil dezake bederatzi egunen barruan, lagapenhartzaileak berari ordainketa erreklamatzen dionetik zenbatuta.
1536. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoari begira, salbuespen gisa har daitezke lagapen edo salmentak, baldin eta horiek egin bazaizkio:
1) Lagatako eskubidearen jaraunskide edo ugazabakide bati.
2) Hartzekodunari, horren kredituaren ordainean.
3) Finkaren edukitzaileari, lagatako eskubide auzigaiaren menpe dagoenean finka.
VIII. KAPITULUA
Xedapen orokorra
1537. artikulua
Titulu honetan xedatutako guztia ulertzen da, ondasun higiezinei buruz Hipoteka Legean agindutakoaren menpe.
V. TITULUA
TRUKAKETA
1538. artikulua
Trukaketa kontratua da, eta, horren bidez, kontratugileetako batek bere gain hartzen du gauza bat emateko betebeharra, beste bat jasotzeko.
1539. artikulua
Kontratugileetako batek jasotzen badu trukaketan berari hitzeman zaion gauza, eta egiaztatzen badu gauza hori ez dela nork eman eta pertsona horrena, ezin da kontratugilea behartu berak trukean eskaini zuena ematera; eta nahiko izango du berak jaso zuena itzultzearekin.
1540. artikulua
Norbaitek ebikzioaren ondorioz galtzen badu trukaketan jasotako gauza, aukeran du berak trukean eman zuena berreskuratu edo kaltegaleren ordaina erreklamatzea; baina berak eman zuen gauza berreskuratzeko eskubidea erabili ahal izango du, gauza hori oraindik beste trukagilearen eskuetan badago bakarrik, betiere bien bitartean gauza horren gain hirugarrenak onustez eskuratzen dituen eskubideei kalterik egin gabe.
1541. artikulua
Titulu honetan beren beregi arautzen ez diren gaietan, trukaketa arautuko dute salmentari buruzko xedapenek.
VI. TITULUA
ERRENTAMENDU-KONTRATUA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1542. artikulua
Errentamendua gauzena edo obra nahiz zerbitzuena izan daiteke.
1543. artikulua
Gauzen errentamenduan, alderdietako batek bere gain hartzen du besteari gauzaren gozatzea edo erabilera emateko betebeharra, epe zehatzerako eta prezio jakinaren truk.
1544. artikulua
Obra edo zerbitzuen errentamenduan, alderdietako batek bere gain hartzen du beste alderdiarentzat obra gauzatu edo zerbitzua egiteko betebeharra, prezio jakinaren truk.
1545. artikulua
Erabileraren erabileraz kontsumitzen diren ondasun suntsikorrak ezin dira kontratu honen gai izan.
II. KAPITULUA
Landa-finken eta hiri-finken gaineko errentamenduak
I. ATALA
Xedapen orokorrak
1546. artikulua
Errentatzaile deritzo gauzaren erabilera laga, obra gauzatu edo zerbitzua egiteko betebeharra hartzen duenari; eta errentari deritzo gauzaren erabilera edo obra zein zerbitzurako eskubidea eskuratzen duenari, horiek ordaintzeko betebeharrarekin batera.
1547. artikulua
Ahozko errentamendu-kontratuaren betearazpena hasi eta ezin bada hitzarturiko prezioa frogatu, errentariak errentzatzaileari itzuliko dio errentapeko gauza; eta araututako prezioa emango dio, gauza lupertu izan duen denboraren arabera.
1548. artikulua
Guraso edo tutoreek, adingabe edo ezgaituen ondasunei dagokienez, eta ondasunen administratzaileek ere, ahalorde berezirik ez badute, ezin izango dituzte gauzak errentan eman, sei urtetik gorako epe-mugarako.
1549. artikulua
Hirugarrenei begira, ondasun higiezinen errentamenduek ez dute ondorerik izango, ez badaude behar bezala inskribatuta Jabetza Erregistroan.
1550. artikulua
Gauzen errentamendu-kontratuan ez badago hori beren beregi debekatuta, errentariak azpierrentan eman dezake, osoosorik zein zati batez, errentapeko gauza, errentari horrek errentatzaileari begira kontratuaren betetzearen gain duen erantzukizunari kalterik egin gabe.
1551. artikulua
Azpierrentariak azpierrentatzaileari begira duen betebeharrari kalterik egin gabe, azpierrentari horrek betebeharra du, errentatzailearen mesederako, errentapeko gauza erabili eta artatzeko egintza guztien ondorioz, errentatzaileak eta errentariak itundutako moduan.
1552. artikulua
Azpierrentariak betebeharra du, halaber, errentatzaileari begira, azpierrentamenduan hitzarturiko preziotik zor duen zenbatekoaren ondorioz, hori zor badu agindeia egin denean; ordainketa aurreratuak egingabekotzat hartzen dira, ez badira ohituraren arabera gauzatu.
1553. artikulua
Errentamendu-kontratuari aplika dakizkioke salerosketari buruzko tituluan saneamenduaren inguruan jasotako xedapenak.
Prezioa itzultzea bidezkoa den kasuetan, txikipena egingo da, errentariak gauza lupertu izan duen denboraren arabera.
II. ATALA
Errentatzaile eta errentariaren eskubide eta betebeharrak
1554. artikulua
Errentatzaileak betebeharra du:
1) Errentariari kontratuaren objektu den gauza emateko.
2) Gauza horretan, errentamendua bitartean, beharrezkoak diren konponketa guztiak egiteko, konponketok beharrezkoak badira gauzak xedetzat duen erabilerarako balio dezan.
3) Errentariak errentamenduaren gozatze baketsua izan dezan zaintzeko, kontratuak dirauen bitartean.
1555. artikulua
Errentariak betebeharra du:
1) Errentamenduaren prezioa ordaintzeko, hitzartutakoaren arabera.
2) Errentapeko gauza familiako guraso arretatsu batek egingo zukeen bezala erabiltzeko, gauza horri itundutako xedea emanez; eta, itunik ez badago, errentapeko gauzari horren izaerak, lurraldeko ohituraren arabera, eratortzen duen xedea emanez.
3) Kontratuaren eskriturak eragindako gastuak ordaintzeko.
1556. artikulua
Errentatzaileak edo errentariak ez baditu betetzen aurreko artikuluetan aipaturiko betebeharrak, kontratuaren hutsalketa eta kaltegaleren ordaina eska daiteke; edo, bestela, azken hori bakarrik, kontratua indarrean utziz.
1557. artikulua
Errentatzaileak ezin du aldatu errentapeko gauzaren forma.
1558. artikulua
Errentamendua bitartean, beharrezkoa bada presako konponketaren bat egitea errentapeko gauza horretan, eta konponketa ezin bada atzeratu errentamendua amaitu arte, errentariak obra jasateko betebeharra du, berarentzat hori oso gogaikarria bada ere eta obra bitartean finkaren zati bat kentzen bazaio ere.
Konponketak berrogei egun baino gehiago badirau, errentaren prezioa txikitu behar da, konponketak dirauen denboraren arabera eta errentariari horren ondorioz kentzen zaion finka-zatiaren arabera.
Obraren izaerarengatik, ezinezko bihurtzen bada errentaria eta beraren familia zati horretan bizitzea, errentariak kontratua hutsal dezake.
1559. artikulua
Errentariak betebeharra du, jabeari, ahalik arinen, usurpazio edota berrikuntza kaltegarri guztien berri emateko, errentapeko gauza horretan halakoak egin baditu beste pertsona batek edo zalantzarik gabe halakoak prestaturik baditu.
Errentariak betebeharra du, halaber, ugazabari, presa berberarekin, konponketa guztien beharrizanaren berri emateko, horiek 1554. artikuluaren 2. zenbakian jasotakoak badira.
Bi kasuotan, errentariak kaltegaleren gaineko erantzukizuna izango du, bere zabarkeriarengatik jabeari halakoak eragiten bazaizkio.
1560. artikulua
Errentatzaileak ez du betebeharrik, hirugarrenak errentapeko finkaren erabileran eragiten duen egitezko nahasmenduaren gain; hala ere, errentariak zuzeneko akzioa izango du nahasmendueragilearen aurka.
Ez dago egitezko nahasmendurik, hirugarrenak, Administrazioa izan zein gizabanakoa izan, berari dagokion eskubidearen ondorioz jarduten badu.
1561. artikulua
Errentariak finka itzuli behar du errentamendua amaitzean, berak jaso zuen egoera berean, salbu eta denboraren poderioz edo arrazoi saihestezinaren ondorioz gauza hori suntsitu edo narriatu denean.
1562. artikulua
Errentamendua egitean ez bada adierazten zein den finkaren egoera, legearen arabera uste da errentariak egoera onean jaso duela finka hori, salbu eta aurkakoa frogatzen denean.
1563. artikulua
Errentariak erantzukizuna du errentapeko gauzari eragiten zaion narriaduraren gain edo horren galeraren gain, salbu eta frogatzen duenean bere errurik gabe gertatu dela hori.
1564. artikulua
Errentariak erantzukizuna du, bere etxeko pertsonek eragindako narriaduraren gain.
1565. artikulua
Errentamendua epe zehatz baterako egiten bada, aurretiaz finkatutako egunean amaituko da, agindeiaren beharrik gabe.
1566. artikulua
Kontratua amaitzean errentariak errentapeko gauza lupertzeari eusten badio hamabost egunetan, horretarako errentatzailearen adostasuna izanik, ulertzen da isilbidezko luzapena dagoela 1557 eta 1581. artikuluek ezartzen duten denborarako, salbu eta aurretiaz agindeia egin denean.
1567. artikulua
Isilbidezko luzapenaren kasuan, amaitu egiten dira, horri begira, hirugarrenak kontratu nagusiaren segurtasunerako eman dituen betebeharrak.
1568. artikulua
Errentapeko gauza galtzen bada edo kontratugileetako batek ez badu hizpatutakoa betetzen, hurrenez hurren, 1182 eta 1183. artikuluetan, eta 1101 eta 1124. artikuluetan xedatutakoa beteko da.
1569. artikulua
Errentatzaileak epaiketa bidez bota dezake errentaria, hurrengo arrazoietatik edozeinen ondorioz:
1) Hitzarturiko epe-muga edo 1577 eta 1581. artikuluetan errentamenduen iraupenerako finkatutakoa agortzea.
2) Prezio hitzartua ez ordaintzea.
3) Kontratuan hizpatutako baldintzetatik edozein haustea.
4) Errentapeko gauza destinatzea itundu ez diren erabilera nahiz zerbitzuetarako, edo gauza horren erabilera ez jartzea 1555. artikuluaren 2. zenbakian agindutakoaren menpe.
1570. artikulua
Aurreko artikuluan aipatutako kasuetatik kanpo, errentariak eskubidea izango du, 1577 eta 1581. artikuluetan ezarritako epe-mugak aprobetxatzeko.
1571. artikulua
Errentapeko finkaren erosleak eskubidea du, indarreko errentamendua salmenta gauzatzean buka dadin, salbu eta aurkakoa ituntzen denean, eta Hipoteka Legean xedatutakoari kalterik egin gabe.
Erosleak eskubide hori erabiltzen badu, errentariak horri eska diezaioke aribideko nekazaritza-urteari dagokion uztaren fruituak jasotzen uzteko; eta saltzaileari, errentariak izan dituen kaltegaleren ordaina emateko.
1572. artikulua
Erosleak atzeraeskuratzeko ituna badu, ezin du erabili errentaria botatzeko ahalmena, harik eta atzeraeskuratzea erabiltzeko epea amaitu arte.
1573. artikulua
Errentariak, hobekuntza onuragarri eta borondatezkoei dagokienez, gozamendunari ematen zaion eskubide berbera izango du.
1574. artikulua
Errentamendua ordaintzeko leku eta epeari buruz ez bada ezer itundu, beteko da, lekuari begira, 1171. artikuluan xedatutakoa; eta, epeari begira, lurraldeko ohitura.
III. ATALA
Landa-lurren errentamenduei buruzko xedapen bereziak
1575. artikulua
Errentariak ez du errenta txikitzeko eskubiderik izango, errentapeko lurraren antzutasunaren ondorioz, edo ezusteko arrunten kasuan izandako fruitu-galeraren ondorioz; bai, ordea, fruituen erdia baino gehiago galtzen denean aparteko eta aurreikusezineko ezustekoen ondorioz, aurkako itun berezia salbu.
Aparteko ezustekotzat har daitezke: sutea, gerra, izurritea, ezohiko uholdea, lanbrotxa-izurria, lurrikara eta beste edozein, hori ere ezohikoa bada eta alderdiek ezin badute hori zentzuz aurreikusi.
1576. artikulua
Era berean, errentariak ez du errenta txikitzeko eskubiderik, fruituak galtzen badira euren sustrai edo enborretik banandu eta gero.
1577. artikulua
Landa-lurraren errentamenduan ez bada horren iraupena finkatzen, ulertzen da errentamenduak iraungo duela errentapeko finka osoak, urtebetean edo behingoz, eman ditzakeen fruituak biltzeko beharrezkoa den denbora osoan, nahiz eta bi urte edo gehiago igaro behar, fruituok lortzeko.
Lugintzarako lurrak bi sail edo gehiagotan zatituta badaude, ulertzen da sailak bezainbeste urte dirauela errentamenduak.
1578. artikulua
Errentari izateari uzten dionak errentari hasi berriari utzi behar dio lokala erabiltzen, eta hurrengo urtea prestatzeko lanetan beharrezkoak diren gainerako baliabideak erabiltzen ere bai; eta, halaber, errentari hasi berriaren betebeharra da, kolono izateari uzten dionak fruituak bildu eta aprobetxatzeko behar duen oro ahalbidetzea, hori guztia herriko ohituraren arabera.
1579. artikulua
Apartzeriaren ondoriozko errentamendua egiten bada lugintzarako lurren gain, hazkuntzarako abelburuen gain edo fabrika- nahiz industria-establezimenduen gain, errentamendu hori arautzen dute sozietate-kontratuari buruzko xedapenek eta alderdien hizpaketek; eta, halakorik izan ezean, lurraldeko ohiturak.
IV. ATALA
Hiri-lurren errentamenduari buruzko xedapen bereziak
1580. artikulua
Itun berezirik izan ezean, herriko ohitura beteko da hiri-lurren konponketei begira, konponketok jabearen kontura egin behar badira. Zalantzarik izanez gero, ulertuko da konponketok jabearen kontura egin behar direla.
1581. artikulua
Ez bada eperik ezartzen errentamenduaren inguruan, ulertzen da hori urtebeteka egin dela, urteko alogera finkatu bada; hilabeteka, harakoa hilekoa bada; eta egunbeteka, hura egunekoa bada.
Edozein kasutan ere, errentamendua amaitzen da, agindei bereziaren beharrik gabe, epe-muga betetzean.
1582. artikulua
Norbait etxearen edo horren zati baten errentatzailea izan eta etxe hori familiaren etxebizitzarako destinatzen bada, edo pertsona hori denda, biltegi, fabrika- nahiz industria-establezimenduaren errentatzailea bada, eta altzariak ere errentan ematen baditu, ulertuko da altzarion errentamenduak errentapeko finkarenak beste dirauela.
III. KAPITULUA
Obra- eta zerbitzu-errentamenduak
I. ATALA
Morroiek eta alokairupeko langileek egindako zerbitzua
1583. artikulua
Mota horretako zerbitzuak kontrata daitezke epe finkorik gabe, epe zehatz baterako edo obra jakin baterako. Bizi arteko errentamendua deuseza da.
1584. artikulua
Etxeko morroia nagusiaren edo beraren familiaren zerbitzu pertsonalerako destinatzen bada epe zehatz baterako, lana utz dezake edo iraitzia izan daiteke epe-muga agortu baino lehen; baina, nagusiak morroioa iraizten badu arrazoi zuzenik izan gabe, kalteordain gisa ordaindu behar dizkio sortutako alokairua eta beste hamabost egunekoa.
Jabeak esandakoa sinetsiko da, horren aurkako frogarik izan ezean:
1) Etxeko zerbitzariak jaso beharreko alokairuaren zenbatekoari buruz.
2) Aribidean dagoen urtean sortutako alokairuen ordainketari buruz.
1585. artikulua
Aurreko artikuluetan agindutakoaz gain, nagusi eta zerbitzariei buruz beteko da lege eta araudi bereziek ezartzen dutena.
1586. artikulua
Nekazaritzako morroiek, burdinalangileek, eskulangileek eta, obra jakin baterako eta epe zehatz batean, alokairupean diharduten gainerako langileek ere ezin dute lana utzi, eta ezin dira iraitziak izan kontratuaren betetzea gertatu baino lehen, arrazoi zuzenik ez badago.
1587. artikulua
Aurreko artikuluek aipatzen dituzten morroi, burdin langile, eskulangile eta alokairupeko beste langileak iraizten badira, iraizpenak eskubidea ematen du, horiei erremintak eta euren karguarengatik okupatzen dituzten eraikinak kentzeko.
II. ATALA
Goren mugako gaikuntza edo prezioarekin egindako obrak
1588. artikulua
Obraren betearazpena kontrata daiteke, hitzartzen bada obra hori betearazten duenak bere lan edo industria bakarrik jarriko duela, edo gaiak ere berak jarriko dituela.
1589. artikulua
Norbaitek obra kontratatu eta bere gain hartzen badu gaiak jartzeko betebeharra, berak jasan behar du galera, obra eman baino lehen hori suntsitzen bada, salbu eta, obra jasotzean, berankortasuna izan denean.
1590. artikulua
Norbaitek bere gain hartzen badu bere lan edo industria jartzeko betebeharra bakarrik, ezin du inolako ordainsaririk erreklamatu, baldin eta, obra eman aurretik, hori suntsitzen bada, salbu eta obra hori jasotzean berankortasuna izan denean, edo suntsipena gaien kalitate txarraren ondorioz gertatu denean, betiere inguruabar hori behar bezala ohartarazi zaionean ugazabari.
1591. artikulua
Eraikina aurrian badago eraikuntza-akatsen ondorioz, eraikin horren kontratariak kaltegaleren gaineko erantzukizuna du, baldin eta aurri hori eraikuntza amaitu eta hurrengo hamar urteetan gertatzen bada; erantzukizun berbera eta epe berean izango du eraikuntza zuzendu duen arkitektoak, baldin eta aurria lurzoruaren edo zuzendaritzaren akatsa dela-eta gertatzen bada.
Arrazoia bada kontratariak kontratuaren baldintzak ez gauzatzea, kalteordainaren gaineko akzioak hamabost urte iraungo du.
1592. artikulua
Norbaitek bere gain hartzen badu obra bat atalka edo neurri-unitateka egiteko betebeharra, pertsona horrek ugazabari eska diezaioke obra hori zatika jaso eta proportzio horretan ordaintzea. Ordaindutako zatia onartu eta jaso dela uste da.
1593. artikulua
Arkitektoa edo kontrataria arduratzen bada, goren mugako gaikuntzaren bidez, eraikina egiteaz, edo bestelako obra egiteaz, lurzoruaren jabearekin hitzarturiko planoaren arabera, arkitekto edo kontratariak ezin du prezioa handitzea eskatu, nahiz eta lansarien edo gaien prezioek gora egin; eska dezake hori, ordea, planoan aldaketaren bat egin eta horrek obra handitzea dakarrenean, baldin eta jabeak baimena eman badu.
1594. artikulua
Ugazabak obraren eraikuntzan atzera egin dezake bere borondate hutsez, nahiz eta obra hasita egon, baldin eta kontratariari kalteordain gisa ematen badizkio horrek izan dituen gastuak, egindako lana eta obratik lor zezakeen onura.
1595. artikulua
Obra zehatza egiteko ardura pertsona jakin baten esku uzten bada, horrek dituen ezaugarri pertsonalengatik, kontratua hutsaltzen da pertsona horren heriotzaren ondorioz.
Kasu horretan, jabeak eraikitzailearen jaraunsleei ordaindu behar die, hitzartutako prezioaren arabera, jadanik burututa dagoen obra-zatiaren balioa eta prestatutako gaien balioa ere bai, gaiok onuraren bat badakarte.
Gauza bera ulertuko da, baldin eta obra kontratatu duenak ezin badu hori amaitu, bere borondatetik kanpoko arrazoi baten ondorioz.
1596. artikulua
Kontratariak erantzukizuna izango du, obran erabiltzen dituen pertsonek egindako lanarengatik.
1597. artikulua
Norbaitek bere lan eta gaiak jartzen baditu, kontratariak goren mugarekin gaitutako obra batean, akzioa izango du obra horren ugazabaren aurka, erreklamazioa egiten denean ugazaba horrek kontratariari zor dion kopururaino bakarrik.
1598. artikulua
Obra jabearen nahiaren arabera egin behar dela hitzartuz gero, ulertzen da, adostasunik izan ezean, obraren onespena erreserbatu zaiola kasuan kasuko adituaren iritziari. Obra onetsi behar duen pertsona hirugarrena bada, horrek erabakitakoa beteko da.
1599. artikulua
Aurkako itun edo ohiturarik izan ezean, obraren prezioa ordaindu beharko da obra hori ematean.
1600. artikulua
Norbaitek obra gauzatzen badu gauza higigarriaren gain, gauza hori bahi moduan atxikitzeko eskubidea du, ordainketa jaso arte.
III. ATALA
Itsaso nahiz lehorreko garraioak, bai pertsonenak, bai gauzenak
1601. artikulua
Efektuak lehorrez nahiz itsasoz gidatzen dituztenak, euren ardurapeko gauzak zaindu eta artatzeari dagokionez, 1783 eta 1784. artikuluek ostalarientzat ezartzen dituzten betebehar berberen menpe daude.
Artikulu honetan xedatutakoa ulertzen da, Merkataritza Kodeak itsaso nahiz lehorreko garraioen inguruan ezarritakoari kalterik egin gabe.
1602. artikulua
Erantzukizun berbera dute gidariek, eurek jasotako gauzak galdu edo matxuratzen badira, salbu eta galera edo matxura ezusteko kasuaren ondorioz edo ezinbesteko kasuan gertatu dela frogatzen dutenean.
1603. artikulua
Artikulu hauetan xedaturikoa ulertzen da, lege eta araudi berezietan agindutakoari kalterik egin gabe.
VII. TITULUA
ZENTSUAK
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1604. artikulua
Zentsua eratzen da, zenbait ondasun higiezin urteko kanon edo korritu batzuen ordainketari lotuta geratzen direnean, diruz jasotzen den kapitala ordaintzeko, edo ondasun higiezin horien gaineko jabari osoa nahiz ezosoa ordaintzeko.
1605. artikulua
Enfiteusi-zentsua bada izan, norbaitek beste inori finkaren jabari erabilgarria lagatzen dionean, eta berarentzat erreserbatzen dituenean zuzeneko jabaria eta enfiteusidunaren eskutik urteko pentsioa jasotzeko eskubidea, jabari horren berorren aitorpen gisa.
1606. artikulua
Zainpeketa-zentsua bada izan, zentsuhartzaileak, bere jabetzapeko ondasun higiezinaren gainean, zentsuemaileari ordaindu beharreko kanon edo pentsioaren karga ezartzen duenean, zentsuemaile horren eskutik diruz jaso duen kapitalaren ondorioz.
1607. artikulua
Erreserba-zentsua bada izan, norbaitek beste inori ondasun higiezinaren gaineko jabari osoa lagatzen dionean eta berarentzat erreserbatzen duenean, zentsuhartzailearen eskutik eta ondasun higiezin berberaren kontura, urteko pentsioa jasotzeko eskubidea.
1608. artikulua
Zentsuaren izaerak dakar kapitalaren edo ondasun higiezinaren lagapena betierekoa edo epe mugarik gabekoa izatea; hala ere, zentsuhartzaileak zentsua aska dezake bere borondatez, nahiz eta horren aurkakoa itundu; xedapen hori gaur egun jadanik eratuta dauden zentsuei aplikatzen zaie.
Hala ere, itun daiteke zentsuaren askatzerik ez gertatzea, zentsuemailea nahiz pertsona zehatz bat bizirik dagoen bitartean, edo askatzea ezinezkoa izatea, urte-kopuru zehatza igaro arte; kopuru hori, zainpeketa-zentsuan, ezin da hogei urtetik gorakoa izan eta, erreserba- nahiz enfiteusi-zentsuetan, hirurogeitik gorakoa.
1609. artikulua
Askatzea gauzatu ahal izateko, zentsuhartzaileak urtebeteko aurrerapenarekin abisatu behar dio zentsuemaileari, edo urteko pentsioaren ordainketa aurreratu behar dio.
1610. artikulua
Zentsuak ezin dira zati batez askatu, beren beregi hori ituntzen ez bada.
Halaber, zentsuak ezin dira askatu zentsuemailearen borondatearen aurka, baldin eta pentsioen ordainketa egunean ez badago.
1611. artikulua
Kode hau aldarrikatu baino lehen eratutako zentsuak askatzeko, kapitala ez bada ezaguna, kapital hori arautuko da, pentsioa 100eko 3an zenbatzetik ateratzen den kopuruaren arabera.
Pentsioa fruituz ordaintzen bada, horiek zenbatetsiko dira, kapitala zehazteko, azken bosturtekoan fruituok izan duten batez besteko prezioaren arabera.
Artikulu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko foroei, azpiforoei, azalera-eskubideei eta horien antzeko beste edozein kargari; horietan, lege bereziak arautuko du jabariak kargetatik askatzeari buruzko printzipioa.
1612. artikulua
Zentsua askatzeko sortzen diren gastuak zentsuhartzaileak ordaindu beharko ditu, auzitegien ustez aurkakotasun ausartegiak eragin dituenak izan ezik.
1613. artikulua
Zentsuen pentsio edo kanona alderdiek zehaztuko dute kontratua egitean.
Pentsio gisa dirua edo fruituak eman daitezke.
1614. artikulua
Pentsioak ordainduko dira hitzartutako epeetan; eta, hitzarmenik izan ezean, pentsio gisa dirua eman behar bada, kontratuaren datatik zenbatzen hasi eta urteak mugaeguneratzean; eta, pentsio gisa fruituak eman behar badira, kasuan kasuko fruitu-bilketa amaitzean.
1615. artikulua
Kontratuan ez bada izendatzen zein lekutan ordaindu behar diren pentsioak, betebehar hori beteko da, zentsuarekin kargaturiko finka dagoen lekuan, baldin eta zentsuemaileak edo horren ahaldunak bere egoitza badu herri bereko udal mugartean. Horrek bertan egoitzarik izan ez arren, zentsuhartzaileak halakoa badu, horren egoitzan egingo da ordainketa.
1616. artikulua
Zentsuemaileak, edozein pentsioren jasoagiria ematen duenean, zentsuhartzailea behartu dezake, ordainketa egin dela agerrarazten duen gordekina eman diezaion.
1617. artikulua
Kostu bidez nahiz dohainik eskualda daitezke zentsuekin kargaturiko finkak, eta gauza bera gertatzen da pentsioa jasotzeko eskubidearekin.
1618. artikulua
Ezin dira zatitu, bi pertsona edo gehiagoren artean, zentsuarekin kargaturiko finkak, zentsuemailearen esanbidezko adostasunik gabe, nahiz eta finkok jaraunsle-tituluaren bidez eskuratu.
Zentsuemaileak zatiketa onartzen badu, horren adostasunarekin izendatuko da zein zentsu-zatirekin geratuko den kargatuta zati bakoitza; finka horretan zenbat zati egin eta beste horrenbeste zentsu eratuko dira.
1619. artikulua
Zentsuarekin kargaturiko finka jaraunsle batzuei adjudikatu nahi bazaie, eta zentsuemaileak ez badu zatiketarako adostasunik ematen, finka hori jaraunsleen artean lizitatuko da.
Adostasunik izan ezean, edo interesdunetako batek tasazio-preziorik eskaini ezean, finka zentsuarekin batera salduko da, jaraunsleen artean prezioa banatuz.
1620. artikulua
Preskribatzeko modukoak dira zentsuen kapitala eta pentsioak ere bai, liburu honetako 18. tituluan xedatutakoarekin bat etorriz.
1621. artikulua
1110. artikuluan xedatutakoa gorabehera, beharrezkoa da bi pentsio jarraian ordaintzea, aurreko guztiak ordainduta daudela uste izateko.
1622. artikulua
Zentsuhartzaileak betebeharra du, zentsupeko finkaren gaineko kontribuzioak eta bestelako zergak ordaintzeko.
Pentsioaren ordainketa egitean, zentsuhartzaileak ordainketa horretatik ken dezake zentsuemaileari dagozkion zergen kopurua.
1623. artikulua
Zentsuek akzio erreala ematen dute kargapeko finkaren gain. Akzio errealaz gain, zentsuemaileak akzio pertsonala egikari dezake, atzeratutako pentsioen eta, hala denean, kalteordain eta korrituen ordaina jasotzeko.
1624. artikulua
Zentsuhartzaileak ezin du pentsioaren barkamenik edo urripenik eskatu, finkaren aldi baterako antzutasunarengatik, ezta fruituen galerarengatik ere.
1625. artikulua
Ezinbesteko edo ezusteko kasuaren ondorioz zentsuarekin kargaturiko finka osorik galdu edo baliogabetzen bada, zentsua azkendu eta pentsioaren ordainketa amaitu egingo da.
Finkaren zati bat bakarrik galtzen bada, zentsuhartzailea ez da pentsioa ordaintzetik askatuko, salbu eta hobesten duenean finka zentsuemailearentzat bertan behera uztea. Zentsuhartzailearen errua tartean izan bada, bi kasuotan kaltegaleren ordaina eman beharko du.
1626. artikulua
Aurreko artikuluaren lehenengo lerrokadako kasuan, finka aseguraturik badago, aseguru horren balioa zentsuaren kapitala eta mugaeguneratutako pentsioak ordaintzeari lotuta geratuko da, salbu eta zentsuhartzaileak hobesten duenean aseguruaren balioa finka berreraikitzeko inbertitzea; kasu horretan, zentsua berpiztu egingo da ondore guztiekin, baita ordaindu gabeko pentsioen ordainketari dagokionez ere. Zentsuemaileak zentsuhartzaileari eska diezaioke, azken horrek ziurta dezan aseguruaren balioa finka berreraikitzen inbertituko duela.
1627. artikulua
Zentsuarekin kargaturiko finka herri-onuraren ondorioz nahitaez kentzen bada, horren prezioa zentsuaren kapitala eta mugaeguneratutako pentsioak ordaintzeari lotuta geratu, eta zentsua azkendu egingo da.
Aurreko xedapen hori aplika daiteke, orobat, nahitaez jabetza kentzeak finkaren zati batean bakarrik duenean eragina, baldin eta horren prezioa nahiko bada zentsuaren kapitala estaltzeko.
Prezioa nahiko ez bada, zentsuak finkaren gainerako zatia kargatzeari eutsiko dio, baldin eta zati horren prezioa nahiko bada zentsuaren kapitala gehi kapital horren %25 estaltzeko. Bestela, zentsuhartzaileak aukeran du nahitaez kendutako zatia beste berme batekin ordeztu edo zentsua askatzea, 1631. artikuluan enfiteusi-zentsuaren inguruan xedatutakoa salbu.
II. KAPITULUA
Enfiteusi-zentsua
I ATALA
Enfiteusiari buruzko xedapenak
1628. artikulua
Enfiteusi-zentsua ezar daiteke, ondasun higiezinen gain eta eskritura publikoaren bidez bakarrik.
1629. artikulua
Enfiteusi-zentsua eratzean, kontratuan bertan finkatuko dira, deuseztasun-zigorraren menpe, finkaren balioa eta urtero ordaindu behar den pentsioa.
1630. artikulua
Pentsioa fruituen kopuru zehatza bada, kontratuan finkatuko dira fruituon espezie eta kalitatea.
Pentsioa finkak sortzen dituen fruituen zati alikuota izan, eta ez bada beren beregi ituntzen zein eskuhartze izan behar duen zuzeneko ugazabak, enfiteusidunak aurretiazko abisua egin beharko dio ugazabari edo horren ordezkariari, fruitu-mota bakoitzaren bilketa zein egunetan hasten den adieraziz; horrela, ugazabak, zuzenean edo ordezkariaren bidez, eragiketa guztiak ikus ditzake, berari dagokion zatia jaso arte.
Abisua eman eta gero, enfiteusidunak uzta bil dezake, nahiz eta zuzeneko ugazaba, horren ordezkaria edo kontuhartzailea bertan egon ez.
1631. artikulua
Nahitaez jabetza kentzeko kasuan, 1627. artikuluaren lehenengo lerrokadan xedatutakoa beteko da, finka osoa nahitaez kentzen bada.
Zati batean bakarrik gertatuz gero, nahitaez kendutakoaren prezioa zuzeneko ugazabaren eta jabetza erabilgarria duenaren artean banatuko da; hark jasoko du nahitaez kendutako zatiari zentsuaren kapitalean proportzioz dagokion zatia, zentsua eratzean finka osoari eman zitzaion balioaren arabera edo zentsua askatzeko erabili izan den tasaren arabera, eta gainerakoa enfiteusidunari dagokio.
Kasu horretan, zentsuak finkaren gainerako zatian iraungo du, eta kapitala eta pentsioak urritu egingo dira, salbu eta enfiteusidunak aukeratzen duenean oso-osorik askatzea, edo finka zuzeneko ugazabarentzat bertan behera uztea.
Itundutakoarekin bat etorriz laudemioa ordaindu behar bada, zuzeneko ugazabak jasoko du kontzeptu horren ondorioz berari dagokiona, enfiteusidunari dagokion prezio-zatitik bakarrik.
1632. artikulua
Enfiteusidunak bere egiten ditu finkaren produktuak eta horren akzesioenak.
Enfiteusidunak jabeari legozkiokeen eskubide berberak ditu, enfiteusipeko finkan aurkitutako altxor eta meatzeen gain.
1633. artikulua
Enfiteusidunak enfiteusipeko lurra eta horren akzesioak xeda ditzake, bizien arteko egintzen bidez nahiz azken nahiaren egintzen bidez, zuzeneko ugazabaren eskubideak salbu, eta hurrengo artikuluek ezarritakoaren menpe.
1634. artikulua
Pentsioa enfiteusipeko finkatik lortutako fruituen zati alikuota bada, ezin izango da ezarri produktuak gutxitzea dakarren zortasunik edo bestelako zamarik, zuzeneko ugazabaren esanbidezko adostasunik gabe.
1635. artikulua
Enfiteusidunak askatasuna du finka dohaintzan eman edo trukatzeko, zuzeneko ugazabari horren berri emanez gero.
1636. artikulua
Zuzeneko ugazabari eta jabetza erabilgarria duenari elkarrekin dagozkie eroslehentasun-eskubidea eta atzeraeskuratzeko eskubidea, baldin eta enfiteusipeko finkaren gain bakoitzak duen jabaria saldu edo ordainean ematen bada.
Xedapen hori ezin zaie aplikatu herri-onuraren ondoriozko besterentze nahitaezkoei.
1637. artikulua
Aurreko artikuluaren ondoreetarako, norbaitek enfiteusipeko finkaren jabaria besterendu nahi badu, ugazabakideari abisatu behar dio, berari eskaini izan zaion behin betiko prezioa edo jabariaren besterentzearekin berak lortu nahi duena adieraziz.
Abisua egin eta hurrengo hogei egunetan, ugazabakideak eroslehentasun-eskubidea egikari dezake adierazitako prezioa ordainduz. Ez badu halakorik egiten, eskubide hori galduko du, eta besterentzea gauzatu ahal izango da.
1638. artikulua
Zuzeneko ugazabak edo, hala denean, enfiteusidunak ez badu erabili aurreko artikuluak aipatutako eroslehentasun-eskubidea, atzeraeskuratzeko eskubidea erabil dezake, finka besterentze-prezioaren truk eskuratzeko.
Kasu horretan, atzeraeskuratzea erabili behar da, salmentaren eskritura egiletsi eta hurrengo bederatzi egun baliodunetan. Eskritura ezkutatzen bada, epe-muga bera zenbatuko da, eskritura Jabetza Erregistroan inskribatu denetik.
Ezkutapena gertatu dela uste da, baldin eta eskritura hori ez bada Erregistroan aurkezten, berori egiletsi eta hurrengo bederatzi egunetan.
Presuntzioa gorabehera, ezkutapena froga daiteke, legezko beste bideak erabiliz.
1639. artikulua
Besterentzea egin bada 1637. artikuluan agindutako abisurik egin gabe, zuzeneko ugazabak eta, hala denean, jabetza erabilgarria duenak atzeraeskuratzeko akzioa egikari dezakete, urtebete igaro arteko epean, besterentzea Jabetza Erregistroan inskribatu denetik zenbatuta.
1640. artikulua
Enfiteusipeko finkak epaiketa bidez saltzen badira, zuzeneko ugazabak eta jabetza erabilgarria duenak, kasuankasuan, eroslehentasun-eskubidea erabil dezakete, ediktuetan errematerako finkatu den epe-mugaren barruan; horretarako, enkantean tasa gisa erabili den prezioa eta atzeraeskuratzearena ordaindu behar dituzte, eskritura egiletsi eta hurrengo bederatzi egun baliodunetan.
Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango 1637. artikuluak agintzen duen aurretiazko abisua.
1641. artikulua
Zentsu berberaren menpeko finkak bat baino gehiago izan eta horiek besterentzen badira, ezin izango dira erabili eroslehentasun-eskubidea eta atzeraeskuratzeko eskubidea, finka batzuei begira, besteak baztertuz.
1642. artikulua
Zuzeneko jabaria edo jabari erabilgarria indibisoan badagokie zenbait pertsonari, horietako bakoitzak atzeraeskuratzeko eskubidea erabil dezake, erkideen atzeraeskuratzeari buruz ezarritako erregelen menpe; zuzeneko ugazabak lehenespena izango du, jabari erabilgarriaren zati bat besterentzen bada, eta enfiteusidunak izango du, zuzeneko jabaria besterentzen bada.
1643. artikulua
Enfiteusidunari bere eskubidean nahasmendua eragiten badio hirugarren batek, zuzeneko jabaria edo enfiteusiaren baliozkotasuna eztabaidatzeagatik, enfiteusidunak ezin dio zuzeneko ugazabari kalteordainik erreklamatu, ugazaba horri ez bazaio ebikzioaren ondoriozko zitaziorik egin 1481. artikuluan agindutakoaren arabera.
1644. artikulua
Enfiteusipeko finkak kostu bidez besterentzen badira, laudemioa zuzeneko ugazabari ordainduko zaio, enfiteusi-kontratuan beren beregi hala hizpatzen denean bakarrik.
Laudemioa ituntzean ez bada kopuru finkorik adierazi, hori besterentze-prezioaren 100eko 2 izango da.
Kode hau aldarrikatu baino lehenagoko enfiteusiak laudemioa ordaintzeari lotuta badaude, hori itundu ez arren, prestazioari eutsiko zaio ohiko moduan; baina prestazio horrek ez du gaindituko besterentze-prezioaren 100eko 2, baldin eta ez bada prestazio handiagorik kontratatu beren beregi.
1645. artikulua
Laudemioa ordaintzeko betebeharra eskuratzaileari dagokio, horren aurkako itunik izan ezean.
1646. artikulua
Enfiteusidunak, zuzeneko ugazabaren eskutik, besterentzearen gaineko baimena lortzen badu, edo zuzeneko ugazaba horri 1637. artikuluan agindutako aurretiazko abisua egiten badio, zuzeneko ugazabak ezin izango du erreklamatu, hala denean, laudemioaren ordainketa, eskritura Jabetza Erregistroan inskribatu eta hurrengo urtean baino. Kasu horietatik kanpo, akzio hori preskripzio arruntaren menpe egongo da.
1647. artikulua
Hogeita bederatzi urterik behin, zuzeneko ugazabak bere eskubidearen aitorpena eskatu ahal dio enfiteusipeko finkaren edukitza duenari.
Aitorpenaren gastuak enfiteusidunak ordaindu beharko ditu, eta ezin izango zaio beste prestaziorik eskatu kontzeptu horren ondorioz.
1648. artikulua
Finka konfiskatu egingo da, eta zuzeneko ugazabak finka itzultzeko eskatu ahal izango du:
1) Pentsioa ordaintzen ez bada, jarraikako hiru urtetan zehar.
2) Enfiteusidunak ez badu betetzen kontratuan hizpaturiko baldintza, edo finkari narriadura larriak eragiten badizkio.
1649. artikulua
Aurreko artikuluaren lehenengo kasuan, zuzeneko ugazabak konfiskazioa eskatu ahal izateko, enfiteusidunari ordainketaren gaineko agindeia egin beharko dio epaile nahiz notarioaren bidez; eta, enfiteusidunak ez badu ordainketarik egiten agindeia egin eta hurrengo hogeita hamar egunetan, zuzeneko ugazabaren eskubideak aurrera egin ahal izango du.
1650. artikulua
Enfiteusiduna konfiskaziotik aske gera daiteke, edozein kasutan, zentsua askatu eta mugaeguneratutako pentsioak ordaintzen baditu, ordainketaren gaineko agindeia edo demandaren gaineko epatzea egin eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan.
Eskubide berbera erabili ahal izango dute enfiteusidunaren hartzekodunek ere, zuzeneko ugazabak jabari osoa berreskuratu eta hurrengo hogeita hamar egunetan.
1651. artikulua
Enfiteusi-zentsua askatzea izango da kapitalaren zuzeneko jabeari ematea, diruz eta dena batera, zentsua eratzean finkaren balio gisa finkatutako kapitala; ezin da beste prestaziorik eskatu, hori hizpatu denean izan ezik.
1652. artikulua
Konfiskazioaren kasuan, edo enfiteusi-kontratua edozein arrazoiren ondorioz hutsaltzen denean, zuzeneko ugazabak ordaindu beharko ditu finkaren balioa gehitu duten hobekuntzak, baldin eta gehikuntza horrek bertan badirau finka itzultzean.
Finkak narriadurak baditu enfiteusidunaren erru edo zabarkeriaren ondorioz, narriadurok hobekuntzekin konpentsa daitezke; eta hobekuntzak ez badira nahiko, enfiteusidunak betebehar pertsonala izango du horiek ordaintzeko, baita mugaeguneratuta eta preskribatu gabe dauden pentsioak ordaintzeko ere.
1653. artikulua
Azken enfiteusidunaren testamentuzko jaraunsle diren ondorengo, aurreko, alargun eta seigarren gradurainoko senideak izan ezean, finka zuzeneko ugazabari itzuliko zaio dagoen moduan, baldin eta enfiteusidunak ez bazuen finka hori beste modu batera xedatu.
1654. artikulua
Aurrerantzean, azpienfiteusi-kontratua ezabatuta geratzen da.
II. ATALA
Foroak eta enfiteusiaren antzeko beste kontratu batzuk
1655. artikulua
Kode hau aldarrikatu eta gero, foroak edo horien antzeko bestelako kargak ezartzen badira eperik gabe, horiek arautuko dituzte aurretikako atalean enfiteusi-zentsurako ezarritako xedapenek.
Halakoak aldi baterako edo epe mugaturako eratzen badira, errentamendutzat joko dira, eta kontratu horri buruzko xedapenak aplikatuko dira.
1656. artikulua
Kontratuaren bidez, lurzoruaren ugazabak horren erabilera lagatzen badu bertan mahastiak landa daitezen, lehenengo anduiak bizirik dauden artean, eta lagapenhartzaileak ugazaba horri urteko errenta edo pentsioa ordaintzen badio fruituz zein diruz, hurrengo erregelek arautuko dute kontratu hori:
1) Kontratua azkendutzat joko da, hori eman eta berrogeita hamar urte igarotakoan, emate horretan ez bada beste eperik finkatu beren beregi.
2) Kontratua azkenduta geratuko da, orobat, lehenengo anduiak hiltzen badira, edo landatu direnen bi herenak fruiturik gabe geratu badira.
3) Lagapenhartzaile edo kolonoak kimu eta murrioak egin ditzake, kontratua bitartean.
4) Kontratuak ez du bere izaera galtzen, emandako lurrean bestelako landaketak egiteko ahalmena izateagatik, baldin eta kontratuaren helburu nagusia mahastiak landatzea bada.
5) Lagapenhartzaileak askatasunez eskualda dezake bere eskubidea, kostu bidez zein dohainik; baina ezin da finkaren erabilera zatitu, ugazabak ez badu horretarako esanbidezko adostasuna ematen.
6) Kostu bidezko besterentzeetan, lagatzaileak eta lagapenhartzaileak eroslehentasun-eskubidea eta atzeraeskuratzeko eskubidea izango dituzte elkarrekiko, enfiteusiari buruz ezarritakoarekin bat etorriz, eta 1637. artikuluan agindutako aurretiazko abisua egiteko betebeharrarekin.
7) Kolono edo lagapenhartzaileak finka utz edo itzul diezaioke lagatzaileari, berari hori komeni zaionean, bere erruz eragindako narriadurak ordainduz.
8) Lagapenhartzaileak ez du eskubiderik izango kontratua azkentzean finkan dauden hobekuntzen gainean, baldin eta hobekuntzok nahitaezkoak izan badira edo itundutakoa betetzeko egin badira.
Hobekuntza onuragarri eta borondatezkoei dagokienez, lagapenhartzaileak ez du horien ordainketa jasotzeko eskubiderik, halakoak ez badira egin lurraren ugazabak idatziz emandako adostasunarekin eta horiek ordaintzeko betebeharra hartuz. Kasu horretan, hobekuntzok ordainduko dira, finka itzultzean horiek duten balioaren arabera.
9) Lagatzaileak botatze-akzioa erabil dezake, kontratuaren epe-muga betetzen denean.
10) Berrogeita hamar urteko epea edo interesdunek beren beregi finkaturiko epea amaitutakoan, lagapenhartzaileak finkaren erabilerari eta aprobetxamenduari eusten badie lagatzailearen isilbidezko adostasunarekin, ezin izango da lagapenhartzaile hori finkatik bota, baldin eta ez bazaio aurretiaz botatzearen abisua ematen, kontratua azkendu baino urtebete lehenago.
III. KAPITULUA
Zainpeketa-zentsua
1657. artikulua
Zainpeketa-zentsuaren pentsioa fruituz ordaintzea itundu bada, fruitu horien mota, kopuru eta kalitatea finkatu beharko dira; pentsioa ezin da izan zentsupeko finkak ematen dituen fruituen zati alikuota.
1658. artikulua
Zainpeketa-zentsua askatzea izango da zentsuemaileari itzultzea, dena batera eta diruz, zentsua eratzean berak emandako kapitala.
1659. artikulua
Zentsupeko finkaren aurka akzio erreala erabiltzen bada pentsioak ordain daitezen, eta finka horren baliotik geratzen dena ez bada nahiko zentsuaren kapitala gehi horren 100eko 25 estaltzeko, zentsuemaileak zentsuhartzailea behartu dezake, eta horrek aukeran du, zentsua askatu, bermea osatu edo finkaren gerakina zentsuemailearentzat bertan behera uztea.
1660. artikulua
Halaber, aurreko artikuluak ezarritako eskubidea erabil dezake zentsuemaileak gainerako kasuetan, baldin eta horietan finkaren balioa ez bada nahiko zentsuaren kapitala gehi horren 100eko 25 estaltzeko, eta hurrengo inguruabarretatik bat gertatzen bada:
1) Finkaren balioa txikitzea, zentsuhartzailearen erruz edo zabarkeriaz.
Kasu horretan, zentsuhartzaileak izango du kaltegaleren gaineko erantzukizuna ere bai.
2) Zentsuhartzaileak pentsioa ordaintzeari uztea bi urte jarraian.
3) Zentsuhartzailearen gaineko porrota, konkurtsoa edo kaudimengabezia adieraztea.
IV. KAPITULUA
Erreserba-zentsua
1661. artikulua
Ezin da erreserba-zentsua baliozkotasunez eratu, aurretiaz ez bada finka balioesten, alderdien arteko adostasunarekin egindako zenbatespenaren bidez edo adituek finkaturiko balioespenaren bidez.
1662. artikulua
Zentsu horren askatzea gauzatuko da, zentsuhartzaileak zentsuemaileari, dena batera eta diruz, aurreko artikuluaren arabera finkatutako kapitala ematen badio.
1663. artikulua
Erreserba-zentsuari 1657. artikuluko xedapena aplika dakioke.
1664. artikulua
1659 eta 1600. artikuluek agindutako kasuetan, erreserba-zentsuaren zorduna behartua izan daiteke zentsua askatzera edo finka zentsuemailearentzat bertan behera uztera.
VIII. TITULUA
SOZIETATEA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1665. artikulua
Sozietatea kontratua da, eta, horren bidez, bi pertsona edo gehiagok euren gain hartzen dute dirua, ondasunak edo industria erkidegoan jartzeko betebeharra, irabaziak euren artean banatzeko asmoarekin.
1666. artikulua
Sozietateak helburu zilegia izan behar du, eta bazkide guztien intereserako ezarri behar da.
Zilegi ez den sozietatearen desegitea adierazten bada, irabaziak destinatuko zaizkie sozietatearen egoitzako ongintza-establezimenduei eta, halakorik izan ezean, probintziakoei.
1667. artikulua
Sozietate zibila edozein forma erabiliz era daiteke, sozietate horretara ondasun higiezinak edo eskubide errealak ekartzen direnean izan ezik; kasu horretan, beharrezkoa izango da eskritura publikoa.
1668. artikulua
Sozietatekontratua deuseza da, baldin eta horretara ondasun higiezinak ekartzen badira, horien inbentarioa egin gabe; inbentarioa alderdiek izenpetu behar dute, eta eskriturari batu behar zaio.
1669. artikulua
Sozietateek ez dute nortasun juridikorik izango, euren itunak isilpean gordetzen badira bazkideen artean, eta bazkide bakoitzak bere izenean kontratatzen badu hirugarrenekin.
Ondasun-erkidegoei buruzko xedapenek arautuko dituzte sozietate-mota horiek.
1670. artikulua
Sozietate zibilek, eurek erdietsi nahi duten helburuarengatik, Merkataritza Kodean araututako forma guztiak izan ditzakete. Kasu horretan, sozietateoi aplika dakizkieke kode horretako xedapenak, horiek ez badira kode honen kontrakoak.
1671. artikulua
Sozietatea unibertsala edo banakakoa izan daiteke.
1672. artikulua
Sozietate unibertsala oraingo ondasun guztien gainekoa izan daiteke, edo irabazi guztien gainekoa.
1673. artikulua
Sozietatea oraingo ondasun guztien gainekoa da, alderdiek erkidegoan jartzen badituzte, bai orain dituzten ondasun guztiak, euren artean horiek banatzeko asmoarekin, bai eta halakoekin eskuratzen diren irabazi guztiak ere.
1674. artikulua
Oraingo ondasun guztien gaineko sozietate unibertsalean, bazkide guztien jabetza erkidearen menpe geratzen dira bakoitzari zegozkion ondasunak eta horiekin eskuratzen diren irabaziak ere bai.
Sozietate horretan, halaber, itun daiteke bestelako irabaziak ere elkarrekin komunikatzea; baina ezin dira sozietatearen baitara bildu bazkideek gerogarrenean jarauntsi, legatu edo dohaintza bidez eskuratzen dituzten ondasunak, bai, ordea, horien fruituak.
1675. artikulua
Irabazi guztien gaineko sozietateak bere barruan hartzen du sozietatea bitartean bazkideek, euren industria edo lanaren ondorioz, eskuratzen duten guztia.
Bazkide bakoitzak, kontratua egitean, ondasun higigarri edo higiezinak baditu, ondasunok jabari pribatukoak izateari eusten diote, eta sozietateari horien gozamena bakarrik eskualdatzen zaio.
1676. artikulua
Sozietate unibertsalaren kontratua egin bada horren mota zehaztu gabe, horrek irabazien gaineko sozietate unibertsala bakarrik eratzen du.
1677. artikulua
Gizabanakoek ezin dute elkarrekin sozietate unibertsalik egin, baldin eta haientzat debekatuta badago elkarri dohaintza edo abantaila bat egitea.
1678. artikulua
Banakako sozietatearen objektu izan daitezke gauza zehatzak, horien erabilera edo euren fruituak, enpresa jakin bat, edo lanbidean nahiz artean aritzea.
II. KAPITULUA
Bazkideen betebeharrak
I. ATALA
Bazkideek euren artean dituzten betebeharrak
1679. artikulua
Sozietatea hasten da, kontratua egiten den unetik bertatik, besterik itundu ez bada.
1680. artikulua
Sozietateak indarrean dirau hitzarturiko epean zehar; eta, hitzarmenik izan ezean, negozioak dirauen bitartean, negozio hori aldi baterakoa izanik, modu esklusiboan erabili izan bada sozietatearen helbururako; eta, beste edozein kasutan, bazkideak bizirik dauden bitartean, 1700. artikuluan eurei erreserbaturiko ahalmena eta 1704. artikuluan xedatutakoa salbu.
1681. artikulua
Bazkideak sozietateari zor dio bertara ekarriko duela hitzeman duen guztia.
Era berean, bazkidea ebikzioaren menpe geratzen da, sozietatera ekarri dituen gauza jakin eta zehatzei begira, saltzailea erosleari begira ebikzioaren menpe dagoen kasu eta modu berean.
1682. artikulua
Bazkideak bere gain hartu badu diru-kopuru bat ekartzeko betebeharra, eta ez badu hori egin, Zuzenbidez korrituak zor izango ditu, diru-kopurua ekarri behar zuen egunetik zenbatuta; eta, kalteak eragin baditu, horien ordaina emateko beharrari kalterik egin gabe.
Gauza bera gertatzen da, bazkideak diru-kopuru batzuk hartu baditu sozietatearen kutxatik; korrituen zenbaketa hasten da, bazkideak kopuru horiek bere onura hutserako hartu izan dituen egunetik.
1683. artikulua
Industria-bazkideak sozietateari zor dizkio sozietatearen helburua industriako zein arlo izan eta arlo horretan sozietatea bitartean lortu dituen irabaziak.
1684. artikulua
Bazkideak administraziorako baimena izan eta, bere izenean, berari zor zaion eta eskatzeko modukoa den kopurua kobratzen badu, eskatzeko moduko beste kopuru bat sozietateari zor dion pertsonaren eskutik, orduan, kobratutakoa bi kredituoi egotzi behar zaie euren zenbatekoen arabera, nahiz eta bazkideak, bere hartzekoaren kontura bakarrik, jasoagiria eman; alabaina, sozietatearen hartzekoaren kontura eman badu jasoagiria, kobratutakoa osorik egotziko zaio hartzeko horri.
Artikulu honetan xedatutakoari kalterik egin gabe, zordunak erabil dezake 1172. artikuluak ematen dion ahalmena, baldin eta bazkidearen kreditu pertsonalak berari karga gehiago badakarzkio.
1685. artikulua
Bazkideak osorik jaso badu sozietate-kredituan dagokion zatia, eta gainerako bazkideek ez badute eurena jaso, bazkide horrek betebeharra du, geroago zorduna kaudimengabe bilakatzen bada, berak jaso duena sozietatearen masara ekartzeko, nahiz eta bazkide horrek bere zatiari bakarrik dagokion jasoagiria eman.
1686. artikulua
Bazkide orok erantzukizuna du sozietateari begira, bere erruz sozietate horrek izan dituen kaltegalerengatik, eta ezin ditu kaltegalerok konpentsatu bere industriaren ondorioz sozietateari eman dizkion etekinekin.
1687. artikulua
Gauza jakin eta zehatzak, suntsikor ez direnak, sozietatera ekartzen badira, horien erabilera eta fruituak bakarrik izan daitezen erkide, bazkide-jabeak du gauza horien gaineko arriskua.
Ekarritako gauzak suntsikorrak badira, edo ezin badira gorde eurok narriatu gabe, edo halakoak ekartzen badira salduak izan daitezen, arriskua sozietatearena da. Horrela izango da, orobat, itun berezirik izan ezean, gauzak ekartzen badira inbentarioan egindako zenbatespenaren arabera; kasu horretan, erreklamazioa mugatuko da gauzok izan duten tasazio-preziora.
1688. artikulua
Sozietateak erantzukizuna du bazkide orori begira, sozietatearentzat bazkide horrek ordaindu dituen kopuruengatik eta kopuru horiei dagozkien korrituengatik; sozietateak erantzukizuna du, halaber, bazkideak onustez eta sozietate-negozioentzat hartu dituen betebeharrengatik eta sozietatearen zuzendaritzari modu banaezinean dagozkion arriskuengatik.
1689. artikulua
Galerak eta irabaziak itundutakoarekin bat etorriz banatuko dira. Irabazien gainean bakoitzak izango duen zatia bakarrik itundu bada, galeren gaineko zatia ere berbera izango da.
Itunik egin ezean, bazkide bakoitzak irabazietan eta galeretan zati bat izango du, berak egindako ekarpenaren arabera. Bazkidea industria-bazkide bakarrik bada, horren zatia ekarpenik txikiena egin duen bazkidearen bestekoa izango da. Bazkideak, industriaz gain, kapitala ekartzen badu, kapital horren ondorioz dagokion proportziozko zatia ere jasoko du.
1690. artikulua
Bazkideek hitzartzen badute hirugarren batek izendatuko duela bakoitzak zein zati izango duen irabazi eta galeretan, hirugarrenak egindako izendapena aurkara daiteke, ageri-agerian ekitatea urratzen denean bakarrik. Edozein kasutan ere, ezin du erreklamaziorik egin hirugarrenaren erabakia betearazten hasi den bazkideak edo, erabaki horren berri izan eta hiru hilabeteko epe-mugan, berori aurkaratu ez duen bazkideak.
Galera eta irabazien izendapena ezin da bazkide baten ardurapean utzi.
1691. artikulua
Ituna deuseza da, itun horrek bazkide bat edo gehiago baztertzen baditu irabazi nahiz galera guztietatik.
Industria-bazkidea bakarrik aska daiteke galeren gaineko erantzukizun orotatik.
1692. artikulua
Sozietate-kontratuan bazkidea izendatzen bada administratzaile, bazkide horrek administratzeko egintza guztiak gauza ditzake, nahiz eta bere kideak horren aurka jarri, salbu eta bazkideak gaitzustez jarduten duenean; bazkidearen ahalordea ezeztaezina da, bidezko arrazoirik ez badago.
Ahalordea kontratuaren ostean ematen bada, kontratuan bertan berori emateko erabakirik hartu gabe, ahalorde hori edozein unetan ezezta daiteke.
1693. artikulua
Bi bazkide edo gehiagoren esku uzten bada sozietatearen administrazioa, euren eginkizunak zehaztu gabe edo batzuek besteen adostasunik gabe ezin dutela jardun adierazi gabe, bakoitzak bere kautan gauza ditzake administratze-egintza guztiak; baina euretatik edozein bestearen eragiketen aurka jar daiteke, eragiketok legezko ondoreak sortu baino lehen.
1694. artikulua
Hizpatzen bada bazkide administratzaile batzuek ezin izango dutela besteen adostasunik gabe jardun, guztien eskuhartzea beharrezkoa da egintzak baliozkoak izan daitezen; eta ezin da alegatu euretatik edozeinen absentzia edo ezintasuna, salbu eta kalte larri edo konponezinaren hurhurreko arriskua dagoenean sozietatearentzat.
1695. artikulua
Ez bada hizpaketarik egin administratzeko moduari buruz, hurrengo erregelak beteko dira:
1) Bazkide guztiak ahalduntzat hartuko dira, eta euretako edozeinek bere kautan egiten duena bete beharrekoa izango da sozietatearentzat; baina bakoitza gainerakoen eragiketen aurka jar daiteke, eragiketok legezko ondoreak sortu baino lehen.
2) Bazkide bakoitza balia daiteke sozietate-funtsa osatzen duten gauzez, lurraldeko ohituraren arabera, baldin eta ez badu hori egiten sozietatearen interesaren aurka, edo horrekin ez badu eragozten bere kideek halakoak erabiltzeko duten eskubidea.
3) Bazkide orok gainerakoak behartu ditzake berarekin batera gauza erkideen artapenerako beharrezkoak diren gastuak ordaintzera.
4) Bazkide batek ere ezin du, gainerakoen adostasunik gabe, sozietatearen ondasun higiezinetan berrikuntzarik egin, nahiz eta berrikuntza hori sozietatearentzat onuragarria dela alegatu.
1696. artikulua
Bazkide bakoitza bere kautan elkar daiteke hirugarren batekin, bere zatiari dagokionez; baina pertsona elkartua ez da sozietatean sartuko, gainerako bazkideen aho bateko adostasunik gabe, nahiz eta harako bazkidea administratzaile izan.
II. ATALA
Bazkideek hirugarrenari begira dituzten betebeharrak
1697. artikulua
Sozietatea hirugarren bati begira betebeharpean jar dadin, bazkideetatik batek burututako egintzen ondorioz, beharrezkoa da:
1) Bazkideak izaera horrekin jardutea, sozietatearen kontura.
2) Bazkideak, esanbidezko nahiz isilbidezko mandatuaren ondorioz, ahalordea izatea, sozietatea betebeharpean jartzeko.
3) Bazkideak bere ahalorde edo mandatuaren mugen barruan jardutea.
1698. artikulua
Bazkideek ez dute betebehar solidariorik, sozietatearen zorrei begira; eta bazkide batek ere ezin ditu besteak behartu egintza pertsonal baten ondorioz, baldin eta bazkide horri ez bazaio horretarako ahalorderik eman.
Sozietatea ez da betebeharpean jartzen hirugarrenari begira, bazkide batek burututako egintzen ondorioz, bazkideak egintzok gauzatzen baditu, bere izenean edo horretarako sozietate-ahalorderik izan gabe; hala ere, sozietatea bazkide horri begira betebeharpean jartzen da, egintza horiek sozietatearen probetxurako gertatu badira.
Artikulu honetan xedaturikoa ulertzen da, 1695. artikuluaren 1. erregelan ezarritakoari kalterik egin gabe.
1699. artikulua
Sozietatearen hartzekodunak lehenespenekoak dira bazkide bakoitzaren hartzekodunen aurretik, sozietatearen ondasunei dagokienez. Eskubide horri kalterik egin gabe, bazkide bakoitzaren hartzekodun pertsonalek eska dezakete sozietate-funtsean bazkide horrek duen zatia enbargatu eta errematatzea.
III. KAPITULUA
Sozietatea azkentzeko moduak
1700. artikulua
Sozietatea azkentzen da:
1) Sozietate hori zein epe-mugatarako eratu eta berori agortzen denean.
2) Gauza galtzen denean, edo sozietatearen helburu den negozioa amaitzen denean.
3) Bazkideetatik edozeinen heriotza-, kaudimengabezia-, ezgaiketa- edo zarrastelkeria-adierazpenaren ondorioz, eta 1699. artikuluan ezarritako kasuan.
4) Bazkideetatik edozeinen borondatearen ondorioz, 1705 eta 1707. artikuluetan xedaturikoaren menpe.
Artikulu honen 3 eta 4. zenbakietan xedaturikoari begira, salbuespen gisa har daitezke 1670. artikuluak aipatzen dituen sozietateak, horiek indarrean iraun behar badute Merkataritza Kodearen arabera.
1701. artikulua
Bazkide batek hitzematen badu sozietatera gauza zehatza ekarriko duela, eta gauza suntsitzen bada ematea gauzatu baino lehen, galera horrek sozietatearen desegitea dakar.
Era berean, sozietatea beti desegiten da gauza galtzearen ondorioz, baldin eta gauza hori ekarri duen bazkideak jabetza erreserbatu eta sozietateari horren erabilera edo gozatzea bakarrik eskualdatu badio.
Hala ere, sozietatea ez da desegiten gauza galtzearen ondorioz, baldin eta galera gertatzen bada sozietateak gauza horren jabetza eskuratu eta gero.
1702. artikulua
Sozietatea epe zehatzerako eratu eta sozietate hori luza daiteke, bazkide guztiek horretarako adostasuna ematen badute.
Adostasuna esanbidezkoa zein isilbidezkoa izan daiteke, eta ohiko bideetatik egiaztatuko da.
1703. artikulua
Sozietatea luzatzen bada epe-muga agortu eta gero, ulertzen da beste sozietate bat eratzen dela. Sozietatea epe-muga agortu baino lehen luzatzen bada, jatorrizko sozietateak indarrean dirau.
1704. artikulua
Ituna baliozkoa da, itun horrek ezartzen badu, bazkide baten heriotza-kasurako, sozietateak iraungo duela bizirik daudenen artean. Kasu horretan, hildako bazkidearen jaraunsleak eskubidea izango du, banaketa egin dadin, hori kausatzailearen heriotza-egunean finkatuz; eta ez du parterik hartuko gerogarreneko eskubide eta betebeharretan, eskubide eta betebeharrok harako egunaren aurretik egindakoaren nahitaezko ondorio direnean baino.
Ituna bada sozietateak jaraunslearekin irautea, itun hori errespetatuko da, 1700. artikuluaren 4. zenbakian agindutakoari kalterik egin gabe.
1705. artikulua
Sozietatearen desegitea bazkide baten borondate edo uko-egitearen ondorioz gertatuko da, sozietatearen iraupenerako ez bada epe-mugarik adierazi, edo epe-muga hori ezin bada atera negozioaren izaeratik.
Uko-egiteak ondoreak sor ditzan, hori onustez eta garaiz egin behar da; eta, horrez gain, uko-egitearen berri eman behar zaie gainerako bazkideei.
1706. artikulua
Uko-egitea gaitzustekoa da, hori egiten duenak berarentzat eskuratu nahi badu bazkide guztiona izan behar den probetxua. Kasu horretan, ukoegilea ez da askatuta geratzen gainerako bazkideei begira, eta horiek ahalmena dute bera sozietatetik baztertzeko.
Uko-egitea garaiz kanpo egindakotzat hartuko da, baldin eta gauzok osorik egon ez eta sozietateak interesa badu bere desegitea atzeratzeko. Kasu horretan, sozietateak iraungo du, amaitzeke dauden negozioak bukatu arte.
1707. artikulua
Bazkideak ezin du sozietatearen desegitea erreklamatu, baldin eta kontratu-xedapenaren ondorioz edo negozioaren izaeraren ondorioz sozietate hori epe zehatzerako eratu bada, eta berori desegiteko arrazoi zuzenik ez badago, besteak beste, bazkide horren kideetatik batek bere betebeharrak urratzea, sozietate-negozioetarako gaikuntzarik gabe geratzea edo horien antzeko arrazoiren bat izatea auzitegien ustez.
1708. artikulua
Bazkideen arteko banaketa arautzen dute jarauntsiaren banaketari buruzko erregelek, formari dagokionez eta banaketen ondorioz sortzen diren betebeharrei dagokienez ere bai. Industria-bazkideari ezin zaio aplikatu sozietatera ekarritako ondasun-zatirik; bazkide horri ondasunon fruitu eta etekinak bakarrik aplika dakizkioke, 1689. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, baldin eta beren beregi aurkakoa itundu ez bada.
IX. TITULUA
MANDATUA
I. KAPITULUA
Mandatuaren izaera, forma eta motak
1709. artikulua
Mandatu-kontratuaren bidez, norbaitek bere gain hartzen du zerbitzuren bat edo beste zerbait egiteko betebeharra, inoren kontura nahiz inork aginduta.
1710. artikulua
Mandatua esanbidezkoa nahiz isilbidezkoa izan daiteke.
Esanbidezkoa agerkari publiko edo pribatuan eman daiteke, bai eta hitzez ere.
Onarpena ere esanbidezkoa nahiz isilbidezkoa izan daiteke; azken hori mandatariaren egintzek ondorioztatzen dute.
1711. artikulua
Aurkako itunik izan ezean, mandatua dohainekoa dela uste da.
Aurrekoa gorabehera, mandatariaren lanbidea bada mandatuak adierazten duen espezie bereko zerbitzuak egitea, uste da mandatua ordaintzeko betebeharra dagoela.
1712. artikulua
Mandatua orokorra edo berezia da.
Lehenengoak bere barruan hartzen ditu mandatugilearen negozio guztiak.
Bigarrenak, negozio zehatz bat edo batzuk.
1713. artikulua
Mandatuak, oro har ulertuta, administratze-egintzak baino ez ditu baitaratzen.
Transakzioa egin, besterendu, hipotekatu edo jabari hertsiko bestelako egintzak gauzatzeko, esanbidezko mandatua behar da.
Transakzioa egiteko ahalmenak ez du biderik ematen arazoak tartekarien edo bitarteko adiskidetzaileen eskuetan uzteko.
1714. artikulua
Mandatariak ezin ditu mandatuaren mugak gainditu.
1715. artikulua
Ez da ulertuko mandatuaren mugak gainditu direnik, baldin eta mandatu hori bete bada, mandatugileak agindutako moduan baino, horrentzat onuragarriagoa den moduan.
1716. artikulua
Adingabeko emantzipatua mandatari izan daiteke; baina mandatugileak horren aurkako akzioa izango du, adingabeen betebeharrei buruz xedatutakoarekin bat etorriz.
1717. artikulua
Mandatariak bere izenean badihardu, mandatugileak ez du akziorik mandatariarekin kontratatu duten pertsonen aurka, ezta horiek mandatugilearen aurka ere.
Kasu horretan, mandatariak zuzeneko betebeharra du berarekin kontratatu duen pertsonari begira, arazoa mandatariarena berarena izango balitz bezala. Salbuespen gisa har daiteke mandatugilearen beraren gauzak izatea.
Artikulu honetan xedatutakoa ulertzen da, mandatugilearen eta mandatariaren arteko akzioei kalterik egin gabe.
II. KAPITULUA
Mandatariaren betebeharrak
1718. artikulua
Mandatariak, onarpenaren ondorioz, mandatua betetzeko betebeharra du; eta kaltegaleren gaineko erantzukizuna du, mandatua ez betearazteagatik halakoak eragiten badizkio mandatugileari.
Mandatariak, halaber, bukatu behar du mandatugilea hil aurretik hasita dagoen negozioa, baldin eta atzerapenak arriskua badakar.
1719. artikulua
Mandatua betearaztean, mandatariak jokatu behar du mandatugileak emandako jarraibideen arabera.
Jarraibiderik izan ezean, mandatariak egin beharko du negozioaren izaeraren arabera familiako guraso on batek egingo zukeena.
1720. artikulua
Mandatari orok betebeharra du, bere eragiketen kontu emateko, eta mandatuaren ondorioz jaso duena mandatugileari ordaintzeko, nahiz eta jasotako hori mandatugileari zor ez.
1721. artikulua
Mandatariak ordezkoa izenda dezake, mandatugileak ez badio hori debekatu; baina erantzukizuna du ordezkoaren kudeaketaren gain:
1. Mandatariari ordezkoa izendatzeko ahalmenik eman ez bazaio.
2. Mandatariari ahalmen hori eman arren, ez bada pertsona zehatza izendatu eta izendatua nabariro ezgaia edo kaudimengabea bada.
Ordezko izendatuak zerbait egiten badu mandatugilearen debekuaren aurka, egindako hori deuseza izango da.
1722. artikulua
Aurreko artikuluaren bi zenbakietara bildutako kasuetan, mandatugileak bere akzioa zuzen dezake, halaber, ordezkoaren aurka.
1723. artikulua
Mandatari bi edo gehiago aldi berean izendatu arren, horien erantzukizuna ez da solidarioa, hala adierazi ez bada.
1724. artikulua
Mandatariak korrituak zor ditu, bere erabileretara aplikatu izan dituen kopuruengatik, hori egin duen egunetik; eta mandatua amaitu eta gero zor dituen kopuruengatik ere bai, berandutza-egoeran jarri den unetik.
1725. artikulua
Mandatariak izaera horrekin badihardu, ez du erantzukizun pertsonalik, berarekin kontratatu duen alderdiari begira, salbu eta betebehar hori beren beregi hartzen duenean, edo mandatuaren mugak gainditzen dituenean, bere ahalordeei buruz alderdi horri behar adina berririk eman gabe.
1726. artikulua
Mandatariak erantzukizuna du, doloaren ondorioz ez ezik, erruaren ondorioz ere bai; auzitegiek zorroztasun handiago edo txikiagoarekin balioetsiko dute erru hori, mandatua ordaintzekoa den ala ez kontuan harturik.
III. KAPITULUA
Mandatugilearen betebeharrak
1727. artikulua
Mandatugileak bete behar ditu mandatariak mandatuaren mugen barruan hartutako betebehar guztiak.
Mandatariak mugak gainditzen dituen zatian, mandatugileak ez du betebeharrik, hori esanbidez edo isilbidez berresten duenean izan ezik.
1728. artikulua
Mandatugileak mandatariari aurreratu behar dizkio, horrek hala eskatuz gero, mandatua betearazteko beharrezko diren kopuruak.
Mandatariak kopuruok aurreratzen baditu, mandatugileak horiek ordaindu behar dizkio, nahiz eta negozioak huts egin, mandatariak ez badu horretan errurik izan.
Ordainketaren barruan sartuko dira aurreraturiko kopuruaren korrituak, aurrerakina egin zen egunetik zenbatuta.
1729. artikulua
Era berean, mandatugileak kalteordaina eman behar dio mandatariari, mandatua betetzeak horri eragin dizkion kaltegaleren ondorioz, kaltegalerok mandatariaren erru nahiz zuhurtziagabekeriarik gabe gertatu badira.
1730. artikulua
Mandatariak bahi gisa atxiki ditzake mandatuaren objektu diren gauzak, harik eta mandatugileak aurreko bi artikuluek araututako kalteordaina eta ordainketa gauzatu arte.
1731. artikulua
Pertsona bik edo gehiagok mandatari bera izendatzen badute negozio erkide baterako, erantzukizun solidarioa dute horri begira, mandatuaren ondore guztietarako.
IV. KAPITULUA
Mandatua amaitzeko moduak
1732. artikulua
Mandatua amaitzen da:
1. Horren ezeztapenaren ondorioz.
2. Mandatariak mandatuari uko egitearen ondorioz.
3. Mandatugile zein mandatariaren heriotza, zarrastelkeria-adierazpena, porrota edo kaudimengabezia gertatzearen ondorioz.
1733. artikulua
Mandatugileak mandatua ezezta dezake bere borondatez, eta mandataria behartu dezake mandatua agerrarazten duen agiria itzultzera.
1734. artikulua
Mandatua eman bada pertsona zehatzekin kontratatzeko, mandatu horren ezeztapenak ezin die pertsona horiei kalterik egin, ez bazaie ezeztapenaren berririk eman.
1735. artikulua
Beste mandatari bat izendatzen bada negozio berbererako, izendapen horrek aurreko mandatuaren ezeztapena dakar, mandatua jaso zuenari horren berri ematen zaionetik, aurretiko artikuluan xedatutakoa salbu.
1736. artikulua
Mandatariak uko egin diezaioke mandatuari, mandatugileari horren berri emanez. Mandatugileari kalte egiten bazaio uko-egitearen ondorioz, mandatariak kalteen ordaina eman behar dio mandatugileari, salbu eta uko-egitearen oinarria denean mandatuan aritzeko ezintasuna, mandatariari kalte larririk eragin gabe.
1737. artikulua
Mandatariak arrazoi zuzena izan eta mandatuari uko egin arren, bere kudeaketari eutsi behar dio, mandatugileak hutsune hori betetzeko beharrezko diren xedapenak hartu arte.
1738. artikulua
Mandatariak zerbait egiten badu, mandatugilea hil dela edo mandatua amaitzeko arrazoietatik beste edozein gertatu dela jakin gabe, egindako hori baliozkoa da, eta ondore guztiak sortzen ditu, mandatariarekin onustez kontratatu duten hirugarrenei begira.
1739. artikulua
Mandataria hiltzen bada, horren jaraunsleek heriotzaren berri eman behar diote mandatugileari, eta, bien bitartean, mandatugilearen intereserako inguruabarren arabera beharrezkoa dena hornitu behar dute.
X. TITULUA
MAILEGUA
Xedapen orokorra
1740. artikulua
Mailegu-kontratuaren bidez, alderdi batek besteari ematen dio gauza suntsiezin bat, horrek epe zehatzean gauza erabil dezan eta, ondoren, berari itzul diezaion; kontratu horri komodatu deritzo. Edo, bestela, dirua edo beste gauza suntsikorren bat eman daiteke, horren espezie eta kalitate bereko beste horrenbeste itzultzeko baldintzapean; kasu horretan, kontratuak mailegu izenari eusten dio soilsoilik.
Komodatua berez dohainekoa da.
Mailegu soila dohainekoa izan daiteke, edo korrituak ordaintzeko itunarekin egin daiteke.
I. KAPITULUA
Komodatua
I. ATALA
Komodatuaren izaera
1741. artikulua
Komodatugileak mailegupeko gauzaren jabetzari eusten dio. Komodatudunak gauzaren erabilera eskuratzen du, baina ez fruituak; zerbitzusariren bat ordaindu behar badu erabilera jasotzen duenak, hitzarmenak komodatu izateari uzten dio.
1742. artikulua
Komodatuak eratortzen dituen betebehar eta eskubideak bi kontratugileen jaraunsleei eskualdatzen zaizkie, salbu eta mailegua egiten denean komodatuduna nor den kontuan izanik; kasu horretan, komodatudunaren jaraunsleek ez dute eskubiderik, mailegupeko gauzaren erabilerari eusteko.
II. ATALA
Komodatudunaren betebeharrak
1743. artikulua
Komodatudunak gastu arruntak ordaintzeko betebeharra du, horiek beharrezkoak badira mailegupeko gauza behar bezala erabili eta artatzeko.
1744. artikulua
Gauza xede zehatz baterako maileguan eman bada, eta komodatudunak beste xede baterako destinatzen badu, edo gauza bere eskuetan artatzen badu hitzarturiko epean baino luzaroago, erantzukizuna izango du gauzaren galeraren gain, nahiz eta galera hori ezusteko kasuaren ondorioz gertatu.
1745. artikulua
Mailegupeko gauza tasazioarekin eman eta galtzen bada, nahiz eta galera ezusteko kasuaren ondorioz gertatu, komodatudunak prezioaren gaineko erantzukizuna izango du, salbu eta beren beregi ituntzen denean komodatuduna erantzukizunetik aske geratzea.
1746. artikulua
Komodatudunak ez du erantzukizunik mailegupeko gauzari gertatu zaizkion narriaduren gainean, horiek jazo badira erabilera hutsaren ondorioz eta komodatudunak errurik izan gabe.
1747. artikulua
Komodatudunak ezin du mailegupeko gauza atxiki komodatugileak berari zor dionaren ondorioz, zor hori gastuen ondoriozkoa izan arren.
1748. artikulua
Komodatudun batzuei batera maileguan ematen bazaie gauza, komodatudun horiek guztiek gauzaren gaineko erantzukizun solidarioa dute, atal honetan xedatutakoaren arabera.
III. ATALA
Komodatugilearen betebeharrak
1749. artikulua
Komodatugileak ezin du mailegupeko gauza erreklamatu, gauza zein erabileratarako maileguan eman eta erabilera hori amaitu arte. Hala ere, epeok bete aurretik, komodatugileak presako beharrizana badu gauza izateko, itzulketa erreklama dezake.
1750. artikulua
Ez badira itundu komodatuaren iraupena eta mailegupeko gauzari eman beharreko erabilera, eta erabilera hori ezin bada zehaztu lurraldeko ohituraren arabera, komodatugileak gauza erreklama dezake bere borondatez.
Zalantzarik izanez gero, komodatudunari dagokio froga.
1751. artikulua
Komodatugileak ordaindu behar ditu kontratua bitartean mailegupeko gauza artatzeko egin diren gastu bereziak, komodatudunak komodatugileari horien berri ematen badio halakoak egin baino lehen, salbu eta, gastuok presakoak izateagatik, ezin zaionean arriskurik gabe itxaron abisuaren emaitzari.
1752. artikulua
Komodatugileak, mailegupeko gauzak akatsak dituela jakinik, ez badio horien berririk ematen komodatudunari, erantzukizuna izango du hari begira, arrazoi horren ondorioz izandako kalteen gain.
II. KAPITULUA
Mailegu soila
1753. artikulua
Norbaitek dirua edo beste gauza suntsikorren bat maileguan hartzen badu, horren gaineko jabetza eskuratzen du, eta betebeharra du, hartzekodunari horren espezie eta kalitate bereko beste horrenbeste itzultzeko.
1754. artikulua
Kode honetako 1170. artikuluan xedaturikoak arautzen du dirua maileguan hartzen duenaren betebeharra.
Maileguan emandakoa beste gauza suntsikorren bat edo txanpon bihurtu ez den metal-kopurua bada, zordunak jasotakoaren espezie eta kalitate bereko beste horrenbeste zor du, nahiz eta horren prezioak aldakuntzak izan.
1755. artikulua
Ez da korriturik zor, beren beregi hala itundu denean baino.
1756. artikulua
Maileguhartzaileak korrituak ordaintzen baditu horiek hizpatuta egon ez arren, ezin ditu korrituok erreklamatu, ezta horiek kapitalari egotzi ere.
1757. artikulua
Bahien gaineko mailegu-establezimenduak, aurrekoarekin batera, eurei buruzko araudien menpe geratzen dira.
XI. TITULUA
GORDAILUA
I. KAPITULUA
Gordailua orokorrean eta gordailu-mota desberdinak
1758. artikulua
Gordailua eratzen da, norbaitek inoren gauza jasotzen duenean, gauza hori zaindu eta itzultzeko betebeharrarekin.
1759. artikulua
Gordailua epaiketan nahiz epaiketatik kanpo era daiteke.
II. KAPITULUA
Gordailua esangura hertsian
I. ATALA
Gordailu-kontratuaren izaera eta muina
1760. artikulua
Gordailua dohaineko kontratua da, horren aurkako itunik izan ezean.
1761. artikulua
Gauza higigarriak bakarrik izan daitezke gordailuaren objektu.
1762. artikulua
Epaiketatik kanpoko gordailua nahitaezkoa edo borondatezkoa izan daiteke.
II. ATALA
Borondatezko gordailua
1763. artikulua
Borondatezko gordailuan, gordailugileak bere borondatez gauzatzen du ematea. Halaber, gordailua bi pertsona edo gehiagok egin dezakete, hirugarren baten esku, eurek uste badute gordailupeko gauzaren gain eskubidea dutela; hirugarrenak ematea gauzatuko du, hala denean, hori dagokionaren mesederako.
1764. artikulua
Kontratatzeko gaitasuna duenak onartzen badu ezgai batek egindako gordailua, gordailuzainaren betebehar guztien menpe geratzen da; eta gauza itzultzera behartua izan daiteke, hori eskatzen badu gordailua egin duen pertsonaren tutoreak, kuradoreak nahiz administratzaileak, edo ezgaiak berak, gaitasuna izatea lortzen duenean.
1765. artikulua
Gordailua egiten badu gaitasuna duen pertsona batek, gaitasunik ez duen pertsona baten esku, gordailugileak akzioa izango du gordailupeko gauza erreibindikatzeko, gauza hori gordailuzainaren esku dagoen bitartean; edo, bestela, gordailuzainak gauzarekin edo prezioarekin izan duen aberastearen kopurua kobratzeko.
III. ATALA
Gordailuzainaren betebeharrak
1766. artikulua
Gordailuzainak betebeharra du gauza zaintzeko eta, halakoa eskatzen zaionean, berori gordailugileari, horren kausadunei edo kontratuan izendatu den pertsonari itzultzeko. Gauzaren zaintza eta galerari dagokienez, liburu honen 1. tituluan xedatutakoak arautuko du gordailuzainaren erantzukizuna.
1767. artikulua
Gordailuzaina ezin da gordailupeko gauzaz baliatu, horretarako gordailugilearen esanbidezko baimenik izan gabe.
Osterantzean, gordailuzainak kaltegaleren gaineko erantzukizuna izango du.
1768. artikulua
Gordailuzainak baimena badu gordailupeko gauzaz baliatu edo hori erabiltzeko, kontratuak gordailu-izaera galtzen du, eta mailegu edo komodatu bihurtzen da.
Baimenaren inguruan ez dago presuntziorik, eta horren izatea frogatu behar da.
1769. artikulua
Gordailupeko gauza itxita eta zigilaturik ematen bada, gordailuzainak modu horretan itzuli behar du gauza; eta kaltegaleren gaineko erantzukizuna izango du, bere erruz zigilua edo itxitura hausten bada.
Gordailuzainak errua izan duela uste da, horren aurkako froga dagoenean izan ezik.
Gordailuaren balioari dagokionez, indarra gordailuzainari egotzi ahal bazaio, kontuan hartuko da gordailugileak egindako adierazpena, horren aurkako frogarik izan ezean.
1770. artikulua
Gordailupeko gauza itzuliko da, horren produktu eta akzesio guztiekin batera.
Gordailua dirua bada, gordailuzainari aplikatuko zaio 1724. artikuluak mandatariaren inguruan xedatutakoa.
1771. artikulua
Gordailuzainak ezin du eskatu gordailugileak gordailupeko gauzaren jabea dela frogatzea.
Hala ere, gordailuzainak antzematen badu gauza ebatsia dela, eta berak badaki nor den gauza horren benetako ugazaba, horri eman behar dio gordailuaren berri.
Ugazabak, aurrekoa gorabehera, ez badu erreklamaziorik egiten hileko epe-mugan, gordailuzaina erantzukizun orotatik aske geratuko da, gordailupeko gauza zein pertsonaren eskutik jaso eta horri gauza itzuliz.
1772. artikulua
Gordailugileak bi pertsona edo gehiago izanik, horiek ez badira solidarioak, eta gauza zatitzeko modukoa bada, euretako bakoitzak ezin du eskatu berari dagokion zatia baino gehiago.
Solidaritatea badago, edo gauza ezin bada zatitu, kode honen 1141 eta 1142. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
1773. artikulua
Gordailugileak, gordailua egin eta gero, kontratatzeko gaitasuna galtzen badu, ezin zaie gordailua itzuli gordailugilearen ondasun eta eskubideak administratzen dituztenei baino.
1774. artikulua
Gordailua egitean izendatzen bada itzulketa egiteko tokia, gordailuzainak toki horretara eraman behar du gordailupeko gauza; baina gordailugileak ordaindu beharko ditu lekualdaketaren ondoriozko gastuak.
Ez bada izendatzen itzulketa egiteko tokia, hori egin beharko da gordailupeko gauza dagoen tokian, nahiz eta hori eta gordailua egiteko tokia berberak izan ez, baldin eta gordailuzainak ez badu asmo gaiztoz jokatu.
1775. artikulua
Gordailua itzuli behar zaio gordailugileari, berak hori erreklamatzen badu, nahiz eta kontratuan itzulketa egiteko epe edo denboraldi zehatza finkatu.
Xedapen hori ez da gertatuko, baldin eta gordailuzainaren esku dagoen gordailua epaiketa bidez enbargatzen bada, edo gordailuzainari jakinarazten bazaio hirugarrena gordailupeko gauza itzuli edo lekualdatzearen aurka dagoela.
1776. artikulua
Gordailuzainak arrazoi zuzenak baditu gordailuari ez eusteko, hori gordailugileari itzul diezaioke, izendaturiko epe-muga bete baino lehen ere; gordailugileak ez badu gauza jaso nahi, gordailuzainak epailearen zainpean jar dezake gauza hori.
1777. artikulua
Ezinbesteko kasuaren ondorioz, gordailuzainak gordailupeko gauza galdu eta, horren ordez, beste gauza bat jasotzen badu, azken hori itzuli beharko dio gordailugileari.
1778. artikulua
Gordailuzainaren jaraunsleak, gauza gordailupekoa dela ez jakiteagatik, onustez saltzen badu gauza hori, betebeharra du, jasotako prezioa itzultzeko edo, prezioa ordaindu ez bazaio, saltzailearen aurka berak dituen akzioak lagatzeko.
IV. ATALA
Gordailugilearen betebeharrak
1779. artikulua
Gordailugileak gordailuzainari ordaindu behar dizkio, horrek gordailupeko gauza artatzeko egin dituen gastuak; eta kalteordaina eman behar dio, gordailuaren ondorioz izan dituen kalte guztiengatik.
1780. artikulua
Gordailuzainak bahi moduan atxiki dezake gordailupeko gauza, gordailuaren ondorioz berari zor zaiona osorik kobratu arte.
V. ATALA
Nahitaezko gordailua
1781. artikulua
Gordailua nahitaezkoa da:
1. Hori egiten bada legezko betebehar bat betetzeko.
2. Hori gertatzen bada hondamendi baten ondorioz, hala nola, sute, kaudimengabezia, harrapakeria, itsasoan galtzea edo horien antzeko beste edozeinen ondorioz.
1782. artikulua
Aurreko artikuluaren 1. zenbakira bildutako gordailua arautuko dute hori ezartzen duten lege-xedapenek eta, halakorik izan ezean, borondatezko gordailuari buruzko xedapenek.
2. zenbakira bildutakoa arautuko dute borondatezko gordailuari buruzko erregelek.
1783. artikulua
Era berean, nahitaezko gordailutzat hartzen da bidaiariek ostatu eta bentetan sartzen dituzten efektuen gainekoa. Ostatu edo bentetako nagusiek, gordailuzain gisa, efektu horien gaineko erantzukizuna dute, baldin eta eurei edo horien menpekoei ematen bazaie euren etxean sartutako efektuen berri, eta bidaiariek betetzen badituzte efektuen jagoletza eta zaintzari buruz ostalariek edo euren ordezkoek emandako aurreneurriak.
1784. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko erantzukizunak bere barruan hartzen ditu ostatu nahiz bentetako nagusien morroiek eta menpekoek, bai eta kanpokoek ere, bidaiarien efektuetan egiten dituzten kalteak; baina ez ditu hartzen armak erabiliz egindako lapurretaren ondorioz edo ezinbesteko beste kasu baten ondorioz gertaturikoak.
III. KAPITULUA
Epailearen zainpean uztea
1785. artikulua
Epaiketako gordailua edo epailearen zainpean uztea gertatzen da, ondasun auzigaien enbargoa edo aseguraketa dekretatzen denean.
1786. artikulua
Epailearen zainpean jar daitezke ondasun higigarriak nahiz higiezinak.
1787. artikulua
Zainpean jarritako ondasun edo objektuen gordailuzaina ezin da bere zereginetik aske geratu, hori eragin zuen eztabaida amaitu arte, salbu eta epaileak berori agintzen duenean, interesdun guztiak horretan ados egoteagatik edo bidezko beste edozein arrazoi gertatzeagatik.
1788. artikulua
Zainpean jarritako ondasunen gordailuzainak, horiei begira, bete behar ditu familiako guraso on batek izango zituzkeen betebehar guztiak.
1789. artikulua
Kode honetan xedaturik ez dauden gaietan, Prozedura Zibilaren Legeko xedapenek arautuko dute epailearen zainpean jartzea.
XII. TITULUA
AUSA EDO ZORIAREN ARABERAKO KONTRATUAK
I. KAPITULUA
Xedapen orokorra
1790. artikulua
Ausazko kontratuaren bidez, alderdietako batek bestea behartzen du edo biek elkar behartzen dute zerbait eman nahiz egitera, besteak eman edo egin behar duenaren bestekoa, zalantzazko jazokuntza edo epe zehaztugabean jazo behar dena gertatzen denerako.
II. KAPITULUA
Aseguru-kontratua
1791. artikulua
Edukirik gabe.
1792. artikulua
Edukirik gabe.
1793. artikulua
Edukirik gabe.
1794. artikulua
Edukirik gabe.
1795. artikulua
Edukirik gabe.
1796. artikulua
Edukirik gabe.
1797. artikulua
Edukirik gabe.
III. KAPITULUA
Joko eta apustua
1798. artikulua
Legeak ez du akziorik ematen, zori-, ausa- edo adur-jokoetan irabazitakoa erreklamatzeko; baina galtzaileak ezin du berreskaera-eskubidea erabili, bere borondatez ordaindu duenaren ondorioz, salbu eta doloa tartean izan denean, adingabea denean, edo bere ondasunak administratzeko gaikuntzarik ez duenean.
1799. artikulua
Aurreko artikuluak jokoaren inguruan xedatutakoa aplikatu ahal zaie apustuei ere bai.
Debekatuta daude joko debekatuen antzekoak diren apustuak.
1800. artikulua
Ez daude debekatuta gorputza lantzeko lagungarri diren jokoak, besteak beste, armak erabiltzen trebatzea, oinez nahiz zaldiz lasterketak egitea, gurdi-lasterketak egitea, pilotan jokatzea eta horien antzeko helburuak dituztenak.
1801. artikulua
Norbaitek zerbait galtzen badu debekaturik ez dagoen joko edo apustuan, esparru zibilean betebeharpean geratzen da.
Hala ere, agintaritza judizialak gaitz iritzia eman diezaioke demandari, baldin eta jokoan edo apustuan jarritako kopurua gehiegizkoa bada; edo betebeharra urri dezake, horrek familiako guraso on batek izango zituzkeen usadioak gainditzen dituen neurrian.
IV. KAPITULUA
Bizi arteko errenta
1802. artikulua
Bizi arteko errentaren kontratu ausazkoak zorduna behartzen du, urteko pentsioa edo korrituak ordaintzera, pertsona zehatz baten edo batzuen bizitza bitartean; pertsona horiek zehazten dira, ondasun higigarri nahiz higiezinek osaturiko kapital bati begira, eta kapital horren gaineko jabaria zordunari eskualdatzen zaio behingoan eta pentsioaren zamarekin batera.
1803. artikulua
Errenta era daiteke kapitala ematen duen pertsonaren bizitzaren gainean, hirugarrenaren bizitzaren gainean edo zenbait pertsonaren bizitzaren gainean.
Halaber, errenta pertsona baten edo batzuen bizitzaren gainean eman eta euren mesederako era daiteke, edo beste pertsona baten nahiz batzuen mesederako.
1804. artikulua
Deuseza da errenta, berori pertsona baten bizitzaren gainean eratu, eta pertsona hori emate-unean hilda badago edo, une berean, pertsona hori gaixorik egon eta gaixotasunak haren heriotza badakar emate-dataren osteko hogei egunen barruan.
1805. artikulua
Pentsio mugaeguneratuen ordainketa ezak ez dio biderik ematen bizi arteko errentaren jasotzaileari, kapitalaren itzulketa eskatzeko, ezta funts besterenduaren edukitza berreskuratzeko ere; jasotzaile horrek eskubidea izango du, atzeratutako errenten ordainketa eta biharetzikoen aseguraketa epaiketa bidez erreklamatzeko bakarrik.
1806. artikulua
Errenta jasotzen duena zein urtetan hil eta urte horri dagokion errenta ordainduko da, pertsona horrek bizirik egin dituen egunen arabera; errenta epe aurreratuetan ordaindu behar bada, osorik ordainduko da pertsona horren bizitza bitartean hasitako epearen zenbatekoa.
1807. artikulua
Norbaitek dohainik errenta bat eratzen badu bere ondasunen gain, xeda dezake, emate-unean bertan, errenta hori ez dela enbargopean geratuko, pentsiodunaren betebeharren ondorioz.
1808. artikulua
Errenta ezin da erreklamatu, errenta hori pertsona baten bizitzaren gainean eratu, eta pertsona hori bizirik dagoela egiaztatzen ez bada.
XIII. TITULUA
TRANSAKZIOAK ETA KONPROMISOAK
I. KAPITULUA
Transakzioak
1809. artikulua
Transakzioa kontratua da, eta, horren bidez, alderdiek, zerbait eman, hitzeman edo atxikiz, auzia hastea eragozten dute edo hasitakoari amaiera ematen diote.
1810. artikulua
Guraso-ahalpeko semealaben ondasun eta eskubideekin transakzioa egiteko, beroriek besterentzeko erregela berberak aplikatuko dira.
1811. artikulua
Tutoreak ezin du transakziorik egin bere zaintzapeko pertsonaren eskubideekin, kode honetan agindutako moduan egiten ez badu.
1812. artikulua
Nortasun juridikodun korporazioek transakzioa egin dezakete, euren ondasunak besterentzeko forma eta betekizun berberekin.
1813. artikulua
Transakzioa egin daiteke delituak eratortzen duen akzio zibilarekin; baina horren ondorioz ez da azkenduko legezko zigorra ezartzeko akzio publikoa.
1814. artikulua
Ezin da transakziorik egin pertsonen egoera zibilarekin, ezkontzaren arazoekin, ezta etorkizuneko mantenuarekin ere.
1815. artikulua
Transakzioak ez ditu bere barruan hartzen kontratuan bertan zehatz adierazitako objektuak eta, kontratuaren hitzek nahitaez erakartzen dutenaren arabera, horretan sartuta daudela ulertu behar direnak baino.
Eskubideei orokorrean uko egiten bazaie, ulertzen da transakziopeko eztabaidarekin zerikusirik duten eskubideei bakarrik uko egiten zaiela.
1816. artikulua
Transakzioak alderdientzat gauza epaituaren indarra du; baina premiamendu-bidea ez da bidezkoa izango, epaiketazko transakzioa betetzeko baino.
1817. artikulua
Transakzioan okerra, doloa, indarkeria edo agiri-faltsutzea izan bada, transakzio hori kode honetako 1265. artikuluan xedatutakoaren menpe dago.
Hala ere, alderdi batek ezin izango du bestearen aurka egitezko okerra jarri, baldin eta azken hori transakzioaren ondorioz baztertu bada hasitako auzi batetik.
1818. artikulua
Agiri berriak aurkitzea ez da transakzioa deuseztatu edo hutsaltzeko arrazoia, gaitzusterik izan ez bada.
1819. artikulua
Auzia epai irmoaren bidez erabakita egon arren, auzi horren gain transakzioa egiten bada alderdi interesdunetatik batek ez duelako berririk izan epai irmoari buruz, alderdi horrek eska dezake transakzioa hutsaltzea.
Ezeztatzeko moduko epaia ez ezagutzea ez da transakzioa erasotzeko arrazoia.
II. KAPITULUA
Konpromisoak
1820. artikulua
Edukirik gabe.
1821. artikulua
Edukirik gabe.
IV. TITULUA
FIDANTZA
I. KAPITULUA
Fidantzaren izaera eta hedadura
1822. artikulua
Fidantzaren bidez, norbaitek betebeharra du, hirugarrenaren ordez, zerbait ordaindu edo betetzeko, hirugarrenak hori egiten ez badu.
Fidatzaileak betebehar solidarioa badu zordun nagusiarekin batera, liburu honen lehenengo tituluko hirugarren kapituluaren laugarren atalean xedatutakoa beteko da.
1823. artikulua
Fidantza hitzarmenezkoa, legezkoa, epaiketazkoa, dohainekoa edo kostu bidezkoa izan daiteke.
Fidantza era daiteke, zordun nagusiaren mesederako ez ezik, beste fidatzailearen mesederako ere bai, azken horren adostasun, ezjakintasun eta, areago, aurkakotasuna izan arren.
1824. artikulua
Ezin da fidantzarik izan, baliozko betebeharrik gabe.
Hala ere, fidantza betebeharraren gainekoa izan daiteke, baldin eta betebehar horren deuseztasuna erreklamatu ahal bada betebeharpekoaren salbuespen pertsonal hutsa erabiliz, kasurako, adingabetasuna.
Aurreko lerrokadako xedapenaren salbuespen gisa har daiteke familiako seme edo alabari egindako maileguaren kasua.
1825. artikulua
Fidantza eman daiteke, orobat, etorkizuneko zorrak bermatzeko, nahiz eta horien zenbatekoa oraindik ezaguna izan ez; baina ezin izango da fidatzailearen aurka erreklamaziorik egin, zorra likidoa izan arte.
1826. artikulua
Fidatzailearen betebeharra zordun nagusiarena baino txikiagoa izan daiteke, baina ez handiagoa, bai kopuruari begira, bai baldintzek dakartzaten kargei begira.
Fidatzaileak betebehar handiagoa hartzen badu, betebehar hori urrituko da zordunarenaren mugetaraino.
1827. artikulua
Fidantzaren inguruan ez dago presuntziorik: fidantza esanbidezkoa izan behar da, eta ezin du barruan hartu berak jaso baino gehiago.
Fidantza soila edo zehaztugabea bada, horren barruan sartuko dira, betebehar nagusia ez eze, horren erantsi guztiak eta epaiketaren gastuak ere bai; azken horiei dagokienez, ulertzen da fidatzaileak ez duela erantzukizunik, gastuok ordainketaren agindeia egin zaionetik sortu direnean baino.
1828. artikulua
Fidatzailea eman behar duenak pertsona bat aurkeztu behar du, eta pertsona horrek betebeharrak hartzeko gaitasuna eta bermatu beharreko betebeharrari aurre egiteko beste ondasun izan behar ditu. Ulertuko da betebeharra betetzeko tokia zein izan eta toki horretako epailearen jurisdikziopean dagoela fidatzailea.
1829. artikulua
Fidatzailea kaudimengabezia-egoeran jartzen bada, hartzekodunak beste fidatzaile bat eska dezake, eta fidatzaile horrek ere aurreko artikuluan ezarritako ezaugarriak izan behar ditu. Salbuespen gisa har daiteke hartzekodunak eskatu eta ituntzea fidatzailea pertsona zehatza izan dadin.
II. KAPITULUA
Fidantzaren ondoreak
I. ATALA
Fidantzaren ondoreak, fidatzailearen eta hartzekodunaren artean
1830. artikulua
Ezin da fidatzailea behartu hartzekodunari ordaintzera, aurretiaz ez bada egiten zordunak dituen ondasun guztien eskusioa.
1831. artikulua
Eskusioa ez da gertatzen:
1. Fidatzaileak eskusioari beren beregi uko egin badio.
2. Fidatzaileak betebehar solidarioa hartzen badu zordunarekin batera.
3. Zordunaren porrot edo konkurtso kasuetan.
4. Zorduna ezin bada epaiketa bidez demandatu erresumaren barruan.
1832. artikulua
Fidatzaileak eskusio-onura aprobetxa dezan, hori hartzekodunaren aurka jarri behar du, hartzekodunak berari ordainketaren agindeia egiteaz batera; eta fidatzaileak hartzekodunari adierazi behar dio, zordunaren ondasunen artean, zeintzuk diren Espainiako lurraldean diru bihurtu eta zorraren zenbatekoa ordaintzeko beste direnak.
1833. artikulua
Fidatzaileak aurreko artikuluko baldintza guztiak bete eta gero, hartzekoduna zabarra bada adierazi ondasunen eskusioa egitean, berak du erantzukizuna ondasun horien neurrian, axolagabekeria horren ondorioz zorduna kaudimengabe bilakatzen bada.
1834. artikulua
Hartzekodunak zitazioa egin diezaioke fidatzaileari, zordun nagusia demandatzen duenean; baina horrek ezin dio inoiz eskusio-onurari kalterik egin, nahiz eta epaia bien aurka eman.
1835. artikulua
Fidatzaileak hartzekodunarekin transakzioa egiten badu, transakzio horrek ez du ondorerik sortzen zordun nagusiari begira.
Zordun nagusiak egindako transakzioak ere ez du ondorerik sortzen fidatzaileari begira, hori transakzioaren aurka azaltzen bada.
1836. artikulua
Fidatzailearen fidatzaileak eskusio-onura du, fidatzaileari begira eta zordun nagusiari begira ere bai.
1837. artikulua
Zordun beraren fidatzaileak bat baino gehiago badira, eta zor berberaren ondorioz, zor horren gaineko erantzukizun-betebeharra guztien artean zatitzen da. Hartzekodunak ezin dio fidatzaile bakoitzari erreklamatu berari dagokion zatia baino gehiago, salbu eta beren beregi solidaritatea hizpatzen denean.
Fidatzailekideen aurkako zatiketa-onura amaitzen da, zordunaren aurkako eskusio-onura amaitzen den kasu eta arrazoi berberen ondorioz.
II. ATALA
Fidantzaren ondoreak, zordunaren eta fidatzailearen artean
1838. artikulua
Fidatzaileak zordunaren ordez ordaintzen badu, fidatzaile horri kalteordaina eman behar dio zordunak.
Kalteordainak bere barruan hartzen ditu:
1. Zorraren kopuru osoa.
2. Kopuru horren legezko korrituak, zordunari ordainketaren berri eman zaionetik, nahiz eta hartzekodunarentzat korriturik sortu ez.
3. Fidatzaileari eragin zaizkion gastuak, horrek ordainketa agindeia jaso eta zordunari horren berri eman eta gero.
4. Kaltegalerak, horiek bidezkoak badira.
Artikulu honetako xedapena gertatzen da, nahiz eta fidantza zordunak jakin gabe eman.
1839. artikulua
Ordainketaren bidez, fidatzailea subrogatzen da hartzekodunak zordunaren aurka zituen eskubide guztietan.
Fidatzaileak hartzekodunarekin transakzioa egiten badu, ezin dio zordunari eskatu benetan ordaindu duena baino gehiago.
1840. artikulua
Fidatzaileak ordaintzen badu, zordunari horren berririk eman gabe, zordunak fidatzailearen aurka erabil ditzake ordainketa-unean hartzekodunaren aurka jarri ahal zituen salbuespen guztiak.
1841. artikulua
Zorra eperako bada, eta fidatzaileak zor hori ordaintzen badu mugaeguna heldu baino lehen, ezin dio zordunari ordainketarik eskatu, epea agortu arte.
1842. artikulua
Fidatzaileak ordaintzen badu zordunari horren berririk eman gabe, eta horrek ere, ordainketaren berri ez izateagatik, ordainketa errepikatzen badu, lehenengoak ez du inolako errekurtsorik bigarrenaren aurka, baina bai hartzekodunaren aurka.
1843. artikulua
Fidatzaileak, ordaindu aurretik ere, zordun nagusiaren aurka jo dezake:
1. Fidatzailea epaiketan demandatua izan bada ordainketa egiteko.
2. Porrot-, konkurtso- edo kaudimengabezia-kasuan.
3. Zordunak betebeharra badu, epe zehatza igarotakoan fidatzailea fidantzatik askatzeko, eta epe hori agortu bada.
4. Zorra eskatzeko moduko bihurtzen bada, hori ordaintzeko epea betetzearen ondorioz.
5. Hamar urte igaro eta gero, betebehar nagusiak mugaegun finkorik ez badu, salbu eta betebehar horren izaeraren arabera hori ezin denean azkendu, hamar urtetik gorako epean ez bada.
Kasu horietan guztietan, fidatzaileak duen akzioaren helburua da bera fidantzatik askatzea, edo beste bermeren bat lortzea, fidatzaile hori hartzekodunak hasitako prozeduretatik eta zordunaren kaudimengabezia-arriskutik babesteko.
III. ATALA
Fidantzaren ondoreak, fidatzailekideen artean
1844. artikulua
Zordun beraren fidatzaileak bat baino gehiago badira, eta zor berberaren ondorioz, eta haietako batek zorra ordaintzen badu, beste fidatzailekideei erreklama diezaieke bakoitzak proportzioz ordaindu behar duen zatia.
Haietako bat kaudimengabe gertatzen bada, horren zatia guztiei gehituko zaie proportzio berean.
Artikulu honen xedapena gerta dadin, nahitaezkoa da ordainketa egitea, epaiketazko demandaren ondorioz edo zordun nagusia konkurtso- nahiz porrot-egoeran jarri denean.
1845. artikulua
Aurreko artikuluko kasuan, fidatzailekideek jar ditzakete, ordainketa egin duenaren aurka, zordun nagusiak hartzekodunaren aurka izango zituzkeen salbuespen berberak, baldin eta salbuespenok zordun horren salbuespen pertsonal hutsak ez badira.
1846. artikulua
Azpifidatzaileak fidatzailearen mesederako betebeharra hartu badu, eta fidatzaile hori kaudimengabe gertatzen bada, fidatzailearen erantzukizuna zein izan eta erantzukizun berbera du azpifidatzaileak, fidatzailekideei begira.
III. KAPITULUA
Fidantza azkentzea
1847. artikulua
Fidatzailearen betebeharra azkentzen da zordunaren betebeharrarekin batera, eta gainerako betebeharrak azkentzeko arrazoi berberen ondorioz.
1848. artikulua
Bateratzea gertatzen bada zordun eta fidatzailearen artean, horietako bat bestearen jaraunsle izateagatik, bateratze horrek ez du azkentzen azpifidatzailearen betebeharra.
1849. artikulua
Hartzekodunak bere borondatez onartzen badu ondasun higiezin bat edo beste edozein efektu, zorraren ordainean, orduan, nahiz eta gero horiek ebikzioz galdu, fidatzailea aske geratzen da.
1850. artikulua
Hartzekodunak fidatzaileetako bat askatzen badu besteen adostasunik gabe, askatze hori probetxugarria da guztientzat, askatzea zein fidatzaileri egin eta fidatzaile horri dagokion zatiaren neurrian.
1851. artikulua
Hartzekodunak zordunari luzapena ematen badio fidatzailearen adostasunik gabe, fidantza azkendu egiten da.
1852. artikulua
Fidatzaileak, solidarioak izan arren, euren betebeharretik aske geratzen dira, baldin eta hartzekodunaren egitate baten ondorioz ezin badira subrogatu horren eskubide, hipoteka eta pribilejioetan.
1853. artikulua
Fidatzaileak jar ditzake, hartzekodunaren aurka, zordun nagusiari dagozkion eta zorrari datxezkion salbuespen guztiak; baina ez zordunaren salbuespen pertsonal hutsak.
IV. KAPITULUA
Legezko eta epaiketazko fidantza
1854. artikulua
Fidatzailea eman behar bada lege-xedapenaren edo probidentzia judizialaren ondorioz, fidatzaile horrek izan behar ditu 1828. artikuluan agindutako ezaugarriak.
1855. artikulua
Aurreko artikuluaren kasuetan fidantza emateko betebeharra duenak ez badu halakorik aurkitzen, bahia edo hipoteka onartuko da fidantzaren ordez, bahi edo hipoteka hori nahiko bada haren betebeharra estaltzeko.
1856. artikulua
Fidatzaile judizialak ezin du eskatu zordun nagusiak dituen ondasunen eskusioa.
Azpifidatzaileak, kasu berean, ezin du eskatu zordunarena, ezta fidatzailearena ere.
XV. TITULUA
BAHI-, HIPOTEKA- ETA ANTIKRESI-KONTRATUAK
I. KAPITULUA
Bahi eta hipoteka guztietarako xedapenak
1857. artikulua
Bahi- eta hipoteka-kontratuen oinarrizko betekizunak dira:
1. Bahia edo hipoteka eratzea, betebehar nagusiaren betetzea ziurtatzeko.
2. Gauza pignoratuaren edo hipotekatuaren jabetza berori bahitu edo hipotekatzen duenarena izatea.
3. Bahia edo hipoteka eratzen duten pertsonek euren ondasunak xedatzeko askatasuna izatea, edo, horrelakorik izan ezean, horretarako legezko baimena edukitzea.
Hirugarrenek, betebehar nagusiari begira kanpokoak izanik, betebehar hori ziurta dezakete, euren berezko ondasunak pignoratu edo hipotekatuz.
1858. artikulua
Halaber, kontratu horien muina da, betebehar nagusia mugaeguneratu eta gero, bahipeko edo hipotekapeko ondasunak besterendu ahal izatea, hartzekodunari ordaintzeko.
1859. artikulua
Hartzekoduna ezin da jabetu bahi edo hipoteka gisa jasotako gauzez, eta ezin ditu horiek xedatu.
1860. artikulua
Bahia eta hipoteka zatiezinak dira, nahiz eta zordunaren edo hartzekodunaren kausadunen artean zorra zatitu.
Hortaz, zordunak zorraren zati bat ordaintzen badu ere, zordun horren jaraunsleak ezin du eskatu bahia edo hipoteka proportzio horretan azkentzea, zorra osorik ordaintzen ez den bitartean.
Era berean, hartzekodunak zorraren zati bat jasotzen badu ere, hartzekodun horren jaraunsleak ezin du bahia itzuli, ezta hipoteka ezereztu ere, ordainketarik jaso ez duten gainerako jaraunsleen kalterako.
Xedapen horien salbuespen gisa har daiteke, hipoteka edo bahi gisa emandako gauzak bat baino gehiago izanik, gauza horietako bakoitzak kredituaren zati zehatza bakarrik bermatzea.
Zordunak, kasu horretan, eskubidea izango du bahia edo hipoteka azken daitezen, gauza bakoitzaren gaineko erantzukizun berezia zorraren zein zati izan eta zati hori ordaintzen den neurrian.
1861. artikulua
Bahi- eta hipoteka-kontratuek mota guztietako betebeharrak ziurta ditzakete, bai betebehar hutsak, bai baldintza etengarriaren edo suntsiarazlearen menpekoak.
1862. artikulua
Bahia edo hipoteka eratzeko hitzemateak akzio pertsonala bakarrik sortzen du kontratugileen artean; horri kalterik egin gabe, norbaitek beste bati iruzur egiten badio, gauzak kargapean daudela jakin eta gauzok, kargarik gabeko ondasun gisa, bahi edo hipoteka moduan eskainiz edo, gauza horien ugazaba izan ez arren, horien ugazaba gisa agertuz, pertsona horrek erantzukizun kriminala izango du.
II. KAPITULUA
Bahia
1863. artikulua
1857. artikuluan ezarritako betekizunez gain, beharrezkoa da, bahi-kontratua eratzeko, bahiaren gaineko edukitza ematea hartzekodunari edo adostasunez aukeratutako hirugarrenari.
1864. artikulua
Bahi gisa eman daitezke merkataritzan dauden gauza higigarri guztiak, horiek edukitzeko modukoak badira.
1865. artikulua
Bahiak ez du ondorerik sortuko hirugarrenaren aurka, agerkari publikoan ez bada agerrarazten egiazko data.
1866. artikulua
Bahi-kontratuak eskubidea ematen dio hartzekodunari, horrek edo gauza jaso duen hirugarrenak bere eskuetan gauza atxikitzeko, kreditua ordaindu arte.
Hartzekodunak bahia atxikitzen duen bitartean, eskatzeko moduko beste zor bat hartzen badu zordunak hartzekodun horrekin, lehenengo zorra ordaindu baino lehen, hartzekodunak atxikipena luza dezake bi kredituak ordaindu arte, nahiz eta bahia bigarren zorraren aseguraketari lotuta geratuko dela hizpatu ez.
1867. artikulua
Hartzekodunak bahi gisa jasotako gauza jagon behar du familiako guraso on batek egingo lukeen moduan; eskubidea du gauza hori artatzen egin dituen gastuak kobratzeko, eta erantzukizuna du gauzaren galera edo narriaduraren gainean, kode honetako xedapenekin bat etorriz.
1868. artikulua
Bahiak korrituak sortzen baditu, hartzekodunak konpentsatuko ditu berak jasotzen dituenak berari zor zaizkionekin; eta hartzekodunari korriturik zor ez bazaio, edo Zuzenbidearen arabera zor direnak gainditzen diren neurrian, hartzekodunak kapitalari egotziko dizkio halakoak.
1869. artikulua
Bahi gisa emandako gauza nahitaez kentzen ez den artean, zordunak gauza horren jabetzari eusten dio.
Hori gorabehera, hartzekodunak egikari ditzake gauza pignoratuaren ugazabari dagozkion akzioak, hirugarrenaren aurka gauza hori erreklamatu edo defendatzeko.
1870. artikulua
Hartzekodunak ezin du erabili bahi gisa jasotako gauza, horretarako ugazabaren baimenik ez badu; eta hori egiten badu edo beste modu batera gauzaz abusatzen badu, ugazabak gauza gordailatzea eska dezake
1871. artikulua
Zordunak ezin du bahiaren itzulketarik eskatu hartzekodunaren borondatearen aurka, zordun horrek zorra eta beraren korrituak eta, hala denean, gastuak, ordaintzen ez dituen bitartean.
1872. artikulua
Hartzekodunari ez bazaio garaiz ordaindu bere kreditua, hartzekodun horrek bahia besteren dezake notarioaren bidez. Besterentze hori egin behar da, zehatzmehatz, jendaurreko enkantean, eta zordunari eta, hala denean, bahiaren ugazabari zitazioa eginez. Lehenengo enkantean ez bada bahia besterentzen, beste enkante bat egin daiteke formalitate berberekin; eta, bigarren horretan ere ez bada ezer lortzen, hartzekodunak bahiaren jabetza eskura dezake. Kasu horretan, hartzekodunak kreditu osoaren ordainagiria eman behar du.
Bahia balore kotizakorren gainekoa bada, horiek salduko dira Merkataritza Kodeak agindutako moduan.
1873. artikulua
Errukietxeei eta gainerako establezimendu publikoei dagokienez, horiek, erakunde edo lanbide gisa, maileguak ematen badituzte bahien gainean, establezimenduoi buruzko lege eta araudi bereziak beteko dira, eta, modu subsidiarioan, titulu honetako xedapenak.
III. KAPITULUA
Hipoteka
1874. artikulua
Hipoteka-kontratuaren objektu izan daitezke, bakar-bakarrik:
1. Ondasun higiezinak.
2. Legeen arabera besterentzeko modukoak diren eskubide errealak, horiek ondasun higiezinen gainekoak badira.
1875. artikulua
Hipoteka baliozkotasunez eratuta gera dadin, 1857. artikuluan ezarritako betekizunez gain, nahitaezkoa da berori eratzen duen agiria Jabetza Erregistroan inskribatzea.
Legeak pertsona batzuen mesederako hipoteka ezartzen badu, pertsona horien eskubide bakarra da hipoteka formalizatzeko agiria egilets eta inskriba dadin eskatzea, betiere, estatu, probintzia eta herrien mesederako, zergen azken urtekoari dagokion zenbatekoaren ondorioz, eta aseguratzaileen mesederako, aseguru-primaren ondorioz, Hipoteka Legeak xedatzen duenari kalterik egin gabe.
1876. artikulua
Hipotekaren bidez, hipoteka horren menpeko ondasunak zuzenean eta behingoan lotuta geratzen dira, euren edukitzailea edozein izanik ere, hipoteka zein betebeharren segurtasunerako eratu eta horren betetzeari.
1877. artikulua
Hipoteka hedatzen da, legeak ezarritako adierazpen, zabalkuntza eta mugapenekin, berezko akzesioetara, hobekuntzetara, betebeharra mugaeguneratzean banantzeke dauden fruituetara eta jaso gabe dauden errentetara, bai eta, ondasun hipotekatuen aseguratzaileengandik edo herri-onuraren ondorioz nahitaez jabetza kentzeagatik, jabeari eman edo zor zaizkion kalteordainetara ere, finka oraindik berori hipotekatu zuenaren eskuetan dagoenean eta finka hirugarrenari eskualdatu zaionean ere bai.
1878. artikulua
Kreditu hipotekarioa, osoosorik zein zati batez, besteren edo laga dakioke hirugarrenari, legeak ezarritako formalitateekin.
1879. artikulua
Hartzekodunak ondasun hipotekatuen hirugarren edukitzaileari eska diezaioke haren edukitzapean dauden ondasunekin ziurtaturiko kreditu-zatia ordaintzea, legeak ezartzen dituen modu eta formalitateekin.
1880. artikulua
Hipotekaren forma, norainokoa eta ondoreak, baita horren eraketa, aldarazpena, azkentzea eta kapitulu honetan arauturik ez dauden gainerako gaiak ere, Hipoteka Legearen aginduen menpe geratzen dira, eta lege horrek indarrean dirau.
IV. KAPITULUA
Antikresia
1881. artikulua
Antikresiaren bidez, hartzekodunak eskubidea eskuratzen du, bere zordunaren ondasun higiezin batek ematen dituen fruituak jasotzeko; eta betebeharra du, fruituokin korrituak ordaintzeko, halakoak zor badira, eta, ondoren, kredituaren kapitala ordaintzeko.
1882. artikulua
Hartzekodunak, aurkako itunik izan ezean, betebeharra du, finka kargatzen duten kontribuzio eta zamak ordaintzeko.
Modu berean, betebeharra du, finkaren artapen eta konponketetarako beharrezkoak diren gastuak egiteko.
Fruituetatik kenduko dira helburu bat zein bestea betetzeko erabiltzen diren kopuruak.
1883. artikulua
Zordunak ezin du berreskuratu ondasun higiezinaren gozatzea, aurretiaz ez badio bere hartzekodunari osorik ordaintzen horrekin duen zorra.
Dena den, hartzekoduna aske gera dadin aurreko artikuluak berari ezartzen dizkion betebeharretatik, beti behartu dezake zorduna finkaren gozatzeari berriz ekitera, aurkako itunik izan ezean.
1884. artikulua
Hartzekodunak ez du eskuratzen ondasun higiezinaren gaineko jabetza, hitzarturiko epean zorra ordaintzen ez bazaio.
Horren aurkako itun oro deuseza izango da. Hala ere, hartzekodunak eska dezake, kasu horretan, eta Prozedura Zibilaren Legeak agintzen duen forma erabiliz, zorra ordaindu edo ondasun higiezina saltzea.
1885. artikulua
Kontratugileek hizpa dezakete zorraren korrituak antikresian emandako finkaren fruituekin konpentsatzeko.
1886. artikulua
Kontratu horri aplika dakizkioke 1857. artikuluaren azken lerrokada, 1866. artikuluaren bigarren lerrokada, eta 1860 eta 1861. artikuluak.
XVI. TITULUA
HITZARMENIK GABE HARTZEN DIREN BETEBEHARRAK
I. KAPITULUA
Kuasikontratuak
1887. artikulua
Kuasikontratuak egitate zilegi eta borondate hutsekoak dira; horien ondorioz, euren egilea betebeharpean geratzen da hirugarren bati begira, eta, batzuetan, elkarrekiko betebeharra sortzen da interesdunen artean.
I. ATALA
Inoren negozioak kudeatzea
1888. artikulua
Norbaitek bere borondatez hartzen badu inoren negozioak agentziatu edo administratzeko ardura, horren mandaturik izan gabe, kudeaketari eusteko betebeharra du, harik eta arazoari eta horren gorabeherei amaiera eman arte; edo, interesduna zuzenean ardura badaiteke kudeaketaz, interesdun horri haren ordez jar dadin eskatzeko betebeharra.
1889. artikulua
Kudeatzaile ofiziosoak bere lana bete behar du familiako guraso on batek egingo lukeen modu berean; eta kalteordaina eman behar du, bere erru edo zabarkeriarengatik kalte egiten badio berak kudeatzen dituen ondasun nahiz negozioen ugazabari.
Auzitegiek, hala ere, kalteordainaren garrantzia molda dezakete kasuan kasuko inguruabarren arabera.
1890. artikulua
Kudeatzaileak beste pertsona bati eskuordetzen badizkio bere karguaren eskubide batzuk edo guztiak, erantzukizuna izango du eskuordearen egintzen gain, horrek negozioaren jabeari begira duen zuzeneko betebeharrari kalterik egin gabe.
Kudeatzaileen erantzukizuna, horiek bi edo gehiago badira, solidarioa izango da.
1891. artikulua
Kudeatzaileak ezusteko kasuaren gaineko erantzukizuna izango du, baldin eta ugazabak egin ohi ez dituen eragiketa arriskutsuak gauzatzen baditu, edo, ugazabaren interesaren gainetik, bere interesari lehentasuna ematen badio.
1892. artikulua
Negozioaren ugazabak kudeaketa berresten badu, berrespen horrek esanbidezko mandatuaren ondoreak sortzen ditu.
1893. artikulua
Inoren negozioak kudeatzen badira, kudeaketa hori ez bada beren beregi berresten, eta ondasun edo negozioen ugazabak kudeaketa horren abantailak aprobetxatzen baditu, ugazaba horrek erantzukizuna izango du bere interesean hartutako betebeharren gain, eta kalteordaina emango dio kudeatzaileari, horrek egin dituen gastu nahitaezko eta onuragarriengatik, eta karguan aritzean izan dituen kalteengatik ere bai.
Jabeak betebehar berbera izango du, baldin eta kudeaketaren helburua bada hurhurreko eta ageriko kaltea saihestea, nahiz eta kudeaketa horretatik inolako probetxurik atera ez.
1894. artikulua
Kanpoko batek mantenua ematen badu hori egiteko betebeharra duenak ezer jakin gabe, kanpoko horrek eskubidea izango du betebeharra duenari mantenua eskatzeko, salbu eta agertzen denean mantenua errukiz eta hori erreklamatzeko asmorik gabe eman zela.
Hileta-gastuak pertsona-izaeraren eta herriko usadioen araberakoak badira, horiek ordaindu beharko dituzte, hildakoak ondasunik utzi ez arren, hildakoa bizirik egon balitz horri mantenua emateko betebeharra izango zuketenek.
II. ATALA
Zor ez dena kobratzea
1895. artikulua
Gauza bat jasotzen bada hori kobratzeko eskubiderik izan gabe, eta zor ez dena okerraren ondorioz ematen delako, gauza hori itzultzeko betebeharra sortzen da.
1896. artikulua
Norbaitek onartzen badu zor ez denaren ordainketa, eta gaitzustez badihardu, legezko korrituak ordaindu behar ditu kapitalaren kasuan; eta jasotako edo jaso beharreko fruituak, hartutako gauzak halakoak ematen dituenean.
Halaber, erantzukizuna izango du, edozein arrazoiren ondorioz gauzak izan dituen urripenen gain, baita gauza eman zuenak izandako kalteen gain ere, harik eta horrek gauza berreskuratu arte. Ezusteko kasuan ez da erantzukizunik izango, ezusteko horrek modu berean ukitu izan balitu gauzak, horiek emailearen eskuetan egonez gero.
1897. artikulua
Norbaitek onustez onartzen badu zor ez den gauza jakin eta zehatzaren ordainketa, erantzukizuna izango du, gauzak izan dituen balio-urripen eta galeren gain, bai eta gauzaren akzesioen gain ere, horiekin aberastu izan den neurrian bakarrik. Gauza besterentzen badu, prezioa itzuliko du, edo prezio hori ordain dadin eskatzeko akzioa lagako du.
1898. artikulua
Zor ez den gauza jaso duenak zein hobekuntza eta gastu egin, eta horiei dagokienez, bigarren liburuko 5. tituluan xedaturikoa beteko da.
1899. artikulua
Ez dago itzulketa-betebeharrik, baldin eta norbaitek onustez uste badu ordainketa egin dela indarreko kreditu legitimo baten kontura, eta titulua baliogabetzen badu, edo akzioa preskribatzen uzten badu, edo bahiak bertan behera uzten baditu, edota bere eskubidearen bermeak ezerezten baditu. Norbaitek zor ez duena ordaintzen badu, benetako zordunaren edo fidatzaileen aurka bakarrik jo dezake, horiei begira akzioak indarrean badirau.
1900. artikulua
Ordainketa frogatzea dagokio hori egin duela baieztatzen duenari. Horrek frogatu behar du, halaber, ordainketa okerraren ondorioz egin zuela, salbu eta demandatuak ukatzen duenean berari erreklamatzen zaion gauza jaso duenik. Kasu horretan, demandatzaileak ematea egiaztatu eta gero, demandatzaile hori beste edozein frogatatik askatuta geratzen da. Horrek ez du mugatzen demandatuak duen eskubidea, ustez jaso duena zor zitzaiola egiaztatzeko.
1901. artikulua
Ordainketa egitean okerra izan dela uste da, baldin eta sekula zor izan ez den gauza edo jadanik ordainduta dagoena ematen bada; hala ere, gauzaren itzulketa nori eskatu eta horrek froga dezake ematea eskuzabaltasunaren ondorioz edo beste arrazoi zuzen baten ondorioz egin dela.
II. KAPITULUA
Erru edo zabarkeriaren ondorioz sortzen diren betebeharrak
1902. artikulua
Norbaitek, egite edo ezegitearen ondorioz, kalte egiten badio beste inori, tartean errua edo zabarkeria izanik, eragindako kaltea konpontzeko betebeharra du.
1903. artikulua
Aurreko artikuluak ezartzen duen betebeharra eska daiteke, norberaren egite edo ezegitearen ondorioz ez ezik, beste pertsona batzuenaren ondorioz ere bai, pertsona horien gaineko erantzukizuna norberari badagokio.
Gurasoek erantzukizuna dute, euren zaintzapeko semealabek eragindako kalteen gain.
Tutoreek erantzukizuna dute, adingabeek nahiz ezgaituek eragindako kalteen gain, horiek haien agintepean badaude eta haiekin bizi badira.
Era berean, establezimendu nahiz enpresa bateko ugazaba edo zuzendariek erantzukizuna dute, euren menpekoek eragindako kalteen gain, kalteok gertatu badira euren lan-arloetan zerbitzuak egitean edo euren eginkizunetan aritzean.
Pertsona edo erakundeak goi mailakoaz bestelako irakaskuntza-zentroen titularrak badira, erantzukizuna dute, euren ikasle adingabeek eragiten dituzten kaltegaleren gain, horiek gertatu badira ikasleok zentroko irakasleen kontrol edo zaintzapean dauden bitartean, eta eskolako nahiz eskolatik kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien ondorioz.
Artikulu honek arautzen duen erantzukizuna amaituko da, bertan aipaturiko pertsonek frogatzen badute familiako guraso on batek izango lukeen arreta osoa jarri dutela, kaltea saihesteko.
1904. artikulua
Norbaitek ematen badu bere menpekoek eragindako kaltearen ordaina, horien aurka berreskaera-eskubidea erabil dezake ordaindutakoaren ondorioz.
Goi mailakoaz bestelako irakaskuntza-zentroen kasuan, horien titularrek irakasleei eska diezazkiekete ordaindutako kopuruak, baldin eta irakasleok doloz edo erru astunaz jardun badute, kaltea eragin duten eginkizunak betetzean.
1905. artikulua
Animaliaren edukitzaileak edo horretaz baliatzen denak erantzukizuna du, animalia horrek eragindako kalteen gain, nahiz eta animaliak ihes egin edo animalia hori galdu. Erantzukizuna amaituko da, kaltea ezinbesteko kasuak eragin duenean, edo kaltea gertatu denean hori jasan duenaren erruz.
1906. artikulua
Ehizarako landaren jabeak erantzukizuna izango du, ehizak auzoko finketan eragiten duen kaltearen gain, baldin eta jabe horrek ez badu behar bestekoa egin ehizaren ugalketa saihesteko, edo oztopatu badu finka horien ugazabek ugalketari aurre egiteko burutzen duten ekintza.
1907. artikulua
Eraikinaren jabeak erantzukizuna du, eraikin osoaren edo horren zati baten aurriak eragiten dituen kalteen gain, baldin eta aurria gertatzen bada beharrezko konponketak ez egiteagatik.
1908. artikulua
Era berean, jabeek erantzukizuna izango dute, eragindako kalteen gain:
1) Behar adinako arretarekin jagon ez diren makinek eztanda egiteagatik, eta leku ziur eta egokian jarri ez diren lehergaiek su hartzeagatik.
2) Gehiegizko keengatik, horiek kaltegarriak badira pertsona edo ondasunentzat.
3) Igarobideetan dauden zuhaitzak erortzeagatik, erortze hori ez badu ezinbesteko kasuak eragin.
4) Urminduen edo infekziogaietako gordailuen jarioengatik, horiek eraikitzen badira euren kokalekuaren arabera egokiak diren aurreneurriak bete gabe.
1909. artikulua
Aurreko bi artikuluek kaltea aipatu eta kalte hori gertatzen bada eraikitze-akatsaren ondorioz, kaltea jasan duen hirugarrenak berreskaera-eskubidea erabil dezake arkitektoaren aurka, edo, hala denean, eraikitzailearen aurka, legezko epean bakarrik.
1910. artikulua
Familiaburua etxe batean edo horren zati batean bizi bada, erantzukizuna du, bertatik gauzak jaurti edo erori eta gauza horiek eragiten dituzten kalteen gain.
XVII. TITULUA
KREDITUEN PILATZEA ETA HURRENKERA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1911. artikulua
Betebeharren betetzearen gain, zordunak erantzukizuna du, bere ondasun guztiekin, oraingo nahiz etorkizunekoekin.
1912. artikulua
Zordunak epaiketa bidez eska diezaieke bere hartzekodunei zorren kita eta itxarotea, edo horietarik bat; baina eskubide horren egikaritzak ez du ondore juridikorik sortuko, Prozedura Zibilaren Legeak agindutako kasuetan eta moduan baino.
1913. artikulua
Zordunaren pasiboa aktiboa baino handiagoa bada, eta zordun horrek bere ohiko betebeharrak ordaintzeari utzi badio, bere burua konkurtsora aurkeztu behar du auzitegi eskudunean, behin egoera horretaz jabetu eta gero.
1914. artikulua
Konkurtso-adierazpenak konkurtsatuaren ezgaiketa dakar, horrek bere ondasunak administra ditzan eta legez dagokion beste edozein administrazio gauza dezan. Konkurtsatua bere eskubideetan birgaitua izango da konkurtsoa bukatzean, baldin eta konkurtsoaren kalifikazioak ez badu eratortzen birgaikuntza hori eragozten duen arrazoirik.
1915. artikulua
Konkurtso-adierazpenaren ondorioz, konkurtsatuaren eperako zorrak mugaeguneratu egiten dira.
Zorrak ordaintzen badira betebeharrean finkatutako mugaeguna heldu baino lehen, zorrok deskontu egokia izango dute, diruaren legezko korrituaren arabera.
1916. artikulua
Konkurtso-adierazpenaren dataz geroztik, konkurtsatuaren zor guztiek korritua sortzeari utziko diote, salbu eta kreditu hipotekario eta pignoratizioek, bakoitzak duen bermearen neurrian.
Zorren kapitala ordaindu eta gero, gerakinik badago, gerakin horrekin ordainduko dira korrituak, horiek legezko tasara urrituz, itundutakoa txikiagoa denean izan ezik.
1917. artikulua
Zordunak eta horren hartzekodunek epaiketa bidez hitzarmenak egiten badituzte, lege-formalitateekin, kita eta itxaroteari buruz, hitzarmenok bete beharrekoak izango dira, horretan parte hartzen duten guztientzat, eta, forma egokian zitazioa eta jakinarazpena jaso arren, garaiz protestatzen ez dutenentzat. Salbuespen gisa har daitezke hartzekodunak, horiek abstentzio-eskubidea izanik, ez badute hori behar bezala erabiltzen. Abstentzio-eskubidea dute 1922, 1923 eta 1924. artikuluetan aipatutako hartzekodunek.
1918. artikulua
Kita eta itxaroteko hitzarmena egiten bada mota bereko hartzekodunekin, guztientzat bete beharrekoa izango da gehiengoaren legezko akordioa, kredituen arteko hurrenkerari kalterik egin gabe.
1919. artikulua
Zordunak hitzarmena betetzen badu, horren betebeharrak azkenduta geratuko dira hitzarmen horretan hizpaturikoaren arabera; baina zordunak ez badu osorik edo zati batez hitzarmena betetzen, hartzekodunen eskubidea berpiztuko da, hartzekodunok euren jatorrizko kreditutik jaso ez dituzten kopuruei begira, eta euretatik edozeinek eska dezake konkurtsoa adierazi edo horretan aurrera egitea.
1920. artikulua
Zordunaren eta hartzekodunen artean, aurkako eta esanbidezko itunik ez badago, hartzekodunek euren eskubideari eutsiko diote konkurtsoa amaitutakoan, ordaindu gabeko kreditu zatia kobratzeko, zordunak gerogarrenean eskura ditzakeen ondasunekin.
II. KAPITULUA
Kredituen sailkapena
1921. artikulua
Kredituak mailakatu eta ordaintzeko, horiek sailkatu egingo dira, kapitulu honetan ezarritako hurrenkera eta arauen arabera.
1922. artikulua
Zordunaren ondasun higigarri zehatz batzuei dagokienez, lehenespenekoak dira:
1) Ondasun higigarriak zordunaren esku egon, eta horiek eraiki, konpondu nahiz artatzeagatik edo euren salmenta-prezioarengatik sortutako kredituak, ondasunon balioraino.
2) Bahia hartzekodunaren esku egon eta bahi horrekin bermaturiko kredituak, bahitutako gauzaren gain eta gauza horren balioraino.
3) Fidantza efektu edo baloreen gainekoa izan, establezimendu publikoan edo merkataritzako establezimenduan eratu, eta fidantza horrekin bermaturiko kredituak, fidantzaren gain eta efektuok duten balioaren ondorioz.
4) Garraio-kredituak, garraiaturiko efektuen gain, garraio-prezioaren, gastuen, eta gidatu eta artatzeko eskubideen ondorioz, efektuak eman arte, eta horren osteko hogeita hamar egunetan zehar.
5) Apopilozaintzako kredituak, zordunak ostatuan dituen ondasun higigarrien gain.
6) Zordunari aurreratutako hazien, eta lugintzarako nahiz bilketarako gastuen ondoriozko kredituak, horiekin lortutako uztak eman dituen fruituen gain.
7) Urtebeteko aloger eta errenten ondoriozko kredituak, errentariaren ondasun higigarrien gain, horiek errentapeko finkan badaude, eta finka horren fruituen gain ere bai.
Ondasun higigarriek lehenespena badute eta ondasunok osten badira, hartzekodunak horiek erreklama diezazkioke beroriek dituenari, ostea gertatu eta hurrengo hogeita hamar egunetan zehar.
1923. artikulua
Zordunaren ondasun higiezin eta eskubide erreal zehatz batzuei dagokienez, lehenespenekoak dira:
1) Estatuarentzako kredituak, zergadunen ondasunen gain, ondasun horien gain zergak izan eta zerga horien azken urtekoaren kopururaino, urteko hori mugaeguneratuta baina ordaindu gabe badago.
2) Aseguratzaileen kredituak, aseguratutako ondasunen gain, bi urteko aseguru-primen ondorioz; eta, asegurua mutuoa bada, banatutako azken bi dibidenduen ondorioz.
3) Kreditu hipotekarioak edo errefakzio-kredituak, betiere horiek Jabetza Erregistroan idatzohartu eta inskribatuta daudenean, ondasun hipotekatuen gain edo errefakzioaren objektu izan diren ondasunen gain.
4) Jabetza Erregistroan aurreneurriz idatzoharturiko kredituak, betiere horiek manamendu judizialaren, enbargoen, zainpean jartzeen edo betearazpen judizialaren ondoriozkoak direnean, idatzoharturiko ondasunen gain, eta gerogarreneko kredituei begira bakarrik.
5) Idatzohartu eta inskribatu gabeko errefakzio-kredituak, errefakzioak ukituriko ondasun higiezinen gain, eta aurreko lau zenbakietan aipatutakoez bestelako kredituei begira bakarrik.
1924. artikulua
Zordunaren gainerako ondasun higigarri eta higiezinei dagokienez, lehenespenekoak dira:
1) Probintzia edo udalerriarentzako kredituak, zergen azken urtekoaren ondorioz, urteko hori mugaeguneratuta baina ordaindu gabe badago, eta zergok ez badaude jasota 1923. artikuluaren 1. zenbakian.
2) Kredituak, horiek sortu badira:
A) Konkurtsoaren justizia- eta administrazio-gastuen ondorioz, baldin eta gastuok hartzekodun guztien intereserako izan eta behar besteko baimen edo onespenarekin egin badira.
B) Zordunaren hileten ondorioz, tokiko usadioen arabera, bai eta zordun horren ezkontidearen eta guraso-ahalpeko semealaben hileta-gastuen ondorioz ere, horiek ez badute berezko ondasunik.
C) Pertsona berberen azken gaixotasunak eratorritako gastuen ondorioz, horiek azken urtean sortu badira, heriotza-egunetik zenbatuta.
D) Inoren konturako langileen eta etxezerbitzuko langileen alokairu eta soldaten ondorioz, horiek azken urteari badagozkio.
E) Sorospen, gizarte-aseguru eta lan-mutualismoko araubide nahitaezkoei dagozkien kuoten ondorioz, aurreko lerrokadak aipaturiko epealdi berean, baldin eta kreditu horiei ez bazaie lehenespen handiagorik aitortu aurreko artikuluaren arabera.
F) Zordunari, berarentzat eta beraren agintepeko familiarentzat, janari, jantzi edo oinetakoekin egindako aurrerapenen ondorioz, epealdi berean.
G) Mantenu-pentsioen ondorioz, konkurtso-epaiketan zehar, salbu eta pentsio horien oinarria eskuzabaltasun hutsa denean.
3) Pribilejio berezirik ez duten kredituak, baldin eta horiek agerrarazten badira:
A) Eskritura publikoan.
B) Epai irmoan, kredituok auzigai izan badira.
Kreditu horiek elkarren artean lehenespena izango dute antzinatasun-hurrenkeraren arabera, eskritura eta epaien datak kontuan izanik.
1925. artikulua
Ez dute lehenespenik izango beste edozein motatako kredituek eta beste edozein tituluren bidezko kredituek, ez badira aurreko artikuluetan barneratzen.
III. KAPITULUA
Kredituen hurrenkera
1926. artikulua
Kredituek lehenespena badute ondasun higigarri zehatz batzuei begira, kreditu horiek gainerako guztiak baztertzen dituzte, lehenespena duen ondasun higigarriaren balioraino.
Bi kreditu edo gehiago pilatzen badira ondasun higigarri zehatz batzuei begira, hurrengo erregelak beteko dira, horiek ordaintzeko hurrenkerari dagokionez:
1) Kreditu pignoratizioak gainerakoak baztertzen ditu, bahian emandako gauzaren balioraino.
2) Fidantzaren kasuan, fidantza hori Zuzenbidearen arabera eratzen bada hartzekodun bat baino gehiagoren mesederako, hartzekodun horien arteko hurrenkera zehaztuko da bermea emateko daten arabera.
3) Kredituak badira haziak eta lugintzarako nahiz bilketarako gastuak aurreratzearen ondorio, lehenespena dute, aloger eta errenta-kredituen aurretik, haiekin lortutako uztak ematen dituen fruituen gain.
4) Gainerako kasuetan, ondasun higigarrien prezioa lainean banatuko da, ondasun horiei begira lehenespen berezia duten kredituen artean.
1927. artikulua
Kredituek lehenespena badute ondasun higiezin edo eskubide erreal zehatz batzuei begira, kreditu horiek gainerako guztiak baztertzen dituzte, lehenespenak ukitzen duen ondasun higiezinaren edo eskubide errealaren balioraino.
Bi kreditu edo gehiago pilatzen badira ondasun higiezin edo eskubide erreal zehatzei begira, hurrengo erregelak beteko dira, euren arteko hurrenkerari dagokionez:
1) Lehenespena izango dute, hurrenkeraren arabera, 1923. artikuluko 1 eta 2. zenbakietan aipaturiko kredituek, artikulu bereko gainerako zenbakietan jasotako kredituen aurretik.
2) Kreditu hipotekarioak eta errefakzio kredituak, idatzohartuta edo inskribatuta egonik, 1923. artikuluaren 3. zenbakian aipatzen badira, kreditu horiek eta artikulu bereko 4. zenbakian jasotakoek euren artean lehenespena izango dute antzinatasun-hurrenkeraren arabera, Jabetza Erregistroan kasuankasuan egindako inskripzio edo idatzoharrak kontuan izanik.
3) Erregistroan idatzohartu edo inskribatu gabeko errefakzio-kredituak 1923. artikuluko 5. zenbakian aipatutakoak badira, lehenespena izango dute, elkarren artean, euren antzinatasunaren alderantzizko hurrenkeraren arabera.
1928. artikulua
Ondasun higigarri edo higiezin zehatzei begira lehenespena duten kredituak ordaindu eta gero, zordunaren ondasunetatik geratzen dena metatu egingo zaie zordunak bestelako kredituak ordaintzeko dituen ondasun askeei.
Norbaitzuek, ondasun higigarri edo higiezin zehatzei begira lehenespena izanik, ez badute osorik kobratzen horien zenbatekoa, kobratuko dute, mentsari dagokionez, bakoitzaren izaeraren araberako hurrenkera eta tokian.
1929. artikulua
Kredituek ez badute lehenespenik ondasun zehatzei begira, edo, lehenespena izan arren, ez badira osorik kobratzen, edo lehenespen-eskubidea preskribatu bada, kredituok hurrengo erregelen arabera ordainduko dira:
1) 1924. artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
2) Lehenespeneko kredituak, daten arabera, data horien arteko hurrenkera kontuan izanik, eta, data bereko kredituetan, lainean.
3) 1925. artikuluak aipatzen dituen kreditu arruntak, euren datak kontuan izan gabe.
XVIII. TITULUA
PRESKRIPZIOA
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1930. artikulua
Preskripzioaren bidez eskuratzen dira, legean zehaztutako modu eta baldintzetan, jabaria eta gainerako eskubide errealak.
Halaber, eta modu berean, preskripzioaren bidez azkentzen dira eskubide eta akzioak, horiek edozein motatakoak izanik.
1931. artikulua
Ondasun edo eskubideak eskura ditzakete, preskripzioaren bidez, Zuzenbideko beste moduen bitartez halakoak eskuratzeko gai direnek.
1932. artikulua
Eskubideak eta akzioak azkentzen dira, preskripzioaren bidez, edozein pertsonaren kalterako, bai eta pertsona juridikoen kalterako ere, legeak ezarritakoaren arabera.
Gizabanakoek ezin badituzte euren ondasunak administratu, eskubidea dute, beren ordezkari legitimoen aurka erreklamazioa egiteko, baldin eta ordezkarion zabarkeria izan bada preskripzioaren arrazoia; eskubide horri ezin zaio inoiz kalterik egin.
1933. artikulua
Jabekide edo erkide batek preskripzioa irabazi badu, preskripzio hori probetxugarria da besteentzat ere bai.
1934. artikulua
Preskripzioak bere ondore juridikoak sortzen ditu jarauntsiaren alde zein aurka, jarauntsi hori onartu aurretik, eta inbentarioa eta hausnarketa egiteko epean zehar ere bai.
1935. artikulua
Pertsonek besterentze-gaitasuna badute, uko egin diezaiokete irabazitako preskripzioari; baina ez aurrerantzean preskribatzeko eskubideari.
Preskripzioari isilbidez uko egiten zaiola ulertzen da, baldin eta uko-egitea egintza batzuek eratorri badute eta egintzotatik atera badaiteke eskuratutako eskubidea bertan behera utzi dela.
1936. artikulua
Preskribatzeko modukoak dira gizakien arteko merkataritzan dauden gauza guztiak.
1937. artikulua
Hartzekodunek eta preskripzioaz baliarazi nahi diren pertsonetatik edozeinek ere hori erabil dezakete, nahiz eta zordunak edo jabeak preskripzioari esanbidez edo isilbidez uko egin.
1938. artikulua
Titulu honetako xedapenak ulertzen dira, kode honetan edo lege berezietan preskripziokasu zehatzen inguruan ezarritakoari kalterik egin gabe.
1939. artikulua
Preskripzioa hasi bada kode hau argitaratu aurretik, preskripzio hori arautuko dute kodearen aurreko legeek; baina, kodearen indarraldia hasi denetik, igaro bada kodean bertan preskripzioarentzat ezarritako epe osoa, preskripzio horrek bere ondore guztiak sortuko ditu, nahiz eta aurreko legeen arabera epea luzeagoa izan.
II. KAPITULUA
Jabariaren eta gainerako eskubide errealen preskripzioa
1940. artikulua
Jabariaren eta gainerako eskubide errealen preskripzio arrunterako, beharrezkoa da gauzen edukitza onustez eta titulu zuzenarekin izatea, legean zehazturiko epean zehar.
1941. artikulua
Edukitza izan behar da ugazaba moduan, jendaurrean, modu baketsuan eta geldiarazpenik gabe.
1942. artikulua
Edukitzaren ondorioetarako, edukitza-egintzak ez dira probetxugarriak, horiek burutzen badira ugazabaren baimenarekin edo horren jasamen hutsarekin.
1943. artikulua
Edukitzaren geldiarazpena, preskripzioaren ondoreetarako, naturala edo zibila izan daiteke.
1944. artikulua
Edukitzaren geldiarazpen naturala gertatzen da, edukitzeari utzi zaionean urtebete baino gehiago.
1945. artikulua
Geldiarazpen zibila gertatzen da epaileak edukitzaileari egindako zitazioaren ondorioz, nahiz eta hori epaile eskugabearen aginduz gertatu.
1946. artikulua
Zitazio judiziala egingabekotzat hartuko da, eta zitazio horrek ez du geldiarazpenik sortuko:
1) Zitazioa deuseza bada, legezko solemnitateak ez izateagatik.
2) Auzijartzaileak demandari amore ematen badio, edo auzialdia iraungi dadin uzten badu.
3) Edukitzailea demandatik absolbitzen bada.
1947. artikulua
Geldiarazpen zibila gertatzen da, halaber, adiskidetzeko ekitaldiaren ondorioz, baldin eta, ekitaldi hori egin eta bi hilabeteko epean, epaileari demanda aurkezten bazaio, auzipeko gauzaren edukitza edo jabariari buruz.
1948. artikulua
Era berean, edukitzaileak esanbidez edo isilbidez ugazabaren eskubidea aitortzen badu, edukitza geldiarazi egiten da.
1949. artikulua
Jabetza Erregistroan inskribaturiko tituluaren aurka, ez da gertatuko jabariaren edo eskubide errealen preskripzio arrunta, hirugarrenaren kalterako, salbu eta hori gertatzen denean inskribatuta dagoen beste titulu baten ondorioz; kasu horretan, epearen zenbaketa hasten da, bigarrena inskribatzen denetik.
1950. artikulua
Edukitzailearen onustea da horrek uste izatea gauza zein pertsonaren eskutik jaso, eta pertsona hori gauzaren ugazaba zela eta horren jabaria eskualda zezakeela.
1951. artikulua
Kode honen 433, 434, 435 eta 436. artikuluetan edukitzari buruz onustebaldintzak ezarri, eta baldintza horiek beharrezkoak dira, orobat, jabariaren eta gainerako eskubide errealen preskripzioan, harako betekizuna zehazteko.
1952. artikulua
Titulua zuzena dela ulertzen da, baldin eta legearen arabera nahiko bada, preskripziopeko jabari edo eskubide erreala eskualdatzeko.
1953. artikulua
Titulua, preskripzioaren ondoreetarako, benetako eta baliozkoa izan behar da.
1954. artikulua
Titulu zuzena frogatu behar da; ez dago inoiz horren inguruko presuntziorik.
1955. artikulua
Ondasun higigarrien gaineko jabariaren preskripzioa gertatzen da, edukitza geldiarazpenik gabe hiru urtean izanez gero, onustez.
Ondasun higigarrien gaineko jabariaren preskripzioa gertatzen da, orobat, edukitza geldiarazpenik gabe sei urtean izanez gero, bestelako baldintzarik gabe.
Ugazabak gauza higigarria galtzen badu edo hori legearen aurka kentzen bazaio, gauza erreibindikatzeko eskubidea du, eta hori berori gertatzen da, jendaurreko salmentan, burtsan, azokan nahiz merkatuan eskuratutako gauza higigarriekin, edo legez behar den moduan jardun eta antzeko objektuak salerosten dituen merkatariaren eskutik eskuraturikoekin ere bai; horiei dagokienez, kode honen 464. artikuluan xedatutakoa beteko da.
1956. artikulua
Gauza higigarriak ebatsi edo lapurtzen dituztenek, eta sopikunek eta estaltzaileek, ezin dituzte horiek preskribatu, baldin eta ez bada gertatu delitu edo faltaren preskripzioa, edo haren zigorrarena, eta delitu edo falta horretatik sortutako erantzukizun zibila eskatzeko akzioarena.
1957. artikulua
Ondasun higiezinen gaineko jabariaren eta gainerako eskubide errealen preskripzioa gertatzen da, edukitza hamar urtean izanez gero, bertan daudenen artean, eta hogei urtean, absenteen artean, onustez eta titulu zuzenarekin.
1958. artikulua
Preskripzioaren ondoreetarako, absentetzat hartzen da atzerrian edo itsasoz bestaldean bizilekua duena.
Epearen zati batean, bertan eta beste zatian absente egonez gero, absentziako bi urte urtebetetzat hartuko dira, bertan daudenen arteko hamar urteak bete arte.
Absentzia ez bada urtebetekoa jarraian, ez da kontuan hartuko zenbaketarako.
1959. artikulua
Era berean, ondasun higiezinen gaineko jabariaren eta gainerako eskubide errealen preskripzioa gertatzen da, horien edukitza geldiarazpenik gabe hogeita hamar urtean izanez gero; ez da titulurik ez onusterik behar, eta ez da bereizketarik egiten, bertan daudenen eta absenteen artean, 539. artikuluan agindutako salbuespenari kalterik egin gabe.
1960. artikulua
Preskripziorako behar den epea zenbatzeko, hurrengo erregelak beteko dira:
1) Oraingo edukitzaileak osa dezake preskripziorako behar den epea, bere epea eta bere kausatzailearena batuz.
2) Oraingo edukitzailea iraganean edukitzaile izan bada, uste da hala izan dela bitarteko denboran ere bai, horren aurkako frogarik izan ezean.
3) Epearen zenbaketa zein egunetan hasi eta egun hori osoa dela ulertzen da; baina azken eguna osoosorik bete behar da.
III. KAPITULUA
Akzioen preskripzioa
1961. artikulua
Akzioen preskripzioa gertatzen da, legeak finkaturiko epea igarotze hutsaren ondorioz.
1962. artikulua
Ondasun higigarrien gaineko akzio errealen preskripzioa gertatzen da, edukitza galdu denetik sei urte igarotakoan, salbu eta edukitzaileak epe laburragoan jabaria irabazten duenean 1955. artikuluarekin bat etorriz; galeraren eta jendaurreko salmentaren kasuetan, eta ebasketa- edo lapurreta-kasuetan ere, artikulu berberaren hirugarren lerrokadan xedatutakoa beteko da.
1963. artikulua
Ondasun higiezinen gaineko akzio errealen preskripzioa gertatzen da, hogeita hamar urte igarotakoan.
Xedapen hori ulertzen da, jabaria edo eskubide errealak preskripzioaren bidez eskuratzeko ezarri denari kalterik egin gabe.
1964. artikulua
Akzio hipotekarioaren preskripzioa gertatzen da, hogei urte igarotakoan; eta preskripziorako epemuga berezirik ez duten akzio pertsonalena, hamabost urte igaro eta gero.
1965. artikulua
Jaraunskideen artean, ugazabakideen artean edo finka mugakideetako jabeen artean, ez da preskribatzen jarauntsiaren banaketa, gauza erkidearen zatiketa edo lur mugakideen mugaketa eskatzeko akzioa.
1966. artikulua
Bost urte igarotakoan preskribatzen dira hurrengo betebeharren betetzea eskatzeko akzioak:
1) Mantenu-pentsioak ordaintzeko betebeharrarena.
2) Errentamenduen prezioa ordaintzeko betebeharrarena, errentamenduok hiri-finketakoak izan zein landa-finketakoak izan.
3) Beste edozein ordainketarena, ordainketa hori egin behar bada urteka edo epe laburragoetan.
1967. artikulua
Hiru arte igarotakoan preskribatzen dira hurrengo betebeharren betetzea eskatzeko akzioak:
1) Epaile, abokatu, erregistratzaile, notario, eskribau, aditu, agente eta kuriakoei, euren ogibidesariak eta eskubideak, eta euren kargu nahiz ogibideetan aritzean egindako gastu eta ordainketak ordaintzeko betebeharrarena, betiere betebehar horrek ukitzen dituen gaietan.
2) Farmazialariei eurek emandako sendagaiak ordaintzeko betebeharrarena; eta irakasle eta maisumaistrei, eurek emandako irakaskuntzaren ondoriozko ogibidesari eta beharsariak, edo euren lanbide, erti nahiz ogibidean aritzearen ondoriozkoak ordaintzeko betebeharrarena.
3) Burdinalangile, morroi eta langileei euren zerbitzuak ordaintzeko betebeharrarena; eta zerbitzu horien ondorioz egindako hornidura edo ordainketak emateko betebeharrarena ere bai.
4) Ostalariei janaria eta gela ordaintzeko betebeharrarena; eta merkatariei erositako gaien prezioa emateko betebeharrarena ere bai, halakoak saldu bazaizkie merkatari ez direnei, edo, merkatari izanik, beste trafiko batean dihardutenei.
Aurreko hiru lerrokadek akzioak aipatu, eta akzio horien preskripzioepea zenbatuko da, kasuan kasuko zerbitzuak egiteari utzi zitzaionetik.
1968. artikulua
Preskribatzen dira, urtebete igarotakoan:
1) Edukitza berreskuratu edo atxikitzeko akzioa.
2) Erantzukizun zibila eskatzeko akzioa, erantzukizun hori sortzen bada irain edo kalumniaren ondorioz, eta 1902. artikuluan erru edo zabarkeria arautu eta horrek eratortzen dituen betebeharren ondorioz, betiere laidotuak hori jakin duenetik.
1969. artikulua
Mota guztietako akzioen preskripzioepea zenbatuko da, bestelakoa ezartzen duen xedapen berezirik izan ezean, akzio horiek egikaritu ahal izan diren egunetik.
1970. artikulua
Akzioen helburua bada betebeharren betetzea erreklamatzea, eta betebehar horiek korritudun nahiz errentadun kapitalaren gainekoak badira, akzioen preskripzioepea hasten da, errenta edo korrituaren azken ordainketatik.
Gauza bera ulertzen da, zainpeketa-zentsuaren kapitalari dagokionez.
Enfiteusi- eta erreserba-zentsuetan, preskripzioepea hasten da, orobat, pentsio nahiz errentaren azken ordainketatik.
1971. artikulua
Akzioen helburua bada epai bidez adierazitako betebeharren betetzea eskatzea, akzio horien preskripzioepea hasten da, epaia irmo bihurtu denetik.
1972. artikulua
Akzioen helburua bada kontuen ematea eskatzea, akzio horien preskripzio epemuga hasten da, kontuak eman behar zituztenek euren karguak utzi zituzten egunetik.
Kontu-arrazoien emaitza eskatzeko akzioari dagokionez, epemuga hasten da, alderdi interesdunek, elkarren arteko adostasunez, emaitza hori aitortu duten datatik.
1973. artikulua
Akzioen preskripzioa geldiarazi egiten da, akzio horiek auzitegietan egikaritzearen ondorioz, hartzekodunak epaiketatik kanpoko erreklamazioa egitearen ondorioz eta zordunak zorra aitortzeko burututako edozein egintzaren ondorioz.
1974. artikulua
Akzioen preskripzioa geldiarazten bada betebehar solidarioetan, geldiarazpen horrek onura eta kalte berberak dakarzkie hartzekodun eta zordun guztiei. Xedapen hori zordunaren jaraunsleei begira ere aplikatzen da, edozein motatako betebeharretan. Betebehar mankomunatuetan, hartzekodunak ez badio zordun bati erreklamatzen horri dagokion zatia baino gehiago, horren ondorioz ez da preskripzioa geldiarazten, gainerako zordunkideei dagokienez.
1975. artikulua
Preskripzioa geldiarazten bada zordun nagusiaren aurka, zorra epaiketatik kanpo erreklamatzearen ondorioz, geldiarazpen horrek ondorea sortzen du fidatzailearen aurka ere bai; baina geldiarazpenak ez dio fidatzaileari kalterik egingo, hori gertatzen bada epaiketatik kanpoko erreklamazioen ondorioz edo zordunak modu pribatuan egindako aitorpenen ondorioz.
AZKEN XEDAPENA
1976. artikulua
Indarrik gabe geratzen dira lege-testu, usadio eta ohiturak, horiek zuzenbide zibil erkidea osatzen badute, kode honek arautzen dituen gai guztietan; eta indarrik gabe geratuko dira, zuzenean bete beharreko lege-izaera duten heinean, eta zuzenbide osagarri diren neurrian ere bai. Xedapen hori ezin zaie aplikatu kode honen arabera indarrean dirauten legeei.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Kode honek aldaketak egin eta aldaketa horiek kalte egiten badiete aurreko legeria zibilaren arabera eskuratutako eskubideei, aldaketok ez dute atzeraeraginezko ondorerik izango.
Kodean beren beregi zehazturik ez dauden kasuetan, legeria egokia aplikatzeko, hurrengo erregelak beteko dira:
Lehenengoa
Kodearen aurreko legeriak arautuko ditu legeria horren araubidepeko egintzek eratorri eta haren arabera sortutako eskubideak, nahiz eta kodeak eskubide horiek beste modu batera arautu, edo halakorik aitortu ez. Dena den, eskubidea lehenengoz adierazten bada kodean, eskubide horrek ondorea izango du behingoan, nahiz eta berori eratorri duen egintza aurreko legeriaren menpe gauzatu, baldin eta eskubide horrek ez badio kalterik egiten jatorri beretik eskuratutako beste eskubide bati.
Bigarrena
Egintza eta kontratuak egin badira aurreko legeriaren araubidepean, eta baliozkoak badira legeria horren arabera, euren ondore guztiak sortuko dituzte legeria horren arabera, erregela hauetan ezarritako mugapenekin. Ondorenez, baliozkoak izango dira testamentuak, mankomunatuak izan arren, eta kode honen indarraldia hasi baino lehen egiletsi edo idatzitako testamentu-ahalordeak edo testamentu-oroitidazkiak ere bai; ondore guztiak sortuko dituzte ad cautelam klausulek, testamentugilearen isilpeko jarraibideen arabera ondasunak aplikatzeko fideikomisoek eta aurreko legerian onarturiko bestelako egintzek. Hala ere, egintza horiek edo horietan jasotako klausulak ezin izango dira ezeztatu edo aldarazi, kodea indarrean jarri eta gero, testamentua kodearen arabera egiten ez bada.
Hirugarrena
Kodearen xedapenek zigor zibilarekin edo eskubide-gabetzearekin zehatzen badituzte aurreko legeetan zehapenik ez zuten egite eta ezegiteak, xedapenok ezin zaizkio aplikatu aurreko legeak indarrean zeuden bitartean kodeak debekatutako ezegitea edo egitea gauzatu duenari.
Aurreko legeriak ere falta zigortzen badu, xedapenik onuragarriena aplikatuko da.
Laugarrena
Kodearen indarraldia hasi baino lehen, akzio eta eskubideak sortu badira, baina egikaritu gabe badaude, horiek indarrean iraungo dute, aurreko legeriak halakoei aitortzen zizkien norainoko eta mugekin; baina, akzio eta eskubide horien egikaritzari, iraupenari eta horiek baliarazteko prozedurei dagokienez, akzio eta eskubideok kodean xedatutakoaren menpe geratzen dira. Eskubidea edo akzioa egikaritzeko, aurreko legeriaren menpe prozedurak hasi badira eta bukatzeke badaude, eta prozedura horiek eta kodean ezarritakoak desberdinak badira, interesdunek batzuk zein besteak aukeratu ahal dituzte.
Bosgarrena
Semealabak emantzipatuta eta guraso-ahalpetik kanpo geratzen dira, hogeita hiru urte bete badituzte kode honen indarraldia hastean; baina semealabok gurasoen etxean eta horien kontura bizi badira, gurasoek euts diezaiekete semealaben ondareen gain dituzten gozamen, administrazio eta gainerako eskubideei, harik eta aurreko legeriaren arabera semealabak guraso-ahalpetik kanpo geratzeko epea bete arte.
Seigarrena
Gurasoak bere borondatez emantzipatu badu semea edo alaba, bere buruarentzat eskubideen bat erreserbatuz, haren ondasun adbentizioen gain, guraso horrek eskubidearen luperketari euts diezaioke, harik eta aurreko legeriaren arabera seme edo alaba hori guraso-ahalpetik kanpo geratzeko epea bete arte.
Zazpigarrena
Aitek, amek eta aitonaamonek betetzen badute euren ondorengoen gaineko kuradoretza, ezin izango dituzte kendu eurek eratutako fidantzak; ez badute fidantzarik eman, ezin dira behartu hori ematera eta, emandakoa nahiko izan ez arren, ezin dira behartu emandakoa osatzera.
Zortzigarrena
Aurreko legeriaren araubidepean eta horren arabera izendatu badira tutore eta kuradoreak, horiek euren karguei eutsiko diete; baina, karguotan aritzeari dagokionez, kodearen xedapenen menpe geratuko dira. Erregela hori aplika dakieke inoren ondasunen edukitzaileei eta bitarteko administratzaileei ere bai, legeak halakoak ezartzen dituen kasuetan.
Bederatzigarrena
Tutoretza eta kuradoretzen behin betiko eraketa auzitegien ebazpenaren zain badago kodearen indarraldia hastean, halakoak eratuko dira aurreko legeriaren arabera, aurretiko erregelan xedatutakoari kalterik egin gabe.
Hamargarrena
Udal epaile eta fiskalek ez dituzte ofizioz izendatuko familia-kontseiluak, kodearen indarraldia hastean, oraindik adingabeen gaineko tutoretza behin betiko eratzeke dagoenean baino. Tutorea edo kuradorea jadanik hasi bada bere kargua betetzen, ez da kontseilua izendatuko, harik eta horren kide izan behar diren pertsonetatik edozeinek edo tutoreak nahiz kuradoreak hala eskatu arte; bien bitartean, protutorearen izendapena etenda geratuko da.
Hamaikagarrena
Adopzio-espedienteak, borondatezko emantzipazioari buruzkoak eta legezko barkatzearen ingurukoak bukatu gabe badaude Gobernuan edo auzitegietan, euren bideari ekingo diote aurreko legeriaren arabera, salbu eta gurasoek edo grazia eskatzen dutenek prozedura horretan amore eman eta kodeak ezarritakoa hobesten dutenean.
Hamabigarrena
Norbait hiltzen bada, testamentuarekin nahiz testamenturik gabe, kodea indarrean jarri baino lehen, aurreko legeak arautuko ditu hildako horren jarauntsiaren gaineko eskubideak. Geroago, testamentuarekin nahiz testamenturik gabe, hiltzen direnen jarauntsia kode honen arabera adjudikatu eta banatuko da; baina beteko dira, kodeak hala ahalbidetzen duen neurrian, testamentuko xedapenak. Errespetatuko dira, ondorenez, seniparteak, hobekuntzak eta legatuak; baina horien zenbatekoa urrituko da, jarauntsiko partaide bakoitzari ezin bazaio beste modu batera eman kode honen arabera dagokiona.
Hamahirugarrena
Aurreko xedapenetan zuzenean jaso ez diren kasuak konponduko dira, xedapenon oinarri diren printzipioak aplikatuz.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa
Auzitegi Goreneko eta lurralde-entzutegietako buruek txostena aurkeztu behar diote Grazia eta Justizia Ministerioari, urte bakoitzaren bukaeran; txosten horretan adierazi behar dute, urte horretan areto zibilen eskumenekoak izan diren negozioetan, zernolako gabeziak eta zalantzak sortu diren, kode hau aplikatzeko. Txosten horretan xehetasunez agerraraziko da zeintzuk izan diren zuzenbidearen inguruko arazo eta gai eztabaidagarriak, eta kode honen artikuluen ondorioz edo aipamen ezaren ondorioz auzitegiek izan dituzten zalantzak.
Bigarrena
Grazia- eta justizia-ministroak Kodegintzarako Batzorde Nagusiari bidaliko dizkio txosten horiek, eta urte bereko Estatistika Zibilaren ale bat ere bai.
Hirugarrena
Datu horiek guztiak, beste herri batzuetan gauzatu eta gurean erabilgarri izan daitezkeen aurrerapenak, eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia ikusirik, Kodegintzarako Batzorde Nagusiak, hamar urterik behin, komenigarri diren eraldaketak aurkeztu eta helaraziko dizkio Gobernuari.