Heriotza-zigorra bete behar duten kondenatuen eskubideen babesa bermatzeko zaintza-neurriak

Euslege

Heriotza-zigorra bete behar duten kondenatuen eskubideen babesa bermatzeko zaintza-neurriak.

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak onetsiak, 1984. urteko maiatzaren 25eko 1984/50 ebazpenean

1. Heriotza-zigorra indarrik gabe utzi ez duten herrialdeetan, ezin izango da halakorik ezarri zehapen gisa delitu astunenentzako baino; era berean, ulertuko da horren noranahikoa asmo osoko delituetara mugatuko dela, ondorio oso txarrak edota beste ondorio arras astunak dutenetara.

2. Heriotza-zigorra bakar-bakarrik ezarri ahal izango da halako delitu baterako, delitu hori dela eta, noiz egin berori eta une horretan, legeak heriotza-zigorra xedatu duenean horretarako; halaber, ulertuko da, delitua egin ostean legeak xedatzen badu zigor arinagoa, aldaketa hori onuragarri izango dela delitugilearentzat.

3. Ez zaie heriotza-zigorrik ezarriko delitua egiteko unean 18 urtetik beherakoei, ezta heriotza-epairik betearaziko ere, haurdun dauden emakumeei edota oraintsu haurra izan dutenei, ezta burua galdu duten pertsonei ere.

4. Heriotza-zigorra bakar-bakarrik ezarri ahal izango da akusatuaren erruduntasuna frogatzeko froga argiak eta sinesgarriak daudenean; egitateen bestelako azalpenik ezinezkoa dela.

5. Heriotza-zigorra bakar-bakarrik betearazi ahal izango da epai irmo baten arabera; epai hori auzitegi eskudunak emango du, prozesu juridiko baten ondoren, prozesu horrek eskaintzen dituela epai bidezko bat ziurtatzeko ahal diren berme guztiak; gutxienez, horiek Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 14. artikuluan xedatutakoen baliokideak izango dira, barne hartuta delitu bat egiteagatik susmagarriak edo akusatuak izan direnek berez duten eskubidea abokatuaren laguntza izateko prozesuaren fase guztietan, delitu hori denean heriotza-zigorrarekin zehatzeko modukoa.

6. Heriotza-zigorra bete behar duen kondenatu orok eskubidea izango du goi jurisdikzioko auzitegira jotzeko; orobat, neurriak hartuko dira, gora-jotze horiek nahitaezkoak direla bermatu ahal izateko.

7. Heriotza-zigorra bete behar duen kondenatu orok eskubidea izango du zigorraren indultua edo ordezpena eskatzeko; izan ere, heriotza-zigor kasu guztietan eman ahal izango da zigorraren indultua edo ordezpena.

8. Heriotza-zigorrik ezin izango da betearazi erabakitzeko daudenean gora-jotzeko prozedurak edota beste errekurtso-prozedurak edo zer ikusia dutenak zigorraren indultu eta ordezpenarekin.

9. Heriotza-zigorra aplikatzen denean, ahalik eta sufrimendu txikiena eragiteko moduan gauzatuko da halakoa.