92009forulegea

9/2009 Foru Legea, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 103. artikulua aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

9/2009 Foru Legea, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 103. artikulua aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, NAFARROAKO ONDAREARI BURUZKO APIRILAREN 4KO 14/2007 FORU LEGEAREN 103. ARTIKULUA ALDATZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Foru lege honen bidez aldatzen da sozietatearen kontzeptua, orain arte Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 103. artikuluaren b) letran jasoa dena, hemendik aurrera sozietate publikoak izanen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo erakunde autonomoen partaidetza, zuzena nahiz zeharkakoa, 100eko 50ekoa edo handiagoa dutenak; halatan, sozietate publikoa definitzen duen irizpidea bateratu eta kontzeptu bakar batean biltzen da, eta aldi berean saihesten ondareari buruzko foru araudiaren arabera sozietate publikoak diren gainerakoek izaera galtzea Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa, S.M.P. sortzearen eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa S.M.P. izeneko sozietatea sortzeari buruzko foru legean aurreikusitako gainerako akzio eta sozietate-partaidetzak eskuratzearen ondorioz. Gainera, komeni den bezala, kontzeptuak homogeneizatzea lortzen da, batez ere Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearekin, arau hori ere egokituta baitago kontzeptu berri horretara aipaturiko foru legearen azken xedapenetako lehenaren bitartez.

Artikulu bakarra.-Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 103. artikuluko b) letra aldatu da, testu hau izateko:

"b) Sozietate publikoak. Halakotzat hartzen dira Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoek sozietatearen kapitalean duten partaidetza, zuzena nahiz zeharkakoa, 100eko 50etik gorakoa denean".

Azken xedapenetako lehena.-Foru lege hau gehiengo osoko foru legetzat kalifikatzea.

Foru lege hau gehiengo osokoa da Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 eta 45.6 artikuluen arabera

Azken xedapenetako bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko ekainaren 18an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea