72008forulegea,

7/2008 Foru Legea, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko 14/2004 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legea aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

7/2008 FORU LEGEA, maiatzaren 19koa, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO GOBERNUARI ETA LEHENDAKARIARI BURUZKO ABENDUAREN 3KO 14/2004 FORU LEGEA ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOARI BURUZKO ABENDUAREN 3KO 15/2004 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko 14/2004 Foru Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legeak, biak ere abenduaren 3koak, ezarri zuten Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta kontseilariek "jaun edo andre txit garaia" tratamendua ofiziala izanen dutela, eta zuzendari nagusiek, berriz, "txit prestua" tratamendua. Ministroen Kontseiluak, bestalde, 2005eko otsailaren 18an hartutako akordioaren bidez, ezarri zuen Estatuko Gobernuko kideen eta goi karguen tratamendua karguaren izena eta jaun/andrea izanen dela.

Horiek horrela, gerta daitezkeen protokolo-arazoak konpontze aldera, eta arauen behar bezalako koordinazioa helburu, aipatu diren foru legeak aldatu eta bertako tratamendu ofizialen nahitaezkotasuna desagerrarazi beharra dago; Nafarroako Gobernuak, horrela, egoki den mailako xedapenaren bidez, horri buruz egoki deritzona erabakiko du.

Lehenengo artikulua.-Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean aldaketa hauek egin dira:

Bat.-33. artikuluko 1. idatz-zatiak testu hau izanen du:

"Nafarroako Gobernuko lehendakariak eskubidea du bereizgarri gisa Nafarroako bandera eta ezkutua erabiltzeko eta bere kargua dela-eta dagozkion ohoreak jasotzeko".

Bi.-37. artikuluko 1. idatz-zatia honela geratuko da idatzita:

"Nafarroako Gobernuko lehendakariek, kargua utzitakoan, dagozkien ohoreak izanen dituzte eta, Foru Komunitateko ekitaldi ofizialetan, erregelamendu bidez protokoloan ezartzen zaien tokia izanen dute".

Hiru.-43. artikuluak testu hau izanen du:

"Nafarroako Gobernuko kontseilariek beren kargua dela-eta dagozkien ohoreak jasotzeko eskubidea dute".

Lau.-47. artikuluko 1. idatz-zatia honela geratuko da idatzita:

"Nafarroako Gobernuko kontseilariek, kargua utzitakoan, dagozkien ohoreak izanen dituzte eta, Foru Komunitateko ekitaldi ofizialetan, erregelamendu bidez protokoloan ezartzen zaien tokia izanen dute".

Bigarren artikulua.-Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean aldaketa hauek egin dira:

Bat.-22. artikuluaren 4. idatz-zatia kendu da.

Bi.-Orain arte 5. idatz-zatia izan dena 4. idatz-zatia izanen da, eta testu bera izaten jarraituko du.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea