II. Protokoloa: 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren protokolo osagarria, nazioarteko izaera ez duten gatazka armatuen biktimen babesari buruzkoa

Euslege

1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren protokolo osagarria, nazioarteko izaera ez duten gatazka armatuen biktimen babesari buruzkoa (II. Protokoloa)

Gatazka Armatuetan aplikagarri den nazioarteko giza zuzenbidearen berresteari eta garapenari buruzkoa, Konferentzia diplomatikoak onetsia, 1977ko ekainaren 8an.

Indarrean jartzea: 1978ko abenduaren 7an, 95. artikuluarekin bat etorriz.

Atarikoa

Alderdi kontratugile gorenak,

Gogoratuz, 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenarekin bat datorren 3. artikuluak berretsitako giza printzipioak direla gizakiari zor zaion errespetuaren oinarria, nazioarteko izaera ez duen gatazka armatu baten kasuan,

Gogoratuz, baita ere, giza eskubideen inguruan nazioarteko instrumentuek oinarrizko babesa eskaintzen diotela gizakiari,

Azpimarratuz, horrelako gatazka armatuen biktimei babes hobea bermatzeko beharra,

Gogoratuz, indarrean dagoen zuzenbideak barruan hartzen ez dituen kasuetan, gizakia giza printzipioen eta kontzientzia publikoaren eskaeren babespean gelditzen dela,

Hurrengoa hitzartu dute:

I. TITULUA: PROTOKOLO HONEN EREMUA

1. artikulua: Aplikazio-eremu materiala

1. Protokolo honek, 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenenarekin bat datorren 3. artikulua garatu eta osatzen du, gaur egun hark dituen aplikazio baldintzak eraldatu gabe, eta gatazka armatu guztiei aplikatzen zaie, horiek barruratuta ez baldin badaude biktimen babesari buruzko 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenen Protokolo osagarriaren (I. Protokoloa) 1. artikuluan; betiere, gatazkok alderdi kontratugile gorenaren lurraldean gertatzen badira, alderdiaren indar armatu eta indar armatu disidenteen artean, edo talde armatuen artean, azken horiek agintari arduradun baten zuzendaritzapean antolatuta baldin badaude; nolanahi ere, talde horiek aipatu lurraldearen zati bat kontrolpean izan behar dute, eta kontrol horrek ahalbidetu behar die eragiketa militar etengabe eta antolatuak egitea eta Protokolo hau aplikatzea.

2. Protokolo hau ez da barne tentsio egoeretan eta barruko istilu egoeretan aplikatuko, hala nola, matxinadetan, indarkeriazko noizbehinkako nahiz bakarkako egintzetan, eta antzeko beste egintzetan, horiek ez baitira gatazka armatuak.

2. artikulua: Aplikazio-eremu pertsonala

1. Protokolo hau aplikatuko zaie pertsona guztiei baldin eta horiek ukituak izan badira gatazka armatu baten aldetik, 1. artikuluaren esanahiaren arabera; aplikazio hori egingo da izaera kaltegarria izan dezakeen inolako bereizketarik gabe,besteak beste, arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio edo sinesmen, iritzi politiko edo beste izaera batekoak , nazio-jatorriz edo jatorri soziala, ondarea, jaiotza edo bestelako baldintza edo antzeko beste edozein irizpide arrazoiengatik (aurrerantzean "izaera kaltegarria duen bereizketa deituko dena.).

2. Gatazka armatuaren amaieran, gatazka horri lotutako arrazoiengatik askatasun-gabetze edo -murriztea pairatu duten pertsona guztiak, edota gatazka eta gero arrazoi berberengatik direlako neurriak pairatu dituztenak, 5 eta 6. artikuluetan ezarritako babesa izango dute askatasun-gabetze edo -murrizte hori amaitu arte.

3. artikulua: Esku hartze eza

1. Ezin izango da Protokolo honen xedapenik baliatu estatu baten subiranotasuna edo gobernuari dagokion erantzukizuna gutxiesteko, azken horrek helburua duela estatuak legea eta ordena mantendu edo berrezartzea edota nazioaren batasuna eta lurraldearen osotasuna defendatzea. Bidezko dituen baliabide guztiekin.

2. Ezin izango da Protokolo honen xedapenik baliatu, oinarri gisa, zertarako eta gatazka armatuan parte hartzeko, zuzeneko edo zeharkako moduan, edozein dela horren zioa edota alderdi kontratugile gorenaren barne nahiz kanpoko arazoetan sartzeko, alderdi gorenaren lurraldean gertatzen bada gatazka hori.

II. TITULUA: GIZA TRATUA

4. artikulua: Oinarrizko bermeak

1. Liskarretan zuzenean parte hartzen ez duten pertsona guztiek, edo horietan parte hartzeari utzi diotenek, askatasunaz gabetuak izan ala ez, badute eskubidea euren pertsona izaera, ohorea, sinesmenak eta erlijio eginerak errespetatuak izan daitezen.{Gizalegez tratatuak izango dira inguruabar guztietan, izaera kaltegarria duen bereizketarik gabe.{Debekatuta dago inor bizirik ez irauteko agindua.

2. Aurreko xedapenen izaera orokorrari kalterik egin gabe, 1. paragrafoan aipatzen diren pertsonei dagokienez, debekatuta daude, aldi zein leku guztietan, ondorengoak:

a) pertsonen bizitzaren, osasunaren eta osotasun fisiko edo mentalaren aurkako atentatuak, batik bat, erailketa eta tratu krudelak, hala nola, tortura eta ebaketak edo gorputz zigor mota oro;

b) zigor kolektiboak;

c) bahiketak;

d) terrorismo egintzak;

e) duintasun pertsonalaren aurkako atentatuak, bereziki tratu umiliagarri eta apalesgarriak, bortxakeria, derrigortutako prostituzioa eta norbanakoen sexu-lotsari egindako atentatuak;

f) esklabotza eta esklaboen salerosketa, eta aurrekoen mota guztiak;

g) lapurreta;

h) aipatutako egintzak gauzatzeko mehatxuak.

3. Haurrei behar dituzten arreta eta laguntza emango zaizkie eta, bereziki ondorengoak:

a) hezkuntza jasoko dute, erlijio edo moralari buruzkoa barne, gurasoen nahiekin bat datorrena edo, horien ezean, euren zaintza duten pertsonen nahiekin bat datorrena;

b) aldi batez banandurik dauden familien elkartzea errazteko neurri egokiak hartuko dira;

c) hamabost urtetik beherako haurrak ez dira indar edo talde armatuetan errekrutatuak izango, eta ez da onartuko horiek liskarretan parte hartzea.

d) hamabost urtetik beherako haurrei artikulu honetan ezarritako babes berezia aplikatzen jarraituko zaie, baldin eta c) ataleko xedapenak gorabehera, liskarretan zuzenean parte hartu badute eta harrapatu badituzte;

e) hala badagokio, kasuan kasuko neurriak hartuko dira, ahal dela gurasoen baimenarekin edota legearen edo ohituraren arabera, haurren zaintza duten pertsonen baimenarekin, zertarako eta haurrak aldi baterako liskarrak gertatzen diren gunetik herrialdeko beste gune babestuago batera eramateko, eta lekualdatze horretan euren segurtasuna eta ongizatea zainduko duten pertsonen laguntza izateko.

5. artikulua – Askatasunaz gabetutako pertsonak

1. 4. artikuluaren xedapenez at, eta gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiengatik askatasunaz gabetuta dauden pertsonei dagokienez, horiek barneratuta nahiz atxilotuta egonik, ondorengo xedapenak errespetatuko dira gutxienez:

a) zauritu eta gaixoak 7. artikuluak ezarritakoaren arabera tratatuko dira;

b) paragrafo honetan aipatzen diren pertsonak, tokiko biztanleriaren neurri berean elikagaiak eta edateko ura jasoko dituzte, eta osasun eta higienerako bermeak izango dituzte; berebat, klimaren laztasunen eta gatazka armatuaren arriskuen aurkako babesa izango dute;

c) banakako laguntzak edo laguntza kolektiboak jasotzeko baimena izango dute;

d) euren erlijioa praktikatzeko aukera izango dute eta, hala eskatzen dutenean eta hori bidezkoa denean, funtzio erlijiosoak gauzatzen dituzten pertsonen laguntza espirituala jasoko dute, hala nola, kapilauena;

e) lan egin behar duten kasuan, tokiko biztanleria zibilak dituen lan-baldintza eta pareko bermeak izango dituzte.

2. 1. paragrafoan aipatu pertsonen barneratze edo atxiloketaren arduradunek, ahal duten neurrian eta euren eskumenen barruan, pertsona horiei dagozkien ondorengo xedapenak errespetatuko dituzte:

a) familia bereko gizon eta emakumeak leku batean elkarrekin kokaturik dauden kasua izan ezik, emakumeak gizonezkoentzat diren lokaletatik aparte zainduko dira eta emakumeen gertuko zaintzapean egongo dira;

b) aipatu pertsonek gutunak eta posta-txartelak bidali eta jasotzeko baimena izango dute, baina agintari eskudunak horien kopurua muga dezake, hori beharrezkoa dela iruditzen bazaio;

c) barneratze- eta atxiloketa-lekuak ezin izango dira borroka-guneen inguruan kokatu.{1. paragrafoan aipatu pertsonak gatazka armatuaren ondorioz arriskuan gelditzen diren barneratze- edo atxiloketa-lekuetatik atera egingo dira, betiere ateratze hori segurtasun baldintza nahikoekin gauza daitekeenean;

d) pertsona horiei mediku-azterketak egingo zaizkie;

e) ez dira arriskuan jarriko horien osasuna ezta osotasun fisiko edo mentala ere, inolako arrazoirik gabeko egite edo ez egiteagatik.{Horren ondorioz, artikulu honetan aipatzen diren pertsonei edozein ebakuntza mediko egitea debekatzen da, euren osasun egoerak kontrakoa adierazten ez badu eta orokorrean onartuta dauden mediku-arauekin bat ez badator; mediku-arau horiek izanik medikuntzan, inguruabar berdintsuetan dauden pertsona askeei aplikatuko litzaizkiekeenak.

3. Gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiengatik,askatasuna mugatuta duten pertsonak, edozein dela horren forma, 1. paragrafoaren xedapenetan agertu ez arren, gizatasunez tratatuko dira, 4. artikuluan eta artikulu honen 1 a), c) eta d) eta 2 b) paragrafoak xedatutakoarekin bat etorriz.

4. Askatasunaz gabetutako pertsonak askatzea erabakitzen bada, erabaki hori hartzen dutenek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte euren segurtasuna bermatzeko.

6. artikulua: Zigor eginbideak

1. Artikulu hau gatazka armatuarekin zerikusia duten gauzatutako zigor arau-hausteen auzipetzeari eta zehapenari aplikatuko zaio.

2. Ez da kondenarik ezarriko, ezta zigorrik ere exekutatuko, arau-hauste batengatik pertsona bat erruduna dela adierazten denean, baldin eta hori egiten ez bada auzitegi baten epaiaren bidez, auzitegi horrek independentzia eta inpartzialtasun berme oinarrizkoak eskaintzen dituela.{Are zehatzago:

a) prozedurak ezarriko du akusatuak atzerapenik gabe jakin behar dituela egozten zaion arau-haustearen zehaztasunak; era berean, akusatuari beharrezko dituen defentsa eskubide eta baliabide guztiak bermatuko dizkio, epaiketa baino lehen eta epaiketan zehar gauzatzen diren egintzetan;

b) inor ezin da arau-hauste batengatik kondenatu, ez bada beraren norbanako zigor-erantzukizunaren gainean.

c) inor ez da egite edo ez-egite batengatik kondenatuko, egintza horiek egiten direnean zuzenbidearen arabera horiek delituzkoak ez badira; orobat, ezin da arau-haustea egiten denean aplika daitekeen zigorra baino gogorragorik ezarri ere; aitzitik, arau-haustea egin eta gero, legeak zigor arinagoa ezartzea aginduko balu, delitugileak horren onura izango luke;

d) arau-hauste bat egiteagatik akusatutako pertsona oro errugabetzat jotzen da legearen arabera errudun dela frogatzen ez den bitartean;

e) arau-hauste bat egiteagatik akusatutako pertsona orok, epaitua den bitartean, epaiketan bertan egoteko eskubidea izango du;

f) inor ezin izango da behartu bere buruaren aurkako adierazpenik egitera ezta bere burua errudun aitortzera ere;

3. Kondenatua izan den pertsona orok ezagutu behar ditu, kondenaren unean, errekurtso judiziala eta bestelakoak aurkezteko dituen eskubideak, eta eskubide horiek egikaritzeko dituen epeak.

4. Ez da heriotza-zigorrik ezarriko arau-haustea egiteko unean 18 urtetik beherako pertsonen aurka ezta zigor bera ere exekutatuko haurdun dauden emakumeen kasuan edota adin txikiko haurrak dituzten amen kasuan.

5. Liskarrak amaitzen direnean, boterean dauden agintariek amnistiarik zabalena ematen saiatuko dira gatazka armatuan parte hartu duten pertsonentzat, askatasunaz gabeturik dauden pertsonentzat, horiek barneraturik edo atxiloturik badaude, gatazka armatuarekin zerikusia duten arrazoiengatik.

III. TITULUA: ZAURITUAK, GAIXOAK ETA ITSASOAN GALDUTAKOAK

7. artikulua: Babesa eta laguntza

1. Zauritu, gaixo eta itsasoan galdutako guztiak, gatazka armatuan parte hartzaileak izan edo ez, errespetatuak eta babestuak izango dira.

2. Inguruabar guztietan gizalegez tratatuko dira eta egingarri den neurrian eta ahalik eta eperik laburrenean, beraien egoerak eskatzen dituen mediku-zaintzak jasoko dituzte.{Horien artean ez da inolako bereizketarik egingo, mediku-irizpideetan oinarrituta ez badago.

8. artikulua: Bilaketa

Inguruabarrek ahalbidetzen duten guztietan, batik bat, liskarraren ostean, zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak bilatu eta jasotzeko egingarri diren neurri guztiak hartuko dira, atzerapenik gabe, lapurreta eta tratu txarren aurrean babesteko eurei beharrezko laguntza ziurtatzeko, eta hildakoak bilatzeko, beraien gauzak kendu ez diezazkieten, eta beraien gorpuzkiei begirunezko erabilera emateko.

9. artikulua: Osasun eta erlijio arloko langileen babesa

1. Osasun eta erlijio arloko langileak errespetatuak eta babestuak izango dira.{Euren zereginak gauzatzeko ahal den laguntza guztia emango zaie. Ildo beretik, ez dira behartuak izango euren giza helburuarekin bateraezinak diren zereginak gauzatzera.

2. Ezin izango da eskatu osasun-langileek, euren lana betetzeko, pertsonen baten tratamenduari lehentasuna ematea, non ez den horretarako mediku-arrazoi aski.

10. artikulua: Medikuntza-jardueraren babes orokorra

1. Ez da inor zigortuko deontologiaren arabera medikuntza-jarduera gauzatzeagatik, jarduera horren inguruabarrak edo onuradunak edozein izanik ere.

2. Medikuntza-jardueran ari diren pertsonak ezin izango dira behartu egintzak edo lanak gauzatzera, baldin eta horiek deontologiaren aurkako, zaurituak eta gaixoak babestera zuzendutako bestelako mediku-arau batzuen aurkako, edo Protokolo honen aurkakoak badira; era berean ezin izango diote uko egin aipatu arau edo xedapenek eskatutako egintzak gauzatzeari

3. Nazio-legerian xedatutakoari kalterik egin gabe, medikuntza-jardueran ari diren pertsonen lanbide-betebeharrak errespetatuko dira, beraiek lagundu dituzten zauritu eta gaixoen inguruan jasotako informazioari dagokionez.

4. Nazio-legerian xedatutakoari kalterik egin gabe, medikuntza-jardueran ari den pertsona ezin izango da inola ere zehatu, berak lagundu dituen edo laguntzen dituen zauritu edo gaixoen inguruko informazioa ez emateagatik edota informazio hori ematea ukatzeagatik.

11. artikulua: Osasun-unitate eta -garraiobideen babesa

1. Osasun-unitateak eta osasun-garraiobideak errespetatu eta babestu behar dira une oro, eta ez dira erasoen objektu izan behar.

2. Osasun-unitate eta -garraiobideei zor zaien babesa bakar-bakarrik amaitu ahal izango da horiek kontrako egintzak egiteko erabiltzen direnean,giza zereginak alde batera utzita.{Dena dela, babesa amaitu egingo da agindei baten ondoren, bertan ezarri dela, hala dagokionean, zentzuzko epea, eta epe horrek ondorioak sortu ez dituenean.

12. artikulua: Ikur bereizgarria

Dagokion agintari eskudunaren zuzendaritzapean, osasun eta erlijio arloko langileek eta osasun-unitate eta -garraiobideek hondo zuri baten gainean gurutze gorriaren, ilargierdi gorriaren edo lehoi eta eguzki gorrien ikur bereizgarria eramango dute.{Ikur hori inguruabar guztietan errespetatu beharko da.{Ezin izango da modu bidegabean erabili.

IV. TITULUA: BIZTANLERIA ZIBILA

13. artikulua: Biztanleria zibilaren babesa

1. Biztanleria zibilak eta pertsona zibilek operazio militarrak eragindako arriskuen aurka babes orokorra izango dute.{Babes hori eragingarri egiteko, inguruabar guztietan ondorengo arauak hartuko dira kontuan.

2. Biztanleria zibila eta pertsona zibilak, euren izaeragatik, ez dira erasoen jomuga izango.{Debekatuta gelditzen dira indarkeria egintzak eta mehatxuak, horien helburu nagusia biztanleria zibila izutzea denean.

3. Pertsona zibilek Titulu horrek ematen duen babesa izango dute, salbu eta liskarretan zuzenean parte hartzen dutenean eta parte hartze horrek irauten duen bitartean.

14. artikulua: Biztanleria zibilaren biziraupenerako ezinbestekoak diren ondasunen babesa

Debekatuta gelditzen da, borroka modu legez, pertsona zibilak gosez edukitzea.{Horren ondorioz, debekatu egiten da helburu horrekin biztanleria zibilaren biziraupenerako ezinbestekoak diren ondasunak erasotzea, suntsitzea, lapurtzea edo erabiliezin uztea; ondasun horiek dira, besteak beste, elikagaiak eta elikagai horiek ekoizten dituzten nekazaritza-guneak, uztak, abereak, edateko uraren instalazioak eta erreserbak eta ureztaketa-lanak.

15. artikulua: Indar arriskutsuak dituzten obra eta instalazioen babesa

Indar arriskutsuak dituzten obra edo instalazioak, hau da, presak, dikeak eta energia elektrikodun zentral nuklearrak, ez dira erasoen xede izango, nahiz eta helburu militarrak izan, halako erasoek indar horien askapena eragin dezaketenean eta horren ondorioz, biztanleria zibilaren barnean galera handiak eragin ditzaketenean.

16. artikulua: Kultura-ondasunak eta kultu-lekuen babesa

Hagako 1954ko maiatzaren 14ko Kultura-ondasunak babesteko Hitzarmenaren xedapenei kalterik egin gabe, debekatuta gelditzen da gatazka armatu egoeran indarkeria egintzak egitea herrien kultura- edo espiritu-ondarea osatzen duten monumentu historiko, artelan edo kultu-lekuen kontra , eta horiek ahalegin militarren mesedetan erabiltzea.

17. artikulua: Nahitaezko lekualdaketen debekua

1. Ezin izango da biztanleria zibila leku batetik bestera eraman gatazkarekin lotura duten arrazoiengatik, beharrezkoa izan ezik pertsona zibilen segurtasunagatik edo premiazko arrazoi militarrengatik.{Hala eta guztiz ere, halako lekualdaketa egin beharko balitz, neurri egingarri guztiak hartuko dira biztanleria zibilak izan ditzaten ostatu, osasun egoera, higiene, segurtasun eta elikadura baldintza egokienak .

2. Ezin izango da biztanleria zibila behartu euren lurralde propioa uztera gatazkarekin lotura duten arrazoiak direla eta.

18. artikulua: Laguntza elkarteak eta laguntza egintzak

1. Alderdi kontratugile gorenen lurraldean ezarritako laguntza elkarteek, hala nola Gurutze Gorriaren erakundeek (Ilargi Erdi Gorria, Lehoia eta Eguzki Gorriak), euren zerbitzuak eskain ditzakete beraien ohiko zereginak gauzatzeko, gatazka armatuaren biktimei dagokienez.{Biztanleria zibilak bere burua eskaini ahal izango du, bere ekimenez, zaurituak, gaixoak eta itsasoan galdutakoak jaso eta zaintzeko

2. Biztanleria zibila gabezia izugarriak jasaten ari denean, bere biziraupenerako behar-beharrezko horniketa gabeziagatik, barnean direla , janariak eta osasun-horniketak orduan, alderdi kontratugile goren interesatuaren baimenarekin laguntza egintzei ekingo zaie biztanleria zibilaren mesedetan, egintza horiek soil-soilik giza eta inpartzialtasun izaera izango dute eta izaera kaltegarria ez duen bereizketarik gabe gauzatuko dira.

V. TITULUA: AZKEN XEDAPENAK

19. artikulua: Hedapena

Protokolo hau ahalik eta modu zabalenean hedatu behar da.

20. artikulua: Sinadura

Protokolo hau Hitzarmeneko alderdiek sinatzeko irekia geratuko da Azken Aktaren sinaduratik sei hilabetera eta irekita jarraituko du hamabi hilabeteko epean

21. artikulua: Berrespena

Protokolo hau ahalik eta azkarren berretsiko da.{Berrespen instrumentuak Suitzako Kontseilu Federalaren esku gordailutuko dira, berori baita Hitzarmenen gordailuzaina.

22. artikulua: Atxikimendua

Protokolo hau, Protokoloaren sinatzaile izan gabe Hitzarmenen alderdi guztien atxikimendurako irekita egongo da.{Atxikimendu instrumentuak gordailuzainaren esku gordailutuko dira.

23. artikulua: Indarrean jartzea

1. Protokolo hau indarrean jarriko da bi berrespen edo atxikimendu instrumentuak gordailutu eta sei hilabetera.

2. Geroago berresten duen edo atxikitzen den Hitzarmenetako alderdi bakoitzarentzat, Protokolo hau indarrean jarriko da alderdi horrek bere berrespen edo atxikimendu instrumentuak gordailutu eta sei hilabetera.

24. artikulua: Zuzenketak

1. Alderdi kontratugile goren orok zuzenketa bat edo batzuk proposa diezazkioke Protokolo honi.{Proposatutako edozein zuzenketaren testua gordailuzainari jakinaraziko zaio, eta honek, alderdi kontratugile goren guztiekin eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearekin kontsulta egin eta gero, erabakiko du komenigarria den proposatutako zuzenketa aztertzeko batzarraren deialdia egitea.

2. Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenak eta Hitzarmeneko alderdiak gonbidatuko ditu batzarrera, Protokolo honen sinatzaile izan ala ez.

25. artikulua: Salaketa

1. Alderdi kontratugile goren batek Protokolo hau salatzen badu, salaketak ondorioak sortuko ditu salaketa instrumentuak jaso eta sei hilabetera.{Hala ere, sei hilabeteok igarota gero alderdi salatzailea, 1. artikuluan ezarritako egoeran aurkitzen bada, salaketak ez du ondoriorik sortuko gatazka armatua amaitu baino lehen.{Gatazka horri lotutako arrazoiak direla eta, askatasunaz gabetutako edo murriztutako pertsonak, Protokolo honen xedapenen onurak izaten jarraituko dute, behin betiko askatasuna lortu arte.

2. Salaketa idatziz jakinaraziko zaio gordailuzainari.{Azken honek alderdi kontratugile goren guztiei komunikatuko die.

26. artikulua: Jakinarazpenak

Gordailuzainak alderdi kontratugile gorenei eta Hitzarmenetako alderdiei, horiek Protokolo honen sinatzaile izan edo ez, ondorengoen gaineko informazioa emango die;

a) Protokolo honetan agertzen diren sinadurak,berrespen eta atxikimendu instrumentuen gordailua, 21 eta 22. artikuluekin bat etorriz;

b) Protokolo hau indarrean jartzen den data, 23. artikuluarekin bat etorriz;

c) jasotako komunikazio eta adierazpenak, 24. artikuluarekin bat etorriz.

27. artikulua: Erregistroa

1. Behin Protokolo hau indarrean jarri eta gero, gordailuzainak Nazio Batuen Idazkaritzara igorriko du testu honen erregistroa eta argitaratzea gauzatzeko helburuarekin, Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluarekin bat etorriz.

2. Gordailuzainak Nazio Batuen Idazkaritzari adieraziko dizkio. Protokolo honen inguruan jasotzen dituen berrespen, atxikimendu eta salaketa guztiak

28. artikulua: Testu kautoak

Protokolo honen jatorrizko edukia eta horren testuak, arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz kautoak dira eta, gordailuzainaren eskuan gordailutuko da, eta horrek kopia ziurtatuak bidaliko dizkie Hitzarmenetako alderdi guztiei.

euskal legezalea