40/2015 Legea, Sektore publikoaren araubide juridikoarena (eta 2)

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

(BOE nº 236, de 2 de octubre de 2015)

Ley 40/2015, de 1 de octubre, de Régimen Jurídico del Sector Público (eta 2)

III. KAPITULUA

Estatuko erakunde publikoak

1. atala.

Xedapen orokorrak

88. artikulua.

Definizioa eta jarduera propioak.

Zuzenean nahiz beste erakunde publiko baten bitartez Estatuaren Administrazio Orokorraren mendean edo harekin lotuta dauden erakunde publikoak dira honako jarduera hauek egiteko sortutakoak: administrazio-jarduerak, zerbitzu publikoak sustatu, egin edo kudeatzeko edo kontraprestazioak jaso ahal dituzten interes publikoko ondasunak ekoizteko; eduki ekonomikoko jarduerak, administrazio publikoei erreserbatuta daudenak; bai eta ekonomia-sektoreak gainbegiratu edo arautzeko ere. Erakunde publiko horien ezaugarriei erreparatuta, justifikatuta egongo da halakoak deszentralizazio funtzionalaren edo independentziaren araubidean antolatzea.

89. artikulua.

Nortasun juridikoa eta ahalak.

1. Erakunde autonomoek nortasun juridiko propio bereizia dute, beren ondarea eta diruzaintza dituzte eta baita kudeatzeko autonomia ere, lege honetan ezarritakoaren arabera.

2. Beren eskumenen esparruan, beren xedeak betetzeko beharrezkoak diren administrazio-ahalak dituzte, estatutuetan aurreikusita dagoenaren arabera, desjabetzeko ahala izan ezik.

Estatutuetan erakunde publikoei funtzionamenduko bigarren mailako alderdiak antolatzeko ahala eman ahalko zaie agindutako xedeak eta zerbitzua betetzeko, zerbitzu horren oinarrizko araubide juridikoa ezartzen duten xedapenek ezarritako esparruan eta norainokoarekin.

Erakunde publikoek beren administrazio-ahalak erabiliz emandako egintza eta ebazpenen aurka Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako administrazio-errekurtsoak aurkeztu ahalko dira.

90. artikulua.

Estatuko sektore publikoaren antolakuntza-egitura.

1. Erakunde publikoak gobernu-organoetan eta betearazpen-organoetan egituratzen dira, Estatutuan zehazten denaren arabera.

Gobernu-organo gorenak lehendakaria eta artezkaritza-kontseilua dira.

Hala ere, estatutuan eskumen diferenteak dituzten beste gobernu-organo batzuk aurreikusi ahalko dira.

Erakunde publikoaren zuzendaritzak kontrol-eredu bat ezarri behar du, bere helburuak betetzean arrazoizko segurtasuna lortzeko asmoarekin.

2. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari dagokio entitateak sailkatzea, beren izaeraren eta enpresa-sektore publikoko eta beste entitate batzuetako arduradun eta zuzendari nagusien ordainsari-sistema arautzen duen martxoaren 5eko 451/2012 Errege Dekretuan ezarritako irizpideen arabera.

Horretarako, entitateak hiru taldetan sailkatuko dira.

Sailkapen horrek toki-entitatea kokatzen den maila zehaztuko du, honako helburu hauetarako:

a) Gobernu-organoetako kideen gehieneko kopurua.

b) Antolakuntza-egitura, zuzendarien gehieneko eta gutxieneko kopurua nahiz guztizko ordainsariaren zenbatekoa finkatuta eta kargu-osagarriaren eta osagarri aldakorraren gehieneko ehunekoa zehaztuta.

91. artikulua.

Estatuko erakunde publikoak sortzea.

1. Estatuko erakunde publikoak lege bidez sortuko dira.

2. Sorrera-legeak hau ezarriko du:

a) Sortzen den erakunde publikoaren mota. Xede orokorrak azaldu beharko dira, bai eta erakundea zein sailen mendean edo zein saili lotuta dagoen.

b) Bidezkoa bada, baliabide ekonomikoak, langileriaren, kontratazioaren, ondarearen eta zerga arloko araubidearen berezitasunak, eta bere izaerarengatik lege-mailako arau bat eskatzen duten beste berezitasun guztiak ere.

3. Ministro Kontseiluari erakunde publikoa sortzeko lege-aurreproiektua igorri beharko zaio. Lege-aurreproiektu horrekin batera, estatutuen proposamena eta hasierako jarduketa-plana aurkeztu beharko dira, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren aldeko nahitaezko txostenarekin. Txosten horretan, artikulu honetan aurreikusita dagoena betetzen dela baloratuko da.

92. artikulua.

Jarduketa-planaren edukia eta ondorioak.

1. Hasierako jarduketa-planak honako hau jasoko du, gutxienez:

a) Beste erakunde publiko bat sortzea justifikatzen duten arrazoiak, haren eginkizunak lehendik dagoen beste erakunde batek bete ezin dituela azalduta. Halaber, egiaztatu beharko da erakunde hori sortuta ez dela lehendik dagoen beste organo edo entitate baten jarduera bikoiztuko.

b) Zein forma juridiko proposatzen den. Baztertu diren beste antolakuntza-alternatiba batzuekin alderatuta, aukeratu den forma juridikoa efizienteagoa dela justifikatzen duen azterlana.

c) Aukeratu den antolakuntza-egituraren oinarriak. Zuzendaritza-organoak zehaztuko dira, eta funtzionamendurako beharrezkoak diren giza baliabideen aurreikuspena egingo da.

d) Lehenengo ekitaldirako aurrekontuaren aurreproiektua. Horrekin batera, ekonomia- eta finantza-azterlana joango da, egiaztatzeko hasieran jarduera egiten hasteko eta etorkizunean erakundea iraunkorra izateko zuzkidura ekonomikoa nahikoa dela, kontuan hartuta gastuen eta inbertsioen finantzaketarako etorkizuneko iturriak nahiz horrek guztiak Estatuaren Aurrekontu Orokorretan izango duen eragina.

e) Erakundearen helburuak ) nahikoak eta egokiak direla justifikatuko da) , helburu horiek neurtzeko adierazleak, eta helburuok lortzeko urte anitzeko programazio estrategikoa. Horretarako, zer bitarteko ekonomiko erabiliko diren eta langileak ere adierazi beharko dira, eta, langileei dagokienez, zehaztu egin beharko da lanpostuak nola beteko diren, langileak nondik ekarriko diren, kostuak zenbatekoak diren, zein diren ordainsariak eta kalte-ordainak, eta erakundearen jarduera zer denbora-esparrutan garatzea aurreikusten den.

Era berean, betetze-mailari lotutako ondorioak ere adierazi beharko dira, eta bereziki, helburuak bete ezean zuzendaritzako langileen kudeaketak zein ebaluazio izango duen.

Horretarako, produktibitate-osagarria edo kontzeptu baliokidea banatzeko, kontuan hartuko da sorrera-planean eta urteko planetan ezarritako helburuen betetze-maila.

2. Erakunde publikoek hasierako jarduketa-planean aurreikusita dagoenaren arabera jardungo dute.

Plan hori urtero eguneratuko da. Horretarako, sorrera-planaren aurreikuspenak hurrengo ekitaldirako garatu ahal izateko plana egingo da.

Erakundea zein sailen mendean edo zein saili atxikita dagoen, sail horrek urteko jarduketa-plana urte naturaleko azken hiruhilekoan onetsi beharko du. Plan hori koherentea izan beharko da aurrekontu-araudian aurreikusitako urte anitzeko jarduketa-planarekin.

Jarduketa-planak, hiru urterik behin, erakundearen programazio estrategikoaren berrikuspena jasoko du.

Erakundeari egotzi ahal zaion arrazoi batengatik urteko jarduketa-plana onetsi ez bada, erakundearen alde Estatuaren Aurrekontu Orokorren kargura egin behar diren transferentziak geldiaraziko dira, salbu eta Ministro Kontseiluak beste erabaki bat hartzen badu.

3. Jarduketa-plana, urteko planak eta horien aldaketak, erakunde publikoaren webgunean argitaratuko dira.

93. artikulua.

Estatutuen edukia.

1. Estatutuek honako alderdi hauek arautuko dituzte, gutxienez:

a) Erakundearen eginkizunak eta eskumenak, erakundeak erabil ditzakeen administrazio-ahalak adierazita.

b) Antolakuntza-egitura zehaztea, honako hauek azalduta: osaera, eginkizunak, eskumenak eta organo bakoitzari dagokion administrazio-maila.

Halaber, bere egintza eta ebazpenen artean administrazio-bidea zeinek agortzen duten zehaztuko dira.

c) Esleitzen zaien ondarea eta finantzatzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak.

d) Giza baliabideei, ondareari, aurrekontuari eta kontratazioari buruzko araubidea.

e) Merkataritza-sozietateetan parte hartzeko ahalmena, esleitutako xedeak betetzeko beharrezkoa denean.

2. Erakunde publikoen estatutuak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez onetsiko dira, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak eta erakundea zein ministeriorekin lotuta edo zeinen mendean dagoen eta ministerio horrek batera egindako proposamenaren arabera.

3. Kasuan kasuko erakunde publikoa benetan jardunean hasi aurretik onartu eta argitaratu behar dira estatutuak.

94. artikulua.

Estatuko erakunde publikoek bat egitea.

1. Izaera juridiko berbereko estatuko erakunde publikoek bat egin ahalko dute. Horretarako, azkendu ahal dira eta gerora erakunde publiko berri batean integratu, edo azkendu eta gero lehendik dagoen beste erakunde publiko batek haiek xurgatu.

2. Bategitea egiteko, erregelamendu-mailako araua erabiliko da, horrek sorrera-legea aldatzea ekarri arren.

Erregelamendu-mailako arauak bategitearen ondoriozko erakunde publiko berri bat sortzen badu, 91.2 artikuluan erakunde publikoak sortzeko eskakizunei buruz aurreikusita dagoena bete beharko da.

3. Bat egiteko erregelamendu-mailako arauarekin batera birdimentsionamendurako plana egin beharko da, egoera berriaren ondoriozko antolakuntzak eta higiezinen, langileriaren eta baliabideen arloko egiturak egokitzeko. Plan horretan egiaztatu beharko da bategiteak sortuko duen aurrezkia.

Erakunde publikoetako bat finantza-desorekako egoeran badago, birdimentsionamendurako planaren arabera aurreikusi ahalko da likidagarriak diren eta desoreka sorrarazi zuen jardueratik eratorri diren ondare arloko betebehar, ondasun eta eskubideak funts batean sartzea. Funts horrek ez du izango nortasun juridikorik, kontabilitate bereizia izango du, eta erakunde berriari edo erakunde xurgatzaileari atxikiko zaio, bidezkoa denaren arabera.

Bat egin ostean, desoreka sorrarazi zuten jarduerak egiteari utziko zaio, salbu eta bat egin ondoren halakoak modu iraunkorrean egitea aurreikusi bada.

Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak nahitaezko txostena egin ondoren, birdimentsionamendurako plana onartu beharko dute bat egin duten erakunde publiko guztiek ) erakunde berri batean integratzen badira) , edo erakunde publiko xurgatzaileak, bategite motaren arabera bidezkoa dena.

4. Bat egiteko araua onestearen ondorioak hauek izango dira:

a) Bat egindako erakunde publikoetan antolakundeak integratzea, barnean direla bitarteko pertsonal, material eta ekonomikoak, birdimentsionamendurako planean ezarrita dagoenaren arabera.

b) Azkendutako erakunde publikoetako langileak Estatuaren Administrazio Orokorrean edo bategitearen ondorioz sortzen den erakunde publiko berrian edo erakunde publiko xurgatzailean integratuko dira, bat egiteko erregelamendu-mailako arauan aurreikusita dagoenaren arabera, eta funtzio publikoaren legerian edo aplikatu beharreko lan arloko legerian ezarritako mugikortasun-prozedurekin bat etorrita.

Bat egindako erakunde publikoetako mota batzuetako eta besteetako langileek, aplikatu behar zaien araudiaren arabera dagozkien eskubide eta betebeharrak izango dituzte.

Ordura arte funtzionario publiko izan gabe funtzionarioen eginkizunak egiten dituztenak eraldatutako entitatean edo Estatuaren Administrazio Orokorrean sartu ahalko dira, «iraungitzeko» baldintzarekin; aurretiaz, eraginpean dauden lanpostuen ezaugarriak eta zein erakundetan integratu behar diren eta horren beharrizanak baloratu beharko dira.

Langileak integratzeak ez du inola ere esan nahi bat egin duten erakunde publikoetan lan egiten zuten lan-kontratudun langileak funtzionario publiko bihurtuko direnik.

Bat egiteko neurri horiek aplikatzeak ez du ekarriko aipatutako erakunde publiko horietako soldata-masa handitzerik.

c) Egintza bakarrean, azkendutako erakunde publikoen aktibo eta pasibo guztia lagatzea eta bategitearen ondoriozko erakunde publiko berrian edo erakunde publiko xurgatzailean sartzea. Erakunde publiko berriak edo erakunde publiko xurgatzaileak azkendutako erakundea ordeztuko du eskubide eta betebehar guztietan.

Bategite horrek ez ditu aldatzen bereganatutako obligazioen finantza-baldintzak, eta ezingo da ulertu harreman juridikoen suntsiarazpen-arrazoi modura.

d) Birdimentsionamendurako planean hala aurreikusi bada, likidatu ahal diren ondare arloko betebehar, ondasun eta eskubideak funts batean sartuko dira. Funts horrek ez du izango nortasun juridikorik, kontabilitate bereizia izango du, eta erakunde berriari edo erakunde xurgatzaileari atxikiko zaio, bidezkoa denaren arabera. Erakunde horrek likidatzaile bat izendatuko du, eta hark likidatu beharko du funts hori.

Likidazio hori 97. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.

Likidazio hori bat egiteko erregelamendu-mailako araua onartu eta hurrengo bi urteetan gauzatu beharko da, salbu eta Ministro Kontseiluak luzatzea erabakitzen badu, hargatik eragotzi gabe hartzekodunek izan ditzaketen eskubideak.

Funtsaren kontabilitateak arau jakin batzuk bete beharko ditu, eta haiek Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak onartu beharko ditu, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak proposamena egin ostean.

95. artikulua.

Zerbitzu komunak modu partekatuan kudeatzea.

1. Estatuko sektore publikoko erakunde publikoak sortzeko arauan zerbitzu erkideen kudeaketa konpartitua kontuan hartuko da, salbu eta hori ez egiteko erabakia sorrera-arauarekin batera doan memorian justifikatzen bada, Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluaren arabera eraginkortasun arrazoiengatik, segurtasun nazionaleko arrazoiengatik edo antolaketa eta kudeaketa konpartituak erakundearen independentzia kontuan hartuta modu autonomoan eman beharreko zerbitzuei eragiten dienean.

Atxikita dauden Ministerioak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak edo harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publiko batek koordinatuko du zerbitzu erkide batzuen edo guztien antolaketa eta kudeaketa.

2. Erakunde publikoen zerbitzu erkideak honako hauek izango dira, gutxienez:

a) Ondasun higiezinen kudeaketa.

b) Informazio- eta komunikazio-sistemak.

c) Laguntza juridikoa.

d) Kontabilitatea eta finantza-kudeaketa.

e) Argitalpenak.

f) Kontratazio publikoa.

96. artikulua.

Estatuko erakunde publikoak desegitea.

1. Estatuko erakunde publikoak desegin beharko dira:

a) Sorrera-legean azaldutako iraunaldia igaro delako.

b) Beren xede eta helburu guztiak Estatuaren Administrazio Orokorreko zerbitzuek beren gain hartu dituztelako.

c) Beren xedeak guztiz bete direlako, eta horregatik, erakunde publikoak irautea justifikatzen ez delako, baldin eta eraginkortasun-kontrolean hori agerian jarri bada.

d) Jarduketa-planaren jarraipenetik ondorioztatu delako erakundea sortzea justifikatu zuten xedeak ez direla bete edo erakundeak irautea xede horiek lortzeko modurik egokiena ez dela, baldin eta eraginkortasuna kontrolatzean edo etengabe gainbegiratzean hala ondorioztatu bada.

e) Jarraian bi aurrekontu-ekitalditan finantza-desorekako egoeran egon delako.

Kontuen Europako Sistemaren ondorioetarako administrazio publikotzat hartzen diren enteei dagokienez, Kontuen Europako Sistemaren barruan finantzatzeko beharra hartuko da finantza-desorekako egoeratzat; gainerako enteen kasuan, berriz, kontabilitateko bi ekitalditan jarraian ustiaketa-emaitza gordin negatiboak edukitzea joko da finantza-desorekako egoeratzat.

f) Estatutuetan ezarritako beste edozein arrazoiren ondorioz.

g) Ministro Kontseiluak desegitea erabakitzeko egintza juridikoan horretarako zehaztutako prozedurari jarraituz hala erabaki duelako.

2. Erakunde publiko bat aurreko zenbakiko a) , b) , c) , d) edo f) letretan aurreikusitako desegite-arrazoietako batean badago, erakundeko zuzendaritza-organo gorenaren titularrak hori jakinaraziko dio atxikita dagoen sailaren titularrari. Horretarako, bi hilabeteko epea izango du, desegiteko arrazoia gertatzen den unetik aurrera.

Epe hori igarotakoan, desegiteko arrazoia gertatu arren ezer ere jakinarazi ez bada, erakunde publikoa automatikoki desegingo da eta ezingo du inolako egintza juridikorik egin, bazter utzita bere likidazioa eta azkentzea benetan egiten direla bermatzeko behar-beharrezkoak direnak.

Bi hilabeteko epean, aurreko paragrafoan azaldu den jakinarazpena jasotzen denetik aurrera, Ministro Kontseiluak desegiteko erabakia hartuko du. Erabaki horretan, likidatzailearen eginkizunak hartuko dituen estatuko sektore publiko instituzionaleko administrazio-organoa edo entitatea izendatuko du, eta horren berri emango zaio Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioari, argitara dadin.

Epe hori igarotakoan desegiteko erabakia argitaratu ez bada, erakunde publikoa automatikoki desegingo da eta ezingo du inolako egintza juridikorik egin, bazter utzita bere likidazioa eta azkentzea benetan egiten direla bermatzeko behar-beharrezkoak direnak.

3. Erakunde publiko bat 1. zenbakiko e) letran aurreikusitako desegite-arrazoiren batean badago, erakundeko zuzendaritza-organo gorenaren titularrak bi hilabeteko epea izango du arrazoi hori gertatu dela jakin denetik aurrera, Estatuaren Administrazio Orokorrari hori jakinarazteko.

Aurreko paragrafoan aipatu dena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, erakunde publikoak, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren txostenari jaramon eginda, desoreka zuzentzeko plana onetsi beharko du.

Zuzentzeko plan horren barruan, Estatuaren Administrazio Orokorrak ondare-ekarpenak egin ahalko ditu aurreko aurrekontu-ekitaldian.

Zein aurrekontu-ekitalditan onetsi den, horretan eta hurrengoan aplikatuko da zuzentzeko plana.

Bi ekitaldi igarotakoan desoreka zuzendu ez bada, erakundeko zuzendaritza-organo gorenaren titularrak atxikita dagoen sailaren titularrari jakinaraziko dio aipatutako epe hori amaitu eta hurrengo bost egunen barruan.

Jakinarazpena jasotakoan, 2. zenbakian aurreikusita dagoena aplikatuko da, salbu eta Ministro Kontseiluak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak hala proposatuta, zuzentzeko planaren iraupena luzatzea erabakitzen badu.

Bost eguneko epe hori igarotakoan ezer ere jakinarazten ez bada, erakunde publikoa automatikoki desegingo da eta ezingo du inolako egintza juridikorik egin, bazter utzita bere likidazioa eta azkentzea benetan egiten direla bermatzeko behar-beharrezkoak direnak.

97. artikulua.

Estatuko erakunde publikoak likidatu eta azkentzea.

1. Aurreko artikuluan azaldu den desegite-erabakia argitaratutakoan, edo artikulu horretan ezarritako epeak igarotakoan erabakia argitaratu ez bada, likidazioa automatikoki hasi dela ulertuko da.

2. Likidazioa egiteko, erakundearen aktibo eta pasibo guztia lagako eta Estatuaren Administrazio Orokorrean sartuko da. Administrazio horrek entitatea ordeztuko du eskubide eta betebehar guztietan.

Likidatzaile izendatutako organo edo entitateak kasu bakoitzean zehaztuko du Estatuaren Administrazio Orokorreko zein organo edo entitatetan sartuko diren likidatutako erakunde publikoko aktiboa eta pasiboa osatzen duten elementuak.

Enplegatu publikoari erakunde edo organo likidatzaileko kide gisa dagokion erantzukizuna zuzenean hartuko du bere gain hura izendatu zuen entitateak edo Estatuaren Administrazio Orokorrak.

Estatuaren Administrazio Orokorrak ofizioz erantzukizuna eskatu ahalko dio horretarako izendatu zuen enplegatu publikoari, baldin eta dolo, erru edo zabarkeria larria dela eta, kalte edo galeraren bat eragiten badu administrazioaren ondasun eta eskubideetan, administrazio-legeetan ondare-erantzukizunari buruz aurreikusita dagoenaren arabera.

3. Estatuaren Administrazio Orokorra automatikoki subrogatuta geratuko da erakunde publikoak desegiteko erabakia hartu den datan edo, halakorik ezean, desegiteko arrazoia gertatu den datan, bere hartzekodunekin zituen harreman juridiko nagusi zein osagarri guztietan, barnean direla geroago sortutako aktibo eta pasiboak.

Subrogazio horrek ez ditu aldatuko bereganatutako obligazioen finantza-baldintzak, eta ezingo da ulertu harreman juridikoen suntsiarazpen-arrazoi modura.

4. Erakunde publikoaren likidazioa amaitu ostean, hura automatikoki azkenduko da.

2. atala.) Estatuko erakunde autonomoak

98. artikulua.

Definizioa.

1. Erakunde autonomoak zuzenbide publikoko erakundeak dira eta nortasun juridiko propioa dute, baita diruzaintza eta ondare propioak eta kudeaketarako autonomia ere. Administrazio Publikoaren berezko jarduerak egiten dituzte, dela sustapen jarduerak, dela prestazio-jarduerak, zerbitzu publikoak kudeatzeko jarduerak edo interes publikoko ondasunak ekoizteko jarduerak, kontraprestazioa izan dezaketenak, administrazioaren mendeko erakunde instrumental bereiziak diren aldetik.

2. Erakunde autonomoak Estatuaren Administrazio Orokorraren mendean daude, eta berari dagokio haien zuzendaritza estrategikoa, jardueraren emaitzen ebaluazioa eta eraginkortasunaren kontrola.

3. Izendapena edozein dela ere, erakunde publiko bat erakunde autonomo denean, bere izendapenean «erakunde autonomoa» edo «E.A.» laburtzapena agertu beharko da.

99. artikulua.

Araubide juridikoa.

Erakunde autonomoak eraenduko ditu lege honetan, beren sorrera-legean, beren estatutuetan, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen Legean, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan, azaroaren 3ko 33/2003 Legean eta aplikatu behar zaizkien administrazio-zuzenbide orokor eta bereziko gainerako arauetan xedatuta dagoenak.

Administrazio-araurik egon ezean, zuzenbide erkidea aplikatuko da.

100. artikulua.

Langileen eta kontratazioaren araubide juridikoa.

1. Erakunde autonomoen zerbitzuko langileak funtzionarioak edo lan-kontratudun langileak izango dira, eta apirilaren 12ko 7/2007 Legean eta funtzionario publikoen araudian eta lan-arloko araudian aurreikusita dagoenak eraenduko ditu.

Erakunde autonomoen titularrak izendatzeko, Estatuaren Administrazio Orokorrari aplikatu behar zaizkion arauak hartuko dira kontuan.

Erakundeko zuzendaritza-organo gorenaren titularrak, giza baliabideen kudeaketaren arloan, legeria espezifikoak esleitzen dizkion ahalmenak izango ditu.

Erakunde autonomoak nahitaez aplikatu beharko ditu Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak giza baliabideei buruz ematen dituen jarraibideak, eta bere sorrera-legean edo bere estatutuetan ezarritako langileei buruzko araubidea aplikatzeko hartzen dituen erabaki edo ebazpenak jakinarazi beharko dizkio sail horri.

2. Erakunde autonomoen kontratazioari dagokionez, sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian xedatuta dagoena hartuko da kontuan.

Erakundeko zuzendaritza-organo gorenaren titularra kontratazio-organoa izango da.

101. artikulua.

Ekonomia, finantza eta ondarearen arloko araubidea.

1. Erakunde autonomoek, beren helburuak betetzeko, ondare propioa izango dute, Administrazio Publikoak duenaz bestelakoa; haien titulartasuneko ondasunek eta eskubideek osatuko dute ondare hori.

Beren ondasun eta eskubide propioen kudeaketa eta administrazioa, bai eta beren helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion administrazioaren ondare direnenak ere, azaroaren 3ko 33/2003 Legeak erakunde autonomoentzat ezarritakoari jarraikiz burutuko da.

2. Honako iturrietatik etor daitezke erakunde autonomoen baliabide ekonomikoak:

a) Beren ondarea osatzen duten ondasunak eta baloreak.

b) Ondare horren produktuak eta errentak.

c) Estatuaren Aurrekontu Orokorretan egin zaizkion berariazko zuzkidurak.

d) Administrazioaren edo erakunde publikoen eskutik jasotzen dituen transferentzia arruntak edo kapital transferentziak.

e) Erakunde pribatuen eta partikularren dohaintzak, legatuak, babesak eta bestelako ekarpenak.

f) Aplikatzen zaizkien xedapenen arabera jasotzeko baimenduta dauden beste baliabide guztiak edo esleitu ahal zaizkien baliabideak.

102. artikulua.

Aurrekontu-araubidea, kontabilitate-araubidea eta ekonomia- eta finantza-kontrola.

Erakunde autonomoek azaroaren 26ko 47/2003 Legean ezarritako aurrekontu, ekonomia eta finantza, kontabilitate eta kontrol alorretako araubidea aplikatuko dute.

3. atala.) Estatuko enpresa-entitate publikoak

103. artikulua.

Definizioa.

1. Enpresa-entitate publikoak zuzenbide publikoko erakundeak dira eta nortasun juridiko propioa dute, baita ondare propioa eta kudeaketarako autonomia ere. Gehienbat merkatuko diru-sarrerekin finantzatzen dira, eta administrazio-ahalak baliatzeaz gain, prestazio-jarduerak, zerbitzu publikoak kudeatzeko jarduerak edo interes publikoko ondasunak ekoizteko jarduerak egiten dituzte, kontraprestazioa izan dezaketenak.

2. Enpresa-entitate publikoak Estatuaren Administrazio Orokorraren mendean edo hari lotutako edo haren mendeko erakunde autonomo baten mendean daude, eta berari dagokio haien zuzendaritza estrategikoa, jardueraren emaitzen ebaluazioa eta eraginkortasunaren kontrola.

3. Izendapena edozein dela ere, erakunde publiko batek enpresa-entitate publiko baten izaera juridikoa duenean, bere izendapenean «enpresa-entitate publikoa» edo «E.E.A.» laburtzapena agertu beharko da.

104. artikulua.

Araubide juridikoa.

Enpresa-entitate publikoak zuzenbide pribatuak eraentzen ditu, bere organoen borondatea eratzeari dagokionez izan ezik, esleituta dituzten administrazio-ahalak baliatzean eta haientzat lege honetan eta ondorengoetan bereziki araututa dauden alderdietan: beren sorrera-legean, beren estatutuetan, Prozedura Erkidearen Legean, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan, azaroaren 3ko 33/2003 Legean eta aplikatu behar zaizkien administrazio-zuzenbide orokor eta bereziko gainerako arauetan.

105. artikulua.

Administrazio-ahalak baliatzea.

1. Enpresa-entitate publikoei esleitutako administrazio-ahalak estatutuen arabera entitate horien barruan eskumen hori berariaz esleituta duten organoek soilik baliatu ahalko dituzte.

2. Hala ere, lege honen ondorioetarako, enpresa-entitate publikoetako organoak beren administrazio-mailari dagokionez ezin dira parekatu Estatuaren Administrazio Orokorreko organoekin, beren estatutuetan kasu bakoitzean eta ondorio jakin batzuetarako ezartzen diren salbuespenetan izan ezik.

106. artikulua.

Langileen eta kontratazioaren araubide juridikoa.

1. Enpresa-entitate publikoetako langileak lan-arloko zuzenbideak eraenduko ditu, artikulu honetan ezarritako zehaztapenekin eta Estatuaren Administrazio Orokorreko funtzionarioei buruzko salbuespenekin. Azken horiek apirilaren 12ko 7/2007 Legean eta funtzionario publikoak arautzeko gainerako araudian xedatuta dagoenak edo lan-aroko araudiak eraenduko ditu.

2. Entitate horietako lan-kontratudun langileak hautatzeko, erregela hauei jarraituko zaie:

a) Zuzendaritzako langileak, entitatearen estatutuetan zehaztuko direnak, 55. artikuluko 11. zenbakian ezarritako irizpideen arabera izendatuko dira, kudeaketa publiko edo pribatuan erantzukizuneko lanpostuak betetzen izandako esperientzia kontuan hartuta.

b) Gainerako langileak berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako deialdi publikoaren bidez hautatuko dira.

3. Zuzendaritzako langileen nahiz gainerako langileen ordainsari-baldintzak zehaztu eta aldatzeko, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren aurretiazko aldeko txostena beharko da.

4. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak langile-gastuen bilakaerari eta giza baliabideen kudeaketari buruzko kontrol zehatzak egingo ditu aldizka, aurretiaz ezarri diren irizpideei jarraikiz.

5. Enpresa-entitate publiko bakoitzaren sorrera-legean zehaztu beharko dira zein baldintzen arabera bete ahalko dituzten Estatuaren Administrazio Orokorreko funtzionarioek destino jakin batzuk aipatutako entitate horretan; halaber, enpresa-entitate publiko horri langile horien gainean dagozkion eskumenak ere ezarriko ditu; nolanahi ere, erakunde autonomoek legearen arabera esleituta dituzten eskumenak izango dira.

6. Enpresa-entitate publikoak kontratatzeko, sektore publikoko kontratuen legerian horretarako ezarritako aurreikuspenak hartuko dira kontuan.

107. artikulua.

Ekonomia, finantza eta ondarearen arloko araubidea.

1. Enpresa-entitate publikoek, beren helburuak betetzeko, ondare propioa izango dute, Administrazio Publikoak duenaz bestelakoa; haien titulartasuneko ondasunek eta eskubideek osatuko dute ondare hori.

Beren ondasun eta eskubide propioak kudeatu eta administratzean, bai eta beren helburuak betetzeko atxikitzen zaizkien administrazioaren ondare direnak kudeatu eta administratzean, azaroaren 3ko 33/2003 Legeak ezarritakoa bete beharko dute.

2. Enpresa-entitate publikoak finantzatu ahalko dira beren merkataritza-jardueren kontraprestazio gisa beren eragiketetatik jasotako diru-sarrerekin, eta honako iturrietatik datozen baliabide ekonomikoekin:

a) Beren ondarea osatzen duten ondasunak eta baloreak.

b) Ondare horren produktu eta errentak eta esleitu ahal zaizkien beste baliabide guztiak.

Salbuespen gisa, eta sorrera-legeak hala aurreikusten badu, honako iturrietatik datozen baliabide ekonomikoekin finantzatu ahalko dira:

a) Estatuaren Aurrekontu Orokorretan egin zaizkien berariazko zuzkidurak.

b) Administrazio edo erakunde publikoen eskutik jasotzen dituzten transferentzia arruntak edo kapital transferentziak.

c) Erakunde pribatuen eta partikularren dohaintzak, legatuak, babesak eta bestelako ekarpenak.

3. Enpresa-entitate publikoak gehienbat merkatuko diru-sarrerekin finantzatuko dira.

Ulertzen da gehienbat merkatuko diru-sarrerekin finantzatzen direla, merkatuko ekoizletzat hartzen badira Kontuen Europako Sistemaren arabera.

Horretarako, kontuan hartuko da Kontu Nazionalen Batzorde Teknikoak nola sailkatzen dituen entitate publikoak kontabilitate nazionalerako. Sailkapen hori Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan jasoko da.

108. artikulua.

Aurrekontu-araubidea, kontabilitate-araubidea eta ekonomia- eta finantza-kontrola.

Enpresa-entitate publikoek azaroaren 26ko 47/2003 Legean ezarritako aurrekontu, ekonomia eta finantza, kontabilitate eta kontrol alorretako araubidea aplikatuko dute.

IV. KAPITULUA

Estatuko administrazio-agintari independenteak

109. artikulua.

Definizioa.

1. Administrazio-agintari independenteak zuzenbide publikoko entitateak dira, nortasun juridiko propioa dute eta Estatuaren Administrazio Orokorrarekin lotuta daude. Sektore edo jarduera ekonomiko jakin batean araugintzako edo gainbegiratzeko zereginak dituzte esleituta, eta zeregin horiek betetzeko, independentzia funtzionala izan behar dute, edo autonomia berezia, Estatuaren Administrazio Orokorrarekin. Hori lege lerruneko arau batean zehaztu beharko da.

2. Administrazio-agintari independenteek enpresekin edo merkataritzarekin lotutako interesekiko independentziaz jardungo dute, beren jarduerak egitean eta dauzkaten helburuak lortzeko.

3. Izendapena edozein dela ere, entitate batek administrazio-agintari independente baten izaera juridikoa duenean, bere izendapenean «administrazio agintari independentea» edo «A.A.I.» laburtzapena agertu beharko da.

110. artikulua.

Araubide juridikoa.

1. Administrazio-agintari independenteak eraenduko ditu beren sorrera-legean, beren estatutuetan eta gainbegiratzen dituzten sektore ekonomikoen legeria berezian xedatuta dagoenak, eta ordezko eran, eta beren izaera eta autonomiarekin bateragarria den guztian, lege honetan xedatuta dagoenak, bereziki erakunde autonomoentzako xedatuta dagoenak, bai eta Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen Legean, azaroaren 26ko 47/2003 Legean, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan, azaroaren 3ko 33/2003 Legean eta aplikatu behar zaizkien administrazio-zuzenbide orokor eta bereziko gainerako arauetan xedatuta dagoenak.

Administrazio-araurik egon ezean, zuzenbide erkidea aplikatuko da.

2. Administrazio-agintari independenteak finantza-iraunkortasunaren printzipioaren mendean egongo dira, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusita dagoenaren arabera.

V. KAPITULUA

Estatuko merkataritza-sozietateak

111. artikulua.

Definizioa.

1. Estatuko merkataritza-sozietateak dira estatuaren kontrolpean dauden merkataritza-sozietateak:

a) Beren sozietate-kapitalean Estatuaren Administrazio Orokorrak edo, 84. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera estatuko sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateetako batek ) estatuko merkataritza-sozietateak barnean direla) duen zuzeneko partaidetza % 50etik gorakoa delako.

Ehuneko hori zehazteko, Estatuaren Administrazio Orokorrari eta estatuko sektore publiko instituzionala osatzen duten entitate guztiei dagozkien partaidetzak batuko dira, sozietate-kapitalean haietariko batzuek parte hartzen badute.

b) Merkataritza-sozietatea Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako kasuan dagoelako Estatuaren Administrazio Orokorrari edo harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoei dagokienez.

2. Estatukoak diren merkataritza-sozietateen izendapenean nahitaez agertu beharko da «Estatuko merkataritza-sozietatea» edo «E.M.S.» laburtzapena.

112. artikulua.

Printzipio gidariak.

Estatuaren Administrazio Orokorrak eta estatuko sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateek, estatuko merkataritza-sozietateen sozietate-kapitalaren titular diren aldetik, merkataritza-sozietate horien kudeaketan efizientzia, gardentasuna eta gobernu ona lortzea izango dute helburu; horretarako, entitate bakoitzaren izaerarako egokiak diren jardunbide onak eta jokabide-kodeak sustatuko dituzte.

Hala ere, akziodunak orokorrean gainbegiratuko du estatuko merkataritza-sozietatearen funtzionamendua, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeak aurreikusten duenez.

113. artikulua.

Araubide juridikoa.

Estatuko merkataritza-sozietateak eraenduko ditu lege honetan xedatuta dagoenak, azaroaren 3ko 33/2003 Legean xedatuta dagoenak eta ordenamendu juridiko pribatuak, aurrekontuari, kontabilitateari, finantza-eta ekonomia-kontrolari, eraginkortasunaren kontrolari eta kontratazioari buruzko araudia aplikatzekoa den arloetan izan ezik.

Ezingo dute inola ere eduki agintaritza publikoari dagokion ahalmenik; dena dela, legeak administrazio-ahalak baliatzeko aukera eman ahalko die.

114. artikulua.

Sortzea eta azkentzea.

1. Estatuko merkataritza-sozietate bat sortzeko edo sozietate batek izaera hori geroago hartzeko, Ministro Kontseiluak erabaki bidez baimena eman beharko du. Baimen horrekin batera estatutuen proposamena eta jarduketa-plana joango dira; horietan honako hau jasoko da, gutxienez:

a) Zein arrazoirengatik dagoen justifikatuta sozietatea sortzea, haren zereginak bete ditzakeen beste entitaterik ez dagoelako. Gainera, egiaztatu behar da organo berria sortuta ez dela bikoiztasunik gertatzen.

Horretarako, agerrarazi beharko da azterketa egin dela lurralde eta biztanleria berberari buruzko antzeko jarduerak egiten dituzten organo edo entitateak dauden jakiteko, eta sozietate berria sortzeak zein arrazoirengatik ez duen bikoiztasunik sortzen lehendik dauden entitateekin.

b) Proposatzen den forma juridikoa erakunde publiko bat sortzea edo antolakuntzarako baztertu diren aukerako beste forma batzuk baino efizienteagoa dela justifikatzeko azterlana.

c) Urteko helburuak eta horiek neurtzeko adierazleak.

Estatuko merkataritza-sozietatea sortzeko erabakiarekin batera, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren edo Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren (erregelamenduz zehazten dena) aldeko txostena aurkeztuko da. Txosten horretan baloratuko da artikulu honetan aurreikusita dagoena betetzen den.

Azaroaren 26ko 47/2003 Legearen arabera Sozietateek urtero egin behar duten Urte Anitzeko Jarduketa Programaren barruan, urteko jarduketa plana sartuko da. Plan hori sozietatearen eraginkortasunaren kontrolerako oinarri gisa erabili ahalko da.

Erakundeari egotzi ahal zaion arrazoi batengatik urteko jarduketa-plana onetsi ez bada, erakundearen alde Estatuaren Aurrekontu Orokorren kargura egin behar diren ekarpenak geldiaraziko dira, ez-egite hori konpontzen den arte.

2. Estatuko merkataritza-sozietatea likidatuko du Estatuaren Administrazio Orokorreko organo batek edo estatuko sektore publiko instituzionaleko entitate batek.

Enplegatu publikoari entitate edo organo likidatzaile bateko kide gisa dagokion erantzukizuna zuzenean bere gain hartuko du kide hura izendatu zuen entitateak edo Estatuaren Administrazio Orokorrak, eta hark ere enplegatu publikoari erantzukizuna eskatu ahalko dio ofizioz dolo, erru edo zabarkeria larriaz jokatu badu, administrazio-legeetan ondare-erantzukizunari buruz aurreikusita dagoenaren arabera.

115. artikulua.

Estatuaren Administrazio Orokorrak izendatutako estatuko merkataritza-sozietateetako administrazio-kontseiluetako kideei aplikatu beharreko erantzukizun-araubidea.

1. Enplegatu publikoari administrazio-kontseiluko kide gisa dagokion erantzukizuna zuzenean hartuko du bere gain Estatuaren Administrazio Orokorrak, hark izendatu baitzuen.

2. Estatuaren Administrazio Orokorrak ofizioz erantzukizuna eskatu ahalko dio administrazio-kontseiluko kide izendatu zuen enplegatu publikoari baldin eta, dolo, erru edo zabarkeria larria dela eta, kalte edo galerarik eragiten badu administrazioaren ondasun eta eskubideetan, administrazio-legeetan ondare-erantzukizunari buruz aurreikusita dagoenaren arabera.

116. artikulua.

Babesa.

1. Azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 166.2 artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera sozietate anonimo baten forma duen estatuko merkataritza-sozietate bat eratzeko baimena ematean, Ministro Kontseiluak ministerio bati esleitu ahalko dio sozietate horren babes funtzionala, ministerio horren eskumenek harreman espezifikoa badute sozietatearen xedearekin.

2. Eskumen hori ematen ez bada, oso-osorik Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak baliatu beharko ditu lege honek eta azaroaren 3ko 33/2003 Legeak sozietatearen jarduera aktiboki gainbegiratzeko ematen dituzten eskumenak.

3. Babesa eman behar duen ministerioak eraginkortasunaren kontrola egingo du eta sozietateari jarraibideak emango dizkio jarduketa estrategikoko ildoei buruz; halaber, ildo horiek egikaritzeko lehentasunak ezarriko ditu eta halakoak Ustiapen eta Kapital Aurrekontuetan eta Urteko Jarduketa Programetan sartzea proposatuko du, finantza-alderdiei dagokienez Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusia (sozietateen kapitala osorik Estatuaren Administrazio Orokorrarena bada) edo kapitalaren titular den erakunde publikoa ados badago.

4. Behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan, babesa eman behar duen sailaren titularrak sozietateei jarraibideak eman ahalko dizkie jarduera jakin batzuk egin ditzaten, halakoak egitea interes publikokoa bada.

5. Babesa eman behar duen ministerioak emandako jarraibideengatik Ustiapen eta Kapital Aurrekontuak aldatzen badira azaroaren 26ko 47/2003 Legean xedatuta dagoenaren arabera, administrazio-organoak aldaketa egokia egiteko eskuduna den organoaren baimenik ez badu, ezingo da jarraibidea betetzen hasi.

6. Kasu horretan, jarraibide horiek zein sozietatetan eman diren eta horien administratzaileek arduraz jardungo dute jarraibide horiek betetzeko, eta jarraibideak betetzearen ondorioak kaltegarriak badira, Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina onartzeko uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 236. artikuluan aurreikusitako erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira.

117. artikulua.

Aurrekontu-araubidea, kontabilitate-araubidea, ekonomia- eta finantza-kontrola eta langileen araubidea.

1. Estatuko merkataritza-sozietateek urtero ustiapen eta kapital aurrekontua egingo dute, baita Urte Anitzeko Programaren barruan dagoen jarduketa-plana ere. Aurrekontua eta plana Estatuaren Aurrekontu Orokorrean sartuko dira.

Programan jasoko da sorrera-planaren hiru urtean behingo berrazterketa, 85. artikuluan azaltzen dena.

2. Estatuko merkataritza-sozietateek beren kontuak egin eta emango dituzte Merkataritza Kodean eta Kontabilitateko Plan Orokorrean nahiz horiek garatzeko xedapenetan jasota dauden kontabilitate arloko printzipio eta arauen arabera.

3. Kontuen Auzitegiari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe, estatuko merkataritza-sozietateen ekonomia- eta finantza-kudeaketa Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak kontrolatuko du.

4. Estatuko merkataritza-sozietateetako langileak, zuzendariak barnean direla, lan arloko Zuzenbideak eta estatuko sektore publikoari atxikita egoteagatik aplikatu behar zaizkien arauek eraenduko dituzte. Arau horien artean egongo da beti aurrekontu-araua, eta, bereziki, Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeetan ezarrita dagoena hartu beharko da kontuan.

VI. KAPITULUA

Partzuergoak

118. artikulua.

Definizioa eta jarduera propioak.

1. Partzuergoak zuzenbide publikoko erakundeak dira eta nortasun juridiko propio eta bereizia dute. Sektore publiko instituzionaleko hainbat administrazio publiko edo entitatek sortzen dituzte beren artean edo entitate pribatuen partaidetzarekin, beren eskumenen barruan guztien intereserako jarduerak egiteko.

2. Partzuergoek sustapen jarduerak, prestazioak ematekoak edo zerbitzu publikoak kudeatzeko jarduerak egin ahalko dituzte, bai eta legeetan aurreikusita dauden beste guztiak ere.

3. Zerbitzu publikoak kudeatzeko erabil daitezke partzuergoak, Espainiako toki-erakundeek parte hartzen duten mugaz haraindiko lankidetzako hitzarmenen baitan, eta Espainiak gaiaren inguruan berretsitako nazioarteko hitzarmenetako aurreikuspenekin bat etorriz.

4. Partzuergoen izendapenean nahitaez agertu behar da «partzuergoa» adierazmoldea, edota horren laburdura, «P».

119. artikulua.

Araubide juridikoa.

1. Partzuergoak eraenduko ditu lege honetan, legea garatzeko autonomia-erkidegoko araudian eta beren estatutuetan ezarrita dagoenak.

2. Lege honetan, aplikatu beharreko autonomia-erkidegoko araudian eta estatutuetan partzuergoa uzteko, desegiteko, likidatzeko eta azkentzeko eskubidearen araubideari buruz aurreikusita ez dagoen guztian, Kode Zibilean sozietate zibilari buruz aurreikusita dagoena bete beharko da. Likidazio-araubidea, aldiz, 97. artikuluan eta, bestela, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dagoenaren mendean jarriko da.

3. Apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta Toki-administrazioaren arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 21eko 27/2013 Legean tokiko partzuergoei buruz ezarrita dauden arauak lege honetan xedatuta dagoenaren osagarriak izango dira.

120. artikulua.

Atxikipen-araubidea.

1. Partzuergo bakoitzeko estatutuetan hura zein administrazio publikori atxikiko zaion zehaztuko da, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera.

2. Aurrekontu-ekitaldiaren lehen eguneko egoerari dagozkion eta jarraian agertzen diren lehentasun-irizpideei jarraiki, partzuergoa honako administrazio publiko honetara atxikiko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eta epealdi horretarako:

a) Gobernu-organoetan botoen gehiengoa duen administraziora.

b) Organo betearazleetako kideen gehiengoa izendatzeko edo ordezkatzeko ahalmenak dituen administraziora.

c) Zuzendaritzako langileen gehiengoa izendatzeko edo kargutik kentzeko ahalmenak dituen administraziora.

d) Araudi berezi bat duelako, partzuergoaren jardueraren gainean kontrol gehien duen administraziora.

e) Gobernu-organoko langileen gehiengoa izendatzeko edo ordezkatzeko ahalmenak dituen administraziora.

f) Partzuergoak garatutako jardueraren ehuneko berrogeita hamar baino gehiago finantzatzen duen administraziora, ondare-funtsaren ekarpena nahiz urtero egindako finantziazioa kontuan hartuta.

g) Ondare-funtsean partaidetza-ehuneko handiena duen administraziora.

h) Biztanle gehien dituen edo lurralde-hedapen gehien duen administraziora, estatutuan definitutako helburuak zerbitzuen eskaintzara, pertsonengana edo lurraldearen gaineko jardueren garapenera xedaturik dauden kontuan hartuta.

3. Partzuergoan entitate pribatuek parte hartzen badute, partzuergoa irabazteko asmorik gabekoa izango da, eta dagokion administrazio publikoari atxikita egongo da, aurreko zenbakian zehaztutako irizpideei jarraikiz.

4. Administrazio publiko batekiko atxikimenduan aldaketarik egoten bada, arrazoia edozein dela ere, partzuergoaren estatutuak aldatu egin beharko dira gehienez sei hilabeteko epean, atxikimendua aldatu zeneko aurrekontu-ekitaldiaren hurrengo ekitaldia hasten denetik aurrera.

121. artikulua.

Langileen araubidea.

Partzuergoen zerbitzurako langileak funtzionarioak edo langile lan-kontratudunak izan ahalko dira, eta parte hartzen duten administrazioetakoak baino ez dira izango.

Atxikita dauden administrazio publikoaren araubide juridikoa izango dute, eta hango antzeko lanpostuentzat ezarritako ordainsariak ez dituzte inola ere gaindituko.

Salbuespenez, partzuergoan parte hartzen duten administrazioetako langilerik ezin badute eduki bete beharreko eginkizunak bereziak direlako, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak edo partzuergoa atxikita dagoen administrazioaren eskudun organoak baimena eman ahalko du partzuergoak langileak zuzenean kontratatzeko aipatutako eginkizun horietan aritu daitezen.

122. artikulua.

Aurrekontu-araubidea, kontabilitate-araubidea, ekonomia- eta finantza-kontrola eta ondare-kontrola.

1. Zein administrazio publikori dauden atxikita, hari dagokion aurrekontuaren, kontabilitatearen eta kontrolaren arloko araubidea bete beharko dute partzuergoek, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitakoari jarraikiz.

2. Partzuergoko administrazioek eman beharreko finantzaketa zehazteko, kontuan hartuko dira estatutuen edo hitzarmenen arabera dauden konpromisoak nahiz finantzaketa erreala. Horretarako, egindako ekarpen guztien ordainketak aztertuko dira.

3. Edonola ere, urteko kontuen auditoretza egingo da, partzuergoa atxiki zaion administrazioaren kontrol-organoaren ardurapean.

4. Partzuergoak, atxikitako administrazio publikoaren aurrekontuen parte izango dira eta administrazio horren kontu orokorrean sartuko dira.

5. Partzuergoak zein administrazio publikori dauden atxikita, administrazio horren ondare-arauek eraenduko dituzte.

123. artikulua.

Sorrera.

1. Partzuergoak sortzeko, parte hartzen duten administrazioek, erakunde publikoek edo entitateek hitzarmena sinatuko dute.

2. Estatuaren Administrazio Orokorrak edo harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publiko eta entitateek parte hartzen duten partzuergoetan:

a) Partzuergoaren sorrerak lege bidez baimenduta egon behar du.

b) Sorrera-hitzarmena Ministro Kontseiluak aurretiaz baimendu beharko du.

Hitzarmena sinatzeko eskumena ezin da eskuordetzan eman, eta eskumen hori parte hartzen duen ministerio-sailak izango du, eta erakunde autonomoen esparruan, berriz, erakundeko zuzendaritza-organo gorenaren titularrak. Aurretiaz, titular hori mendean edo lotuta dagoen ministerioak txostena egin beharko du.

c) Hitzarmenean jasoko dira estatutuak, jarduketa-plana ) 92. artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera) eta hiru urtera begira egindako aurrekontu-aurreikuspena, eta, horrez gain, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren aldeko txostena.

Sinatutako hitzarmena, estatutuak eta horren aldaketak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

124. artikulua.

Estatutuen edukia.

Partzuergo bakoitzaren estatutuetan, partzuergoa zein administrazio publikoren mende egongo den zehaztuko da, baita haren araubide organikoa, funtzionala eta finantzarioa ere, lege honetan aurreikusitakoaren arabera. Halaber, gutxienez alderdi hauek jasoko dira:

a) Egoitza, xedea, helburuak eta eginkizunak.

b) Partzuergoko partaideen identifikazioa eta kideen ekarpenak.

Horretarako, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 8. artikuluan aurreikusitako erantzukizunaren printzipioa aplikatuta, estatutuetan hainbat klausula txertatuko da, partzuergoko entitateek finantzaketa arloko konpromisoak edo edozein motatako konpromisoak urratuz gero partzuergoaren jarduerak mugatzeko, eta horrez gain, aurrekontuan aurreikusitako jarduerak egin aurretik partzuergoko entitateek konprometitutako kopuruak ziurtatzeko formulak ere txertatuko dira.

c) Gobernu- eta administrazio-organoak, eta organo horien osaera eta funtzionamendua, erabakiak hartzeko araubidea beren-beregi azalduta.

Klausula batzuk sartu ahalko dira, administrazioek partzuergoarekiko betebeharrak agerian hautsiz gero boto-eskubidea edo erabakiak hartzen parte hartzeko eskubidea aldi baterako eteteko, bereziki partzuergoaren jarduerak finantzatzeko konpromisoei dagokienez.

d) Desegiteko arrazoiak.

125. artikulua.

Partzuergoa uzteko eskubidea baliatzeko arrazoiak eta prozedura.

1. Partzuergo bateko kideek edozein unetan utzi ahalko dute partzuergoa, baldin eta partzuergoaren iraupen-epea adierazi ez bada, eta partzuergo horri lege honetan edo apirilaren 2ko 7/1985 Legean xedatutakoa aplikatu behar bazaio.

Partzuergoak iraupen jakin bat baldin badu, kideek epe hori amaitu baino lehen utzi ahalko dute partzuergoa, baldin eta partzuergoko kideren batek ez badu Estatutuetako baldintzaren bat bete, eta, bereziki, partzuergoaren xedea lortzea eragozten badu; esaterako, ez badu ondare-funtsari ekarpena egiteko betebeharra bete.

Udalerri batek zerbitzu bat eskaintzeari uzten dionean, apirilaren 2ko 7/1985 Legean xedatutakoaren arabera, eta zerbitzu hori udalerria kide den partzuergoak eskaintzen duen zerbitzuetako bat baldin bada, udalerriak partzuergoa utzi ahalko du.

2. Partzuergoa uzteko eskubidea erabili ahal izateko, jakinarazpena idatziz egin beharko zaio partzuergoaren gobernu-organo gorenari.

Idazki horretan, alderdi hauek adierazi beharko dira: zer ez-betetzek eragin duen partzuergoa uzteko erabakia ) partzuergoak iraupen jakina badu) , erabakia hartu baino lehen zer eskaera egin zaion bete dezan eskatzeko, eta zer epe eman zaion eskatutako hori betetzeko.

126. artikulua.

Partzuergoa uzteko eskubidea baliatzearen ondorioak.

1. Partzuergoa uzteko eskubidea baliatzeak partzuergoa desegitea eragiten du. Nolanahi ere, gainerako kideek, Estatutuetan aurreikusitakoa betez, partzuergoa ez desegitea erabaki ahal izango dute, baldin eta gutxienez bi administraziok kide izaten jarraitzen badute, edota administrazio baten baino gehiagoren mendeko gutxienez bi erakunde edo organismo publikok.

2. Partzuergoa uzteko eskubidea baliatzeak ez duenean partzuergoa desegitea eragiten, arau hauek aplikatuko dira:

a) Uzteko eskubidea erabiltzen duenari zer uzte-kuota dagokion kalkulatuko da. Horretarako, partzuergoa likidatuz gero legokiokeen ondare garbiaren saldoaren partaidetza hartuko da aintzat, kontuan hartuta Estatutuetan xedatutako banaketa-irizpidea.

Estatutuetan halakorik aurreikusita ez badago, likidazioan legokiokeena hartuko da uzte-kuotatzat.

Likidazio-kuotarik zehazten ez bada, honako hauek hartuko dira kontuan: uzteko eskubidea erabili duenak partzuergoaren ondare-funtsari egindako ekarpenen ehunekoa eta urtez urte emandako finantzaketa.

Partzuergoa uzten duen kideak ez badu ekarpenik egin, horretarako betebeharra ez zuelako, banaketa-irizpidea hau izango da: partzuergoko kide izan den denboran jasotako diru-sarreretan izandako partaidetza, halakorik jasoz gero.

Partzuergoak erabakiko du nola eta zer baldintzatan ordainduko den uzte-kuota, kuotaren emaitza positiboa bada, bai eta uzteko eskubidea erabiltzen duenari dagokion zorra nola eta zer baldintzatan ordainduko den ere, kuotaren emaitza negatiboa bada.

Partzuergoa benetan utziko da uzte-kuotaren zenbatekoa erabaki eta gero, kuotaren emaitza positiboa bada, edota zorra ordaindu eta gero, kuotaren emaitza negatiboa bada.

b) Baldin eta partzuergoa, legean ezarritakoaren arabera, uzteko eskubidea erabili duen administrazioari atxikita badago, partzuergoak erabaki beharko du, partzuergoan geratzen direnen artean, zer administraziori edo administrazio bati lotutako edo haren mendeko zer erakunde edo organismo publikori atxikiko zaion, legean ezarritako irizpideak betez.

127. artikulua.

Partzuergoa desegitea.

1. Partzuergoa, desegitean, likidatu eta azkendu egingo da.

Partzuergoa zein xedetarako sortu zen eta horiek bete izana izango da desegiteko arrazoia, kasu guztietan.

2. Partzuergoko gobernu-organo gorenak, desegiteko erabakia hartzean, likidatzaile bat izendatuko du. Likidatzaile hori, partzuergoa zein administrazio publikori atxikita dagoen eta horrekin lotutako edo haren mendeko organo edo entitate bat izango da.

Enplegatu publikoari entitate edo organo likidatzaile bateko kide gisa dagokion erantzukizuna zuzenean bere gain hartuko du entitateak edo hura izendatu zuen administrazio publikoak, eta hark ere enplegatu publikoari erantzukizuna eskatu ahalko dio ofizioz dolo, erru edo zabarkeria larriaz jokatu badu, administrazio-legeetan ondare-erantzukizunari buruz aurreikusita dagoenaren arabera.

3. Likidatzaileak Estatutuetan xedatutakoa betez kalkulatuko du partzuergoko kide bakoitzari dagokion likidazio-kuota.

Estatutuetan ez bada halakorik xedatu, likidatu ondorengo ondare garbiaren saldoaren arabera dagokion partaidetza aintzat hartuta kalkulatuko da aipatutako likidazio-kuota, kontuan hartuz banaketa-irizpidea Estatutuetan xedatutakoa izango dela.

Estatutuetan ez bada halako irizpiderik jaso, honako hauek hartuko dira kontuan: partzuergoko kide bakoitzak partzuergoaren ondare-funtsari egindako ekarpenen ehunekoa eta urtez urte emandako finantzaketa.

Partzuergoko kideren batek ez badu ekarpenik egin, horretarako betebeharra ez zuelako, banaketa-irizpidea hau izango da: partzuergoko kide izan den denboran jasotako diru-sarreretan izandako partaidetza, halakorik jasoz gero.

4. Partzuergoak erabakiko du nola eta zer baldintzatan ordaindu beharko den likidazio-kuota, emaitza positiboa den kasuetan.

5. Partzuergo-erakundeek, Estatutuetan xedatutako gehiengoaren bidez edota, Estatutuetan halakorik aurreikusten ez bada, aho batez, aktibo eta pasibo guztiak juridikoki egokia den sektore publikoko beste erakunde bati lagatzea erabaki ahalko dute, jarduerari eusteko eta azkenduko den partzuergoaren helburuak betetzeko.

Aktibo eta pasibo guztiak lagaz gero, partzuergo lagatzailea azkendu egingo da likidaziorik gabe.

VII. KAPITULUA

Estatuko sektore publikoko fundazioak

128. artikulua.

Definizioa eta jarduera propioak.

1. Estatuko sektore publikoko fundazioak dira honako eskakizun hauetako bat betetzen dutenak:

a) Hasieran, Estatuaren Administrazio Orokorraren edo estatuko sektore publiko instituzionaleko edozein subjekturen gehiengoaren zuzeneko edo zeharkako ekarpenekin eratzen dira, edo ekarpen hori eratu eta gero jasotzen dute.

b) Fundazioaren ondarearen % 50 baino gehiago estatuko sektore publiko instituzionaleko subjektuek ekarritako edo lagatako eskubideek osatzen dute modu iraunkorrean.

c) Patronatuan boto-eskubide gehienak estatuko sektore publiko instituzionaleko ordezkariei dagozkie.

2. Estatuko sektore publikoko fundazioen jarduerak dira irabazteko asmorik gabe egiten direnak interes orokorreko xedeak betetzeko, zerbitzua doan nahiz kontraprestazio baten bitartez egiten direla ere.

Sektore publikoko entitate fundatzaileen eskumenen esparruarekin lotutako jarduerak soilik egin ahalko dituzte, eta haien xedeak lortzeko lagundu beharko dute; horrek ez du esan nahi haien eskumenak beren gain hartuko dituztenik, beren-beregi legezko aurreikuspenik egon ezean.

Fundazioek ezingo dute ahal publikorik baliatu.

Estatuko sektore publikoko fundazioen izendapenean nahitaez agertu beharko da «sektore publikoko fundazioa» izendapena edo horren laburtzapena, «S.P.F.».

3. Fundazioaren jarduerak finantzatzeko eta fundazioa mantentzeko, sektore publikoko fundazioen ondarean sektore pribatuaren ekarpena gehiengoarena ez den moduan egon daitekeela aurreikusi beharko da.

129. artikulua.

Fundazioen atxikimendu-araubidea.

1. Fundazio bakoitzeko estatutuetan hura zein administrazio publikori atxikiko zaion zehaztuko da artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera.

2. Aurrekontu-ekitaldiaren lehen eguneko egoerari dagozkion eta jarraian agertzen diren lehentasun-irizpideei jarraiki, sektore publikoko fundazioa honako administrazio publiko honetara atxikiko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eta epealdi horretarako:

a) Patronatuko kide gehienak dituen administraziora.

b) Organo betearazleetako kideen gehiengoa izendatzeko edo ordezkatzeko ahalmenak dituen administraziora.

c) Zuzendaritzako langileen gehiengoa izendatzeko edo kargutik kentzeko ahalmenak dituen administraziora.

d) Patronatuko kideen gehiengoa izendatzeko edo ordezkatzeko ahalmenak dituen administraziora.

e) Fundazioak garatutako jardueraren ehuneko berrogeita hamarra edo gehiago finantzatzen duen administraziora, ondare-funtsaren ekarpena nahiz urtero egindako finantziazioa kontuan hartuta.

f) Ondare-funtsean partaidetza-ehuneko handiena duen administraziora.

3. Fundazioan irabazteko asmorik gabeko entitate pribatuek parte hartzen badute, sektore publikoko fundazioa dagokion administrazio publikoari atxikita egongo da, aurreko zenbakian zehaztutako irizpideekin bat.

4. Administrazio publiko batekiko atxikimenduan aldaketarik egoten bada, arrazoia edozein dela ere, estatutuak aldatu beharko dira gehienez hiru hilabeteko epean, atxikimendua aldatu zeneko aurrekontu-ekitaldiaren hurrengo ekitaldia hasten denetik aurrera.

130. artikulua.

Araubide juridikoa.

Estatuko sektore publikoko fundazioak eraentzen ditu lege honetan, Fundazioen abenduaren 26ko 50/2002 Legean, fundazioen arloan aplikatu beharreko autonomia-erkidegoko legerian eta ordenamendu juridiko pribatuan aurreikusita dagoenak, salbu eta aurrekontuari, kontabilitateari, finantza- eta ekonomia-kontrolari eta sektore publikoko kontratazioari buruzko araudia aplikatu behar den arloetan.

131. artikulua.

Kontratazio-araubidea.

Estatuko sektore publikoko fundazioen kontratazioari dagokionez, sektore publikoko kontratazioari buruzko legerian xedatuta dagoena bete beharko da.

132. artikulua.

Aurrekontu-araubidea, kontabilitate-araubidea, ekonomia- eta finantza-kontrola eta langileen araubidea.

1. Estatuko sektore publikoko fundazioek urtero ustiapeneko eta kapitaleko aurrekontua egiten dute. Aurrekontu hori Estatuaren Aurrekontu Orokorrarekin integratuko da, eta kontuak formulatu eta aurkeztuko dituzte Kontabilitate Plan Orokorra irabazteko asmorik gabeko entitateei egokitzeko arauen eta Kontabilitate Plan Orokorra garatzen duten xedapenetan jasotako printzipio eta arauen nahiz fundazioei buruzko indarreko araudiaren arabera.

2. Estatuko sektore publikoko fundazioek azaroaren 26ko 47/2003 Legean ezarritako aurrekontu, ekonomia eta finantza, kontabilitate eta kontrol alorretako araubidea aplikatuko dute, eta Kontuen Auzitegiari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak kontrolatuko ditu.

3. Estatuko sektore publikoko fundazioetako langileak, zuzendariak barnean direla, lan arloko Zuzenbideak eta estatuko sektore publikoari atxikita egoteagatik aplikatu behar zaizkien arauek eraenduko dituzte. Arau horien artean egongo da beti aurrekontu-araua, eta Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeetan ezarrita dagoena ere hartu beharko da kontuan.

133. artikulua.

Estatuko sektore publikoko fundazioak sortzea.

1. Estatuko sektore publikoko fundazioak sortzeko edo izaera hori geroago hartzeko lege bat egingo da. Lege horrek ezarriko ditu fundazioaren xedeak, baita, bidezkoa izanez gero, fundazioaren zuzkidurarako baliabide ekonomikoak ere.

2. Estatuko sektore publikoko fundazio bat sortzeko Ministro Kontseiluari igortzen zaion lege-aurreproiektuarekin batera estatutuen proposamena eta jarduketa-plana aurkeztu beharko dira, 92. artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren edo Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren (erregelamenduz zehazten dena) aldeko txostenarekin batera.

3. Estatuko sektore publikoko fundazioen estatutuak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez onetsiko dira, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko titularrak eta fundazioa zein ministeriok babesten duen ) estatutuetan zehazten da hori) eta ministerio horrek batera egindako proposamenaren arabera.

Hala ere, Ministro Kontseiluaren erabaki bidez, fundazioa hasieran zein ministeriori lotuko zaion aldatu ahalko da.

134. artikulua.

Babesletza.

Sektore publikoko fundazioen babesletza egingo du fundazioak zein administraziori dauden atxikita eta administrazio horretan babesletza-eskumena duen organoak. Organo horrek zainduko du fundazioei buruzko araudian ezarritako betebeharrak betetzen direla; dena dela, lege honetan aurreikusita dagoenaren arabera eraginkortasuna kontrolatu beharko da eta etengabe gainbegiratu beharko dira.

135. artikulua.

Antolakuntza-egitura.

Estatuko sektore publikoko fundazioetan patronatuko kide gehienak estatuko sektore publikoko subjektuek izendatuko dituzte.

Enplegatu publikoari patronatuko kide gisa dagokion erantzukizuna zuzenean hartuko du bere gain hura izendatu zuen entitateak edo Estatuaren Administrazio Orokorrak.

Estatuaren Administrazio Orokorrak ofizioz erantzukizuna eskatu ahalko dio horretarako izendatu zuen enplegatu publikoari, baldin eta, dolo, erru edo zabarkeria larria dela eta, kalte edo galerarik eragiten badu administrazioaren ondasun eta eskubideetan, administrazio-legeetan ondare-erantzukizunari buruz aurreikusita dagoenaren arabera.

136. artikulua.

Bategitea, desegitea, likidatzea eta azkentzea.

Estatuko sektore publikoko fundazioak bategin, desegin, likidatu eta azkentzeko, 94., 96. eta 97. artikuluetan aurreikusita dagoen araubidea aplikatuko da.

VIII. KAPITULUA

Estatuko sektore publikoko nortasun juridikorik gabeko funtsak

137. artikulua.

Sortzea eta azkentzea.

1. Estatuko sektore publikoan nortasun juridikorik gabeko funtsak lege bidez sortuko dira.

Halakoen sorrera-arauan, Estatuaren Administrazio Orokorrari atxikiko zaizkiela zehaztuko da beren-beregi.

2. Lege bidez sortu arren, erregelamendu-mailako arau bidez azkenduko dira.

3. Nortasun juridikorik gabeko funtsen izendapenean nahitaez agertu behar da «Nortasun juridikorik gabeko funtsa» adierazmoldea, edota horren laburdura, «N.J.G.F».

138. artikulua.

Araubide juridikoa.

Nortasun juridikorik gabeko funtsak eraenduko ditu lege honetan, beren sorrera-legean, eta aplikatu behar zaizkien administrazio-zuzenbide orokor eta bereziko gainerako arauetan xedatuta dagoenak.

139. artikulua.

Aurrekontu-araubidea, kontabilitate-araubidea eta ekonomia- eta finantza-kontrola.

Nortasun juridikorik gabeko funtsak azaroaren 26ko 47/2003 Legean ezarritako aurrekontu-, kontabilitate- eta kontrol-araubidearen mendean egongo dira.

III. TITULUA

Administrazioen arteko harremanak

I. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanen printzipio orokorrak

140. artikulua.

Administrazioen arteko harremanen printzipioak.

1. Administrazio publikoek, jarduteko eta beste administrazio batzuekin nahiz haiekin lotutako edo haien mendeko entitate edo erakundeekin harremanetan jartzeko, honako printzipio hauei jarraituko diete:

a) Erakundeekiko leialtasuna.

b) Eskumenak banatzeko Konstituzioan eta autonomia-estatutuetan eta toki-araubidearen araudian ezarritako ordenari egokitzea.

c) Elkarlanean aritzea, hau da, gainerako administrazio publikoekin batera jardutea xede komunak lortzeko.

d) Lankidetzan aritzea, administrazio publiko bik edo gehiagok, borondatez eta beren eskumenak baliatuz, baterako ekintza baterako konpromiso espezifikoak beren gain hartzen badituzte.

e) Koordinatzea; horren arabera, administrazio publiko batek, eta bereziki, Estatuaren Administrazio Orokorrak, arlo berberaren eraginpean dauden administrazio publiko batzuen zein besteen jarduketen koherentzia bermatu behar du, baterako emaitza bat lortzeko, Konstituzioak eta gainerako ordenamendu juridikoak hala aurreikusten badu.

f) Baliabide publikoen kudeaketaren efizientzia, guztien baliabideak konpartituz, salbu eta hori egitea ezinezkoa bada edo aprobetxamendu hoberako justifikatzen bada.

g) Administrazio publiko bakoitzak bere betebehar eta konpromisoak betetzeko duen erantzukizuna.

h) Herritar guztientzako bermea eta berdintasuna, administrazioekiko harremanetan eskubideak baliatzeko.

i) Lurralde arteko elkartasuna, Konstituzioaren arabera.

2. Titulu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Estatuaren Administrazio Orokorrak edo autonomia-erkidegoetako administrazioek tokiko administrazioko entitateekin izan ditzaketen harremanak arautzeko, tokiko araubidearen oinarrizko legeria beteko da.

II. KAPITULUA

Lankidetzarako betebeharra

141. artikulua.

Administrazio publikoen arteko lankidetzaren betebeharra.

1. Administrazio publikoek:

a) Gainerako administrazioek beren eskumenak zuzenbidearen arabera erabiltzea errespetatu beharko dute.

b) Ongi neurtu beharko dituzte, norberaren eskumenak baliatzerakoan, ukitutako interes publiko guztiak, eta, zehazki, gainerako administrazioek kudeatu behar dituztenak.

c) Gainerako administrazioei behar duten informazioa eman beharko diete haien eskumenak baliatuz egiten duten jarduerari buruz, edo herritarrek arlo bati buruzko informazio osoa eskuratu ahal izateko beharrezkoa den informazioa eman beharko dute.

d) Norberaren eremuan laguntza eskaini beharko diete gainerako administrazioei, beren eskumenak modu eraginkorrean baliatzeko eskatzen dutenean.

e) Elkarlan-betebeharretik eratorritako betebeharrak eta arau bidez ezartzen diren gainerakoak bete behar dituzte.

2. Eskatutako laguntza eta elkarlana bakar-bakarrik uka daitezke eskatu zaion erakunde publiko edo entitateak laguntza hori emateko ahalmenik ez badu bere araudi espezifikoan aurreikusitakoaren arabera, horretarako baliabide nahikorik ez badauka edo laguntza emateak kalte larria ekartzen badie erakundeak babestu beharreko interesei edo bere egitekoak betetzeari, edo eskatutako informazioa konfidentziala edo erreserbatua bada.

Laguntza ukatuz gero, adierazi egin behar zaio administrazio eskatzaileari, arrazoiak emanez.

3. Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoetakoek eta tokiko entitateek lankidetzan aritu eta elkarri lagundu behar diote, egintzak bakoitzaren lurralde-eremutik kanpo egin edo betearazi behar direnean.

Elkarlan-betebeharrak sorraraz ditzakeen kostuak jasanarazi ahalko dira, hala erabakitzen bada.

142. artikulua.

Elkarlanerako teknikak.

Elkarlan-betebeharretik eratortzen diren betebeharrak honako teknika hauen bidez beteko dira:

a) Eskabidea zein erakunde publiko edo entitateri egin zaion eta hark dituen informazio, datu, agiri edo frogabideak ematea, baldin eta administrazio eskatzaileak halakoak eduki behar baditu bere eskumenak baliatzeko.

b) Administrazio-informazioko sistema integratuak sortu eta mantentzea, lurralde nazional osoan administrazio-jardueraren esparru batzuei eta besteei buruzko datu eguneratu, oso eta iraunkorrak edukitzeko.

c) Laguntza-betebeharra, beste administrazio batzuek beren eskumenak hobeto baliatzeko egindako eskariei arreta egiteko, bereziki administrazio horien jarduera beren lurralde-eremutik kanpo hedatzen bada.

d) Lege batean aurreikusitako beste guztiak.

III. KAPITULUA

Lankidetzako harremanak

1. atala.) Lankidetzarako teknikak

143. artikulua.

Administrazio publikoen arteko lankidetza.

1. Administrazioak interes orokorraren zerbitzurako lankidetzan arituko dira, eta borondatez, beren eskumenak printzipio horretarako modurik onenean baliatzea erabaki ahalko dute.

2. Lankidetza-harremanak formalizatzeko, aldeek esanbidezko onarpena eman beharko dute lankidetza-organoen akordioetan edo hitzarmenetan.

144. artikulua.

Lankidetzarako teknikak.

1. Lankidetza-printzipioa betetzeko, interesa duten administrazioek egokientzat jotzen dituzten teknikak erabili ahalko dira, esaterako honako hauek:

a) Lankidetza-organoetan parte hartzea, administrazio publiko batzuen eskumenen barruan sartzen diren arloetan neurriak eztabaidatu eta, bidezkoa izanez gero, erabakitzeko.

b) Beste administrazio publiko batzuetako organo aholku-emaileetan parte hartzea.

c) Administrazio publiko batek beste administrazio baten mendean edo harekin lotuta dauden erakunde publiko edo entitateetan parte hartzea.

d) Beste administrazio publiko batzuei bitarteko material, ekonomiko edo pertsonalak ematea.

e) Administrazio arteko lankidetzan aritzea, arlo jakin bat arautzen duen araudia modu koordinatuan aplikatzeko.

f) Nahitaezkoak ez diren txostenak egitea, administrazio batzuek eta besteek beren irizpidea adieraz dezaten beren eskumenetan eragina duten proposamen edo jarduketei buruz.

g) Ondare arloko lankidetza-jarduketak, barnean direla titulartasun-aldaketak eta ondasunen lagapena, ondareari buruzko legerian aurreikusita baitaude.

d) Legean aurreikusitako beste guztiak.

2. Lankidetza formalizatzeko egiten diren hitzarmen eta akordioetan, halakoak sinatzen dituzten aldeek beren gain hartzen dituzten baldintza eta konpromisoak aurreikusiko dira.

3. Administrazio publiko bakoitzak erregistro publiko bat eguneratuta mantenduko du parte hartzen dueneko lankidetza-organoei eta sinatu dituen hitzarmenei buruz.

2. atala.) Lankidetzarako teknika organikoak

145. artikulua.

Lankidetza-organoak.

1. Lankidetza-organoak alde anitzeko edo alde biko organoak dira, esparru orokor edo berezikoak. Estatuaren Administrazio Orokorreko, autonomia-erkidegoen administrazioetako edo Ceuta eta Melilla hirietako ordezkariek edo, bidezkoa denean, toki-entitateetako ordezkariek osatzen dituzte, administrazio publiko bakoitzak dituen eskumenak hobeto baliatzeko jarduketak borondatez erabakitzeko.

2. Lege honetan xedatuta dagoenak eta aplikatu behar zaizkien xedapen espezifikoek eraenduko dituzte lankidetza-organoak.

3. Estatuaren Administrazio Orokorrak parte hartzen duen administrazio publikoen arteko lankidetzako organoak Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistroan inskribatu beharko dira, eratzeko bilera baliozkoa izan dadin.

4. Lankidetza-organoek, erabakiak hartu ahalko dituzte prozedura sinplifikatu bidez eta aldeek ondoz ondoren sinatuta, Zuzenbidean onartutako moduetako edozeinen bidez, ados jarrita ezartzen denaren arabera, salbu eta aldeetako bat aurka badago.

146. artikulua.

Presidenteen Biltzarra.

1. Presidenteen Biltzarra Nazioko Gobernuaren eta autonomia-erkidegoetako gobernuen arteko lankidetzarako alde anitzeko organoa da. Biltzarreko kideak dira Gobernuko presidentea ) Biltzarreko burua) eta autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hirietako lehendakariak.

2. Presidenteen Biltzarraren xedea da Estatuarentzat eta autonomia-erkidegoentzat interesgarriak diren gaiak eztabaidatzea eta erabakiak hartzea. Bilerak prestatzeko, batzorde batek laguntza ematen du. Batzorde horretako kideak dira Gobernuko presidentea ) Biltzarreko burua) eta autonomia-erkidego bakoitzeko kide bat.

147. artikulua.

Arloko Biltzarrak.

1. Arloko Biltzarra alde anitzeko lankidetza-organoa da, arlo jakin batean aritzen dena. Biltzarreko burua da Gobernuko kideen artean, Estatuaren Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, gaiaren arabera eskuduna dena, eta Biltzarreko kideak gobernu-kontseiluetako kideak dira, autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien ordezkari gisa.

2. Arloko Biltzarrak, edo beste izen batekin haien araubide juridikoaren mendean dauden organoak lankidetzako organo eta tresnen Estatuko Erregistroan inskribatu beharko dira, behar bezala eratzeko.

3. Arloko Biltzar bakoitzak kideek berek onartutako antolaketako eta funtzionamenduko barneko erregelamendua izango du.

148. artikulua.

Arloko Biltzarren eginkizunak.

1. Arloko Biltzarrek aholkua emateko, erabakiak hartzeko edo koordinatzeko eginkizunak bete ditzakete, gai erkideei buruz erabakiak hartzeko.

2. Zehazki, Arloko Biltzarrek eginkizun hauek edukiko dituzte, besteak beste:

a) Informazioa jasotzea Nazioko Gobernuaren edo autonomia-erkidegoetako gobernu-kontseiluen lege-aurreproiektuei eta erregelamendu-proiektuei buruz, beste administrazio publikoen eskumenen esparruari zuzenean eragiten diotenean edo aplikatu beharreko araudi sektorialean hala aurreikusita dagoenean, dela osoko bilkuraren bitartez, dela horretarako agindutako batzorde edo lantaldearen bitartez.

b) Autonomia-erkidegoen artean lankidetzako plan espezifikoak ezartzea dagokien arloan, ahal dela bikoiztasunik ez sortzeko, eta zerbitzu publikoen efizientzia handiagoa lortzeko.

c) Administrazio publiko batzuek eta besteek beren eskumenak baliatuz programatutako jarduketei buruzko informazioa elkartrukatzea, beste administrazio batzuei eragin ahal badiete.

d) Informazioa elkartrukatzeko mekanismoak ezartzea, bereziki eduki estatistikoko informaziorako.

e) Arlo Biltzarraren eta haren lan-metodoaren barne-antolakuntza erabakitzea.

f) Aurrekontu-kredituak lurraldeka banatzeko eta ekitaldi ekonomikoaren hasieran banatzeko oinarrizko irizpide objektiboak ezartzea, azaroaren 26ko 47/2003 Legean aurreikusita dagoenaren arabera.

149. artikulua.

Arloko Biltzarren bileren deialdia.

1. Arloko Biltzarraren buru den ministroak egin behar du, bere kabuz, bileren deialdia, gutxienez urtean behin, edo kideen herenak gutxienez eskatzen duenean.

Kideen herenak gutxienez eskatzen badu, eskariaren barruan gai-zerrendaren proposamena sartu beharko da.

2. Deialdia behar beste denbora lehenago eta beharrezkoak diren agiriekin batera egin beharko da, eta bilera bakoitzerako aurreikusitako gai-zerrenda jaso beharko da; ezingo da aztertu gai-zerrendan ez dagoen gairik, salbu eta Arloko Biltzarreko kide guztiak horrekin ados badaude.

Bilera bakoitzaren gai-zerrenda buruak proposatuko du. Aztertu beharreko gai bakoitza aholkua emateko, erabakia hartzeko edo koordinatzeko den zehaztu beharko da.

3. Arloko Biltzarraren bilera arau-proiektu bati buruzko txostena egiteko bada, deialdia egiteko, eratzeko eta erabakiak hartzeko bitarteko elektronikoak, telefonoa edo ikus-entzunezko baliabideak erabili ahalko dira haien arteko komunikazioa eta egintzaren batasuna bermatzeko, adibidez bideokonferentzia edo posta elektronikoa. Ulertuko da burutza non dagoen eta bertan hartu direla erabakiak, arloko biltzarraren barne funtzionamenduko erregelamenduan ezartzen den prozeduraren arabera.

Zenbaki honetan aurreikusita dagoenaren arabera, aktak egiteko bitarteko elektronikoak erabili ahalko dira.

150. artikulua.

Arloko Biltzarren idazkaritza.

1. Arloko biltzar bakoitzak idazkaria izango du. Idazkaria arloko biltzarreko buruak izendatuko du.

2. Arloko biltzarreko idazkariak gutxienez eginkizun hauek izango ditu:

a) Bilerak prestatzea eta bileretara joatea; hitz egiteko eskubidea izango du, baina botorik ez.

b) Buruak aginduta, biltzarraren bileren deialdia egitea.

c) Arloko Biltzarreko kideek organoarekin duten komunikazio-egintza oro jasotzea: jakinarazpenak, datu-eskabideak, zuzenketak edo ezagutu behar duen beste edozein idazki.

d) Bileren aktak idatzi eta baimentzea.

e) Kontsulten, gomendioen eta onartutako erabakien ziurtagiriak egitea eta bilerak egiteagatik sortutako agiriak zaintzea.

f) Idazkari izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak.

151. artikulua.

Arloko Biltzarraren erabaki motak.

1. Erabakiak hartzeko, aldez aurretik Arloko Biltzarreko kideek botazioa egin behar dute.

Botazio hori administrazio publiko bakoitzak duen ordezkaritzak egingo du, eta ez administrazio publiko bakoitzeko kide bakoitzak.

2. Arloko Biltzarrak hartzen dituen erabakiak honelakoak izan ahal dira:

a) Erabakia: eremu bakoitzaren eskumenak baliatuz jarduteko konpromisoa dakar.

Nahitaez bete beharrekoak eta zuzenean exijitu beharrekoak dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusita dagoenaren arabera, aurkako botoa eman dutenentzat izan ezik, geroago sinatzea erabakitzen ez duten bitartean.

Erabakiaren egiaztapena aktan egingo da.

Estatuaren Administrazio Orokorrak koordinazio eginkizunak betetzen dituenean, dagokion arloko eskumenen banaketaren konstituzio-ordenaren arabera, Arloko Biltzarrean hartzen den erabakia ) erabaki horretan sartuko dira emandako boto partikularrak) nahitaez bete beharko dute Arloko Biltzarra osatzen duten administrazio publiko guztiek, botoa aurkakoa zein aldekoa dela ere, eta galdatu beharrekoak dira uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarrita dagoenaren arabera.

Erabakiaren egiaztapena aktan egingo da.

Arloko biltzarrek alde anitzeko baterako planak egin ahalko dituzte Estatuaren Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen artean, helburu komunak lortzea helburu duten baterako jarduketak konprometitzeko. Plan horiek erabaki izaera izango dute arloko biltzarraren arabera, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Planak onartzeko erabakian, honako elementu hauek zehaztu beharko dira, beren izaera kontuan hartuta, eta aurrekontuei buruzko legerian ezarrita dagoenaren arabera:

1.a) Bete behar diren denen intereseko helburuak.

2.a) Administrazioetako bakoitzak egin beharrekoa.

3.a) Administrazioetako bakoitzak eman beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

4.a) Finantza-baliabideak jartzeko konpromisoak.

5.a) Iraupena, eta jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta aldatzeko modua ere bai.

b) Gomendioa: halakoen xedea Arloko Biltzarrak kontsultatu dioten gai bati buruz duen iritzia azaltzea da.

Arloko Biltzarreko kideek hitz ematen dute arlo horretan beren jardueraren xedea bat datorrela gomendioan aurreikusita dagoenarekin, aurkako botoa eman dutenentzat izan ezik, geroago sinatzea erabakitzen ez duten bitartean.

Kide batek gomendioari jarraitzen ez badio, horretarako arrazoiak eman beharko ditu eta justifikazio hori dagokion espedientean eman beharko du.

152. artikulua.

Arloko batzordeak eta lantaldeak.

1. Arloko Batzordea Arloko Biltzarraren lanerako eta laguntzarako organo orokorra da. Estatu idazkariak edo dagokion ministroak beren-beregi izendatutako Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-organo batek eratzen dute ) horiek izango dira buruak) , bai eta autonomia-erkidego bakoitzeko ordezkari batek eta Ceuta hiriko ordezkari batek eta Melilla hiriko ordezkari batek ere.

Arloko Batzordearen idazkaritzako eginkizunak dagokion ministerioko funtzionario batek egingo ditu.

Arloko Biltzarraren funtzionamenduko barneko erregelamenduan aurreikusten bada, arloko batzordeek eta lantaldeek jarduteko bitarteko elektronikoak, telefonoa edo ikus-entzunezko baliabideak erabili ahalko dituzte haien arteko komunikazioa eta egintzaren batasuna bermatzeko, adibidez bideokonferentzia edo posta elektronikoa. Ulertuko da burutza non dagoen eta bertan hartu direla erabakiak, Arloko Biltzarraren barne funtzionamenduko erregelamenduan ezartzen den prozeduraren arabera.

2. Honako eginkizun hauek beteko ditu Arloko Batzordeak:

a) Arloko Biltzarraren bilerak prestatzea. Horretarako, deialdiko aztergaien zerrendako gaiak aztertuko ditu.

b) Arloko Biltzarrak hartutako erabakien jarraipena egitea.

c) Eratutako lantaldeen jarraipen eta ebaluazioa egitea.

d) Arloko Biltzarrak agintzen dizkion beste eginkizun guztiak.

3. Arloko biltzarrek lantalde iraunkor edo aldi baterakoak sortu ahalko dituzte, Arloko Biltzarrak edo Arloko Batzordeak esleitzen dizkieten zeregin teknikoak egiteko. Lantalde horiek osatuko dituzte Arloko Biltzar horretako kide diren administrazio publikoetako zuzendari nagusiek, zuzendariorde nagusiek edo baliokideek.

Lantalde horietan parte hartzeko, aztertu beharreko arloan prestigio handia duten adituak gonbidatu ahalko dira.

Lantaldeko zuzendaria Estatuaren Administrazio Orokorreko ordezkari bat izango da. Lantalde horretako kide gehienen aldeko botoarekin, hark eskatu ahalko du lantaldean parte hartzeko aukera izan dezatela eragiten zaien arloetako interesak ordezkatzen dituzten erakundeek, proposamenak eskatzeko edo kontsultak egiteko.

153. artikulua.

Alde biko lankidetza-batzordeak.

1. Alde biko lankidetza-batzordeak alde bik osatutako lankidetza-organoak dira. Estatuaren Administrazio Orokorra ordezkatzen duten Gobernuko kideak eta Autonomia Erkidegoko Gobernu-kontseiluko kideak edo Ceuta hiriko edo Melilla hiriko ordezkariak hainbana biltzen dituzte.

2. Alde biko lankidetza-batzordeek aholkua emateko eta erabakiak hartzeko eginkizunak betetzen dituzte, baldin eta erabaki horien xedea administrazioen arteko koordinazioa hobetzea bada, bereziki autonomia-erkidegoari, Ceuta hiriari edo Melilla hiriari eragiten dieten gaietan.

3. Beren jarduera egiteko, alde biko lankidetza-batzordeek lantaldeak sortu ahalko dituzte, eta batzordeetarako bilerak egiteko eta erabakiak hartzeko bideokonferentzia edo bitarteko elektronikoak erabili ahalko dituzte.

4. Alde biko lankidetza-batzordeek hartutako erabakiek erabaki forma izango dute, eta beren-beregi hala aurreikusten bada, sinatzen duten bi administrazioentzat exijitu beharrekoak izango dira, uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarrita dagoenaren arabera.

Erabakiaren egiaztapena aktan egingo da.

5. Artikulu honetan aurreikusita dagoena aplikatu arren, autonomia-estatutuetan alde biko batzordeen antolakuntzaren eta eginkizunen arloan aurreikusitako oinarrizko xedeetarako ezartzen diren berezitasunak ere kontuan hartu beharko dira.

154. artikulua.

Koordinaziorako Lurralde Batzordeak.

1. Lurralde-hurbiltasunarengatik edo administrazio-eginkizunak bateratzeagatik beharrezkoa bada, Koordinaziorako Lurralde Batzordeak sortu ahalko dira. Alde anitzeko batzorde horiek bat datozen lurraldeetako edo lurralde mugakideetako administrazioen artean sortu ahalko dira, zerbitzugintzaren koordinazioa hobetzeko, bikoiztasunak prebenitzeko eta zerbitzuen efizientzia eta kalitatea hobetzeko.

Arloaren arabera eraginpean dauden administrazioen arabera, batzorde horiek honela egongo dira osatuta:

a) Estatuaren Administrazio Orokorreko ordezkariek eta toki-erakundeetako ordezkariek.

a) Autonomia-erkidegoetako ordezkariek eta toki-erakundeetako ordezkariek.

a) Estatuaren Administrazio Orokorreko ordezkariek, autonomia-erkidegoetako ordezkariek eta toki-erakundeetako ordezkariek.

2. Koordinaziorako Lurralde Batzordeek deliberatzen dutenak erabaki forma hartuko du. Erabaki horiek aktan ziurtatuko dira eta nahitaez bete beharrekoak izango dira sinatzen duten bi administrazioentzat, uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarrita dagoenaren arabera.

3. Deialdien eta idazkaritzaren araubidea 149. eta 150. artikuluetan Arloko Biltzarretarako ezarritako berbera izango da, idazkari eginkizunak bete behar dituenari buruz aurreikusitako erregela izan ezik. Idazkaria barneko funtzionamenduko erregelamenduaren arabera izendatuko da.

IV. KAPITULUA

Administrazioen arteko harreman elektronikoak

155. artikulua.

Administrazio publikoen arteko datu-transmisioak.

1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta lege hori garatzeko araudian xedatuta dagoenaren arabera, administrazio bakoitzak bideak ezarri beharko ditu gainerako administrazioek eskura ahal izan ditzaten euskarri elektronikoan dauzkan interesdunei buruzko datuak, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu.

2. Datu hauek baizik ez dira eskainiko aurreko paragrafoan aipatutako eran: gainerako administrazioek beren eskumeneko prozedurak eta jarduerak dagozkien arauen arabera izapidetzeko eta ebazteko interesdunei eskatzen dizkietenak.

3. Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoetako administrazioek eta toki erakundeek behar diren neurriak hartuko dituzte eta bakoitzak bere eremuan behar diren teknologiak sartuko ditu erakunde horietako sareen arteko konexioa ahalbidetzeko eta, horrela, komunikazio-sare bat sortzeko, administrazio publikoak elkarrekin konektatzeko eta administrazioen arteko informazioa eta zerbitzuak trukatu ahal izateko, bai eta Europar Batasuneko erakundeen eta beste estatu kide batzuetako erakundeen sareekin konektatzeko.

156. artikulua.

Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionala eta Segurtasunerako Eskema Nazionala.

1. Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean informazioaren, formatuen eta aplikazioen segurtasuna bermatzeko eta haiek gordetzeko eta normalizatzeko irizpideak eta gomendioak sartzen dira. Hain zuzen ere, administrazio publikoek kontuan izan beharko dituzte irizpide eta gomendio horiek, elkarreragingarritasuna bermatuko duten erabaki teknologikoak hartzeko.

2. Segurtasunerako Eskema Nazionalaren helburua da, lege honen esparruan, baliabide elektronikoen erabilerari dagokionez segurtasun arloko politika ezartzea, eta landutako informazioaren segurtasuna bermatzen duten oinarrizko printzipioek eta gutxieneko baldintzek osatzen dute eskema hori.

157. artikulua.

Administrazioaren jabetzakoak diren sistemak eta aplikazioak berrerabiltzea.

1. Administrazioek hala eskatzen duen administrazioaren esku jarriko dituzte beren zerbitzuek garatu dituzten aplikazioak edo kontratatu direnak, baldin eta jabetza intelektualeko eskubideak haien titulartasunpean badaude, salbu eta halako aplikazio horiei lotutako informazioa arau batek bereziki babesten badu.

Administrazio lagatzaileek eta lagapen-hartzaileek lagatako aplikazioen eskurapen- edo fabrikazio-kostua jasanaraztea erabaki ahalko dute.

2. Aurreko paragrafoan aipatzen diren aplikazioak iturri irekiko aplikaziotzat jo ahalko dira, baldin eta horrela administrazio publikoaren jardun gardenagoa lortzen bada edo herritarrak informazio-gizartean sartzea sustatzen bada.

3. Administrazio publikoek aplikazio bat eskuratu, garatu edo bizitza-ziklo osoan mantendu aurretik, hori guztia bitarteko propioekin nahiz egokiak diren zerbitzuak kontratatuz egiten dela ere, Estatuaren Administrazio Orokorraren mendeko aplikazioen aurkibide orokorrean kontsultatu beharko dute halakoak berrerabiltzeko moduko konponbideak dauden, bete nahi diren beharrizan, hobekuntza edo eguneraketak guztiz edo zati batean betetzeko, betiere elkarreragingarritasun eta segurtasun arloko eskakizun teknologikoek horretarako aukera ematen badute.

Aurkibide horretan agertuko dira Estatuaren Administrazio Orokorrean dauden aplikazioak nahiz gainerako administrazioetako aplikazioen aurkibide integratuetan eskuragarri daudenak.

Guztiz edo zati batean berrerabiltzeko eskuragarri dagoen konponbide bat badago, administrazio publikoek hori erabiliko dute nahitaez, salbu eta hori ez berrerabiltzeko erabakia justifikatuta badago efizientziari dagokionez, Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluaren arabera.

158. artikulua.

Administrazioen arteko teknologia-transferentzia.

1. Administrazio publikoek aplikazioen aurkibide eguneratuak mantenduko dituzte, libreki berrerabiltzeko, Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean xedatuta dagoenaren arabera.

Aurkibide horiek elkarreragingarriak izan beharko dute Estatuaren Administrazio Orokorraren aurkibide orokorrarekin, bateragarritasun informatikoa eta konexioa bermatzeko.

2. Estatuaren Administrazio Orokorrak aplikazioen direktorio orokor bat izango du, aplikazio horiek berriro erabili ahal izateko; era berean, aplikazioak edozeinek berriz erabiltzeko laguntza eskainiko du eta aplikazio, formatu eta estandar komunen garapena bultzatuko du, elkarreragingarritasunerako eta segurtasunerako eskema nazionalen esparruan.

Lehenengo xedapen gehigarria.

Euskal Herriko Lurralde Historikoetako administrazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoan, bigarren artikuluan xedatutakoari dagokionez, administrazio publikoak izango dira foru-aldundiak eta haien mendean edo haiekin lotuta dauden erakunde-administrazioak.

Bigarren xedapen gehigarria.

Gobernuak Ceuta eta Melilla hirietan dituen ordezkariak.

1. Ceuta eta Melilla hirietan Gobernuaren ordezkari bat egongo da, eta Nazioaren Gobernua ordezkatuko du lurralde horretan.

2. Lege honetan Gobernuak autonomia-erkidegoetan dituen ordezkariak aipatzen direnean, ulertuko da Gobernuak Ceuta eta Melilla hirietan dituen ordezkariak ere aipatzen direla.

3. Ceuta eta Melilla hirietan, Gobernuaren ordezkariari laguntzeko batzorde bat egongo da. Batzorde horretako burua Gobernuaren ordezkaria bera izango da, eta idazkari nagusiak eta lurralde-zerbitzuetako arduradunek osatuko dute.

Batzorde horren bileretara joan beharko dute lurraldeko organo eta zerbitzuetako titularrek, integratuta egon zein ez, baldin eta Gobernuaren ordezkariak egokitzat jotzen badu.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Ceuta eta Melilla hiriekiko harremanak.

Estatuaren Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoetako administrazioen arteko harremanei buruz lege honetan ezarritako hori bera izango da Ceuta eta Melilla hiriekiko harremanetan erabiliko dena, betiere estatutuaren bitartez bereganatutako eskumenen erabilerari dagokion heinean.

Laugarren xedapen gehigarria.

Estatuko entitate eta erakunde publikoak egokitzea.

Lege hau indarrean jartzerakoan dauden estatuko sektore publikoko entitate eta erakunde publiko guztiak legearen edukiari egokitu beharko zaizkio hiru urteko epean, legea indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuta, eta egokitzen amaitu arte, beren araudi espezifikoak eraenduko ditu.

Egokitzean, zaindu egingo dira erakunde eta entitateek gaur egun langileria, ondare, aurrekontu-araubide, kontabilitate eta ekonomia- eta finantza-kontrol arloetan nahiz finantzaketa-agente gisa egindako eragiketen arloan dituzten berezitasunak. Eragiketa horiei dagokienez, bidezkoa bada, ordenamendu juridiko pribatuaren mendean jarriko dira.

Berezitasunak zaindu egingo dira baldin eta diru-sarreren eta gastuen kontrolean egokitzeko unean finantza-desoreka sortzeko moduko gabezia handirik sortu ez badute.

Botere esleitzaile ez diren entitateek berezitasun hori zainduko dute Europako araudiaren aurka ez doan guztian.

Espainiako ekonomia eta enpresa nazioartekotzearen aldeko sustapena egitea xede duten entitateek, gainera, eta muga berberekin, laguntzen arloko berezitasunak zainduko dituzte Europako araudiaren aurka ez doan guztian.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Estatuko erakunde publikoen zerbitzu erkideen kudeaketa konpartitua.

1. Lege hau indarrean jartzean estatuko sektore publikoa osatzen duten erakunde publikoek beren zerbitzu erkideen antolakuntza eta kudeaketa konpartituko dituzte, salbu eta ez konpartitzeko erabakia justifikatzen bada sorrera-arauarekin batera doan memorian, Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluaren arabera eraginkortasun arrazoiengatik, segurtasun nazionaleko arrazoiengatik edo antolaketa eta kudeaketa konpartituak erakundearen independentzia kontuan hartuta modu autonomoan eman beharreko zerbitzuei eragiten dienean.

2. 95. artikuluan aipatu diren zerbitzu erkideak antolatu eta kudeatzeko, hau egin ahalko da:

a) Ogasun Publikoan eskumena duen sailak edo harekin lotutako edo haren mendeko erakunde autonomo batek koordinatzea.

b) Erakunde publikoa zein sailekin lotuta edo zeinen mendean dagoen eta sail horrek koordinatzea.

c) Erakunde publikoa zein erakunde publikorekin lotuta edo zeinen mendean dagoen eta erakunde publiko horrek koordinatzea.

Seigarren xedapen gehigarria.

Dauden estatuko bitarteko propioak eraldatzea.

Lege hau indarrean jartzean estatuko bitarteko propio diren entitate eta erakunde publiko guztiak lege honetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, indarrean jarri eta sei hilabeteko epean.

Zazpigarren xedapen gehigarria.

Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoa.

1. Estatuaren Administrazio Orokorrak, berak edo berarekin lotutako edo beraren mendeko erakunde publiko edo entitate batek parte hartzen dueneko lankidetza-organoen eta gainerako administrazio publikoekin egindako hitzarmenen erregistro elektronikoa eguneratuta mantenduko du.

Erregistro hau Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzaren mendekoa izango da.

2. Lankidetza-organoak sortzen, aldatzen edo azkentzen badira eta Estatuaren Administrazio Orokorrak edo harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publiko edo entitate batek egindako hitzarmen bat sinatzen, azkentzen, luzatzen edo aldatzen bada, horren berri eman beharko dio sinatu duen organoak Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoari, inskriba daitekeen egitatea gertatu eta hamabost eguneko epean.

3. Lankidetza-organoetako idazkari diren ministerio-sailek azkendu diren lankidetza-organoen berri eman beharko diote erregistroari, urte bakoitzeko urtarrilaren 30a baino lehen.

4. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak Ministro Kontseiluari urtero txosten bat igorriko dio dauden lankidetza-organoen jarduerari buruz eta indarrean dauden hitzarmenei buruz, Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoak emandako datu eta azterketetatik abiatuta.

5. Lankidetza-organoek eta indarreko hitzarmenek sei hilabeteko epea dute, legea indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuta, erregistro horretan inskriba daitezela eskatzeko.

6. Sortu direnetik edo lege hau indarrean jartzen denetik bost urteko epean bilerarik egin ez duten lankidetza-organoak azkendu egingo dira.

Zortzigarren xedapen gehigarria.

Edozein administrazio publikok sinatutako indarreko hitzarmenak egokitzea eta erakunde eta entitateak Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatzea.

1. Edozein administrazio publikok edo harekin lotutako edo haren mendeko edozein erakunde edo entitatek sinatutako indarreko hitzarmenak hemen aurreikusi denari egokitu beharko zaizkio hiru urteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuta.

Hala ere, hitzarmenaren indarraldiari dagokionez, automatikoki egokituko dira 49.h) .1.a artikuluan aurreikusitako erregelak zuzenean aplikatuz, indarraldi bat zehaztuta ez duten hitzarmenetarako, edo indarraldi bat zehaztuta edukita ere, lege hau indarrean jartzean iraupen mugagabeko isilbidezko luzapen bat ezarrita duten hitzarmenetarako.

Kasu horietan, hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa izango da, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera.

2. Lege hau indarrean jartzerakoan administrazio publiko batekin lotuta edo haren mendean dauden erakunde eta entitate guztiek Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatuta egon beharko dute hiru hilabeteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuta.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Administrazio elektronikoaren arloko batzordea.

1. Administrazio elektronikoaren arloko batzordea Herri Administrazioaren Arloko Batzordearen menpe dago, eta, administrazio elektronikoaren arloan, Estatuaren Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoetako administrazioen eta tokiko erakundeen lankidetzarako organo teknikoa da.

2. Administrazio elektronikoaren Arloko Batzordeak gutxienez eginkizun hauek beteko ditu:

a) Administrazio publikoek erabilitako sistema eta aplikazioen bateragarritasuna eta elkarreragingarritasuna ziurtatzea.

b) Espainian administrazio elektronikoaren garapena bultzatzea.

c) Administrazio publikoen arteko lankidetza ziurtatzea, administrazio-informazio argi, eguneratu eta okerrik gabea emateko.

3. Jorratutako gaiak kontuan izanda, kasuan-kasuan komenigarriak izan daitezkeen erakundeak, korporazioak edo gizarte-eragileak gonbidatu ahalko dira Arloko Batzordearen deliberazioetan parte hartzera.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Partzuergoetarako ekarpenak.

Administrazio publikoak edo hari lotutako zein haren mendeko edozein erakundek edo organismok, partzuergo bateko kide direnean, ez dute dagokion ekitaldian ondare-funtsari ekarpena egiteko edo finantzatzeko konpromisoa betetzeko obligaziorik izango, baldin eta partzuergoko beste kideren batek ez baditu aurreko ekitaldietan egin behar zituen diru-ekarpen guztiak egin.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Ministerio barruko eskurantzen inguruko gatazkak.

1. Eskurantzak direla-eta ministerio bateko organoen artean sortzen diren gatazkak, hala positiboak nola negatiboak, hierarkian komun duten goragokoak ebatziko ditu hamar eguneko epean, eta ezingo da inolako errekurtsorik aurkeztu.

2. Gatazka positiboetan, eskuduntzat jotzen den organoak inhibitzeko eskatuko dio gai horretaz arduratzen den organoari, eta azken horrek prozedura bertan behera utziko du hamar eguneko eperako.

Epe horren barruan eskaria onartzen badu, espedientea igorriko dio eskaria egin duen organoari.

Eskuduntzat jo bada, jarraian jarduketak hierarkian komun duten goragokoari igorriko dizkio.

3. Gatazka negatiboetan, eskuduna ez dela jotzen den organoak jarduketak zuzenean eskuduntzat jotzen duen organoari igorriko dizkio, eta azken horrek hamar eguneko epean erabakiko du, eta eskuduna ez dela uste bada, jarraian espedientea igorriko dio txostenarekin batera hierarkian komun duten goragokoari.

4. Prozeduran interesa dutenek 14. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera planteatuko dituzte gatazka horiek.

Hamabigarren xedapen gehigarria.

Portu Agintaritzen eta Estatuko Portuen araubide juridikoa.

Portu Agintaritzak eta Estatuko Portuak haien legeria espezifikoak eraenduko ditu, baita aplikatu behar zaizkien azaroaren 26ko 47/2003 Legearen xedapenek, eta, ordezko eran, lege honetan ezarrita dagoenak.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.

Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileen eta zerbitzu erkideen araubide juridikoa.

1. Erakunde kudeatzaileei, zerbitzu erkideei eta legearen arabera Gizarte Segurantzaren Administrazioa osatzen duten beste erakunde edo entitateei lege honetan erakunde autonomoei buruz aurreikusita dagoena aplikatu beharko zaie, hurrengo paragrafoan xedatuta dagoena alde batera utzita.

2. Langileria, ekonomia eta finantza, ondare, aurrekontu eta kontabilitate arloetako araubidea, kudeaketan parte hartzeari buruzko araubidea, eta laguntza juridikoa, legeria espezifikoan, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean ) aplikatu behar zaizkien arloetan) eta ordezko eran lege honetan ezarrita daudenak izango dira.

Hamalaugarren xedapen gehigarria.

Antolakuntza militarra eta Defentsa Ordezkaritzak.

1. Antolakuntza militarra bere legeria espezifikoak eta Defentsa Nazionalaren azaroaren 17ko 5/2005 Lege Organikoan ezarritako oinarriek eraentzen dute.

2. Defentsa Ordezkaritzak Defentsa Ministerioan integratuta egongo dira eta beren araudi espezifikoak eraenduko ditu.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.

Indar Armatuetako eta Inteligentzia Zentro Nazionaleko langile militarrak.

Lege honen 63., 65., 66. eta 67. artikuluetan A1 Azpitaldeko karrerako funtzionarioak aipatzen direnean, kontuan hartuko dira horren baliokidea den kategoria bateko kidego eta eskaletako Indar Armatuetako langile militarrak.

Araudi arloko aurreikuspen horiek era berean aplikatuko zaizkie Inteligentzia Zentro Nazionaleko A1 Azpitaldeko langileei, haien estatutu-araudiaren arabera.

Hamaseigarren xedapen gehigarria.

Gobernuaren Ordezkaritzetan integratutako lurralde-zerbitzuak.

Lege hau indarrean jartzen denean Gobernuaren ordezkaritzetan integratuta dauden lurralde-zerbitzuek egoera horretan jarraituko dute, eta haiei lege honetan aurreikusita dagoena aplikatuko zaie.

Hamazazpigarren xedapen gehigarria.

Zerga Administrazioko Estatuko Agentziaren araubide juridikoa.

Zerga Administrazioko Estatuko Agentzia bere legeria espezifikoak eta, bere legeria espezifikoan bateragarria den guztian, lege honetan aurreikusita dagoenak eraenduko du.

Zerga arloko informazioa eskuratu, laga edo komunikatzeko, kasu guztietan legeria espezifikoari jarraituko zaio.

Hemezortzigarren xedapen gehigarria.

Inteligentzia Zentro Nazionalaren araubide juridikoa.

Inteligentzia Zentro Nazionaleko zentro eskudunen administrazio-jarduketa bere araudi espezifikoan aurreikusita dagoenak eraenduko du, eta araudi horretan aurreikusita ez dauden arloetan, bere izaerarekin eta eginkizun propioekin bateragarria den guztian, lege honetan xedatuta dagoenak eraenduko du.

Hemeretzigarren xedapen gehigarria.

Espainiako Bankuaren araubide juridikoa.

Espainiako Bankua, banku zentral nazionala den aldetik, lehenengoz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan, Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren Estatutuetan, Kontseiluaren 2013ko urriaren 15eko 1024/2013 Erregelamenduan eta Espainiako Bankuaren autonomiari buruzko ekainaren 1eko 13/1994 Legean xedatuta dagoenak eraenduko du.

Arau horietan aurreikusita ez dagoen guztian eta bere izaera eta eginkizunekin bateragarria den guztian, lege honetan aurreikusita dagoena aplikatu beharko da.

Hogeigarren xedapen gehigarria.

Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsaren araubide juridikoa.

Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsa administrazio agintaritza independentetzat joko da, lege honetan aurreikusita dagoenaren arabera.

Hogeita batgarren xedapen gehigarria.

Gobernuaren kide anitzeko organoak.

Lege honetan kide anitzeko organoei buruz aurreikusita dauden xedapenak ez zaizkie aplikatuko Nazioko gobernuaren kide anitzeko organoei, autonomia-erkidegoetako gobernuaren kide anitzeko organoei eta toki erakundeetako gobernuaren kide anitzeko organoei.

Hogeita bigarren xedapen gehigarria.

Estatuko organo konstituzionalen eta autonomia-erkidegoetako legegintza- eta kontrol-organoen administrazio-jarduna.

Diputatuen Kongresuko, Senatuko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko, Konstituzio Auzitegiko, Kontuen Auzitegiko, Espainiako Herri Defendatzailearen Erakundeko, autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako eta autonomia-erkidegoetan Kontuen Auzitegiaren eta Espainiako Herri Defendatzailearen parekoak diren erakundeetako organo eskudunen administrazio-jarduera haien araudi espezifikoak eraenduko du, lege honen arabera administrazio-jarduera gidatzen duten printzipioen esparruan.

Lehenengo xedapen iragankorra.

Sektore publiko instituzionalaren osaera eta sailkapena.

84. artikuluan aurreikusitako estatuko sektore publiko instituzionalaren osaera eta sailkapena legea indarrean jarri ondoren sortzen diren estatuko sektore publiko instituzionaleko erakunde publiko eta entitateei soilik aplikatuko zaie, baita laugarren xedapen gehigarrian xedatuta dagoenaren arabera egokitu direnei.

Bigarren xedapen iragankorra.

Dauden entitate eta erakunde publikoak.

1. Lege hau indarrean jartzerakoan estatuko sektore publikoa osatzen duten erakunde eta entitate guztiak beren araudi espezifikoak eraenduko ditu, barnean dela ordura arte aplikatu behar zitzaien aurrekontu-araudia, laugarren xedapen gehigarrian aurreikusita dagoenaren arabera lege honetan xedatutakora egokitu arte.

2. Hala ere, haien araudi espezifikoaren aurka ez doan guztian:

a) Lege hau indarrean jartzerakoan dauden erakunde publikoek, legea indarrean jartzen den unetik, II. tituluko I. kapituluan ezarritako printzipioak aplikatuko dituzte, baita 85 eta 92.2 artikuluetan aurreikusitako kontrol-araubidea eta 87., 94., 96. eta 97. artikuluetan xedatuta dagoena ere, baldin eta eraldatzen, bat egiten, desegiten edo likidatzen badira lege hau indarrean jarri ondoren.

b) Lege hau indarrean jartzerakoan dauden estatuko merkataritza-sozietateek, partzuergoek, fundazioek eta nortasun juridikorik gabeko funtsek, legea indarrean jartzen denetik, hurrenez hurren II. tituluko V. kapituluan, VI. kapituluan, VII. kapituluan eta VIII. kapituluan aurreikusita dagoena aplikatuko dute.

Hirugarren xedapen iragankorra.

Estatuaren Administrazio Orokorrean arauak egiteko prozedurak.

Lege hau indarrean jartzerakoan Estatuaren Administrazio Orokorrean arauak egiteko izapidetzen ari diren prozedurak, zein unetan hasi ziren eta orduan indarrean zegoen araudian ezarrita dagoenaren arabera gauzatuko dira.

Laugarren xedapen iragankorra.

Azken xedapenetatik bederatzigarrenaren bidez egindako aldaketen araubide iragankorra.

Azken xedapenetatik bederatzigarrenean xedatuta dagoena aplikatuko zaie xedapen hori indarrean jarri ondoren hasten diren kontratazio-espedienteei.

Horretarako, kontratazio-espedientea hasita dagoela ulertuko da, baldin eta kontratua esleitzeko prozeduraren deialdia ordurako argitaratuta badago.

Prozedura negoziatuen kasuan, kontratuaren hasiera-unea zehazteko, baldintza-agiria onartutako data hartuko da kontuan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da lege honetan zehaztutakoaren aurka doan edo bertan jasotakoarekin bateraezina den edo kontraesanean dagoen maila bereko edo apalagoko xedapen oro, eta, bereziki, honako hauek:

a) Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 87. artikulua.

b) Apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Toki Araubidearen arloko indarreko legezko xedapenen testu bateginaren 110. artikulua.

c) Estatuaren Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamenduaren apirilaren 14ko 6/1997 Legea.

d) Fundazioen abenduaren 26ko 50/2002 Legearen 44., 45. eta 46. artikuluak.

e) Zerbitzu Publikoak hobetzeko estatu-agentzien uztailaren 18ko 28/2006 Legea.

f) Sektore publikoaren arrazionalizazioari eta administrazio-erreformarako beste neurri batzuei buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legearen 12., 13., 14. eta 15. artikuluak eta seigarren xedapen iragankorra.

g) Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea zati batean garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren 6.1.f) artikulua, hirugarren xedapen gehigarria, bigarren xedapen iragankorra eta laugarren xedapen iragankorra.

h) Toki Korporazioen Zerbitzu Erregelamendua onartzen duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretuaren 37., 38., 39. eta 40. artikuluak.

Laugarren xedapen gehigarrian aurreikusita dagoenaren arabera estatuko sektore publikoko agentziak egokitzeko epea amaitzen den arte, indarrean jarraituko du uztailaren 18ko 28/2006 Legeak.

Azken xedapenetatik lehena.

Ondare Nazionala arautzen duen ekainaren 16ko 23/1982 Legea aldatzea.

Ondare Nazionala arautzen duen ekainaren 16ko 23/1982 Legearen zortzigarren artikuluko bat zenbakiak idazkera hau izango du:

«Bat.

Ondare Nazionalaren Administrazio Kontseilua osatuko dute buruak, gerenteak eta gehienez hamahiru kontseilukidek; horiek guztiak prestigio handiko profesionalak izan beharko dute.

Burua eta gerentea Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo toki-erakundeetako A1 azpitaldean sailkatutako kidegoetako karrerako funtzionarioen artean izendatu beharko dira. Buruari eta gerenteari Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean ezarrita dagoena aplikatuko zaie.

Kontseilukideetako bik, gutxienez, prestigio handiko eta nazioarteko ospeko museo eta kultur-erakundeetakoak izan behar dute.

Era berean, kontseilukideetako bi, gutxienez, Ondare Nazionaleko ondasun higiezin historikoak dituzten udalerrietako alkateak izango dira.

Administrazio Kontseiluko burua, gerentea eta gainerako kideak errege-dekretu bidez izendatuko dira; aurretiaz, Ministro Kontseiluak eztabaidatu beharko du, Gobernuko presidenteak hala proposatuta.»

Azken xedapenetatik bigarrena.

Aurrekontu-, tributu- eta finantzaketa-gaietako premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 12/1995 Errege Lege Dekretua aldatzea.

Bat.

Seigarren xedapen gehigarriari hiru zenbakidun paragrafo berria erantsiko zaio, eta hala, hirutik seira bitarteko zenbakidun paragrafoek lautik zazpira bitarteko zenbakiak izango dituzte.

Honako idazkera hau izango du hirugarren paragrafoak:

«Hiru.

Kontseilu Nagusia.

1. Kreditu Ofizialeko Institutua Kontseilu Nagusiak eraenduko du. Kontseilu Nagusi horren ardurapean Institutuaren administrazio eta kudeaketaren zuzendaritza egongo da.

2. Kontseilu Nagusia eratuko dute entitateko buruak ) Kontseiluko burua ere izango da hori) eta hamar Kontseilukidek. Kontseilu Nagusiak idazkariaren laguntza izango du, eta bidezkoa bada, idazkariordearen laguntza.

Kontseilu Nagusiko kide guztiek beti Kreditu Ofizialeko Institutuaren intereserako jardungo dute, beren eginkizunak Kontseilu Nagusiko kide gisa betetzen dituztenean.

3. Kontseilu Nagusiko kideak izendatzea eta kargutik kentzea Ministro Kontseiluari dagokio, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hala proposatuta: Ministerio horrek kideak izendatu eta kargutik kenduko ditu, eta Kreditu Ofizialeko Institutuaren jarduera-esparruan prestigio handia eta lanbide-gaitasun handia dituzten pertsonak izango dira.

4. Hamar kontseilukidetatik lau independenteak izango dira.

Horretarako, independentea izango da sektore publikoaren zerbitzuko langile ez dena.

5. Kontseilukide independenteen agintaldiak hiru urte iraungo du, eta horren ostean behin bakarrik hautatu ahal izango dituzte berriz.

Erregelamendu bidez ezarriko dira kontseilukide horiek kargutik kentzeko arrazoiak, bai eta Kontseilu Nagusiko kideak eraenduko dituen araubide juridikoa ere.

6. Kontseilukide independenteetako bakoitzak bi boto edukiko ditu, soil-soilik Institutuaren negozioari dagozkion aktiboko eta pasiboko finantza-eragiketei buruzko erabakiak hartzeko.»

Bi.

Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Bosgarren xedapen iragankorra.

Indarreko eragiketa eta eskurantzak.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen azken xedapenetatik bigarrenaren bidez abenduaren 28ko 12/1995 Errege Lege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarria aldatu izanak ez dio eragingo gaur egun indarrean dauden Kreditu Ofizialeko Institutuaren eragiketen araubideari. Horregatik ez dago zertan aldatu sinatutako kontratu eta hitzarmenen baldintzak.

Horrez gain, mantendu egingo dira Kontseilu Nagusiak Kreditu Ofizialeko Institutuko beste agintaritza eta organo batzuei emandako eskurantza, botere eta ordezkaritzak, Kontseilu Nagusiak bidezkoa izanez gero halakoak berraztertzea erabakitzen duen arte.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen azken xedapenetatik bigarrena indarrean jartzerakoan Kreditu Ofizialeko Institutuko Kontseilu Nagusiko kide diren kontseilariek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute haien ordezkoak izendatzen diren arte.»

Azken xedapenetatik hirugarrena.

Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legea aldatzea.

Hona nola geratzen den idatzita Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legea:

Bat.

4. artikuluaren bigarren zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Sail bateko ministro titularrez gain, zorrorik gabeko ministroak egon ahalko dira. Gobernu-eginkizun jakin batzuen erantzukizuna esleituko zaie haiei.

Zorrorik gabeko ministroak badaude, errege-dekretu bidez zehaztuko dira haien eskumenen esparrua, administrazio-egitura eta haiei atxikita geratzen diren baliabide materialak eta giza baliabideak.»

Bi.

Aldatu egiten da 5. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«5. artikulua.

Ministro Kontseilua.

1. Ministro Kontseiluari, Gobernuaren kide anitzeko organo gisa, honako egiteko hauek dagozkio:

a) Lege-proiektuak onestea eta lege-proiektu horiek Diputatuen Kongresuari edo, bidezkoa bada, Senatuari bidal dakizkiela onartzea.

b) Estatuaren Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzea.

c) Errege lege-dekretuak eta legegintzako errege-dekretuak onartzea.

d) Nazioarteko tratatuak negozia eta sina daitezela eta behin-behinean aplika daitezela erabakitzea.

e) Nazioarteko tratatuak Gorte Nagusiei igortzea, Konstituzioaren 94. eta 96.2 artikuluetan aurreikusita dagoenaren arabera.

f) Alarma- eta salbuespen-egoerak deklaratzea eta Diputatuen Kongresuari proposatzea setio-egoera deklara dadila.

g) Zor publikoaren jaulkipena xedatzea edo kreditua hartzea, lege batek horretarako baimena eman badu.

h) Legeak garatzeko eta betearazteko erregelamenduak onartzea, Estatu Kontseiluak aldeko irizpena eman ondoren, eta bidezkoak diren gainerako erregelamenduzko xedapenak ere onartzea.

i) Ministerio-sailetako zuzendaritza-organoak sortu, aldatu eta deuseztatzea.

j) Estatuaren Administrazio Orokorreko organo guztientzat programa, plan eta gidalerro lotesleak egitea.

k) Konstituzioak, legeek eta beste xedapen guztiek esleitzen dizkieten beste eskurantza guztiak baliatzea.

2. Ministro Kontseiluaren bileretara Estatu idazkariak joan ahal dira, eta salbuespen gisa beste goi-kargudun batzuk ere bai, baldin eta deialdia jasotzen badute.

3. Ministro Kontseiluaren deliberazioak sekretupean egingo dira.»

Hiru.

6. artikuluaren bigarren zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Ordezko batzorde bat sortzeko errege-dekretuak honako hau zehaztu beharko du beti:

a) Gobernuko kideen artean batzordeko burua nor izango den.

b) Batzordea Gobernuko zein kidek eta, bidezkoa bada, zein Estatu-idazkarik osatuko duten.

c) Batzordeari zein eginkizun esleitzen zaizkion.

d) Batzordeko zein kide izango den idazkaria.

e) Funtzionamenduaren barne araubidea eta, bereziki, deialdien eta ordezkapenen araubidea.»

Lau.

7. artikuluaren bigarren zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Zein saili dagozkion eta sail horren titularraren zuzendaritzapean jarduten dute.

Gobernuko Presidentziari atxikita daudenean, presidentearen zuzendaritzapean jarduten dute.»

Bost.

8. artikulua honela geratu da idatzita:

«8. artikulua.

Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusia.

1. Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusia osatuko dute Estatu-idazkaritzen titularrek eta ministerio-sailetako idazkariordeek.

Halaber, bilerara joango dira Estatuko abokatu nagusia eta Estatu-idazkari eta Estatu-idazkariorde kargua duten goi-kargudunak, dena delako gaia dela-eta presidentearen deialdia jaso badute.

2. Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiko burua Gobernuko presidenteordea izango da, edo, bestela, Presidentetzako ministroa.

Batzordeko burua ez badago, ministerio-sailen lehentasun-hurrenkeraren arabera egokia den ministroa izango da burua.

Bileretara joateari aldi baterako uzten bazaio, hori ez da absentziatzat joko.

Kasu horretan, buruari dagozkion eginkizunak bertan dagoen eta lerrunean hurrengoa den agintariak hartuko ditu bere gain, ministerio-sailen lehentasun-hurrenkeraren arabera.

3. Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiko idazkaria Presidentziako idazkariordea izango da.

Idazkariaren postua hutsik badago, idazkaria bera falta bada edo gaixorik badago, Gobernu-idazkaritzako zuzendaria izango da idazkaria.

4. Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiaren deliberazioak sekretuak izango dira.

Batzordeak ezingo ditu inola ere erabakiak Gobernuak ordezkotza emanda hartu.

5. Honako hauek dira Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiaren eginkizunak:

a) Ministro Kontseiluari onarpena emateko aurkeztuko zaizkion gai guztiak aztertzea, bazter utzita izendapenak, kargu-uzteak, ofizial nagusien kategoriako enpleguetarako igoerak eta, salbuespenez eta premiazko arrazoiengatik, zuzenean Ministro Kontseiluari aurkeztu behar zaizkionak.

b) Ministro Kontseiluaren edo kontseilu horren ordezko batzordeen eskumenekoak izan gabe hainbat ministeriori eragiten dioten gaiak aztertu edo eztabaidatzea, baldin eta presidenteak Batzordeak aztertzeko aurkeztu baditu.»

Sei.

Aldatu egiten da 9. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«9. artikulua.

Gobernuaren Idazkaritza.

1. Gobernuaren Idazkaritzak, Ministro Kontseiluari, Gobernuaren ordezko batzordeei eta Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiari laguntzeko organoa den aldetik, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Ministro Kontseiluko idazkari den ministro-idazkariari laguntzea.

b) Lehenago azaldu diren kide anitzeko organoetako kideei deialdiak bidaltzea.

c) Gobernuaren Ordezko Batzordeen Idazkaritza Teknikoekin elkarlanean aritzea.

d) Bileretarako deialdiak, gai-zerrendak eta aktak artxiboan jarri eta jagotea.

e) Ekimen arau-emaileei aplikatu behar zaizkien arautze oneko printzipioak bete daitezela zaintzea eta Gobernuak onartutako xedapenen kalitate teknikoa hobetzen laguntzea.

f) Gobernuak emandako xedapen eta arauen artean Estatuko Aldizkari Ofizialean jarri behar direnak behar bezala eta fideltasunez argitara daitezela zaintzea.

2. Halaber, Gobernuaren Idazkaritzak, Presidentziaren ministroari laguntzeko organoa den aldetik, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gorte Nagusiek onartutako legeak Erregeak sendesteko eta aldarrikatzeko eta errege-dekretuak egiteko izapideak.

b) Gobernuko presidenteak berretsi behar dituen egintza eta xedapenak izapidetzea.

c) Ordenamendu juridikoaren arabera Gobernuko presidentearen eskumenen barruan sartzen diren egintza eta xedapenak izapidetzea.

3. Gobernuaren Idazkaritza Presidentziaren Ministerioaren egitura organikoaren barruan sartzen da, ministerio horren egiturari buruzko errege-dekretuan aurreikusten denez.

Gobernu-idazkaritzako zuzendaria Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiko idazkari-albokoa izango da.

4. Esleituta dituen eginkizunen arabera eta xedapen orokorrak egiteko arauen arabera, Gobernuaren Idazkaritzak Presidentziaren Ministerioari proposatuko dio Gobernuaren kide anitzeko organoetan hainbat gai nahiz artikulu honen bigarren zenbakian aurreikusitako gainerakoak izapidetzeko jarraibideak onar ditzala.

Jarraibide horietan beren-beregi aurreikusiko da proposamenak eta hartutako erabakiak bitarteko elektronikoak erabiliz dokumentatzeko modua. Bitarteko elektroniko horien bidez, esku hartu duten organoen nortasuna eta edukiaren frogagarritasuna ziurtatu beharko dira.»

Zazpi.

10. artikulua honela geratu da idatzita:

«10. Kabineteak.

1. Kabineteak Gobernuko presidenteari, presidenteordeari, ministroei eta Estatu-idazkariei laguntza politiko eta teknikoa emateko organoak dira.

Kabineteetako kideek konfiantzazko eta aholkularitza bereziko zereginak egiten dituzte, baina inola ere ezin dituzte egin legearen arabera Estatuaren Administrazio Orokorrari edo hari atxikitako erakundeei dagozkien egintza edo ebazpenak. Dena dela, administrazio-erabakiak hartzen dituzten kide anitzeko organoen bileretan egon ahal dira edo organo horietako kide izan.

Halaber, kabineteetako zuzendariek, zein unitate zuzentzen duten eta unitate horren burutzaren berezko administrazio-egintzak eman ahalko dituzte.

Bereziki, Kabineteek laguntza ematen diete Gobernuko kideei eta Estatu-idazkariei, haien lan politikoa egiteko, parlamentu arloko zereginak egiteko eta erakundeekin nahiz administrazio-antolakuntzarekin harremanetan jartzeko.

Gobernuko Presidentziaren Kabinetea Presidentearen errege-dekretu bidez arautuko da. Errege-dekretu horretan Kabinetearen hainbat alderdi zehaztuko dira, besteak beste egitura eta eginkizunak.

Gainerako kabineteak lege honetan xedatuta dagoenaren arabera arautuko dira.

2. Kabineteen zuzendariek erregelamendu bidez zehazten den maila organikoa izango dute.

Kabineteko gainerako kideek legeriaren arabera dagokien egoera eta administrazio-maila izango dituzte.

3. Kabineteetako kideen ordainsariak Ministro Kontseiluak zehazten ditu, horretarako ezarritako aurrekontu-esleipenen barruan, eta nolanahi ere, Estatuaren Administrazio Orokorraren ordainsariei egokituko zaizkie.»

Zortzi.

Aldatu egiten da 11. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«11. artikulua.

Kargua betetzeko baldintzak.

Gobernuko kide izateko beharrezkoa da espainiarra eta adinduna izatea, hautagai eta hautatzaile izateko eskubidea edukitzea, eta epai judizial irmo baten bidez kargu publikoa izateko ezintasun edo ezgaitasunik ez edukitzea, eta, horrez gain, Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean ezarritako gainerako egokitasun-eskakizunak betetzea.»

Bederatzi.

12. artikulua honela geratu da idatzita:

«12. artikulua.

Izendatzea eta kargua uztea.

1. Gobernuko Presidentea Konstituzioan aurreikusita dagoen bezala izendatuko da, bai eta kargutik kendu ere.

2. Presidenteordeak eta ministroak Erregeak izendatuko ditu, baita kargutik kendu ere, Gobernuko Presidenteak hala proposatuta.

Presidenteorde edo ministro izendatzen duten horrek ordura arte betetzen zuen postua utzi beharko du, salbu eta, presidenteordeen kasuan, sailaren titulartasunari eusten dion ministro bat presidenteorde izendatzen bada.

Aurreko kargutik kentzea Ministro Kontseiluaren zeregina denean, horren berri emango da titular berria izendatzean.

Zorrorik gabeko ministroak haien kargutik kentzeaz batera organo horiek azkendu egingo dira.

3. Gobernuko presidenteordeak kargutik kentzeaz batera, organo horiek azkendu egingo dira, salbu eta aldi berean beste presidenteorde bat izendatzen bada kargutik kendutakoa ordezteko.

4. Errege-dekretu bidez arautuko da Gobernuko presidenteei, kargutik kendu eta gero, aplikatu beharko zaien estatutua.»

Hamar.

13. artikulua honela geratu da idatzita:

«13. artikulua.

Ordezkotza.

1. Gobernuko Presidentearen lanpostua hutsik badago, edo Presidentea bera falta bada nahiz gaixorik badago, Gobernuko Presidentearen eginkizunak presidenteordeek hartuko dituzte beren gain, dagokien lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta presidenteorderik ez badago, ministroek, sailen lehentasun-hurrenkeraren arabera.

2. Ministroen ordezkotza, beren eskumeneko gaiak esleitzeko, Gobernuko Presidentearen errege-dekretu bidez zehaztuko da, eta beti ordezkotza hori Gobernuko beste kide bati esleitu beharko zaio.

Errege-dekretuan, beste hainbat gairen artean, ordezkotzaren arrazoia eta izaera azalduko dira.

3. Kide anitzeko organo baten bileretara joateari aldi baterako uzten bazaio, hori ez da absentziatzat joko.

Kasu horietan, egoera horretan gobernuko kideari egokitu ahal zaizkion eginkizunak bertan dagoen eta lerrunean hurrengoa den agintariak hartuko ditu bere gain.»

Hamaika.

20. artikulua honela geratu da idatzita:

«20. artikulua.

Eskumenak eskuordetzan ematea edo goragokoak eskumena bereganatzea.

1. Eskumen propioak eskuordetzan emateko gai dira:

a) Gobernuko Presidentea, presidenteordearen edo presidenteordeen eta ministroen alde.

b) Ministroak, Estatu-idazkarien eta haien mendeko idazkariordeen alde, Gobernuak autonomia-erkidegoetan dituen ordezkarien alde eta ministerioko gainerako zuzendaritza-organoen alde.

2. Halaber, Gobernuko Presidenteak hala proposatuta, eskuordetzan eman ahal dira Ministro Kontseiluak Gobernuaren ordezko batzordeetan dituen administrazio-eginkizunak.

3. Eskumen hauek ezin dira inola ere eskuordetzan eman:

a) Konstituzioak zuzenean esleitutakoak.

b) Goi-kargudunak izendatzeari eta kargutik kentzeari dagokionez Ministro Kontseiluari esleitzen zaizkionak.

c) Gobernuaren kide anitzeko organoei esleitutakoak, artikulu honen 2. zenbakian aurreikusitako salbuespenarekin.

d) Eskuordetzan ematea beren-beregi debekatzen duen lege batek esleitutakoak.

4. Ministro Kontseiluak bere buruari esleitu ahalko dio, Gobernuko Presidenteak hala proposatuta, Gobernuaren ordezko batzordeek erabaki behar duten gai batez arduratzeko eskumena.

Goragokoak eskumena bereganatzeko, beren-beregi egindako erabakia hartuko da, eta horren berri emango da goragokoak eskumena bereganatzean hartzen den erabakian.

Eskumenak bereganatzeko erabakiari ezin zaio errekurtsorik jarri; dena den, aurka egin ahalko zaio hartutako erabakiari jarritako errekurtsoan, jartzen bada.»

Hamabi.

V. titulua honela idatzita geratuko da:

«V. TITULUA

Gobernuaren legegintza-ekimena eta erregelamendu-ahala

22. artikulua.

Gobernuaren legegintza-ekimena eta erregelamendu-ahala baliatzea.

Gobernuak erregelamenduak egiteko ekimena eta ahala baliatuko ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen VI. tituluan eta titulu honetan ezarritako printzipio eta erregelen arabera.

23. artikulua.

Indarrean jartzeko xedapenak.

Kode Zibilaren 2.1 artikuluan ezarrita dagoenari kalterik egin gabe, Gobernuak edo Gobernuko kideek onartu edo proposatu behar dituzten lege edo erregelamenduak indarrean jartzeko xedapenak, hain zuzen ere ekonomia- edo lanbide-jarduera bat egiten duten pertsona fisiko edo juridikoei betebehar berriak ezartzen dizkietenak, onartu eta hurrengo urtarrilaren 2an edo uztailaren 1ean indarrean jarriko direla aurreikusiko da.

Artikulu honetan aurreikusita dagoena ez zaie aplikatuko errege lege-dekretuei, ezta Europako zuzentarauen transposiziorako epea betetzeagatik edo justifikatutako beste arrazoi batzuengatik hori komenigarria ez den kasuetan. Bada, egitate hori behar bezala egiaztatuta geratu beharko da dagokion memorian.

24. artikulua.

Nazioko Gobernuaren eta bere kideen xedapen eta ebazpenen forma eta hierarkia.

1. Nazioko Gobernuaren eta bere kideen erabakiek forma hauek izango dituzte:

a) Legegintzako errege-dekretuak eta errege lege-dekretuak izango dira hurrenez hurren Konstituzioaren 82. eta 86. artikuluetan aurreikusitako arauak onartzen dituzten erabakiak.

b) Gobernuko Presidentearen errege-dekretuak izango dira Presidenteari esleitzen zaizkion xedapen eta egintzak.

c) Ministro Kontseiluan erabakitako errege-dekretuak izango dira Ministro Kontseilu horren eskumeneko erregelamendu-mailako arauak onartzen dituzten erabakiak eta forma juridiko hori hartu behar duten ebazpenak.

d) Ministro Kontseiluaren erabakiak izango dira kide anitzeko organo horren erabakiak, baldin eta errege-dekretuaren forma hartu behar ez badute.

e) Gobernuaren ordezko batzordeetan hartutako erabakiak izango dira kide anitzeko organo horien xedapen eta ebazpenak.

Erabaki horiek ministro eskudunaren edo Presidentziako ministroaren aginduaren forma izango dute, horretarako eskumena hainbat Ministrori badagokio.

f) Ministro-aginduak, ministroen xedapen eta ebazpenak.

Xedapen edo ebazpenak sail bat baino gehiago ukitzen baditu, Presidentziako ministroaren aginduaren forma izango du, eta interesa duten ministroek hala eskatuta emango da.

2. Erregelamenduak hierarkia honen arabera antolatuko dira:

1.a) Gobernuko Lehendakariaren errege-dekretu bidez onartutako edo Ministro Kontseiluan erabakitako xedapenak.

2.a) Ministro agindu bidez onartutako xedapenak.

25. artikulua.

Urteko Plan Arauemailea.

1. Gobernuak urtero plan arauemailea onartuko du. Plan horrek legegintzako edo erregelamendugintzako ekimenak bilduko ditu, hurrengo urtean onartzeko aurkeztuko direnak.

2. Urteko Plan Arauemaileak, erregelamendu bidez ezartzen diren irizpideen arabera, arau batzuk identifikatuko ditu. Arau horiek aztertu beharko dira, aplikatzearen emaitzei dagokienez, funtsean kontuan hartuta administrazioarentzat edo hartzaileentzat dakarren kostua eta hartzaileei ezarritako administrazio-kargak.

3. Artikulu honetan aipatu den Urteko Plan Arauemailean agertzen ez den arau-proposamen bat igortzen bazaio organo eskudunari, onar dezan, hala egin dela justifikatu beharko da arau-eraginaren azterketari buruzko memorian.

4. Urteko Plan Arauemailea Presidentziako Ministerioak koordinatuko du, izapidetzen diren ekimenak kongruenteak direla ziurtatzeko, eta denbora laburrean jarduerako sektore edo arlo jakin bati aplikatu beharreko lege-araubidea gerora hainbat aldiz aldatzea eragozteko.

Presidentziako ministroak plana Ministro Kontseiluari igorriko dio, onar dezan, apirilaren 30a baino lehen.

Presidentziako ministroak aginduta, arau-ekimenari buruz igorri beharreko informazioa bilduko duten ereduak onetsiko dira, planean sartzeko.

26. artikulua.

Lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozedura.

Lege-aurreproiektuak, legegintzako errege-dekretuen proiektuak eta erregelamendu-mailako arauak egiteko, prozedura honi jarraituko zaio:

1. Idatzi baino lehen, araua zuzena eta legezkoa dela bermatzeko komenigarritzat jotzen diren azterlan eta kontsulta guztiak egingo dira.

2. Sail eskudunaren web atariaren bidez kontsulta publikoa egingo da, testua egin aurretik. Kontsula horretan, etorkizuneko arauak ustez ukitu ahal dituen subjektuei eta erakunderik adierazgarrienei iritzia eskatuko zaie honako hauei buruz:

a) Arau berriarekin konpondu nahi diren arazoak.

b) Araua edo erregelamendua onartzearen egokitasuna eta bidezkotasuna.

c) Arauaren helburuak.

d) Araudi arloko eta araudiz bestelako konponbideak.

Zenbaki honetan aurreikusitako kontsulta publikoko izapidea egiteari uko egin ahalko zaio Estatuaren Administrazio Orokorraren edo harekin lotutako edo haren mendeko erakundeen aurrekontu- edo antolakuntza-arauak badira, hori justifikatzen duten interes publikoko arrazoiak badaude edo arau-proposamenak ekonomia-jardueran eragin nabarmenik ez badu, hartzaileei betebehar nabarmenik ezartzen ez badie edo arlo baten alderdi partzial batzuk arautzen baditu.

Kontsulta-izapideari uko egin ahalko zaio, halaber, arau-ekimenak premiaz izapidetzen badira, 27.2 artikuluan ezartzen denez.

Arrazoi horietako bat edo batzuk batera gertatzen badira, behar bezala arrazoituta, hori justifikatu beharko da arau-eraginaren azterketari buruzko memorian.

Kontsulta publikoa egitean, ahal dela, arauaren hartzaile izan daitezkeenek aukera izango dute beren iritzia emateko; horretarako, behar beste denbora eman beharko da, eta beti gutxienez hamabost egun natural.

3. Zuzendaritza-zentro eskudunak nahitaez arau-eraginaren azterketari buruzko memoria egin beharko du. Memoria horrek honako atal hauek jaso beharko ditu:

a) Proposamenaren egokitasuna eta aztertutako araugintza-alternatibak. Horren barruan, justifikatu beharko da arau berria beharrezkoagoa dela arau bat bera ere ez onartzea baino.

b) Eduki eta azterketa juridikoa, Estatuko nahiz Europar Batasuneko Zuzenbidea aipatuta. Horren barruan jasoko da araua indarrean jartzearen ondorioz indargabetuta geratuko diren arauen zerrenda xehea.

c) Proposatutako araua eskumenak banatzeko ordenara egokitzeari buruzko azterketa.

d) Ekonomian eta aurrekontuan duen eragina. Hor ebaluatuko dira araua aplikatzeak eraginpean dauden sektore, talde edo eragileen gainean izango dituen ondorioak, baita lehian, merkatu-batasunean eta lehiakortasunean izango dituen ondorioak ere, eta arlo horietan une bakoitzean indarrean dagoen legeriarekin bat datorren.

Azterketa horren barruan, ETE testa egingo da, Europako Batzordearen jardunbidearen arabera.

e) Halaber, proposamenak berekin dakartzan administrazio-kargak identifikatuko dira, proposamena betetzeak administrazioari eta kargak jasateko betebeharra dutenei ekarriko dien kostua zenbatetsiko da, enpresa txiki eta ertainen gaineko eraginari arreta berezia jarrita.

f) Generoaren arloko eragina. Hor aztertu eta baloratuko da araua onartzeak zein emaitza izan ditzakeen, desberdintasunak desagerraraztearen eta gizonen eta emakumeen arteko aukera- eta tratu-berdintasuneko helburuak lortzen laguntzearen ikuspegitik, kontuan hartuta abiapuntuko egoeraren adierazleak, emaitzen aurreikuspena eta eraginaren aurreikuspena.

g) 2. zenbakian araututako kontsulta publikoko izapidean jasotako ekarpen nagusien laburpena.

Arau-eraginaren azterketari buruzko memorian, organo proposamengilearen ustez garrantzitsuak izan ahal diren beste alderdi guztiak jasoko dira.

4. Arau-xedapena lege-aurreproiektua edo legegintzako errege-dekretua bada, aurreko izapideak betetakoan, proposamena egin duten sailen titularrak edo titularrek Ministro Kontseiluari igorriko diote, Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiari aurkeztu ondoren; hala, Ministro Kontseiluak erabakia hartuko du aurrerantzean egin beharreko izapideei eta, bereziki, komenigarriak diren kontsulta, irizpen eta txostenei buruz, bai eta halakoak egiteko baldintzei buruz, hargatik eragotzi gabe legearen arabera nahitaezkoa dena.

Premiazko arrazoiengatik komenigarria bada, eta nahitaezko izapideak bete badira, Ministro Kontseiluak lege-aurreproiektua edo legegintzako errege-dekretua onartzea erabaki ahalko du, eta baita, bidezkoa bada, Diputatuen Kongresuari edo Senatuari ) egokia denari) bidaltzea ere.

5. Araua egiteko prozeduran, zuzendaritza-zentro eskudunak nahitaezko txosten eta irizpenak eskatuko ditu, eta horiez gain, testua zuzena eta legezkoa dela bermatzeko komenigarriak diren azterlan eta kontsultak.

Arau bidez beste zerbait ezartzen ez bada, nahitaezko txostenak hamar eguneko epean igorriko dira, edo hilabeteko epean txostena beste administrazio bati edo independentzia edo autonomia bereziak dituen erakunde bati eskatzen bazaio.

Zuzendaritza-zentro eskudunak eskatutako txosten, azterlan eta kontsultak premiaz igortzeko eskatu ahalko du, arrazoiak emanda. Txosten, azterlan eta kontsulta horiek gehienez aurreko paragrafoan adierazitako epearen erdian igorri behar dira.

Nolanahi ere, lege-aurreproiektuei, legegintzako errege-dekretuen proiektuei eta erregelamendu-xedapenen proiektuei buruz, proposamena egin duen ministerioko edo proposamena egin duten ministerioetako Idazkaritza Nagusi Teknikoak txostena egin beharko du.

Halaber, arau-proposamenak Estatuaren Administrazio Orokorraren administrazio-antolakuntza, bere langileria-araubidea, prozedurak eta zerbitzuen ikuskapena ukitzen baditu, aurretiaz Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren onarpena eskatu beharko da, organo eskudunari aldarrika ditzan aurkeztu aurretik.

Ministerio horrek onartzeko eskaria jaso eta 15 egun igarotakoan eragozpenik adierazi ez bada, onartu dela ulertuko da.

Gainera, arauak Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean eskumenak banatzeko modua ukitu ahal badu, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren aurretiazko txostena beharko da.

6. Ekimenaren testua idatzi aurretik egin beharreko kontsultari kalterik egin gabe, arauak pertsonen eskubide eta interes legitimoak ukitzen baditu, zuzendaritza-zentro eskudunak testua dagokion web atarian argitaratuko du, eragindako herritarrei entzunaldia emateko eta beste pertsona edo entitate batzuek egin ditzaketen ekarpen gehigarri guztiak jasotzeko.

Halaber, zuzenean eskatu ahalko da legeak aintzatesten dituen erakunde edo elkarteen iritzia, erakunde edo elkarte horiek arauak ukitutako eskubide edo interes legitimoak dituzten pertsonak biltzen edo ordezkatzen badituzte, eta erakunde edo elkarte horien xedeek arauaren xedearekin zuzeneko harremana badute.

Entzunaldi eta informazio publikoko izapide horren gutxieneko epea 15 lanegun izango da, eta gutxienez zazpi lanegunera laburtu ahalko da behar bezala arrazoitutako arrazoiengatik hala justifikatuta badago, bai eta arau-ekimenen premiazko izapideak aplikatzen badira, 27.2 artikuluan ezarrita dagoenez.

Horren berri eman beharko da arau-eraginaren azterketari buruzko memorian.

Entzunaldi eta informazio publikoko izapidea egin gabe utzi ahalko da soilik interes publikoko arrazoi larriak badira, baina hori justifikatu egin beharko da arau-eraginaren azterketari buruzko memorian.

Halaber, ez zaie aplikatuko aurrekontu-xedapenei, ezta Gobernuko organo, kargu eta agintaritzak arautzen dituzten xedapenei edo organo, kargu eta agintaritza horien mendeko nahiz haiekin lotutako erakundeak arautzen dituzten xedapenei.

7. Nahitaezkoa bada edo komenigarritzat jotzen bada, Estatuko Kontseiluari edo organo aholku-emaile baliokide bati irizpena eskatuko zaio.

8. Aurreko izapide horiek betetakoan, proposamena Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiari aurkeztuko zaio eta Ministro Kontseiluari igorriko, onar dezan; lege-proiektuen kasuan, berriz, Diputatuen Kongresuari edo, bidezkoa bada, Senatuari igorriko zaio, eta horrekin batera joango dira zioen azalpena eta arau-testuak egiteko agiriak, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen b) eta d) letretan azaltzen den moduan.

9. Presidentziako Ministerioak, Gobernuaren araugintza-jardueraren koordinazioa eta kalitatea ziurtatzeko, alderdi hauek aztertuko ditu:

a) Kalitate teknikoa eta arau-proposamenaren maila.

b) Ekimena kongruentea den ala ez Estatuko nahiz Europar Batasuneko gainerako ordenamendu juridikoarekin, ministerio batzuetan eta besteetan egiten ari diren beste batzuekin edo, Urteko Plan Arauemailearen arabera, etorkizunean egingo direnekin, bai eta Gorte Nagusietan izapidetzen ari direnekin.

c) Beste arau batzuk beren-beregi indargabetu behar diren eta esparru berean dauden beste arau batzuekin bat egin behar den testu berri batean.

d) Arau-eraginaren azterketari buruzko memoriaren nahitaezko edukia, eta, bereziki, arauaren aplikazioa gerora ebaluatzeko sistema bat txertatzea, hori beharrezkoa bada.

e) Titulu honetan ezarritako printzipio eta erregelak betetzen direla.

f) Ekimenak Estatuaren Administrazio Orokorrerako xedapen edo erabaki orokorretan onartu diren administrazio-kargen murriztapenetarako edo arauketa onerako proiektuak betetzen dituen edo haiekin kongruentea den.

g) Arau-ekimena transposizio bidez barne zuzenbidean sartzen den Europar Batasuneko arau baten edukiaz harago joan den ala ez.

Erregelamendu bidez zehaztuko da eginkizun hori egiteaz arduratu behar duen organoaren osaera, bai eta prozeduran esku hartzeko modua ere.

10. Arau-eraginaren azterketari buruzko memoria, izapidetzeko eskatutako txosten eta irizpenak, egindako azterlan eta kontsulta guztiak eta egindako beste jarduketa guztiak administrazio-espedientean gordeko dira, formatu elektronikoan.

11. Artikulu honetan eta hurrengoan xedatuta dagoena ez da aplikatuko lege-dekretuak izapidetu eta onartzeari dagokionez, salbu eta 3. zenbakian aurreikusitako memoria egitea, laburtuta, eta 1, 8, 9 eta 10. zenbakietan ezarrita dagoena.

27. artikulua.

Estatuaren Administrazio Orokorraren esparruan arau-ekimenak premiaz izapidetzea.

1. Ministro Kontseiluak, arau-ekimena zein saili dagokion eta horren titularrak hala proposatuta lege-aurreproiektuak, legegintzako errege-dekretuak eta errege-dekretuak egiteko eta onartzeko prozedura premiaz izapidetzea erabaki ahalko du, honako kasu hauetako batean:

a) Europar Batasuneko zuzentarauen transposiziorako eskatutako epean edo Europar Batasuneko Zuzenbideko beste lege edo arau batzuetan ezarritako epean araua indarrean jartzeko beharrezkoa bada.

b) Aurretiaz aurreikusi ezin izan diren eta araua premiaz onartzea eskatzen duten aparteko inguruabarrak gertatzen badira.

Proiektuarekin batera doan arau-eraginaren azterketari buruzko memorian aipatu beharko da premiaz izapidetzeko erabakia dagoela, eta horretarako oinarri diren beste inguruabar batzuk ere bai.

2. Premiaz izapidetzeak zera esan nahi du:

a) Arau honetan edo beste arau batean araua egiteko prozeduraren izapidean egiteko aurreikusitako epeak erdira laburtuko dira.

Irizpena eman behar duten organo aholku-emaileen araudia aplikatuz halakoak eskatzeko erabaki bat beharrezkoa bada, erabakia organo eskudunak hartuko du; eta erabakia Ministro Kontseiluak hartu badu, artikulu honen 1. zenbakian aurreikusitako erabakian bilduko da.

b) Ez da beharrezkoa izango 26.2 artikuluan aurreikusitako kontsulta publikoko izapidea. Dena dela, testuari buruz 26.6 artikuluan aipatzen diren entzunaldi publikoko edo informazio publikoko izapideak egingo dira, eta horiek egiteko epea zazpi egun izango da.

c) Epe barruan nahitaezko irizpen edo txostenik egiten ez bada ere, prozedurak aurrera jarraituko du; hala ere, halakoak jasotzen direnean, prozeduran sartuko dira eta kontuan hartuko dira.

28. artikulua.

Urteko ebaluazio-txostena.

1. Ministro Kontseiluak, Presidentziako Ministerioak hala proposatuta, urte bakoitzeko apirilaren 30a baino lehen urteko txostena onartuko du. Txosten horretan azalduko da noraino bete den aurreko urteko Urteko Plan Arauemailea. Halaber, agertuko dira plan horretan hasieran aurreikusita egon gabe garatu diren ekimenak, bai eta aurreko ebaluazio-txostenen barruan zeuden urte anitzeko helburudun ekimenak, horien eraginen zati bat gutxienez ebaluatu beharreko urtean sortu bada.

2. Txostenean sartuko dira 25.2 artikuluan aipatutako arauen aplikazioaren azterketatik ateratako ondorioen artetik, memorian aurreikusita dagoenaren arabera, aurreko ekitaldian ebaluatu behar izan direnak.

Ebaluazioa arau-eraginaren azterketari buruzko memorian aurreikusitako baldintza eta epeen arabera egingo da, eta beti honako hauek jaso beharko dira:

a) Arauaren eraginkortasuna, hau da, araua aplikatuz lortu nahi ziren xedeak zein neurritaraino lortu diren.

b) Arauaren efizientzia: agian beharrezkoak izan ez ziren administrazio-kargak identifikatzea.

c) Xedapenaren iraunkortasuna.

Txostenean, ebaluatutako arauak aldatzeko eta, bidezkoa bada, indargabetzeko gomendio espezifikoak bildu ahalko dira, azterketaren emaitza kontuan hartuta hori komenigarria bada.»

Hamahiru.

VI. titulua gehitzen da. Titulu horren barruan gaur egungo 26. artikulua sartu da, baina 29. artikulu gisa. Bada, artikulu hori honela geratuko da idatzita:

«VI. TITULUA

Gobernua kontrolatzea

29. artikulua.

Gobernuaren egintzak kontrolatzea.

1. Gobernua Konstituzioaren eta gainerako ordenamendu juridikoaren mende dago bere jardueran.

2. Gobernuaren egintza eta ez-egite guztiak Gorte Nagusien kontrol politikoaren mende daude.

3. Gobernuan eta lege honetan araututako organo eta agintarien egitate-bidea diren egintzak, jarduerarik eza eta jarduketa materialak aurkaratzeko modukoak dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, halakoak arautzen dituen legean xedatuta dagoenaren arabera.

4. Gobernuaren jarduketa Konstituzio Auzitegian aurkaratzeko modukoa da Konstituzio Auzitegia arautzen duen Lege Organikoan ezarrita dagoenaren arabera.»

Azken xedapenetatik laugarrena.

Fundazioen abenduaren 26ko 50/2002 Legea aldatzea.

Fundazioen abenduaren 26ko 50/2002 Legearen 34. artikuluko 2. zenbakia aldatu egin da eta honela geratzen da idatzita:

«2. Estatuaren eskumeneko fundazioei dagokienez, babesletza-eginkizunak Estatuaren Administrazio Orokorrak egingo ditu administrazio-organo bakar baten bitartez, erregelamendu bidez zehazten den moduan.»

Azken xedapenetatik bosgarrena.

Konkurtsoaren uztailaren 9ko 22/2003 Legea aldatzea.

Konkurtsoaren uztailaren 9ko 22/2003 Legea honela aldatzen da:

Bat.

3. artikuluko 1. zenbakiak honako idazkera hau izango du:

«1. Hauek daude legitimaturik konkurtso-deklarazioa eskatzeko: zorduna, horren edozein hartzekodun, eta konkurtsoko bitartekaria, baldin eta lege honen X. tituluan araututako prozedura bada.

Zorduna pertsona juridikoa izanez gero, administrazio- edo likidazio-organoari dagokio eskariaren gaineko erabakia hartzea.»

Bi.

34 ter artikulua honela idatzita geratuko da:

«34 ter artikulua.

Arantzel-bermerako kontuaren araubidea.

1. Justizia Ministerioak arantzel-bermerako kontua kudeatuko du erregelamenduz zehazten den moduan, dela zuzenean, dela hirugarrenen bitartez.

2. Kontua kudeatzeko eta diru-sarrerak eta zordunketak kontrolatzeko, Justizia Ministerioak zehazten duen aplikazio informatikoa erabiliko da.

Aplikazioak kontrol-, segurtasun- eta gainbegiratze-tresna egokiak edukiko ditu, eta datuen egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna bermatu beharko ditu; halaber, aukera eman beharko du transferitzeko agindu telematikoak eta ordainketa-mandamenduak emanez funtsak erabiltzeko, eta kontuetako mugimenduen eta saldoen gaineko informazioa ere eman beharko du.

3. Bitarteko informatiko egokirik ez badago edo gerora teknikoki ezinezko bihurtuz gero, ordainketa-mandamenduak edo transferentzia-aginduak eskuz emateko aukera ere egongo da, inprimaki normalizatuak erabiliz.

4. Arantzel-bermerako kontuaren bidez, konkurtsoko administratzaileei dagozkien ekarpenak kontrolatu ahalko dira.

Kontuak ematerakoan konkurtsoko administratzaileak nahitaez egin behar dituen konturako diru-sarrerak ez baditu egin, idazkari judizialak 10 eguneko epean hori egin dezala eskatuko dio.

Epe hori igarotakoan betebehar hori bete ez badu, Konkurtsoen Erregistro Publikoko laugarren atalean baja emango zaio, ordaindu arte.»

Hiru.

Konkurtsoaren Legearen 34 quater artikuluko 2. zenbakia honela idatzita gelditu da:

«2. Kontuak emateko txostena aurkeztu aurretik, aurreko zenbakian ezarritako nahitaezko ekarpenak sartu beharko ditu konkurtsoko administrazioak arantzel-bermerako kontuan, betiere jasotako zenbatekoen gainean kalkulaturik.

Aldi berean, konkurtsoko administrazioak edo konkurtsoko administratzaile bakoitzak sartutako zenbatekoaren berri eman beharko dio konkurtsoa izapidetzen ari diren epaitegiko idazkari judizialari.»

Lau.

Hona nola geratzen den idatzita 90. artikuluko 1. zenbakiko 6. puntua:

«6.) Agiri publikoan eratutako bahiarekin bermatu diren kredituak, hartzekodunaren zein hirugarren baten edukitzapean dauden ondasun nahiz eskubide pignoratuei dagozkienak.

Kredituen bahia izanez gero, nahiko izango da hori agertzea data sinesgarria duen agirian, pribilegioa izateko kreditu pignoratuen gain.

Etorkizuneko kredituen gainean eratutako bahiarekin bermatu diren kredituek pribilegio berezia izango dute soilik konkurtso-adierazpena egin aurretik honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Etorkizuneko kredituak adierazpen hori egin aurretik egindako kontratuetatik edo eratutako harreman juridikoetatik sortzea.

b) Bahia agiri publiko batean eratuta egotea edo, edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahia egonez gero, erregistro publiko eskudunean inskribatuta egotea.

c) Obrak emateko edo zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuak desegitearen ondorioz sortutako kredituen kasuan, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartutako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 261.3. artikuluan xedatutakoa betetzea.»

Azken xedapenetatik seigarrena.

Administrazio Publikoen Ondarearen azaroaren 3ko 33/2003 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Administrazio Publikoen Ondarearen azaroaren 3ko 33/2003 Legea eta honela geratzen da idatzita:

Bat.

Hona nola geratzen den idatzita 166. artikuluaren 1. zenbakia:

«1. Titulu honetako xedapenak honako entitate hauei aplikatuko zaizkie:

a) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen II. tituluko III. kapituluko 3. atalean azaltzen diren enpresa-entitate publikoak.

b) Estatuaren Administrazio Orokorrari edo haren erakunde publikoei lotutako zuzenbide publikoko entitateak, horien diru-sarreren % 50 gutxienez merkatuan egindako eragiketetatik badator.

c) Estatuko merkataritza-sozietateak, hau da, estatuak kontrolatzen dituenak:

1.a) Beren sozietate-kapitalean Estatuaren Administrazio Orokorrak edo, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 84. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera estatuko sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateetako batzuek ) estatuko merkataritza-sozietateak barnean direla) duten zuzeneko partaidetza % 50etik gorakoa delako.

Ehuneko hori zehazteko, Estatuaren Administrazio Orokorrari eta estatuko sektore publiko instituzionala osatzen duten entitate guztiei dagozkien partaidetzak batuko dira, sozietate-kapitalean haietariko batzuek parte hartzen badute.

2.a) Merkataritza-sozietatea Balore Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako kasuan dagoelako, Estatuaren Administrazio Orokorrari edo harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoei dagokienez.»

Bi.

167. artikuluaren bigarren zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Aurreko artikuluko 1. zenbakiko c) letran aipatzen diren entitateek beren ondarea zuzenbide pribatuaren arabera kudeatuko dute. Hala ere, lege honetan beren-beregi aplikatu behar zaizkien xedapenak kontuan hartuko dira.»

Azken xedapenetatik zazpigarrena.

Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aldatzea.

Aldaketa hauek egiten dira Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean:

Bat.

Aldatu egin da 10. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«10. artikulua.

Diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak.

1. Estatuaren Administrazio Orokorrean ministroak eta estatu-idazkariak eta Estatuaren Administrazio Orokorrarekin lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitate publikoen presidente edo zuzendariak, beren jarduera edozein araubide juridikoren mendean dagoela ere, zein bere esparruan diru-laguntzak emateko organo eskudunak dira, horretarako aurrekontu-esleipenik badago.

2. Aurreko zenbakian xedatuta dagoena gorabehera, 12 milioi eurotik gorako diru-laguntzak ematea onartzeko, Ministro Kontseiluaren erabakia beharko da, edo, diru-laguntza arautzen duen araudiak hala ezartzen badu, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen erabakia.

Norgehiagoka araubidearen arabera emandako diru-laguntzen kasuan, aipatutako muga hori gainditzen duen deialdia onartu baino lehen lortu beharko da aurreko paragrafoan azaldu den Ministro Kontseiluaren baimena.

Aurreko paragrafoan azaldutako baimena emateak ez dakar gastua onartzea; hori, betiere, organo eskudunak egin behar du.

3. Diru-laguntzak emateko ahalmenak, artikulu honetan aipatzen direnak, deskontzentratu egin daitezke, Ministro Kontseiluan onartutako errege-dekretuz.

4. Toki-korporazioetan diru-laguntzak emateko eskumena toki-araubidearen legerian eginkizun horiek esleituta dituzten organoek edukiko dute.»

Bi.

Aldatu egiten da hamaseigarren xedapen gehigarriaren 1. zenbakia, eta honela geratuko da:

«1. Sektore publikoko fundazioek diru-laguntzak eman ahalko dituzte soil-soilik fundazioa horretarako baimenduta badago, fundazioa zein ministeriori atxikita dagoen eta ministerio horren, edo administrazioko organo baliokide baten erabaki bidez; dena dela, 10.2 artikuluan xedatuta dagoena kontuan hartu beharko da.

Oinarri arautzaileak onartzea, emakida aurretiaz baimentzea, itzulketa eskatzetik eta zehapenak ezartzetik eratorritako eginkizunak, eta horiez gain kontrol-eginkizunak eta administrazio-ahalak baliatzea dakarten gainerakoak, dena delako diru-laguntza proportziorik handienean finantzatzen duten administrazio-organoek egingo dituzte; administrazio hori zein den jakiterik ez badago, eginkizun horiek fundazioaren babesletza-lana egiten duen administrazioko organoek beteko dituzte.»

Hiru.

Hirugarren xedapen iragankor berri bat sartzen da, eta honela dio:

«Hirugarren xedapen iragankorra.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen azken xedapenetatik zazpigarrenean jasotako Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren aldaketa indarrean jarri aurretik hasitako deialdiak eta emandako diru-laguntzak.

Norgehiagoka-araubidean emandako diru-laguntza publikoak, horien deialdia Diru-laguntzen Lege Orokorraren 10. artikuluaren aldaketa indarrean jarri aurretik onartu bada, aurreko araudiak eraenduko ditu.»

Lau.

Hogeita bosgarren xedapen gehigarri berri bat sartzen da, eta honela dio:

«Hogeita bosgarren xedapen gehigarria.

Iruzurraren aurkako koordinazioko Zerbitzu Nazionala, Europar Batasunaren finantza-interesak babesteko.

1. Iruzurraren aurkako koordinazioko Zerbitzu Nazionalak, zeina Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusian integratua baitago, Europar Batasunaren finantza-interesak iruzurraren aurka babestea helburu duten ekintzak koordinatuko ditu, eta honako hauek betearaziko ditu: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 325. artikulua eta Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak egindako ikerketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 883/2013 Erregelamenduaren 3.4 artikulua (EB, Euratom) .

2. Iruzurraren aurkako koordinazioko Zerbitzu Nazionalak:

a) Europar Batasunaren finantza-interesak babesteko beharrezkoak diren estrategia nazionalen sorrera eta abiarazpena zuzendu eta legegintza eta administrazio arloko aldaketak sustatu behar ditu.

b) Europar Batasunaren funtsak kudeatzeko sistema nazionaletan egon daitezkeen gabeziak identifikatu behar ditu.

c) Erakunde nazionalen eta Iruzurraren aurkako Europako Bulegoaren artean irregulartasunei eta iruzur-susmoei buruzko koordinaziorako eta informaziorako bideak ezarri behar ditu.

d) Iruzurraren aurkako prebentzio eta borrokarako prestakuntza sustatu behar ditu.

3. Iruzurraren aurkako koordinazioko Zerbitzu Nazionalak bere eskumenak independentzia osoz baliatuko ditu, eta bitarteko egokiak izan beharko ditu Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak ezarritako eduki eta errekerimenduak betetzeko.

4. Iruzurraren aurkako koordinazioko Zerbitzu Nazionalari aholku-batzorde batek lagunduko dio. Aholku-batzorde horren burua Estatuko Administrazioko kontu hartzaile nagusia izango da, eta kideak, berriz, Europar Batasunaren finantza-interesei dagokienez kudeaketan, kontrolean, prebentzioan eta iruzurraren aurkako borrokan eskumenak dituzten ministerioen, erakundeen eta gainerako instituzio nazionalen ordezkariak izango dira.

Aholku-batzorde horren osaera eta funtzionamendua errege-dekretu bidez zehaztuko dira.

5. Agintariek, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako organoen titularrek eta bulego publikoetako, erakundeetako eta beste ente publiko batzuetako buru edo zuzendariek eta, orokorrean, eginkizun publikoetan aritzen direnek edo beren lana entitate horietan egiten dutenek, behar bezalako elkarlan eta laguntza eman beharko diote Zerbitzuari.

Zerbitzuak Iruzurraren aurkako Europako Bulegoaren eskumen berberak izango ditu informazioa eskuratzeko, ikertzen ari diren egitateei dagokienez.

6. Zerbitzuak Iruzurraren aurkako Europako Bulegoarekin hitzarmenak egin ahalko ditu informazioa transmititzeko eta ikerketak egiteko.»

Azken xedapenetatik zortzigarrena.

Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorra aldatzea.

Aldatu egiten da Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorra, eta honela geratzen da idatzita:

Bat.

Aldatu egiten da 2. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«2. artikulua.

Estatuko sektore publikoa.

1. Lege honen ondoreetarako, honako hauek osatzen dute Estatuko sektore publikoa:

a) Estatuaren Administrazio Orokorra.

d) Estatuko sektore publiko instituzionala.

2. Estatuko sektore publiko instituzionalaren barnean honako entitate hauek daude:

a) Estatuaren Administrazio Orokorrari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoak. Erakunde publiko horiek honela sailkatzen dira:

1.a) Erakunde autonomoak.

2.a) Enpresa-erakunde publikoak.

b) Administrazio-agintaritza independenteak.

c) Estatuko merkataritza-sozietateak.

d) Estatuaren Administrazio Orokorrari atxikitako partzuergoak.

e) Estatuaren Administrazio Orokorrari atxikitako sektore publikoko fundazioak.

f) Nortasun juridikorik gabeko funtsak.

g) Transferitu gabeko unibertsitate publikoak.

h) Erakunde kudeatzaileak, zerbitzu erkideak eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateak, Gizarte-segurantzaren kudeaketan lagunduz betetzen duten funtzio publikoan, bai eta haien zentro mankomunatuak ere.

i) Estatuaren Administrazio Orokorrarekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

3. Estatuaren Aurrekontu Orokorretan zuzkidura bereizia duten organoak, nortasun juridikorik gabeak, Estatuaren Administrazio Orokorrean integratu gabeak, Estatuko sektore publikoaren barrukoak, beren ekonomia- eta finantza-araubidea lege honetan arautzen bada, hargatik eragotzi gabe halakoen sorrera, antolakuntza eta funtzionamenduko arauetan ezartzen diren berezitasunak kontuan izatea.

Hala ere, halakoen kontabilitate- eta kontrol-araubidea kasu guztietan arau horietan ezarrita dagoenaren mendean geratuko da, eta arlo horietan ezingo zaie aplikatu lege honetan ezarrita dagoena.

Aurreko hori hala izanik ere, lege hau ez zaie aplikatuko Gorte Nagusiei, haiek aurrekontuen arloan autonomia dutelako Konstituzioaren 72. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera; dena dela, Estatuaren Aurrekontu Orokorren Proiektua egiteko beharrezkoa den koordinazioa mantenduko da.»

Bi.

Aldatu egiten da 3. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«3. artikulua.

Administrazio-, enpresa- eta fundazio-sektore publikoa.

Lege honen ondorioetarako, estatuko sektore publikoa honela banatuta dago:

1. Administrazio-sektore publikoa, honakoak barnean hartzen dituena:

a) Estatuaren Administrazio Orokorra, erakunde autonomoak, administrazio-agintari independenteak, transferitu gabeko unibertsitate publikoak eta erakunde kudeatzaileak, zerbitzu erkideak eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateak, bai eta horien zentro mankomunatuak ere, eta aurreko artikuluko 3. zenbakiko entitateak.

b) Estatuaren Administrazio Orokorrarekin lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitateak, partzuergoak eta nortasun juridikorik gabeko funtsak, honako ezaugarriren bat badute:

1.a) Jarduera nagusia ez izatea merkatu-legearen arabera kontsumo indibidual edo kolektiborako ondasunak eta zerbitzuak ekoiztea; edo, bestela, errenta eta aberastasun nazionala birbanatzeko eragiketak egitea, betiere irabazteko asmorik gabe.

2.a) Finantzaketa gehienbat merkataritzako diru-sarreretatik ez jasotzea; lege honi dagokionez, merkataritzako diru-sarrerak izango dira ondasun-emate eta zerbitzugintzen ordain gisa jasotako diru-sarrerak, edozein izaeratakoak direla ere.

2. Enpresa-sektore publikoa, honakoek osatzen dutena:

a) Enpresa-entitate publikoek.

b) Estatuko merkataritza-sozietateek.

c) Estatuaren Administrazio Orokorrarekin lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitateek, partzuergoek eta nortasun juridikorik gabeko funtsek, administrazio-sektore publikoaren barruan ez daudenek.

3. Fundazio-sektore publikoa, estatuko sektore publikoko fundazioek osatzen dutena.»

Azken xedapenetatik bederatzigarrena.

Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuta) aldatzea.

Aldatu egiten da Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, eta honela geratzen da idatzita:

Bat.

Hona hemen nola geratzen den idatzita 60. artikulua:

«60. artikulua.

Kontratatzeko debekuak.

1. 61 bis artikuluan ezarritako ondorioekin, lege honen 3. artikuluan aurreikusitako entitateekin ezingo dute kontratatu honako inguruabar hauetako batean dauden pertsonek:

a) Epai irmo bidez kondena jaso dutenek, honako delitu hauengatik: terrorismoa, antolakunde edo talde kriminal bat eratu edo integratzea, elkartze ez-zilegia, alderdi politikoen legez kanpoko finantzaketa, gizakien salerosketa, negozioetako ustelkeria, eragimen-trafikoa, funtzionario-eroskeria, prebarikazioa, iruzurrak, funtzionarioei debekatutako negoziazio eta jarduerak, Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren kontrako delituak, langileen eskubideen kontrako delituak, bidegabeko eralgitzea, kapital-zuriketa, lurraldearen antolamenduaren, hirigintzaren, ondare historiko eta ingurumenaren babesaren arloko delituak, edo lanbide, ogibide, industria edo merkataritzan aritzeko gaitasuna bereziki kentzeko zigorra.

Kontratatzea debekatuta izango dute erantzukizun penaldun deklaratzen dituzten pertsona juridikoek, bai eta beren kargu edo ordezkaritza indarrean dagoela eta kargua utzi arte paragrafo honetan azaldutako egoeran dauden administratzaile edo ordezkariak dituzten pertsona juridikoek, administratzaile edo ordezkari horiek egitatekoak edo zuzenbidekoak direla ere.

b) Zehapen irmo bat jaso dutenek, arau-hauste astuna egiteagatik arlo profesionalean, lehia faltsutzearen arloan, desgaitasunen bat duten pertsonen laneratze eta aukera berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloan, edo atzerritartasun arloan, indarrean dagoen araudian ezarrita dagoenaren arabera; ingurumen arloan arau-hauste oso astuna egiteagatik, ingurumen ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legean, Kostaldeen uztailaren 28ko 22/1988 Legean, Espazio Naturalak eta Basaflora eta Basafauna Kontserbatzeko martxoaren 27ko 4/1989 Legean, Ontzien eta Ontzien Hondakinen apirilaren 24ko11/1997 Legean, Hondakinen apirilaren 21eko 10/1998 Legean, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutako Uraren Legearen testu bateginean eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legean ezarrita dagoenaren arabera; edo lan- eta gizarte-arloan arau-hauste oso astuna egiteagatik, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Lan-arloko Arau-hauste eta Zehapenen Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera, bai eta testu horren 22.2 artikuluan aurreikusitako arau-hauste astuna egiteagatik ere.

c) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin badute, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo badituzte, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badaude (hark eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu duenean salbu) , epailearen esku-hartzearen menpe badaude edo Konkurtsoaren uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badaude, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.

d) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituztenek, erregelamenduz zehaztutako moduan; edo, 50 langile edo gehiago dituzten enpresen kasuan, enplegatuen % 2 gutxienez ezgaitasunen bat duten langileak izatearen eskakizuna betetzen ez dutenek, ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 42. artikuluaren arabera, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzekin.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari dagokionez, enpresek halakoak egunean dituztela ulertuko da, zorrak atzeratuta edo zatikatuta daudenean, edo bidezko likidazioen aurka egitearen ondorioz haiek etetea erabakitzen denean.

e) Lege honetako 146. artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena egitean edo gaitasunari eta kaudimenari buruzko aitorpenean datu faltsuak eman badituzte, edo sailkapenari buruzko informazioa nahiz lizitatzaileen eta sailkatutako enpresen erregistroei buruzko informazioa jakinarazteko beharra bete ez badute, berei egotzi ahal zaizkien kausengatik.

f) Administrazio-zigorren arabera ezarritako kontratatzeko debekuren batek eragindakoek, Diru-laguntzeen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean edo Zergen abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

g) Gobernuko Kideen eta Estatuaren Administrazio Orokorreko Goi-kargudunen Interes-gatazkak arautzeko apirilaren 10eko 5/2006 Legean, dagozkien autonomia-erkidegoetako arauetan edo Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta dauden pertsona fisikoek edo pertsona juridikoaren administratzaileek, edota Hauteskundeen Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi direnek, bertan ezarritako baldintzetan.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren langileek eta goi-kargudunek edo administrazio horien zerbitzura diharduten hautetsiek pertsona juridiko baten kapitalean parte hartzen badute, aipatutako legerian zehaztutako moduan eta zenbatekoekin, pertsona juridiko hori ere debekuaren barruan sartuko da.

Debekuak berdin hartzen ditu, bi kasuetan, aurreko paragrafoetan aipatutako pertsonen ezkontideak, bizikidetza afektiboz horien antzeko lotura daukaten pertsonak, aurrekoak eta ondorengoak, bai eta bigarren mailako odol- edo ezkontza-ahaideak ere, baldin eta interes-gatazka sortu bada kontratazio-organoaren titularrarekin edo kontratatzeko ahalmena eskuordetzan emanda duten organoetako titularrekin edo kontratazio-organoaren titularraren ordezkoekin.

h) Kargu bat utzi ondorengo bi urteetan karguaren eskumenekin zuzenean erlazionatutako enpresa edo sozietateetan zerbitzuak eman dituzten pertsonak kontratatu badituzte, eta pertsona horiek Gobernuko Kideen eta Estatuaren Administrazio Orokorreko Goi-kargudunen Interes-gatazkak arautzeko apirilaren 10eko 5/2006 Legearen 18.6 artikuluan edo Autonomia Erkidegoko arauetan aipatutako ez-betetzean erori badira eta hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu bada.

Kontratatutako pertsona enpresako antolakundean dagoen bitartean iraungo du kontratatzeko debekuak, eta, gehienez ere, bi urtez, goi-kargua uzten duenetik aurrera.

2. Aurreko zenbakian aipatutako kasuez gain, enpresaburuek ondorengo kasu hauetan ere ezingo dute kontraturik egin lege honen 3. artikuluan jasotako entitateekin, 61 bis artikuluan ezarritako baldintzetan:

a) Esleitzeko prozedura batean beren proposamena edo hautagaitza bidegabeki erretiratu badute, edo kontratua beren alde esleitzea eragotzi badute 151. artikuluko 2. zenbakian ezarrita dagoena epearen barruan ez betetzeagatik, doloa, errua edo zabarkeria dela medio.

b) Haien alde esleitutako kontratua formalizatzeari utzi badiote, 156.3 artikuluan aurreikusitako epeetan, esleipendunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik.

c) Kontratuan funtsezkoak diren klausulak bete ez badituzte, barnean direla 118. artikuluaren arabera kontratua gauzatzeko ezarritako baldintza bereziak, ez-betetze hori, pleguetan edo kontratuan, arau-hauste astuntzat jotzen denean, eta tartean enpresaburuaren doloa, errua edo zabarkeria izan denean, betiere zigorrak ezarri badira edo kalte eta galerak ordaindu badira.

d) Lege honen 3. artikuluan azaldutako erakundeetatik edozeinekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin badute, suntsiarazpen-kausa horren errudun jo dituztelarik.

3. Halaber, enpresek ezingo dute kontratatu baldin eta, zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuz, presuntzioa ezar badaiteke kontratatzeko debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direla, eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez.»

Bi.

Honela geratzen da idatzita 61. artikulua:

«61. artikulua.

Kontratatzeko debekuaren berri izatea.

Eskumena eta prozedura.

1. Kontratazio-organoek zuzenean baloratuko dute aurreko artikuluko 1. zenbakiko c) , d) , f) , g) eta h) letretan jasotako kontratatzeko debekurik ba ote dagoen, eta debekuok indarrean egongo dira sorrarazi dituzten inguruabarrek dirauten bitartean.

2. Kontratatzeko debekua aurreko artikuluko 1. zenbakiko a) eta b) letretan aurreikusitako kausengatik bada, kontratazio-organoek zuzenean baloratuko dute, baldin eta epaiak edo administrazio-ebazpenak debekuaren helmena eta iraupena zehazten baditu. Debekuak epaian zehaztutako iraupena izango du.

Epaian edo administrazio-ebazpenean irizpenik agertzen ez bada kontratatzeko debekuaren norainokoari edo iraupenari buruz, edo aurreko artikuluko lehen zenbakiko e) letrako kasuetan, edo eta aurreko artikuluko bigarren zenbakian aurreikusitako kasuetan, debekuaren norainokoa eta iraupena beren-beregi bideratutako prozedura baten bitartez zehaztu beharko dira, artikulu honetan xedatuta dagoenaren arabera.

3. Aurreko artikuluko 1. zenbakiko a) eta b) letren kasuan kontratatzeko debekuaren iraupena eta norainokoa ezartzeko eskumena, dagokion epai edo ebazpenean agertzen ez den kasuetan, eta aurreko artikuluko lehen zenbakiko e) letraren kasuan kontratatzeko debekua deklaratzeko eskumena, sailkapenaren arloan aurreikusitako informazioa komunikatzeko betebeharrari dagokionez eta lizitatzaileen eta enpresa sailkatuen erregistroari dagokionez, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak izango du, Administrazioko Kontratazioaren Estatuko Aholku Batzordeak aurretiaz hala proposatuta, edo autonomia-erkidegoen esparruan eskudunak diren organoek, aipatu den e) letraren kasuan.

Aurreko paragrafoan ezarrita dagoena betetzeko epaia edo administrazio-ebazpena ematen duen organo judizialak edo administrazio-organoak ofizioz epai horren testigantza edo administrazio-ebazpenaren kopia igorri beharko dio Administrazioko Kontratazioaren Estatuko Aholku Batzordeari. Dena dela, organo horrek, halakorik dagoela jakiten badu, eta epai horren testigantzarik edo administrazio-ebazpenaren kopiarik jaso ez badu, eman zituen organoari eskatu ahalko dizkio.

Aurreko artikuluko 1. zenbakiko e) letran, 146. artikuluan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena egitean faltsukeriaz jokatu deneko kasuak azaltzen dira. Bada, kasu horietan, eta 60. artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako kasuetan, kontratatzeko debekua kontratazio-organoak deklaratu beharko du.

4. Entitate kontratatzailea administrazio publikoa ez denean, kontratatzeko debekua deklaratzeko eskumena izango du saileko titularrak, entitate kontratatzailea zein erakunderi atxikita edo zein erakunderen mendean dagoen eta erakunde horretako buru edo zuzendariak edo entitatea babestu edo kontrolatu behar duenak.

Entitate kontratatzailea administrazio bati baino gehiagori lotuta badago, kontrol edo partaidetza handiena duen administrazioan dagokion organoak izango du eskumena.

5. Artikulu honetan azaldu denaren arabera, kontratatzeko debekua dagoela aurretiaz deklaratu behar bada, debekuaren norainokoa eta iraupena zehaztuko dira lege hau garatzen duten arauetan ezartzen den prozedurari jarraituz.

6. Zigor-epai irmo baten bidez hala aurreikusten den kasuetan, kontratatzeko debekuaren iraupena epaian aurreikusita dagoena izango da.

Epaian eperik ezarrita ez badago, gehieneko iraupena bost urte izango da, zigor-epai irmo bidez ezarritako kondenaren datatik aurrera.

Gainerako kasuetan, iraupen epea gehienez hiru urte izango da. Epe hori zenbatzeko, 61 bis artikuluko hirugarren paragrafoan ezarrita dagoena bete beharko da.

7. Aurreko artikuluko 1. zenbakiko a) letraren kasuan, prozedura ) betiere, beharrezkoa bada) ezin izango da hasi zigorraren preskripziorako ezarritako epea igaro bada, eta artikulu bereko 2. zenbakiko b) letraren kasuan, ez-betetzea gertatu zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro badira.

Artikulu horretan aurreikusitako gainerako kasuetan, kontratatzeko debekua deklaratzeko prozedura ez da hasiko hiru urte baino gehiago igaro badira honako data hauetatik:

a) Zehatzeko ebazpena irmo egin zenetik, aurreko artikuluko 1. zenbakiko b) letraren kasuan;

b) Datu faltsuak eman ziren egunetik edo dagokion informazioa jakinarazi behar zen egunetik, aurreko artikuluko 1. zenbakiko e) letran aurreikusitako kasuetan;

c) Kontratuaren suntsiarazpena irmo egin zen egunetik, aurreko artikuluko 2. zenbakiko d) letraren kasuan;

d) Aurreko artikuluko 2. zenbakiko a) letran adierazitako kasuetan, kontratua esleitu zen egunetik, baldin eta debekuaren kausa proposamenak edo hautagaitzak bidegabeki erretiratzea bada, edota esleipena egin behar zen egunetik, baldin eta debekuaren oinarria 151. artikuluko bigarren zenbakian ezarritakoa ez betetzea bada.

e) Entitate kontratatzaileak 61 bis artikuluko bigarren zenbakiko c) letran aurreikusitako kasuetan kontratua betetzeko baldintza bereziak urratu zirela jakin zuen unetik.»

Hiru.

Beste artikulu bat eransten da, 61 bis, eta honela geratzen da idatzita:

«61 bis artikulua.

Kontratatzeko debekua deklaratzeak dakartzan ondorioak.

1. 60. artikuluko bigarren zenbakian eta artikulu bereko lehen zenbakiko e) letran erantzukizunpeko adierazpena egitean edo gaitasunari edo kaudimenari buruzko beste datu batzuk ematean datu faltsukeriaz jokatzeari buruz 146. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatu badira, kontratatzeko debekuak adierazpena egiteko eskumena duen kontratazio-organoari eragingo dio.

Kontratazio-organoa zein sektore publikotan dagoen integratuta, sektore publiko horretara hedatu ahalko da debekua.

Estatuko sektore publikoaren kasuan, debekuaren eragina Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak hedatu beharko du, Administrazioko Kontratazioaren Estatuko Aholku Batzordeak aurretiaz hala proposatuta.

Aurreko artikuluko hirugarren zenbakiko lehenengo paragrafoan 60. artikuluko e) letrari dagokionez ezarrita dagoenaren arabera, kontratatzeko debekua deklaratzeko eskumena autonomia-erkidegoen esparruan eskudunak diren organoek badute, kontratatzeko debeku horrek dagokion sektore publikoko kontratazio-organo guztiei eragingo die.

Salbuespenez, aurreko paragrafoetan azaldutako kontratatzeko debekuen eraginak sektore publiko osora hedatu ahalko dira, betiere lehenago lurraldeko sektore publikora hedatu badira.

Eraginak sektore publiko osora hedatuko ditu Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak, Administrazioko Kontratazioaren Estatuko Aholku Batzordeak aurretiaz hala proposatuta, eta dagokion autonomia-erkidegoak edo toki-erakundeak eskatuta, kontratatzeko debekua esparru horietan sortu bada.

Kontratatzeko debekua deklaratzeko eskumena Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak duen kasuetan, debeku horrek sektore publiko osoan sortuko ditu ondorioak.

2. Kontratatzeko debeku guztiak, salbu eta 60. artikuluko lehen zenbakiko c) , d) , g) eta h) letretan aurreikusitako inguruabarren bat dutenak, Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean edo autonomia-erkidegoetan baliokidea den batean inskribatuko dira, kontuan hartuta zein den kontratatzeko debekuaren esparrua eta zein organok deklaratu duen debekua.

Autonomia-erkidegoen edo erkidego horietako lurraldean dauden toki-erakundeen esparruko kontratazio-organoek kontratatzeko debekua jakinaraziko diete dagozkien autonomia-erkidegoetako lizitatzaileen erregistroei, edo, halako erregistrorik ez badago, Sektore Publikoko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialari.

Lizitatzaileen Erregistroan kontratatzeko debekuaren inskripzioa iraungiko da bere iraupena amaitu eta 3 hilabete igaro ondoren, eta epe horren ostean inskripzioa erregistroan ezeztatu beharko da ofizioz.

3. 60. artikuluko lehen zenbakiko a) eta b) letretan aurreikusitako kontratatzeko debekuek ondorioak sortuko dituzte epaia edo administrazio-ebazpena irmo bihurtzen diren egunetik, epai horretan edo administrazio-ebazpen horretan debekuaren norainokoari eta iraupenari buruzko irizpenen bat badago.

Gainerako kasuetan, ondorioak debekua dagokion erregistroan inskribatzen den egunetik sortuko dira.

Aurreko hori gorabehera, 60. artikuluko lehen zenbakiko a) eta b) letretan aurreikusitako kasuetan, kontratatzeko debekuaren ondorioak debekua dagokion erregistroan inskribatzen denetik sortzen badira, debekuaren norainokoa eta iraupena zehazteko prozedura ebazteko eskumena duen organoak, ofizioz edo alde batek hala eskatuta, hartu ahal den ebazpena eraginkorra izan dadila ziurtatzeko egokitzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartu ahalko ditu.

4. Kontratatzeko debekuaren arrazoia 60. artikuluko lehen zenbakiko f) letran aurreikusitakoa bada, kontratatzeko debekuek ondorioak sortuko dituzte debekuak ezarri zituen zehapen-ebazpenean ezartzen diren administrazio publikoei dagokienez, ebazpen hori irmo bihurtzen den egunetik aurrera.»

Lau.

150. artikuluko 2. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«2. Esleipenerako oinarri izan behar duten irizpideak kontratazio-organoak erabakiko ditu, eta iragarkian, administrazio-klausula zehatzen agirian edo deskripzio-agirian zehaztuko dira.

Esleipen-irizpideak zehazterakoan, lehentasuna emango zaie kontratuaren objektuaren ezaugarriei, hain zuzen, baldintza-agirietan ezarritako formulak aplikatuta lortzen diren zifra edo ehunekoen bidez balora daitezkeenei.

Prozedura ireki edo murriztu bidez egindako lizitazioan, formulak aplikatuta automatikoki ebaluatzekoak diren irizpideek haztapen txikiagoa badute balio-judizio baten arabera kuantifikatzekoak diren irizpideek baino, batzorde bat eratu beharko da, gutxienez hiru lagunek osatua; kide horiek kontratua proposatu duen organoaz kanpokoak izan behar dute, eta kualifikazio egokia izan behar dute, eta beren egitekoa izango da eskaintzak azken irizpide horien arabera ebaluatzea, edo ebaluazio hori baldintza-agirietan behar bezala identifikatutako organismo tekniko espezializatu bati agintzea.

Eskaintzak ebaluatzeko ) formulak aplikatuta kuantifikatzekoak diren irizpideen arabera ebaluatzeko, alegia) , lehenbizi, bestelako irizpideak ebaluatuko dira, eta ebaluazio horren berri idatziz jasoko da.

Lege hau garatzeko arauek zehaztuko dute zein kasutan eta zein baldintzatan egin behar den publiko aurretiazko ebaluazio hori, bai eta, balorazio hori bereiz egin ahal izateko, proposamenak nola aurkeztu behar diren ere.

Obra publikoak emateko edo zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetan aurreikusten bada eraikuntzarako edo ustiapenerako ekarpen publikoak egitea edo enpresarentzat bermeak, abalak edo bestelako laguntzak eratzea, kasu guztietan automatikoki ebaluatzeko adjudikazio-irizpen gisa agertuko da lizitatzaileek kontratazio-espedientean aurreikusitako ekarpenen gainean egiten duten murriztapenaren zenbatekoa.»

Bost.

254. artikulua honela idatziko da:

«254. artikulua.

Eraikuntzarako ekarpen publikoak eta finantzaketarako bermeak.

1. Administrazio publikoek obraren finantzaketan parte hartu ahalko dute, ekarpenak eginda; ekarpen horiek obrak egiteko fasean emango dira, lege honen 240. artikuluak ezarritako moduan, edo obrak bukatutakoan. Ekarpen horien zenbatekoa lizitatzaileek berek finkatuko dute beren eskaintzetan, baldintzen agirian ezarrita dagoen gehieneko kopuruaren barruan.

2. Aurreko zenbakian adierazitako ekarpen publikoak kontratazio-organoak egindako diruaz besteko ekarpenak ere izan daitezke, edo beste edozein administraziok egindakoak, baldin eta harekin horretarako hitzarmenik egin bada, eta, betiere, administrazio-klausula partikularren agirian jasotako balioztatzearen arabera.

Emakidadunari entregatutako ondasun higiezinak ere emakidari atxikitako ondarearen barruan sartuko dira; obra-proiektuan aurreikusitako erabilera emango zaie, eta, emakida amaitzean, berriz ere administrazioaren eskuetara itzuliko dira; betiere, hiri-antolamendurako planek edo plan sektorialek xedatutakoa errespetatu beharko da.

3. Ekarpen publiko guztiek baldintza-agirian aurreikusita egon behar dute. Ekarpenen zenbatekoa esleipen-prozeduran zehaztuko da, eta kontratua esleitu ostean ezingo dira handitu.

4. Ekarpenetarako ezarritako araubide berbera aplikatuko zaie mota guztietako berme eta abalei, baita emakidadunaren finantzaketan laguntzeko beste neurri batzuei ere; betiere, halakoek baldintza-agirietan aurreikusita egon beharko dute.»

Sei.

256. artikulua honela idatziko da:

«256. artikulua.

Ustiapena finantzatzeko ekarpen publikoak.

Administrazio publikoek honako ekarpen hauek egin ahalko dizkiote emakidadunari, obra-ustiapenaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzearren. Betiere, ekarpen horiek baldintza-agirian aurreikusita egon beharko dute, eta kontratua esleitu ondoren ezingo dira handitu, hargatik eragotzi gabe 258. artikuluan aurreikusita dagoen oreka berrezartzea:

a) Diru-laguntzak, aurrerakin itzulgarriak, partaidetza-maileguak, mendeko maileguak edo beste era batekoak, obra ustiatzen hasten denetik edo obrak iraun bitartean ematekoak.

Emakidan ezarritakoaren arabera itzuliko dira maileguak eta ordainduko dira sortutako interesak.

b) Laguntzak, mota guztietako bermeak barnean direla, interes publikoagatik eta salbuespenezko kasuetan obraren erabilera sustatzea komeni denean, herri-lanaren ustiapena errentagarritasunaren gutxieneko atalasera iritsi baino lehen.»

Zazpi.

261. artikulua honela idatziko da:

«261. artikulua.

Emakidaren hipotekaren xedea eta eskubideen pignorazioa.

1. Obra publikoen emakidak eta emakida horiei lotutako ondasunak eta eskubideak, hipotekei buruzko legerian ezarritakoaren arabera, hipotekatu egin ahalko dira, aurretiaz kontratazio-organoak horretarako baimena emanda.

Herri-lanen emakiden gaineko hipotekarik ez da onartuko zorren berme gisa, baldin eta zorrek ez badute zerikusirik dagokion emakidarekin.

2. Administrazio-baimenak direla-eta artikulu honetan eta hurrengoan adierazitako eskaerak hilabeteko epean ebatziko ditu organo eskudunak, eta, eskaera horiek epe horretan ebazten eta jakinarazten ez badira, ezetsitzat jo behar dira.

3. Obrak emateko edo zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuak desegitearen ondorioz sortutako eskubideak, 271. eta 288. artikuluetako lehen paragrafoetan azaltzen diren horiek, bai eta ekarpen publikoetatik eta bermeak betearaztetik eratorritakoak, 254. eta 256. artikuluetan ezarrita dauden horiek, emakidarekin edo kontratuarekin zerikusia duten zorren berme gisa soilik pignoratu ahalko dira, kontratazio-organoak aurretiaz baimena ematen badu. Baimen hori Estatuko Aldizkari Ofizialean edo autonomia-erkidegoko edo probintziako egunkari ofizialetan argitaratu beharko da.»

Zortzi.

271. artikuluko 1. eta 3. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:

«1. Administrazioari egotzi ahal zaion arrazoi batengatik kontratua suntsiarazten denean, lursailak desjabetzeko, eraikuntza-lanak gauzatzeko eta emakidaren xede den obraren ustiapena egiteko behar diren ondasunak eskuratzeko egindako inbertsioen zenbatekoa ordainduko dio beti administrazioak emakidadunari, zenbateraino amortizatu den kontuan hartuta.

Horretarako, amortizazio linealaren irizpidea aplikatuko da.

Kalkulu horietatik ateratako zenbatekoa sei hilabeteko epean finkatuko da, administrazio-klausula zehatzen agirian bestelakorik ezarri ezean behintzat.

Administrazioari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik kontratua suntsiarazten denean, lursailak desjabetzeagatik, obrak gauzatzeagatik eta administrazioari itzuli beharreko ondasunak eskuratzeagatik emakidadunari ordaindu beharreko zenbatekoa emakidaren baloraziotik ateratzen dena izango da, 271 bis artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuta.

Nolanahi ere, lege honen 269. artikuluko a) , b) , c) , e) eta j) letretan aurreikusitako arrazoi batengatik emakida suntsiarazi bada, administrazioari egotzi ezin zaiola ulertuko da.»

«3. Administrazio emakidatzaileak kalte-ordaina emango dio emakidadunari, sortutako kalte eta galeren trukean, 269. artikuluko g) , h) eta i) letretan jasotako egoerak gertatuz gero, hargatik eragotzi gabe artikulu honetako 1. zenbakian xedatutakoa.

Kalte-ordainaren zenbatekoa zehazteko, kontuan izango dira:

a) emakidadunak etorkizunean jasoko ez dituen mozkinak, honela zenbatetsita: emakida amaitu arte geratzen diren urteen baliokidea den epealdi batean lortutako zergen aurreko mozkinen batez besteko aritmetikoa.

Geratzen den denbora luzeagoa bada igarotako denbora baino, azken hori hartuko da erreferentzia gisa.

Aplikatu beharreko deskontu-tasa, emakidadunaren azken urteko kontuei dagokien batez besteko kapital haztatuaren kostutik ateratzen dena izango da.

b) administrazioari itzuli behar ez zaizkion obra eta instalazioek galdu duten balioa, amortizazio-maila kontuan hartuta.»

Bederatzi.

271 bis artikulu berri bat eransten da, eta hauxe dio:

«271 bis artikulua.

Obren emakidarako esleipen-prozesu berria, suntsiarazpena administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu bada.

1. Administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik suntsiaraziz gero, kontratazio-organoak berriz ere lizitatu beharko du emakida, eta lizitazio-tasa hurrengo artikulutik ateratzen dena izango da.

Lizitazioa goranzko enkante bidez egingo da, eta esleitzeko irizpide bakarra prezioa izango da.

Lizitazioa esleitu gabe geratzen bada, beste lizitazio baterako deialdia egingo da gehienez hilabeteko epean; orduan, lizitazio-tasa lehenengo lizitazio-tasaren % 50 izango da.

Lizitazioaren esleipendunak lizitazioaren zenbatekoa bi hilabeteko epean ordaindu beharko du, emakida esleitzen den egunetik aurrera zenbatuta.

Zenbateko hori ezarri den epean ordaintzen ez bada, esleipena ondoriorik gabe geratuko da, eta hurrenkeraren arabera hurrengoa den lizitatzaileari esleituko zaio, edo, lizitatzaile gehiagorik egon ezean, lizitazioa eman gabe geratuko da.

Lizitazioaren deialdia beti egin ahalko da ebazpen-espedientea hasi bada, baina espedientea amaitu arte ezingo da esleitu.

Nolanahi ere, emakidaren ebazpena ematen denetik lehenengo lizitazioaren eskaintzak ireki arte, gehienez ere hiru hilabeteko epea igaroko da.

Lizitazioan parte hartu ahalko dute 263. artikuluko 2. zenbakian aurreikusita dagoenaren arabera administrazio-baimena lortu duten enpresaburuek.

2. Emakidaren balioa, ebazpenaren arrazoiak administrazioari egotzi ezin bazaizkio, aurreko zenbakian azaldu diren lizitazioen esleipenetik ateratzen dena izango da.

Bigarren lizitazioa eman gabe geratzen bada, emakidaren balioa bigarren lizitazio horren tasa izango da. Dena dela, jatorrizko emakidadunak edo gutxienez emakidadunaren pasibo eskagarriaren % 5aren titular diren hartzekodunek erosle berri bat aurkeztu beharko dute, gehienez ere hiru hilabeteko epean, lizitazioa eman gabe geratu zen egunetik aurrera zenbatuta. Erosle berri horrek gutxienez lizitazio-tasa hori ordaindu beharko du. Hala bada, emakidaren balioa erosle berriak ordaindutako zenbatekoa izango da.

Administrazioak jatorrizko emakidadunari emakidaren balioa ordainduko dio hiru hilabeteko epean, aurreko paragrafoan azaldu den lizitazioa esleitzen denetik edo bigarren lizitazioa eman gabe geratzen denetik aurrera zenbatuta.

Beti emakidadun berria jatorrizko emakidadunaren tokian subrogatuko da, eta jasotako kapital diru-laguntzei lotutako jarduketak egitera behartuta geratuko da, dirua zein xedetarako eman zen eta hori bete ez bada.

3. 1. zenbakian azaldutako lizitaziotik ateratzen den kontratua beti obra publikoak emateko kontratua izango da, eta kontratu horren baldintzak ebatzi den jatorriko kontratuan ezarrita dauden berberak izango dira, iraupen-epea barnean dela.»

Hamar.

271 ter artikulua gehitzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«271 ter artikulua.

Obren emakidarako lizitazio-tasa zehaztea, suntsiarazpena administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu bada.

271 bis artikuluan azaltzen den lehenengo lizitazioaren tasa ezartzeko, honako erregela hauei jarraituko zaie:

a) Sozietate emakidadunak emakida ustiatzeagatik kontratua suntsiarazten denetik eta itzuli arte geratzen den epean bere aurreikuspenen arabera lortuko dituen kutxako fluxuen arabera zehaztuko da tasa. Kutxako fluxu horiek Altxorraren obligazioen hamar urterako interesaren deskontu-tasaren arabera eguneratuko dira, 300 oinarri-puntu gehituta.

Batez besteko etekin hori kalkulatzeko, erreferentzia gisa hartuko dira Espainiako Bankuak Zor Publikoaren Merkatuko Buletinean argitaratutako azken datuak.

b) Arrazoizko errentagarritasuna kalkulatzeko oinarri gisa erabilitako zor-tresna eta diferentziala, lehenago aipatu diren horiek, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak aldatu ahalko ditu, Ebaluazioko Bulego Nazionalak txostena egin ondoren, sektore publikoko kontratuetan ikusitako arrisku- eta errentagarritasun-egoeretara egokitzeko.

c) Etorkizuneko kutxako fluxu garbiak zenbatesteko, entitateak amaierara arte geratzen diren urteetan lortutako kutxako fluxuen batez besteko aritmetikoa erabiliko da.

Geratzen den denbora luzeagoa bada igarotako denbora baino, azken hori hartuko da erreferentzia gisa.

Ez da prezioen eguneraketarik sartuko zenbatetsitako etorkizuneko inflazioaren arabera.

d) Kutxako fluxuen balioa Kontabilitate Plan Orokorrak Eskudiruaren fluxuen egoeran Ustiapen Jardueren eskudiru fluxu gisa ezartzen duen hori izango da, eta inola ere ez dira konputatuko interesen ordainketa eta kobrantzak, dibidenduen kobrantzak eta mozkinen gaineko zergarengatiko kobrantzak edo ordainketak.

e) Kontratua suntsiarazten bada azpiegitura eraikitzen amaitu aurretik, lizitazio-tasa egikaritutako inbertsioaren zenbatekoaren % 70 izango da.

Horretarako, egikaritutako inbertsioa izango da onartutako azken urteko kontuetan agertzen den zenbatekoa, kontu horiei gehituta onartutako azken urteko kontuen ekitaldiaren amaieratik kontratua suntsiarazi arte egindako ziurtagirietatik atera den kopurua.

Zenbateko horretatik kenduko da onuradunak jaso dituen baina xedea bete gabe duten kapital diru-laguntzei dagokien zenbatekoa.»

Hamaika.

288. artikuluko 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1. Administrazioari egotzi ahal zaion arrazoi batengatik kontratua suntsiarazten denean, lursailak desjabetzeko, eraikuntza-lanak gauzatzeko eta emakidaren xede den obraren ustiapena egiteko behar diren ondasunak eskuratzeko egindako inbertsioen zenbatekoa ordainduko dio beti administrazioak emakidadunari, zenbateraino amortizatu den kontuan hartuta.

Horretarako, inbertsioaren amortizazio linealaren irizpidea aplikatuko da.

Administrazioari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik kontratua suntsiarazten denean, lursailak desjabetzeagatik, obrak gauzatzeagatik eta administrazioari itzuli beharreko ondasunak eskuratzeagatik emakidadunari ordaindu beharreko zenbatekoa emakidaren baloraziotik ateratzen dena izango da, 271 bis artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuta.

Nolanahi ere, lege honen 223. artikuluko a) eta b) letretan aurreikusitako arrazoi batengatik emakida suntsiarazi bada, administrazioari egotzi ezin zaiola ulertuko da.»

Hamabi.

Beste xedapen gehigarri bat sartu da, eta honela dio:

«Hogeita hamaseigarren xedapen gehigarria.

Ebaluazioko Bulego Nazionala.

1. Ebaluazioko Bulego Nazionala sortzen da, obren emakiden kontratuak eta zerbitzu publikoen emakiden kontratuak finantza aldetik iraunkorrak diren aztertzeko.

2. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroaren agindu bidez, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak txostena egin ondoren, bulego horren osaera, antolaketa eta funtzionamendua zehaztuko dira.

3. Ebaluazioko Bulego Nazionalak, Estatuaren Administrazio Orokorraren eta Toki Korporazioen mendeko botere esleitzaileek obren emakiden kontratuak eta zerbitzu publikoen kudeaketako kontratuak lizitatu ondoren, nahitaezko txostena egingo du kasu hauetan:

a) Eraikuntzarako edo emakidaren ustiapenerako ekarpenak egiten badira eta emakidadunaren finantzaketan laguntzeko edozein neurri hartzen bada.

b) Obra publikoen emakida batean edo zerbitzuen kudeaketako kontratu batean tarifa osorik edo zati batean emakida onartu duen botere esleitzaileak bere gain hartzen badu, obren edo lehen establezimenduko gastuen zenbatekoa milioi bat eurotik gorakoa denean.

Halaber, kontratuaren oreka berrezartzeko akordioen berri emango du, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 258.2 eta 282.4 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, aurreko a) eta b) letren arabera txostena jaso duten obra eta zerbitzu publikoen emakidei dagokienez, edo txostena jaso ez arren letra horietan aurreikusitako elementuren bat kontratuan txertatzea dakarten emakidei dagokienez.

Autonomia-erkidego bakoitzak Ebaluazioko Bulego Nazionalarekin bat egin ahalko du, bulegoak txosten horiek egin ditzan; bestela, organo edo erakunde baliokideren bat sortu badu, nahitaezko txosten horiek organo edo erakunde horri eskatuko dizkio, bere emakida-kontratuak ukitzen baditu.

Txostenak irizpide behar bezain homogeneoak erabiliz egiten direla ziurtatzeko, gidalerro egokiak ezarriko dira erregelamendu bidez.

4. Aurreko zenbakian aurreikusitako txostenek ebaluatuko dute ea proiektuaren errentagarritasuna, inbertsioaren, emandako laguntzen, espero diren kutxako fluxuen eta ezarritako deskontu-tasaren arabera lortutako hori, arrazoizkoa den, kontuan hartuta emakidadunak bere gain hartutako demanda-arriskua.

Ebaluazio horretan kontuan hartuko da emandako laguntzek demanda-arriskua ez diren beste arrisku batzuk ) operadore ekonomikoek normalean beren gain hartu behar dituzten horiek) arindu ahal dituztela.

Obren emakidako kontratu batean emakidaren tarifa botere esleitzaileak ordaintzen badu, bulegoak aurretiaz ebaluatuko du demanda-arriskua emakidadunari transferituko al zaion.

Emakidadunak arriskua osorik bere gain hartzen ez badu, txostenean ebaluatuko da errentagarritasuna arrazoizkoa den ala ez, aurreko paragrafoan ezarrita dagoena kontuan hartuta.

Kontratuaren oreka berrezartzeko akordioetan, txostenak ebaluatuko du ea ezarritako finantza-konpentsazioek arrazoizko errentagarritasunari eusten dioten zenbaki honen lehenengo paragrafoan xedatuta dagoenaren arabera.

5. Botere esleitzaile eta kontratugileak hala eskatuta, txostenak hogeita hamar eguneko epean egingo dira, hurrengo paragrafoan azaldu den informazio-eskaria egiten denetik edo informazioa ematen denetik aurrera zenbatuta.

Epe hori erdira murriztu ahalko da, eskarian premiazko arrazoiak justifikatzen baldin badira.

Txosten horiek Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren mendeko Administrazio Publikoen Ekonomia eta Finantza Informazioaren Zentralaren bitartez argitaratuko dira, eta jendeak bitarteko elektronikoen bidez kontsultatzeko eskura egongo dira.

Eskaria egin duen botere esleitzaileak beharrezko informazioa bulegoari igorriko dio, eta azken horrek, jasotako informazioan oinarrituta, txostena egingo du.

Bulegoaren ustez igorritako informazioa nahikoa ez bada, osoa ez bada edo zerbait argitu behar bada, eskaria egin duen botere esleitzaileari eskatuko dio behar den informazioa berak horretarako ezarritako epearen barruan eman dezala.

Bulegoak jasotzen duen informazioa isilpeko informazioari dagozkion mugak errespetatuz tratatu beharko da beti.

6. Administrazioak edo txostena hartu behar duen entitateak bulegoaren txosten batean bildutako gomendioak betetzen ez baditu, horretarako arrazoiak eman beharko ditu txosten batean. Txosten hori dagokion kontratuaren espedientean txertatuko da, eta argitaratu ere egingo da.

Estatuaren Administrazio Orokorraren kasuan, Administrazio Publikoen Ekonomia eta Finantza Informazioaren Zentralaren bidez argitaratuko da.

7. Bulegoak urtero jarduerari buruzko memoria argitaratuko du.»

Hamahiru.

Beste xedapen iragankor bat sartu da, eta honela dio:

«Hamargarren xedapen iragankorra.

Kontratatzeko debekua, ezgaitasuna duten pertsonei gordetako lanpostuen erreserba-kuota ez betetzeagatik.

1. 60.1.d) artikuluan ezarritako kontratatzeko debekua, ezgaitasuna duten pertsonei gordetako lanpostuen % 2ko erreserba-kuota ez betetzeari buruzkoa, ez da eraginkorra izango erregelamendu bidez garatzen ez bada eta baldintza hori betetzea zertan datzan eta bete izana nola egiaztatuko den ezartzen ez bada. Hain zuzen ere, kasu guztietan, bete izana egiaztatzeko, dagokion administrazio-organoak gutxienez sei hilabeteko indarraldia izango duen ziurtagiria egin beharko du, edo Lizitatzaileen Erregistroak ziurtagiria egingo du, bete izanari buruzko inguruabarrak erregistroan inskribatuta agertzen badira.

2. Aurreko zenbakian azaldu den erregelamendu bidezko garapena onartzen den unera arte, kontratazio-organoek haztatuko dute lizitatzaileek ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dagoena betetzen duten, haztatzea nahitaezkoa den kasuetan, ezgaitasuna duten langileen ehuneko bi kontratatzeko edo egokiak diren neurri alternatiboak hartzeko betebeharrari dagokionez, laugarren xedapen gehigarrian xedatuta dagoenaren arabera.»

Azken xedapenetatik hamargarrena.

2013rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 27ko 17/2012 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Estatuaren 2013. urteko Aurrekontu Orokorren abenduaren 27ko 17/2012 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«Hamahirugarrena.

Kanarietako, Balearretako, Ceutako eta Melillako egoiliarrentzako diru-laguntzak, aireko eta itsasoko garraiorako.

Bat.

Indarraldi mugagabez, honako hauek bidaiarien itsasoko eta aireko garraiorako zerbitzu erregularren tarifetan hobariak eskuratzeko eskubidea izango dute, Kanarietako eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoetako edota Ceuta eta Melilla hirietako egoiliar direla egiaztatzen badute: Espainiako herritarrek, Europar Batasuneko gainerako estatu kideetako herritarrek, Europako Esparru Ekonomikorako Akordioa sinatu duten beste estatuetako herritarrek, Suitzakoek, hirugarren herrialde bateko horien senideek, baldin eta bizileku-eskubidea edo bizileku iraunkorreko eskubidea badute, eta iraupen luzeko egoiliar diren hirugarren herrialdeetako herritarrek.

Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikorako Akordioan zehaztutako beste estatu batzuetako herritarren senideen bizileku-eskubidea otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren arabera egiaztatuko da; dekretu hori Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak eta Europako Esparru Ekonomikorako Akordioan zehaztutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu, aske ibili eta bizitzeari buruzkoa da.

Aurreko paragrafoan aipatutako hirugarren herrialdeetako nazionalen iraupen luzeko bizileku-eskubidea Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei eta beren Gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan eta berau garatzen duen araudian xedatutakoaren arabera egiaztatuko da.

Espainiako, Europar Batasuneko estatu kideetako, Europako Esparru Ekonomikoko Hitzarmena sinatu duten gainerako herrialdeetako edo Suitzako herritarren kasuan, beren nortasunaren egiaztagiria indarrean dagoen nortasun agiri nazionala edo pasaportea izango da.

Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoko Hitzarmena sinatu duen beste herrialde bateko herritarren senideen eta hirugarren herrialde bateko naziotasuna daukaten epe luzerako egoiliarren kasuan, Europar Batasuneko herritar baten senide izatearekin lotutako Espainiako bizileku-txartelaren bidez edo atzerritarren bizileku-txartelaren bidez ) epe luzerako egoiliarra dela jaso beharko du) egiaztatuko dute beren nortasuna.

Aipatutako dokumentuek indarrean egon behar dute.

Diru-laguntzaren onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela telematikoki egiaztatu bada, bidaiariak hobaridun izateko eskubiderik ez duten gainerako bidaiariek bezala egiaztatu ahalko du bere nortasuna aire-garraiobidean.

Kasu horretan, bidaiariak ez du egoiliarra dela frogatu beharko, ez fakturatzerakoan, ezta hegazkineratze-eremuan ere.

Bi.

Kanarietako eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien, hurrenez hurren, eta Espainiako gainerako lurraldearen arteko ibilbide zuzenetan, joanekoak izan edo joan eta etorrikoak izan, itsas garraiorako txartelek ehuneko 50eko hobaria izango dute tarifan, indarraldi mugagabez; uharteen arteko bidaietan, berriz, ehuneko 25ekoa izango da hobaria.

Hiru.

Kanarietako eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien, hurrenez hurren, eta Espainiako gainerako lurraldearen arteko bidaiarien aireko garraioko zerbitzu erregularren zein uharteen artekoen tarifen hobari-ehunekoa, indarraldi mugagabez, hobaria jaso dezakeen tarifaren ehuneko 50ekoa izango da joaneko edo joan eta etorriko zuzeneko ibilbide bakoitzeko.

Ondorio horietarako, joaneko zuzeneko ibilbidetzat jotzen da uharteetako, Ceutako edo Melillako abiapuntuko aireportutik edo heliportutik Espainiako lurraldeko beste batera doana eta alderantzizkoa, tarteko eskalarik gabe edo eskalak eginda, baldin eta horiek gehienez 12 orduko iraupena badute, zerbitzuaren premia teknikoek edo ezinbesteko arrazoiek eraginik izan ezean.

Hobari horri dagokionez, hobaria jaso dezakeen tarifaren zenbatekotik Aire Segurtasunaren uztailaren 7ko 21/2003 Legearen 68.2 artikuluaren d) , e) eta f) letretan aipatzen diren ondare-prestazio publikoei dagokien zenbatekoa kenduko da, bidaiariari jasanaraziak izan diren edo ez kontuan izan gabe.

Horretarako, ondare-prestazio horiek banakatuta agertuko dira hegaldi-kupoiak justifikatzeko dokumentazioan.

Lau.

Xedapen honetan araututako hobarien ondorioetarako, indarreko erroldatze-ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da Kanarietako eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoetako eta Ceutako eta Melilla hirietako egoiliar-izaera.

Erregelamendu bidez, beste bide batzuk ezarri ahalko dira egoiliar izatea egiaztatzeko, zenbaki honetan xedatutakoa ordeztuz edota osatuz.

Bost.

Xedapen honetan eskatutako baldintzak bete diren egiaztatzeari dagokionez:

a) Sustapen Ministerioaren hobariak kudeatzen dituzten organoek Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Bitartekotza Plataformako zerbitzuetara jo ahalko dute nortasunari, helbideari, bizilekuari, nazionalitateari eta atzerritartasun-erregimenari buruzko datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko, diru-laguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, eta organo horiei agindutako kontrol-eginkizunak gauzatzeko; betiere, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Tributuen abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean xedatutako bermeak betez.

b) Organo kudeatzaileek diru-laguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela baieztatu ahalko diete bide telematikoz hobaridun garraio-txartelak merkaturatzen dituzten eta hala eskatzen duten agentziei, aireko edo itsasoko konpainiei edota haien ordezkaritzei.

Aurreko paragrafoetan xedatutako datuak lagatzeko eta horiek tratatzeko, ez da interesdunen baimena jaso beharrik izango, ez eta interesdunei horren berri ematekorik ere; hori guztia, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluaren a) letran eta 5.5 artikuluan, hurrenez hurren, xedatutakoaren arabera.

Penintsulakoak ez diren lurraldeetan bizitzeagatik diruz lagundutako aire- edo itsas- garraioko txartelak jaulkitzen dituzten aire- edo itsas konpainia guztien txartelen jaulkipen-sistemek, nahitaez, bizileku-baimena egiaztatzeko sistema telematikoan integratuta egon beharko dute, eta diruz lagundutako txartelak jaulkitzerakoan sistema telematiko hori erabili beharko dute, beren salmenta-kanal guztietan.

Aireko edo itsasoko garraio erregularreko konpainia bat diruz lagundutako merkatu batean sartzen denean, diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duten aire- edo itsas garraioko txartelak sistema telematikoa erabili behar izan gabe jaulki ahalko ditu, gehienez ere hiru hilabetez, aipatutako sistema bere salmenta-kanal guztietan ezarri arte.

Sei.

Bost zenbakian aurreikusitako Bitartekotza Plataformaren bidez ezin bada egiaztatu diru-laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla, aplikatu beharreko araudian xedatutako edozein bitartekoren bidez egiaztatuko dira baldintza horiek.

Ondorio horietarako, erroldatze-ziurtagiria hobari horiek garatzeko araudian erregelamendu bidez xedatutakoari lotuko zaio.

Zazpi.

Xedapen honen 1. zenbakian xedatutakoa hala izanik ere, bertan aurreikusitako hobariek 2013ko apirilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak bizileku-eskubidearen edo bizileku iraunkorreko eskubidearen onuradun diren hirugarren herrialdeetako senide nazionalentzat eta iraupen luzeko bizilekua duten hirugarren herrialdeetako herritarrentzat; betiere, Kanarietako eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hirietako egoiliar direla egiaztatzen badute.

Zortzi.

Kanarietan, Balear Uharteetan, Ceutan eta Melillan bizi diren herritarrei eta familia ugariei zuzendutako itsas- eta aire-garraiorako diru-laguntzen araudiak ezarritako betebeharrez eta 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, ezarritakoez gain, aire- eta itsas konpainiek, erakunde laguntzaile gisa, ondorengoa bete beharko dute:

a) Aire-konpainien kasuan, hegazkinean ibiltzeko erabilitako kupoi hobaridunen hileroko kitapenak aurkeztuko dituzte, dagokion hila bukatu ondorengo bi hilabeteko epean, Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak, ezohiko arrazoiak direla-eta, berariazko baimen bat eman ezean.

Kitapen horietan, azken sei hilabeteetan erabilitako kupoi hobaridunak sartu ahal izango dira, arrazoi justifikatuak medio aurreko hilabeteetako fitxategietan barne hartu ahal izan ez badira.

Itsas konpainien kasuan, hiruhilekoko kitapenak aurkeztuko dituzte, dagokion hiruhilekoa bukatu ondorengo bi hilabeteko epean, Merkataritza Nabigazioko Zuzendaritza Nagusiak, ezohiko arrazoiak direla-eta, berariazko baimen bat eman ezean.

Kitapen horietan, aurreko hiruhilekoetako fitxategietan, arrazoi justifikatuak medio, barne hartu ezin izan diren azken sei hilabeteetako ontziratze hobaridunak sartu ahal izango dira.

b) Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioan, aire- eta itsas txartelen prezioa eta barne hartutako kontzeptu guztiak banan-banan zehaztuko dira, baita bidaiariak kontratatutako edozein zerbitzu gehigarri ere, txartelean jaso baldin bada.

c) Diruz lagundutako txartel bat daukan bidaiariren batek bere nortasuna eta bizilekua aplikagarria den araudiaren arabera egiaztatzen ez baditu, konpainiek gorabehera-parte bat egingo dute.

Kitapen-aldi bakoitzari dagozkion parteak edo, ez badago, gorabeherarik ez dela izan adierazten duten ziurtagiriak organo kudeatzaileari bidaliko zaizkio, hurrengo kitapen-aldian.

d) Aire-garraioarekin zerikusirik ez duten zerbitzuak barne hartzen dituzten tarifak erregistratzeko obligazioak, araudi bidez ezarritakoak, betetzea, eta merkaturatu baino lehen organo kudeatzailearen aurrean erregistratzea baldintzetan zehaztuz, baita diruz lagundutako txartelak ematea eragin dezaketen hitzarmen, kontratu edo edozein motatako akordioak ere, eranskinak, gehigarriak edo aldaketak barne, lehenengo txartel hobariduna jaulki baino gutxienez hilabete lehenago.

Bederatzi.

Era berean, itsas- eta aire-konpainiek eta konpainietako agenteek, erreserba-sistemak barne hartuta, bai penintsulatik kanpo bizitzearekin, bai familia ugaria izatearekin lotutako txartel hobaridunei buruzko informazio eta dokumentazio guztia gorde beharko dute, Sustapen Ministerioak eskura izan dezan, horretarako bidea edozein izanda ere, diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntza emateko araudi bidez jasotako prozedurak bete direla egiaztatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 39. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epean.

Aplikatutako hobariak kitatzeari begira, itsas- eta aire-konpainiek eta beren agenteek ) barne hartuta erreserba-sistemak eta tarifa hobariduna zehazten, bidaiariak egindako ordainketan edo hobariaren aplikazioan edo kudeaketan esku hartu duen edozein hirugarren) lagundu eta hobariak jaso dituzten tarifa merkaturatuekin, aplikatutako hobariekin, bidaiariek egindako ordainketekin eta egindako kitapenekin lotuta eskatzen zaien dokumentazio guztia eman beharko dute.

Eginbehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluaren arabera, eta hala badagokio, zigorrak ezarri ahalko dira.

Hamar.

Organo kudeatzaileari baimena ematen zaio Kanariar Uharteetako eta Balear Uharteetako autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hirietako biztanleei zuzenduta aire- eta itsas garraioko ohiko zerbitzuen tarifetan hobariak ematea arautzen duen azaroaren 30eko 1316/2001 Errege Dekretuaren eranskinetako ereduen edukia ebazpen baten bidez aldatzeko, aireko garraioaren hobariei dagokienez. Hala ere, aurretik diruz lagundu daitezkeen merkatuak ustiatzen dituzten aire-konpainiei eta airelinea-elkarte nagusiei entzun beharko die.

Hamaika.

Itsas- eta aire-konpainiek ez dituzte ondorengoak kitatuko, eta itzuli ere ez zaizkie egingo:

a) Itsas- eta aire-garraioarekin zerikusirik ez daukaten zerbitzuak barne hartzen dituzten diruz lagundutako txartelak, bidaiariari zerbitzu horiek kobratu zaizkion edo ez kontuan hartu gabe.

b) Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiak erregistratu eta berariaz onartu ez dituen edozein motatako kontratu, itun edo hitzarmenen arabera jaulkitako diruz lagundutako txartelak.

c) Araudi aplikagarriak hobarietatik kanpo utzitako kontzeptuak, besteak beste, eskaintzak, deskontuak, sustapen edo horren pareko merkataritza-jarduerak ) diru-laguntza kalkulatu aurretik aplikatu behar dira) , baita itsas- edo aire-konpainiek merkaturatutako hautazko garraio-zerbitzuak ere.

Hamabi.

Itsas-konpainiek eskatutako kitapenak jasotzen dituen fitxategi informatikoa egiaztatzea, kaietan benetan izandako ontziratzeen zerrenda barne.

Itsas garraiorako hobariak ikuskatzeko eta kontrolatzeko prozeduraren barruan, fitxategi informatikoan jasotako ontziratzeak kaietan benetan izandako ontziratzeekin bat datozen egiaztatu beharko da.

Horretarako, kaietako agintaritzek, hilero, hobariak izan ditzaketen ibilbideei lotuta, kaietan izandako ontziratze guztien zerrenda bidaliko diote Merkataritza Nabigazioko Zuzendaritza Nagusiari.

Kai bakoitzean izandako ontziratze guztien hileroko zerrendan, epe horretan egin diren eskala guztietako ontziratzeen zerrenda zehatza jasoko da.

Ibilbide bakoitzeko ontziratzeen zerrenda horiek kaietako agintaritzek edo kasuan kasu eskumena daukaten erakundeek zuzenean bildutakoak izango dira, edo bestela, itsas konpainiek aipatutakoei elektronikoki bidalitakoak.

Merkataritza Nabigazioko Zuzendaritza Nagusiak zehaztutako epean eta moduan helaraziko dira zerrendak, baina nolanahi ere, organo eskudunak itsasontzia helmugara iritsi aurretik jaso behar ditu.

Fitxategi informatikoan ezin da benetako ontziratzeen zerrendan ez dagoen ontziratzerik jaso, akats edo omisioren bat gertatu dela frogatu ezean.

Hamahiru.

Gobernuak bidaiarien itsasoko eta aireko garraiorako hobariak aplikatu eta garatzeko arauak emango ditu.»

Azken xedapenetatik hamaikagarrena.

Erakunde aseguratzaile eta berraseguratzaileen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenaren uztailaren 14ko 20/2015 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Erakunde aseguratzaile eta berraseguratzaileen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenaren uztailaren 14ko 20/2015 Legearen azken xedapenetatik hogeita batgarrenaren 2. zenbakia, eta honela idatzita geratzen da:

«2. Dena den, hamahirugarren xedapen iragankorra eta hamaseigarren xedapen gehigarria argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

Laugarren eta hamargarren xedapen iragankorrak 2015eko irailaren 1ean jarriko dira indarrean.

Azken xedapenetatik bederatzigarrena 2016ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Azken xedapenetatik hamabigarrena indarrean jarriko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea indarrean jarri eta biharamunean.»

Azken xedapenetatik hamabigarrena.

Erantzukizun politikoei buruzko araudia aplikatuz alderdi politikoei bahitutako ondasun eta eskubideak itzultzea edo konpentsatzea.

1936-1939 bitarteko erantzukizun politikoei buruzko araudia aplikatuz bahitutako ondasun eta eskubideak alderdi politikoei itzuli edo konpentsatzeko abenduaren 15eko 43/1998 Legea aldatzen duen abenduaren 26ko 50/2007 Legean aurreikusitako eskubideen onarpena eta lege horren babespean hasitako prozeduren izapideak eta ebazpena etenda geratuko dira legeak onartzen dituen prestazioez arduratzeko aukera ematen duten baldintzak egiaztatzen diren arte. Dena dela, lehentasunezko beste jarduketa publiko batzuk finantzatu ahalko dira.

Azaldu diren baldintzak gertatzen direla egiaztatu ondoren, Gobernuak legea garatzeko erregelamendua onartuko du. Erregelamendu horrek beste epe bat ezarriko du itzuli edo konpentsatzeko eskariak aurkezteko.

Azken xedapenetatik hamahirugarrena.

Arau-erreferentziak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aipatzen denean, ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea ) bidezkoa dena) aipatu nahi direla.

Azken xedapenetatik hamalaugarrena.

Eskumen-titulua.

1. Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.artikuluko 18. zenbakian xedatutakoaren babespean egin da. Artikulu horren arabera, Estatuari eskumen esklusiboa dagokio Administrazio Publikoen araubide juridikoaren oinarriei buruz; eta horrez gain, Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 13. eta 14. zenbakien babespean egin da, horiek hurrenez hurren ekonomia-jardueraren plangintza orokorraren oinarri eta koordinazioari eta Ogasun Publiko Orokorrari buruzkoak baitira.

2. Ez da oinarrizkoa izango, eta soil-soilik Estatuaren Administrazio Orokorrari eta estatuko sektore publikoari aplikatuko zaie:

a) Atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean Estatuaren Administrazio Orokorreko kide anitzeko organoei buruzko 2. azpiatalean aurreikusita dagoena.

b) Estatuaren Administrazio Orokorrari buruzko I. tituluan aurreikusita dagoena.

c) Estatuko sektore publiko instituzionalaren antolakuntza eta funtzionamenduari buruzko II. kapituluan, estatuko erakunde publikoei buruzko III. kapituluan, administrazio-agintari independenteei buruzko IV. kapituluan, estatuko merkataritza-sozietateei buruzko V. kapituluan, Partzuergoei buruzko VI. Kapituluko 123.2 artikuluan, estatuko sektore publikoko fundazioei buruzko VII. kapituluko 128., 130., 131., 132., 133., 135. eta 136. artikuluetan eta nortasun juridikorik gabeko funtsei buruzko VIII. kapituluan ) horiek guztiak estatuko sektore publiko instituzionalaren antolakuntza eta funtzionamenduari buruzko II. titulukoak) xedatuta dagoena.

d) Ondorengoetan aurreikusita dagoena: Estatuko entitate eta erakunde publikoak egokitzeari buruzko laugarren xedapen gehigarria, erakunde publikoen zerbitzu erkideen kudeaketa konpartituari buruzko bosgarren xedapen gehigarria, baliabide propioei buruzko seigarren xedapen gehigarria, lankidetzako organo eta tresnen estatuko erregistro elektronikoari buruzko zazpigarren xedapen gehigarria, ministerio barruko eskurantzen ziozko gatazkei buruzko hamaikagarren xedapen gehigarria, Portu Agintaritzei eta Estatuko Portuei buruzko hamabigarren xedapen gehigarria, Gizarte Segurantzako entitateei buruzko hamahirugarren xedapen gehigarria, antolakuntza militarrari buruzko hamalaugarren xedapen gehigarria, langile militarrei buruzko hamabosgarren xedapen gehigarria, Gobernuaren Ordezkaritzetan integratutako lurralde-zerbitzuei buruzko hamaseigarren xedapen gehigarria, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari buruzko hamazazpigarren xedapen gehigarria, Inteligentzia Zentro Nazionalari buruzko hamazortzigarren xedapen gehigarria, Espainiako Bankuari buruzko hemeretzigarren xedapen gehigarria, eta Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari buruzko hogeigarren xedapen gehigarria.

Azken xedapenetatik hamabosgarrena.

Legearen arau-garapena.

Ministro Kontseiluari, Lehendakaritzako Ministroari eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari ahalmena ematen zaie, beren eskumenen esparruan, beharrezko arau-xedapen guztiak eman ditzaten lege hau garatzeko, baita lege honen aurreikuspenak eraginkortasunez egikaritzen eta ezartzen direla bermatuko duten neurriak hartzeko ere.

Lege hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroaren aginduz, 85. artikuluan etengabe gainbegiratzeari buruz aurreikusita dagoena garatuko da.

Azken xedapenetatik hamaseigarrena.

Lehentasunak ekitaldi ofizialetan.

Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez, Gobernuko Presidenteak hala proposatuta, ekitaldi ofizialetan konstituzio-botereen eta erakunde nazionalen ministerio-sailen eta sail horietako barne-organoen titularren lehentasunak arautuko dira.

Azken xedapenetatik hamazazpigarrena.

Arau-egokitzapenak.

1. Legea indarrean jarri eta urtebeteko epean, lege honetan aurreikusita dagoenarekin bateraezinak diren Estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako arauak lege honi egokitu beharko zaizkio.

2. Gorte Nagusiek lege hau onartu aurretik onartutako lege berezi baten bidez sortutako partzuergoak haien legeria bereziak eraenduko ditu, araudia azaldu den bezala egokitu arte.

Azken xedapenetatik hemezortzigarrena.

Indarrean jartzea.

1. Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urtebetera jarriko da indarrean, honako hau izan ezik: azken xedapenetatik bosgarrenaren 4. puntua, Konkurtsoaren uztailaren 9ko 22/2003 Legea aldatzekoa; azken xedapenetatik bederatzigarrenaren bat eta hamaika bitarteko zenbakidun puntuak, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen Testu Bategina aldatzekoak; eta azken xedapenetatik hamabigarrena, erantzukizun politikoei buruzko araudia aplikatuz alderdi politikoei bahitutako ondasun eta eskubideak itzuli edo konpentsatzekoa ) horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei eguneko epean jarriko dira indarrean) , eta azken xedapenetatik bederatzigarrenaren 12. puntua; azken hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabetera jarriko da indarrean.

2. Hala ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean honako hauek: azken xedapenetatik lehena, Ondare Nazionala arautzen duen ekainaren 16ko 23/1982 Legea aldatzekoa; azken xedapenetatik bigarrena, Aurrekontu-, tributu- eta finantzaketa-gaietako neurrien abenduaren 28ko 12/1995 Errege Lege Dekretua aldatzekoa; Konkurtsoaren uztailaren 9ko 22/2003 Legea aldatzeko azken xedapenetatik bosgarrenaren bat eta hiru bitarteko zenbakidun puntuak; azken xedapenetatik zazpigarrena, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aldatzekoa, eta azken xedapenetatik hamaikagarrena, Erakunde aseguratzaile eta berraseguratzaileen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenaren uztailaren 14ko 20/2015 Legea aldatzekoa.

3. Estatuaren 2013. urteko Aurrekontu Orokorren abenduaren 27ko 17/2012 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarria aldatzeko azken xedapenetatik hamargarrena indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean. Hala ere, Lehen zenbakiko lehen eta bigarren paragrafoek; Bigarren zenbakiak; Hirugarren zenbakiko lehen eta bigarren paragrafoek; Laugarren zenbakiak; Bosgarren zenbakiko lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren paragrafoek eta Seigarren zenbakiak 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dituzte ondorioak, eta Zazpigarren zenbakian xedatutakoa ere kontuan hartu beharko da.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 1ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

euskal legezalea