2.1 Materialaren nondik norakoak
Atal honetan proposamen zehatzak biltzen ditugu. Aurreko atalean azaldutakoa praktikan aurrera eramateko 15 jarduera prestatu ditugu. Bakoitzak testu desberdin bat —idatzizkoa, entzunezkoa edo ikus-entzunezkoa— du oinarri eta bertan egitekoa den ataza zehaztuta dago, talde txikitan elkarrekintzan gauzatu beharko dutena, hain zuzen ere.
Ariketa bakoitza honela dago osatua:
· Ataza edo eginkizuna, labur adierazia
· Testua: idatzizkoa, entzunezkoa edota ikus-entzunezkoa
· Laguntzarako euskarriak, eskatutakoa arrakastaz burutzeko testu bakoitzarekin batera, aldamiatze gisa
o Gako-hitzak. Testua ondo ulertzeko eta ikasleei haien ekoizpenean laguntzeko, talde-lanean ari direnean diskurtsoan erabiltzeko.
o 2/3 galdera ireki. Elkarrekintza bultzatzeko eta dinamizazioa errazteko. Talde bakoitzean dagoen elkarrizketa-arduradunak erabiltzeko egokiak izan daitezke.
o Esaldi-hasierak. Egindako galderei erantzuteko diskurtsoan baliatzeko pentsatuak, bai diskurtsoaren hasieran, bai diskurtsoan zehar.
o Antolatzaile eta lokailuak. Diskurtsoan azaleratutako ideiak josi eta elkarrekin erlazionatzeko.
o Esapideak eta atsotitzak. Hizkera adierazkorrerako baliabide gisa. Talde-laneko elkarrekintzak hizkuntza biziago eta adierazkorrago bat erabiltzeko abagunea eskain dezakeen neurrian, forma horiek hizkuntza hori aberasteko euskarri gisa proposatu ditugu.
· Irudikatutako elkarrizketaren prozedura eta transkripzioa
o Prozedura. Eginkizunarekin batera taldekideen rolak zehazten dira, hau da, partaideetako bakoitzak duen ardura —elkarrizketa-arduraduna, bozeramailea, bidelaguna eta idazkaria— deskribatzen da.
o Transkripzioa. Irudikatutako elkarrizketa grabatuarena, hain zuzen ere. Grabazio hori hurrengo atalean aurki daiteke.