2.2 Materiala erabiltzeko aukerak
2.2.1 Irakaslearentzat
Proposamen honek egiteko modu bat eskaintzen du, praktikara eramateko prestatu da, eta marko teorikoan azaldutako sekuentzia osoa eskaintzen du.
Irakasleak berak hainbat modutan erabil dezake:
· Testua landu ikasleekin. Lehenik testua irakurri beharko dute, ondo ulertu eta gako-hitzak identifikatu ondoren ideia nagusiak atera.
· Testua landu, elkarrizketa-eredua entzun eta ataza bete. Horretarako, aurreko urratsa burutu beharko dute lehenik, eta ondoren, ikasleek grabazioa entzun dezakete, eredu gisa proposatutakoa, alegia. Jarraian, ikasleek elkarrizketa propioa sortuko dute.
· Testua landu eta ataza burutu. Talde-laneko grabazioa entzun beharrik ez badute, irakasleari iruditzen bazaio ataza zuzenean gauzatzeko moduan daudela ikasleak, ataza zuzenean egin dezakete, eta ondoren, komeni bada, grabazioa entzun.
Azken batean, irakaslea bera da ikasleen beharrak antzemango dituena, eta hura da behar horiei erantzun egokia emateko material hau nola erabili erabakiko duena.
2.2.2 Ikaslearentzat
Proposamen honen xedea ikaslea bera azken hartzailea izatea da.
Jakin dezala, talde-lanean euskaraz ari denean baliabide batzuk egoki erabilita, gai dela bera ere antzeko testuak osatzeko. Ereduak izatea garrantzitsua da, zehazki zer eskatzen zaion jakinda, lehenik, nola erantzun dakiokeen horri entzun dezan; bigarrenik, antzeko zerbait egiteko gaitua senti dadin; eta azkenik, berak ere egin dezan taldean, elkarri lagunduz eta elkar sostengatuz.
Azken batean, norberak bere burua ahaldundua ikusten badu, izan ditzakeen beldurrak eta mugak errazago gainditu ditzake.
Ez dago sekreturik, praktikaren bidez, eginez eta ekinez, ikasten da… Ekintzaile bihurtu!