1.1 Ahozko praktikaren beharra
1.1.1 Zertarako ahozko komunikazioa?
Ezer baino lehen, eta dagokion garrantzia emateko, esplizitatu egin nahi dugu zertarako erabiltzen dugun gizakiok hitzezko eta, zehazki, ahozko komunikazioa.
Lehen-lehenik, gizaki bihurtzeko edo, bestela esanda, gure pentsatzeko gaitasuna garatzeko. Piaget-ez (1923) edo Vygotsky-z (1979) geroztik asko dira pentsamenduaren eta ahozko komunikazioaren arteko lotura defendatzen duten adituak. Are gehiago, ezaguna da gehienontzat prozesu bat hitz azaltzeko gai garenean jakin badakigula zertaz ari garen, jabetu garela eta benetan ulertzen dugula. Bestela esanda, ezagutzak hitzetan jartzeko ahalmena daukagunean, besteei dakiguna azaltzeko gai garenean, ezagutza hori barneratuta dugula ziurta dezakegu.
Bigarrenik, gizarteko kide bihurtzeko. Izakiaren sozializazio-prozesua parez pare doa hizkuntza-jabekuntzaren prozesuarekin, Martinez de Lunak (2013)[3] dioen moduan.
Haren arabera, hiztun-komunitateak bihurtzen gaitu hiztun eta, aldi berean, hizkuntzaren erabilerak edo kideekiko elkarreraginak hiztun-komunitateko parte bihurtzen gaitu, talde horrekiko atxikimendua edo kohesioa indartuz.
Alderdi horrekin lotuta, aurrerago ikusiko dugu elkarrekintza dela gakoa.
Azkenik, eta aurreko biei jarraiki, gure bizitzako helburu afektiboak, akademikoak edo profesionalak lortzeko. Alde batetik, bizikidetza, maitasuna eta afektuak adierazteko (Agirre, 2007)[4]; bestetik, irakaskuntza-aldia arrakastaz gainditzeko (Ruiz Bikandi, 2007)[5]; eta amaitzeko, edozein dela egungo lan-jarduna, ezinbestekoa delako hitzez komunikatzeko gai izatea, ahoz komunikatzeko gai izatea. Azken garaian, lan-eginkizunei lotutako mintza-abileziaren garrantzia azpimarratzen da bereziki, dela bat-bateko jardunean aritzeko trebetasunak aipatuz —hizketarako asertibotasuna edo enpatia—, dela esatari lanetan jarduteko, dela elkarlanean eta negoziazioan jarduteko.
1.1.2 Ahozkoa jardutea da
«Ezina ekinez egina» dio esaerak. Eta, gure kasuan, guztiz egingarria denari ekingo diogu, hau da, ikasleak izan ohi duen rolari erreparatuz baino gehiago jokaera desiragarriena litzatekeenari erreparatuz.
[1] Piaget, J. (1923). Le language et la pense’e chez l’enfant. Delachaux & Niestlé.
[2] Vygotsky, L. (1979). El desarrollo de los procesos psicológicos superiores. Crítica.
[3] Martínez de Luna, I. (2013). Euskara EAEko Hezkuntza Sisteman: Irakurketa Soziologikoa, in Ikasleak hiztun: 2011ko Arrue proiektua: ikerketaren emaitza (121-258 orr.). Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
[4] Agirre, A. (2007). Txokoak, negoziaketa eta bitartekaritza: gatazkak konpontzeko hainbat prozedura, Hik Hasi, (120), 16-17
[5] Ruiz Bikandi, Uri (2007). Bigarren Hizkuntzaren Jabekuntza, ikaskuntza eta irakaskuntza, Hik Hasi, (120), 10-11
1. Irudia: Ikaskuntzaren konoa. Ustez Edgar Dalek sortutako teorien gainean eraikitako piramidea. Educational media-n Wilman eta Meirhenry(1960), egokitua. Maite Goñik itzulia
Eginez ikasten da
Ikerketetatik argudio sendoak atera daitezke praktikatuz ikasten dela defendatzeko, are gehiago, helburua hizkuntza ikastea denean. Gainera, ikasle aktibatuak gehiago eta hobeto ikasten du, hura delako bere ikasketaren protagonista. Honela erakusten digu Edgar Dalek Ikaskuntzaren konoaren bidez
Konoan argi ikusten dugu esandakoak eta egindakoak hartzen duen garrantzia, entzundakoarekin alderatuz, izan ere esateak eta egiteak prozesu konplexua eskatzen dute.
Uri Ruiz Bikandik (2010)[1] hauxe dio: Hitz egiten hitz eginez ikasten da. Haren ustez, «entzuteko eta hitz egiteko prozesuak oso diferenteak izanik, ezin daiteke espero ikasleak ondo hitz egitea entzuten soilik trebatu bada. Ondo hitz egitea mintzapraktika luze eta zabalaren ondorio da: laguntzaz eta maiz hitz egin behar du ikasleak, bereziki, euskara bigarren hizkuntza duenak. Baina praktika hori ondo planifikatu behar du irakasleak: zertaz hitz egin, noiz, zein ikaslerekin eta zertarako… Ikasleek aldez aurretik jakin behar dute zertaz mintzatuko diren, beren ideiak hartara ekartzeko. Bat-batekotasunean egindako elkarrizketak zailagoak dira, eta, batez ere, berritsuenen ekarpenak sustatzen dituzte. Irakasleak gogoan izan behar du hitz egitea dela, besteak beste, galdetzea, adieraztea, kontatzea, eztabaidatzea, iritziak ematea, asmakizunak...».
Prozesu hori konplexua da guztiz, Josune Zabalak (2018)[2] aipatzen duen moduan:
«Hiztunak mintzatzean lan handia hartzen du: esan aurretik irudikatzen du esan-egintza egoera. Aurreraiki dezake une horretan gerta daitekeena ideia eta hizkuntza formulei dagokienean. Esaten duena ondo esaten duela kontrolatu behar du –hitz egitean bere helburuari lotzen ari zaiola ziurtatu—: begiratzen du esaten ari dena ulertzen dela eta solaskidearekin duen harreman mailari egokitzen zaiola, eta hala behar denean, solaskideak eman dion informaziotik egokitzen du esaten ari den hori. Egoerari eta gaiari, dagokien generoari egokitzen ari zaion ere egiaztatzen du, eta esaten duena forma zuzenez esan dela ere kontuan izaten du. Aldi berean, hurrengo ideia prestatu behar du hiztunak ondo ulertua izaten ari den aztertzen duen bitartean, solaskideari behar dituen zehaztapen eta informazio osagarriak eman beharko baitizkio hala behar izanez gero. Hartu-eman horretako egokitasunaz, koherentziaz eta zuzentasunaz gain, ahozko komunikazioan hizkuntza jariotasunak ere badu eragina. Komunikazio ona ziurtatzeko ezinbesteko baldintza da, gutxienez, faktore horiek guztiak batera kudeatzea. Eragiketa konplexu eta zail bat gauzatzen du hiztunak hitz egiteko garaian. Hitzak hitza ekartzen du».
Horri gehitu behar zaio ahozko jardunak, bat-batekoa den neurrian, berea duela errorearen tratamendu berezia, idatzizkoak ez bezala. Horrela erakutsi digute Larringanen eta Idiazabalen azterketek (2001): «Ahozkoaren bereizgarri nagusienetako bat errorearen tratamendua da. Egoera formaletan gure hitzen gaineko kontrola handiagoa den neurrian errore gutxiago egiten bada ere, ohikoa da esaldi bat modu batean esaten hasi eta beste batean bukatzea, edota esaten ari garen horretan trabatzea, edota zerbait esan nahi eta ez asmatzea».
Beste bat da erredundantzia edo errepikapena. Berriz ere Larringanek eta Idiazabalek (2001) diotenean oinarrituko gara: «ahozko gure parte-hartzeetan hitzak, kohesio-baliabideak, gorputz-mugimendu jakin batzuk, ideiak… behin eta berriro errepikatzen ditugu. Ahoz komunikatzen garenean, eragiketa kognitibo asko egiten ditugu, eta, horien artean, espontaneoki jabetzen gara esan dugunaz eta esaten ari garenaz, solaskidea komunikatzen ari zaiguna interpretatzen dugu, eta horren arabera irudikatzen dugu esan nahi dugun hori, baita esateko modua ere. Une labur-laburretan, behin eta berriz ari gara eragiketa horiek egiten. Errepikapenak, hala, laguntzen du pentsatzeko denbora hartzen, adierazi nahi den esanahia indartzen edo ulermenerako gakoak eskaintzen».
Hitz egitea entzutea ere bada
Entzute aktiboaz ari gara —elkarrekintzaren oinarrian dagoenaz— eta elkarrizketa arrakastaz gauzatuko bada, elkar entzutea ezinbestekoa da. Josune Zabalaren (2018) hitzen bidez jasoko dugu prozesuaren irudikapena:
«Hitz egitearekin batera dator entzutea. Entzundakoa ulertzea korapilatsua da, eta askotan jarduera pasiboa dela esaten dugun arren, oso da prozesu aktiboa, hizkuntzazko osagarriez gain eragile ugarik parte hartzen dutena».
[1] Ruiz Bikandi, U. (2010). Bigarren hizkuntzaren didaktika haur eta lehen hezkuntzan. Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua
[2] Zabala, J. (2018). Ahozko komunikazioa irakastea: norabide bat ahozko hizkuntzaren argitan. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.
[3] Larringan, L.M., Idiazabal, I. (2001). Ahozko hizkuntzari antza hartzeko hiru gogoeta, Euskaltzaindiaren Nazioarteko XV. Biltzarra, Bilbo. http://www.euskaltzaindia.eus/dok/ikerbilduma/70445.pdf
2. irudia: Entzumenaren mikrotrebetasunak elkarreraginean. Esnaola, I (2003)
Ahozkotasuna hezkuntzan abiatzeko gidaliburua. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua.
Funtsezko ideia da hizkuntza “belarriz” ikasten dela, inputa dela hizkuntza-gaitasunaren giltza. Esnaolarengandik (2003) jaso dugu zein diren entzumenaren mikro-trebetasunak:
Hartu dezagun lagun arteko elkarrizketa bat adibide modura. «Elkarrizketa horretan hizlaria esaten ari dena lotzen dugu lehendik dugun ezagutza guztiarekin: haren jardunak sortzen dituen hotsak, hizketaren doinuera eta erritmoa, hiztegia eta hizkuntza formulak, esaten ari denak duen zentzu soziala, eta abar. Belarriz eta begiz jasotzen dugun hori ezaguna denarekin lotzeaz gain, hautaketa bat egiten dugu mezuaren zentzua bilatzeko. Hautatzen ditugu gorputz-mugimendu esanguratsu batzuk, hitz azpimarragarrienak, isilune jakinak edo hizkuntza formula batzuk, esate baterako. Ezagun duguna eta hautatu duguna interpretatzen dugu mezu osoaren zentzua bilatzeko: ekoizpenaren mezua zein izan daitekeen iragartzen dugu, eta gure iragarpenak zuzenak edo okerrak diren ziurtatzen dugu behin eta berriz diskurtsoaren edukia eta forma jasoz, ezagutuz eta hautatuz, eta ondorioztatuz eta memorian jasoz mezua zertan datzan».
Hala ere, mintzatzea askoz zailagoa da ulertzea baino. Entzutea nagusiki inferentzia prozesua den bitartean, hitz egiteak aldi berean faktore askoren konbinazio eta kudeaketa eskatzen ditu: faktore linguistikoak, testuingurukoak eta ezagutza orokorrarenak, eta baldintzatzen duen faktore batez markatua da: diskurtsoa eraikitzeko dagoen denbora murritza. (Ruiz Bikandi, 2010)[1]
[1] Ruiz Bikandi, U. (2010). Bigarren hizkuntzaren didaktika haur eta lehen hezkuntzan. Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua.
Ikasgelan egiten dugun jardun antolaketari erreparatu behar diogu. Praktikak diosku irakasleen uste orokorra dela ikasleek ahozko hizkuntza entzunez ikasten dutela. Horregatik hitz egiten dugu horrenbeste irakasleok ikasgelan eta horregatik uzten dugu horren denbora gutxi ikasleak mintzatu daitezen. Errore handia da, noski. Entzunez entzuten ikasten da, eta agian esapideren bat memorian gorde; baina, erabiltzeko posibilitaterik ez badago ez dago ondo mintzatzerik; eta memorian gordetakoak galtzeko arrisku handia du. Bigarren hizkuntzaren teorietan esaten den bezala, inputa inportantea bada, outputik gabe ez dago hizkuntza ondo ikasterik. Beraz, hitz egiten trebatu behar da. Horretarako, eskola-saioaren programazioak ahozko denbora eta planifikazio argia izan behar du egunero.