1.6 Testu-generoak eta funtzio kognitibo-diskurtsiboak
1.6.1 Testu-generoak
Arloak lantzean testu-generoak erabiltzen ditugu; izan ere, testu guztiek ez dituzte ezaugarri berdinak, egoeren edo helburuen arabera aldatzen baitira. Bakoitzak funtzio eta bereizgarri linguistiko zehatzak eta estrategia komunikatibo ezberdinak ditu. Testuak erabilera esparruaren eta giza erabileraren arabera taldekatzen dira. Mota bakoitzeko testuek haien arteko ezaugarri orokorrak mantentzen dituzte, hortik dator testu-tipologia —Dolz-ek eta Schneuwly-k (1997) sorturikoa—.
[1] Dolz, J., Schneuwly, B. (1997). Géneros y progresión en expresión oral y escrita. Elementos de reflexión a partir de una experiencia realizada en la Suiza francófona, Textos de didáctica de la lengua y literatura, (11), 77-98
[2] Cassany, D., Luna, M., Sanz, G. (1994, 2008). Enseñar lengua. Grao. Egileak itzulia
Horretan oinarrituta, ondoko sailkapena proposatu zuen Cassany-k (1994, 2008)[2] eskolarako eta hizkuntzen alorra lantzeko.
Arloetako diskurtsoak konplexuak dira, horregatik bat garatzean funtzio kognitibo-diskurtsibo desberdinak —deskribatzea, konparatzea, kontatzea, justifikatzea...— balia daitezke, eta horietako bakoitza testu-tipologia batekin lot daiteke. Horren ondorioz, agertzen dira deskripzio-, azalpen- eta argudio-testuak, gure ikasleak hizkuntza-eskoletan ikasi eta lantzen ari diren testu-mota horiek guztiak, hain zuzen ere. Baina horrek badu konplexutasuna.
Testu-tipologiak ez dira existitzen mundu errealean (Jordi Domenech Casal, 2022). «Ez dago kalean ibiltzen den testu narratiborik, polinomiorik edo bektore-diagramarik ez dagoen bezala. Mundu errealean testu-generoak daude (gutunak, mezu elektronikoak, kazetaritza-artikuluak, farmazia-eskuorriak...), eta testu-tipologia bakar batek ere ez ditu ia inoiz osatzen. Mezu elektroniko berean gertaera batzuk kontatzen ditugu (testu narratiboa), eta, ondoren, gure ustez egin beharko litzatekeena argudiatzen dugu (argudio-testua). Eskuorri farmazeutiko batean, zati batzuek medikamentua nola prestatu eta hartu azaltzen digute (jarraibidezko testua), eta, beste batzuetan, kontraindikazio posibleak (azalpen-testua). Artikulu zientifiko batek, bere helburua betetzeko, testu-tipologia bat baino gehiago behar ditu, ordena zehatz batean».
Ondorioz, arlo bakoitzak bere mapa egin behar du, pentsatu behar du ikasleak zer esaten jakin behar duen, zein hizkuntza-baliabide beharko duen haren helburuak lortzeko; bai pentsamendurako baita hizkuntzarako ere. Xehatze horrek lagunduko digu gure ikaskuntza-prozesuak aldamiatzen, definitzen eta sistematizatzen.
[3] Domenech, J. (2022). Mueve la lengua que el cerebro te seguirá. Grao
1.6.2 Funtzio kognitibo-diskurtsiboak edo FKD
Xehatze horretan, funtzio kognitibo diskurtsiboek lagunduko digute pentsamendua eraikitzen. Honela azaltzen ditu Dalton-Puffer-ek eta Rieder Marschallinger-ek (2019)[4]: «Funtzio horiek, pentsamenduaren eta hizkuntzaren arteko interfazean daude, diskurtso akademikoa egituratzen dute, eta uste da baliabide lexiko, gramatikal eta erretorikoak ematen dizkietela ikasleei arloko ezagutzaren eraikuntzari eta komunikazioari aurre egiteko».
Bestela esanda, eduki akademikoak ikasteko prozesu kognitiboak —deskribatu, definitu, konparatu, argudiatu, ebaluatu…— patroien bidez lantzen dira, ikasgelan behin eta berriro errepikatuz, gainera zubi lana egiten dute arloko alfabetatzea eta hizkuntzaren artean; edukiak artifizialki ez bereizteko, bakoitza bere aldetik lantzea ekiditeko, eta arestian aipatutako arloaren eta hizkuntzaren arteko integrazioa egikaritzeko.
[4] Dalton-Puffer, C., Rieder Marschallinger, S. (2019). Cognitive discourse functions meet historical competences Towards an integrated pedagogy in CLIL history education, Journal of Immersion and Content Based Language Education, (7), 30-60
Prozesu kognitiboak hitzez adierazteko funtzioak. Dalton Puffer & Baur Marschallinger (2019). HUHEZIk moldatu eta itzulia.
Lehen, Jordi Domenech Casalek (2022) esandakoa, orain, Eneritz Garrok (2019) emandako beste adibide honen bidez, hobeto ikusiko dugu nola gauzatu daitekeen. Jar dezagun egin beharreko ataza dela kritikoki hautatzea energia berriztagarrien artean zein aldagai den egokiena. Horretarako hainbat funtzio erabiliko ditugu —dagokion hizkuntzaz jantzita—:
definizioa eman, zer den jakiteko
konparazioa egin mota desberdinen artean, alderdi positibo eta negatiboekin
argudiatu baten edo bestearen alde
ebaluatu, ondorio batera heltzeko…
Hori dela eta, ataza bakar hori betetzeko lau funtzio kognitibo-diskurtsibo gutxienez erabili behar izan ditugu. Baina zein dira horiek?
Dalton-Puffer-ek eta Rieder Marschallinger-ek (2019) funtzio kognitibo-diskurtsiboak kategorizatu zituzten. Ikusi ondoko taula hau.
[5] Garro, E. (2019). Jakintza arloetan hizkuntzaren lanketa ikaskuntza sakona sustatzeko. Eskola Hiztun Bila XXIIIko komunikazioa. Bilbon, 2019ko urriaren 22an. https://youtu.be/oryjmh3bSdY
1.6.3 Ikasgelan inplementatzeko moduak
Jakin badakigu, beraz, ikaskuntza arrakastatsua izan dadin ikasleek ezagutza artikulatzeko gaitasuna garatu behar dutela; izan ere, prozesu kognitiboak hizkuntzaren bidez adierazten dira, nagusiki funtzio kognitibo-diskurtsiboen bidez. Horregatik, irakasleek testuinguru aproposak eraiki eta eskaini behar dituzte ikasleek gelan funtzio horiek praktikan jar ditzaten; hau da, ikasleei gelan definizioak egiteko tarteak, argudioak emateko tarteak, laburpenak, sintesiak eta konparazioak egiteko tarteak eskaini behar zaizkie.
Amaia Lersundiren (2023)[6] ustez, irakasle-ikasle arteko elkarrekintza uneak aproposak dira, ezagutzak koeraikitzen direlako. Hala ere, prozesu horiek ez direnez automatikoki ikasten, esplizituki irakatsi behar dira. Ikasleek arazoak edo gabeziak izatea ohikoa da, beraz, irakasleen laguntza behar dute, haiek irakatsi behar diete ikasgelan, eurak izango dira eredu, eta ikasleei erakutsiko diete nola artikulatzen diren funtzio horiek.
Irakasleek argi izan behar dituzte 3 alderdi:
- funtzio kognitibo-diskurtsiboak erabili behar direla ikasgelan eta gainera modu egokian.
- zein funtzio zehatz eskatuko dien ikasleei, eta ikasleek ulertu dutela zer eskatu zaien.
- funtzio horiek nola artikulatzen diren irakatsi behar dutela.
Nola gauzatzen da praktikan? Adibide honetan ikusiko dugu elkarrekintzaren bidez nola egiten den: irakasleak galdera egiten du, ikasleak erantzun egiten du, eta ondoren irakasleak erantzun hori ebaluatzen du:
o Zenbait kasutan irakaslea erantzun hori zuzena ala okerra den esatera mugatzen da.
o Beste zenbaitetan, eta hau da guri interesatzen zaiguna, irakasleak askotariko estrategien bitartez, ikasleari bere erantzuna osatzen eta garatzen laguntzen dio.
o Galderak egitean irakasleak oso argi adierazi behar du zein den ikasleei eskatzen dien funtzioa; izan ere, batzuetan gertatzen da zerbait eskatu eta ikasleek beste zerbait ematea, esaterako, azalpena eskatu eta deskribapena eman edo definizioa eskatu eta azalpenarekin erantzun.
o Askotan erantzun horiek ontzat ematen dira irakaslearen helburua momentu horretan ikasleek ezagutza bat barneratu dutela ziurtatzea delako; baina, funtzio kognitibo-diskurtsiboez ari garenean, ezin dugu ahaztu arreta edukian ez ezik, adierazteko forman ere jarri behar dela, bi alderdietan, beraz. Esate baterako, argudio bat eskatzen badiegu, ikusi behar dugu lehenik ea argudioa emanez erantzuten duten, eta nola ematen duten, osatzeko edo hobetzeko premia badu, ikasleen erantzunak aldamiatzeko orduan estrategia bitartez lagundu diezaiegun.
Estrategietako batzuk hauek izan daitezke:
1. galdera gehiago egin erantzuna osatu dezaten, galdera irekiak eta galdera itxiak, helburuaren arabera
2. erantzuna garatzeko eskatu
3. ikasleari terminologia eskaini
4. azalpenak eman
5. erantzuna beste hitz batzuekin emateko eskatu
6. ikaslearen erantzuna birformulatu
7. eredu egokiak eskaini
8. erantzuna arrazoitzeko eskatu, edo birformulatzeko eskatu
Eta atal hau amaitzeko, berriro gogoratu behar dugu ikasleari funtzio bat eskatu aurretik, bermatu behar dugula ikasleak badakiela zein den hizkuntzarekin egin behar duen ekintza hori, eta hala ez bada, esplizituki irakatsi beharko zaiola nola egiten den.
[6] Lersundi, A. (2023). Arloetako alfabetatzearen azterketa batxilergoko diziplinarteko proiektu batean. Kasu azterketa [Doktorego tesia]. Mondragon Unibersitatea (HUHEZI).