3.  Metodologia aktiboak eta soziokonstruktibismoa

1.3  Metodologia aktiboak eta soziokonstruktibismoa

 

Ikasleak aktibatzeaz aritu gara lehenago; baina, horretarako, pedagogia aktiboak behar dira, Prince-ren (2004) esanetan: «modu orokorrean esanda, metodologia aktiboak ikasleak beren ikaskuntza-prozesuan parte hartzera behartzen dituen

irakaskuntza-metodoak dira».

 

Eremu horretan jarraituz, Michael-ek (2006) baieztatzen du metodologia aktiboak, funtzionatzeaz gain, eraginkorragoak direla irakaslearengan zentratutako ohiko modu pasiboak baino. Eta hori bermatzen duten 5 gako-ideia aipatzen ditu:

1.      Metodologia aktiboen bitartez ikasteak ekartzen du ikasleak bere esanahiak aktiboki eraikitzea.

2.      Ezagutzak ikastea —zer, ezagutza deklaratiboa— eta zerbait egiten ikastea —nola, prozedurazko ezagutza— bi prozesu desberdin dira.

3.      Ikasten diren zenbait gauza ikasi diren eremu edo testuinguru jakin horretarako bakarrik dira, eta beste batzuk, berriz, beste eremu batzuetara ere transferi daitezke.

4.      Norbanakoek gehiago ikasi ohi dute taldean bakarrik baino.

5.      Ikaskuntza esanguratsua gertatzea errazagoa da ideiak ahoz adierazten direnean, bai norbere buruari, bai kideei, eta, baita irakasleari ere. 


Gure hezkuntza-sisteman Heziberri2020k arazo-egoerak bultzatu zituen, eta indarrean dagoen curriculum berriak ikas-egoerak hartzen ditu aintzat, eremukako lana xede duenez, ahal dela diziplinartekoak izatea sustatzen du.

 

Zehatzago begiratuta, Heziberri 2020 hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoaren txostenean ez dira metodologia aktiboak aipatzen, baina konpetentzien araberako

 hezkuntzarako orientabideei buruz hitz egitean esaten da teoriarik egokienak

 konstruktibismoa eta soziokonstruktibismoa direla, ikaslea bere biziaren eta bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista moduan harturik.


Aipatzen denez, «Subjektuak bere jakintzak eraikitzen ditu, lehengo jakintzak oraingoekin lotuz» (Eusko Jaurlaritza, 2014) eta, esaten denez, horretarako ezinbestekoa da hiru dimentsiok parte hartzea: 

«1. Dimentsio soziala (S). Gainerako ikasleekiko eta irakaslearekiko harreman sozialak antolatzeko alderdiek eta irakaslearen kontrolpean egiten diren irakaskuntza-jarduerek osatzen dute dimentsio hau.

2. Dimentsio konstruktibista (K). Ikaskuntza antolatzearekin lotutako alderdiak dira. Horien bidez, ikasleak, lehendik dakienetik abiatuta, bere ezagutzak eraikitzen ditu, lehendik dituen ezagutzen eta eskuratzen dituen ezagutza berrien arteko harreman dialektikoan.

3. Dimentsio interaktiboa (I). Eskolan ikasten dena antolatzeko alderdiak dira. Horien bidez, ingurune fisiko eta sozialarekiko interakzio-egoerak moldatzen dira, ikasi beharrekoaren ezaugarriei erreparatuta. Bestela esanda, ikaskuntza ez dute diziplina barneko edukiek erabakitzen, eta bai ikasleak zer egoeratan erabiltzen dituen zereginak ebazteko jakintzak».

 

Egoera esanguratsuak behar dira; ikaslearen interesekoak, eta aktibazioa eskatuko dutenak. Vygotskyk galdera hau planteatzen zuen; ea nola eraiki behar zituen norbaitek esanahiak egitateekin eta objektuekin elkarreraginean, haiei buruzko elkarrizketarik gabe eta hizkuntzarik gabe. Besteekin eztabaidatu, hitz egin eta esanahiak negoziatzeko behar horretatik atera zen gaur egun soziokonstruktibismo gisa ezagutzen duguna, non ezagutza ez den sortzen errealitatearekiko zuzeneko esperimentazio hutsetik, baizik eta esperimentazio horri buruz beste batzuekin hitz egin eta pentsatzetik, eta baita elkarrizketa horrek eragiten duen hizkuntzaren garapenetik ere. Soziokonstruktibismoari zor diogu, beste gauza askoren artean, gaur egun eztabaidetan eta ikasgeletako talde kooperatiboetan tematuta egotea.



[1] Prince, M. (2004). «Does active learning work? A review of the research» Journal

of Engineering Education, (93-3), 223-231

[2] MICHAEL, J. (2006). Where’s the evidence that active learning works?,  Advances in  Physiology Education, (30), 159-167  https://journals.physiology.org/doi/full/10.1152/advan.00053.2006

[3] Eusko jaurlaritza (2014). Heziberri 2020. Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa. Eusko Jaurlaritza.

http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/heziberri_2020/eu_heziberr/adjuntos/Heziberri_2020_e.pdf