1.8 Hizkera adierazkorra
Lan honetan hizkuntza akademikoaz aritu gara nagusiki, baina agerikoa da eskolako bizitzan, ikasgelako harreman sozialean hizkuntzak ere baduela bere tokia, garrantzitsua gainera; irakaskuntza-ikaskuntzako ohiko harremanetan, eguneroko bizitzan errepikatzen diren errutinetan, ikasleen lagunarteko joan-etorrietan eta liskarretan, eta nola ez, lan kooperatiboan ari direnean. Horretarako behar dute harremanetarako hizkuntza, pertsona arteko hizkuntza, lagun arteko hizkuntza, informalagoa eta biziagoa.
Adierazkortasunaren alor honetan ikasleen euskara hanka-motz gelditzen da sarri askotan. Gaitasun hori hobetzeko hizketan aritzeaz gain, adierazkortasuna aberasteko hainbat forma eta esapidez janztea eta osatzea komeni da. Lekuan lekuko forma batzuek indar gehiago izango dute beste batzuek baino, baina inportantea da hizkera informal orokorrago batekin batera, ingurune horretan esanguratsua dena antzematea, konturatzea zein hizkuntza egitura, zein hiztegi, zein forma diren adierazkortasun hori areagotzeko lagundu dezaketenak eta, horrekin batera, ereduak ematea. Ondoren, era sistematikoan erabiltzeko abaguneak baliatu beharko ditugu, tartean talde txikietan ari direneko une eta gune horiek.
Arestian aipatutako Prozeduren eta jarreren artxiboan, Hizkuntza formak[1] —2. eranskina— adibide egokia izan daiteke, lehen saiakera modura hartuta. Dokumentu horretan euskarazko hainbat formula eta esapide eskaintzen dira. Adibide solteak besterik ez dira, alfabetikoki ordenatuak. Bakoitza, jakina, testuinguru egokian kokatu beharko litzateke, bere esanahia ongi ulertzeko eta gero praktikatu ahal izateko. Horrekin batera, osagarri gisa, hainbat atsotitz ere agertzen dira, horiek ere erabilgarri baitira hizkuntzari adierazkortasuna emateko.
[1] Eusko jaurlaritza (2017). Oinarrizko zehar-konpetentziak eskuratzeko prozeduren eta jarreren artxiboa. Eusko Jaurlaritza. https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/inn_doc_comp_basicas/eu_def/adjuntos/competencias/oinarrizko_zehar-konpetentziak_eskuratzeko_prozeduren_eta_jarreren_artxiboa.pdf