1.2 Elkarrekintzaren garrantzia: elkarrizketa eskatzen duen prozesua
Vygotskyri (1979) zor diogu ezagutza sozialki eta hizkuntzaren bidez eraikitzen delako ideia, haren ustez, hezkuntza arautuaren kasuan, prozesu hori ikasgelan gauzatzen da etengabe. Ondorioz, eraikuntza hori aberastuko duten elkarrekintza ereduak pentsatzea eta sortzea lehentasun bilakatzen da irakaslearen jardunean.
Uri Ruiz Bikandik (2016) ideia horretan sakontzen du: «Elkarrekintza da gakoa. Elkarrekintza delako pentsamendua garatzeko bidea, baldin eta gaia interesekoa bada hiztunentzat. Taldearen eztabaidan, elkarrizketan, elkarrekintzan eraiki eta osatzen doalako hiztuna bere funtzio kognitiboa».
1.2.1 Elkarrizketa, hizkuntzaren ikaskuntza bide nagusia
Uri Ruiz Bikandiren (2010) ideiekin jarraituko dugu. Elkarrizketa hizkuntzaz jabetzeko esparru naturala izanik –lehena eta bizitza guztikoa–, hartaz hausnarketa egitea derrigorrezko lana dugu ahozko hizkuntzaz ari garenez gero. Ildo horri tiraka ondoko gogoetak hartuko ditugu kontuan:
1. Elkarrizketa da ahozko trebakuntzarako oinarria. Bigarren hizkuntzaren
inguruko ikerketek diotenez (Larsen Freeman & Long, 1994) hizkuntzan trebeak diren hiztunekiko elkarrizketak dira hiztun berriaren adierazpidea sendotzeko giltza. Elkarrizketa horietan, ikaslearentzat interesgarri den gai baten inguruan, trebe denak –irakasleak, gure kasuan– egiten dituen elkarrizketaren egokitzapenak dira bigarren hizkuntza ikasten ari denaren aurrerapenerako kanpoko faktorerik garrantzitsuenak, haiek laguntzen baitiote hiztun berriari bere adierazpidea zabaltzen, zehazten, zorrozten eta hobetzen.
2. Eskolako bizimodua eta irakaskuntza, neurri handi batean, elkarrizketen bidez bideratzen da. Ikerketek erakutsi dutenez, ikaskuntza-prozesu
nagusiak intersubjektibitatearen magalean sortzen dira, hau da, pertsonen arteko elkarrekintzan, elkarrizketan.
Ondo adierazteak eskatzen duen ahalegina egin nahi izateko, giltza da esan beharrekoa ikaslearen interesekoa izatea –ikasi edo esperimentatu, bizi edo sentitu duenaren gainean hitz egitea, alegia– eta, hortaz, aukera eman behar zaio bere ezagutza modu zabalean adierazteko.
Elkarrekin ikasi edo eztabaidatu, aztertu eta analizatutakoak aukera ezin hobea emango die ikasleei elkarrizketaren bidez pentsamenduan aurrerapausoak emateko, eta, aldi berean, pentsamenduaren adierazpena zorrozteko.
3. Talde handietan egiten den elkarrizketa ez da nahikoa. Halakoetan ume gutxi batzuek hitz egiten dute; baina, sekula ezer esaten ez duen ume multzo bat izaten da ikasgeletan: mantso hitz egiten dutenak, segurtasun urria daukatenak, lotsatienak direnak edota bigarren hizkuntzan adierazteko trakets sentitzen direnak. Ume horiek ondo identifikaturik izan behar ditu irakasleak, eta haientzat eta haiekiko planifikatu ikasgelako jarduna, batez ere trebatuz konfiantza hartu dezaten.
1.2.2 Ikasgelan trebatzea, une eta gune seguruetan ahalduntzeko espazioa
Ikasgelan, hain zuzen ere, Welles-ek (2006)[5] dioenez, irakaslearen hezkuntza praktika da baldintza garrantzitsuenetariko bat, haren ekintzak eta diskurtsoak erabakigarriak direlako. Alegia, irakaslearen egiteko modua ezberdina bada, oinarrizko jarduera batek ikaskuntza aukera ezberdinak eskainiko ditu. Hori onartzeak ondorengo gogoeta sortzen du. Jarduera bat, bere horretan, aproposa izan daiteke, baina jarduera horren bueltan egiten denak erabakiko du ikaskuntza prozesurako emankorra suertatzen den ala ez. Ondorioz, fokua irakaslearengan bakarrik edota ikaslearengan bakarrik jarri ordez, begirada globala eskatuko luke, ikasgelan elkarrekin sortzen diren elkarrekintza testuinguru guztiak aztertzea.
Ildo horretatik, ikasleari hitza ematea premisa bat da; ez bakarra, ordea. Egia da irakasleak, tradizioz, hitza monopolizatu izan duela eta horrek aukerak mugatu dizkiola ikasleari, Fisher-en (2013) arabera, ikasleak ez baititu bost hitz baino gehiagoko hitz-hartzeak egiten normalean. Dena den, ikasleei hitza ematea edo haiek taldetan jartzea ez da nahikoa; elkarrekin hitz egiten ere ikasi egin behar da, horrela bakarrik lortuko baita ikasgelan ezagutza komunen eraikuntza partekatua garatzea. Ikerketako (Galarraga, 2018) emaitzek erakutsi duten bezala, kantitatea baino kalitatea da esanguratsuagoa; helburua ez baita hitz-hartze kopurua handitzea —edo ez hori bakarrik, bederen—, diskurtso horiek luzatzea eta sakontzea baizik.
Bide horretan, ikasgelan ezagutzak elkarrekin eraikitzeko funtsezkoa izango da elkar ulertzea; eta horretarako elkarrekin pentsatzea, alegia, arrazoiketa kolektiboa sustatzea Mercer-ek (2016)[8] azaltzen duen moduan. Ideia horren sustraietan legoke interthinking terminoa, azpimarratuz elkarrekin pentsatzeko abileziak eramango duela norbera modu autonomoan pentsatzera. Elkarrekin pentsatze hori, baina, eskolan berariaz lantzea funtsezkoa da, langai diren arloak edozein izanda ere. Jakintza arloko edukiekin batera, beraz, jarduera espezifikoak proposa daitezke elkarrizketa mota hori sustatzeko; ikasleei hitz egiten, entzuten eta pentsatzen laguntzeko.
Gure kasuan, lan honetan, talde txikietan arituz ideiak partekatu eta eztabaidatzea, elkarri laguntzea bilatuko dugu. Horrela, mikroegoeretan lan eginez, egoera zabalagoetan parte hartzeko gaituago egongo dira gure ikasleak.
[1] Vygotsky, L. (1979). El desarrollo de los procesos psicológicos superiores. Crítica.
[2] Ruiz Bikandi, U. (2016). «Ikasgelan nola egin lan euskara H2 duten ikasleek euskarazko gaitasun egokia gara dezaten?», Eskola Hiztun Bila XXko komunikazioa. Leioan, 2016ko urriaren 26an. https://youtu.be/FB3wQ52cmFI?list=PLkUMzTv35Btj2NNC3d6DBITO1j2DZbujM
[3] Ruiz Bikandi, U. (2010). Bigarren hizkuntzaren didaktika haur eta lehen hezkuntzan. Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua.
[4] Larsen-Freeman, D., Long, M. (1994). Introduccion al estudio de la adquisicion de segundas lenguas. Gredos.
[5] Wells, G. (2006). De la adivinación a la predicción: discurso progresivo en la enseñanza y el aprendizaje de la ciencia, in Coll, C., Edwards, D. (Ed.), Enseñanza, aprendizaje y discurso en el aula: Aproximaciones al estudio del discurso educacional (75-97 orr.). Fundación Infancia y Aprendizaje.
[6] Fisher, R. (2013). Diálogo creativo: Hablar para pensar en el aula. Ediciones Morata.
[7] Galarraga, H. (2018). Literaturaren ikas-irakaskuntzan aurrera egiteko album ilustratuek eta ikasgelako elkarrekintzek eskaintzen dituzten aukerak [Doktorego tesia]. Mondragon Unibersitatea (HUHEZI).
[8] Mercer, N. (2016). La importancia educativa de habla, in Mercer, N., Hargreaves, L., Garcia, R. (Ed.) Aprendizaje e interacciones en el aula (15-36 orr.). Hipatia.