Nerearen istorioa

Txikitan, bi urte baino ez nituela, gurasoekin eta neba Aitorrekin oporretara joan nintzen Menorcara. Nire lehenengo oporrak ziren etxetik kanpo. Aitak, den-dena grabatzeko, bideokamera digital zoragarria erosi zuen.

Gure apartamentua bigarren solairuan zegoen; ez zen oso handia, baina terraza ederra zuen; hortik igerilekua ikus genezake.Heldu ginen egun berean, Aitor eta biok aitarekin jaitsi ginen igerilekura, aita, bideokamera hartu, eta gu grabatzen hasi zen; ama, bitartean, terrazan zegoen guri begira. Aitak ama grabatu zuen guri agur esaten eskuaz; gero gu biok, Aitor igeriketan, saltoka, baloiarekin… Nik ez nekien oraindik igeri egiten; beraz, etzaulkian grabatu ninduen, jolasean edo nire kapelatxo arrosa berria kendu nahian... Amaitu zuenean, pozik eta lasai eseri zen grabatutakoa ikusteko.

Aitor, uretako betaurrekoak hartuta, uretara abiatu zen, eta ni haren atzetik; eta zast!, uretara erori nintzen. Aita, pentsatu gabe, uretan murgildu zen, eta ni harrapatu ninduen, baina ez zen konturatu eskuan bideokamera zeramala. Uretatik irten ginenean, ni oso pozik nengoen, jolasean ari ginela pentsatu bainuen. Aita ere pozik, ni ondo nengoela ikusita.

Egia esan, ni ez naiz oroitzen; gainera, opor haietako argazkirik ez daukagu; baina, etxean, hamaika aldiz entzun dut pasadizo hori.