Nekazaritza

           Baserri gabeko nekazari berriak

   

    Euskal Herriko toki askotan nekazari mota berri bat jaio da; hori bai, baserri gabekoa. Ez al duzue ezagutzen, behin erretiroa hartuta tokiko udalaren eskaintzari heldu eta ortu ekologikoa lantzera prestatu dena? Horietako bat da nire aita. Eta aitortu behar dut zaletasunean daraman denborarako nahiko txukun ari dela, eta aurreneko ortuariak etxeratu ditu dagoeneko. Hura oso harro dago emaitzarekin.

    Eredua ez da gure artean bakarrik sortu, beste herrialde askotan ere aspaldi ari dira antzerako bideetatik. Zergatik sortu da nekazari klase berri hori? Zer esanik ez, kasu batzuetan baserrian bertan egon daitezke fenomenoaren sustraiak; hau da, iraganean baserri giroan hazitako gizon-emakumeak ditugu protagonistak. Eta orain, asti gehiago dutelarik, baserri gabeko nekazaritzara itzuli dira, zaletasun aspaldi  ikasia baita. Baina badira beste asko, nire aita bezala, aitzur bat zer zen ozta-ozta zekiena, eta baratzeko esperientzia berrian bideratu nahi izan ditu bere energiak.

    Niri ideia ederra iruditzen zait. Udal-laguntza txiki bati esker, herriaren kanpoaldean prestatu diren soro-partzeletan, goizero hamaika gizon-emakume ikus daitezke, guztientzat amankomunean dituzten pala, eskuera, aitzur, aizkora, ureztaontzi eta abar luze lanabes eskuan, bakoitzak bere lurzatiari ahalik eta etekinik hoberena ateratzeko ahaleginetan.

     Gu bizi garen herri txiki batean lur-eskaintza egitea samurragoa da hiri handietan baino. Baina, bada beste aukera bat, hirietan gero eta gehiago zabaltzen ari dena: terrazak. Eta, dirudienez, ugaltzen ari dira terrazetako baratzeak.

     Laburbilduz, edozein tokitan ekin dakioke nekazaritza-lanari. Borondatea eta ilusioa bakarrik behar dira. Eta, nire aitaren kasuan bezala etxera sorta bat letxuga, tipula, leka, ilar eta abar hartuta itzultzen bada, arrakasta ziurtatuta dago. Animo!

Iturria: GALDOS, Aintzane, Baserri gabeko nekazari berriak (moldatua) in  http://gaztea.euskonews.com//0607zbk/gaia60712.htm

                                                            Hiztegia