Irakurri ipuina

                                                                             Guardasolaren gizona

                                                   

    Atzo, ama eta biok Londresera joan ginen dentistarenera. Harekikoak amaiturik, kafetegi batera jo genuen, baina kanpora irten ginenerako euria goian behean zen. Eta guk babestekorik ez, eta taxi guzti-guztiak beterik. Espaloian ez aurrera ez atzera geundela, gizon bitxi bat hurreratu zitzaigun: adinekoa, txikia, guardasolarekin. Kapela erantzirik, esan zigun: "Barkatu. Ni, zera..., mesedetxo bat eskatzera natorkizue".

    Hasiera batean, ama mesfidati egon zen. Baina ikusirik gizona adeitsua zela, ongi jantzia eta, batik bat, oinetako apain-distiratsuak zeramatzala, abegitsuago agertu zitzaion. Euri artean, zain. Agureak, orduan, esan zigun diru-zorroa etxean ahantzia zuela, baina ez zebilela inondik ere diru eske. Aitzitk, guardasola eskaini nahi izan zigun hamar libera eskasen truke. "Nekatuta nago eta diru horrekin taxiz itzul ninteke etxera".

    Gizonak, artean, ez zuen amaren konfiantza osoa bereganatua, eta, beharbada, horregatik hurbildu zigun aterkia. Zetazkoa zen eta inondik ere hamar libera baino gehiago balio zuen. Bien bitartean, zarra-zarra, gogotik ari zuen euria eta, beharbada, ni gero eta bustiago ikusi ninduelako, ama poltsa miatzen hasi zen. Luze gabe, hamar liberako billete bat atera, eta gizonari eskaini zion. Biok ere oihalpean estu-estu aterpetu ginen eta gizonak eskerrak emanez alde egin zuen.

    Guardasolpean, gizonari begirik kendu gabe, zer pentsa geratu ginen. Berezko dotorezia zuen, baita ibileran ere, eta pentsatu genuen seguruenik tituluren baten jabe izango zela, Sir Harry Goldsworthy edo antzeko zerbait. Eta gizonak astiro zeharkatu zuen kalea, baina gero lasterka egiteari ekin zion, haren adinari ez zegokion azkartasunez, eta ez zuen taxirik hartzeko inongo zirkinik ere egin. "Gizon honek zerbait darabil", xuxurlatu zidan amak, eta, berehala, eskutik helduta, atzetik joan gintzaizkion.

    Baldin eta gu lasterka bizian abiatu ez bagina, erbiak hanka artetik bezala alde egingo zigun. kapela-hegaletik ura turrustan jausten zitzaion, baina gu, behinik behin, aski lehor gindoazen zetazko guardasol ederraren azpian. "Eta itzultzen bada eta ikusten bagaitu?", galdegin nion amari. "Ez dit axola", hark erantzun, "nekatua zegoela esan digu, taxia hartu behar zuela, eta horra... Iruzurgile hutsa da". Lehenago heziera oneko zalduntzat jo genuela gaineratzekotan nintzela, gizona ezustean desagertu zen gure begien bistatik.

    Alabaina, ingurumari hartan taberna bat zegoen, eta guri han sartuko zela iruditu zitzaigun. Hurreratu ginen, noski, eta Lehoi gorria izena irakurri nuen. Leiho alboan kukutu ginen, hantxe begiztatu genuen, barrara inguratua, zerbitzariari whiski bat eskatzen. Hirukoitza, gutxienez. Eta, gure billetearekin ordaindurik, begi-kliska batean eztarriratu ez zuen, bada! Ama sumindu egin zen, baina isilean jarraitu zuen eszena, zeren ordurako gizona aterako bidean baitzetorren, berezko dotoreziarekin, guregana!

    Eta agurea badator, astiro, gurea ez bezalako lasaitasunarekin, eta hara non...

                                                   Iturria: ZUBIZARRETA, Patxi, 50, Txalaparta, Tafalla, 2014. (moldatua)