ETXEA PROIEKTUA
HASIERA
Zergaitia. Justifikazioa.
Site honen sorrera eta zergaitia teknologiak ikasgaiko bi lankideen artean sortutako eztabaidetan oinarritzen da. Kezka nagusia proiektuak eraikitzeak eramaten duen denbora zen alde batetik, eta bestetik ebaluazio batetik bestera proiektuak pilatzen zitzaizkigun eta gordetzeko genuen arazoa zen. Hau da, denbora eta espazioa:
Denbora: gure ikasgaiak proiektuetan oinarritutako metodologia jarraitzen du, arazo bati nola aurre egin behar zaion pentsatu, informazioa batu, egon daitezkeen emaitzen artean aukeratu, lana planifikatu, eraiki, frogatu, txukundu, aurkeztu eta gainera ezagupen batzuk jaso behar ditu ikasleak. Hiru ebaluazio ditugu maila bakoitzeko edukiak eman eta praktikoki gauzatzeko.
Espazioa: talde bakoitzak egiten ari duena, eraikuntza prozesuan, nonbaiten gorde eta salbu egon behar da, horrek espazio arazoak sortzen ditu. (Gu ez gara ikasleek eraikuntza etxera eramatearen aldekoak).
Arazoa hau izanda, bururatu zitzaigun kurtso osorako eraikuntza edo proiektu bakar bat egitea hiru fase desberdinekin, bakoitza ebaluazio baten ematen diren edukietara oinarrituta. Honela, ikasturtean zehar ez lirateke eraikuntzak pilatuko eta bestetik, ez litzateke zerotik hasi behar izango baizik eta eraikitakoaren gainean behar diren moldaketa eta erantsiak jarri (azken honek materialean aurrezpen bat dakar ere bai).
Aukeratu dugun proiektuari ETXEA deitu diogu eta 3.DBHrako zuzenduta dago. Hiru atal nagusi ditu, eta honela izendatu ditugu: ERAIKINA, INSTALAZIO ELEKTRIKOA, ATE IRRISTAKORRA. Atal bakoitza ebaluazio bati egokitzen zaio eta denbora tarte horretan teorikoki azaltzen denak bere gauzatze praktikoa du. Ondorengo taularen bitartez, fase bakoitzean lantzen diren gai nagusienak adierazten dira. Geroago, fase edo atal bakoitza banan banan azaltzen dugunean, gehiago sakonduko da bakoitzean.
Borobil gorriz inguratuta ebaluazio bakoitzeko erreferentzia gaiak.
Ondorengo bideo eta argazkietan ikusten duzue zer lortu dugun. Hurrengo orrietan nola burutu dugun azaltzen dizuegu: