Artea

ESKUAK LANPETUTA EDUKI... gauza zoragarriak lortuko dituzue!

Besarkada bat bidali

Ideia hau maite ditugunei eta une honetan urrun daudenei besarkada bat bidaltzeko aukera bat da. Ziur hartzaileei animoak emango dizkiela!

Horretarako, paper luze zuri bat erabiliko dugu, eta lurrean jarriko dugu. Ondoren, ahoz gora jarriko gara besoak zabalik, eta norbaiti eskatuko diogu laguntza gure silueta markatzeko. Behin hori eginda, gure irudia osatu dezakegu nahi dugun bezala: errotuladoreekin, margoekin, tenperekin, paper edo oihal zatitxoekin, artileekin... Utzi irudimena loratzen! Bukatutakoan, silueta moztu eta besoak tolestu. Mezu bat ere idatzi dezakezue! Aukera paregabea dugu, beraz, gorputz atalak lantzeko, motrizitatea garatzeko, sormena pizteko, emozioak adierazteko, irakurketa-idazketa prozesuan murgiltzeko...

Maskarak

Aurpegien ezaugarriak esploratzeko asmoz... Zergatik ez autorretratu bat egin? Edo beste norbaiten erretratua? Edo agian nahiago asmatutako aurpegi bat sortzea, artista famatuen antzera?

Beharko dugun materiala honako hau izango da, gutxienez:

  • Kartoia: lodiera desberdinetakoa izan daiteke, baita izurtua ere. (kartulinarekin ere egin daiteke baina kontuan izan behar dugu ez dugula 3D efektua lortuko)

  • Artaziak

  • Kola zuria

  • Errotuladoreak, argizariak, margoak, tenperak...

  • Errotuladore iraunkor beltz bat (hautazkoa da, baina lagungarria izan daiteke ingeradak nabarmentzeko)

  • Bestelako apaingarriak egiteko nahi dugun materiala (lumak, artilea...)

Prozedura: Lehenengo eta behin, aurpegiaren tamaina eta forma definitu beharko dugu. Behin silueta moztuta, aurpegiaren atalak marraztu eta margotuko ditugu kartoi zati desberdinetan. Kartoi zatiak pilatu ditzakegu bolumena emateko eta, horrela, atalen bat nabarmentzeko. Atal guztiak ditugunean, aurpegiaren muntaia egingo dugu. Jolastu aukera desberdinekin! Eta konforme gaudenean, itsatsi. Azkenengo ukituak eman eta nahi beste xehetasunak gaineratu.

(birziklatutako materialekin)