Orokortasunak

ZEHARKAKO PROIEKTUA

Gizartean geroz eta ohikoagoak dira arrazakeriari eta xenofobiari lotutako diskurtsoak. Estatuek aplikatutako migrazio politikak geroz eta estuagoak dira, laguntza humanitarioari ematen zaion aurrekontuaren ehunekoa geroz eta txikiagoa da eta ekintzaile pribatuek beren kabuz eman nahi duten laguntzari geroz eta oztopo gehiago jartzen zaizkio.


Horrek guztiak isla zuzena izan du gure ikastolan ere: ikasleen artean entzun eta ikusi dira atzerritarrekiko edota bertan jaioak izan eta familia atzerritarra duten pertsonekiko aipamen desegokiak, haiei ematen zaizkien diru-laguntzen aurkako jarrerak edota fake news delako horien sinesmen erabatekoa. Ondorioz, migrazioen gaiak ohi baino lanketa sakonagoa behar zuela erabaki zen.


Lanketa horrek luzeagoa behar zuen denboran, azken batean saio gutxi batzuk ez dira nahiko arazo honen muinean dauden alderdi guztiak aberastasun minimo batekin lantzeko. Denboraz gain, ordea, zein ikasgaitan helduko zitzaion gaiari ere hausnartu genuen. Normalean etika edo gizarten lantzen diren gaiak izan arren, ahalik eta ikasgai gehienetik heltzea erabaki zen, zeharkako ikuspegi orokorra eskainiz.


Ikasturte osorako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailarako antolatutako proiektua da honakoa, 10 ikasgaitan isla edukiko duena.



KONPETENTZIAK OINARRI

Proiektu honek iraun bitarte garatzen diren prozesuek, sortzen diren produktuek nahiz amaieran produktu horiekin egingo den erakusketak konpetentziak lantzea dute helburu. Ikasgai bakoitzak dagokion oinarrizko konpetentzia zehatza landuko du. Horrez gain, ikasgai guztien artean landuko dira zeharkako bost konpetentziak. Hona hemen, zehazki, ikasleengan ikusi nahi den emaitza:


  • OK8: Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia: ikasleek informazio iturri ezberdinak trebetasunez eta modu egokian erabiltzea lortu nahi dugu, fake news delakoak identifikatu eta alboratuz, iritzi kritikoa garatuz eta ezagutzen dituzten hizkuntza guztiei dagokien balioa emanez.


  • OK9: Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia: ikasleak eskainitako materialetatik ikasteko estrategia desberdinak barneratzea nahi dugu, emandako lana planifikatu eta ezagutza berriak aplikatzeko gai izanez eta bere kabuz erabakiak hartzeko gai izanez.


  • OK10: Elkarbizitzarako konpetentzia: ikasleek beren pentsamendu, sentimendu eta nahiez ohartu, eta horiek modu asertiboan plazaratzea nahi dugu, besteenak errespetuz entzunez, gatazka egonez gero adostasunera iristen saiatuz, eta gelakideez arduratuz.


  • OK11: Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia: proiektu honen bitartez, kasleek inguruko aukerak aztertzea eta proiektu, ikerketa eta ekintza bideragarriak planifikatzea eta proposatzea nahi dugu. Horretarako, eskura dituen elementuak eta baliabideak aurreikustea, zehaztea eta hautatzea nahi dugu, egunerokotasunean denbora aprobetxatuz eta taldearen kohesio eta dinamizazioan lagunduz.


  • OK12: Norbera izaten ikasteko konpetentzia: konfidantzaz jarduten duten ikasleak izatea nahi dugu, lanarekiko jarrera arduratsua erakutsiz eta ekoizpenen itxura estetikoa zainduz.

ELKARLANA

Proiektu hau ez litzateke aurrera aterako hainbat parte-hartzaile edota laguntzailek gurekin bat egingo ez balu.

Esker bereziak hauei guztiei:

  • JRS Europe erakundearen JRS Change proiektuko materialak Alboan Fundazioaren bitartez. Esker mila gai hau jorratzeko prestatutako materialak gure esku jartzeagatik eta erraztasun guztiak emateagatik hauek aplikatzeko, zalantzak galdetzeko eta migratzaile talde batekin topaketa antolatzeko.

  • Zaporeak elkartea. Eskerrik asko, zuek antolatutako kanpainan parte hartzeko epea apur bat luzatzeagatik.

  • Vital fundazioa. Proiektu honen amaierako erakusketa ibiltaria antolatzeko diru-laguntza onartu digu. Mila esker.

  • Amets Arzallus. Miñan liburu zoragarria idatzi izanagatik eta gure ikastolara etortzeko erraztasun guztiak emateagatik.

  • Ikasleak. Zuen parte-hartze eta inplikaziorik gabe, proiektu honek ez du izateko arrazoirik. Esker mila!

  • Familiak. Esker mila bide honetan gurekin bat egin, eta gure konplize izateagatik, etxean ere gaia jorratuz.

  • Irakasleak. Esker mila abentura honetan birritan pentsatu gabe sartu izanagatik eta lan itzela garatu izanagatik, zuen betebeharretik harago beti.

"Helburuak lortzea polita da; are politagoa helburu horiek elkarrekin lortzen ditugunean".