Sarrera
2014-2015 ikasturtea berezia izango da gure ikastolan. Martxan ipiniko diren ekimen berri guztien artean batek bereziki eragin zuzena izango du Teknologiako ikasgaian. Izan ere, ikasturte honetan abian ipiniko da Jakintza ikastolako KOOLABORATEGI berria. Ez dakizula zer eta zertarako den gela berri hau? Teknoko gela berria izan behar dela entzun duzula? Makina berri piloa edukiko dituela esan dizutela? Bada hori guztia eta gehiago da oraindik gure KOOLABORATEGIA!
KOOLABORATEGIA gaur egun geroz eta ezagunagoa egiten ari diren MAKERSPACE edo FABLAB izenez ezagutzen diren espazio berri bat da. Kontzeptu bi horien arteko desberdintasunak oso garbi ez badaude ere, lehenengoaren ezaugarriak bigarrenarenak baino zabalagoak dira eta gure KOOLABORATEGIA martxan jarri nahi den filosofiarekin harreman estuagoa gordetzen du. Hori esanda, ukaezina da ere espazio berri horren "izarrak" bertan egongo diren FABRIKAZIO DIGITALERAKO makina berriak direla. Hauen artean aipagarrienak 3D inprimagailuak, laser-ebakigailua eta fresatzeko-makina dira.
Esan beharrik ez dago tresna berri hauek guztiak Jakintzako ikasleek erabil ditzazuen ekarri direla ikastolara. Ikastola gutxitan aurkituko duzue horrelako punta-puntako teknologia, are gutxiago oraindik, erabat libre, zuen esku nahi duzuenean erabili ahal izateko aukerarekin.
Baina hauei etekina atera nahi badiezue, lehenik eta behin makina hauek "elikatzen" ikasi beharra daukazue. Izan ere, makina hauen funtzionamendua orain arte esku artean izan dituzuen erremintekiko oso desberdina da. Orain arte, zuek zineten, batzuetan erremintak eta beste batzuetan materiala bera, eskuz gidatzen zenutenak zuen lanak burutu nahi zenituztenean. Makina hauen kasuan, bai tresna baita materiala bera ere ezingo duzue ukitu, fabrikazio prozesu guztia automatizatua izango baita. Makina hauek aurretik diseinatuta egon behar diren fitxategi digitaletan jasotzen den informazioaren arabera funtzionatzen dute. Horrek esan nahi du, aurretik egindako diseinu egoki eta zehatz bat erabili gabe, makina hauek ez direla gai ezertxo ere egiteko. Orain arte eskuzko zerra eta mailua erabiltzen zenuten artisauak zineten; orain laser-ebakigailua erabiltzera pasa behar zareten artisau digitaletan birziklatu beharko zarete.
Makina bakoitzak fabrika ditzakeen piezen ezaugarriak (materiala, dimentsioak, neurriak, abiadura...) oso desberdinak badira ere, guztiek bi multzo nagusitan bana daitezkeen fitxategi digital desberdinekin funtzionatzen dute: bi dimentsiotako (2D) irudi-fitxategiak edo hiru dimentsiotako (3D) irudi-fitxategiak.
Sekuentzia honetako lehenengo zatian ordenagailuz lagunduriko 2D diseinuak (CAD diseinuak eta irudi bektorialak) egiten ikasiko duzu. Horretarako INKSCAPE eta LIBRECAD izeneko software askeko bi aplikazioekin trebatuko zara. Poliki-poliki konturatuko zaren bezala, CAD diseinuaren oinarriak menperatu gabe, ezinezkoa izango duzu DBHko etapa osoko Teknologiako arloan burutuko ditugun proiektuak gauzatu. Teknologia digitalarekin lan egiteko, CAD diseinua menperatzea ezinbesteko baldintza da!
Sekuentziaren lehen zatiaren helburu eta konpetentziak behar bezala barneratu dituzula egiaztatzeko, sekuentziaren azkeneko jardueran horiek guztiak transferitzeko erronka txiki bat ipini zaizue. Hementxe azpian honen deskribapen orokorra:
Zuen taldeak ikasturte honetako klaseetan erabiliko duen Teknonologirako erreminta-kutxa (TRQ) fabrikatuko duzue, kutxa hau eraikitzeko erabiliko dituzuen pieza guztiak ordenagailuz lagundurik diseinatuta eta laser-ebakigailuaren edo fresatzeko-makinaren bitartez moztuta egon beharko direlarik.
Ataza honen helburua, dena den, ez da bakarrik PRODUKTU BAT fabrikatzea. ZER egin behar duzuen jakiteaz gain, NOLA egin edo NOLAKOA izango den erabakitzea derrigorrezkoa izango da. Badakizue, jadanik behin baino gehiagotan entzun duzuelako hau, ekoiztu behar dituzuen produktuak edo arazoei eman behar dizkiezuen irtenbideak originalak izaten saiatu behar zaretela. Berrikuntzaren kultura ulertu eta barneratzea ere bada ikasgai honen (eta ikastolan burutzen dituzuen ekintza guztien) helburu nagusi bat. Zuen produktua ZUENA egitea da kontua, beste taldeek ekoiztu dutenarekiko desberdina eta ahal bada horiek ez duten balio erantsi bat izango duena. Eta horretarako derrigorrezkoak izango dira bi gauza:
Ekoizpen prozesuari produktuari bezain besteko garrantzia (edo gehiago) ematea.
Zuen pentsamendu sortzaileari armiarma sareak kentzea, txiki-txikitatik guztiok berezkoa izan duzuen imajinazioa eta sormena mahai gainean berriro ipiniz.
Batzuk kontrakoa uste baduzue ere, kontu horiek ere ikasi egiten dira, horretarako espreski diseinatutako metodologia eta teknika desberdinen bitartez. Kasu honetan, SCAMPER izenez ezagutzen den sormen teknika bat erabili beharko duzue.