Ebaluazioa
Sekuentzia gauzatzen doan heinean, fase bakoitzean landutako helburu eta konpetentzien jarraipena egiteko ebaluazio bitarteko desberdinak erabiliko dira. Erabiliko diren tresna guztien helburua ez da inogno rankingik egitea, ezta sariak banatu edo zigorrak ezartzea. Benetako helburua fase bakoitzean zuen egoera nolakoa den diagnostikatzea eta lortutako informazioaren arabera, irakaslearen laguntzarekin, zuek izatea neurri zuzentzaileak proposatu eta aurrera eramango dituzuenak.
Jarraian dituzue aurreikusten diren ebaluazio tresnak sekuentziaren garapen une bakoitzaren arabera zerrendatuta:
A)Aurrebaluazioa
Lanean hasi aurretik ordenagailuz lagunduriko irudigintzaren inguruan dituzuen ezagutzak ezagutzeko GALDETEGI BAT pasatuko zaizue. Kontutan izanda sekuentzia honek lanerako iniziatiba eta autonomia eskakizun nahiko altuak izango dituela, honen inguruan nolako ohiturak dituzuen ere galdetuko zaizue. Amaitzeko, informatikako erabiltzaile arrunt moduan, oro har dituzun ohiturak eta ezagutzak ere ezagutu nahi izango dira.
B)LibreCAD ariketak
Lehenengo sei jardueretan CAD bitartez marrazkiak egiten ikasiko duzue. Fase honetan bi izango dira erabiliko ditugun ebaluazio tresnak:
Laugarren jardueraren amaieran KONTROL ZERRENDA BAT banatuko zaizue. Dagoenko LibreCAD ezagutzen duzue eta jarri zarete lehenengo ariketekin. Fase honetan zure burua nola ikusten duzun aztertzea du helburu kontrol zerrenda honek. Nonbaiten ahuleziak dituzula ikusten baduzu, azken jarduerara heldu aurretik neurriak ipintzea bilatu nahi da.
Seigarren jardueraren amaieran, irakasleak amaieran kalifikatuko duen ARIKETA BAT egin beharko duzu. Banatuko zaizun lamina LibreCADen diseinatu beharko duzu eta ordubeteko tartea izango duzu amaitzeko.
C)SCAMPER teknika
TRQa txukun ateratzeko, ezinbestekoa izango da diseinu faseari duen garrantzia ematea. Derrigorrezkoa izango da taldekide guztion inplikazioa eta parte-hartzea ematea fase honetan. Ez dago inor soberan, guztion ekarpenak dira ezinbestekoak. SCAMPER teknika burutzen duzuen bitartean zuen partaidetza, entzute aktiboa, arazoak konpondu eta erabakiak hartzeko gaitasuna, zuen imajinazioa eta sormena nolakoa izan den hausnartu eta baloratu beharko duzue. Horretarako, ERRUBRIKA BAT banatuko zaizuen, zuen taldekideek alderdi horietan nola aritu diren baloratzeko.
MOTA: Ebaluazio formatiboa (Koebaluazioa)
NORK: Taldekidea
NOIZ: SCAMPER teknikarekin amaitutakoan
D)TRQaren balorazioa
Amaieran, zuen kutxa amaituta izan beharko duzue. TRQak bete behar dituzten irizpideak aurretik zehaztuta eman zaizkizue. Orain irizpide horien betetze maila nolakoa izan den baloratzeko unea izango da. Kutxaren "egokitasuna" baloratzeko, irakasleak balorazio ERRUBRIKA BAT erabiliko du, zuen azken produktuak hasieran ipinitako espektatibak betetzen dituen edo ez baloratzeko.
MOTA: Ebaluazio formatiboa (azken produktuaren balorazio koalitatiboa)
NORK: Irakaslea
NOIZ: Atazarekin amaitutakoan
E)Amaierako autoebaluzioa
Teknologiako proiektu guztietan gertatuko den bezala, amaieran egindako guztiaren inguruan hausnarketa egiteko unea izango da. Irakasleak AUTOEBALUAZIORAKO FITXA BAT banatuko dizue, galdera zerrenda batekin. Sekuentziak iraun duen denbora epean egindako ibilbidea aztertu ondoren, galdera hauei erantzun beharko diezu, beti ere, kontutan izanda helburua etengabeko hobekuntza bilatzea izan behar duela.