Prozesua
Dagoeneko gai zara irudi bat osatzen duten oinarrizko elementuak marrazteko. Ondo! Dena den, irudien konplexutasuna areagotzen doan heinean, nekez lortuko duzu elementu horiekin zuzenean behar dituzun diseinuak egitea. Gehienetan aurretik marraztu dituzun elementu horien ezaugarriak aldatu egin beharko dituzu. Horixe da, hain zuzen ere, CAD programa bat erabiltzen ikasteko eman beharko duzun bigarren urratsa: ALDATU (Modificar) menuak eskaintzen dituen aukera desberdinekin trebatzea.
Eskuineko irudietan ikus daitekeen moduan, asko dira ALDATU (Modificar) menuaren barruan aurki daitezkeen aukerak. Gauza konplikatua dela ematen du baina gehienetan erabiltzen diren komandoak (guk ikasiko ditugunak) oso sinpleak dira eta izenari eta botoiaren ikonoari erreparatuz, oso modu intuitiboan uler daiteke zer den bakoitzak sortzen dituen aldaketak. Eta ez baduzu asmatzen, badakizu, hasi saltseatzen!
1. ATALA Mugitu/Kopiatu, Biratu eta Mugitu eta Biratu
ALDATU (Modificar) menuaren barruan hogei komendo esberdin baino gehiago daude. Lehenengo seiak (Mover/Copiar, Girar, Escala, Simetria, Mover y Girar eta Girar dos) irudiaren elementu desberdinak MUGITU EDO/ETA KOPIATZEKO aukera desberdinak dira. Sei aukera hauek nahiko antzekoak diruditen arren, guztiek dituzte euren ezaugarri propioak eta egoera jakin batzuetan egokiena zein den erabakitzea gure lana izango da.
Aipatutako sei komando horietatik atal honen izenburuan agertzen diren hiruak izango dira gehienetan erabiliko ditugunak. Hiru hauek gainera, konfigurazio aukera ugari dituzte, beraz, hauekin arituko gara lanean. Beste hiruak erabili nahi badituzu, ez duzu arazo handirik izango zure kabuz tresnak erabiltzen ikasteko.
ARIKETA 4.1. Elementuak mugitu, biratu eta kopiatu
Ordenagailuz lagundurik irudigintzarako beste aplikazioetan irudiak mugitu edo kopiatu eta mugitu bezalako ekintzak MATRIZE (Matríz) izena duen tresna batekin oso modu errazean egiten da. LibreCAD ez da oso konplikatua baina arreta pixka bat ipini behar da horrelako ekintzak egin nahi direnean. Ariketa honetan ekintza hauekin praktikatuko duzu pixka bat.
Klikatu Hemen ✓
15 MINUTU
2. ATALA Ebaki
ALDATU (Modificar) menuaren barruan dauden aukera bloke berri bat irudia osatzen duten elementuen neurria edo proportzioak aldatzen dutenak osatzen dute (Recortar, Recortar dos eta Alargar). Irudiak luzatzea oso ohikoa ez den bezala (azken finean, elementu bakoitzak behar duen neurria hasieratik hartzen du), ebakitzea askotan burutuko dugun ekintza bat izango da. Oso ohikoa da irudia osatzen duten elementuen ebakipuntuak erabiltzea soberan geratzen diren zuzenerdiak edo arku zatiak ebakitzeko, adibidez.
Kontutan izan EBAKI (Recortar) komandoa marraztu ditugun elementuek soberan dituzten zatiak ezabatzeko erabiltzen dela, ez, irudi osoak ezabatzeko. Horretarako, askoz egokiagoa da EZABATU (Borrar).
PLUS (3): Irudiaren elementu desberdinak hautatu
Hurrengo ariketa egin aurretik, komenigarria da HAUTATU (Seleccionar) aukera aztertzea. Hitzak dioen moduan, marrazten ari garen irudiaren elementuak aukeratzeko erabiltzen da. Menuan klik egiterakoan aukera desberdinak daudela ikusiko dugu. Guztien artean gehien erabiltzen direnak azpian dituzuenak dira:
DESELECCIONAR TODO: irudiren bat aukeratua badugu, aukeratua egoteari uzteko erabiltzen da.
SELECCIONAR TODO: pantailan dugun guztia aukeratzeko erabiltzen da.
SELECCIONAR OBJETO: irudi zati edo objetu bat aukeratzeko da. Irudiaren gainean klikatu behar da.
SELECCIONAR POR VENTANA: aukeratu nahi den horren inguruan, leiho bat egingo dugu saguarekin.
ARIKETA 4.2. "Guraizeak" atera eta moztu irudiak!
Hauxe bai funtzio baliagarria CAD aplikazioetan! Marrazki batek dituen elementu guztiak banan-bana, duten neurri zehatzarekin eta posizio jakin batean marraztea izugarri konplikatua da kasu gehienetan (ezinezkoa esango nuke nik). Baina elementu desberdinak bata bestearen ondoan maraztu eta gero soberan dauden zatiak ebaki eta ezabatzea oso gauza erraza da. Horixe da egitea planteatzen zaizuna hurrengo lau ariketa sinple hauetan.
Klikatu Hemen ✓
15 MINUTU
3. ATALA Biribildu
ALDATU (Modificar) menuaren agertzen diren aukera berri batzuk irudia osatzen duten elementu desberdinak elkartzeko modu desberdinak zehazteko balio digute. Lerro desberdinak (zuzenak zein kurbakorrak) elkar mozten direnean, ebakipuntu jakin batean amaitzen den "koska" bat izatea baino komenigarriagoa izaten da, askotan, modu "leunago" batean elkartzea. Elementu horiek modu "dotoreagoan" elkartzeko modu bi daude nagusiki: ALAKA (Chaflan) baten bitartez edo BIRIBILDU (Redondear) aukeraren bitartez. Lehenak, elkartu nahi diren bi elementuak lerro zuzen baten bitartez elkartzen ditu (ebakipuntuan agertzen den koxka saihestuz) eta bigarrenak gauza bera egiten du baina arku baten bitartez.
BIRIBILDU (Redondear) erabiltzerakoan, elkartu nahi diren bi elementuen artean egotea nahi den (edo batzuetan, ahal den) arkuaren erradioa zehaztu beharko dugu. Aurretik esana dugun bezala, Radio datua aldatu nahi badugu, aurretik R idatzi beharko dugu komando lerroan eta ondoren erradioaren balioa zehaztu beharko dugu.
PLUS (4): Irduia ikusteko modu desberdinak
Sortzen joango garen irudia neurriz aldatzen doan heinean honen ikuspegi desberinekin lan egitea interesatuko zaigu. Horixe da IKUSI (Ver) menuan (tresna barra ere badago, pantailaren goialdean) aurkituko ditugun aukerak. Marrazkia ikusteko modu desberdinak azpian datoz deskribatuta:
REJILLA: puntuzko sareta ikusteko/ezkutatzeko.
ACERCAR: irudia gerturatzeko.
ALEJAR: irudia urruntzeko.
AJUSTAR TODO: irudia, bere osotasunean, pantailaren barruan sartzeko.
AMPLIAR VENTANA: handitu nahi den irudiaren eremu zehatzaren inguruan saguarekin klik egin eta arrastatuz, hautatutako eremu hori pantailaren barruan sartuko du.
ENCUADRAR: berez, ez da zoom-a egiteko tresn bat. Marraztuta daukagun irudia pantailan zehar mugitzeko erabiltzen da.
ARIKETA 4.3. Izkinak leundu
Ariketa hau aurrekoaren osagarria da. Izan ere, elementu desberdinak elkarren artean ebaki eta soberakinak ezabatu ondoren, izkin zorrotzetan bukatzen duten irudiak lortzen dira. Gehienetan izkin hauek "leuntzea" ideia ona izaten da, erradio jakin baten arabera izkin hauek borobilduz. Hortxe dauzkazu lau ariketa teknika hau praktikatzeko.
Klikatu Hemen ✓
15 MINUTU