Prozesua
Plano batean irudiak sortzea zuzenkiak, arkuak, kurba desberdinak, zirkuluak, elipseak etabar elkarren artean konbinatzeko trebetasunarekin erlaziona daiteke. Elementu horiek guztiak modu egoki batean konbinatzeko gai dena, irudi konplexuak sortzeko gai izan daiteke. Baina zerbait gehiago sakonduko bagenu, konturatuko ginateke, bi dimentsiotako irudigintzan trebea izateko puntuak planoaren gainean modu egoki batean kokatzeko gaitasuna bezala ere kontsidera daitekeela. Izan ere, aurrean aipatu ditugun diseinu elementu guztien forma eta neurri guztiak PUNTU KARAKTERISTIKO batzuen bitartez zehazten dira:
Zuzenkietan, hasierako eta amaierako muturrak.
Arkuetan bi muturrak baita bere zentroa ere, zirkuluekin gertatzen den bezala.
Elipseetan fokuen kokapena.
...
Esan daiteke, beraz, ordenagailuz lagundutako irudigintza planoan puntuak kokatzen jakiteko artea dela ;-) Beraz, edozein irudi marrazterakoan puntu karakteristiko horiek planoan kokatzen ikasi beharko dugu. MARRAZTU (Dibujar) menuan PUNTUAK (Puntos) aukera sakatuta (ezkerraldeko tresna barran ere topatuko dugu aukera hori duen botoi bat) planoan puntuak leku desberdinetan jartzeko aukera izango dugu. Dena den, puntuak zehaztasun gehiagorekin, posizio konkretuetan ipini nahiko bagenitu, egokiena KOMANDO LERRORA (Línea de comandos) joatea litzateke.
PLUS (1): Komandoak eta komando lerroa
Egun erabiltzen diren CAD aplikazio guztiek leiho, tresna barra eta botoi ugari eskaintzen dituzte marrazkiak egitea asko sinplifikatzen dutenak. Baina aplikazio hauek sortu ziren garaian, hauen interfaze grafikoa (itxura) oso desberdina zen: marrazkia egiteko programari "aginduak" idatziz eman behar zitzaizkion, funtzio desberdinak zituzten komandoen bitartez.
Denborarekin komando hauen beharra desagertzen joan bada ere, komando hauek eskuz idazteko aukera ez da oraindik desagertu programa gehienetatik. Gehiago oraindik, kasu askotan, komandoen lerrora joatea ezinbestekoa izaten da elementu desberdinak kokapen zehatzetan kokatu nahi direnean, esate baterako.
Komandoak idazteko gunea LibreCADeko pantailaren behealdean daukazu (ikus azpiko irudia). Edozein dela aukeratu duzun tresna (bai menu, bai botoi barraren bitartez) "KOMANDO LERROA" (Línea de comandos) koadroari begiratu beharko diozu, izan ere, programak, marrazkia egiteko behar dituen datuak, koadro horen bitartez eskatuko dizkizu. Komando lerroa, beraz, LibreCADen eta gure arteko elkarrizketa bermatuko den lekua izango da.
Baliteke hasiera batean, denbora pixka bat behar izatea komando lerroarekin ohitu arte. Lasai, ez dago presarik eta! Aukeratu duzun tresnarekin nahastu egin bazara, honekin amaitzeko, ESC tekla sakatzea nahikoa izango duzu.
Ez arduratu zerbait gaizki egiten baduzu ere! Egiten ari zaren irudian azken aldaketak desegin edo berregiteko aukera izango duzu uneoro. Horretarako nahikoa izango duzu "Ctrl+Z" sakatzea, aurreko egoerara bueltatzeko, eta "Ctrl+Y", azken irudira berriro bueltatzeko. Bi aukera horiek "EDITATU" (Editar) menutik ere aukeratu ditzakezu (ikus irudia)
LibreCAD 2D marrazkiak diseinatzeko aplikazio bat da. Zer esan nahi du 2D horrek? Bada irudi guztiak bi dimentsio dituen plano baten gainean marrazteko balio duen tresna bat dela. Marrazkiak izango dituen elementu desberdinak ezkerretik eskuinera (edo alderantziz) eta goitik behera (edo alderantziz) hedatzen den plano baten gainean marraztuta sortuko dira. Kontutan izanda marrazkia mota guztietako lerroak (zuzenak nahiz kurbatuak) konbinatuz sortuko dugula eta lerro hauek, azken finean, puntuz osatuta daudela, puntu hauek zenbateraino eskuinean edo ezkerrean, goran edo beheran dauden LibreCADi adieraztea ezinbestekoa izango da, marrazkiak guk nahi dugun kokapena eta neurriak izatea nahi badugu behintzat.
Beraz, nola zehaztu marrazkia osatuko duten elementu desberdinen puntu kritikoak LibreCADen? Bi modu daude: KOORDENATU ABSOLUTUAK edo KOORDENATU ERLATIBOAK erabiliz.
1. ATALA Puntu baten koordenatu absolutuak
Planoan kokatutako dagoen puntu baten posizioa zehazteko, alegia, zeinen eskuinean/ezkerrean edo goran/beheran dagoen zehazteko derrigorrezkoa dugu lehenik erreferentziazko puntu bat plano gainean zehaztea. Erreferentziazko puntu hori marraztuko dugun puntu guztien KOORDENATUEN JATORRIA edo JATORRI PUNTUA (O) izango da, izan ere, planoko puntu guztien posizioak puntu honekiko gordetzen duten distantzien araberakoa izango da. LibreCADen puntu hori, aplikazioa irekitzean, pantailaren behealdean agertzen den GURUTZE GORRI baten bitartez zehaztuta dago. Gurutze horren besoak mozten diren puntuan kokatzen da JATORRI PUNTUA (ikus eskuineko irudia).Puntu horretan elkartzen dira BI ZUZEN ELKARZUT IRUDIKARI, eskala egoki baten arabera, planoko puntu guztiek jatorri puntuarekiko duten posizioa zehazteko erabiliko direnak. Bi zuzen horiei KOORDENATU ARDATZAK deitzen zaie: horizontalari ABZISA-ARDATZA (X ARDATZA) deitzen zaio, bertikalari, berriz, ORDENATU-ARDATZA (Y ARDATZA).
Oso garrantzitsua da ardatz bi horien graduazioa eta unitate bakoitzerako aukeratutako NEURRIA zein den garbi izatea. Horrela azpiko irudian agertzen den P puntua, jatorri puntutik 2 unitate eskuinera agertzen da eta 3 unitate gora. LibreCADeko EDITATU/HOBESPENAK (Edición/Preferencias) menuan sartzen bagara, LEHENETSITAKO BALIOAK (Valores Por Defecto) izeneko fitxan aukeratu ahalko dugu gure marrazkiak erabiliko duen neurria unitate bakoitzerako. Horrela, milimetroak aukeratzen baditugu P puntua jatorritik 2 milimetro eskuinera eta 3 milimetro gora egongo da. Zentimetroak aukeratzen baditugu ordea, P puntua jatorritik 2 zentimetro eskuinera eta 3 zentimetro gora egongo da. Honek marrazkiaren diseinuan eraginik ez badu, sortu dugun pieza fabrikatzerakoan berebiziko garrantzia du, izan ere, unitate desberdinak erabiltzen baditugu gure diseinuak pieza handiagoak edo txikiagoak emango ditu makinatik irteterakoan.
ABZISA eta ORDENATU ARDATZAK erreferentzia bezala hartuz, plano gainean marraztuko dugun baten KOORDENATU ABSOLUTUAK beti BI BALIO eduki beharko ditu, lehena X ardatzaren balioa adieraiko du eta bigarrenak Y ardatzarena. Horrela, P puntuaren KOORDENATU ABSOLUTUAK P(2,3) bezala adierazten dira. Puntu hori LibreCADen adierazteko, komando lerrora joango gara eta bertan, zenbakizko balio biak adieraziko ditugu komaz banatuta (kontuz, ez dira parentesiak idazten!!)
Goiko irudian ikus daitekeen moduan, JATORRI PUNTUAN elkar ebakitzen diren bi ardatzek planoa lau eremu edo LAU KOADRANTEETAN banatzen dute. Hauetako koadrante bakoitzean marraztutako puntu baten koordenatu absolutuek ezaugarri komun hauek izango dituzte:
LEHENENGO KOADRANTEA: edozein puntu batek x eta y koordenatuen balioak positiboak izango ditu.
BIGARREN KOADRANTEA: edozein puntu batek x koordenatuaren balioa negatiboa eta y koordenatuaren balioa positiboa izango ditu.
HIRUGARREN KOADRANTEA: edozein puntu batek x eta y koordenatuen balioak negatiboak izango ditu.
LAUGARREN KOADRANTEA: edozein puntu batek x koordenatuaren balioa positiboa eta y koordenatuaren balioa negatiboa izango ditu.
Hau guztia kontutan harturik, azpiko irudiaren erpin guztien koordenatuak zehaztu nahiko bagenitu, ondorengo koordenatu absolutuak sartu beharko genituzke komando lerroan:
KOORDENATU ABSOLUTUAK
A: 10,10 alegia, jatorri puntutik 10 mm eskuinera eta 10 mm gorago.
B: 90,10 alegia, jatorri puntutik 90 mm eskuinera eta 10 mm gora.
C: 90,90 alegia, jatorri puntua baino 90 mm eskuinerago eta gorago.
D: 50,90 alegia, jatorri puntuti 50 mm eskuinera eta 90 mm gora.
E: 10,60 alegia, jatorritik 10 mm eskuinera eta 60 mm gora.
Poligonoa isteko, hasierako A puntura bueltatu beharko ginateke, alegia, F: 10,10 puntura.
ONDORIOZ
Koordenatu absolutuak erabiltzen ditugunean, posizio guztiek beti dute ERREFERENTZI PUNTU bakarra bezala KOORDENATUEN JATORRIA (gurutze gorria)
2. ATALA Puntu baten koordenatu erlatiboak
Puntuen posizioak koordenatu erlatiboen bitartez zehazteko, koordenatu absolutuentzat aipatu diren ezaugarri guztiek berdin-berdin balio dute:
Posizioak beti JATORRI PUNTU batekiko adierazten dira.
Puntu bakoitza x eta y koordenatu pare baten bitartez adierazten da.
Koordenatu hauek jatorritik eskuinera edo ezkerrera, edota gora edo behera baldin badaude, balio positiboak edo negatiboak har ditzakete.
...
Desberdin nagusiena eta bakarra hauxe da. Puntu baten koordenatuak adieraztearekoan, JATORRI PUNTUA aurretik zehaztu den azkeneko puntuaren gainean kokatzen da. Alegia, A puntuaren posizioa zehazteko JATORRI PUNTUA gurutze gorrian kokatzen da. Behin A puntua zehaztu ondoren, B puntuaren koordenatuak adierazteko JATORRI PUNTUA A PUNTUAREN GAINEAN kokatuko dugu. Era berean, C puntuaren koordenatuak idazterakoan kontutan hartu beharko dugu JATORRI PUNTUA B PUNTUAREN GAINERA ekarri dugula eta horrela berdin-berdin beste puntu guztiekin.
Komando lerroan txertatuko diren koordenatuak erlatiboak direla adierazteko, koordenatu bien balioak jarriko ditugu koma batez banatuta baina aurretik "a bildua" (@) idatziko dugu. Horixe da desberdintasun guztia. Azter dezagun, jarraian, zeintzuk izango diren goiko irudia marrazteko erabiliko ditugun KOORDENATU ERLATIBOAK:
KOORDENATU ERLATIBOAK
A: 10,10 alegia, jatorri puntutik 10 mm eskuinera eta 10 mm gorago (hauxe izango da koordenatu absolutu bezala adieraziko dugun puntu bakarra)
B: @80,0 alegia, A puntutik 80 mm eskuinera dago eta ez du gora, ezta behera egiten.
C: @0,80 alegia, B puntuaren parean dago baino 80 mm gorago.
D: @-40,0 alegia, C puntutik 40 mm ezkerrera dago eta lerro horizontal berean.
E: @-40,-30 alegia, D puntutik 40 mm ezkerrera eta 30 mm beherago dago.
Poligonoa isteko, hasierako A puntura bueltatu beharko ginateke: horretarako E puntutik zuzenean behera 50 mm egin beharko genituzke. Beraz, F: @0,-50 puntura.
ONDORIOZ
Koordenatu erlatiboak erabiltzen ditugunean, posizio bakoitzaren JATORRI PUNTUA aldakorra da, beti aurretik marraztutako puntuaren gainean kokatzen da.
Aurreko guztia finkatzeko interesgarria izan daiteke azpiko bideoari bistazo bat botatzea. Bertan azaltzen da goiko bi ataletan azaldutakoaren laburpen bat. Ea baliagarria suertatzen zaizun!
ARIKETA 2.1. Koordenatu absolutuak
Hauxe duzu ikastaro honen lehenengo ariketa. Egizu klik azpiko botoian, jaitsi fitxategia zure ekipora eta ireki ezazu LibreCADen. Pantailaren ezkerrean ikusten duzun "E" hizkia eskuineko aldean marraztu behar duzu. Kontutan izan adierazten diren neurriak "E" hori osatzen duten zuzenkien (MARRAZTU menuan LERROA hautatu behar duzu) puntuak eskuineko eremuan marrazterakoan. Zure esku dago erabakitzea KOORDENATU ABSOLUTUAK EDO ERLATIBOAK erabiliko dituzun. Ondo pentsatu eta zorte on!
Klikatu Hemen ✓
15 MINUTU
ARIKETA 2.2. Koordenatu erlatiboak
Oraingoan forma irregularreko xafla zati bat ematen zaizu. Irudian bertan agertzen diren neurrietan oinarrituta, zoaz banan-bana zuzenkiak eskuineko leihoan marrazten muturrak osatzen dituzten puntuen KORRDENATU ERLATIBOAK idatziz. Zoaz poliki-poliki eta balioren bat gaizki idazten baduzu gogoratu "Ctrl+Z" sakatu dezakezula ekintza hori desegiteko. Animo!
Klikatu Hemen ✓
25 MINUTU