Prozesua
MARRAZTU (Dibujar) eta ALDATU (Modificar) menuak menperatzen badituzu, esan daiteke dagoeneko edozein irudi sortzeko gai zarela. Printzipioz, ez duzu besterik behar zure irudiei behar duten itxura emateko. Zertarako aztertu, orduan, BEHARTU (Forzar) izena duen menu honetan agertzen diren aukera berriak? Aukera berri hauen baliagarritasunaz jabetzeko, adibide bi ipiniko dizkizut:
LERROA (Linea) komandoa, behin eta berriro erabiliz, poligono bat sortu nahi baduzu, hori egiteko modurik zehatzena zuzenkiak mugatzen dituzten muturren koordenatuak komando lerroan idaztea izango litzateke. Baina, irudiak zuzenki asko baldin baditu, banan-bana puntu guztiak koordenatu bitartez idatzi behar izatea lan astuna bihur daiteke. Zalantzarik gabe, askoz ere errazagoa eta azkaragoa izango litzateke, zuzenki horien muturrak klik eginez lan-eremuaren gainean txertatzen joatea. Modu honek, ordea, arazo txiki bat dauka. Kurtsorea pantailaren gainean mugitzen dugunean, honen posizioa etengabe aldatzen ari da eta, orokorrean, bere balioa zenbaki osoen bitartez lortzea (balio hamartarrik gabe) nahiko zaila da. Lerro bat erabat horizontala marraztu nahiko bagenu horrela, oso zaila izan daiteke zuzenkia osatzen duten ezker eta eskuin muturrak Y koordenatu berdinarekin marraztea.
ALDATU (Modificar) komandora askotan joan behar izaten dugu irudiaren ezaugarriak aldatzeko. Jo dezagun zirkulu bat, bere diametroaren gainetik zeharkatzen duen lerro baten bitartez ebaki nahi dugula. Behin zirkulua marraztu ondoren, bere gainean lerro bat marraztu beharko genuke, zirkuluaren zentrotik igarotzen dena. Nola ziurtatu, ordea, marraztuko dugun lerro berria zehazki zirkuluaren zentrotik igarotzen dela? Kurtsorea libreki mugitzeko aukera badu, oso konplikatua da zentroaren gainetik zehazki (gutxi gorabehera ez du balio; horrela bada, ezin dugu ziurtatu diametroarekin bat egiten duenik gure zuenak) igarotzen den zuzenki bat irudikatzea.
Adibide bi horietan bezala, askotan topatuko gara, aukeratuko ditugun komandoak zehaztasunez erabiltzeko, kurtsorea guri interesatzen zaizkigun leku edo posizio zehatz batzuetatik pasatzea behartzea. Hori egiteko aukera desberdinak aurkituko ditugu BEHARTU (Forzar) menuan. Horiekin guztiekin, kurtsorea guk nahi dugun toki edo posizioetara joatea lortuko dugu. Menu honetako aukerak, beraz, oso praktikoak dira marraztu nahi ditugun edo aldatu nahi ditugun elementuak zehaztasunez egiteko.
1. ATALA Kurtsorearen mugimendua pantailan zehar behartu
Kurtsorea pantailan zehar mugitzeko aukerak funtsean hiru dira:
ASKEA (Libre): kurtsorea aske mugitzen da pantaila osoan zehar.
SARETA (Rejilla): erreferentziazko saretaren gaineko puntuetatik soilik mugituko da kurtsorea.
MURRIZKETA ORTOGONALA (Restricción Ortogonal): kurtsorearen mugimendua elkarzutak diren bi norabideetara bakarrik mugatuta dago: horizontala (ezker-eskubira, alegia) eta bertikala (gora-behera). Beste mugimendu guztiak ezinezkoak dira.
MURRIZKETA HORIZONTALA (Restricción Horizontal): kurtsorea ezker-eskubi bakarrik mugituko da, marra horizontalean.
MURRIZKETA BERTIKALA (Restricción Vertical): kurtsorea gora-behera besterik ez da mugituko, marra bertikalean.
MURRIZKETARIK GABE (Sin Restricciones): guztiz indargabetzen ditu kurtsorearen mugimenduak izan ditzakeen goiko murrizketa guztiak.
2. ATALA Kurtsorearen mugimendua objektuen erreferentziazko puntuetara behartu
Irudi bat osatzen duten objektu edo elementu guztiek leku edo posizio jakin batzuetan dauden puntu karakteristiko batzuk dituzte. Kurtsorea objektu horien ondotik pasatzerakoan, puntu hauek modu automatikoan detektatu eta hautatzeko aukera izatea, abantaila handia da, izan ere, eskuz egitea ia ezinezkoa izango litzateke (arku baten aurkitzea edo bi zuzenkien arteko ebakipuntua, horren lekuko bi adibide dira)
Objektuen erreferentziazko puntu nagusienak (gehiago daude) eskuineko irudian ikus ditzakezu. Ikus daitekeen bezala, guztiak nahiko intuitiboak dira eta ez dute azalpen gehiegirik behar. Halere, azpian daukazue azalpen gutxi batzuk puntu horiek ditzuten berezitasunak ondo ulertzeko: ERDIGUNEA (Al Medio): zuzenki edo arku baten erdian dagoen puntua da.
MUTURRAK (Extremos): zuzenki edo arku bat mugatzen duten bi puntuak dira.
EBAKIPUNTUA (Intersección): edozein bi objektu elkar mozten diren puntua da.
KOADRANTEA (Coadrante): erradioa 0, 90, 180 eta 270º-tara kokatuta dagoenean, honek zirkuluarekin dituen lau ukitze puntuak dira. LibreCAD oraindik ez du aukera hau bere BEHARTU (Forzar) menuaren barruan.
UKITZE-PUNTUA (Tangente): elkar ukitzen diren bi elementu desberdinek (zuzena/zirkulua, zuzena/arkua, arkua/zirkulua, zirkulua/zirkulua...) partekatzen duten ukitze puntu bakar hori. Puntu tangente bezala ere ezagutzen da. LibreCADen kasuan ukitze puntu komunak dituzten zuzen edo zirkuluak marrazteko ez daude BEHARTU (Forzar) menuaren barruan. Kasu honetan, MARRAZTU/LERROA (Dibujar/Linea) edo MARRAZTU/ZIRKULUA (Dibujar/Círculo) menuetan bilatu beharko duzu.
ZENTROA (Centro): arku edo zirkulu baten zentroa, besterik gabe.
OBJEKTUAN (En Objeto): aukera honekin nahiz eta kurtsorea objektutik kanpo mugitu, kurtsorea behartuta dago objektu horren gaineko puntu bat aukeratzea.
Ordenagailu bitarteko irudigintzarako aplikazio gehienetan (Draftsight edo AutoCAD, esate baterako), kurtsorea puntu hauetara behartzeko nahikoa izaten da eskuineko botoiarekin klik egitea eta bertan agertzen diren aukera desberdinen artean, bilatzen ari garen erreferentziazko puntua aukeratzea. Baina LibreCADen, gauzak zerbait desberdinak dira. Marraztu nahi dugun elementua hautatuko dugu eta lehenengo puntua aukeratu behar dugunean, BEHARTU (Forzar) menura joan beharko gara kurtsorea guk nahi dugun puntura behartu ahal izateko. Horren ondoren, kurtsorea objektuaren ingurutik pasatzerakoan, konturatuko gara puntu horrek gure kurtsorea erakarriko duela, "iman" bat izango balu bezala.
PLUS (5): Blokeak eta Bloke Zerrendak
Baliteke MARRAZTU, ALDATU eta BEHARTU menuak modu intentsiboan erabiltzen aritu ondoren, konplexutasun puntu bat duen irudi bat sortzea. Baliteke gainera sortu dugun irudi hori bera gure marrazkian behin baino gehiagotan erabili behar izatea. Hainbeste denbora kostatu zaigun prozesua behin eta berriro errepikatu beharko genuke? Bada ez, lasai, ez da beharrezkoa!
Prozesu hori asko sinplifikatzen da sortu berri dugun irudia osatzen duten elementu guztiak BLOKE (Bloque) batean biltzen baditugu. Hauxe da jarraitu beharko dugun prozesua:
Lehenik BLOKEA SORTU (Crear Bloque) aukeratu beharko dugu.
Jarraian bloke horretan gorde nahi ditugun elementuak hautatzeko eskatuko zaigu.
Guztiak hautatuta ditugunean, Intro sakatu eta blokeari zein izen eman nahi diogun galdetuko zaigu.
Behin izena idatzi ondoren (adierazgarria izaten saiatu) bloke hori eskuinaldean agertzen den BLOKEEN ZERRENDAN (Lista de Bloques) jasota ikusiko dugu.
Bloke hori berriro erabili nahiko bagenu gure marrazkian nahikoa izango litzateke BLOKEA TXERTATU (Insertar Bloque) aukeratzea.
Listo!
ARIKETA 5.1. Harrapatu puntu hori!
Aurean aipatu den moduan, marrazkietan topa daitezkeen objektuen erreferentziazko puntu zehatz batzuk aurkitzea gauza sinplea da BEHARTU (Forzar) menuko aukerak erabiltzen ikasten baduzu. Azpiko bost ariketa sinple horietan mota guztietako puntuak identifikatu beharko dituzu eta lerro, arku edo zirkulu baten bitartez "harrapatu". Arreta ipiniozu ariketa honi, benetan gauza praktikoa baita hurrengo egunetan egin beharko dituzun ariketak txukun egiteko.
Klikatu Hemen ✓
10 MINUTU
ARIKETA 5.2. Haize-arrosa
Ziur nago azpiko ariketa hau benetan gustatu behar zaizula. Ezagutzen duzu haize-arrosa? Bai, ezta? Lau Puntu Kardinalak eta hauen alboko norabideak adierazten dituen eskuineko irudia da. Azpian daukazun ariketan horren antzeko arrosa bat marraztea eskatzen zaizu. Azti ibili. Zuzenki eta zirkulu bakoitza banan-bana marrazteko asmoa baldin baduzu, asko kostatuko zaizu marrazkia amaitzea. Baina objektu desberdinen erreferentziazko puntuetara behartzen baduzu kurtsorea, konturatuko zara ariketa hau osatzea uste baino errazagoa dela. Erabili burua hasi aurretik!
Klikatu Hemen ✓
15 MINUTU
ARIKETA SORTA
Tira dagoeneko ikastaroaren erdira heldu zara. Orain arte ikasitako tresnekin gai zara, poliki-poliki, ariketak zuk bakarrik egiten joateko. Hurrengo lau ariketak zertxobait konplikatzen hasten dira. Lasai, oraindik aukera izango duzue laguntza txiki bat jasotzeko. Lau ariketa hauek egiteko irakasleak gida txiki hau emango dizue gelan. Bertan dituzue azpiko lau piezak egiteko behar dituzun jarraibide guztiak.
Ariketak txukun egiten badituzue, zuen diseinuetako bat aukeratuko dugu Laser ebakigailuan mozteko. Ikusiko duzue zeinen politak aterako diren zuen bridak!
60 MINUTU