Prozesua
Ordenagailu bidez irudiak sortzeko balio duen programa baten tresna garrantzitsuenak irudiak sortuko dituztenak izango dira, argi eta garbi. Erraz deduzitu daitekeen moduan, tresna guzti horiek "MARRAZTU" (Dibujar) izeneko menuan aurkituko dituzue (ikus eskuineko irudia). LibreCAD bezalako aplikazioek, normalean, menuetan aurkezten dituzten aukera guztiak "tresna barren" bitartez ere eskaintzen dituzte. Barra hauetako botoietan klik eginez, aukera horiek, gehienetan, azkarrago exekutatzen dira, denbora dezente aurreztuz. LibreCADen "MARRAZTU" tresna barra pantailaren ezkerrean agertzen den barra bertikalean agertzen da (ikus eskuineko irudia) Botoi bakoitzean klik egin ondoren, barran botoi berriak agertuko dira, aukeratutako marrazketako elementu horrek dituen azpi-aukerak erakutsiko dituena.
Menuari nahiz tresna barrari begirada bat botatzen badiozu, jabetuko zara LibreCADek elementu geometriko desberdinak marrazteko aukera ugari eskaintzen dituela: puntuak, lerroak, arkuak, zirkuluak, elipseak, mota guztietako poligonoak, testuak.... Dena den, esan daiteke CAD programa baten bitartez edozein irudi marrazteko nahikoak direla LERROAK, ARKUAK eta ZIRKULUAK marrazten jakitea. Horiexek izango dira, hain zuzen ere, jarraian azalduko diren lau tresnak.
1. ATALA Lerroak marrazten: puntutik puntura
Lerroak marrazketako "MARRAZTU/LERROA" (Dibujar/Línea) menua aukeratu edota ezkerreko MARRAZTU tresna barran lerroari dagokion botoian sakatu. Kasu batean zein bestean, lerroak marrazteko aukera desberdinak azalduko zaizkizu (ikus alboko irudiak).
Ikus daitekeen moduan, lerroak marrazteko aukera desberdin ugari daude: izen edo botoien itxurek aukera bakoitzak zer egiten duen eta komando lerroan zer informazio eskatuko zaizun nahiko garbi adierazten dute. Hauekin saltseatzeko eta proba desberdinak egiteko libre zara.
Dena den, gehienetan, zuzenkiaren bi muturrak zehaztuz (saguarekin klik eginez edota koordenatuak zehaztuz) marraztuko dituzu lerro guztiak. Lerroa aukeratzerakoan, berez EZ DA LERRO BAKARRA marrazten; bata bestearen jarraian lerro desberdinak marrazteko aukera izango duzu forma geometriko desberdinak sortuz. Lerroak marrazteari uzteko nahikoa da ESC sakatzea.
PLUS (2): Saretara behartu kurtsorea
Atal hau 4. jardueran modu sakonagoan aztertzen bada ere, jarduera honetako ariketekin hasi aurretik komeniko litzateke BEHARTU (Forzar) menuari buruz gauza pare bat azaltzea.
LibreCAD irekitzen denean, lanerako eremuak (hondo beltza duen eremu nagusia), egin beharreko irudien atzealdean, erreferentziazko puntu zuriz osaturiko sareta moduko bat duela ikusiko duzu. Puntuen arteko distantzia 10ekoa da (nahi bada, aldatu daiteke), eta askotan erabiltzen da erreferentziatzat irudiak marrazterakoan.
Kurtsorea lanerako eremuaren gainean desplazatzeko bi aukera ditugu:
Modu librean mugitzeko askatasuna izatea, edozein posizioetan zehar desplazatzeko aukera duelarik.
Kurtsorearen mugimendua, puntuak finkatzerakoan, saretaren erreferentziazko puntuetara behartzea. Desplazamendua kasu honetan, saltoka bezala gertatuko da, puntu zuri horietako batetik bestera.
Bi aukera horien artean aldatzeko, BEHARTU (Forzar) menura edo tresna barrara jo beharko duzu eta azpiko bi aukeretatik bat hartu:
"BEHARTU/ASKEA" (Forzar/Libre)
"BEHARTU/SARETA" (Forzar/Rejilla)
ARIKETA 3.1. Zuzenkiak
Ariketa honek ez du misterio gehiegirik. Komando lerroan zuzenkien muturren koordenatuak eskuz ipini ordez, zuzenean klik eginez marrazten ikasteko prestatu da. Klik egin behar duzun puntuak zeintzuk diren ikusteko, eskuineko panelean puntu horiek gurutze txikien bitartez adierazi dira. Oraingoan gutxi gorabehera beraien gainean klik egiten saiatu beharko zara. Aurrerago ikasiko duzu nola lortu zehatz-mehatz puntu horien gainean klik egitea.
Klikatu Hemen ✓
5 MINUTU
ARIKETA 3.2. Zirkuluak
2. ATALA Zirkuluak: borobiltxoa baino gehiago
MARRAZTU/ZIRKULUA (Dibujar/Círculo) menuaren barruan, zirkuluak marrazteko modu piloa eskaintzen zaizkigu. Lerroak marrazteko orduan bezala, ditugun datuen arabera erabaki beharko dugu zein modu komeni zaigun aukeratzea. Gehienetan, ordea, ZENTROA,ERRADIOA (Centro, Radio) edo BI PUNTU (2 puntos) aukeretara joko dugu.
Erabili ere, lerroa bezala erabiltzen da: aukeratu zirkulua egiteko egokiena den modua (dituzun datuen arabera) eta, ondoren, zintzo jarraitu KOMANDO LERROAK (Línea de comandos) eskatzen dizuna.
LibreCADen zirkuluak marrazteko modu asko daude. Marrazkia egiten ari garela, ditugun erreferentziazko elementuen arabera (zentroaren posizioa, erradio edo diametroak, zuzen tangenteak...) modu batera edo bestera marraz ditzazkegu zirkuluak. Ariketa honetan lau modu desberdin praktikatuko dituzu. Ea gai zaren LibreCADen modu bakoitza nola erabiltzen den asmatzeko. Lasai, ez gauza konplikatua eta!
Klikatu Hemen ✓
10 MINUTU
3. ATALA Arkuak marrazten: zirkuluaren anaia txikia
MARRAZTU/ARKUA (Dibujar/Arco) aukeraren barruan sartuta, arkuak marrazteko dauden modu desberdinak ikusiko dituzu. Erabiltzeko modua aurreko kasuetan azaldutakoaren berdina izango da: ditugun datu eta informazioaren arabera aukera horien artean zein den egokiena erabaki eta aukeratuko dugu, eta, ondoren, KOMANDO LERROAK (Línea de comandos) koadroak eskatzen dizkigun pausoak jarraitu.
Arkuen kasuan bereziki garrantzitsua da KOMANDO LERROAK eskatzen digunari kasu egitea. Adibidez, beheko irudian ikusten den moduan, MARRAZTU/ARKUA/ ZENTRUA,PUNTUA,ANGELUA (Dibujar/Arco/Centro, Punto, Angulo) aukeratzerakoan, azken balioa komando lerroan txertatzerakoan bi aukera ditugu: arkuak bilduko duen angelua zehaztu edo arkua osatuko duen lerroaren luzera adierazi. Azpiko irudian ikusten denez, lehenetsitako aukera "Especificar ángulo final" da. "Longitud de cuerda" zehaztu nahiko bagenu (kortxeteen barruan agertzen den beste aukera) L hizkia idatzi beharko genuke komando lerroan. Hurrengo batean, berriro arkuaren angelua idatzi nahi izango bagenu, A idatzi beharko genuke. Alegia, A= Angulo eta L=Longitud de cuerda.
Kontu pixka bat izan honekin, izan ere, askotan egin beharko dugu honelako aukeraketaren bat CAD programetan!!! Tresna bat aukeratzen dugunean, komeni da KOMANDO LERROAN agertzen diren aukera desberdinei erreparatzea. Aldaketaren bat egin nahi izanez gero, aukera horri dagokion hizki larria(k) idatzi beharko d(it)ugu, aldaketa egin baino lehen. Adibidez, sarritan aldatu beharko duzu Radio datua; beraz,R idatzi beharko duzu lehenengo eta, ondoren, aldatu ahal izango duzu erradioa.
ARIKETA 3.3. Arkuak
Baliteke LibreCADekin irudikatu daitezkeen irudi mota guztien artean arkuak izatea konplikatuenak, hauek marrazteko aukerak asko eta nahiko desberdinak direlako. Bitxiena zera da: aurrerago ikasiko duzun bezala, arku gehienak zirkuluak moztuz lortzen direla! ;-)
Beno, ea gai zaren arkuak marrazteko planteatzen zaizkizun zazpi moduekin asmatzeko. Ziur nago baietz!
Klikatu Hemen ✓
20 MINUTU
4. ATALA Lerro paraleloak eta arku eta zirkulu zentrukideak
Marrazketan ohikoa da paraleloak diren zuzenak (norabide bera eta d distantziara dauden lerroak) edo zentrukideak diren arku eta zirkuluak (zentro berdina eta d distantziara dauden arku eta zirkuluak) marraztu behar izatea. Horrelakoetan, elementu horiek guztiak aurretik ikusi dugun bidetik marraztu ahalko genituzke. Baina, irudi berri asko marraztu behar baditugu horrela, badago hauek marrazteko modu zehatz, erraz eta azkarrago bat. Hiru aukera horiek lerro, zirkulu eta arku menuetan aurkituko dituzu eta izen hau dute:
LERRO PARALELOA (Línea paralela)
ZIRKULU ZENTRUKIDEA (Círculo concéntrico)
ARKU ZENTRUKIDEA (Arco concéntrico)
Hiruak modu berean erabiltzen dira. Aukeratu menuan nahi duzun aukeran eta komando barran "d" distantzia hori zehazteko eskatuko zaizu. Zuk erabaki marraztu nahi dituzun irudi horiek zein distantziara egon beharko diren eta ipini balio hori komando lerroan. Ondoren, kokatu kurtsorea bikoiztu nahi duzun irudiaren (lerro, zirkulu zein arku) ondoan. Pantailan marraztuko den irudia nolakoa izango den ikusiko duzu; klik egiten duzunean hortxe geratuko zaizu lerro paralelo edo zirkulu edo arku zentrukidea.
ARIKETA 3.4. Elementuak distantzia jakin batera kopiatu
Beno, hementxe daukazu 2. jarduerako azken ariketa. Hauxe bai dela benetan erraza! Ikusiko duzu zeinen erraz kopiatzen diren zuzen, zirkulu edo arkuak aurretik zehaztutako d distantzia batera.
Klikatu Hemen ✓
10 MINUTU