ZERGATIK LORE JOKOAK?
HISTORIA APUR BAT...
Halako jokoak greziarrak hasi ziren ospatzen, eta k.a. 230. urtean erromatarrek antzeko jokoak antolatu zituzten Flora jainkosaren omenez. Saritzat, bai batzuek eta bai besteek, loreak ematen zituzten: egiazkoak, urrezkoak, zilarrezkoak. Bai arrosak, bai bioletak, baita erramu adarrak ere.
Greziarrek erramu adarrez egindako koroak jartzen zizkieten jainkoei eta literatura eta kirol lehiaketetan garaile geratzen zirenei. Batzuen ustez, Apolo, greziarren jainkoan (Argiaren, Egunaren, Olerkiaren, Abestiaren, Musikaren, Liraren eta Arte guztien jainkoan) dago erramuz koroatzeko ohitura. Honako kondaira du atzean: Apolo (mutil gazte eta eder baten antzera irudikatzen zuten grezia jainkoa) Dafne jainkosaz maitemindurik zebilen, baina honek ez zion berdin erantzuten. Halako batean, honen atzetik zebilela, harrapatzera zihoanean, Gea lurraren jainkosak irentsi egin omen zuen Dafne. Toki hartantxe, erramu bat jaio omen zen. Geroztik, Apolorentzat erramua sakratua izan zen, eta erramuz koroatua agertzen da irudietan.
Erromatarrek ere erramu adarrez koroatzen zituzten enperadoreak: erramuak garaipena eta bakea adierazten zuen. Kondairak dio arrano batek Augustoren emazte Drusillaren magalean fruituz betetako erramu bat ahoan zeraman oilo txuri bat utzi zuela. Aztiek agindu zuten hegazti hura eta haren ondorengoak zaindu egin behar zirela, eta erramu adar hura landatu eta zaindu zuten urte luzetan. Horrela, erramu zuhaitzez osatutako basoa eratu zen Tiberren ertzean. Geroztik, Augustok eta ondorengoek agintariek erramuz eginiko koroak eraman zituzten buruan. Erromatarrak Euskal Herrira etorri baino lehen, gure antzinako arbasoek erramu zuhaitzak zituzten kobazuloen inguruetan. Ez dakigu, gerora egin izan den bezala, ate-buruetan, tximisten aurka, erramu adarrik jartzen zuten edota orduko ehiztarien txapelketetan edo bertsolaritzan garaile geratzen zirenei beren buruan eramaten zuten.
“Euskerazko Itz-jostaldien Batzarrea”k ere, Donostiako Lore Jokoen antolatzaileak, bere literatur sariketetan “erramu adarrak” ematen zituen saritzat. Bestalde, Abbadie-ren garaian, gehienbat, urrezko ontzak (urrezko ontza batek 320 erreal balio zuen) eta zilarrez hornitutako makilak ematen ziren; baina baita dirua ere. Gerora, urrezko eta zilarrezko medailak, erramu adartxoak, haritz hostoak, arrosak, lumak, koroiak eta mila bitxikeria.
ZER DIRA LORE JOKOAK?
Xabier Kerejeta historialaria, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoaren eskutik.
XIX. mendearen bigarren erdian, Europaren hego-mendebalean, berezko hizkuntza Estatukoa ez beste daukaten lurraldeetan, mugimendu literario bana sortu ziren, gehiegikeria eta nahikeria handi samarraz «birjaiotzeak» deitu izan direnak. Honako hauek dira: Felibritge Okzitanian, Renaixença Herrialde Katalanetan, Rexurdimento Galizian eta Lehen Pizkundea Euskal Herrian. Testuinguru horretan ulertu behar ditugu Lore Jokoak.