ZUEN HERRIAN OSPATZEN AL DA EUSKAL JAIRIK?
BADAKIZUE NON DUTEN JATORRIA?
IKAS-EGOERA HONEN XEDEA HAUXE DA:
- DBH 1: Euskal ikur eta ereserkiak ezagutzea eta ikur eta ereserki berriak sortzea
- DBH 2: Donostiako eta Irungo Lore Jokoetako sariketa ezagutzea, sariketarako diziplinak aukeratzea eta kurtso amaierako jairako oinarriak sortzea ("Azaldea")
- DBH 3: Garaiko artelan eta artistak ezagutzea eta haien obrak berritzea
- DBH 4: Garaiko testuingurua jasotzea eta DBH 3koei modu egokian azaltzea. Horrez gain, kurtso amaierako jairako outfit-a proposatzea. Azkenik, Donostia eta Irungo Lore Jokoetako ibilbidea antolatzea.
AZKEN HELBURUA (guztientzat): XXI. mendeko Euskal Lore Jokoak antolatzea eta ospatzea.
Ikas-egoeraren markoa
A. Testuingurua
Gure egunerokoan baditugu euskal kulturaren inguruan ospatzen ditugun jaiak: Inauteriak, San Tomasak, Alardea, Danborrada… Guztiek dute Euskal Herriko Historia eta ohiturekin lotura zuzena, baina hauetako batzuek euskalduntasunarekin lotura zuzena dute; adibidez, Bertso Txapelketa Nagusia, Durangoko Azoka, Korrika… Horiei esker, herri bat sentitzen gara, mundu komun baten parte garela sentitzen dugu, eta askotan konturatu ez arren, horien inguruan egituratzen dugu gaur egun gure bizitzaren zati handi bat.
B. Abiapuntua
Globalizazioaren ondorioz, nortasunaren ahultzea edo likidotzea eman dela diote adituek: munduko txoko ezberdinetan, antzera janzten gara, antzeko musika entzuten dugu, antzeko ospakizunak ditugu…, eta esan daiteke deserrotze bat egon dela pertsonen eta haien lurralde eta arbasoen ohituren artean, hainbat arrazoi tarteko: gerrak, debekuak, migrazioak, identitate-asimilazioak… Ondorioz, identitate-krisia bizi du munduak, eta indibidualtasunera jo dugu, komunitatearen faltan.
Euskal kulturak eta euskarak noraez horretan, munduan izateko toki bat eta nor izateko aukera eskaintzen digute. Belaunaldi berriak (hemen jaiotakoak nahiz gerora etorri direnak) euskaldun izateko modu berriak berrasmatzera gonbidatu nahi ditugu, esentziatik abiatuz. Horretarako, XIX. mende amaierara egingo dugu jauzi, garai hartakoak baitira euskara eta euskal kultura zabaltzeko ospatu ziren lehen jaiak.
C. Azken ekoizpena
XIX. mende amaieran Euskal Herrian sortutako euskal jaien irudikapen berritua egitea: garaiko literatur lehiaketak (lore jokoak), dantzak, bertso-gudak, pilota-partidak… XXI. mendeko espresiobide, estetika eta nortasun berrietara ekartzea, jatorrizko esentzia mantenduz.
Hemen duzue gaiaren inguruko aurrezagutza jakiteko galdetegia.