"Komunikazioan garrantzitsuena, esaten dena entzutea da"
Peter Drukcer
Peter Drukcer
KOMUNIKAZIOA EZ DA SOILIK HITZ EGITEA, KOMUNIKAZIOA ENTZUTEA, ULERTZEA, GALDETZEA ETA ELKARRIZKETA BAT IZATEA DA.
Komunikazioa era askotan eman daiteke eta komunikazio hori egokia izan dadin elementu eta ekintza askori erreparatu behar zaizkie. Hau jorratzeko eta komunikazio eraginkorrean aurrera egiteko, hainbat dinamika eta jolas ezberdin egin daitezke. Hauek arlo ezberdinetan banatuta daude bakoitzak gaitasun bat garatzen duelako.
Jolasa edo dinamikak Haur Hezkuntzan gehienbat oinarrizko baliabidea da eta haurrek era esanguratsuan ikasteko bidea ere. Gainera, emozioekin interakzioan jartzea ahalbidetzen du bai eta harremanak egitea eta ondo pasatzea ere.
Antzerkiaren eta joko dramatikoaren arteko ezberdintasunak argitzea komeni da. Alde batetik, antzerkian errepresentazioa aldarrikatzen duen bitartean, joko dramatikoan adierazpena bilatzen da eta lehenengoan ikuskizuna edo azkeneko emaitza interesatzen den bitartean, bigarrenean prozesua edo taldeari proiektua egitera motibatu duena da interesatzen dena (Eines eta Mantovani in Tresserras, 2017). Beste alde batetik, antzerkiko egoerak irakasleak edo gidoia sortu duenak sortzen ditu eta joku dramatikoan, aldiz, taldea osatzen duten pertsonek asmatutako egoerak islatzen dira. Gainera, irakaslearen paperari dagokionez, lehenengoan irakasleak antzezlanaren garapena planteatzen du eta bigarrenean, ordea, irakasleak ekintzaren aurrerakuntza estimulatzen du (Eines eta Mantovani in Treserras, 2017).
IPUINAREN DRAMATIZAZIOA
Haurrekin dramatizazioa egunero ematen da. Gela batean ipuinak asko irakurtzen baitira eta hauek irakurtzea ez da soilik ahotik hitzak askatzea, baizik eta, kontatzen dugun horretan sinistea, maitatzea eta transmititzea.
Gure antzerkia haurrei bideratua izanik, antzezlan mota hauek dituzten egitura aztertu eta gurea sortu dugu. Gidoian, pertsonaiak esaten dutena, ikusiko dutena, soinuak, musika, ... eta hainbat gauza agertuko dira, hau irakurtzen duten pertsonak gure antzerkia ulertu dezaten.
Hona hemen gidoien adibide batzuk:
GURE GIDOI DRAMATIKOA
EZAGUTZA DINAMIKAK
ESNATZE DINAMIKAK
ERLAXATZEKO DINAMIKAK
SORMEN DINAMIKAK
KONFIANTZA DINAMIKAK
GORPUTZAREN MUGAK EZAGUTZEKO DINAMIKAK
ERREPRESENTAZIO DINAMIKAK
ESPAZIOAREN KUDEAKETARAKO DINAMIKAK
ELKAR AGURTU
Honetan, taldeko lagunak agurtuko ditugu gure izena esanez, eskua emanez eta bi musu emanez. Hasteko, norbaitengana hurbiltzen gara eta hau agurtzen dugu. Ezin zaio eskua askatu beste pertsona bat beste eskuarekin agurtzen hasi arte. Honen bidez, beti kontaktuan egongo gara beste pertsona batekin eta besteak ezagutuko ditugu.
Jorratutakoa:
Kontaktu fisikoa eta harreman pertsonalak.
Hausnarketa:
Besteekin harremana sustatzeko balio du eta bide batez konfiantza hartzen joateko.
NORENA DA ZAPATILA HAU?
Jolas honetan, pertsona guztiek zapata bat kendu behar dute eta borobilean jarrita zapatila erdian utziko dute. Beste zapatila jantzita izanik, musika jarri ahala, borobilean dantzatzen hasiko dira eta musika gelditzen denean, beste kide baten zapatila bat hartu behar dute. Behin zapatila hartuta, bere jabea bilatuko dute eta honi zapatila ematearekin batera bi musu eman behar dizkio.
Jorratutakoa:
Gorputz mugimendua, entzumena eta besteekiko harremana.
Hausnarketa:
Jarduera hau, harremanak indartzeko izateaz gain, klase bat hasteko eta girotzeko erabili daiteke.
AURKEZPEN EMOZIONALA
Jarduera hau talde batek proposatu du. Gure izena esan behar genuen tonuarekin jolastuz. Hau da, emozio batetik abiatuta, ahotsa horretara moldatu behar izan dugu emozioa ondo transmitituz.
Jorratutakoa:
Gorputzarekin egin ditzakegun aldaketa ikustea esate baterako, modulazioa. Horretaz gain, gure aurkezpena egitea, izena emanez eta nahi izanez gero beste daturen bat emanez.
Hausnarketa:
Emozioak transmititzerako orduan baliagarria izan daiteke dinamika hau, ahotsaren tonu aldaketaren bitartez emozio bat edo beste bat adierazi dezakegulako.
ERREBOTEAREN BIDEZ 1,2,3
Bikoteka jarrita bata bestearen aurrean, bietako batek 1 esaten du, besteak 2, bikoteak 3... era honetan erritmo bat sortuz eta arreta jarriz. Ondoren, zenbakiak keinu eta soinuekin trukatu egin daitezke aldaketa batzuk izan ditzan dinamikak gero eta zailagoa bihurtuz.
Jorratutakoa:
Arreta mantentzeko gaitasuna, erritmoa eta sinkronizazioa bikotearekin.
Hausnarketa:
Antzerkirako baliagarria zaigu dinamika hau. Hala nola, besteen ekintzetan arreta mantentzeko, adi egoteko besteak noiz bukatzen duten gure txanda noiz den oso argi ikusteko eta jarraikortasun bat lortu ahal izateko.
KEINUEN JARRAIPENA
Talde txikietan jarrita, taldeko batek keinu bat egin du. Hurrengoak, aurrekoaren keinua eta berak asmatutako beste bat egiten du: taldekide bakoitzak aurrekoen keinuak errepikatu eta berri bat eginez. Horretarako kontzentrazioa ezinbestekoa da.
Jorratutakoa:
Erritmoa, arreta, kontzentrazioa eta sormena keinuak sortzeko.
Hausnarketa:
Hauen bidez, gure arretari erreparatuz, martxan jarri daiteke gure gorputza antzezlana martxan jartzeko. Haurrekin lan egiterakoan ere, beroketa ariketa bat izan daiteke haien arreta landuz, talde egitura osatzeko eta egingo den ekintzarako prestatzeko.
KORAPILOA AZKATU ESKUAK ASKATU GABE!
Talde osoak elkarri eskuak emango dizkio eta ondoren, korapilo bat egin behar dute eskuak askatu gabe. Helburua eskuak askatu gabe korapiloa desegitea da, elkarlana sustatuz. Ondoren, begiak itxita dinamika errepikatu daiteke zailtasun maila pixka bat igotzeko eta konfiantza lantzeko.
Jorratutakoa:
Kontaktu fisikoa, arazoen ebazpena, kooperazioa, estrategiak eta konfiantza.
Hausnarketa:
Jarduera honen bidez, arazo batetik irteteko konponbidea bilatu behar da. Horretarako, talde lana ezinbestekoa da, batek bakarrik ezin duelako ebatzi. Hori edozein errealitateko eremutara eraman daiteke eta are gehiago, gure ikaskuntza eremura, izan ere, denbora asko ematen dugu talde lanean.
ENERGIA PASATZEA
Talde guztiak borobil bat osatu dugu eta gure energia besteei pasatu behar izan diegu. Horretarako, txalo bat eman dugu alde batera eta oihu bat egin dugu.
Jorratutakoa:
Energia eskuratzea, koordinazioa, bizkortasuna eta gure gorputzaren erantzuna estimulatzea.
Hausnarketa:
Dinamika honek gure erantzunak estimulatzeko baliagarria. Horregatik, gure antzezlana egin aurretik gorputza esnatzeko egokia dela iruditzen zaigu. Gainera, gure gorputzeko momentuko erreakzioak ezagutzen ditugu eta ezagutzen ez genituen keinuak eta jarrerak ezagutzeko aukera ematen du joko honek.
MAITEMINDUTA NAGO
Jolas honetarako ere, borobil bat osatu dugu guztion artean. Pertsona bat borobil erdira atera da eta borobileko pertsona batengana hurbildu da honako hau esanez: "Miren (pertsonaren izena) asko maite zaitut, baina, gehiago maite dut ... Elena (beste pertsona baten izena) " Hau esandakoan, esandako izenen ondoko pertsonak lekuz aldatuko dira eta erdikoak borobilean libratu den leku batean sartzea lortu behar du, mugitu den beste pertsona bat lekurik gabe uzten. Hau errepikatzen da behin eta berriz baina esaldia esateko era aldatzen da: tonua, poztasunaz, tristuraz, haserreaz, keinuak erabilita, keinuak geroz eta handiagoak egiten...
Jorratutakoa:
Azkartasuna, gorputz adierazpena, ahots tonu aldaketa eta besteekiko harremana lantzen da.
Hausnarketa:
Dinamika hau erne mantentzeko baliagarria da ez dakigulako zein momentutan aldatu beharko garen lekuz. Beraz, antzezlanean zehar espero ez dugun egoera batetik ateratzeko estrategiak lantzeko balio du.
NINJAK GARA
Jarduera honetarako, aurreko jardueretan bezala, borobil bat egin dugu eta arreta mantentzea ezinbestekoa izan da da. Ninjak izan garenez, eskuetan arma bat izan dugu (makila, ezpata... ). Gutako batek ezpata altxa du eta soinu bat egin du (A!). Orduan, honen ondoan zeudenek haien ezpatekin soinua egin duenaren hankak mozten saiatu dira beste soinu bat egiten zuten bitartea (Sssh!). Azkenik, erdikoak ezpata jaitsi du borobileko beste pertsona bati honekin apuntatuz, azken soinua egiten du (Iaaa!). Orduan, apuntatu duen pertsona, hasieratik hasi da ezpata altxatzen A! eta dinamikari berriro hasiera ematen.
Jorratutakoa:
Arreta, besteekiko elkarrekintza eta koordinazioa, gorputzaren erreakzio azkarra eta erritmo baten jarraipena, izan ere, soinuekin erritmo bat sortzen da errepikapenen bidez.
Hausnarketa:
Dinamika honetan ere, arreta lantzeko aukera izan dugu eta hau edozein ekintzari erantzun azkarra emateko baliagarria da. Horretaz gain, gure antzezlanean itzalekin jolasean gaudenean erabili dezakegu edota pertsonai komikoa agertzen denean. Pertsonai komikoa ibiltzen agertu daiteke eta pausu bakoitzean soinu ezberdin bat egin dezake. Horrela, soinuen errepikapena egongo da erritmo bat sortu.
MASAJE KOLEKTIBOA
Jarduera honetan, taldeka jarri gara eta borobil bat sortu dugu. Gutako bat borobilaren erdian kokatu da eta gainontzekoek masajea eman diote gorputz atal guztiak kontuan hartuz, hau da, besoak, hankak, oinak, eskuak, burua, .... Bukaeran, guztiok batera indarrak transmititzeko, goitik behera eskuak pasa dituzte dutxa batean egongo balira bezala.
Jorratutakoa:
Batez ere, erlaxazioa, gorputz ukimenaren bitartez eta atzetik musika lasaia izanik, lasaitasuna bermatzen delako. Horretaz gain, konfiantza ere landu daiteke, besteen gorputza ukitzeko edo norberarena ukitzen uzteko.
Hausnarketa:
Jarduera hau, gure antzezlanerako baliagarria izan daiteke, eszenan sartu baino lehen gure artean erlaxatzeko eta urduritasuna usatzeko eta egin beharrekoan zentratu ahal izateko.
ISTORIO IZOZTU KOOPERATIBOA
Jarduera honetan, banaka aterako gara erdira eta ekintza izoztu bat egingo dugu. Egindako ekintza esango dugu eta "izozturik" geldituko gara taldeko beste bat hurbildu arte. Honek aurrekoak errepresentatutakoarekin erlazionatutako beste ekintza izoztu bat egingo du eta lehenengo kidea joango da. Behin eta berriz errepikatuko da istorio bat sortu arte.
Jorratutakoa:
Batez ere irudimena lantzen da, irudi edo ekintza batetik erlazionatutako beste bat irudikatu behar delako. Horrez gain, gorputz adierazpenaren bidez ekintza hori errepresentatu behar denean irudimena ere lantzen da.
Hausnarketa:
Gauza berriak sortzerako orduan irudimenak garrantzi handia dauka ideiak sortzeko eta hauetatik gauza berriak egiteko. Honek edozein momentuan egoera batetik ateratzeko balio du. Horrekin bat, gure antzezlanaren zati asko sortzeko irudimena erabili dugu eta hori pertsonaren araberakoa izan arren, lantzea ondo etorriko zaigu.
SINBOLISMOAREKIN JOLASEAN
Objektu bati erabilera ezberdinak emanez irudimena garatuko dugu. Talde txikietan jarrita, elementu bat hartu eta bururatzen zaizkigun elementu guztiak irudikatuko ditugu taldearen aurrean. Talde ezberdinak egongo dira eta bakoitzak elementu bat izango du. Talde bakoitzaren elementua ezberdina izango denez, denbora bat pasa ondoren elementuen errotazioa egin da talde guztiek elementu guztiak izan ditzaten.
Jorratutakoa:
Irudimena batez ere eta gure buruaren sormen gaitasuna ezagutu ahal izan dugu.
Hausnarketa:
Aurretik aipatu bezala, irudimena lantzeko balio du eta egoera zehatz batzuetatik ateratzeko estrategiak garatzeko oso baliagarria izan zaigu.
MAKINA KOLEKTIBOA
Ariketa honetan, pertsona bat ateratzen da eta errepikatzen den mugimendu bat egiten du. Honi momentu batean, soinua gehitzen dio eta behin eta berriz errepikatzen du. Hau mekanizatuta dagoenean, beste pertsona bat ateratzen da eta beste mugimendu bat egiten du aurrekoari lotuta eta bere erritmoarekin erlazionatzen dena. Honek, beste erritmo berri bat sortzen du aurrekoarekin batera. Era berean, bi hauek mejanizatuta dutenean, beste pertsona bat ateratzen da eta era honetan, nahi diren pertsona guztiak. Honi ere gehitu ahal zaio erritmoaren abiadura, gero eta azkarrago egin edota gero eta motelako egin.
Jorratutakoa:
Gorputz adierazpena, kooperazioa, talde lana eta sormena mugimendu eta soinuak gorputza eta tonuaren bidez errepresentatzeko.
Hausnarketa:
Jarduera hau, lagundu ahal digu gure antzezlanean, akzioen jarraipena bultzatzeko, hau da pertsona batek bere ekintza amaitzen duenean eta bestea berea hasi behar duenean, hauek erlazionatzeko eta bi ekintza isolatu ez izateko.
SOINUEN BASOA
Bikoteka jarri gara. Bikote horiek betikoak ez izateko, urtebetetze dataren arabera antolatu gara. Behin bikoteak sortuta, bata besteari soinu bat belarrira esan dio. Orduan, batek begiak itxi ditu eta besteak belarrira esan dion soinua eginez gidatu du gelatik eta pasilotik. Gidariak soinua egiteari uzten dionean, pertsona gidatua gelditu behar da. Denbora bat pasa ondoren, bi partaideak begiak itxi egin dituzte, eta rolak aldatu dira. Gidaria gidatua izatera pasa da eta gidatua gidaria izatera besteak lehen belarrira esan dion soinuarekin.
Jorratutakoa:
Jarduera honekin espazioaren kudeaketa landu dugu gorputza eta espazioaren erlazioa kontuan hartuz.
Entzumena ere landu dugu, izan ere, gure gorputzaren norabidea eta distantziak soinuaren bidez neurtu eta kokatu ditugu, hau da, soinua jarraitu dugu.
Norberarekiko eta besteenganako konfiantza ere landu egin da. Norberarena, izan ere ikusmena zentzumen nagusiena izanik, hau galtzerakoan askotan ez gara beste zentzumenetaz fidatzen eta beldurra sentitzen dugu beste elementuekin talka egiteko arriskua ikusten dugulako eta gure ekintzak zalantzan jartzen ditugu. Besteenganako konfiantza ere landu dugu, konfiantza osoa izan behar izan dugulako gidariarengan, haiek, gure begiak izan direlako.
Hausnarketa:
Haurrekin aurrera eramateko oso jarduera garrantzitsua da haien buruarekiko eta besteekiko konfiantza indartzeko eta nagusiagoak direnean norberarekiko eta besteekiko harremana hobeto kudeatu ahal izateko.
Gure antzezlanari dagokionez, konfiantzak antzezlanean segurtasuna emango digu eta horrek antzezlana aberastuko du. Horretaz gain, soinuak erabiltzearen ideia burutik pasa zaigu eskaintzen dituen aukera anitzak direla eta. Antzezlanean zehar soinuak momentu ezberdinetan erabili ditzakegu: haurrak negar egiten duenean, beldur baten alde positiboaren errepresentazioak puntu komiko bat duenean...
DUTXA
Bikoteka jarri gara eta elkarri masajea eman diogu musika lasaia entzuten genuen bitartean. Masajea era desberdinetara eman diogu elkarri: esponja, xaboia, esfoliantea, ura, toaila... eskuetan genuela imajinatuz.
Jorratutakoa:
Jarduera honen bidez, konfiantza lantzen da bikotearen artean gorputz harremana dagoelako gertutasuna eta kumenaren bidez. Gainera, masajea jasotzen ari den pertsonak begiak itxita dituenez, aurretik aipatutako segurtasuna eskuratzen laguntzen du.
Hausnarketa:
Jarduera hau lasaitzeko momentu batzuetan erabili daiteke edota konfiantza garatzeko behar izatekotan. Kontaktu fisikoa emateko edota urduritasuna kontrolatzeko ere baliagarria izan daiteke. Horretaz gain, erlaxatzeo ere erabili daiteke.
GORPUTZ ATALAK EZAGUTZEN
Hasieran, eremu guztitik bananduta egongo partaide guztiak. Ibiltzen hasiko gara eta bat batean, pertsona batek gorputzeko atal bat esango du. Gainontzekoek gorputz atal guztiak ukitu ahal izango dituzte esan duen gorputz atala izan ezik. Dinamika behin eta berriro egin ondoren, bikoteka jarriko gara eta batak besteari esaten den gorputz atala ukituko dio.
Jorratutakoa:
Gorputz adarreko atalak eta hauen kontrola.
Hausnarketa:
Gure gorputza ezagutzeko eta ematen dituen aukerak ezagutzeko egokia da dinamika hau.
TXULALAI KEINUEKIN
Jarduera hau gorputza lantzeko proposamenarekin gure taldeak sortu du. Honetarako, txulalai abestia jarri dugu eta euskal dantza bat izan arren, keinuak eginez dantzatu dugu. Dantzak hiru zati dauzka eta zati bakoitzerako keinu bat egin dugu. Lehenengo zatian txaloak egin ditugu musikaren erritmoan, bigarrenean eskuak altxatu eta jaitsi ditugu eta azkenengoan, oinekin musikaren erritmora lurraren kontra jo dugu.
Jorratutakoa:
Gorputz atal ezberdinak mugitzea, interakzioa musikarekin, hau da, globaltasun batean irakaskuntza sustatzea eta erritmoa lantzea.
Helburua:
Hau erabili dezakegu, gure antzezlaneko dantza bat ikasterako orduan musikaren entzuketa on bat egiteko eta ondoren, dantzaren pausuak musikaren erritmoan ondo sartzeko.
ESTATUAREN JOLASA
Jarduera hau oso ezaguna da haurren artean. Musika jartzean datza eta musika dagoen bitartean, dantzatu behar da. Musika gelditzen denean ordea, estatuak izango balira bezala dauden posturan geratu behar dira. Dinamikak aldaketa batzuk izan ditzan, musika gelditzen den momentuan bakoitzak estatua famatu bat irudikatu behar du eta ondoren, beste aldaketa bat egin daiteke animalia bat irudikatuz.
Jorratutakoa:
Gorputz mugimendua, entzumena eta gorputzaren tonua. Izan ere, gorputza estatua bezala geldi izan beharreko momentuan gorputza gogortzen dugu eta dantzatzerakoan erlaxatzen dugu.
Hausnarketa:
Gorputza esnatzeko balio dezake jolas honek. Helduak garenean batez ere, ez dugu dantzatzeko joera handirik eta dinamika honekin gorputza askatu dezakegu gure gorputzaren mugimendu ezberdinak ezagutuz. Era berean, dramatizazioa lantzen da, izan ere, estatu bezala geratzen garenean animali, estatua famatu, eraikuntza, elikagai... bat irudikatu dezakegulako gure gorputzarekin.
ANIMALIAK IMITATU
Aurreko dinamikaren antza handia dauka dinamika honek. Musika dagoen bitartean, bakoitzak nahi duen modura dantzatuko du. Musika gelditzen denean, esaten den animalia imitatu behar da gorputza erabiliz eta soinuak eginez.
Jorratutakoa:
Imitazioa, mugimendua eta entzumena.
Hausnarketa:
Dinamika honen bidez antzezlanerako postura ezberdinak lantzen dira (animaliak jorratzekotan). Dena den, gorputza berotzeko ariketa bezala ere erabili daiteke, gorputzeko giharrak berotzeko edozein ekintza egin aurretik.
KOLOREETAKO MUNSTROAREN IPUINA
Dinamika hau, gorputza lantzeko klaseko talde baten proposamena da. Haien planteamendua koloreetako munstroaren ipuina kontatu ostean, jarduera hau egitea da. Hasteko, pertsona bakoitzak ipuineko emozio batean pentsatu behar du. Behin hau eginda, keinu eta soinuen bidez errepresentatu behar du eta emozio berdina daukaten pertsonekin elkartu behar da. Denak elkartu direnean, taldeak sortzen dira eta talde bakoitzak hautatutako emozioaren talde irudi bat egin behar du. Hau errepresentatzen joango dira banan banan eta beste taldeak asmatzen joan behar dira zen izan den errepresenatutako emozioa.
Jorratutakoa:
Gorputz adierazpena, emozioen gaia eta besteen gorputz adierazpenaren ulerkuntza.
Hausnarketa:
Gure antzezlanerako emozioak adierazteko gorputz eta aurpegi mugimendu edo soinuak egiteko baliagarria izan daiteke, baina orokorrean jarduera bezala aplikatzeko ez dugu uste oso baliagarria denik.
BASOAREN IPUIN DRAMATIKOA
Jarduera hau ere, klaseko talde batek egindako proposamena da. Horretarako, haiek kontatzen zuten istorio batean guk ekintzak sartu behar izan dugu. Esaterako baterako, "lorea hartzen du eta honen usainaz gozatzen du" esaten badute, guk ekintza hori errepresentatu behar genuen. Horrez gain, musikak edo soinuak ere sartu zituzten ipuinaren kontakizunean.
Jorratutakoa:
Entzuketa, gorputzaren bidezko adierazpena edo errepresentazioa.
Hausnarketa:
Gure antzezlanean txertatzeko ez da baliagarria, baina ekintzen errepresentazio honekin gure antzezlanean adierazi beharko ditugun ekintzak praktikan jarri ditugu.
AURREKOAREN EKINTZA JARRAITU
Dinamika honek erlazio estua dauka estatuak jarraitzearenarekin. Hau aurretik azaldu dugu irudimen dimaniken barruan. Oraingoan talde guztiak borobil bat sortuko du, pertsona bat erdian jarriko da da eta oso kontzentratuta ekintza bat egingo du. Kanpoko borobiletik pertsona bat hurbilduko zaio eta galdetuko dio: "Zer egiten ari zara, Oskar (Erdiko pertsonaren izena)?" eta erdiko pertsonak asmatuko duen ekintza bat esango dio. Orduan, galdetu duenak erantzun dioten ekintza egin behar du eta beste batek galdera egiten dionean beste ekintza bat erantzungo dio.
Jorratutakoa:
Sormena, ekintzaren errepresentazioa eta ideien eskemak apurtzea latzen dira.
Hausnarketa:
Honek, aurretik beste dinamika batzuetan aipatu bezala, edozein egoeretatik ateratzeko trebetasunak eskaintzen dizkigu eta horretaz aparte, beste pertsona batzuek esaten diguten edozein ekintza errepresentatzeko gaitasuna eskuratzen du. Hau da, edozein ekintza errepresentatzeko prest egon behar gara eta ez bakarrik guk nahi duguna. Horrela, gure gorputzarekin gauza berriak probatuko ditugu.
ESPAZIOTIK ZABALTZEN
Jarduera honetan eremu osotik zehar ibili behar izan dugu ahalik eta eremu gehiena okupatuz. Espazioa era orekatuan bete behar izan dugu, hau da, ezin dira pertsona asko egon alde batean eta gutxi beste aldean. Horrez gain, espazioan dauden hutsune guztiak betetzen saiatu behar izan gara.
Jorratutakoa:
Espazioaren kudeaketa eta gure gorputza eta besteen erlazio espazialen kudeaketa.
Hausnarketa:
Jarduera hau antzezlanerako lagungarria da batez ere, eszenatokia bete ahal izateko eta eremu libreak ez geratzeko. Batzuetan, objektu batzuk bete ditzakete eszenatokiko hutsuneak baina, kontuan hartu behar da pertsonaien ekintza guztiak ezin direla burutu eremu berdinean. Horrez gain, antolatzen laguntzen du, eta behin espazioa antolatuta gure burua ere antolatuagoa egongo da ekintzak zehaztasunez aurrera eraman ahal izateko.
STOP JOLASA
Jolas hau, nahiko ezaguna da eta hau ere, gorputza lantzeko gure gelako talde baten proposamena da. Honetarako, espaziotik banatuta hasten dira partaide guztiak eta bat harrapatzailea izango da. Honek, korrika eginez, baten bat harrapatzera joan behar da eta bat harrapazterakoan, harrapatutakoa harrapatzailea bihurtuko da. Bitartean, harrapatuak izan daitezkeenak, etxea egin dezakete. Horretarako, hankak zabaldu behar dituzte eta STOP esan. Hau egindakoan ezin izango dira harrapatuak izan baina ezin izango dira lekutik mugitu, haien lagun bat, beraien hanken azpitik pasatzen ez den arte.
Jorratutakoa:
Gorputzaren abiadura, arintasuna, espazioaren ezagutza eta honen erabilpena harrapatua ez izateko.
Hausnarketa:
Jolas honekin egin dezakegun bakarra gure antzezlanari dagokionez, ondo pasatzea da. Izan ere, lantzen dituen alderdiak ez dira baliagarriak guk nahi duguna lortzeko. Dena den, haur hezkuntzako geletan erabiltzeko nahiko aproposa ikusten dugu. Haurrak haien gorputzarekin jolasten dutelako eta lankidetzan aritu behar direlako bata besteari lagundu ahal izateko.
ZENBAKIEN ARABERA ABIADURA HANDITU
Dinamika hau burutzeko, gelatik zabalduta jarri gara eta bost zenbakia da gure ibiltzeko erritmo normala, bostetik behera, erritmoa moteltzen doa eta bostetik gora erritmoa azkartzen da. Beraz, pertsona bat zenbakiak esaten doa eta besteak haien errtmoa aldatzen doaz esan duten zenbakiaren arabera. Horretaz gain, espazio osoa kudeatzeaz arduratu behar gara, eremu guztiak beteta egoteko.
Jorratutakoa:
Batez ere, abiadura eta horretaz gain, mugimendua eta zenbaki baten arteko erlazioak eratzea.
Hausnarketa:
Jarduera hau, gure antzezlanerako ez dugu erabiliko baina hala ere, haurrekin praktikara eramateko oso baliagarria dela uste dugu. Izan ere, edozein talderekin egin daiteke eta haur txikientzat dibertigarria izan daiteke.