2017ko urriaren 23an Pilar López, Teatro Paraiso konpainiako zuzendaria gure gelara etorri da. Berarekin kutxa batzuk ekarri zituen eta horiekin gure kuriositatea piztu zuen, informazioa eman zigun eta haurraren garrantzia hirian azpimarratu zuen.
Etxe bakoitzak Teatro Paraisorekin zerikusia zuen eta batzuetan haiekin lan egiten zuen leku fisiko bakoitza islatzen zuen. Bertan ''Haur Antzerkia'', ''Musihablando'', ''Artium'', ''El teatro llega a la escuela'', ''Proyecto para bebés'' eta ''Beñat Etxepare'' bezalako etxeak irudikatzen zituzten kutxak zeuden.
Guk, taldeka, ''etxe'' bakoitzetik pasa ginen, etxe horri buruzko hipotesiak egin genituen (zer zen, zergatik zuen Teatro Paraisorekin zerikusia, zer egiten zen hor barruan, zergatik zen baliagarria Haur Hezkuntzarako edo haurrekin lotzeko...) eta etxe bakoitzarekin argazki bat atera genuen.
Azkenik, talde bakoitzak bere ''etxea'' guztien aurrean azaldu zuen eta besteek egindako galderen eta Pilarrek ematen zuen azalpenaren laguntzarekin ''etxe'' guztien ideia orokor bat egin genuen. Gainera, kutxa guztiak mahaiaren gainean uzten joan ginen pixkanaka-pixkanaka amaieran ''etxe'' guztiekin hiri sinboliko bat sortu arte.
Ondoren, gimnasiora jaitsi ginen eta bertan taldeka haurrentzat egokiak izan ahal diren instalazioak egin genituen. Horretarako taldeka Pilarrek esaldi bat esaten zigun eta material batzuk ematen zizkigun. Esaldietako batzuk ''emozioen plaza'', ''esperimentazioaren bidea'', ''jakinminaren hondartza'' edo ''sormenaren basoa'' izan ziren.
Ikusi dezakegun moduan, esaldi guztietan parte fisiko bat (hondartza, bidea, plaza, basoa...) eta parte metafisiko bat (emozioak, jakinmina, esperimentazioa, sormena...) agertzen da. Honen atzean kolektiboki herritarrak enpoderatzeko zerbait sortzea eta haurren beharrak ez ahaztearen ideia dago.
2018ko otsailaren 13an Markeliñe antzerki konpainiako bi antzezle etorri ziren; Jon Kepa eta Jon Koldo. Haiek haien 10 eta 20 urte bitarteko esperientzia kontatu ziguten, bai eta Markeliñe konpainia nola hasi zen ere orain dela 25 urte. Konpainia hau mimo-antzerkiak egiten hasi zen baina gero haien antzerki teknikak zabaldu zituen eta orain minbizia, alhzeimerra, gerra eta dolua bezalako gaiei buruzko antzerkiak egiten dituzte.
Egiten dituzten antzerkiak 0 urteetatik 90 urtera bitarteko pertsonentzat dira; izan ere, haien helburuetako batzuk haurra pertsona moduan hartzea, gorasoek haurrekin ikus dezaketen eta gustatuko zaien antzerkia egitea eta normalean haurrekin jorratzen ez diren gaiak jorratzea dira.
Horregatik, haiek ondorengo debatea daukate: Zer da haurrentzako egokia? Zer ez da? Haurrekin gai guztiei buruz hitz egin dezakegu? Nola egin behar dugu hori?
Hitzaldia ematen zuten bitartean haiek egindako antzezlan batzuk erakutsi ziguten eta guztiek gai garrantzitsu bat zeukaten azpian; hala nola, ''Munduari buelta 80 kutxetan'' (teknologiarik gabe ere jolastu daiteke), ''Kixotea'' (dementzia), ''Areazko ipuinak'' (haur minbizia) eta ''Euria'' (dolua). Ikusitako antzezpen horietatik ideia batzuk atera genituen, hots, elkarrizketa luzeegirik ez erabiltzea, soinuen erabilera kontzientea egitea, erritmoa oso kontrolatua izatea, zentzumenak pizteko estrategiak garatzea eta antzezlana leku nahiko ''informalean'' (ikusleengandik hurbil) egitea.