Ikasgelan aurkeztuko dugun proiektu hau oso xumea da, baina ikasleentzat eragin handikoa eta erakargarria. Testuaren ezaugarriak ulertu ondoren, ikasleek zubi bat edo asteburu luze bat aprobetxatuko dute beren lana sortzeko; izan ere, hainbat proiektu egin ondoren, jabetu gara tarte luzea behar dutela esperientziak bizi eta egunerokoan islatzeko. Ikasleek egunerokora ekarriko dituzte familian egindako planak eta norberaren esperientziak (ametsak, beldurrak, eztabaidak, (des)ilusioak, kezkak, grinak, tristurak...).
Proiektu honen bidez, idazmenaren alde terapeutikoa azpimarratu nahi dugu, hau da, gure sentimenduak paperera ekartzeak geure buruarengan duen eragin positiboa baliatzea.
Prozedura oso sinplea da: 5 folio erditik tolestu, eta horrekin koaderno bat egingo dugu, bidaiatzeko edo eskiatzera eramateko erosoa. Autobiografikoa izan behar du, baina ez eguneroko jardueraren segida edo zerrenda. Egunero memento berezi bat aukeratuko dute, dela film bat kontatzea, dela horrek sortutako emozioa, dela gertatutako pasadizo sinple bat.
Bukatzeko, irudiz edo collage moduan hornituko dugu lana; kontuan izan behar dugu apaintzen dugunean sormenean murgiltzen ari garela emaitza estetiko baten bila.