Azalpena

Irakasgai honen xede nagusia da gaitasun komunikatiboa garatzea, ahozko zein idatzizko adierazpenetan, ikasleak eskuratuz joan daitezen euren ideiak zehaztasunez komunikatzeko abilezia.

Gizakiok hizkuntzaren bidez gauzatzen dugu pentsamendua, baina hizkuntzaren erabilera soziala da; izan ere, gure harremanetan narrazioa, kontaketa, elkarrizketa eta iritzia erabiltzen ditugu, besteak beste. Beraz, ikasleek hainbat egoeratan behar bezala jarduteko tresnak eta ezagutzak behar dituzte. Horrek, liburuetatik haratago, eguneroko lan sistematikoa eskatzen du.

Irakasleentzako zein ikasleentzako teoria eta praktika jasotzen dituen lan bat egitea da nire asmoa. Alde batetik, irakasleei proiektuak aurkeztea eta azaltzea, eta, bestetik, ikasleei lan horiek zehaztasunez gauzatzeko tresnak eta euren emaitzak baloratzeko errubrikak edota txantiloiak eskaintzea.

Egun, irakaskuntzan askotariko pantailak erabiltzen ditugu: arbela pantaila digitala da; koadernoa, tableta eta liburua, irakasleak diseinatutako unitate didaktikoak edota proiektuak.

Euskarazko baliabide digital gutxi dago, eta, horrexegatik, lan honen helburu nagusia da euskarazko komunikazioa sustatzea, ahoz, idatziz zein era digitalean, eta ulermena eta sormena garatzea, bertatik bertara eta mundu birtualean, ikasleen lan kooperatiboa sarean sustatuz. Hori guztia, Heziberrik dakarkigun metodologiaren bidez.

Landuko diren konpetentziak

● Hitzezko, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia (Oinarrizko zehar-konpetentzia)

● Ikasteko eta pentsatzeko konpetentzia (Oinarrizko zehar-konpetentzia)

● Ekimenerako eta izpiritu ekintzailerako konpetentzia (Oinarrizko zehar-konpetentzia)

● Elkarbizitzarako konpetentzia (Oinarrizko zehar-konpetentzia)

● Arterako konpetentzia (Oinarrizko diziplina barneko konpetentzia)