Hiru multzotan banatuko ditugu jarduerak: korroan egitekoak, garapen-jarduerak eta birpasatzekoak. Garapen-jarduerek ordena kronologikoa dute, eta birpasatzekoak, berriz, jarduera konkretu batzuen amaieran egiteko dira. Korroan egitekoak, aldiz, egunero egin daitezke ordena zehatzik gabe.
Korro-jarduerak
Gelan, aurrera eramango ditugun ekintzei buruz hitz egingo da korroan, bai irakasleak zerbait proposatzen duenean, bai ikasleek proposatzen dutenean ere. Umeen interesak, nahiak eta aurrezagutzak izan behar ditugu kontuan. Asanbladak abestiak, olerkiak, lexikoa eta abar lantzeko aproposak izateaz gain, memento aproposak dira informazioa biltzeko.
Garapen-jarduerak
Jarduera hauek korroan bildutako informazioa kontuan hartuta prestatuko ditugu; hau da, umeek etxetik ekartzen dituzten gauzak aztertu, korroan esaten dituzten gauzak bildu, eta haien eskaerei forma emanda prestatuko ditugu jarduerak.
Birpasa-jarduerak
Jarduera bat egin eta gero -ez guztietan- ikasitakoa finkatzeko, fitxak egingo ditugu batzuetan; beste batzuetan, berriz, plastika-produkzioak, eta, beste batzuetan, ahozko ekintzak talde txikian edo talde handian.
Jarduera hauek egingo ditugu:
1. Asanblada
2. Oharra
3. Piraten txokoa
4. Piraten itsasontzia
5. Liburutegia eta ipuinak
6. Bideoa
7. Ginkana
8. Altxorraren mapa
9. Gelaren 3Dko mapa
10. Hiztegia
11. Geometria
12. Itsasoko animaliak vs lehorrekoak
13. Abestiak
14. Itsas animaliekin jolasean
15. Asmakizuna
16. Burezurraren kareta
17. Mozorroa prestatu
18. Jaialdia