Proiektu hau 4 urteko D ereduko talde baterako dago pentsatuta. “Piratak edo Itsaslapurrak” gaia aukeratu dugu umeen interesen barruan egon ei delako; psikomotrizitate-gelan, adibidez, pertsonaia hori askotan agertzen da umeen jolasetan. Bigarren hiruhilekoan jorratzeko aproposa irizten diogu, inauteriak aprobetxatzeko; horrela, hiruhilekoaren azken ekintza “Inauterietako jaia” izango litzateke.
Proiektuek beti abiatu behar dute haurren interesetatik, euren ezagupenetatik eta dituzten esperientzietatik; era horretan, ezagutza esanguratsuak eta funtzionalak sustatuko ditugu, ikuspegi integratzailea eta praktikoa aintzat hartuta.
Haur Hezkuntzaren xede nagusia kontuan harturik, garapen fisiko, intelektual, afektibo eta sozial osoa eta orekatua lortzea nahi dugu.