Ebaluazioa hezkuntza-prozesuaren zati bat da, eta hezkuntza-prozesua eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzea du helburu. Horretarako, honako hauek hartzen ditu erreferentziatzat: ume bakoitzaren egoera, hezkuntza-sistemaren eta ikastetxearen xedeak eta helburuak, eta, hezkuntza-lana zein errealitatetan garatzen den, errealitate horren ezaugarriak. Hori guztia hartzen du kontuan, eskolatutako haurrek ahalik eta gehien gara ditzaten euren ahalmenak modu oso eta orekatuan.
Hezkuntza prozesuaren ebaluazioa benetakoa izateko, etengabekoa, integratua eta indibidualizatua izango da.
Hiru ebaluazio mota bereiz ditzakegu:
● Hasierako ebaluazioa: Irakaste-ikaste prozesua hasi aurretik aplikatzen da, eta ikaslearen abiapuntua finkatzea du helburu. Ume guztiek ez dute jaso ezagutza eta esperientzia multzo berbera eskolara etorri aurretik. Hori dela eta, ebaluatzeko orduan, hortik abiatu behar dugu.
● Prozesuaren ebaluazioa: Irakaste-ikaste prozesuan zehar garatzen da eta beraren funtzioa prozesuari buruzko informazioa biltzea da.
● Azken ebaluazioa: Honen bidez, prozesuaren azken emaitzak neurtu nahi ditugu. Asmoa ez da arazoak detektatzea, ezta garatzen ari den prozesua zuzentzeko informazioa biltzea, baizik eta honako hau: lortu ditu halako umeak hasieran jarritako helburuak?
Hezkuntza-ekintzetan diharduten pertsona guztien lanak dira ebaluagarri. Beraz, ikaslearen zein irakaslearen lanak ebaluatuko dira.
● Irakasleari dagozkion ebaluazio-irizpideak:
- Planteaturiko helburuak esanguratsuak eta funtzionalak izan dira.
- Haurren heldutasun, gaitasun eta ezagupenekiko egokitzapena ona izan da.
- Espazioak eta taldeak haurren beharrak kontuan izanda antolatu ditugu.
- Haurren garapena eta ongizatea sustatu ditugu.
- Haurren sozializazioa eta autonomia garatzen lagundu dugu.
- Adin honetako umeentzat egokiak izan dira giza baliabideak eta bitarteko materialak.
- Irakasleen arteko koordinazioa egokia izan da.
- Denbora eta espazioaren antolamendua egokia izan da.
● Ikasleari dagozkionak
Ebaluatzeko teknika egokiena haurraren behaketa zuzena eta sistematikoa da. Garrantzitsua da irizpide argiak izatea, behagarriak eta erregistra daitezkeenak. Irizpide horiek ikaskuntza-estrategiak eta –prozesuak diseinatzeko, egokitzeko eta banakatzeko aukera eman behar dute.
Aurreko puntuan azaldutako jarduera bakoitzak helburu didaktikoak eta horien ebaluazio-irizpideak dauzka.