Gure metodologiak ikuspegi eraikitzailea du oinarri; hots, ikasleak berak eraikitzen du bere ikaskuntza-prozesua. Horrela, proiektuetan oinarritzen gara, eta ez dugu gelan ikaslibururik erabiltzen. Ikasleek eurek esaten digute zer ikasi nahi duten, eta horixe da irakasleon abiapuntua: ondoren lan hori osatzea da gure eginkizuna (betiere umeek aurrez zer dakiten kontuan harturik).
Oso garrantzitsua da besteen iritziak ezagutzea eta errespetatzea, arazoei aurre egiteko erantzunak bilatzea, argudiatzen ikastea, eta, horrekin guztiarekin, umeen arteko interakzioak sortzea.
Gure proiektua globala denez, eremu guztiak hartzen ditugu kontuan:
- Norberaren ezaguera eta autonomia pertsonala. Gure ustez, garrantzi handia dute balioek eta sentimenduek. Ikasleen ideia guztiak hartuko ditugu aintzat. Egiten zaizkien galderei eta erronkei askotariko erantzunak ematen dizkiete umeek. Nork bere mundu-ikuskera du: hainbat hipotesi eta aurreiritzi dituzte, eta horien arabera ulertzen eta interpretatzen dute mundua. Aniztasuna lortu nahi dugu: horregatik galdetuko diegu ikasleei zer gai landu nahi duten, eta haiek aukeratzen dutena landuko dugu. Baldintza nagusia izango da ikasle guztiak gustura egotea.
- Ingurunearen ezaguera. Espazioa landuko dugu: antolaketa, orientazioa, erreferentziak, neurriak, zenbakiak, figura geometrikoak, sailkapenak…Piratak (bizilekua, ohiturak, bizimodua), itsasoaren ekosistema (animaliak…), eta itsasontziak ere landuko dira.
- Hizkuntzak: komunikazioa eta adierazpena. Honako hauek egingo dituzte: informazioa bilatu, irakurri, interpretatu, ulertu, besteei azaldu, idatzi (ahal duten neurrian)… Hizkuntza batean baino gehiagotan egon daitekeen informazioa irakurri edo idatziko dute (planoa aztertu). Arlo guztietako ekintzekin batera landuko da ahozko hizkuntza. Plastika ekoizpenetan era askotako materialak erabiliko ditugu, birziklatuak batez ere.