Curriculum-aniztasuneko programek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatuaren titulua lortzea dute helburu.
Ikasleek, gutxienez, 18 ordu emango dizkiete hizkuntza eta gizarte eremuari (euskara eta literatura, gaztelera eta literatura, atzerriko lehen hizkuntza eta geografia eta historia) eta eremu zientifiko-teknologikoari (matematika, biologia-geologia, fisika-kimika eta teknologia) eremuei. Irakasle bakar batek emango du eremu bakoitza.
Eremuko irakasleetako batek bere gain hartuko du ikasle horien banakako tutoretza eta, gutxienez, astean 2 ordu eskainiko dizkio.
Talde bakoitzak gutxienez 8 ikasle eta gehienez 15 izango ditu.
Gainontzeko arloak erreferentziazko taldeekin egingo dituzte.
Curriculum Anitzeko programa bat jarraitzen duen ikaslearen ebaluaziorako, oinarrizko gaitasunak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak izango dira erreferentzia nagusiak, eta programaren ebaluazio-irizpide espezifikoetan islatuko dira.
Curriculum Anitzeko programen arabera DBH3 eta DBH4a ikasteko, baldintza hauek bete behar dituzte ikasleek:
Ikasteko zailtasun bereziak izatea, ikasteko erritmo desberdinak izatea edo ahalegin ezari egotzi ezin zaizkion eskola-ingurunera egokitzeko erritmo desberdinak izatea.
Ikaslea kide den taldearen irakasle-taldeak Curriculum Anitzeko programa ikasteko proposamena egin izana, ikastetxeko orientatzaileak eta tutoreak ebaluazio psikopedagogikoaren txostena egin ondoren.
Ikasle horiei eta haien gurasoei edo ordezkari legalei informazioa eman eta entzun izana.