GORPUTZ HEZKUNTZA

Zarautzen kirolari eta kirol talde entzutetsuak izan dira, eta oraindik ere  badaude, noski.  Horretaz gain, gaur egun egiten ez ditugun kirol toki eta jolasei buruz ere hitz egingo dugu atal honetan, eta ea amaieran, jolas horietakoren bat praktikan jartzeko gai garen!

1. ZARAUTZ KIROL ELKARTEA

XX. mendean asko izan dira Zarautzen egin diren kirol ekintzak. Mende hasierako estropada edo pilota partiduetatik hasi, nazioarteko maratoia antolatu, eskubaloi taldearen norgehiagokak lehiatu edota hondartzako futbol txapelketak jolastu dira, besteak beste.

Kirol ekintza guzti horiek antolatzerako orduan berebiziko garrantzia izan du Zarauzko Kirol Elkarteak. 1944an sortua, urteak aurrera joan ahala, geroz eta atal gehiago sortzen joan zaizikio: xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, futbola, areto futbola, halterofilia, igeriketa, esku pilota, rugbya... Kirol ekintza gehienen antolakuntzaren ardura elkarte horrena da, beti ere zarauztarren eta hainbat erakunde publiko zein pribaturen laguntzarekin.

2.  ZARAUTZ ETA SURFA 

Itsasora begira bizi da Zarautz, eta Gipuzkoako hondartza luzeena izateaz gain, mundu osoan ospea duten olatuak sortzen dira bertan. Mundu guztiko surflarientzat erakargarria da, beraz, Zarauzko hondartza, eta horren seinale da urte guztian zehar txoko desberdinetatik iristen diren surflariak ikustea gure kaleetan.

1960ko hamarkadan iritsi zen surfa Zarauzko hondartzara. Urte horietan guztietan bilakaera izugarria izan du kirolak, eta harekin batera, herriak. Beraz, kirol bat baino zerbait gehiago da surfa Zarautzen, bizimodu bat, eta horrek bere nortasuna eman dio herriari. Surf giroa nonahi sentitu daiteke. Adituak, familia osoak, ikasleak... edozein ikus dezakezu surfa egiten edo ikasten. Eta edonoiz, urte guztian zehar egoten baitira olatuak eta surflariak.

Mundu osoan praktikatzen den kirola da surfa, baina etxean bertan baditugu surflari bikainak; halere, zein dira burura datozkigun lehendabiziko izenak?


Emakumeak eta surfa.mp4

ARIKETA. Bideoari buruzko hausnarketak eta iritziak partekatu:

3. ESKUBALOIA

Surfa baino askoz gehiago da, ordea, Zarautzen kirola. Gainontzeko kirolen artean eskubaloia izan da eta da gaur egun ikur nagusietako bat. Herriko nortasunaren parte bihurtu da, zalantzarik gabe, azken urteotan.  Herrikoia da Zarautzen eskubaloia. 

"HELMUGA" SAIOAN EGINDAKO ERREPORTAJEA (15min)

  Zarauztar eskubaloilari heldu baten testigantza: "Oaindik polideportiboa in gabe zeon ta hemengo kantxa ez omen zan reglamentarioa ta Donostira jun behar izaten zian etxeko partiduak jokatzea. Ta hola, kanpoko partiduak kanpuan eta etxekuak e kanpuan jolastu behar izaten zituzten". 

Iturria: gurezarautz.net 

4. IRIBAR ETA EUSKARA

Zarautzen hainbat Athletikzale egotearen arduradun nagusienetako bat Jose Angel Iribar  atezain ohia da.  Ziurrenik entzungo zenuten Zarauztar atezain entzutetsuaren berri. Jose Angel Iribarrek Athleticen 18 denboraldi, eta 614 partidu jokatu zituen. Gaur egun Athleticekin partidu gehien jokatu dituen jokalaria da.

Hala ere, askok 1976 urtean Atotxako zelaira ikurrinarekin ateratzeagatik izango dute gogoan. ‘Kirolkidea’ kirol hiztegiaren bultzatzaile nagusia izan zela, ordea, jende gutxik daki. Iribarrek adierazi izan du hiztegia "hutsuneak betetzeko" bultzatu zuela. Garai hartan gabezi izugarriak ikusten zituen kirol munduan, eta bere ibilbide profesionalaren amaiera zela aprobetxatuz zerbait itzuli nahi izan zion kirolari hizkuntzaren bitartez.

Momentu horretan dena gaztelaniaz eta ingelesaz bazen ere, Iribarrek aitortu du egoera asko aldatu dela, eta euskararen presentzia areagotu egin dela Lezaman eta klubean. Gero eta gehiago entzuten da zelai barruan eta kanpoan, baina erabileran oraindik lana dago egiteke. 

Bide honetan Iribarrek berak azaltzen digu hiztegiaren bultzatzaile zergatik izan zen.  

***

ARIKETA. Zuek, zer hizkuntzatan aritzen zarete kirolean? 

Futbolean, eskubaloian, saskibaloian, surfean... erabiltzen dituzuen hitz guztiak euskaraz al dira?  Egin gogoeta eta bilatu hiztegian gaztelerazko hitzen euskarazko ordaina. 

Hiztegi hau lagungarria izan daiteke.

5. PLAIEROAK

1944an hasi zen hondartzako futbol txapelketa antolatzen Zarautz Club Deportivo sortu berria. 2019 arte Zarauzko kirol elkartea arduratu zen plaieroen antolakuntzaz, baina 75 urteren ondoren, horretarako sortu berri den gazte talde batek hartu du lekukoa "Playeruak" taldeak. Adin desberdinetako herritarrek hartzen dute parte. Batetik, 8-12 urte bitarteko haurren txapelketa dago, eta bestetik, 18 urtetik gorakoena. Lehenengoari dagokionez neska eta mutilen ligak bereizten dira, eta taldeak eskolen arabera daude banatuta. Helduen ligari dagokionez berriz, hemen ere emakume eta gizonen liga banatzen da, baina taldeak lagun-taldeak eta kuadrilak izan ohi dira, eta denek herriko komertzio, merkataritza edo hostalaritzako establezimendu baten izenean egiten du. 

Emakumenzkoen liga ez da gizonena bezain zaharra. 1978an hasi ziren emakumezkoak ere plaieroetan jokatzen eta 2020an Maria Jauregi zarauztarraren izena jarri zitzaion emakumezkoenari

BITXIKERIA. Zarauzko Plaieroek 1994an Guiness errekorra lortu zuen,  aldiberean 50 partida, 100 talde eta 1100 jokalari bildu zituelako. 

ARIKETA. "Plaiero" hitza nondik datorrela esango zenuke?

Ikusi nola jolasten zuten hasiera hartan. 

6. ZARAUZKO FRONTOIAK

Pilota, bere modalitate ezberdinetan, mundu osoan praktikatzen den kirola da, baina Euskal Herrian pisu eta tradizio handia dauka. Azken urteotan esku pilotak hartu du indar gehien baina bestelako espezialitateak ere hasi dira lekutxoa egiten; erremontea, esaterako. Pilotarako jolas eremua behar da, ordea, eta gure herrian ere badaude frontoi batzuk. Baina, zenbat frontoi daude zuen ustez, nolakoak dira frontoi horiek?


ARIKETA. Egin gogoeta taldeka herrian zenbat frontoi dauden eta saiatu Zarauzko mapan kokatzen. Ondoren elkarbanatu taldekideekin eta saiatu ahalik eta gehienak maparatzen. Auzoetakoak ez dira mapan sartzen baina balio dute, noski!

Eneko Argiñano zarauztarrak aurrez egin du lan hau, eta baita txukun asko mapan kokatu ere! 

Zenbat asmatu dituzue aurreikuspenetan?

ZARAUTZ PILOTALEKUAK PILOTALEKUAK.pdf

Frontoi guztietan pilotakada batzuk joz bideo polit hau osatu du, gainera!

Frontoiak.mp4

7. GARAI BATEKO JOLASAK

UMETAKO JOLASAK

Taldekideek etxeko helduei (aitona-amonei, osaba-izeba helduei...) edo ingurukoei (auzokoei, tabernariei, okinei, lagunen baten aitona-amonei...) umetan zein jolas/joko zituzten galdetuko diete. Testigantzak biltzeko egokiena den baliabideak erabili beharko dituzte (audioa,  bideoa,  ordenagailua, papera eta boligrafoa...).

Ondoren, jolas horiek gelakideei azaldu eta gorputz hezkuntzako orduan praktikan jarri beharko dituzte gelakide guztiek.