EUSKARA ETA KULTURA


1. HERRIKO BERTSOLARITZA: BERTSOLARIAK ETA BERTSO ESKOLA

Zarautzek bertsolari historikoak eman ditu. Merezi dute figura horiek aipamenen bat. 

Inazio Eizmendi "Basarri"

1913an jaio zen, Errezilen. Basarrik sei edo zazpi urte zituela, Eizmendi familia Zarautzera lekualdatu zen, eta Azken Portu taberna ezagunaren ardura hartu zuen. Tabernako bertso erronken lehen entzule izan zen Basarri. 1935ean lehen Bertsolari Eguna antolatu zen Donostian, eta Basarri bera izan zen irabazle, 23  urterekin. Ondorioz, Euskal Herri mailako lehen txapelduna dugu. Bertsolaritza tabernatik plazara atera zuen eta euskal kulturaren erakusgarri egin zuen. 1999an hil zen, Donostian.



Andoni Egaña

Andoni Egaña Makazaga (Zarautz, 1961) bertsolaria eta idazlea da. 1991n Gipuzkoako txapelketan txapeldunorde izan zen eta 1999an Herriarteko txapelketa irabazi zuen Zarauzko taldearekin. 1980ko hamarkadaren bukaeratik aurrera, 1990eko hamarkadan batik bat, Andoni Egaña izan da bat-bateko bertsogintzaren ordezkari nagusietakoa. 

Lau aldiz irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia (laurak jarraian: 1993, 1997, 2001 eta 2005). Beste inork ez du halakorik lortu orain arte. 1986an parte hartzen hasi zenetik 2009an agurtu zen arte, finalista izan zen edizio guztietan. 

Euskal Filologiako lizentziaduna da. Gaur egun erabat sorkuntzari emana bizi da, eta bertsolari ez ezik, ikertzaile, teorizatzaile, idazle eta zutabegile moduan ere nabarmendu da.

Inaxi Etxabe

1933an Oikian jaio zen. 23 urte zituela, Zarautzera etorri zen bizitzera. Hogeita bi urterekin abestu zuen lehen aldiz Zarautzen, eta Basarri entzuleen artean izan zuen. Hurrengo egunean, Basarrik La voz de España egunkarian Etxabe goraipatu zuen. Ordutik aurrera alde batera eta bestera joateko deiak jasotzen zituen. Etxabek beti bertsoak izan ditu gogoan, nahiz eta baratzean edota sukaldean lanean aritu izan. 2020an hil zen, Zarautzen. 

***

Ika-mika. Aski ezaguna da Basarrirekin izandako ika-mika. Basarrik behin emakumeak gaizki egiten zituzten gauzak aipatu zituen egunkarian, eta Iñaxi Etxabek erantzun egin zuen, gizonezkoek gaizki egiten zituzten gauzak aipatuz. Oso sonatua izan zen sorturiko eztabaida eta saltsa. 2013an bertso haiek entzuteko aukera izan zuen Zarauzko plazan. Hemen entzungai.


MOTXIAN-ETXEBELTZ BERTSOGUNEA

Bertsolaritza eta bertsozaletasuna sustatzeko asmoarekin sortu zen Etxebeltz bertso eskola. Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleak ibiltzen dira bertan.

Salbatore Mitxelena Ikastolako eskolaz kanpoko jarduera gisa sortu zen, baina indarra hartzen joan zen heinean, herriari zabaldu zizkion ateak, eta gaur egun herriko ikastetxe guztietako ikasleak dabiltza bertan.

 1996an sortu zen Motxian bertso eskola Zarautzen, Etxebeltz gaztetxoen bertso eskolatik irtendakoan, nahiz eta herriko tabernetan izugarrizko bertso giroa egon, herriko bertsozale eta bertsolariak inon elkartzeko aukerarik gabe zeudelako.

  Bi bertso eskola zeuden lehen Zarautzen, Etxebeltz umeena eta Motxian helduena eta 2021ean erabaki zuten bi bertso eskolek bat egitea eta Motxian-Etxebeltz Bertsogunea sortzea. Geroztik dena elkarrekin antolatzen dute eta bertso eskolan ere elkarrekin funtzionatzen dute,  lokal berean baitaude helduen bertso eskola eta umeena. Besteak beste, Bertso Aste arrakastatsua eta  Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketa antolatzen dituzte.

2. ZARAUZKO IDAZLEAK ETA LITERATURAZALETASUNA

Gure herriak euskal letren munduan ekarpen handiak egin ditu bertako herritarren lanak direla medio. Abiapuntu, hona hemen zenbait. Noski, zerrenda honetan falta denik ere bada eguneratuz gero. Norberak osa eta parteka diezaguke aberasten joateko.  ZARAUZKO IDAZLEAK

Bide batez, aipagarri: Anjel Lertxundik Zarauzko kontuak bildu zituen liburu honetan: Tresak eta Kordelak, 1993, Zarauzko Udala/ Itxaropena. 

Hona gure herrian izan diren eta diren idazle esanguratsu batzuk:

Jose Maria Agirre Egaña "Lizardi"

Zarautzen jao zen 1896. urtean. Familiarekin Tolosara joan zen bizitzera, eta Zuzenbideko ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitatean. 1917. urtean. Ikasten ari zela, ia guztiz ahaztuta zuen euskararekiko zaletasuna piztu eta hizkuntza ikasteari ekin zion. Hortik aurrera, euskaraz idazten hasi zen, eta ia bizi osoa poesiari eskaini zion. Horrenbestez, euskal olerkari eta idazle bikainenetarikoa dugu. Euskaltzaleak elkarteko kide izan zen, eta euskararen zein euskal kulturaren alde lan asko egin zuen. 1933. urtean zendu zen, Tolosan. 

Salbatore Mitxelena

1919an Zarautzen jaio zen. Jarduera anitzetan aritu zen: olerkian, literaturan, antzerkian eta baita entseguan ere. Gazterik hasi zen euskal alorrean lan egiten, eta, egun, euskal olerkari gorenetakoa dugu. Fraide-ikasketak Arantzazun egin zituen.  

Ama istripu batean hil zitzaion, eta gertaera horrek asko eragin zion bizitza osoan. Gerra aurretik, filosofia-ikasketak hasi zituen, eta, Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean, Olitera joan zen ikasketak bukatzera. Ondoren, 1943. urtean, apaiz egin zen. Mitxelenaren ezinegon-izaerak batetik bestera ibiltzera bultzatu zuen: Burgosera lehenik, Donostiara ondoren eta Ameriketara azkenik. Euskal Herrira itzuli ondoren, Suitzara bidaiatu zuen, eta bertan hil zen 1965. urtean. 

Miren Etxabe Oliden

1903. urtean jaio zen Zarautzen. Idazlea, politikaria eta kultur ekintzailea izan zen. "Lau Uxo" ezizenez ere sinatu izan zituen zenbait iritzi artikulu eta antzerki. La Virgen  de las Angustias antzerki obra itzuli zuen; Itziarko ama, eta baliteke bere obrarik ezagunena hori izatea. Emakume Abertzaleen Batzako parte izan zen hainbat hitzaldi eta mitin politikotan parte hartuz, eta, besteak beste, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren inguruko konferentziak eman zituen, garai hartarako oso aurrerazaleak. Garai hartako beste hainbat emakume erreferenteren moduan, askotan, bere aurpegi publikoa alboratu eta bestelako lanak egin behar izan zituen, gerraosteko Eusko Jaurlaritzako kideentzat sukaldari lanak, esaterako. 1993an zendu zen Zarautzen.

Anjel Lertxundi "Andu"

Orion jaioa 1948an. Andu baserrian jaio zen eta hortik datorkio Andu ezizena. Donostiako Apaiztegian egin zituen ikasketak. Magisteritza (Donostian) eta Filosofia eta Letrak lizentziatura (Erroma eta Valentzia) ditu. Irakasle izan zen Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan, eta bertako zuzendari lau urtez. Zarautzen bertan bizi da umetatik. Euskal Literaturaren eta Literatura Unibertsalaren irakasle ere izan zen Donostiako Elizbarrutiko Majisteritza Eskolan 1979-1989 urteetan.

Produkzio handiko idazlea, literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpena, artikulugintza, saiakerara, eta haur eta gazte literatura ahaztu gabe. 1970ean argitaratu zuen lehen liburua: Hunik arrats artea, ipuin bilduma. Ordutik hona, etenik gabe joan da hazten bere literatur ekoizpena.

Kazetari, literatur eta zine kritikari eta telesailetako gidoilari eta aholkulari ere ibilia da. Euskaltzain urgazlea da, eta euskaltzain osoa izendatzeko proposatu dute. Euskarak duen idazle onenetakoa da Lertxundi, eta ofizio handienetakoa.

3. ZARAUZKO ARGITALETXEAK

ITXAROPENA INPRIMATEGIA ETA PATXI UNZURRUNZAGA

Patxi Unzurrunzaga (1906-1984) donostiarraren izena letra larriz idatzi behar diren horietako bat da euskal edizioaren munduan. Bere lan-ibilbideak XX. mendearen zati handi bat hartu zuen, eta berak sortutako Itxaropena argitaletxea (1932- ) Pizkundetik hasi eta frankismoaren amaiera arteko euskal liburugintzaren ikur nagusietako bat da.

Unzurrunzaga gazterik hasi zen inprenta munduan lanean. Aurrena, Aldundiaren inprentan aritu zen, eta gero Zelaia eta Lagunak argitaletxean. Azken hau itxi zutenean, bertako beste bi langile eta lagunekin batera (Emilio Alkorta eta Bonifazio Illarramendi), inprenta berri bat martxan jartzea erabaki zuten. Horrela, tipografiaren zatia alokatu, eta Zarauzko Victor Pradera kalean (gaur, Herrikobarra) zabaldu zuten Itxaropena inprenta.

1930eko hamarkan Euskal Pizkundea bete-betean zegoen, eta Itxaropenak garai hartako liburu nagusietako zenbait inprimatu zituen. Loraldi garai hura, ordea, 1936ko gerran eta hari jarraitu zion frankismoaren uztarpean galdu zen. Gerra lehertu zenean, herritar askok erbestera ihes egin zuten, baina Patxi Unzurrunzagak Zarautzen gelditzea erabaki zuen.

Giroa zaildu ahala, Unzurrunzagaren eta Itxaropenaren izena gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen da euskal letretan. Garai honetatik aurrera eguneroko ogia izango ziren zentsuraren jazarpena, salaketak, poliziaren bisitak tailerrera, mehatxuak, liburuen bahiketa… Euskal kulturaren zapalkuntza ikaragarria da esparru guztietan. Egoera orokor horretan, 40ko eta 50eko hamarkadetan Itxaropena, dagoeneko argitaletxe lanak egiten hasia zena, liburugintzaren borrokari eutsi zion ikurretako bat izan zen, eta beraz euskal letrentzat oasia. Frankismoaren zentsura ekiditeko hainbat lan klandestinoki egin behar izaten zituzten, gauez eta ezkutuka, data faltsuekin atereaz liburuak, edo baita inprenta baimenik lortu gabe ere.

Frankismo ilunenean, Patxi Unzurrunzagaren tailerra bilgune bihurtu zen Euskal Herrian geratu ziren idazle ezagun zenbaitentzat (Jon Etxaide, Luis Jauregi ‘Jautarkol’, Nemesio Etxaniz, Federiko Krutwig, Salbatore Mitxelena, Inazio Eizmendi ‘Basarri’, etab.), eta ez ziren gutxi izan haiek ezkutuan egindako bilerak, tailerraren alboko baratzan zegoen txabolan.

1950eko hamarkadan hasi zen euskal liburuaren mundua berrindartzen, eta Itxaropena argitaletxeak berebiziko garrantzia izan zuen une horretan ere. Hamarkadaren hasieran kaleratu zuten Nikolas Ormaetxea "Orixe"ren Euskaldunak, eta ezin da aipatu gabe utzi 1952an sortutako Kulixka Sorta izeneko bilduma ere, non argitaratu ziren garai hartako euskal liburu garrantzitsuenetako zenbait (Jon Etxaideren Joanak joan, Salbatore Mitxelenaren Arraun ta amets eta Gabriel Arestiren Harri eta Herri, besteak beste).

Liburuen edizio eta inprimatze lanaz gain, Unzurrunzagak beste esparru zenbaitetan ere jardun zuen lanean. Zeregin horien artean daude Maria emaztearen laguntzarekin Nazioarteko Editoreen Kongresuetara egin zituen bidaiak: 1956an Erroman izan zen, 1962an Bartzelonan, 1968an Amsterdamen, 1979an Vienan, eta erakundearen baitan Euskal Herriaren bozeramaile izendatu zuten.

Ikusten den bezala, Patxi Unzurrunzaga editore eta inprimatzaile ez ezik, euskaltzale ekina ere izan zen. 1970eko hamarkadan, frankismoaren indarrek behera egin ahala, euskal liburugintzak gora egin zuen, argitaletxe berriak sortu ziren, eta Itxaropena inprenta-lanetara itzuli zen. Patxiren seme Sabinek hartu zuen orduan enpresaren gidaritza, eta gaur egun hirugarren belaunaldiko Pello du lemazain.

Patxi Unzurrunzaga 1984an hil zen, baina, XXI. mendetik iraganera begira jartzen bagara, haren izena funtsezkoa da euskal liburuaren historian eta, batez ere, onarpen apartekoa merezi du faxismoaren urte beltzenetan euskal liburugintzari eusteko egindako lan eskergak.

ITURRIA: https://mhli.net/artxiboa/unzurrunzaga-patxi/

4. ZARAUZKO MUSIKARIAK

Imanol Urbieta

Euskal musikari, pedagogo eta idazlea 1934an jaio zen, Zarautzen. Teologian lizentziatua izateaz gain, Gasteiz, Donostia, Burdeos, Budapest eta Estrasburgon musika-ikasketak burutu zituen. Haurrentzako musika egin zuen, batez ere. Besteak beste, "Txoria nintzela" eta "John Brown" abesti ezagunen sortzailea da. 1964 eta 1978 artean, Joxe Antonio Azpeitiarekin batera, Euskalzaleak taldearen partaide izan zen. Elkarte horren helburua haurrek euskara erabiltzea zen. Horrez gain, Zarauzko haurren Euskal Jaiak ere bultzatu zituzten. 2016an hil zen, Zarautzen. 

Imanol Urbietari omentzeko kanta egin zion Irrien Lagunakek. Andoni Egañak egin zuen kantaren letra:

Imanol Urbietaren kantak Euskal Herri osoan dira ezagun, bai jatorrizko aldaeran, bai bertsio bidez. Azken diskoan zenbait abesti egungo kantarien bertsioetan bildu ditu.

Xabier Zabala

Xabier Zabala musikari eta konpositorea Zarautzen jaio zen 1967an.  Hainbat konposaketa eta  moldaketa egin izan ditu Txistularientzat, musika bandentzat eta orkestra sinfonikoentzat. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diska guztietako kanten egilea da Xabier Zabala eta 2022ko Euskaraldiako kantaren egilea ere bera da. 

Esazu hitz bat - Euskaraldia 2022.mp4

Mikel Kazalis

Mikel Kazalis Musikaria Zarautzen jaio zen 1968an. Bere musika ibilbidea Estigia taldean ekin zuen 80ko hamarkadan. Hala ere 1988an taldea utzi eta Anestesia taldea sortu zuen. Hortik aurrera, Anestesia taldean jotzeaz gain, beste hainbat talde paralelotan jo izan du. Horren adibide, Negu Gorriak (Baxu-jotzaile moduan) edota 2Kate taldeak ditugu. 2001. urtean, Kuraia taldean jotzen hasi zen, Dut taldetik zetozen Galder Izagirre eta Joseba Poncerekin batera. 2010eko hamarkadan Matxura taldea sortu zuen. Taldeetan jotzeaz gain, Fidelenea izeneko grabaketa estudio bat du Zarautzen. Euskal Rockaren izenik nabarmenetakoa da Mikel Kazalis.

5. ANTZERKIA

Alproja taldea

Zarauzko antzerki talde amateurra da Alproja. Herritarrek herriarentzat sortua da eta  adin guztietako jendea hartzen du bere baitan.  Azken urteotan indar handia hartu duen Euskal Jaietako antzezlana prestatzen dute urtero-urtero. Urteko hitzordu honetan, herrian bizi diren galtxagorri taldea izaten da antzezlanaren narratzailea eta honek urtean zehar herrian izandako gertaerak hartzen dituzte hizpide. 

Era berean, antzerkiarekin lotutako ekitaldiak antolatzen dituzte urtean zehar.

6. ANTIGUALEKO HIZTEGIA

Hitza egunkariak badu atal bat bertako hiztegia lantzeko, eta bertan, Zarautzen galtzear diren euskarazko hitz zaharrak eguneratzen dira. Aztertu eta egun ere erabilgarri izan daitezkeen horiekin oinarrizko hiztegitxo bat osa daiteke.

HEMEN HIZTEGIA

7. AHOTSAK

Horrez gain, AHOTSAK izeneko proiektuan Zarauzko kontu ezberdinen inguruan aitona-amona zarauztarrak hizketan entzuteko aukera zabala dugu, zarauztar peto-petoan. Gai ezberdinak aukeran, herriko kontu zaharren berri izateko tresna izan daiteke.

ZARAUTZ HIZKETAN