IBILBIDEA

Honako hau izan daiteke ibilbidearen aukera bat: 

1. GELDIUNEA. FRONTOI TXIKIA [GORPUTZ HEZKUNTZA].


2. GELDIUNEA.NARROS JAUREGI AURREA [TUTORETZA].


3. GELDIUNEA. MUSIKA PLAZA [GIZARTE ETA HISTORIA].


4. GELDIUNEA. MALEKOIA [NATUR ZIENTZIAK].


5. GELDIUNEA. ETXEZABALA AURREA [EUSKARA ETA LITERATURA].

Ibilbidea prestatzeko fitxa, hemen: 

Fitxa (Ibilbidea).docx

1. BITXIKERIA: VILLA MUNDA

Jatorriz, Zarauzko hilerri zaharra da. Bertan zeuden hilobiratuta zarauztarrak duela 200 urte inguru  arte. Baina Madrilgo mediku bati (Pedro González de Velasco) lekua ikaragarri gustatu eta erosteko tratua egin zuen: berak dena ordainduta, gaur egungo hilerria dagoen lekura eraman zituen hezurdura guztiak eta gero Villa Munda etxea egingo zuen bertan. 

Inoren baimenik gabe, ordea, 71 buru-hezur Paris aldera bidali zituen, gaur egun Musée de l´Homme-n daude. Zer dela eta? Euskal arraza zuen ikergai eta zientziak azter zitzan "hartu" zituen.

Velascoren alaba bakarra oso gazterik gaitzak jota hil zenean, zoritxarrak eragindako pena jasan ezinik gorpua gantzutu egin zuen ondo kontserba zedin. Madrile, halako batean,  Velascok alaba lurpetik atera eta momia bere anatomia museora eraman omen zuen. Zalgurdian paseatzera ateratzen omen zuen tarteka, batzuen esanetan...Velasco 1882an hiltzean, bere alargunak berriz ere alaba lurperatu egin zuen senarrarekin batera. 

BERE INGURUKO KONTAIRAK

2. ZAMARIKO ZULOA  ("ZAMAIKO ZULUA")

1865 urtean, Zarauztik Getariarako errepidea egin arte, Santa Barbara mendi-barreneko hondartza-ertzean zegoen kala txikia zen, nonbait, Zamariko zuloa, moilarik ez zegoelako zamaketarako erabili ohi zena. Gaur egungo moila, gerora egindakoa da.

Getariako errepide berria zabaldu zenean kala hori estali egin zuten.

Horrez gain, Zarautzen Thalasoterapia zentru bat bagenuen aspaldi batean leku berean: “BAÑOS CALIENTES DE AGUA DE MAR”. Gaur egungo Cachi Bachi elkarte ondoan. Bainuontziak  itsasoko ur beroz beteta moldatzen ziren. 


Hondartzatik begira jarrita, Narros jauregitik hasita moila bitartean, errede azpian 4 zulo ikus ditzakezue:


1-. Zulo handiena: antzinako erreka zaharra, gaur egungo Meagaseko bidea hartzen zuena, herriaren lehen urak. Narrosen lurretan egin zuten arropak garbitzeko labaderoa. Madrileko ministro batek (Pascual Madoz)  urak ekarri zituenean herrira eta kanalizatu, Txilikuko iturri publikoa markesari ematearen trukean, markesak arropa garbitzeko gune publikoa eraiki zuen..


2-. Bigarren zuloa, Txilikuko iturri horren eta bertan zegoen ontziolarena litzateke. XVI. mendera arte, behintzat, garrantzitsua zen barku handien ontzigintza. Geroztik, txalupak eraiki zituzten batez ere, XVIII arte, behintzat. 


3-. Hurrengo zuloa Zamariko zuloa bera da. Moila, XVIII mendearen amaieran eraiki zen. Karlistaden gerran suntsitu eta  XIX mendean gerora berritua. Beti txikia izan denez, "portu" ez zaio sekula deitu. 


4-. Azkeneko zuloak "Baños Calientes" bainuetxekoak, itsasoko ura bideratzekoak. Garai bateko Zarautz turistiko eta modernoaren arrastoak.


3. ARROSATEGI PARKEA  Narros markesaren lorategi partikularra.

Markesak bere jauregian egunero eguneko lore sortak izateko, bere lorezaina zuen. Harresi batez mugatutako lorategian (herritarrak sar ez zitezen)  hazten zituzten. Gaur egun horma horien aztarnak ditugu geratzen direnak.

1881ean, lorategi ondoko lur sail bat markesak herriari eman zion helburu jakin batekin: bertan,  bere garaian kale gorrian inoren babesik gabe zeuden 12 aiton-amonentzat  aterpetxe bat eraiki behar zuten,  1892an inauguratu zuten.  Santa Anako mojek eraman zuten: Misericordia de Santa Ana.

Gerora, mojek ikastetxe bat ere egin zuten, herritar ugari bertan ibilitakoak dira, batez ere emakumeak, urte askoan nesken eskola izan baitzen. 

Azkenik, 1983an gaur egungo Zaharren Egoitza inauguratu zuten, eraikin zaharra botata berria egindakoan, kanpaia bakarrik mantendu zuten. Zaintza behar duten 88 aitona-amona bizi dira bertan. 

Eta pareko harrizko etxean (Pantolingo), ea nork topatzen dituen ehundaka urte dituzten bi saetera (geziak jaurtitzeko leihoak): zer egiten dute hor? Nonbait, noizbait defentsarako harresi baten azken arrastoak direla pentsa daiteke. Bere garaian tolare ederra zuelako ere izan zen famatua etxe hau, makina bat sagardo eta txakolin egin zen bertan.


4. HERRIKOBARRA KALEA

Arkeologoen baitan, herrixka neolitiko bat identifikatu zen, duna gainean kokatutako txabola ahul batzuez osatua, eta ehiza-leku nahiz zatikatze-toki gisa erabilia. Beraz, izenaren jatorriak badu harremana itsas jatorriarekin. Ez dugu ahaztu behar herri arrantzalea izan ginela.


Herrikobarrako garajeak: jatorriz aroztegi bat zen eta bertan jarri zuen lehen musika eskola martxan Imanol Urbietak.


Herrikobarra kalea, herri mailan Txerrikale bezala da ezaguna. Dirudienez, txerri hiltegi ospetsu bat zegoen kale horretan, garai batean etxeetan txerri bat behintzat haztea ohikoa baitzen. Herriko azken kalea zen hegoaldera, hortik atera kontuak herria zein txikia zen oraingoarekin alderatuz.

5. TORRE LUZEA PARKEA

Zarautzek ez du inoiz harresirik izan Donostiak edo Hondarribiak izan zuen bezala. Erdi Aroan, dena den, defentsarako dorre bat baino gehiago geneuzkan, liskar garaiak ere izan baitziren tarteka.  Torre Luzea eta Torre Motza bidez (egungo Zazpi taberna kokatutako etxea), esaterako, ekialdeko herri sarrera kontrolatzen zuten, Orio alderako sarrera-irteera, alegia. Zarautz, garai hartako leinu boteretsu baten izena da. Guztiaren eta guztien jabe ziren.

Erdi Aroan,  5 kale zeuden herrian:  kale Nagusia, Trinitate kalea eta Orape kalea, paraleloak. Hiruak zeharkatuz, Ipar kalea eta Azara kalea. Besterik ez.