GIZARTE ETA HISTORIA

Gure herriak aldaketa ugari jasan ditu XX. mendean. Aldaketa horiek herriaren antolamenduan ere eragin nabarmena izan dute. XX. mendearen hasieran hirigunea gaur egungo alde zaharrak osatzen zuen, eta gainerako auzoak bereizita zeuden. 1970eko hamarkadan bizi izandako hedapenaren ondorioz, hirigunea hazi egin zen. Halere, aldaketa horiek guztiek ez dute desagerrarazi herriko zenbait lekuk eta gunek zarauztarrentzat duten berezitasuna eta garrantzia. Txoko honetan leku garrantzitsu horietako batzuk bisitatuko ditugu.

 1. MENOSKA ARTE ETA HISTORIA ZARAUTZEN 

2. TORREOIA ETA VISTA ALEGRE

Torreoia Vista Alegre auzoko izen bereko parkean kokatzen den behatokia edo dorrea da. Gipuzkoan hormigoi armatuz eraikitako lehenengo eraikina izan zen. Bertatik Zarautz eta bere inguruak ikus daitezke: Zarauzko hondartza eta herria, bere luze zabalera osoan, Santa Barbaratik Talaimendi tontorrera..

Inguru horretan bazen Amaskar izeneko auzo bat, hainbat baserrirekin, baina bisitari aberatsak Zarautzera iristen hasi zirenean bista onak zituzten lur horiek aukeratu zituzten eraikitzeko. Hortik omen dator Vista Alegre izena ere, nahiz eta oraindik ez zen auzoa. 1870eko hamarkadaren ostean eraiki zen auzoa. Vista Alegre finka bezala hazi zen, ehizarako gune eta aberatsentzat egonaldiak egiteko. Eta tartean, 1913an, lorategi handia egin zioten,  gainean gaur egun ezagutzen dugun torreoi handiarekin. Denboraren poderioz, egitura ahultzen joan zen, eta 2018an eraberritze lanak egin ziren, hasierako egitura mantentzeko asmoarekin.

Zarautz - Santa Barbara - Vista Alegre Parkea - Torreoia.mp4

3. TURISMOA ZARAUTZEN

Aurkezpentxo honen bitartez Zarauzko turismoaren inguruan zerbait gehiago ikasiko dugu.

Iturria: gurezarautz.net

UDA ZARAUTZEN.ppt

"BAÑERUAK",  ZARAUZKO JENDE XUMEA

Aurkezpenean  aipatu dugun bezala maila altuko jendea etortzen zen Zarautzera udan, eta zarauztar xume asko (langile eta baserritarrak) goi-mailako turismo horren zerbitzu lanetan hasi zen.  Bi bainu mota omen ziren famatuak: eguzki eta itsaso bainuak. 

KONDAIRA. Pentsatuko duzuen moduan orduko zarauztarrak euskaldun peto-petoak ziren, eta artean gaztelera askorik ez zekiten gehienek. Egun batean, olatu handi xamarrak izango ziren Zarauzko hondartzan eta bañeru batek hala esan omen zion Isabel II ari: "erregina abaja la buru, que vienen olatus".  Gaur egun txistea ematen badu ere  garai hartan ohikoak ziren halako pasarteak.  

Iturria: J.M Olaizola "Txilikuk" kontatua.

PASCUAL MADOZ,  LEHEN UDATIARRA

Pascual Madoz Zarauzko lehen udatiarra dela esan genezake, 1846-1870 urte bitartean etorri baitzen Zarautzera. Zarauzko pertsonarik boteretsuenetakoa izan zen, herriko lehenengo fabrika berak sortu baitzuen. Zarauzko udaldien zabalkundean ere garrantzi handia izan zuen Isabel II.a erreginak.

4. NARROS JAUREGIA

NARROS JAUREGIA

Santa Maria elizaren parean eraikia, Zarauzko Narros jauregia itsasoaren indarraren testigu izan da bost mendez. Zarauzko hondartzaren parean eraikia dago, lehen ilaran. Getaria aldetik etortzen diren bisitariek ikusten duten Zarauzko lehen eraikina Narros jauregia.

XVI. mendearen amaieran eraikia da eta Isabel II.ak urte askotan udak igarotzeko aukeratu zuen jauregia izan zen. Zarautzera iritsi ziren noble eta erregeek goi mailako gizartearen turismoa bultzatu zuten. Zarautzera gero eta noble gehiago iritsi ziren. Narroseko markesa, Maria Cristina erregina, Alfonso XIII.a…

Zarauz izeneko familia izan zen Narros jauregia eraiki zuena. Zarauztarrak hemen bizi izan ziren, horregatik irakur dezakegu “Zarauz antes que Zarautz” esaldia eraikinean.


KONDAIRA

Narros jauregia bertan gertatu diren gertakari bitxiek eta elezaharrek ezagutarazi dute jauregia Zarautzetik kanpo. 1572an gertaturikoa da eraikina gehien markatu duen kondaira. Elezaharrak dioenez, herrira naufrago bat iritsi zen, noble ingeles bat, Frantzian gertatu zen San Bartolome gauetik ihesi iritsi zena. Hugonotea zen bera, eta katolikoek egindako hilketetatik ihes egitea lortu zuen. Egoera txarrean iritsi zen Zarautzera eta okerrera egin zuen. Azkenik, apaiz katoliko batengandik oliadura jasotzeari uko egin eta gero, hil egin zen gela urdina deritzotenean.

Kondairaren arabera, hugonote honek etxekoei pozoia ematea leporatu zien. Bertan lo egin dutenek diote abuztuaren 24an (San Bartolome gauaren urteurrenean), gela urdinean soinuak entzuten direla. Kate soinuak, kexak eta oihuak dira nagusi gau beldurgarri horietan.

5. MOLLARRI

Dena ez zen izan turismoa baina...

_Mollarri_ laburmetraia.mp4

6. ZARAUZKO MOILA

Portu txiki bat da Zarauzko moila. Oso txikia ere: luzeran 100 metro ez da izango, eta zabalean 15 inguru. Txalupak bakarrik sartzen dira. 

1856an hasi ziren egiten, eta ia egina zegoenean gau betean, bi hormetako bat bota omen zioten, gerra karlistak tarteko.Berriro, urte askoan egon omen zen moila horma batekin, eta herriko arrantzaleek zailtasun handiak izaten omen zituzten euren ontziak baztertzeko.Urte asko pasa eta gero, moilako eraikuntzak egiteko asmoa sortu zen berriz, baina baimenak lortzea zaila zen. Hala ere, Madoz Jaunak, ministroa, lortu zituen moila berria eraikitzeko paper eta diruak. Herri honi egundoko maitasuna omen zion eta bere poltsikotik ere diru asko jarri omen zuen. Geroztik berrikuntza batzuk egin dizkiote tarteka eta hor jarraitzen du gure moilak. Zarauztarrontzat eta bisitarientzat leku maitea da moila. Nikolas Zendoia bertso-idazleak bertso batzuk jarri zituen moilaren inguruan 1994an eta hemen sorta horretako ale bat.    

 

     Zarautzak badu portu txiki bat

                deitzen diotena moilla.

                Ez da luzea, ez da zabala

                ezta ere borobilla.

                Ontzi haundirik ezin da sartu

                bateltxoentzat soil-soilla.

                Bi horma lodiz horniturikan

                bere soka ta argoila,

                edonorentzat jolas-lekua,

                arrantzaleen opila.


6. TXILIKU AUZOA

Jesus Mari Olaizola “Txiliku” zarauztarrak gure herriaren hastapenen inguruan egina du azterketa oso zehatza. Dokumentu hau erabili daiteke horretarako. 

Horrez gain, Txiliku izenaren jatorria kontatzen du bideo honetan zarauztarrak. 

Gure jatorria dela eta.docx

6. ZARAUZKO MUGIMENDU EUSKALTZALEA

Zarautz herri euskalduna da, bai. Baina hala izan dadin ekarpen handia egin dute zenbait eragile zarauztarrek historian zehar. Adibide gisa, hona hemen batzuk:

ZARAUZKO MISIOLARIEN KOLEGIOA

Frantziskotarren ekarpena XVIII. mendean: Frantziskotarren liburutegia, euskal literaturaren gordailu eta gotorleku. 

Ondorengo dokumentuan, Karmelo Iturria frantziskotarraren azalpena dugu:

ZARAUZKO FRANTZISKOTARREN MISIOLARI KOLEGIOA ETA EUSKARA

IKASTOLAREN SORRERA

1965ean sortu zuten zarauztarrek. Euskara eta euskal kultura eskoletan  zapaldurik izanik garai haietan,  hutsetik abiatuz eskola euskaldun bat sortzearen aldeko apustua egin zuten, euskararen  hil ala biziko egoerari irtenbidea eta bultzada emateko asmoz. Ikastolaren lehen etxea frantziskotarrek utzitakoa izan zen, elizaurrearen ezkerretara dagoen etxean. 

Bitartean hainbat lokaletatik pasa ondoren, 1975ean egungo eraikina inauguratu zen.

EUSKAL FESTAK

1924an ospatu ziren lehen aldiz. Uda garaia eta giroa luzatzea zen asmoa, baina euskal tradizoan oinarritutako festan. Irailaren 9a hautatu zuten, Arantzazuko amabirjinaren eguna zelako aldi berean. 

1960ko hamarkadan, EUSKALZALEAK izeneko taldea sortu zen euskal festen inguruan, giro euskaldunagoa bultzatze aldera. Haurren euskal festa eguna jarri zuten martxan, baita euskal astea ere.

7. ZARAUZKO IMMIGRAZIOAREN HISTORIA

Gizakion historia emigrazioen historia da. Orain dela 70.000 urte inguru gizakiek beraien sorlekua utzi zuten, Afrika, eta munduko beste lurraldeetan barrena sakabanatu ziren bizi baldintza hobeen bila. Munduko historia beraz, emigrazioren historia da eta Zarautz ez da salbuespena horretan.

 

Zarautz garai ezberdinetan, munduko leku ezberdinetatik, iritsitako etorkinen emaitza da. Bizilagun berri hauei esker, herriak garapen ekonomiko eta demografiko handia izan du, herriko aberastasuna (eta ez ekonomikoa bakarrik, baita kulturala ere) immigrazioari zor diogu. Denon artean Zarautz osatzen dugu, eta denok gara zarauztarrak.

Iturria: Wikipedia

1960ko hamarkadan Euskal Herrian bigarren industrializazioan murgilduta zegoen bete-betean, eta produkzio eredua eraberritzen eta esportazioa indartzen ari zen. Horrela ekononomia %6 hazi zen 1960 eta 1975 bitartean, eta horretarako etorkinak ezinbestekoak izan ziren. Gipuzkoak, Bizkaiak eta Arabak milioi erdi pertsona hartu zituen eta horietataik 75.000 inguru Extremaduratik etorritakoak izan ziren.

 

Ehun industria, egurrarena, fundizioak, eraikuntza eta turismoa ziren garai hartan ekonomiaren motorrak. Zarauzko biztanleria asko hazi zen; 1960an 8.000ko biztanleko errolda izatetik 15.500ekoa izatera pasa zen 1981ean. 20 urteetan bikoiztu egin zen herria.

(Iturria: Feijoo, Maria: ZAGALES: Extremaduratik Zarautzera emigrazio handien garaian. Zarauzko udala)

Extremaduratik etorritako gehienak Badajozeko Serena ibarretik etorritakoak ziren, horien artean herriko seme ezaguna den Juan Paredes Manotas (“Txiki”) diktadura frankistak fusilatutakoa. Extremaduratik ez ezik, Gaztelatik, eta neurri apalago batean Galiziatik eta Andaluziatik ere iritsi ziren langileak. 

 

Urte batzuk beranduago, dagoeneko XXI. mendean, herriak immigrazio emari berri bat bizi du, oraindik eten ez dena, naizoartetik iristen ari dira bizilagun berriak.

 

Nazioarteko immigrazioaren bilakaera Zarautzen

1999an 155 ziren Zarautzen erroldatutako atzerritarrak, populazio osoaren %0,77a. Hauetako gehienak Europar Batasuneko herritetatik etorritakoak ziren.

Horrela, 1999tik aurrera Zarautzek aldaketa handia biziko du migrazio kontuetan, bai kopuruetan eta baita migrazio horien osaketan ere. Izan ere, 10 urtetan, 1999tik 2009ra, hamar aldiz biderkatu zen Zarautzen bizi ziren atzerritarren kopurua. Eta ez hori bakarrik, etorri zirenen profila ere anitzagoa izan zen, herriko kultura aniztasuna handituz.

Batez ere herriko egitura ekonomikoak baldintzatzen du jasotzen den immigrazioa, Zarautzen ostalaritzak eta zaintza lanek pisu handia dute ekonomian eta horrek bultzatu du, besteak beste, etorrera berria.

Nolanahi ere, bidaiari ekiteko gehienetan arrazoi ekonomikoak nagusitzen diren arren, askotarikoak dira migratzeko hautua hartzera eramaten duten arrazoiak: familia berriro batzea, arazo politikoak, gerratea, jazarpena, segurtasuna, arazo klimatikoak, hondamendiak eta abar. Beraz, migratzaile ekonomikoak ez ezik, nazioarteko babes eskatzaileak ere iritsi dira Zarautzera.

Azken urteotan, atzerritik etorritako bizilagun gehienak latinoamerikatik datoz, eta gehien bat Nikaraguatik. Nikaraguarrak ez ezik Argentina, Kolonbia, Brasil, Guatemala eta Honduraskoak ere bai. Horiez gain, Maroko, Frantzia eta Errumania dira kopuru aldetik jatorri aipagarrienak.

1960ko hamarkadan, estatu espainiarretik jasotako immigrazioarekin alderatuz, bada ezberdintasun handi bat bizilagun berrien etorrera eta integrazioa goitik behera baldintzatzen duena: atzerritartasun legea. Zarautzen erroldatuta gauden unetik denok zarauztarrak garen arren, zarauztar guztiok ez ditugu eskubide berdinak. Atzerritik etorritako bizilagun batzuk ez dute bertan bizi eta lan egiteko baimenik, ezta bozka emateko eskubiderik ere. Eta honek guztiak asko baldintzatzen du beraien eguneroko bizitza.


Emakumea eta etorkina 

Esan bezala, herriko egitura ekonomikoak baldintzatzen du jasotzen dugun immigrazio mota. Gure gizartea gero eta zaharragoa da eta zaintza lanen eskaera gero eta handiagoa da. Horrek eragiten du emakumeak izatea Nikaraguatik eta Hondurasetik etortzen diren gehienak (10etik 7).

Oso ohikoa da emakumea bakarrik etortzea familia jaioterrian utzita, barruko langile gisa urte batzuetan jardutea zaintza lanetan eta urte batzuk pasatu eta gero, ahal duenean, familia ekartzea.