Antisorgailuak

Sexu harremanetan nahi gabeko haurdunaldiak ez gertatzeko, antisorgailuak deitzen diren metodoak erabili behar dira. Hurrengoak dira garrantzitsuenak:

Behin behineko antisorgailuak:

Preserbatiboa edo kondoia: Kautxu edo beste material plastiko batez egiten den puztuki moduko antisorgailua da. Kondoia zakilan jartzen da tente dagoenean eta espermatozoideak baginara pasatzea galarazten du.

Pilula: Pilula ahotik hartzen den antisorgailua da. Obulazioa gertatzea galarazten du eta beraz pilula hartzen duen bitartean emakumeak ez du obulurik sortzen.

Umetoki Barneko Gailua (UBG-DIU): UBGa umetokiaren barruan medikuak jartzen duen aparatu bat da. Berari esker, espermatozoideak ezin dira Falopioren tronpetara iritsi eta beraz, ezin da ernalkuntzarik gertatu.

Diafragma: Diafragma umetoki-aren lepoa ixten duen goma edo plastikozko estalkia da. Espermatozoideak umetokira iristea galarazten du.

Behin betiko antisorgailuak:

Hauek operazio mediku batzuk dira eta beraien bidez, gizon edo emakumearen ugaltzeko ahalmena desagertzen da.

Basektomia: Basektomia hodi deferenteak mozteko gizonei egiten zaien operazioa da. Hodi deferenteak mozten badira, espermatozoideak ezin dira uretrara iritsi eta, beraz, isurketan ez dira espermatozoideak egongo.

Tronpen lotura: Tronpen lotura ere, operazio bat da eta honen bidez, emakumearen Falopioren tronpak lotu egiten dira eta horrela obuluak ezin dira umetokira iritsi.






Lan egiten hasi:

  • 1.- Testu irakurri, azpimarratu eta eskema egin.
  • 2.- Irudiei dagokien izena ipini
  • 3.- Galderen katea.