Scratch aplikazio informatiko bat da, programazio-lengoaiaren oinarriak ikasleekin modu errazean ikasteko balio duena. Massachusetteko Teknologia Institutuko baliabideen laborategiko The Lifelong Kindergarten taldeak sortu zuen, Mitchel Resnick-en zuzendaritzapean, 2007. urtean.
Scratch programak, batetik, informatika sortzailea jorratzeko balio du –sormena eta irudimena lantzen ditu, eta norberaren interesetatik abiatzen da– eta, bestetik, pentsaera konputazionala garatzeko balio du. Izan ere, pentsaera konputazionala helburu zehatza duen pentsaera-prozesu bat da, IKT tresnak erabiliz,
arazo-egoera bat nola ebatzi bilatzeko balio duena. Honako infografia honek azaltzen duen moduan, pentsamendu konputazionala lantzeak berarekin dakar hainbat gaitasun garatzea:
Esan bezala, Scratch aplikazioa erraza da erabiltzeko hainbat arrazoirengatik: besteak beste, modu bisualean programa daiteke, eta ikasleentzat erakargarria da, interaktiboa eta intuitiboa. Gainera, askotariko baliabideak erabiltzeko aukera du: irudiak, soinuak, testuak… Baliabide horiek guztiak landu, esperimentatu, probatu eta sortu egin daitezke, eta haiekin jolastu, norberaren gaitasun eta erritmoen arabera, animazio, joko edo istorio sinpleenetatik abiatu eta konplexutasun handiagoko jarduerak sortzeraino.
Scratch doakoa da, eta, beharbada horregatik ere, erabiltzaile asko ditu. Zabala da erabiltzaileen sarea, eta horren adibidea da programa berrogeita hamar hizkuntzatara itzulita egotea. Halaber, han eta hemen sortutako lanak Scratch komunitatearen webgunean partekatzen dituzte, nahi duenak ikusi, erabili, moldatu eta jaisteko. Gainera, irakasleentzako gune berezia ere badago: ScratcEd izeneko komunitatea.
Online eta offline bertsioak
Hainbat programatan bezala, Scracth ere online edo offline erabil daiteke. Hala ere, eskolan erabiltzeko, offline erabiltzea gomendatzen da, konexio-arazoak saihestu nahi badira. Offline erabiliz gero, izan kontuan Adobe Air pluging-a behar dela, Adobe teknologian oinarrituta dagoen bertsioa delako.
Scratch 2.0 programaren offline bertsioa jaitsi nahi bada, kopiatu honako esteka
hau eta itsatsi nabigatzailearen URLan: https://scratch.mit.edu/download#installation.
Bestalde, nahiago bada, online bertsioa erabil daiteke, https://scratch.mit.edu/ webgunean sartuta. Bertsio honetan beharrezkoa da Flash Player programa, eta, behar izanez gero, honako webgune honetatik jaitsi daiteke https://get.adobe.com/es/flashplayer/. Izan kontuan Online erabiltzeko komeni dela kontu bat sortzea, proiektuak gorde eta partekatzeko, eta, halaber, beharrezkoa dela helbide elektroniko bat izatea, Scratch kontu bat irekitzeko.