Unitate honen metodologia hizkuntzen ikuspegi komunikatiboan oinarritzen da, hizkuntza komunikazio-tresnatzat hartuz, eta ikaslea “hizkuntzarekin gauzak egiten jakitera” bultzatuz. Horrek hizkuntzen irakaskuntzan ikuspegi diskurtsiboa ere kontuan hartzea eskatzen du; horren bidez, hizkuntzen lanketa komunikaziotik eta erabileratik abiatuz planifikatuko da; ikuspegi horiek hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren eraginkortasuna bermatzen dute, komunikazio-konpetentziak lortzeko.
Gauzak horrela, unitate hau HEZIBERRI-2020: DBHko CURRICULUMAREN BERARIAZKO IKUSPEGItik jarduten hasteko modu bat besterik ez litzateke izango.
Metodologia honetan oinarrizkoak izango dira ezaugarri hauek:
1- Ikasleentzat esanguratsuak diren komunikazio-atazek bideratuko dute ikaskuntza-prozesua; horrela, komunikazio-konpetentziak egoera errealetan gauzatuko dira.
2- Komunikazio-unitatea testua da; testua, diskurtso motatik zein testu-tipologiatik abiatuta lantzen da, eta horiek ikaskuntza espezifikoak eskatzen dituzte, komunikazio-egoeren arabera; horretarako, diskurtso mota bi landuko ditugu: estetiko-ludikoa eta azalpenezkoa.
3- Ikaskuntza, unitate didaktikoetan egituratzen da, jarduerak, komunikazio-lan zehatz bat lortzera bideratutako helburu didaktiko batzuen inguruan antolatuz.
4- Prozedurak eta estrategia kognitiboen garapena nagusitzen dira; hizkuntza-ezagutza lortzeaz eta ezagutzak aplikatzeaz gain, ”hitzekin gauzak egiten jakitea” garatzea baita helburu nagusia.
5- Ezagutza instrumentala eta formala prozesu bakar batean barneratzen dira; gramatika-hausnarketaren abiapuntua landuko den testua da, eta ezin dira bereizi komunikazio-ekintzaren helburua eta testuingurua, adierazi beharreko edukia eta horren arabera erabili beharreko hitzak eta moduak.
6- Ikasleen artean eta irakasle eta ikasleen artean elkarreragina indartuko da, ikasgela komunikazio-testuinguru erreala bihur dadin, eta bertan lankidetzako ikaskuntza indar dadin.
7- Irakurzaletasuna bultzatzen da: Euskal literaturako obren irakurketa eta lanketa (itzulpenak barne).
8- IKTen erabilera ezinbestekoa da. Gaur egun IKTen erabilera ikaskuntza-prozesuan integratzen da.
9- Akatsen trataera: Ikasleak txarto esan arren, zerbait komunikatu nahi duen seinale izango dira akatsak. Jardunez ikasten da, beraz, derrigorrean egin behar da akatsen analisia (autoebaluazioarekin batera), horiek zuzentzean ikasten baita ondo egiten. Garrantzi handikoa izango da gelan ikasleari autozuzentzen laguntzea, batez ere, komunikazioa oztopatzen duten akatsak zuzentzen.
ESPAZIOA
Ikaskuntza-prozesua garatzeko espazio nagusia ikasgela da: hori testuinguru komunikatibo erreala bihurtzen da ezinbestean eta testuingurua egokia izan behar da ikasleen komunikazio-beharrak errazteko; hala ere, hizkuntza-erabilera eraginkorra izateko, ikasleak ikasgelatik atera beharko dira ikastetxe barruko beste espazioetara, hala nola, liburutegira, plastika-, multimedia- eta informatika-geletara, beste ikasgeletara, pasiloetara, zein ikastetxetik kanpoko espazioetara.
GELAREN KUDEAKETA
Ikuspegi komunikatiboan oinarritutako unitate honetan taldekatze mota ezberdinak bereizi dira: bakarkako lana, eta elkarlana, baina elkarreragineko lana bultzatuko da. Elkarreragin horretan sortutako komunikazio-premiei erantzun beharrak, ahozko nahiz idatzizko hizkuntza hainbat asmorekin erabiltzera bultzatuko baititu ikasleak. Hala ere, ikasle bakoitzak dagokion zereginaren ardura du, elkarlana eta taldeko partaide bakoitzaren errendimendua ere sustatzen baitu. Elkarreragineko taldekatze hori irizpide batzuen araberakoa izango da: aniztasunaren trataera; unitate hasierako jarduera (aurrezagutzak) egitean, gabeziak dituzten ikasleak aurrezagutza dezente dutenekin elkartuko dira, elkarri laguntza emateko, talde heterogeneoak sortuz.
Dena den, norbanako lana, bakarka nahiz taldeka egingo dute eta ebaluatzeko orduan partaide bakoitzak egindako lana, autoebaluazio-fitxa bat betez adieraziko du.
UNITATE DIDAKTIKOA
Unitateak ezaugarri batzuk izango ditu: ataza nagusi bati erreferentzia egingo dio, testu-tipologiari erreparatuko dio, unitatearen egitekoak helburu didaktiko zehatzei erantzungo die, eta jarduerek lotura zuzena izango dute helburuekin, edukiekin eta ondorioz, ebaluazioarekin ere bai.
Unitate didaktikoaren jarduerak 4 fasetan banandurik agertuko dira:
Orokorrean, azken ataza gauzatzean, unitatean ikasitakoaren sintesi-lana egingo dute, baina ataza nagusia egiteak sintesi-lana beteko ez balu, aparteko jarduerak egin beharko lirateke, autoebaluaziorako eta ebaluaziorako balio lezaketenak.