Hona hemen irakasleoi lagungarri izan dakigukeen materiala: ikaslearen jardueren azalpena eta ariketen erantzunak.
1. JARDUERA
“Urtebete itsasargian” liburua aurretik irakurri izan dute ikasleek, oraingoan, gelan liburua berrirakurriko/gainbegiratuko dugu. Ikasleek, lauko taldetan jarrita, liburuan agertzen den informazioaz baliatuta, hurrengo hitzok identifikatu eta deskribatu beharko dituzte : (ordu osoa emango dute informazioa bilatzen liburuan eta ordenadorean)
2. JARDUERA
Aurreko eguneko datu guztiak talde handian bildu eta horien gaineko iruzkinak egingo dituzte ondoren, Gerra Zibilari buruzko informazioa biltzen hasiko dira ikasleak, baina, lehenbizi denek bideoa ikusiko dute.
-Zer iradokitzen dizute irudi hauek? Zer ekartzen dizu gogora argazkiko irudiak lehen begiratuan?
-Zer sentsazio edo zer sentimendu eragiten dizute?
-Sar zaitez argazkietako eszenetan eta erantzun: Zer gertatzen ari da argazkietan? Nolakoak dira argazkikoak, izaerari dagokionez? Nolako bizimodua dute?
-Argazkien eszenetan sartuta, zer kolore ikusten d(it)uzu? Zer usain nabaritzen d(it)uzu? Zer soinu edo zer hots entzuten d(it)uzu?
-Zer esan daiteke irudi bakoitzean ageri den eszena horren alde? Eta kontra?
(ERANTZUN IREKIA, LIBREA)
1. Gudarien batailoia 2. Gudarien batailoia Bilboko Kale Nagusian
3. Eusko gudariak 4. Gerraren arrastoa, umeak kalean jolasean
5. Amaiur batailoia 6. Baserria arpilatzen
7. Haurrak eta umeak gerratik ihesi 8. Bermeon, marinel batzuen funerala, 1932
9. Gernika, bonbardaketaren ondoren 10. Loiolako militarrak Donostian
11. Trintxera 12. Bilbo, 1937ko uztailaren 20a
13. Fusilamendua hilerri batean, umeak begira 14. Karlisten egoitza eta batzokia, Antzuolan
Etxeko lana izango dute oraingoan. Senitartekoei galdetu beharko diete ea garai hori edo ondorengoa bizi izan zuten eta zer-nolako bizipenak izan zituzten.
Dolores Ibarruriren, La Pasionaria, "No pasarán" kanta
Dolores Ibarruriren diskurtsoa
Orain arte, Gerra Zibilaren gaineko informazioa biltzeko, informazio-iturri ezberdinetara jo behar izan dugu: alde batetik, etxean bildutako informazioa izan dugu, eta bestetik, Gerra Zibileko zenbait testigantza erabili izan ditugu (bideoak, argazkiak, mapak...).
Oraingo honetan "Urtebete itsasargian" liburua ere erabiliko dugu garaiko testigantza moduan, bertan abertzaletasunaren agerpena eta euskalgintzaren beharrizana agerian geratzen baitira; horrek asko lagunduko digu garaiko egoera soziopolitikoa eta kulturala ezagutzen.
3. JARDUERA
Aurreko datu, testigantza eta bideoak ikusi ondoren, liburuari eutsiko diogu; horretarako, liburuko zenbait aipu erabiliko ditugu:
Jaungoikoa eta lege zaharra (18.or)Batzokira sartzean, Matias ezagutu nuen…(25.or)[…] Euskadi Buru Batzarrak Errepublikarekiko leial jokatu zuela […](26.or)Jeltzaleak hain zarete elizkoiak (28.or)Etxepare zaharraren ametsa betetzea dagokigu ala? (28.or)Aberria defendatzea ez ote da denon ardura? ( 29.or)Abertzaletasuna omen da gerraren arrautza (30.or)[…] Dana emon behar jako maite dan askatasunari […] (31.or)Irrintzi bat entzunda mendi-tontorrean (71.or)Gizonak frontera, emakumeak lanera (76.or)Bilbotik ekarri didate euskarazko lehen egunkaria: Eguna. (82.or)Euskadiko itsas armada (89.or)Aberriagatik eman dudala bizia (93.or)Gernika kiskalita dago (96.or)"- Zoaz, zoaz zeu! Ikusten dut nire arrebak ondo irakatsi dizula Sabinoren leloa: "Jaungoikoa eta Lege zaharra". Nik neuk nahiago hain argizari-jaleak ez bagina. Abertzaleak, bai, baina ez erlijioari hain atxikiak. Erlijioak lausotu egiten ditu begiak batzuetan. Bestelako abertzalea ere izan liteke. "
2. Narratzaileak berak kontatzen du; Jon izango litzateke narratzailea:
"Batzokira sartzean, Matias ezagutu nuen, osabaren laguna, egun bi lehenago ama eta biok gurdian eraman gintuena autobusen geltokitik itsasargiraino. Katalin-edo hura ere han zen, beste gizonezko bi, biak argalak eta betaurrekodunak. Mahaira hurbiltzeko keinua egin zidaten. " Matias Ibiñagabeitiari egiten omen dio erreferentzia, hau da, Andima Ibiñagabeitiaren osabari; izan ere, Andima gazte gartsu, kementsua zen, beste batzuen artean, euskararekin guztiz maiteminduta eta honentzat lur berriak urratzen lana egin nahi zutenak, erdaldunek erdaraz bezala, euskaldunek euskaraz. Taldekoak honakoak ziren: Zaitegi, Andima, Lauaxeta, lñaki Goenaga, Sarobe, Argarate, Sagastume, Plazido Mugika, Korta anaiak, eta gehiago.
3. Eusebio Erkiagaren hitzak dira:
"- Ez, zoritxarrez. Hala ere, uztailaren 19an ohar bat atera zuten esanez Euskadi Buru Batzarrak Errepublikarekiko leial jokatuko zuela, herriak aukeratua zelako -argitu zuen Eusebiok.
4. Jonen osabaren hitzak dira, Eusebio Erkiaga eta Estepan Urkiaga "Lauaxeta"rekin solasean ari zela:
"- Eta horiek zer, katoliko eta apostoliko peto-petoak al dira, sozialismo eta aberri hitzak batera entzutean izuak harrapatzen dituenetakoak? Jeltzaleak hain zarete elizkoak, eskuinerantza paratzen zaizue bihotza."
5. Aurreko elkarrizketa bereko esaldi bat da. Hortaz, Eusebio Erkiaga, "Lauaxeta" eta Jonen osabaren arteko elkarrizketa da, Eusebioren hitzak izan zitezkeen.
"- Hain zuzen zuk, Eusebio -jarraitu zuen Estepanek-, idazluma ederto erabiltzen duzu eta...
Lagunak irri-mirrika erantzun zion:
-Etxepare zaharraren ametsa betetzea dagokigu ala?
-Hori diotsut egunkari bat sortzeko asmotan gabiltzalako, euskara hutsean. Eta zeu bezalakoak behar ditugu tartean. Arranondon ere bada gazte bat, Agustin, prest egongo litzatekeena, eta Arrasaten abadegai bat, Joxemari... Gehiago ere bai.
Osabak eztena sartu zion:
-Eta horiek zer, katoliko eta apostoliko peto-petoak al dira, sozialismo eta aberri hitzak batera entzutean izuak harrapatzen dituenetakoak? Jeltzaleak hain zarete elizkoiak, eskuinerantza paratzen zaizue bihotza."
6. Estepan Urkiaga "Lauaxeta"ren hitzak dira; Katalin eta Eusebio Erkiagarekin hitz egiten zegoela, Katalini esandakoak dira:
"-Zergatik diozu zuen gerrak? -sumindu zen Estepan-. Aberria ez al da denona? Aberria defendatzea ez ote da denon ardura?"
7. Estepan Urkiaga "Lauaxeta"ren hitzak dira; Maupassant frantses idazlearen hitzak aipatuz:
"Isilunea sortu zen. Galdera haren erantzuna baiezkoa izan arren, inork ez zekien artean baietzaren prezioa. Estepanek goraki hausnartu zuen:
-Abertzaletasuna omen da gerraren arrautza. Horixe esan zuen Maupassant frantses idazleak. Zuek zer diozue horretaz, Katalin?"
8. Estepan Urkiaga "Lauaxeta"ren hitzak dira; Jon narratzaileak istoriora dakartza "Lauaxeta"ren liburua gogoan duela:
"1936ko abuztuaren 15 hartan, pixka bat txakolinaren erruz, entzundako guztiaren erruz beste pixka bat, eta pittin bat Mirraren keinuaren erruz, txispildu egin nintzen. Baina iluntzean, osaba eta biok etxera bidean gindoazela, irmo eragin nien bizikletaren pedalei Estepanen liburuan irakurritako lerro batzuekin xaxatuta: "Dana emon behar jako maite dan askatasunari... Dana emon behar jako maite dan askatasunari..."
9. Jonek berak eta bere osabak kantatutakoa, Euzko gudariak kantaren hitzak dira (EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidente izango zen Jose Maria Garatek idatzi zuen kanta, 1932an):
"Osaba eta biok egunero joaten ginen talaiara, euria edo txingorra gorabehera. Aldatsean, hortz artean kantatuz asaskatzen nuen amorrua:
-Irrintzi bat entzun da mendi-tontorrean...
Alabaina, gora heldutakoan, damutu egiten nintzen nire haserreaz. Lur hotz gogortua sentitzean, gudarien oinetan pentsatzen nuen; putzuetako ur izoztua ikustean, gudarien begietan. Aitaren oinetan eta aitaren begietan pentsatzen nuen."
10. Jon narratzailearen hitzak dira:
"Ospitalean atentzioa eman zidan lanean zebilen emakume piloak. Mirra ere aldizka joaten zen hara, bere amatzakoarekin. Herriko beste hainbatek legez, lixiba egiten edo bendak josten laguntzen zuten, edonolako errekaduak egiten, gerrako kontsigna obeditu nahirik. "Gizonak frontera, emakumeak lanera!"
Zertan zebiltzan, bada, emakumeak?
Garraiobideetan lan egiten, zaurituak sendatzen. Barrikadak sendotzen.
Haurtzaindegiak eratzen. Errefuxiatuentzako eskolak sortzen. Arma-fabriketan munizioak prestatzen. Soldaduentzako arropak josten. Kuartel barruetako lanak egiten. Lantegietako postuak betetzen. Familiak aurrera ateratzen. Eta gerran borrokatzen.
Neuk ezagutu nituen haietako batzuk."
11. Jonen osabaren hitzak dira:
"Eguerdian, etxeratu nintzenean, umore onean topatu nuen osaba. Toles-toles egondako egunkari bat irakurtzen zegoen.
-Bilbotik ekarri didate, euskarazko lehen egunkaria: Eguna.
"Aberrija abenda barik, ezta ezer. Ele bako errija ezta ezer. Elia irakorri ta idatzi barik, ezin bixi lei. Euzkerea, ba ezin bixi izango da, euzkeraz idatzi ta irakorri egiten ezpadogu".
-Gaur egun berezia da -jarraitu zuen-. Dozena bat egunkari baino gehiago dabiltza Euskadin; hauxe lehenengoa euskara hutsean. Zenbat eta egunkari gehiago, ahots gehiago, baina hau farbiagoa da guretzat, eta adorea emango digu. Gerra bukatzen denerako, ohituta egongo gara euskaraz leitzen eta...
Paper haiek itxaropenez beterik ikusten zituen osabak; ni, aldiz, pentsakor nengoen."
12. Narratzailearen hitzak, itsas armadari egiten dio erreferentzia (itsas armadari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, http://www.marinavasca.eu/eu/index.php web-orrian lor daiteke)
"Martxoaren 5ean dena gertatu zen sei orduan.
Euskadiko Itsas Armada mila gudarik osatzen zuten; izan, arrantzaleak ziren, gudari izendatuta. Ez zegoen gerrako ontzirik, arrantza-ontziak baizik, artilleriaz edo urpeko minak topatzeko tresneriaz hornituak. Gehienak bakailao-ontziak ziren, bouak, ebakuazioetan erabiliak jendea Pasaiatik Bilbora eramateko.
13. Gerrako zauritu baten hitzak:
"Anton bera ere negarrez hasten zen pasadizoa kontatzen amaitu orduko:
-Batzuek txalupa bat uretara botata eskapatu ziren, errendituta. Ofizialak, ez; haiek nahiago zuten barkuarekin batera hondoratu. Zauritutakoek errekaduak ematen zizkioten elkarri, emazteentzat, neska-lagunentzat, amentzat, arrebentzat, alabentzat: "Egunen baten Garraitzetara bueltatzen bazara, esaiozu Teresari, Joneri, Petrari, Bakarneri, Rosariori, bera izan dela nire azken pentsamendua, eta aberriagatik eman dudala bizia". Akaso, errekadu horiek entregatzeko irten naiz ni infernu hartatik bizirik. Ez dakit. Ke artean itotzen nengoela, zerbaitek jo ninduen eta uretara jausi nintzen. Urrunetik ikusi nuen gure ontzia hondoratzen. Azken hondoratu zena masta nagusiko ikurrian izan zen."
14. Garraitzetako autobus-arduradunaren hitzak, Gernikako bonbardaketari aipatuz:
"Apirilaren 26an lehen aldiz egin behar izan nuen farozainarena, osaba egun guztiak falta baitzen, goizean talaiara joan zenetik. Arratsaldean ere agertu ez zenez, ordu-orduan itsasargiaren burura igo, bonbilla piztu, eta eguneko oharrak idatzi nituen liburuxkan. Artega nengoen, hainbeste ordu bakarrik igarota. Bizikleta hartuta, herrira joan nintzen.
Autobusen garajearen aurrean, jendea zegoen arduradunari galdezka, atea giltzatzen ari baitzen:
-Ez da Bilboko autobusa etorri?
Garajeko gizonak ilun erantzun zien:
-Etorri ere ez da egingo. Ezin da Gernikatik pasatu. Gernika kiskalita dago."
[…]Dana emon behar jako maite dan askatasunari[…](31.or)4. JARDUERA
Ordenadore bidez, informazioa bila dezaten eskatuko diegu; ondoren, guztion artean komentatuko dugu lortutako informazioa. Garai hartako kazetaritzaz mintzatuko garenez, beste zenbait euskal aldizkariren azalak ere aurrean izango dituzte: Euzkadi, Escualduna eta Zeruko Argia. Eguna egunkariko alearen azala ere emango diegu:
Eguna egunkaria ardatz izango dugunez, informazio gehiago emango diegu:
5. JARDUERA
Ikusi ahal izan duten bezala, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, 1937an "Eguna" egunkaria sortu zen, euskarazko lehenengo egunkaria.
Eguna egunkarian, 4 kazetari mota zeuden (erredaktoreak, kolaboratzaile ordainduak, gudari idazleak eta herritarrak). Ondoren, 28. orrialdeko pasarte hau irakurri eta antzeman beharko dute Eusebiok, Estepanek, Agustinek eta Joxemarik zein nolako lotura izan dezaketen Eguna egunkariarekin.
“Portuko parrape batean jarri ginen,itsasontzien belek eta balkoietatik eskegitako izarek eratutako itzalean.- Hain zuzen zuk, Eusebio -jarraitu zuen Estepanek-, idazluma ederto erabiltzen duzu eta…Lagunak irri-mirrika erantzun zion:- Etxepare zaharraren ametsa betetzea dagokigu ala?- Hori diotsut egunkari bat sortzeko asmotan gabiltzalako, euskara hutsean. Eta zeu bezalakoak behar ditugu tartean. Arranondon ere bada gazte bat, Agustin, prest egongo litzatekeena, eta Arrasaten abadegai bat, Joxemari… Gehiago ere bai.Osabak eztena sartu zion:-Eta horiek zer, katoliko eta apostoliko peto-petoak al dira, sozialismo eta aberri hitzak batera entzutean izuak harrapatzen dituenetakoak? Jeltzaleak hain zarete elizkoiak, eskuinerantz paratzen zaizue bihotza” Urtebete itsasargian, 28 orr.-Estepan Urkiaga: http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/lauax.pdf
-Eusebio Erkiaga: http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/euxe.pdf
-Jose Mari Arizmendiarreta: http://www.euskomedia.org/aunamendi/ee12750
-Agustin Zubikarai: http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/zubikara.pdf
"Urtebete itsasargian" liburuaren idazlea bera emakumea izanik, gerra-garaiko gizartean emakumeak izandako partaidetza guri ezagutarazteko asmoa izan duela agerian utzi du Miren Agur Meabek liburuan zehar. Horrez gain, Sorne Utarsusen aipamena egiten duenean, aukera ezin hobea eskaintzen digu emakume ezezagun horren berri izateko eta gehiago ezagutzeko.
Ikasleek horri guztiari erreparatzeko ondorengo jarduerok egingo dituzte.
6. JARDUERA
- Abertzale eta emakume izan daitekeen pertsonaiaren bat aipatuko zenuke? Bai
Sorne Unzueta Utarsus (http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/SORNE%20UNZUETA.pdf); Katalin, osabaren bikotea; Miren, Jonen ama; Libe, Jonen arreba; Lore, Jonen izekoa.
- Zer-nolako papera beteko luke(te) istorioan? Paper bera beteko luke(te)? Ez, bakoitzak bere papera beteko du, hurrengo ariketan azalduko den moduan.
- Nor dira Miren, Katalin, Mirra, Sorne, Libe, Lore...? Ba al daukagu euren gaineko informaziorik? Bilatu liburuan zehar idazleak euren gainean ematen digun informazioa. (Hurrengo ariketan emango da)
Lehenengo taldeak amaren gaineko pasarteoi erreparatuko die:
“... Amak burua jiratu, eta agur egin zidan bere esku zurbilarekin, burdina zaharren hotsa “laster arte”, “laster arte”, “laster arte” errepikatuz bezala urruntzen zelarik. (9 or)“ - … baina zu bai ausarta, bonben artean jaio zara eta. Amak irribarre nekatua egin zidan: -Horrexegatik, Libe izango du izena” (84 or)“- Para ser vasquita, tu madre escribe muy bien en español - trufatu zen” (104 or)“ Ezin nuen jasan hainbeste denboran zu ez ikusterik, nahiz eta zu ia-ia gizonduta zauden, laztana” (107 or)“Amaren eta bion artean eraman genuen orgatilaz Santa katalinaren ermitako zelaraino, eta hantxe lurperatu genuen, itsasargiaren abaroan iraun zezan. Malkorik ez genuen isuri, alerik ere ez” (113 or)“Todo tiene arreglo, si tú quieres -esan zioten amari-. Solo tienes que ser un poquito… ya sabes” (113 or)“Osaba hil egin dute… Ama bakarrik dago itsasargian, hiru gizonekin. Geratzen utzi digute etxeko lanak egiten dizkielako, eta nik ihes egin dut zu topatzeko” (126 or)Miren, Jonen ama da; Mirenek semea osabarenera eramaten du, gerra-garaian daudelako; abuztuaren erdialdetik urtarrilaren 5era arte ez dute berriro elkar ikusiko amak eta semeak.
Miren haurdun dago eta urtarrilaren 5ean Libe erditu egiten da, orduantxe Jonek Bilborako bidaia egiten du, bere arreba ezagutzeko.
Maiatza aldera arte ez dute berriro elkar ikusiko amak eta semeak. Kasu horretan, Mirenek Garraitzetara joatea erabakitzen du eta aitaren bezero batek eramaten du bertara. Garraitzetara heltzean, osaba itsasargian bahituta dutela esaten dio Jonek. Azkenean, osaba hil egiten dute. Miren seme-alabekin itsasargian geldituko da, Molina eta beste soldadu batzuekin. Ama estu dabil eta Joni gordetako dirua eman eta aitaren bila joateko esaten dio.
Jonek aita topatzen du eta Garraitzetara heltzerakoan amak Molina eta beste soldadua giltzapean izango ditu.
2. taldeak Katalinen gainekoei erreparatuko die:
“Eta emakumeok oztopoa edo pentsatzeko ez gauza garelakoan, etxeetan eta sakristietan sartuta nahi gaituzue” (29 or)Katalin ez zegoen amore emateko: - Bai, gu jaiki bai, baina asko, barrenean beldur zarete atzamarra saltsan noiz eta noraino sartuko dugun” (29 or)“-Ez ditugu umeak munduratzen gero zuen gerretan hiltzeko” (29 or)“Ba neuk ere Sorneren esaldi batekin erantzungo dizut: “Umea egingo da gizona, hazia landarea”(…), eta emakumeak eta gizonak elkarren aldamenean egon behar dutela sinesten, ez batzuk besteen ostean. Horretan ahalegintzen naiz ni behintzat eskolan” (30 or)“-Badakizue zer esaten duten zuetaz, ezta? -galdetu zien Katalinek-. Soldaduen putak zaretela”(77 or)“-Kaka botatzen digute, atzera egingo dugulakoan. Baina, badakizu, gure borroka aspaldikoa da… -... gizartea aldatzeko eta emakumeon eskubideak lortzeko- amaitu zuen Katalinek esaldia”(77 or)“Bitartean, Katalinek, biltegiko zoruan disimulaturik zegoen atexkari giltzarrapoa kendu, eta berak eta beste neskek kaxa batzuk zuloan sartzeari ekin zioten” (78 or)“Katalin bonbek erre zuten. Eta harekin, pergamu kiskaliak bihurtu ziren umeei hazten irakasten zieten emakume guztiak” (130 or)Katalin, osaba Alejandroren gustukoa eta bikotea omen zen. Gernikako bonbardaketan hil egin zuten.
Emakume abertzale eta aldarrikatzailea zen; irakaslea ere bazen.
3. taldeak Mirraren eta Pauloren amaren gaineko pasarteoi erreparatuko die:
Mirraren gainekoak:
“Urrunetik ikusi nuen zuriz jantzitako gizon bibotedun patilla-zabal bat Mirrari bizkarrean sekulako zartakoak ematen” (16 or)“ …Mirra irteten ikusi nuenean, kaskabelak jotzen eta lurra takoneatzen, bolantedun soineko batekin” (22 or)“Korapilo handia, Mirrak ezpainetan zeukan ebakiaz konturatu nintzenean” (23 or)Pauloren amaren gainekoak“:
“- Ia-ia kartzelara eraman dute Pauloren ama- azaldu zidan lagun batek. - Egunkariko esplikazioak eman dizkie beste andre batzuei, baina kontakatiluren batek salatu egin du- argitu zidan beste batek" (101 or) “ (...) Ama gaztetan eurenean egon zela kriada, eta andre fina dela, eta behingoagatik barkatzeko”(101 or)“Gau guztian eduki dute kuartelan. Goizean atera dute, burua soilduta. Ile-xerlo potolo batzuk utzi eta banderatxo espainolak lotu dizkiote. Piura horrekin erabili dute kalean, errespetua ipintzeko” (101 or)4. taldeak Sorneren gainekooi erreparatuko die:
“Errepublikaren Gobernuak aitortu zizuen botoa emateko eskubidea orain dela bost urte. Emakume hizlari apartak ere badabiltza, eta ekintzaileak … Ez duzu ezagutzen Sorneren olerkia, Itxartu, eusko alabea!?” (29 or)“Ba neuk ere Sorneren esaldi batekin erantzungo dizut: “Umea egingo da gizona, hazia landarea” (…), eta emakumeak eta gizonak elkarren aldamenean egon behar dutela sinesten, ez batzuk besteen ostean. Horretan ahalegintzen naiz ni behintzat eskolan” (30 or)Eta 5. taldeak narratzaileak emakumeen gainean idazten dituen pasarteoi erreparatuko die:
“Ume aldra bat ahuntz zahar baten akrobaziei begira zegoen, eta bi neska gaztek esku-paperak banatzen ziharduten” (21 or)“Ospitalean atentzioa eman zidan lanean zebilen emakume piloak. (...) Herriko beste hainbatek legez, lixiba egiten edo bendak josten laguntzen zuten, edonolako errekaduak egiten, gerrako kontsigna obeditu nahirik: “Gizonak frontera, emakumeak lanera”” (76 or)“Zertan zebiltzan, bada, emakumeak? Garraiobideetan lan egiten. Zaurituak sendatzen. Barrikadak sendotzen. Haurtzaindegiak eratzen. Errefuxiatuentzako eskolak sortzen. Arma-fabriketan munizioak prestatzen. Soldaduentzako arropak josten. Kuartel barruetako lanak egiten. Lantegietako postuak betetzen. Familiak aurrera ateratzen. Eta gerran borrokatzen” (77. or)“Neska haiek ezagutzeak emakumeak beste begi batzuekin ikusarazi zidan. Emakume batzuk ziren etxekoen heriotza sufritzen zuten emakume etsiak. Beste emakume horiek, aldiz, erresistentzia ziren, ez gorrien ama, alaba, emazte, arreba eta neska-lagun zirelako, bular gorrien barruan beren bihotzak emateko prest zituztelako baino” (79 or) Argi ikusiko dute emakume ezberdinak irudikatzen direla liburuan, eta bakoitzaren paperak ez duela besteekin zerikusirik; liburuan garai hartako emakumeen aniztasuna islatzen da.
Oraindaino ikusitakoak argi uzten digu “Urtebete itsasargian” liburua Euskal Herrian bizi izandako Gerra Zibilari buruzko informazioa izateko lagungarri izan dakigukeela, liburua bera garaiko egoera soziopolitikoaren eta euskalgintzaren edota abertzaletasunaren lekuko aproposenetariko bat izan baitaiteke. Bada, hori guztia ahaztu barik, hemendik aurrera liburuan bertan agertzen diren zenbait idazle- eta literatura- aipameni erreparatuko diete.
Liburuko literatura-aipamen horiek kontuan hartuta, gerraurreko eta gerra-garaiko olerkigintzari helduko diote oraingo honetan. Pizkunde garaia ikusiko dute, baita orduko literatura-mugimendu berria ere, sinbolismoa. Horri esker, buruan dituzten hainbat galderari erantzuna ematen hasiko dira: Gerra-giroan ba al zegoen poesia idazterik? Zer-nolako olerkariak ziren? Zeren gainean idazten zuten? Erreza al da orduko sentimenduak gaur egun adieraztea? Kantu bihur daitezke orduko penak? Eta irakurtzen dena nola errezitatu bizi izan barik?
Has daitezen, bada, zalantzak argitzen!!!
7. JARDUERA
Hona hemen gerra aurreko olerkigintzan garrantzia izan zuten lau idazle:
Informazioa bildu ondoren, talde bakoitzak aurreko idazleei eta gerra-garaiko poesiari buruz jasotako datuekin ahozko azalpen-testu bat prestatu eta beste taldeen aurrean aurkeztu beharko du; horretarako, PADLET euskarria erabiliko dute.
Hirurek ematen dute aipatutako idazleei buruzko informazioa, baina kontuan hartu behar da informazioa modu ezberdinez ematen dela, orri batean gauza batzuk azpimarratzen baitira, eta besteetan, beste batzuk.
1. Zein izan zen Aitzolen ekarpena Pizkunde garaiko literaturgintzan?
Euskal Pizkundea historia-aldi zabala izendatzeko erabiltzen da, mugimendu kultural eta politikoa da, ideia erromantikoekin lotzen dena bere hastapenetan. Euskal Pizkundeak sistema literarioan aldaketa nagusia ekarri zuen: eragile berriak agertu ziren, hala nola, sariak, aldizkariak, argitalpenetarako laguntzak eta abar.
Literaturak eta bereziki olerkigintzak bultzada handia hartu zuen Lore-Jokoen eta Euskal Jaien sustapenari esker.
Euskal Pizkundearen gailurra: Olerkariak: Olerkariak esaten zaie. Euskal Pizkundearen gailurrean (1926-36), Euskaltzaleak erakundearen lehen buruzagia Xabier Lizardi (Zarautz, 1896-1933) poeta izan zen.
"Aitzol" sariketen antolaketaz arduratu zen eta, euskal literatura kultua sustatu zuen bereziki, euskararen prestigioa indartzeko eta herriaren identitate kulturala sendotzeko. Era berean, sarituen lanak argitaratu, ospaturiko ekitaldiak iragarri, aipatu eta iruzkinak argitaratzen ziren, euskaraz bezala erdaraz. El día eta Euzkadi egunkariak eta Yakintza aldizkaria izan ziren Euskaltzaleak erakundearen ekintzen bozeramaile. Euskaltzaleak-ek sorturiko plataforma kulturaletan ezagutzera eman ziren idazleek (Lizardi, Lauaxeta, Orixe eta Loramendi), olerkariak izendapena hartu zuten. Olerkariek metrika zaindua eta formarekiko arreta nahiz ikuspuntu berritzaileak ekarri zituzten, eta, euskal literaturaren erreferentzia sinbolikoak aberasteko ahalegin sendoa egin zuten.
2. Hiru lerrotan, zergatik da berrizalea Lauaxetaren poesia?
Estepan Urkiaga Lauaxeta (Laukiniz, 1905-1937). Lauaxeta bide irekitzailea izan zen euskal poesian. Errenteriako Lehen Olerti jaian poemarekin jaso zuen lehen sariaren bultzadaz, Bide Barrijak (1931) liburua argitaratu zuen, euskal literaturan berrikuntza erabakigarria iragarriz. Liburua formakuntza epeko lana da, joera bateko eta besteko poemak daude liburuan, batzuk Heineren erromantizismorantz jotzen dute; beste batzuk, aldiz, parnasianismoaren bidetik literatura arrazionalistagoaren fruitu dira. Lauxetaren liburuak eztabaida sutsuak piztu zituen eta Euskal Pizkundearen joera literario berrizale eta popularragoen arteko lehia azaleratu zuen.
Bide barrijak liburuan erantsiriko oharrean aitortu zuen bezala, literatura-eredu europar garaikideetan sumaturiko edertasuna euskaraz itsasten saiatu zen Lauaxeta eta poemarik hoberenetan sinbolismoaren eragina nabari da erabilitako metaforen berrikuntzan, sentsazioak eta kontzientzia-egoerak adierazteko ahaleginean eta hausnarketa estetikoen adierazpenean. Bigarren liburua, Arrats beran (1935), kalitate aldetik hobetzat dauka kritikak. Herri-lirikaren, bereziki kopla zaharraren nahiz baladen zenbait prozedura erritmiko-sintaktiko itsasten ditu bere poesian eta gaietan ere kantutegi tradizionalen errepertoriora itzultzen da neurri batean: erdi arokoak, piratak, zaldunak... Aipagarri dira, esaterako, "Amaiur gaztelu baltza" kantu epikoen erara moldatua edo "Langile eraildu bati", Federico Garcia Lorcaren Romancero gitanoko poesia narratiboekin harremanetan jarri izan dena.
3. Zertan datza sinbolismoa?
Pizkundeko olerkarien bide edota mugimendu berria izan zen. Olerkariak gizartearen lekukoak eta moralistak ziren. Gai tradizionalei (aberria, herria, erlijioa, baserria) ekiten zieten.
Sinbolismoaren jarraitzaileek irudiak, sinboloak, musika, metaforak, kolore, sentsazioak... erabiltzen zituzten; konnotazioa, tropo eta estilo baliabide guztiak erabiltzen zituzten.
Olerkariek sinestesiaren bidez kolore, hots eta usainen arteko erlazioa ezartzea bilatzen zuten.
Ametsetan oinarritutako errealitate ezkutua zegoen olerkietan. Horrek, sinboloak eta irudiak erabiliz, emozioak eta ideiak iradokitzen zituen eta irudi horiek emozio eta ikus-esperientzien bidez adierazten ziren.
Emozioak komunikatzeko, subjektibotasun handia, irrazionaltasuna, fantasia, intimitatea eta sentimenduen adierazpena erabiltzen zen.
Olerkariek subjektibismora jotzen zuten, barneko mundura, galdera existentzialak baitzituzten eta bizitzaren zentzua... bilatzen baitzuten .
Musikalitatea zen beste ezaugarri bat: sinbolismoak musika zekarren ezaugarri garrantzitsu gisa, musikaren bidez artea ikusten baitzuten.
Zer esan baino nola esan zen garrantzitsuagoa.
4. Zer eragin izan zuen Euskaltzaleak erakundeak garaiko literaturgintzan?
Euskarazko kulturarekin konprometitutako lagun-talde batek osatu zuen erakundea. Euskal Pizkundeko poetek "olerkariak" izena jaso zuten, eta Euskaltzaleak erakundeak antolatutako literatura-lehiaketetan parte hartzean sortu zituzten beren lanak. Erakundearen helburua euskal hizkuntzaren eta literaturaren defentsa zen, baita ondarea zabaltzea eta zaintzea ere. Hasiera-hasieratik Euskaltzaleak Lizardi izan zuen buru baina 1930ean Euskaltzaleak elkartearen zuzendaritza Aitzolek hartu zuen. 1931 eta 1933 bitartean Lizardik eta Aitzolek hainbat eztabaida izan zituzten, eta azkena, oso gogorra izan zen. Hala, Lizardik utzi egin zituen Euskaltzaleak elkarteko buruzagitza-ardurak eta Gipuzkoa Buru Batzarreko idazkaritza, literaturari ekiteko buru-belarri.
Euskaltzaleak elkarteak Euskal Poesiaren Eguna, Euskal Antzerkiarena, Bertsolari Guduak eta abar antolatu zituen 1930etik 1935era, eta literatura-jaialdi horien bitartez egin ziren ezagun garai hartako idazle eta bertsolari onenak.
Txaloak gogoko al dituzue? Oholtzara igotzea gustuko al duzue? bezalako galderak eginez, kanta-poemen edo konta-poemen errezitaldia egitea proposatzen diegu. Unitate amaierara iristean, ikasleek ikasitakoa transmititu beharko dute, euskal kulturaren transmisoreak izan beharko dute; ezin izango dute katea apurtu!!!
Gelakide guztien artean emanaldia prestatu eta taularatuko dute.
Launaka elkartuta, gerraurreko olerkigintzako gustuko poemen antologia poetikoa prestatuko dute, poemen idazleen gaineko ahozko aurkezpen laburrak egingo dituzte (baliabide digitalak erabiliz) eta poema bana errezitatuko dute. Eurek erabaki beharko dute nor gonbidatu (lagunak, gurasoak...), talde bakoitzeko aurkezlea nor den, zein ordenatan egingo duten... Eurek antolatu beharko dute errezitaldia!!!
POEMEN ERREZITALDIA PLANIFIKATZEAR DUTELA, poesiaren oinarrian murgildu beharko dute!!! Poesian sentimendua dago, ideia dago, bizitza dago. Esanahiaz gainera, olerkiak emozio batzuen oihartzunak eskaintzen dizkigu, gure barnean zenbait emozio astintzen ditu, olerkiarekin bat sentitzen bagara behintzat.
Poesiak, hitzez esaten duenaz aparte, badu musika bat, badu erritmo bat. Musika eta erritmo horiek olerkia ozenki irakurtzean berpiztu egiten dira, emozioak eta zirrarak sentiaraziz.
HAS DAITEZEN POEMAK AZTERTZEN ETA OLERKI-ERREZITATZAILEEN SEKRETUAK DESKUBRITZEN!
8. JARDUERA
Poemen errezitaldia prestatzerakoan, mesede egingo die emanaldiren bat ikusteak; hortaz, ikusi eta entzun dezatela "Hiru Lak" izenekoa! Entzun ondoren, erantzun diezaietela galdera hauei:
9. JARDUERA
Gerraurreko olerkigintza lantzen ari garela eta, poema biren mezua eta forma aztertuko ditugu: Lauaxetaren “MENDIGOXALIARENA” eta Lizardiren “BULTZI-LEIHOTIK”.
I
Mendi eze, ikurrin eder,
azke nai zattut axian.
Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!
Mendi-bitxidor berdiok,
arin or duaz kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».
Eta ixil dago arratsa
Euzkadi'ko lur-ganian.
Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!
II
Gastedi orren didarra
bai-dala didar zolija!
Aberri baten samiñez
urduri dabil errija.
Azkatasun-goxalderuntz
sugarra dira basuak.
Sugarra basuak eta
zidar argija itxasuak.
Or duan ozte-aldrea
aberri-minez kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».
III
Gaste orreik goruntz duaz
abesti eta ikurriñez.
Lañuan baño tiro otsak:
bedartza dager odolez.
Ikaraz duaz usuak,
mendija dago ixillean,
Amar gasteren lerdena
bixitza-barik lurrean!
Eta illuntziko bakian
norbattek darrai kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari».
HIZTEGIA ETA FONETIKA
Argitu ditzagun zenbait hitzen esanahia:
Lauaxetaren olerkia bizkaieraz idatzita dago eta sarritan agertzen dira aho-hizkuntzaren ezaugarri diren ebakerak. Bila itzazue poeman hauek:
TEMATIKA: Irakurri berri duzuen olerkian historia bat kontatzen da; poema narratiboa da, beraz.
Hamar gazte abertzale mendirantz doaz kantari: dana emon biar yako matte dan azkatasunari. Halako batean tiro hotsak datoz laino artetik eta hara non geratzen diren bidean zerraldo gure mutilak, askatasunari bizitza oparitu ondoren.
Askatasunaren alde egiten den borrokaren goramena.
KANPO EGITURA:
Erromatar zenbakiek egituratzen dute argi eta garbi poema.
Erromantzea da.
Zortzi silabako laukoak eta silaba eta erdiko errima pareetan, adibidez:
arin or duaz kantari
matte dan azkatasunari
Euzkadi’ko lur-ganian
makilla luzez bidian!
Leloaren -Dana emon biar yako, matte dan azkatasunari- errepikatzeak poemaren bilakaera markatzen du 2., 6. eta 9. ahapaldietan.
Eta lelo nagusi horren ondoren badago beste bigarren mailako bat ere: Amar gasteren lerdena makilla luzez bidian! Begi bistakoa da egitura horren errepikapenak musikalitatea areagotzen duela.
BARNE-EGITURA:
Kanpo-egiturak isladatzen du nolabait barne-egitura. Hiru zati nagusi leudeke. Zer adierazten du zati bakoitzak?
BARNE- ETA KANPO-EGITUREN ARTEKO LOTURA:
Leloak markatzen du poemaren ardatza; eta poema-bukaerak beti du indar berezia, bertan biltzen baita aurretik esaniko guztia. Lelo hori, kopla zaharretako errepikaren antzera, errepika hutsa da eta solista batek bakarrik abestuko luke, ondoren, taldeak (herriak) errepikatzen diolarik; beraz, herriak eskatzen dio gudariari DENA EMATEKO.
Garaiko olerkigintzari dagozkion baliabide ugari aurki ditzakegu bertso hauetan. Saia zaitezte hizkuntzaren erabilera, baliabideak, sinboloak eta esanahiak zatika aztertzen:
I. zatia:
Mendia askatasunaren sinboloa. Lauaxetaren poesian gorantz joateko indar hori idealismoaren modurik gorena da, sinbolorik maitatuena. Gora igotzeak, azken batean, zerura igotzea adierazten du.
Eze = joria, fruitua eman dezakeena.
Berdea, itxaropenaren kolorea.
Euskal lurra, mendia bera da poetarentzat euskal itxaropenaren ikurrin.
Bertsoa azkarrago egin nahian, ELIPSIA darabil eta, jakina, edukiari indar berezia emateko, zer aproposagoa MUGAGABEa erabiltzea baino?
Poetak hementxe bakarrik hitz egiten du 1. pertsonan, baina aski da poema osoa pertsonalizatzeko. Elkarrizketa bat sortzen da: nik zuri → Zuka hitz egiten die mendiari eta ikurrinari (pertsonifikazioa).
makilla luzez bidian!
Fija gaitezen zein hitz darabiltzan:
Lerden → Indar berezia eman nahi dio adjektiboa sustantibatuz.
Makila → Biderako lagun eta etsaien aurkako arma luzea.
Makila, fusilaren metafora balitz, agian, zenbat eta luzeago izan tresna, orduan eta urrunago joan tiroa.
Mendi-bitxidorrak kantari? ala gazteak? Hala ere, argi dago gure gudariak direla presaz -arin- eta pozez -kantari- doazenak, aberria askatzeko asmoz.
Antitesi horrekin naturaren isila gazteen kantaren aurrez aurre jartzen du. Adituko da nonbait gazteen ahots zolia!
II. zatia:
bai-dala didar zolija!
Birritan agertzen da didar hitza, onomatopeia nabaria lortuz. Agerian dago deiadarra mingarria, urduria dela, aberriaren saminak sorrarazitako deiadarra baita. 1. ahapaldian, gainera, oihu- eta irrintzi-kadentziaz jantzi nahirik, i-ren aliterazioa darabil.
Goizaldearen irudia erabiliz, Euskadiren berpizkundea dakarkigu gogora.
Sugarra basuak eta
Kopla zaharretako erreiterazio edo errepikapenaren teknikaz baliatzen da.
zidar argija itxasuak
Bi identifikazio horiek indartu nahian ez darabil aditzik (ELIPSIA) eta KOLORE SINFONIA baten aurrean jartzen gaitu: sugarra (gorria), basua (berdea), zidarra (ZURIA) eta itxasua (URDINA); eta kontuan har ezazu, halaber, ANTITESI jokoa ere badarabilela: basuak / itxasuak,/sugarra / zidarra (ura, aparra).
aberri-minez kantari
Horra hor, gudari-taldea ilaran, kantari, sutsu, prest gudarako.
III. zatia:
Beti, eta hor ere bai noski, goia, gailurra, askatasunaren sinbolotzat ageri da.
Baña da poema osoaren kontrapuntua. Hortik aurrera kontraste nabarmena izango dugu orain artekoarekin.
Gazteak bidean doazelarik, tiro hotsa entzuten da mendian. Bera izango da, noski, gailurra (askatasuna) erdiestetik aldentzen dituena.
Dena den, misterioa da nagusi, zehaztasunik ez baitago. Belarraren koloretik suposatu beharko dugu gertatutakoa.
Bakearen sinbolo diren usoak hegan hasten dira danbada entzutean.
bixitza-barik lurrean!
(3. ahapaldian, berriz,
Amar gasteren lerdena
makilla luzez bidian!)
Sintaxi aldetik paralelismoa bada ere, zein urrun dauden esanahi aldetik! Kontraste bortitza dugu egitura berarekin emana.
norbattek darrai kantari:
«Dana emon biar yako
matte dan azkatasunari»
Ez dira denak hil. Gazte horiek falta diren arren, beste batzuk datoz atzetik. Ez da dena bukatu. Eutsi diezaiogun itxaropenari!
ONDORIOA
Zein ondorio aterako zenukete?
Lauaxetaren “MENDIGOXALIARENA” poema aztertu ondoren, lauko taldeetan Lizardiren “BULTZI-LEIHOTIK” izeneko poema ezaguna aztertuko dute; horretarako, poema arretaz irakurri ondoren, jarraian dauden galderei erantzungo diete.
Oi, lur, oi lur!
Oi, ene lur nerea!...
Oi, goiz eme
parre gozoz ernea!...
Arto musker,
mendi, baserri zaarrak
ale gorriz
abailduta sagarrak:
Oro laino
mee batek estalia,
urrez oro
eguzkiak yantzia...
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
beyondeizula zuri!...
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
(ta bertan ni) bultzia...
Oi, ene lur,
baninduzu zerea,
zu landu, ta
zure sariz asea!...
Baiñan... ezin:
beeko bear goriak
narama... Agur
soro, sagar, mendiak!...
Lizardik, naturaren elementuak (lur, arto, mendi, eguzki, laiño, soro…) pertsonifikatuz eta sinboloen bidez adieraziz, formak eta koloreak bereganduz eta hausnartuz poetarengan pizten den olerkiminari esker, naturaren ikuskera eta sentikera berriak eman dizkigu, beste era batera sentiarazi digularik.
mendi, baserri zaarrak… → Lizardiren poesian, Lauaxetaren poemetan bezala, mendia da ezkutatzen den sinbolorik nagusienetakoa; beste mundu bat nahi izatearen adierazle da gorantz joateko nahikunde hori.
Bai, abertzaletasuna presente dago. Lur eta aberriarekiko sentimenduak barne-barnetik, bihotzetik, sentipenetatik agerian uzten ditu idazleak, lurra eta aberria pertsonifikatzen baititu; zuka hitz egitean, desira eta nahia adierazten die, adibidez:
Era berean ikurrinaren koloreak ere agertzen zaizkigu: musker (berdea), gorri...
Lau lerroko zazpi ahapaldi dira. Hona hemen ahapaldien eskema metrikoa:
Ahapaldi labur, hiru punturekin amaitu eta beti kadentzia bereko hauen bidez (4- 7, 4- 7, 4- 7 …) erritmo jarraikor baina aldi berean kulunkaria gauzatzen da, binbilika, trenaren ibilera monotonoa iradokitzen diguna.
Erritmo bizidun olerki honetan, Lizardik tren (bultzi) batetik ikusten eta sentitzen duen paisaia deskribatzen digu.
Maitasuna (Oi, lur, oi lur! Oi, ene lur nerea!...), desira (Zure bazter, gurazko aberria … Oi, ene lur, baninduzu zerea …), ezintasuna (Baiñan... ezin: beeko bear goriak narama...), agurra (Agur soro, sagar, mendiak!...), ...
Lizardiren hizkuntza poetikoa oso pertsonala eta berezia da eta literatura-baliabide ugari erabiltzen ditu bere olerkietan, hala nola:
- Aditzaren elipsia: urrez oro eguzkiak yantzia (DAGO)
oro laiño mee batek estalia (AGERI DA)
- Aditz sintetikoaren erabilera: beyondeizula, narama, doa ...
- Zangalatraba edo enkabalgamendua: oro laiño mee batek estalia ...
- Izen-sintagma ere laburtzen daki, artikulurik gabe emanaz: Nekazari, gizandi bat iduri …,
doa zoro ...
Baiña da poema osoaren kontrapuntua. Hortik aurrera kontraste nabarmena izango dugu orain artekoarekin
konparatuz. Trenak darama, urruntzen ari da eta berak ezin du trena gelditu.
10. JARDUERA
8. jardueran ikusi duten moduan, olerki batzuk kantu bihurtu dituzte. Antton Valverdek musikatu zituen bai Lauaxetaren eta bai Lizardiren poemak. Ken Zazpik ere egin du bertsio berriago bat, Lauaxetaren jaiotzaren ehungarren urteurrenean ateratako Ehungarrenean hamaika diskorako. Benito Lertxundik Lizardiren Bultzi-leihotik poema musikatuaren bertsioa du eta Lauaxetaren Agur, Euzkadi poema Tempora boskoteak Mundu Berria lanaren barruan plazaratu du. Hemen dituzte guztiak entzungai. Poema bi aurreko ariketan dituzte.
Entzun ondoren, galdera hauei erantzun beharko diete:
Guztietatik zein hautatuko zenukete? Zergatik? Hautua egiterakoan, hitzekin ala musikarekin lotutako irizpideak izan dira erabakigarriak?
(ERANTZUN IREKIA, LIBREA)
I
Atarian
Asaba zaharren baratza
huntzadun hormek hesia
eguzkiak lehen maitea...
Hotzaldi zoro baten itzuli
joka nagokik atea.
Joka nagokik atea
ate gorri zurezkoa
euri zaharrek usteldua
marraskiloek bide bihurri
dirdaitsuez apaindua.
Bai bainun amona xahar bat
zazpi begiko baratzai
deadarkari iaioa
marrubi-lapur
nenkusanetan...
Bizi ote dut gaixoa?
II
Sarrera
Sar eta... zuhaitz jantziak.
Urrats bat egin ta... adar huts.
Oroipen txoriez zeuden
beterik: ni ikus ta, bat-batean,
hegoei eragin ziten.
Nigana datoz, nahasian...
Adiskide min maiteak!
Barru-muineko gauean,
su itzalitzako zaharra gar gorri
dabil-ta bihur nahiean.
Belar gaiztoak jan ditu
nire bidexka izkutuak...
Ale bakanak dakartzi
bide gaineko mahastiak, eta
ortziak peitu du iguzki.
Urte joanen zitala!
Zuek zarpildu-itzalia
lehenera nork lekardake?
Zabal-naroa nuen baratza,
gaur hain estu, gaur hain gabe!
III
Lehena
Baratz erdian dut arki
amona: alderoka dator,
begi galduak noranahi...
Heriotzak dakar besalagun,
bere buruz ez baita gai.
Amona, zatozkit, otoi:
biloba laztan ezazu,
esan zadazu «biloba!»
Hitz hori, soilki, zaharrak dit ondu,
ardoa ohi dun bezela.
Biraka hasi zan, dei ta dei:
aita dei, ta ama;haurtzaroko
lurrak irentsi lagunak...
Zaharrez birrumetu danez gero,
menbeko darabil lehenak.
Errukarri! Lausorik du
gizargia begietan...
Nonahi aldiaren sitsa!
Zuka, zoroki, mintza zitzaidan,
zaldun arrotza bainintzan.
Laztan dut. Bera, harrituta,
begi-begira dagokit.
Gero, geldiro: «Nor zaitut?...»
Euskeraz hark niri galdegina
gogoan besterik ez dut!
Nire begien suz sutu
nahiez bereak, diotsat:
«Billoba nauzu, zaharrena...
Zure marrubi gorriak inoiz
ostutzen ohi nituena...»
Oroi ote?... Begietan,
zalantza dut tximistarik
iragan zuelakoa.
Burua igurtzi zidan astiro,
esanaz: «Zu...? Zu...? Gaixoa!»
Ta hasi zan biraka berriz,
hil-zaharrei hoska, negarrez,
heriotzaren egarri...
Bizitzearen hondar aleak
larrainean eultzen ari!
IV
Oraina
Ta, hara, bidean, baldarño,
muttiko bat guregana:
hark birbiloba, nik seme.
Ikus amonak, bertan gelditu,
ta haren eztizko irribarre!
Laztan du, pozak zoratzen:
«Hi haut, orain hakust ongi!»
diotsa, «Hi haut, bai, "Holako"!...»
Ta... nere izenez igurtzi zuen
burutik oinetaraino.
Lehena zegoen orainaz
ele gozoka. Bitsuok
mintzo beraz ziharduten.
Ene asaben lokarri zaharra
Jaunari zor, ez zan eten!
IV
Oraina
Ta, hara, bidean, baldarño,
muttiko bat guregana:
hark birbiloba, nik seme.
Ikus amonak, bertan gelditu,
ta haren eztizko irribarre!
Laztan du, pozak zoratzen:
«Hi haut, orain hakust ongi!»
diotsa, «Hi haut, bai, "Holako"!...»
Ta... nere izenez igurtzi zuen
burutik oinetaraino.
Lehena zegoen orainaz
ele gozoka. Bitsuok
mintzo beraz ziharduten.
Ene asaben lokarri zaharra
Jaunari zor, ez zan eten!
Agur, Euzkadi, Jaunak naroa
Aberri eder argira.
Neure negarrak jarion neuzan
zeure mendiai begira.
Seme bat zeukan, baña etsayak
kendu eutsoen biotza;
soin ederrera ixuri yakon
mayetz bateko goiz otza.
Gurutz Deunari mosu egiñaz
aldegin eutson mundutik,
Kistoren gentza abo ganean
loratu yakon gastetik.
Jaunaren maitez, aberri maitez,
ez eban euki bildurrik,
eta zeuretzat zorion utsa
opaldu eutson gogotik.
Euzkadi ona, zagoz betiko
Kistoren fede betean;
olan zoruna billauko dozu
emen ezpada zeruan.
Eriotz deuna aurrean daukot,
ziñistu bada, euzkoa:
Euzkadi azke izan daitean
zaindu Josu'ren legea.
Eder yatazan euzko bazterrak,
eder itxaso zabala;
baña oraintxe ederrago yat
eriotz onen itzala!
Gaztea nozu bizitz onetan
t'ez yatan palta gauzarik.
Jauna!, gogorra aldi onetan
iges eitea lurretik.
Ezpedi egin neure oldea,
zeure naia bai, ostera.
Gogoa boa zeru argira,
gorputza lur illunera.
11. JARDUERA
Dagoeneko, hainbat olerki ikusi eta irakurri dute, zenbait olerkari ospetsuren trikimailu batzuk landu dituzte, eta hori guztia eginez, gozatu egin dute... Ziurrenik, olerki-antologia betea izango dute honezkero! Hortaz, idazleen aurkezpenak eta errezitaldia prestatzen hasteko mementoa iritsi da!!!
HAS DAITEZELA OLERKIEN IRAKURRALDI ADIERAZKORRAK PRESTATZEN! HORRETARAKO, KONTUAN HAR DITZATELA GOMENDIO HAUEK:
➤ Aurrez esandako guztia kontuan izanda, entsegua egingo dute gelan.
Olerkia ozenki irakurtzean, olerkiaren interpretazio oso bat egiten da. Horretarako, lehenengo olerkia irentsi egin behar izaten dugu eta gero barnetik irtengo balitz bezala adierazten da, gure barneak eskatzen digun bezala. Horixe da errezitatzailearen sekretu guztia!!!
12. JARDUERA
Ikasleek errezitaldirako estrategia ezberdinak ikusiko dituzte eta poemen irakurketa ezberdinak egingo dituzte:
➱ OLERKIAREN GUNEAK BILATZEN
Olerkiak irakurtzen direnean, esanahiaren edota sortzen duten emozioaren arabera, bakoitzean guneak, hots, esanguratsuak diren hitzak, izen-sintagmak edo esaldiak hautatuko dira. Olerkia irakurtzean, ikasleek errepika dezatela bizpahiru bider hautatutako gunea.
➱ MOTELAGO EDO BIZKORRAGO ESATEN
Olerkiaren zenbait zati astiro-astiro dastatzekoak dira, beste zenbait, berriz, emozioaren intentsitatearen arabera bizkorrago adierazten dira. Horrela, olerki bat irakurtzean abiadura anitz erabil daitezke, eta olerki batetik bestera aldeak egon ohi dira.
Ondorengo poemak, aldiz, gaztetasunaren indar geldiezina adierazi nahi du, kemena. Beraz, abiada bizkorragoa eskatzen du poemaren irakurketak. Letra lodiz markatuta daude errezitatzaileak abiada bizkorragoan adieraziko lituzkeen poemaren zatiak.
ERREZITATZAILEA KORUAREKIN
Poemak errezitatzeko oso modu atsegina da oraingo hau, entzuleak ere parte hartzen baitu. Hurrengo olerkia “arin-arin” erritmoan egina dago (Neskazarrak joaten dira Madalenara kantuaren doinuan). Kantatu ere egin daiteke, baina, errezitatzeaz ari garenez, ikasleei poema musikarik gabe esatea proposatzen diegu.
Bi edo hiru bider errepika daiteke poema, nahi den abiadan (motel / azkar / motel edota motel / azkar / azkarrago), eta txaloz edo gorputzaren erritmoz lagundurik.
KANTU BILAKATUTAKO OLERKIAK ERREZITATZEN
Ariketa polita da hauxe ere: kantuaren bitartez ezaguna egin den poema errezitatzen saiatzea, kantuaren erritmoari obeditu gabe. Horretarako adibide asko daude. Aukera dezakegu, esate baterako, Eñaut Elorrietak abesten duen Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poema.
➤Ikasleek bideoetan eskainitako ereduak entzungo dituzte eta gero, beraien olerkiekin saiatuko dira:
13. JARDUERA
UNITATEAN ZEHAR PROPOSATUTAKO AZKEN ATAZA EDO PROIEKTUA GAUZATZEKO UNEA HELDU DENEZ, IKASLE BAKOITZARI EDOTA TALDE BAKOITZARI BERE ZEREGINAK ZEIN DIREN GOGORATUKO ZAIO:
OHARRAK:
֍Nahiz eta proiektuan ez aurreikusi, errezitaldiak grabatu eta literatura-lehiaketa bat antola daiteke, baina hori denbora-pasa moduan ikus genezake eta ez betebeharreko ataza moduan.
14. JARDUERA
Ikasleek errezitaldia egin ondoren, hurrengo galdetegia bete beharko dute, unitatean zehar egindako talde-lanaz hausnarketa egiteko.