ZERTARAKO HILTZEN ARI DIRA UKRAINARRAK (ETA ERRUSIARRAK)?
(edo oihal magikoaren ipuina)
Txikitan eskolan inpaktatu egin ninduen ipuin bat Oihal Magikoa izan zen.
Hara. Behin jostun bat erregegana joan zen eta eskaini zion, erreinuko urre guztia emanez gero, horrekin munduko jantzirik ederrena josiko ziola. Behin lana amaituta, jostunak urrezko soineko miresgarri harekin jantzi zuen erregea, abisatuta erreinuko jende zintzoak eta sasikumeak ez direnek baino ezingo zutela ikusi. Hala irten zen erregea, bere zaldi ederrenean, harro, menpeko guztiek urrezko oihalez egindako soinekoa mires zezaten. Denak ziren laudorioak eta bibak harik eta errementari beltz batek (hala zioen ipuinak) esan arte bera sasikoa izan bazela, baina erregea larru gorrian zihoala.
Ukrania-Rusia gerra horretan inork ez du errementari beltza izan nahi, antza.
Zergatik hiltzen ari diren argi daukagu eta zertarako ere bai. Ezin aitortu baina, nork zer esango, antza.
Beste istorio benetako bat gogorarazi dit gerra horrek. Gure inguruko. bere burua komunistatzat aitortzen zuen tipo xelebre batek hala esaten zuen: “Navarra es Euskadi. Si se quieren ir que se vayan pero el territorio es nuestro” (Nafarroa Euskadi da. Ospa egin nahi badute egin dezatela, baina lurraldea gurea da.”).
Agian ez dago esaldirik hobeto ilustratuko duenik lurralde integritatearen printzipioaren absurdu demokratikoa eta, esan beharra dago, edozein giza logikaren kontrako pentsaera.
Ez dirudi kontu hauek asko aldatu direnik, lurralde-integritate guztiak ezpataz edo tankez ezartzen jarraitzen baitira. Non eta Europan, demokraziaren eta giza eskubideen habia eta gordelekuan. Espero genezakeen europar buruzagi edo agintari demokratikoren batek (batek behintzat) edozein demokratak esango lukeena esatea: bale, ukraniarrek ukraniar izaten jarraitzeko eskubidea dute eta euren herria aske eta inoren menpe ez egoteko eskubidea ere bai, baina inork planteatzen al du, gaur egunean, irtenbide moduan Krimeako bizilagunei edo Donbassekoei zer izan nahi duten galdetzea edo, hobe esan, nola antolatu nahi duten euren bizitza, edo eurak bizi diren komunitatea? Izan ere, zer izan nahi duten jakitea zailagoa da, arlo pribatuari baitagokio. Lurralde bat toponimo bat baino ez da, edo entelekia bat bertako bizilagunak ezabatuz gero.
Baina ez, irtenbide hori ez du inork planteatu ere egin nahi, antza, (ahopetik baino ez dira egin saiakeratxo batzuk) besteak beste askok etxean bekatu bera daukatelako.
Konplikatua omen da geopolitika, baina zenbaitetan hartu dugu inpresioa europar agintariek oso jokabide primarioak dituztela, mundu lotsarren hartzen dituztela euren erabakiak, milaka pertsona bizi ala hil baldintzatzen duten erabakiak. Hasierako zalantza batzuen ostean, egunean egunean hor ari gara denok laguntza militarraren dosia igotzen, nor baino nor, auzokoak zeresanik izan ez dezan. Nork ukatuko dio, ba, ezer tipo sinpatiko horri? Nork ez du txalotuko bere kemena? Joño, sinpatikoa! Prest ei daude herrikideak hiltzera eta erailtzera bidaltzeko eurenak ei diren lurralde zati batzuk eskuratzeko edo berreskuratzeko. Zeren... erementari beltzak esango lukeenez, 2014tik datorren gerra horretan auzia ez da lurralde batzuetako bizilagunak eta euren bizitzak defendatzea, lurralde horiek norenak diren baino (eta ez bertokoenak prezisamentean). Eta agirikoa da alde biek egoerak beharten aritu direla eta ari direla, irtenbidea, edozein dela ere, galbahe demokratikotik pasa ez dadin.
Eta hala gabiltz. Behin lehen ikaraldia pasatuta, Europak bere aterabideak bilatuko ditu eta Errusiak berarenak. Ukrainako gerra beste aldagarri bat izango da plan ekonomikoetan, baina ez dezagun dramatizatu. Total. Eta hala, garaipenaren aritmetika inmoralarekin, estimatu egiten ditugu hildako eta zauritu kopurua: 500.000 inguru bi aldeetan, iturri batzuen arabera. Horietatik 7.200-7.500 baino ez zibilak. Barkatu, baina 500.000 mila horietatik egingo nuke gehienak zibilak direla, gerrara joaten behartutakoak, hiltzera bialdutakoak eta, bizi nahi badute, erailtzera bialdutakoak. Eta objetiboki zibilak hiltzea edo hiltzera bidaltzea gerra krimena da, edozein aldetik begiratzen dela ere. Horixe esango luke errementari beltzak, baina...
Historiak eta zentzunak erakusten dute harmadek eta erakunde armatuek ez dutela inoiz negoziatzen irabazi dezaketela sinesten duten bitartean, dena galdu dezaketela ikusten dutenean baino. Ukrainaren lurralde nahiak hauspotzen ibiltzea negoziazioan indartuta sartuko delako esperantzarekin kontrako efektua lortzen ari da eta lortuko du. Ukrainar eta errusiar zibil gehiago hilko dira. Ez dakit zer egiten dugun europarrok eta gure buruzagiek, ezer irabaztekotan norbaitek bizilagunik gabeko lurraldeak irabaziko omen dituen gerra bat hauspoten, bazkatzen, eta... gerra krimenak onartzen.
Erraza da gerra bat hastea. Badirudi gure piztia-naturak horretara lerrarazten gaituela. Gizon kontua historikoki. Gerra bat amaitzea kementsuek baino ezin egin duten zeozer da. Non daude kementsu horiek? Non daude bizitzak salbatzearren euren karrera politikoa sakrifikatzeko prest dauden buruzagi demokratikoak?
Madarika ditzagun garaipenera eramango gaituzten buruzagien izenak. Hiltzera eta erailtzera kondenatu dituzten eta behartu dituztenen omenez.
Edu Iriondo Gonzalez 2023
Berria-n argitaraturiko artikulua