(Osatze bidean, beti osatze bidean)
I. Andrazkoen mendea? Kanta batetik abiatuta: Mariren Salbea
Antzina Mari Andereren erreinua omen zen gure Herria. Ez du inork horren froga historikorik aurkituko baina mito batzuk ondo etorri zaizkigu nolabait zuritzeko guztiok, uneren batean, sentitu dugun lotsa, gure historiak andrazkoei utzi dien tokia ikustean.
Egia historikoa da, antza, andrazkoek, emakumeek, izan duten deslekua edo jokabide menpekoa ez dela izan gurean beste kultura batzuetan bezain muturrekoa. Besteak beste, gure artean, nekazal giroan, andrazkoa izan delako etxearen euskarria eta euslea, etxea —familiaren etxea— munduaren muina, erdigunea eta eskubide-emailea izan denetik behintzat. Ez modu sinbolikoan, ez, gizakiok ulertzen dugun modu praktikoaren aldetik baizik, hau da, ikuspegi ekonomikotik. Baina hortik eta baserri giroan matriarkatu batean bizi izan garela uste izatera tarte handia dago.
Irakurrita dudanagatik gurea baino “atzeratuagoak” izan diren hainbat kulturatan (euren txikian autonomoak izan diren kulturetan) emakumearen rola ez da izan hain menpekoa. Egia aitortzera, Euskal Herriaren Hegoaldean XX. mendea bizi izan dugunok sasoi ilunagoak bizi izan ditugu andrazkoen eskubideei dagokienean inguruko beste herrialdetakoen aldean.
Baina Mariren Salbearen sarreran esatariak dioena, letra lodiz, egia biribila da, eta ñabardura eta bainakeria gutxi ezarri dakizkioke.
Mariren Salbea kantan gizonezkoon nolabaiteko barka-eskea egin nahi izan dut.
Bale, askok argumentatu dezakegu ez dugula ezer larririk egin eta, beraz, ez dugula zertan barka-eskerik egin; edo gizonezko guztiak (eta andrazko guztiak) ez garela berdinak.
Baina erlijioetan hazita egon garenontzat bekatu arin askok bekatu larri-larria sortzen zuten. Edo, gaur eguneko modu ulergarriagoan esateagatik, txartel gorria txartel horiak metatuta ere ateratzen da; eta merezita. Eta honetan, uste dut, gutxi egongo direla bekatu arinik egin gabeak edo txartel hori bat baino gehiago merezi izan ez dugunok.