Hirugarren pertsonan idatziko dut, horrela errazago baita loreren bat edo beste nork bere buruari eskaintzea. Biografia-biografia ere ez da, familiaren edo lagunen gora-beherak jakin behar dutenek badakite eta.. Curriculuma da gehienbat, baina ez dut denbora galduko data zehatzak bilatzen, ez baitaukat denbora sobran. Eta Wikipedian agertuko ez denez, horra beraz
Edu Iriondo Gonzalez (Elgoibar 1954-... ) (Hau idazten ari naizen momentuan bizirik nago)
18 urtera arte erdaldun peto-petoa, Elgoibarko kaleetan hazi eta hezia. Adin horretan euskera ikasteari ekin zion bere kontura (Umandiren gramatikaz) eta lagunen laguntzarekin. Beti lagun izan duen ausardiak eraginda (burugabekeria puntu lodi batez osatua) 1972tik herririk herri ibiltzen zen Bizkaia aldean gehienbat, gitarra hartuta berak egindako kantak kantatuz ( Poliziaren edo Guardia Zibilaren kalabozoak ezagutzea sasoi hari dagokio gehienbat). Euskaltzaindiaren orduko D titulua ere orduantxe atera zuen (berak ere ez daki nola).
Historia Garaikidea ikasketak eginak ditu Deustuko Unibertsitatean, batera eroanda hori orduko militantziarekin (ELAn), kantaldiekin eta han-hemen emandako euskera-klaseekin. Ikasketak amaitu eta klaseak ematen hasita, ELAn liberatu zuten hiru bat urtetan Idazkari ardurak edo karguak edukita (Hezkuntzan eta Zerbitzu Publikoetan). 1982an eskolak ematera itzultzea erabaki zuen eta 1983an Euskera-oposaketak atera zituen Eusko Jaurlaritzan. (Oso zuhurra ez, baina ekinekoa izan da beti mutila eta oposaketetan, bi probetan 10na puntu lortu zituen 10en gainean; horretaz beti egon izan da harro).
Sasoi hartan eta A ereduko euskeraren irakaskuntzarako metodoen falta ikusita, bere kolaborazioa hasi zuen Edurne Etxebarriarekin EHUko ICE-HEZI-n. Horren fruitua izan dira hainbat liburu: BAIETZ sorta lehenengo (6 maila), Hitzak Irudiz Ikasiz, BAIETZ BA (4 maila, B ereduetan ere erabili izan direnak; hauek Edurne Etxebarriarekin eta Cristina Ibañezekin batera). Hor, edukiak landuz gainera, maketazioaren ardura ere eroaten zuen.
Mungiako institutuan irakasle hasita, Lakuan egon zen hiru urtez orduko Batxilergo Zerbitzu Buru bezala. Mungiako institutura itzulita (Lauaxeta Institutua orduan) han egon da erretiroa hartu zuen arte. Institutuan Zuzendari, Ikasketa Buru eta horrelako karguetan izan da sarri; Idazkari eta Diruzain izan ezik edozertan. Gehienbat Euskal Hizkuntza eta Literatura izan da bere arloa, baina Dibertsifikazioan ere egon da irakasten programa honen hasi-masietan.
Beste alde batetik, behin A eta B eredurako materialak sortzeko fasea amaituta, Joseba Butronekin batera OT argitaletxea sortu zuten eurek egindako liburuak argitaratzeko. Apostua izan zen ez testu liburuak argitaratzea, baizik eta sekuentziak, unitateak eta horrelako materialak sortzea irakasleek eurek taldearen eta testuinguruaren arabera erabaki zezaten noiz eta nola erabili. Horrela sortu zituzten hainbat material: Idatz 1 eta 2 (ortografia lantzeko) Hizkuntz Ariketak 1 eta 2 (metodo induktibo bidez akatsik ohikoenak identifika zezaten). Atalak orrian daude batuta denak (https://atalak.eus/liburuak/idatz.html )
1999tik 2011ra Mungiako zinegotzia izan da (alkate ordea) eta ardura bariatuak izan ditu: euskara, kultura eta kirola, proiektu estrategikoak, enplegua eta garapen ekonomikoa... (harroen edo asebeteen Olentzeroren Etxea eta Landetxo abian jarri izanaz dago). Hau guztia institutuko irakasle lanarekin bateratu du.
Mungiako institutuko irakasle moduan 63 urterekin hartu zuen erretiroa.
Urte asko daramatza herri ekimenetan buru belarri sartuta, besteak beste, Euskera elkartean eta Euskaraldian, Gure Eskuren hasierako batzordean, "Kantagunean" tiraka egiten, Olentzero eta Mari Domingiren etorreraren antolaketan (1991tik), euskeraz egindako teatroetan (musika, antzezten oso txarra da-eta).