Harro egon izan gara beti euskaldunok euskal diaspora deitzen diogunaren ondorengoek euren euskal bihotzari, sentipenari edo arimari sendo oratzen diotela ikusita. Zortzigarren lurraldea ere deitu izan diogu euskal jatorrizkoek munduan osatzen duten komunitateari, komunitatea esatea gehiegi izan badaiteke ere.
Eta miresmenez begiratu izan diegu arima edo identitate bikoitza duten gutarrei. Gurea bigarren mailakoa izanda ere.
Ez dakit, hala ere, hain pozik egoten ote garen Euskal Herrira etorritakoak euren sustraiei eusten ahalegintzen direla ikusita. Sarri muturra okertu egiten dugu inkesta soziologikoetan (har ditzagun euren mugetan) euren burua euskaldun+espainoltzat edo euskaldun+frantsestzat aitortzen dutenak ikusita; are gehiago etorri berriak ez badira. Ulergarria izan liteke mesfidantza edo beldur hori, beti izan baikara erraldoien artean "Izan-ez-izan" mendiko bizkar estuan ekilibrioak egitera behartuta egon den gizataldea. Eta asko izanda ere, beti gutxi izango gara. Eta beti gene-nahaste etengabean.
Ohituta egon beharko genuke horretara, bai. Izan ere, urrunera joan gabe, XX. mendearen erdi aldean gure herritarron herena baino ez ziren berton jaiotakoen seme-alabak (eta ez dut "euskaldunak" esaten). Eta prospekzio soziologikorik egin gabe, nago handik gutxira beste bi herenek eta bi herenen ondorengoetako gehienek euren bihotz osoa edo zati bat behintzat euskalduntzat, edo, hobe esan, euskal herritartzat izan dutela. Integrazioa miraria izan da gurea bezalako herri txiki eta estatu indartsurik gabeko kultura mugatu batentzat.
Eta ohituta egon beharko genuke, behin eta berriz herrikide berriak hartu, hartzen eta hartuko dituzten lurraldeetan bizi garelako, Herri bezala biziko bagara, behintzat.
Poztu gaitezen, bada, herrikide berri horien bihotzen zati bat edo bihotz atal bat behintzat gure taupadakidea bada, poztu gaitezen sortu ditugun aberri txikiak edo etxe txikiak, osoa izan barik ere, euretakotzat hartzen badituzte. Agian ez da hain zaila izango.
Ez dakit gure unibertso txikia izendatu zutenen asmoa hain bisionarioa izan ote zen, baina gutasuna definitzeko kontzepturik politena eta berdingarriena eman ziguten: besteek ez daukaten zerbait daukagu guk, euskara-dunok; eta zerbait hori edonoren esku dago, belaunaldi batean ez bada, bitan. Ea zein herrik daukan hori!
Eta hortik sortu zitzaidan Mamadou Telleriko kanta.
Bideoa, Mamadou Telleriko kanta