ERRENDITZEN JAKITEAREN BALIOA
Sasoi hartan lagunak bagina bezala egiten genuen borrokan. Elkarri lepotik helduta, estu-estu. Begiratu batean, inork ez zien biolentzia-zantzurik igarriko gure borrokei, ñooox-engatik eta lepotik helduta egiten genituen makurdurengatik izan ez balitz. Ume kontuak esango duzue. Baina Deba ibaiaren bazterrean inolako lekukorik gabe edo, hobe esan eta txarrena dena, handik pasatzen ziren ibiltarien interes zipitzik ere piztu gabe, egin nuen borroka hark betiko markatu nauela uste dut.
Porrotak asko markatzen gaitu, arrakastak baino askoz gehiago. Nire kasuan behintzat, handik aurrerako bizitzan bakezale amorratua izatea orduko porrotaren ondorioa baino ez dela esango nuke eta ez hausnarketa moral sakon batek konbentzimendu horretara eraman izanaren ondorioa.
Erreka albo hartan izaten ziren gure borrokak, gure herrian espazio gutxi geratzen baitzen mendi magalen, errekaren eta asfalto-adreiluaren artean. Eskolatik irtendakoan. Bostak inguruan, beraz. Eta areriokidea —hala esan badakioke— gelakide bat. Horiek dira gogoratzen ditudan datu zehatz bakarrak; izan ere, hainbat bider oroimenean arakatzen ibili banaiz ere, sekula ez baitut lortu gogoratzea zergatik hasi ginen liskarrean. Ezta hain luze egin zitzaidan borrokaldi hura zein laido barkaezinak piztu zuen ere. Umekeriaren bat izango zen. Egia esan, horrek ez nau hainbeste lotsarazten gaur egun, geroztik milaka hildako utzitako hainbat gerra eta sarraski zerk piztu dituen ikusita. Neokortex prefontala eta garunaren beste atal batzuk artean garatu gabe edukitzeak zuritu zezakeen agian gure liskar txepel hura; ez, ordea, munduan zehar eta geure mundutxoan behin eta berriz ikusitako gerra eta sasigerra guztiak. Hauek, teorian, garunaren atal guztiak eta pentsamendu arazionalerako tresna biologiko guztiak guztiz garatuta omen dituztenen kontua izaten dira.
Orduan ezagutzen genituen borroka-teknikak eta judo-giltzak oso mugatuak ziren. Lepotik helduta egindako lehenengo ahaleginen ondoren, arerioa lurrean etzanda, aratinik eta norbera gainean zegoela, hitz klabe batzuk esanaraztea izaten zen hurrengo urratsa. Jarrera hartan ere ez genuen borrokalari itxura handirik ematen. Are gutxiago beldurra. Beste urrats bat eman behar izaten zen, beraz, eta hor ofizio guztia ipini behar izaten genuen azpiratuta genuenaren zintzur aldea besaurreaz estututa. Baina gehiegi estutu gabe, areriokideari beti eman behar izaten baitzitzaion monosilabo batzuk esateko aukera.
Lehenengo “te rrrindes?”ari ezezkoan erantzuten bazion, estutzen jarraitu behar izaten zenuen “si” esan arte; apur bat ankerra bazinen, “si, qué?” konfirmatu behar izaten zenuen, “berretsi pasahitza” esatea bezala, gaur eguneko irakurleek ulertzeko moduan esatearren.
Ohorea deritzon hori zegoen jokoan. “Te rrindesss?” eta “si” entzun arte jo ta sua. Idatzi gabeko arauen arabera ez zegoen parra geratzerik. Eta ez diezaiola inork irribarre epel batez begiratu haurtzaroko orduko ohitura horiei, ikustea baino ez dauka-eta ustezko ohore hipotetiko batengatik zenbat astakeria egin diren eta zenbat bizitza galdu zein galarazi duten inozo kuadrila eskergek, herriko heroitzat hartzen direnek. Gurea ohore anonimoa zen, norberak zeramana; eta odolik gabekoa.
Lehenengo “terrindess-no” batzuen ostean, borroka hari bukaera emango zion formula zehatza entzun nuen:
—Te rrrindess?
—Si
—Si, que?
Eta zintzur aldea apur bat askatu behar izaten zenuen, bestela hurrengo esaldia, luzeagoa izatean, nekez uler baitzitekeen.
—Que me rindo.
Askatu eta altxatu egin nintzen eta garaile bideratu nintzen etxerantz hiru ontza txokolate ogian tinko ezarrita zain edukitzen nuen ogitartekoaren bila. Bermejo, begi zeharretik ikusita, hauts eta lokatz arrastoak aldetik astintzen zituela utzi nuen. Garaituta.
Edo hori uste nuen behintzat. Zubirako bidera iritsita nengoela, ez nuen entzun ba “No me rindo!” esanez Bermejo kabroia! Kaguen laletxe! Buelta zart egin eta etxeko katuak ispiluko bere irudiari bezala oldartu nintzaion. Eta ostera ere erritual bera: lepotik oratu, lagunak bagina bezala, makurtu ea nork bestea azpiratu, azpian edukita eta eztarri aldea besaurreaz sakatuta terrrindeska hasi... eta bi bider ezezkoa erantzun arren handik gutxira “bale, merrindo” erantzun zidan.
Bueno, uste baino gehiago kostata, baina azkenik. Lekuko potentzialik ez omen zegoen ordurako. Egunak luzeak ere ez ziren artean eta iluntzen hasia zen erreka alboan. Mendiek inguratuta bizitzeak horixe dakar. Altxatu, Bermejo askatu, etxerako bidea hartu eta hara non ostera ere Bermejoren ahotsa “No me he rendido”. Popatik txokolaztezko otartekoa! Rrau! buelta eman eta aurrez aurre lepotik heltzeko erritualaren lehenengo faserik gabe, jo ta lurrera areriokidea, azpiratuta di-da batean. Aspaldian neukan ahaztuta zergatik ekiten nion hain oldarkor eta are ahantziago zergatik hasiak ginen borroketan. Oraindik ez neukan ikasita zein erraza den gerra bat —edo greba bat— hastea eta zein zaila den amaitzen jakitea. Tira, autozigortu gabe. Gero ere konturatu naiz oso gutxik ikasi dutela hori. Garaipen osoa lortzeko jaioak omen gara. Gizonok behintzat; halako txorakeriak ez bainituen inoiz alboko kolegioko nesken artean ikusi.
Ez dakit zein ordu izango zen azkeneko “No me he rendido.” entzun nuenean. Ezta zenbatgarrena izango zen ere. Mordogarrena nonbait, afaltzeko ordua izango zela kalkulatu nuen eta. Merkatu plazako argi urrun motelak baino ez zuen argitzen gure ring-a. Bermejo matxakatuta egongo zen, beti tokatu zitzaiolako bizkarra lur harritsuan edukitzea.
Nik zubi ilunerako bidea hartu eta amorru-negarrez urrundu nintzen, lurraldea ere Bermejo kabroiari utzita, No me he rendido-ka.
Ni, atzera begiratu gabe eta belarriak estalita. Garaituta.
Errekaren beste aldeko etxeetako leiho batzuk argiztatuta zeuden. Haietako batean norbait zegoen begira.
Aurpegia argi-kontra eduki arren, barreka zegoela iruditu zitzaidan.
Hura izan zen nire azken borroka.
Hainbat bider esan behar izan dut, ordea, neure kolkorako besterik ezean “Ez naiz errenditu, baina.”
Handia, gero, Bermejo!
Edu Iriondo Gonzalez 2022