ABERRI TXIKIAK
I KLASE-, HERRI- ETA TALDE SENTIMENDUAZ:
Euskaldun Etsiaren Bluesa
“Euskaldun etsiaren bluesa” esan diodan kantaren lehenengo bertsioak oso ikuspegi transzendentala zeukan. Aspaldian kantatzen nuen, 70eko hamarkadan. XX. mendeko 70eko hamarkadan, inork zalantzarik badauka.
Bertsio hartan langileria, herria, nazioa... milaka omen ginen; eta paperetan, manifestuetan, zein aldarrikapenetan ondo zehaztuta omen genuen zer zen Langileria edo Herria eta baita nortzuk ginen ere. Hau da, Gu. Eta, dudarik ez geneukan, Azken Borrokaren atarian geunden. Beti Azken Borrokaren atarian eta zain. Dena ala ezer ezeko garaiak ziren.
Nire joan-etorrietan kantaren letra galdu arren (hoba ez!) pasarteren batekin gogoratzen nintzen eta baita errepikarekin ere
Eta bide bat egingo dugu, askatasunerantz
ez-dakit-zer honetan geu gara-eta
Lurra eta denbora.
Epikoa izan nahi zuen eta blues estiloan kantatzen nuen, bat ere egokia ez dena, bestalde; izan ere, blues bat, tristea edo bizia edo... izan daiteke, izan; baina epiko...
Denbora pasatuta, abestiari berriro oratu nionean, konplikatzen hasi zitzaidan auzia. Langileria... horrela, orokorrean, definitzea eta bisualizatzea kosta egiten zitzaidan, goiko muturretik batez ere. Ez da erraza, gero! Nortzuek osatzen dugu langile-klasea? Soldatapekook? Bale, baina soldatak eta soldatak daude. Zehaztu eta mugatu egin beharko genuke. Izan ere, asuntua ez zen ore berean kaka eta azukrea nahastea. Edo inor iraindua sentitu ez dadin, kaviarra eta lunpo-arrautzak. Zerbait zehazten hasiz gero, gainera, hau da, batzuk gutartzat deskartatzen hasiz gero, ez nuen imajinatzen blues batean “milaka gara irpf-ko tipoa %25-28tik behera kotizatzen dugunok” edo antzekoak esaten hastea; estetikagatik batez ere. Ez, errazagoa izango zen kanta haren beste alderdi batetik joatea: herria; barkatu: Herria, lehen Aberria esaten genuen hori; hau da, Gu ostera ere.
Aukeratu banuen, aukeratu nuen, ba. Are zailagoa egiten zitzaidan gu nor garen identifikatzea. Honetarako zaila da parametro objektiborik lortzea, oso etereoa baita gu-tasuna identifikatzea. Ni-tasuna, tira, izurdeekin eta beste piztiaren batekin batera gure irudia ispiluan ezagutzeko gai garen espezia bakarra omen gara-eta. Baina herrikideak identifikatzeko orduan... Izan ere, gauza bat da nik gutartzat nortzuk dauzkadan eta beste gauza bat eurek ni euretartzar ote naukaten, edo nire "gutarrak" eta euren "gutarrak" berdinak edo berak ote ziren, edo, are txarragoa, ibilian ibilian ni euretar izaten behartu nahi nautela aurkitzea. Beste herrialde batzuetan argiago omen dute dena, antza, baina guk... ez dakit denok onartutako izenik ote daukagun ere. Himno bateraturik ere ez daukagu (eskerrak Laboa eta Artze eduki dugun, dena dela) eta bandera bat behintzat bagenuela uste nuenean —odolean ordainduta gainera— hori ere berriztatu beharra ikusi zuten batzuek.
Herrikidetzat zein dugun ere ez dakit argi daukagun; ez lurralde desberdinetan, ez lurralde berean, ez herri berean.
Eta borrokazaleok hor ibiltzen gara, oraindik ez den baina noizbait izango den amestutako Herri edo Aberri horretara eramango gaituen Bidaia Handia noiz hasiko zain. Geldi. Dena ala ezer ez. Aldapan gora abiatzeko ordua den ala amildegian binbili bonboloka erortzeko unea den jakin gabe.
Horregatik aipatzen nuen kanta honen amaieran esaldi iluntxo hori: "...aberri txikiak sortu ezean, sorgin gurpil hau ezin da eten."
–Ulertzen? –esan nion orduan anaia Albertori.
Baina anaiak nahiko lan zeukan nire kanten konpas kaotikoak zerbait koherentera ekartzen eta moldatzen. Nire letra ilunek bost ardura diotela ez dit esaten, baina badakit noiz molestaten dudan.
–Baina... zuk zer nahi izan duzu kanta honetan, diskurtso politiko bat osatu ala blues bat, halan edo holan, kantatu.
Eta aitortu behar izan diot nik, sakonean, blues bat kantatu besterik ez nuela egin nahi. Eta hala egin nuen 2014an.
2021ean ordea gure Iraidek, kanten aurkezpen argigarri horietako batean, bere lekura ekarri zuen kontzeptua eta freskutu egin zidan asmoa: aberri txikiak ez dira lekuak, ez dira espazioak, denok batzen gaituzten gune ez fisikoak baino.
Eta horrek eman zidan bidea Aberri Txikiak niretzat zer diren azaltzeko.